Tag: <span>Komikigunea</span>

Bloga Liburutegiak

Historia arakatuz istorioei esker : ‘Diez mil elefantes’ komikia

Historia edo historiak kontatzeko Hamaika modu daudela erakutsi dugu maiz. Gehienetan oinarritzen gara dokumentazioan, oinarri fidagarrietan, garaikoetan…

Kasu honetan oinarritzat hartu den materiala irudizkoa da. filmatutako eta argazkietan jasotako hainbat eta hainbat dokumentu. Baina zer erakusten dute hauek? eta zer ezkutatzen dute?

Galdera hauen erantzunak topatu asmoz, burutu dute Pere Ortín eta Nzé Esono Ebalék Afrika Beltzeko Ginean gertatuko irudi haien gainerko bertsioa. Komiki formatuan. Bic boligrafoz egindako marrazkiekin, baita garaiko dokumentuen collagekin ere.

‘Diez mil elefantes’ komikia katalogoan eta komikiaren iruzkina

Bloga Liburutegiak Lugorri

Ekialde Hurbila komiki bidez, tunel batetik abiatuta

Rutu Modan

Túnels. Llibreria Finestres 

Kidetzaren Kutxa Indiana Jones ala Laura Croft-en helburuen artean, edo jabetzen artean badugu ere, hura topatzea dute helburu Rutu Modanen komiki honen protagonistek. Hauek talde heterogeneo batera batu beharko dute, nork berak bere txangurro tartean, kutxa sakratuaren bila abiatzeko. 

Abentura klasiko bezala irakurtzen ahal da komikia, Tintin ala Blake eta Mortimerren kutsukoa. Bederen, estilo argiari nahiz narrazioaren zein bineten antolaketari dagokionez. Umorea eta tentsioa ere badauzka tartean. 

Bistan denez, dialogo eta egoera surrealistek errealitatea behar dute oin gisa, nekez dira asmatzekoak. Esaterako, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen herrak eta zitalkeriak oso errealak dirudite. 

Lurralde okupatuen inguruan bizi diren pertsonak gizaki gisa portatzen dira, bakoitza bere izaeraren arabera. Protagonista nagusia emakumezkoa eta judutarra izatea ez da kasualitatea, autorearen nolabaiteko sosias papera egiten baitu. Alegia, abentura klasikoaren funtzioa oso ondo betetzen du komikiak, entretenigarria da. 

Ostera, lehen irakurketa horrek oihartzuna uzten du. Bukaerako cliffhangerrak erremate bikaina da, baina, era berean, amildegian esekita uzten gaitu eta, ondorioz, narrazioak abentura klasikoa baino askoz gehiago ezkutatzen duela pentsatu behar dugu. Azken batean, hobeto pentsatuz gero, heterogeneidadea ez da soilik errekurtso literarioa, eta bilaketa lur azpian eta estrategia ezberdinetan gertatzea ere ez. Horretan datza komikiaren handitasuna: bigarren irakurketaz eta esanahiaz jabetzeaz.

Ezin aipatu gabe utzi argitaletxea, Bartzelonako Llibreria Finestres-ek sortutako Finestres argitaletxea hain zuzen ere. Liburu dendetan liburuak saltzen badira ere, Finestresen gehiago topatuko duzu. Harrera goxoa, liburu funtsa itzela (“sarrera”ko gunetik ateratzea oso latza da), irakurtzeko Diogenes gunea, kafetegia, giroa, jarduerak, liburuen iruzkinak… eta orain, gainera, komiki edizioa. Ez nolanahikoa, kaleratu dituzten tituluak zein baino zein interesgarriagoak dira! Eta itzulpenak katalanera irakurtzea horren urrun ez dagoen kulturara hurbiltzeko bide erraza da. 

Azkenik, Ekialde Hurbilaren gaineko komikiak uste baino ugariagoak dira. Aski ezagunak diren kanpotarren kronikekin batera (Delisleren Jerusalemgoak, Saccoren Palestinari buruzkoak, Zerocalcareren Kobane eta gainontzeko kurdulogiarenak), bertoko emakumezkoen lanak ere aipagarriak dira: Doganen Prison n.5; Girardiren Kurden people; Merhejen Erreximentadun yogurta eta, orain Modanen tunelak. Paisaiak, gaiak, pertsonak, gatazkak, nahiak… gureak ez diren begien bidez azalduta.

Dst jauna.

Liburutegiak

Wolverine: oinarrizko geografia

Kanada

Marvel Unibertsoko pertsonaia nagusienetakoa yankeea beharrean kanadiarra dela nork esango luke!

Laku Handien beste aldean jaio zen Wolverine. Eta han gertatu zen haren lehen abentura, Hulk eta Wendigo tartean zeudela (Incredible Hulk #180. 1974). Hiru indar menderaezin batera, beraz. Wendigorekin, gainera, Kanadako lotura estuago bilakatzen zen, jatorrizko iparamerrikarren kondaira eta folklorearekin bat egiten baitu horrek.

Wolverine baino lehen, Logan zen goitizena. Kanadako geografia gainbegiratu beharko, zergatia ulertzeko.

Wolverine ezizenak ere Kanadako izadia ekartzen digu gogora. Bide batez, ohiko galdera plazaratzen du horrek: Wolverineri nola deitu, hain zuzen ere. Gazteleraren eraginez, Otsokume izen ederra da; baina izenaren jatorriari erreparatuta, Jatun beharko luke mustelidoaren erreplika mutanteak!

Japonia

Sortaldearen herrialdea eta Logan betirako daude uztartuta.

Claremont eta Millerren eskutik, Japonian bizi zuen amodiozko istorio ahaztezina. Tipo gogor, zantar, bortitz eta bakarti hark beti izan zuen neskenganako tiradizo handia. Horra hor Jean Greyrekin harreman ezinezkoa (eskerrak unibertso paraleloei!).

Mariko Yashidaren ezkontza gorapilatsuak agerian utzi zuen Wolverineren Samurai izaera. Samurai baino, Ronin izaera. Eta aurrerago, benetako Sensei-rena.

Amodioa ez ezik, Yuriko Oyama beldurgarriarekin egin zuen topo. Bai eta Loganen beldur nagusienetakoa: animalia bihurtzerainoko eromena.

Wolverine hilezkorra filmak erakutsiko duen aldartea.

Madripoor

Asiako txoko honetan Wolverine inoizko mozorrorik onena aurkitu zuen: begian adabakia eta Patch goitizena (Clark Kent estralurtarrak Bi betaurreko behar ditu!). Nobela beltz kutsuko istorioak Buscema, Byrne, Colan, Silvestriren arkatzetan. Luxuzko osagarria izatetik Bilduma propiora pasa zen Wolverine. Areagotu baino egin ez den ugaritasunari hasiera emanez. Madripooren etaparen bukaera, edo Wolverine kideak lagundu nahian etsaien esku geratzea, pertsonaiaren beste une epikoa dugu.

Australiatik gertu omen Madripoor. Australian izan zen hura. Beraz, Australiar batentzako Logan ez da arrotz.

Gernika

Gure gogoan.

Eta Loganenean ere berdin. Kondor Legioaren erasoa zuzenean ikusi zuen Loganek (Wolverine, vol. 2 #36. 1991) Espazio-denbora malgua da Marvelenean (beno, espazio-denbora eta batzuetan geografia eta ohiturak ere bai). Nazi eta nazionalen aurka zegoela pentsatzeko denbora asko ez zuen eman. Ernest eta Georgen alboan ibili zen Euskal Herrian barna.

Lastima denbora gehiago geratu ez izana.

Etxea

Agian Zilarrezko Azeriarekin etxe bat izan zuen Loganek. Agian. Etxearen suntsiketa bera bezain pizti, bera bezain gogor, bera bezain ero den etsaia ekarri zuen. Eta horrekin iragana. Wolverineren izaeraren eta haren ahalmenen iturriak gero eta interes eta garrantzi handiagoa hartzen du. Baina Wolverine: origins ez omen da pelikularik onena. Dena den, bere bizitzaren drama ezagututa, bere bakardadeko joera ulerkorragoa egin zen.

Sufrikario horrek guztiak Wolverine Arma-X (Weapon-X) gisa ezaugarritzen du. Adamantiumaren misterioa argituta, Wolverine adamantiumik gabe ikasi beharko du borrokan eta bizitzen. Metala menderatzen duen etsai bat parean izateak ez dirudi oso xamurra metalezko hezurdura duen batentzat. Halere, X-Menen alboan Alpha Flighten aurkitu ez zuen etxea du Loganek.












Ez diren tokitan

Wolverineren iraganari buruzko jakin mina baino handiagoa? Haren etorkizunari buruzkoa. Apokalipsiaren Aroan errealitate honetan ezin garatu hainbat aldarte ikusi genituen. Eta txalotu.

Era berean, Etorkizunaren eta Iraganaren egunetan Wolverineren heriotza ikusi genuen. X-Menen hurrengo pelikulan akaso?

Jean Grey Institutua

Borroka bat desorekatzeko grina du Wolverinek. Hori hala izango da beti.

Bere lagunak defendatzea eta babestea du lehentasun. Hori hala izango da beti.

Bere lanean onena da, nahiz eta bere lana xamurra ez izan beti.

Atzaparrak luzatzeaz gain, bide berri bat jorratzen du egun Wolverine beldurgarria. Mutante berrien irakasle eta zurtoina dugu.

Kanadan sufritutakoa, Japonian pairatutakoa, Madrilpooren bizi izandakoa, Etxean jazotakoa, Ez diren tokitan gertatu daitezkeen gauzak ekiditea… haren beldurrak beste inork ez izatea eta ezberdintasuna modu normalizatu bat bizitzea helburu?

Len Weinekin zorretan gaude Wolverineren zaleok.

David Zapirain