Tag: <span>Bergara</span>

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 2.2 Otso-harria – Industrializazioa

Pasaiako portzelana fabrika badia osoko lehen industrializazioaren beste zantzu bat da.

Portuaren izaera industriala gorpuzten hasi zen. Badiak gune naturala izateari utzi eta guztiz terraformatuko zen aurrerantzean.

Portzelanakoa ez ezik, beste lantegi batzuk ere paratuko dira eskualdean. Mendeetako nazioarteko itsas-merkataritzak horren alde egingo zuela pentsatzen dugu. Izan ere, gora-behera asko tartean, portua ezaguna da Europan eta Munduan, mundu mailan hedatu den sistemaren geldiune bilakatuko da.

Gaur egun “oarsoaldea” deitzen dugun eskualdean bertako zein kanpoko inbertsoreak agertu ziren. Lantegiak eta biltegiak ez ezik, azpiegitura berriak behar eta sortu zituzten.

Iztietatik Trintxerperaino, padurak lehortu, zorua sortu, basatzak bete… errepidea zein trena eraiki. Fermin Lasala ekimen erraldoi horren bultzatzaile nagusia izan zen; bederen, proiektu horien ordezkari nagusia. Haren gurasoen ondasunak (Lasala Colladorenak) handitu zituen, hala trenbideetan egindako inbertsioetan nola Mandaseko Dukesarekin ezkonduta.

Baiona-Alduide-Nafarroa ala Donostia/Pasaia-Gipuzkoa, bi linea horiek elkarren aurkako lehian sartzen dira.

Estatu-Nazio-Merkatu sortzeak, ordura arteko Baiona-Pasaia loturaren amaiera ekarri zuen. Izan ere, Lapurdiko kapitalarentzat badia egoitza bat gehiago zen: familiak, inbertsioak, erabilera, hizkuntza(k),…

Bistan denez, errepideak, trenak eta portu industrialak hiruek bat egiten zuten. Honek badiaren historia aldatu zuen betiko, aro industrialean bete-betean sartuz. Bide horretan ere, Molinaoko basatzan Antxo sortu zuten.

Pasaia modernoaren sorreraren aurrean gaude (eta horrela segitzen dugu, hein handi batean)

Kai industriala
Eraldaketa industriala

Erlazionatutako artikuluak etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: Turismovasco

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 2.1 Otso-harria – Errege bidea

Orain dela 25 bat urte, Gipuzkoako komunikabideak historiatzeak berrikuntza handia ekarri zion gure Historiari. (Elena Barrenaren zuzendaritza pean: Gipuzkoako Komunikabideen Historia. 4. alea. Gipuzkoako Aldundia.)

Lurraldearen osaketa espazioaren erabilera eta eraldaketarekin lotzen zuen. Espazioa erabiltzen eta eraldatzen zuena komunitate politikoa zen. Komunitate hori ere ez zegoen aurretik emana; aldakorra da. Haren garapenak Aldundiaren gobernura eramango gaitu XVIII. mendean. Horrela, herriz herri doazen eta herrietakoak diren bideen batuketa beharrean, bide bakarra eta probintziala da proiektatzen dena. Hauspo zabaleko merkataritzaren mesederako. Ama Gipuzkoa ernalduko duen Aita bidea, hain zuzen ere.

Jakina, bideak bat egitea matxinada garaiarekin ez da kasualitatea. Bideak berak ekonomia eta gizarte modu eta eredua gorpuzten baitditu.

Bideen historia, beraz, historia politikoa da. Bideek errealitate zein hegemonia sozial eta ekonomikoei erantzuten diete.

Baina, era berean, naturaren eraldaketaren historia ekartzen dute gogora. Bai eta zientziarena ere.
Esan gabe doa, historia ekonomikoa ere aintzat hartzen dute, finantzen ikuspuntutik. Errege Bide berriak ordaintzea ez baitzen izan gauerdiko ahuntzaren eztula.

Hori dela eta, XVIII. mendean Gipuzkoako lurraldearen ardatz eta Gipuzkoako ekonomiaren ardatz izateko eraikitzen den kotxeentzako bide berrian lapurretan dabiltza talde antolatuak Probintziaren etsaitzat hartzeak ez gaitu harrituko. Ezta horiek jazartzeko polizia garaikideak ere.

Intsusaga, Astigarraga eta Oreretaren muga, lapurretarako toki ona izango da. Baiona – Pasaia – Donostia ibilbidearen erdian baitago. Izan ere, egun horren popularra den kostako bide horrek ez du inolako funtsa historikorik. Probintziako Bide Nagusia kostatik joatea ezinezkoa baita, egun kosta dena ura, hondarra eta padura baitzen.

Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: Wikiloc

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.6 Sua – Aitonensemeak

1766ko ondorengo belaunaldian ez zen matxinadarik egon. Iraultza frantsesaren eztandak sortu gerrak liberalismoa areagotu zuen, ondazilegien pribatizazioa, gizarte loturak puskatzea,… ekonomikoki bideragarriak ziren baserriek eutsi zioten. Eskulanak egiten zituztenek ez.

Sasoiko langileen zein langile aurre industrialen irtenbideetako bat lapurtzea izan zen. Ohitura ez zen, noski, mendearen amaieran jaio. Ohiko irtenbidea izan zen.

Ta euskaldunak ez ziren bidelapur batere makalak izan. Hala agertu zuten Sanchez Agirreolaren bi lanek eta gure beste lan pare batek (Bandoleros Vascos;  Mikeleteak eta bidelapurrak) nola  gerora Hektor Ortegaren Tretatxu: lapurren gobernadorea zein Manuel Martin Poloren lanek.

Kultura popularrak bere egin zuen gaia, eta XX. mendera arte iritsi zen horren ahotsa. Esaterako, San Migelen izandako lapurreten kariotik.

Are, Debagoienako bidelapurrak Karibeak baino basatiagoak eta Sierra Morenakoak baino trebeagoak omen ziren! Orduko hitzetan. Hori gutxi ez eta Beasaingo alkateak bidelapurrak banpiroak direla esango du, hitzez hitz.

Jakina, tortura, jazarpena, ziegan heriotza edo urkamendia. Matxinoekin gertatu bezala, erregimen zaharreko aginte gune ugarik lehiatzen dute ordena berreskuratzeko eta irmotasuna adierazteko. Esaterako, Eburniko kattana-n agertzen den Mikaela Izagirreri (ak Eder) semetxoa kendu ala mutil lagun Kaderazar salatu, horiek eman zizkioten aukeran.

Kaderazarren odiseak luzeago jo zuen:

Guiñi, ordea, Donostiako Plaza berrian urkatu zuten.

Era berean, lan bila alde batetik bestera doazen gazteak ere susmagarriak dira. Ez egin dutenagatik, egin lezaketenagatik baizik. Barne migrazio hori egungo mundu mailako migrazioarekin alderatzea gehiegi da, ados. Baina arrazoiak berdinak dira.

Poliziaren sorrera Gipuzkoan horren ondorioa da. Poliziaren garapenak, gainera, eztabaida politiko eta foralean txertatuko da.

Bidelapurrena ofizio bihurtzen da uste baino gehiagorako. Abenturarekin baino, egoera sozialarekin du zerikusia, bistan denez. Haien ekintzak sozialak dira. Ostera, lapur hauek sozialak diren ala ez, beste eztabaida bat da. Hektor Ortegak Tretatxuren biografia osatu eta hura hala zela baieztatzen du, Hobsbawmek emandako deskribapenen ildotik. Deskribapen objektiboak, baina, ba al zuen sentimendu subjektiboa?

Subjektibizazioarik gabe, politizaziorik gabe, ba al dago “tasunik”? Thompsonek klaserako markatu ildotik ala Mezzadra-Neumannek berriki berreraiki bezala (Clase y diversidad. Katakrak, 2019).

XIX. mendean, ez matxinada ez lapurreta. Liberalismoa, Estatu-Nazioa… bortizkeriak beste maila bat igoko du:

Gerraren bezperan gaude.

Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: https://www.escapadarural.com/que-hacer/elosua

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.5 Sua – Ohiturak

Ebuniko kattanaren lehen zatia Bergaran gertatzea ez da kasualitate hutsa, kausalitatea baizik. Ez da, noski, bakarra izango, baina Euskal Herriko Historia azaltzeko toki bikaina da.

  • Partaitti / Aritzeta / Bergara
  • Bergarako Antso / Gebaratarrak
  • Ahaide Nagusiak
  • Oñatiko Gebaratarrak Oxirondon
  • Inperioa
  • Olaso
  • XVIII. mendeko matxinadak
  • Potosí
  • Argien garaia
  • Liberalismoaren azpiegiturak (errege bidea / AHT)
  • Seminaraxioa, Wolframa
  • Asia
  • Peñaflorida, Gaitan de Aiala, Rocaverde, Foronda, Ozaeta…
  • Arte estilo klasikoak
  • Iparraldeko Pakea
  • Besarkadaren urteurrenak
  • Ondazilegien pribatizazioa
  • Industrializazioa
  • Espetxea – Epaitegia – Eskola hirutasuna
  • Angiolillo
  • Monzon
  • Alkateen mugimendua

Harreman pertsonaletan oinarritutako tokiko komunitatea – lurraldetasun politiko garaikideraino bide osoa, Europa eta mundu sistemaren baitan.

Gainera, horren testigantza monumentala, Europan bakarrak diren hiri-elementuak barne, Jauregi etxeko fatxada bezalakoak.

“Ohiturak” atalean kontatzen dena ere egiazkoa da. Alegia, Elosu-Bergara ubidea; eta Errekaldeko iturriaren atzeko ur galeriak. Errekaldeko jardinaren gaineko ur-andelak…
Hirigintza eredu zoragarriaren beste osagaia: hiriko lorategi eta parkeak. Aldatuta ere, oraindik ikusgarriak dira. Eta bisitagarriak.

Errekaldeko Laborategia ere erreala da. Mundu mailako sisteman tokia ematen digu. Zientzia eta ikerketa aldarrikatzen du. Bai eta zientziaren paperari buruzko hausnarketa gure gizartean.

Erlazionatutako dokumentua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria Bergarako udala

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.3 Sua – Uriel, Bergara matxinoa

Lehen input-a: Bergarak ere matxinoen araudia onartu zuen.
Bigarren input-a: Bergarak indarrez garaitu zituen matxinoak.
Biak batera egin zituen, egun berean.
Nola zeinke?

Bergarak Gipuzkoako matxinoen armada indarrez garaitu zuela iragarri zuen hainbat agiritan. “Relación del modo con que se disipó por los vecinos de la villa de Bergara… la sedición de los de Elgoybar y otros pueblos de su inmediación, y de la misma Provincia!”.

Han eta hemen berdin-berdina ez bada ere, funtsean Bergarak dioena da 180 gizonekin aurre egin ziola 400 bat pertsonek osatzen zuten armadari. Matxinoek, gainera, Soraluzetik ostutako goi-mailako fusilak zituzten; eta haientzat espioitza lanak egiten zituzten urdangek (mujerzuelas). Hiriak, berriz, antolamendu fina, militar erretiratu Jimenez estratega handia, balorea eta defentsan gogor jardun zuten andra errespetagarriak zeuzkan.

Udalak enkargatu testuen arabera, Zubietan eta Santamaina inguruan eman zen borrokaldia. Inguruko etxeetan teilak eta harriak metatu zituzten, erasotzaileei jaurtitzeko. Santamainan eta zubian, berriz, gizon armatuak; baina hauek jartzeko moduagatik, armada handia ematen zuten.
Gainera, matxinoen buru ziren Soraluzeko udal konpainia izan zen kaskoan sartzen lehena. Sartu ahala, armak lurrera bota zituzten. Oso pasarte iluna da hau; Elgoibarren mehatxupean parte hartzen ari omen ziren, baina, era berean, haiek zituzten armarik onenak… Agian seinale baten zain geratu behar omen ziren hirigunean…

Bergara eta Elgoibar buru zuten matxinoen arteko negoziazioek ez zuten aurrera egin. Bergarak emandako ultimatuma entzutean, matxinoek ospa egin zuten. 14 atxilotu egon ziren.

Tiro bat bera ere ez.
Erabateko garaipen militarra.

Alta, Bergarako udalak akta liburuan jaso eta sinatu egin zituen Mutrikutik matxinoek zekartzaten aldarrikapenak: prezioak mugatzeko, apaizen lanak eta ordainak erregularizatzeko, hainbat ustiaketa komunari buruzkoak…

Bistan denez, udalak ez zuen hori betetzeko asmorik; are, sinatzerakoan ere hala adierazi omen zuten: araudi hori Mutrikuri buruzkoa zela, ez Bergarari buruzkoa. Gainera, matxinoei trufa egiteko edo, baten batek Francisco de Goya bezala sinatu zuen (tira, aztnugal sinatzea bezala edo).
Benetako kalapita garaipena ondoren hasiko da.

Bergarak ez du onartuko sinatu izana. Onartzen duenean, betezeko asmorik ez zuela izan argudiatzen du. Publikatu eta Gorteraino bidaltzen duen bertsioan, euren askatzaile papera aldarrikatzen dute, gainontzeko herriei matxinokeria leporatuz…

Elgoibar eta Mutrikuk, bereziki, salatzen dute Bergarako jarrera. Buruz burukoa Bergara – Aldundia bihurtzen delarik.

Ohorea, orbain gabekoa, ordena jagole, matxinoen garaile, legearen ezartzaile… errege-erakundeen babesle eta hauen babesaren eskale… Egoera surrealista bihurtzen da gure begien aurrean.

Izan ere, Aldundiak matxinoen araudia, ekonomia morala defendatzen duen araudia, sinatu dutenen artean sartzen du Bergara, eta hori bertan behera uzteko agindu. Bergarak, labur esanda, bertan behera ezer utzi ez duela errepikatzen du. Bere jarrera bakarra eta eredugarria izan dela dio behin eta berriz.

José María Inurrateguik jorratzen du gaia. (Monstruo indómito: rusticidad y fiereza de costumbres liburuan. EHU 1996). Linebaughen eta Redikerren hydra Gipuzkoan gorpuztua zen, beraz.
Bergarako udal artxiboaren web gunean ere aktak daude irakurgai.

48 urteren buruan, ekonomia liberalaren aurkako hirugarren altxamendua zen 1766koa. Erregearen begien aurrean, Gipuzkoa matxinoa da. Aldundia ez da gai hori geratzeko. Gainera, herriak dira Aldundian ordezkatuta daudenak, beraz…

Aldundian herriak ordezkatuak izan arren, patrizioak dira nagusi. Eta hauen sistema da kolokan geratzen dena. Barne disziplina eta antolaketa berreskuratu nahian, Bergarako jarrera oztopoa da. Ta Bergaran zein da buru? Bergara da EHko gune ilustraturik handiena, behintzat alde praktikoari begira. Gure uste apalean. Seminarixoaren inguruan altxatu heziketa, ideologia, berrikuntza,… orduko krisiari aurre egiteko modu bat da hura: liberalismo gehiago nolabait.

Matxinoena, kontrakoa: Polanyi deskribatutako merkatu aurreko gizartea, Thompsonek deskribatutako moralezko ekonomia. Estatua, ekonomia, indibiduoa… banatu gabe gizartean.
Bergaran badago beste ezaugarri berezi bat: Olaso jaunarena. Zuzenean erdi aroko Ahaide Nagusiengana eroaten gaituena (baina, era berean, ezkerreko independentismoraino. Etxe hau gure Historia kontatzeko gai da!)

Eta Olaso jada dago aurrez aurre Aldundiarekin, batez ere honek luxuzko adierazpenak debekatu nahi dituenetik. Olasorentzat, hori matxinoen aurrean men egitea da, besteak beste. Eta Aldundia baino Handiago dena berdintzeko saioa ere bai. Berak, eta luzapenez bere herriak, agian soilik Erregeari erantzun beharko liokete…

Matxinoak, jende xumea, estu hartzeak eskumenen arteko lehia bihurtzen da. Zeinek lortu ordena mantentzeko lehia? lege matxinoa, probintzia legea, estatu garaikiderantz abiatzen den erregearena…

Erantzuna ez da behin betikoa izango. Mende amaieran, 1796aren bueltan, bidelapurrak estu hartzeko antzeko eztabaida izango dugu probintzian.

*Erlazionatutako dokumentua etzi.pm atarian

*Irudiaren jatorria: https://www.bergaraturismo.eus/es/ibilbide/bergarako-gerriko-berdearen-bira

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.2 Sua – Aitzorrotzialdea

Aitzorrotzia. Aitzorrotzetik zaintzen den eremua.
Oso iradokitzailea da. Irudi asko sortarazten digu. Zalantza gehiago. Balizkotasunak.

Halere, “what is if” baino lehen, egiaztapenak. Lurralde politikoak ez dira fenomeno naturalak. Ez dira linealak ere, ez bederen marra zuzena gorpuzten duen linea batean. Sortu behar dira. Aginte baten esku hartzea beharrezkoa da.
Nafarroako erregeak sortu behar izan zuen harreman politiko garaikidea, bere garaikoa jakina. XIX. mendeko estatu-naziotik ezer gutxi zuena, bistan dena. Eta aurreneko garaiko sustraien gainean. Aitzorrotz horren osagaia da.

Historia behatoki bikaina da Aitzorrotz. Gai da laberintoaren ertz ugari erakusteko.

  • Araba – Gipuzkoa izango zirenak nondik eta noiz zatitzen dira bitan.
  • Gebaratarren botere itzela. Eta haren “traizioak”.
  • Gebara – Ganboa: Aldaieta. Gizarte egiturak berpiztea.
  • Nafarroa – Ganbara – Ganboa: etorkizuneko Gipuzkoaren botore-orekak.
  • Lurraldetasuna edo lurralderik gabeko eta harreman pertsonal jerarkikoetan oinarritutako gizarte ereduak.

Elena Barrena modu laburrean hemen

1766ko matxinadak berak ere nortasun propioa du bailaran.
Asko kostata egingo du bat Leintz-Bailarak Gipuzkoarekin. Oñatiko gebararren botere gunea handia eta zabala baita. Are beranduago Oñatik berak ere. Esan beharrik ez dago, Debagoienan egun kapitala ez da Donostia, Gasteiz baizik.

*Erlazionatutako dokumentua etzi.pm atarian

*Irudiaren jatorria: https://twitter.com/vicengi1/status/948547268809981952

Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.1 Sua – Garitano

Rafael Garitano-Aldaieta Zubizarreta (1736 – 1784) ezaugarritzea ez da lan erraza:

  • abadea
  • zientifikoa
  • euskalzalea
  • pobreen defendatzailea
  • neskazalea

Polemista eta ikertzailea. Behar bada horiek dira gure abadea hobekien definitzen dituzten hitzak.

Esaterako, Auñamendi entziklopediak jasotzen duenez, Peñafloridako konteari berari kargu hartu zion, Erret Mintegian ikasten zuten haurrei euskaraz mintzatzea debekatu eta haien artean eraztuna banatzen zuelako. Bai, “eraztun” hori.

Oñatiko kontearekin izandako idatzizko korrespondentzia ere ez zen batere makala izan. Doinu zakarra erabailtzen dute bai kondeak bai eta abadeak elkarri idazterakoan. Garitanok Santamainako elizarekiko, hots berarekiko, Oñatikoak duen ardura etengabe gogorarazten dio. Besteak beste, pobreak azken hatsa ematean egin beharreko bisitak egin ahal izateko zaldi bat eskatzen dio. Korrespondentzi honen berri Imanol Sorondo Irigoyenek eman zuen 1986. urtean.

Garitano Aldaietak aurre egin zion Bergarako alkateei zein Probintziako agintariei ere. Izan ere, behin eta berriz araudi, debeku, agindu eta abar pulpitoan irakurtzeari egin zion uko: eskale, arlote eta pobreen aurkako araudiak, hipotekei buruzkoak,… Adibide gisa, matxinada osteko giroan, hau da, jauntxoen garaipena ondorengo giro hertsian, gizarte kontrola estutu nahi duen araudiaren berri ez ematea deliberatu zuen Garitanok 1767ko otsailan: birjinitatea galdu duten neskak kaletik markatuta joatea; dantza egiteko zapia heldu beharra, jaiak, tabernak, monarkiaz gaizki esaka aritzea…
Erraz irakurtzen da araudia

Ikerlari lanetan ere aritu zen. Patataren uzta hobetzea eta patata-irina egitea zituen helburu. Irina hau arto zein gari irinekin nahastuta, jakien kalitatea hobetu eta ugaldu nahi zuen, jende xumea hobeto elikatzeko. Baskongadaren bazkidea zen, eta elkarte honen aktetan aipatu ziren bere lanak.
Jarraian, bere esperimentazioa: isolamendu garaian ogia egiteko beste modu bat izan daiteke hau

Ilustrazioa ulertzeko modu propioa izan zuen Garitanok. Argiak soilik gizarteko onenentzat gorde nahi zituztenek ez bezala, abadeak argiak onura publikoarentzat eta gizartearen gehiengoarentzat defendatu zituela pentsatzen dugu.

*Erlazionatutako dokumentua etzi.pm atarian

*Irudiaren jatorria: https://dokuklik.euskadi.eus/badator/visor/018/00013#