Submitted by ereiten on

Image removed.Artxiboetan lan egitean, gehienetan,dokumentuen edukiari erreparatzen diegu; gutxitan berriz dokumentuaren egiturari edo ezaugarri fisikoei. Baina begiek ez dute letra artean dantza egiten bakarrik, irudiak ere gogoko izan ohi dituzte eta oraingoan Getariako Alkatetza zigiluetan egin dute geldialdia.

1849ko urriaren 7ko udal akta batean irakur daiteke nola, garai hartan, Getariako Udalak ez zuen inolako zigilurik. Probintziaren agindu bati jarraituz, zigilua egiteko beharra ikusi eta horrela erabakitzen da:

“...Careciendo esta corporación del sello en cuestión, acordó que inmediatamente se mande construir uno con las armas de la Villa...”

Aipamen honen aitzakian, artxiboko paperak astintzen ibili gara zigiluen bila. Egindako bilaketan 6 zigilu desberdin aurkitu ditugu 1873tik 2015era. Modu batera edo bestera, denak dute Getariako sinboloa den balearen irudia. Zigilu desberdinak begiratzen baditugu, ordea,momentuko modari jarraituz edo, estetikoki nola aldatu diren ikus daiteke. Gainera, urte batzuetan zigilu desberdinak batera existitu zirela ikusi dugu.

1873. urteko dokumentu batean aurkitu dugu lehen zigilua, zaharrena hau dela esan daiteke (1. zenbakia). Bertan, balea edo balearen errepresentazioa izan nahi duen animalia bat agertzen da gaztelu edo dorre baten azpian. Inguruan “Alcaldía de Guetaria” testua irakurri daiteke. Modu honetan, Getarian bale arrantzak izan zuen garrantzia islatzen da gotortutako hiribildu bat izan zela adierazten den bitartean. Zigilu hau da guztietan berezi eta desberdinena. Aurrerantzean ez zaio hiribildu gotortuari erreferentziarik egingo eta zigilu desberdinetako protagonista nagusi eta bakarra balea izango da. Zigilu honekin batera bada beste bat (2. zenbakia). Lehen aldiz 1886. urtean agertzen da eta bestearekin alderatzen badugu, desberdintasun nabariak ikus daitezke. 1873ko zigiluan gaztelua eta balea genituen protagonista; oraingoan berriz balea izango da protagonista bakarra, “Alcaldía de la Villa de Guetaria” testua lagun duela. Aurrerantzean agertuko diren zigilu berrien aitzindaria da, gailenduko den sinboloaren sustatzailea: bale handi bat, itsasoaren gainean arpoia bizkarrean duela.

XIX. mendearen bukaeran beste zigilu berri bat egin zen (3. zenbakia), guk 1897an aurkitu dugu lehen aldiz. Arpoia bizkarrean sartua duen balea agertzen da buztan aldeko ikuspuntu batetik begiratuta eta “Alcaldía de la N. y L. Villa de Guetaria” testuaz inguratuta. Zigilu honek, aurreko bi zigiluak ordezkatu zituen. Denbora gutxi iraun zuen ordea. Izan ere, XX. mendearen hasieran beste aldaketa bat egin zen (4. zenbakia). 1909an topa dugu lehen aldiz eta mende erdiraldera arte erabili zen. Zigilu berri honetan itsas munstro moduan irudikatutako hortz zorrotzak dituen bale bat agertzen da “Alcaldía de la N. L. e Invicta Villa de Guetaria” testuaz inguratuta. Ziligu honek bigarren fase bat izan zuela ere ikusi dugu (5. zenbakia), balearen munstro itxura mantenduz baina irudia apur bat sinplifikatuz. Honen ondorengo zigilua (6.zenbakia) gaur egun erabiltzen den zigiluaren (7. zenbakia) aurrekaria dela esan daiteke. XX. mendearen erdialdera hasi zen erabiltzen eta bertan ikus dezakegun irudia aurrekoak baino sinpleagoa eta estilizatuagoa da. Balea itsas olatu garbi batzuen gainean agertzen da, arpoia bizkarrean duela eta “Ayuntamiento de la N.L. e Invicta Villa de Guetaria-Alcalde” testuaz inguratuta.


Oihana Artetxe