Tag: <span>Gipuzkoa</span>

Artxiboak

Telefonista, emakumeen lanbidea

Apirilaz geroztik Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ari gara lanean Diputazio Probintzialeko (1877-1977) ogasunari dagokion dokumentazioa antolatzen. Aldundiak zerga bilketan eta gastu eta diru sarreren kudeaketan sortutako dokumentazioa da antolatu eta deskribatzen ari garena. Halakoetan, instituzio publiko bateko dokumentazio historikoarekin lan egiten dugunean dokumentuetan soilik gizonezkoen izen-abizenak ikustera ohituta gaude, XX. mende amaiera aldera arte gizonezkoak baitziren dokumentuak sortu eta sinatzen zituzten agintari eta funtzionario guztiak, baita instituzioarentzat lan egiten zuten langile gehienak ere. Seguru asko horregatik, Gipuzkoako Telefono Sareari dagokion dokumentazioa ikusten hasi ginenean atentzioa eman zigun telefonistei ordaindutako soldaten zerrendetan emakumeen izenak besterik ez topatzeak.

1909an Gipuzkoako Telefono Sarea sortu zenetik emakumeena izan zen telefonisten lanbidea. 1909ko iraila eta azaroa bitartean eginiko lehen lan eskaintza deialdietan 69 plaza deitu ziren Donostia, Azpeitia, Bergara, Eibar, Zarautz, Ibarra, Ordizia, Tolosa, Hernani, Hondarribia, Irun eta Pasaiako zentraletarako eta 69 emakumek osatu zuten Gipuzkoako lehen telefonisten plantilla. Azterketa gainditzeko euskarazko eta gaztelerazko irakurketa eta idazketa ariketak burutu eta hainbat problema aritmetiko ebatzi behar ziren.

Horrez gain, 1911ko urrian onetsitako Gipuzkoako Telefono Sare Probintzialeko lehen araudiaren arabera, telefonista plaza eskuratzeko ezinbestekoa zen, ezkongabea edo alargundua izatea eta 3 urte baino gutxiagoko haurrik gabea. Ezkondu ostean, emakumeek telefonista lana utzi eta familiaren zaintzaz arduratu behar izaten zuten. Garaiko gizarte moldeak ezarritako mugak agerikoak diren arren, ordea, lanbide honek emakume askori lan merkatuan sartu eta independentzia ekonomikoa eskuratzeko aukera eman zien.  

Olatz Etxeberria

Gipuzkoako Telefono Sareko telefonistak. Iturria: Deia egunkaria, 2021.

                                 

BIBLIOGRAFIA

IBISATE ELÍCEGUI, Maria Luisa, La telefonía en Gipuzkoa: un modelo original, Kutxa Fundazioa, Donostia, 1999.

VILLANUEVA GARCÍA, Begoña, «Voces de mujer: las telefonistas de la Diputación Provincial de Gipuzkoa», Deia, 2021eko martxoaren 12a [Linean]. Hemen eskuragarri: https://www.deia.eus/historias-vascas/2021/03/12/voces-mujer-telefonistas-diputacion-provincial-1963026.html , 2022ko uztailaren 1ean kontsultatua.  

Artxiboak

Berriak Gipuzkoako Artxibo Orokorrean

Orain dela hilabete batzuk proiektu berri bati hasiera eman diogu, oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Tolosako San Frantzisko kalean kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gaude hain zuzen ere. Ez da lehenengo aldia Ereitenek eta Aldundiak elkarrekin lan egiten dutela, izan ere, urteak daramatzagu proiektu desberdinak aurrera eramaten, bai Tolosan baita Oñatin ere, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.

Aldundiak eta Batzar Orokorrek beren historian zehar sortu dituzten dokumentu eta espediente guztiak baldintza egokietan gordetzeko eta euren kontserbazioa bermatzeko 1904 urtean Tolosan sortu zen eraikin honek, handitze eta egokitzapen obra desberdinak jasan ditu urte guzti hauetan zehar, azkenak hilabete hauetan izan direlarik. Hemen gordetzen diren dokumentuak gure ondarea dira eta kontserbazio baldintzak bermatzeko obra hauek beharrezkoak dira. Funts ugari daude gordeta artxiboko gordailuetan, milaka kutxekin eta hauen kontserbazioa bermatzea artxiboaren funtzio nagusienetako bat da.

Esan bezala, funts desberdinak aurkitu ditzakegu bertan, batzuk erakunde edo pertsona pribatuenak eta beste batzuk erakunde publikoetakoak. Gure lanari dagokionez, Aldundiak 1877 urtetik 1977 urtera bitartean sortutako espedienteak dira interesatzen zaizkigunak, hau da, Gipuzkoako Diputazio Probintziala izenarekin ezagutzen zenekoa. Espediente hauek, artxiboak gordetzen duen funts handienetako bat osatzen dute. Urte batzuk iraungo duen proiektu honetan, aipatutako garaian sortu zen dokumentazio guztia aztertu eta tresna deskribatzaileak erabiliz sailkatuko da. Horrekin batera, datu base batean batuko da lortutako informazioa, erabilera praktiko eta efiziente baten bila.

Lan egiteko denbora ordea, mugatua da, horregatik, aukeraketa bat egin behar izan da. Fase honetan, Gipuzkoako Diputazio Probintzialaren dokumentazio ekonomikoa izango da landuko duguna. Honek bakarrik, ehundaka kutxa eta liburu biltzen ditu. Datozen hilabeteetan joango gara hemen ikusten ditugun bitxikerien eta dokumentu interesgarrien berri ematen.

Amaia Mendizabal

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 3.5 Fisika – Haiti

Will Smithi, ala bere lagunen bati, Alexander Dumas beltza zela entzun genion. Ez genion sinetsi. Gero, Tom Reissen The black count irakurri genuen. Haitiko iraultzaile abolizionistek Napoleonen armada garaitu zutela ere nekez sinistuko duzue; agian Alejo Carpentierren El reino de este mundo edo El siglo de las luces irakurtzen pasako zaizue.

Pasako ez dena da, ordea, Haitik mundu pobrezian duen rankiña. Horrekin ba al du zer ikusirik Colonek bertan lurra hartu izanak eta, esan bezala, iraultza frantsesaren garaian esklabo beltz batzuk bertan progresoen ideiari heldu nahi izateak? kasualitatea ala kausalitatea?

Halere, harrigarriagoa da 1795ean Frantzia eta Espainiak Haiti erdia (egungo Errepublika Dominikarra) eta Gipuzkoa elkarrekin trukatu izana.

Alegia, Konbentzioneko gerra bitartean, Gipuzkoako agintariek Gipuzkoa Gaztelako korotik banandu zuten. Gertakizuna objektiboa da. Getarian bildu ziren Batzar Nagusiek hala erabaki zuten. Bitxia da, 1397an Getarian ere hasi baitzen gorpuzten Gipuzkoa lurralde politiko gisa.

Historialariek gutxietsi egin dute gertakizun hori. Zilegitasuna kendu diote. Horretarako, gerora Debagoienan bultzatu kontrako mugimendua goraipatu dute; edo, independientzia aldarrikatu eta Errepublikarekin bategitea lideratu zutenei errepresentatibitate falta egotzi diete. Tartean Berroeta-Zarautz-Aldamar edo Zuaznabar bezalako izenak egoteak ez omen die ezer esaten.

Gipuzkoak eskatu foruak, erlijioa, milizia eta abar Frantziako Errepublikak inoiz ez lukeela onartuko, eta ez zutela onartu, esango dute gainera. Moncey jeneralaren hausnarketa ere ez zaie aski iruditzen:

Ondo ala gaizki atera, gure ustez esanguratsuena da teoria politikoak praktikara eramateko gaitasuna izan zutela. Jakina, interes zehatzen arabera. Hau da, gainontzeko guztiek bezala. Ez baitago praktika politiko naturalik. Indar harremanek sortzen dituzten abaguneak eta erabakiak baizik.

Bestalde, episodio hau perspektiba historikoan jartzea ere badago: hala Garaten proiektua nola Bakea eta Foruak leloaren ildo berean, hain zuzen ere. Bigarren horretan, gainera, Berroeta-Zarautz topatzen dugu berriro. Aita 1793an Larralde-Diustegirekin nola, semea orain Harizpekin hala.

Azkenik, Konbentzio gerraren bestelako eragina soziala izan zen. Bi esparrutan. Lehena, gerra gastuak Gipuzkoak berak ordaindu zituen; Godoyentzat gertatutakoak oso nabarmena izan zela ematen du eta. Ordainketa nola? Udal jabetzak eta ondazilegiak pribatizatzen. Eta, beraz, tokiko komunitateek babeserako zituen ondasunak gutxitzen. XIX. mendean zehar areagotuko dena: ondazilegiak pribatizatzea gerra-zorra ordaintze aldera.

Bigarrena, segurtasun falta eta lan egiteko aukera eza medio, bidelapurren urrezko aroa.

EHko XVIII. mendearen nondik norakoak berridazketa oso bat merezi du; patrizioen arteko harremanak eta zuzendaritza politiko-ekonomikoan izandako iraupena barne. Imizcozen lanen ildotik, esaterako. Edo Cécile Mary Trojan-en bidetik: L’écriture de l’amitiè dans l’Espagne des Kumières; la RSBAP d’apres la source épistolaire 1748-1775. Press Universitaires du mirail, 2004.

Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: turismovasco.com

Liburutegiak

Komikigunea 2019an

Komikigunea Koldo Mitxelena Liburutegiaren komiki funtsa bildu eta kudeatzen duen ekimena da. Bertan liburutegi, artxibo, katalogazio zein kudeaketa lanak burutzen ditugu.

Katalogazio lanen artean funtsa pertsonalak, kartelak, analitikak, askotariko komikiak e.a. izan ohi ditugu esku artean. Katalogazio berezia burutzen da ale bakoitzarekin esaterako komiki generoak ere gehituz. Hemen aurkitu ditzakezue orain arte katalogatutakoak.

Bestalde, eta hedapen lanei dagokienez, hauxek dira laburtuta 2019an zehar burututako ekimenak. Hainbat aldaketa tarteko izan diren arren, komikigintzaren mundua lantzen, kontatzen eta sustatzen aritu gara aurten ere. 2019an zehar ekimen batzuk Komikigunean bertan eta beste batzuk Gipuzkoan zehar antolatu ditugu. Usurbil eta Arrasateraino iritsi da aurten gure oihartzuna.

Komikia, komikigileak eta oro har komikilariak sustatze aldera egin ditugu aurten Dzirt-dzart saioak, komiki aurkezpenak, komikigileentzako formakuntza saioak eta bisita gidatuak Gipuzkoako Aldundiaren komiki funtsa erakutsiz.

Udaberrian hasi ginen komiki aurkezpenekin Tupust liburu kolektiboaren aurkezpen eta erakusketa txikiarekin. Komiki aurkezpen gehienak berriz udazkenean izan ohi dira eta aurten Komikigunearen trasladoa tarteko, beste hainbat liburu denda, liburutegi zein aretotan burutu dira gehienak, adibidez, Harriet argitaletxeko aurkezpen orokorra Koldo Mitxelena liburutegiko Komikitekan.

Komikigileen formakuntzari dagokionez, lehenik, eta Farmazia Beltza argitaletxearen elkarlanari esker, Zerocalcare komikigile italiarra izan genuen Komikigunean, bere azken komikiaren euskarazko edizioa aurkeztu eta bertako komikigileekin bildu zen master classa emateko. Udazkenean berriz, komiki orriaren konposaketari buruzko formakuntza saioa antolatu genuen hiru komikigile handi gonbidatuz: Dani Fano, Albert Monteys eta David Rubín. 26 komikigile elkartu ziren Koldo Mitxelenako Ganbaran.

Dzirt-dzart saioei dagokienez berriz, zuzenean marrazteko Komikiguneko arbelak erabilita, aurten 4 saio burutu dira Gipuzkoan zehar. Bi Donostiako auzoetan, bata Intxaurrondon Donostia Kulturari esker, eta bestea Cristinaenea parkean bertako fundazioak sustatuta eta klima aldaketaren inguruko erakusketa batekin uztartuta. Udazkenean Usurbilen izan ginen bertako Harria Hitz bisita gidatuarekin batera dzirt-dzart saioa antolatzen. Eta Arrasaten berriz bertako Bibliotekaren laguntzarekin.

Komikiaren sustapen eta hedapen saio izan diren ekimen hauetan parte hartu dutenei eskerrak luzatu nahi dizkiegu: Ainara Azpiazu ‘Axpi’, Alazne Zubizarreta, Albert Monteys, Antton Olariaga, Dani Fano, David Rubín, Garbiñe Ubeda, Harkaitz Cano, Idoia Torregarai, Iñaki Holgado, Iñaki Martiarena ‘Mattin’, Iraitz Agirre, Joseba Larratxe, Julen Ribas, Leire Cano, Zerocalcare.

Artxiboak Erakusketak Liburutegiak Lugorri

Zaharrak berri

Euskal sorgortasunaren
adiera nagusiena ematen duen esaera zaharrak bizitasuna eta etengabeko
mugimendua estaltzen du. Ez soilik iraupena. Mugimendua.

Gure
amets (profesional) zaharrenetarikoa berri egin zaigu: Gipuzkoako
artxibategi orokorrean gordeta dagoen auzietako agiriak indexatzea.
Kontu zaharrak modu berrian prestatu; ikerketan lagungarria. Jada COUCI
osoa dago kontsultagai http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/funtsak.php
gunearen bitartez. Urtea amaitu baino lehen, baita besteak ere! Hobe
dugu bai, bestela ametsak betetzea komenigarria ez dela iragartzen duen
bestelako esaera zaharra aipatu beharko dugu.

Aintzinako
lekuko material ez dira soilik agiriak. Bestelakoak gordetzen dira
Aldundiko Gordailuan; eta han ere kolaboratzeko aukera izango dugu
hurrengo asteotan.

Zaharra
dugu ere Komikigunearekiko gure harremana; berria, ordea, urteotako
interes zientifikoa horren agerikoa izatea. Batetik, Kike Infame eta
Mikel Begoñak sortu erakusketa; bestetik, Jose Carlos Torresen tesia,
komikiguneko bilduma oin hartuta Egilleorri buruzkoa. Bidean, batetik
Castañeda eta Pinedaren eta bestetik Tapizen artikuluak errekuperatu
ditugu.

Honek
guztiak udazken beroa aurreratzen du Komikigunean, ohi bihurtu den
bezala. Adi egon, berriak zahar bihurtuko zaizkizue bestela.

Liburutegien
zein artxiboen gaineko formakuntzarekin segitzen dugu, erronkan berrien
aurrean zehar ez geratzeko, hala administrazio elektronikoaren arloan
nola hedapenari dagokienez.

Eta, amaitzeko, HormekDiote zaharberritu da; berriz ere. Horrela, inteneteko berkokatu dugu; honatx: http://hormekdiote.ereiten.eus/home
Eta, gainera, Pasaiako udalaren ekipamendu kultural berria
inauguratzeko zer aukeratu eta… Haatik Dantza Konpainiaren HormekDiote
lana.

Bai, zaharrak berri. Baina ez ahantzi: Dabilen harriari goroldiorik ez.