‘Komikia generoka’ erakusketa Koldo Mitxelena liburutegian
Gipuzkoako Aldundiaren Koldo Mitxelena Liburutegian (Donostian) Komikiguneak prestatutako erakusketa berri bat dago ikusgai. Bertan ‘Komikia generoka’ izenburupean, komiki zahar zein berrienen artean, generoka sailkatutako atal batzuk daude erakus-mahaietan ezarrita. Hauxe da erakusketaren haria:
Komikiak irudia oinarri duten kontakizunak dira. Zineman, literaturan edo beste medio batzuetan gertatzen den bezala, generoka ere sailka daitezke komikiak. Generoen sailkapena egiterakoan, nagusiki komikian jorratzen den gaia kontuan hartzen bada ere, ez da hau elementu bakarra: irudien tratamendua, hau da, grafismoa, estiloa edota argia ere esanguratsuak dira genero bakoitzean. Sarritan genero bakoitzak, istorioak bere modu propioan kontatu ohi ditu. Esaterako, beldurrezko komikietan kolore ilunak nagusitzen diren bitartean, abenturetako komikietan kolore sorta biziago bat topatu ohi da.
Liburutegian 20 genero inguru bereiztu eta identifikatu ditugu: zientzia fikziozkoak, historikoak, umorezkoak e.a. Erakusketa honetan guztien artetik erreferentziazko genero multzo bat aukeratu dugu, batzuk oso potolo eta esanguratsuak dira, eta beste batzuk bitxi eta txikiagoak.
Genero bakoitzari eskaini zaion esparruan honakoa ikus daiteke: genero bakoitzeko komiki zaharrenetarikoak zein berrienak, hizkuntza bat baino gehiagotan, formatu anitzetan, bertan ekoitziak zein kanpokoak.
2021-01-21 / 2021-02-13, Liburutegiko 1. solairuan
Astelehenetik ostiralera: 08:30-20:30
Larunbatetan: 08:30-14: 00