Submitted by ereiten on

Image removed.Itsasoak behin baino gehiagotan eraman izan ditu bere altzora itsasotik bizi diren familietako kideak. Ez du inolako gupidarik agertzen haserretzen denean. Onenean pertsona bakarra eramaten du eta okerrenean tripulazio osoak. Azken hau izan zen 1866ko urtarrilaren 9an Getariako herriak jasan zuen ezbeharra.

150 urte bete dira aurten, Donostiako badiatik gertu bisigu arrantzan ari ziren Getariako San Jose eta Dolores ontziak (1) hondoratu zirenetik. Gertakari honek herrian izango zuen eraginaz konturaturik, hilabete honetako idatziak gai hori izan behar zuela hizpide erabaki genuen. Gertakari tamalgarri honen aipamenak udal artxiboan topatuko genituelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Garai horretako agiririk ez da jasotzen bertan eta honek gure bilaketa beste artxibo eta informazio iturrietara zabaltzera behartu gaitu.

Egun hartan itsasoa lasai esnatu zen egunsentian eta Bizkaia eta Gipuzkoako portuetako arrantzaleak bisigu arrantzara atera ziren. Beren lanetan ari zirela, eguraldiak okerrera egingo zuela ikusi eta gertuen zuten portura iristeko saiakeran hasi ziren; Pasaiako, Donostiako eta Mutrikuko portuetara. Mutriku helburu zutenak enbatak harrapatu baino lehen iristea lortu zuten, besteak ez ordea. Pasaiako eta Donostiako portua helburu zuten Getariarrek olatu bortitzen eta haizearen kontra borroka sutsua izan zuten, baina tripulazioaren trebezia ez zen nahikoa izan. Ontzietako bat Pasaiako badian sartzeko saiakeran hondoratu zela aipatzen da. Bigarren ontziak berriz Donostiako portua zuen jomuga, baina bertara iritsi baino lehen arrantzaleek uretan ikusi zuten beren burua. Portuan badiara begira zegoen Jose Maria Zubia “Aita Mari” zumaiarrak ezbeharra bere begiekin ikusi zuen. Laguntzeko prest bere itsasontzia eta tripulazioa hartu eta bizia salbatu nahirik zebiltzan arrantzaleak erreskatatzera atera zen. Sorospen lanetara ateratako ontziak ere ezbeharra izan zuen ordea… Gipuzkoako kostaldea bortizki eraso zuen enbata honek, San Jose eta Dolores ontzietako tripulazio osoa eta “Aita Mari” patroi zumaiarra eraman zituen itsasoaren hondora.

Getariako 38 arrantzale hil ziren eta ezbeharrak 133 pertsonengan izan zuen eragina; denak hildako arrantzaleen familiako kideak. Gainera, horietariko 59 umezurtz geratu omen ziren (2). Gipuzkoako zenbait artxiboetan gordetako agiriek gertakari tamalgarri honen ondorengo elkartasuna erakusten dute. Horrelako ezbeharrak suertatzen zirenean diru-bilketarako deialdia egiten zen Probintzian. Ohitura hau itsas ezbeharren ondorioz egoera penagarrian geratzen ziren familiei laguntzeko sorospen neurria zela esan daiteke. Ekarpen bolondresak izanik, batez ere itsasora begira bizi ziren herrien arteko elkartasuna pizten zela adierazten dute artxiboetan gordetako agiriek. Izan ere, familia horien egoera lazgarriaren benetako jakitunak ziren hauek.


Oihana Artetxe

(1) Aita Mariren zenbait biografiek 1866ko urtarrilaren 9an hondoratu ziren Getariako bi ontziak Manuel Aranberrik zuzentzen zuen Elkano 1 eta Jose Maria Sorreluzek zuzentzen zuen Elkano 2 izan zirela jasotzen dute. Pasaiako udal-aktetan topaturiko datuek San Jose eta Dolores izeneko itsasontziak izan zirela zehazten dute argi eta garbi.
(2) Pasaiako Udal Artxiboa. 1866ko Urtarrilak 28ko udal-aktan jasotako datuak.

Irudia: Euskomedia