Villabonako Udal Artxiboak dohaintza berriak jaso ditu

Gaurkoan, artxiboan egindako azken lanen berri emango dugu. Villabonako Udal Artxiboa asko hazi da aurten, hein batean dohaintzen ondorioz. Lehenengoa, modu anonimoan egina, Amasa-Villabonako mendi komunalen larreen aprobetxamenduaren banaketa eta erregularizazioari buruzko memoria izan zen, 1897ko datarekin. Jasotako azken dohaintzari dagokionez, Papelera Salvadora enpresaren dokumentazioa da, herritar batek ekarritakoa: batetik, La Salvadora sozietate anonimoko akziodunen batzar orokorraren akta-liburu bat, frankismoaren garaikoa; eta, bestetik, 1906tik 1952 bitarteko paper fabrikaren estatutuak.


Honen bidez, Artxiboan zainduko diren bi dohaintza hauek eskertu nahi ditugu. Dokumentazio oso aberatsa da, herriko historia dokumentatu ahal izateko balioko duena.

Beste alde batetik ere hazi da artxiboa: orain dela gutxi amaitu dugu Villabonako Bake Epaitegiko artxiboko dokumentazioa Udal Artxibora toki aldatzen. Gugana heldu den dokumentazioa XIX. mende amaierakoa eta XX. mende hasierakoa da, hau da, dokumentazio historikoa dago bertan. 1994 urtera arte epaitegian sortutako dokumentazio guztia Udal Artxiboan gordeta zegoen. Urte horretan, ordea, Bake Epaitegia Udaletik banandu eta lekuz aldatu zen, Berdura plazara lehenengo eta gaur egun dagoen bulegoetara ondoren, Udaletxearen eraikineko beheko lokalean.

Orain arte, kutxa horiek antolatu gabe zeuden Bake Epaitegiko biltegian gaika bilduta, hau da, ez zuten artxibo sistema propio bat. Horrek asko zailtzen zituen kontsultak bai eta dokumentazioaren balioaren galera ekarri ere. Honek guztiak Udalarekin zerikusia ez duela ematen badu ere, funts hori Udal Artxiboari gehitzeko egin den lana aurrerapen bat izan da hemen lan egiten dugunontzat, besteak beste, ikertzaileen kontsultak kudeatzeko garaian.

Besteak beste, ondoko sorta hauek ditugu eskura orain: adostasunak (1896-1971), emantzipazioak (1932-1951), herriko enpresen merkataritza-liburuak legeztatzeko espedienteak (1945-1984), utzarazpen-epaiketen espedienteak (1900-1945), 1819tik aurrerako epaiketak, adiskidetze ekitaldiak (1820-1909), jabetzen inguruko dokumentazioa (1879-1942), erregistro zibila, epaitegiko karguen izendapenen eta jabetza-hartzearen aktak (1887-1975), 1863tik aurrerako korrespondentzia, Familia Kontseilua eratzeko espedienteak 1905etik aurrera…


Datozen hilabeteetan jarraituko dugu informazioa ematen eta dokumentazio interesgarria ekartzen.

Miriam Ruiz