Gordailuko liburutegia
Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da. Bere helburu nagusia lurraldeko kultura-ondarea gordetzea, babestea eta ezagutaraztea da. Milaka ondare-gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen dira bertan, bere funtsei buruzko azterketak ere egiten direlarik. 2015. urteaz geroztik, Gipuzkoako Arkeologiaren eta Paleontologiaren biltegia ere bada. Lurralde honetan burutu diren indusketetan eta aurkikuntzetan atzeman diren pieza arkeologikoak eta paleontologikoak zaintzeko helburua ere badu. Gehiago ezagutzeko Gordailuko web orria kontsultatu daiteke.
Bertan, liburutegia ere badago. Baina gordetako materialek ez dute oraindik funtsa antolaturik osatzen. Alegia, liburuak gela egoki batean bilduta daude, baina ez daude deskribatuta, sailkatuta, zuzen apaletan kokatuta. Honela, Ereiten, helburu nagusi batekin dabil Gordailuan. Pixkanaka, liburu eta aldizkariak katalogatu eta eskuragarri jartzeko lanean alegia. Gordailuaren funtsa eta Aldundiaren bilduma nagusia uztartu nahi dira. Hau da, Gipuzkoako Aldundiaren bilduma nagusiaren parte bihurtu Gordailuarena; nahiz eta material hauen gordeleku eta kontsultaleku Gordailua izango den.
Material motari dagokionez, liburuak eta aldizkariak daude gehien bat. Hauekin batera, beste hainbat funts eta bilduma partikular ere aurkitu daitezke. Eskuhartzea egitean, material asko dagoenez, lehentasunak ezarri dira. Lehenik liburuekin hasi gara, zehazki zaharberritzearekin zerikusia dutenak. Gai hauetako materiala oso berezia da eta interesgarria da lehenik hau prest izatea. Gainera bertan asko erabiltzen duten materiala da. Honekin batera, beste hainbat gaietako liburuak ere prestatu dira, hala nola, museologia, etnografia, artea, historia edo arkeologiari buruzkoak.
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegiaren egoitza izanik, bertan ezarritako katalogazio moldea jarraitu da Gordailuko liburutegia katalogatzeko. Hau da, Sailkapen Hamartar Unibertsalaren (SHU) bidez antolatu da funtsa. Behin katalogazioa amaituta, liburuak fisikoki apaletan kokatu dira. Horretarako txaplata eta barra kodeak ezarri zaizkie eta dagokion tokian instalatu dira. Orain arte guztira 2350 liburu prestatu dira eta beste 1000 liburu inguru gelditzen dira katalogatzeko. Liburuekin amaitzean, lehen aipatutako gaiekin loturik dauden aldizkariak ere eskuragarri jarriko dira.
Prestaketa lan guztiarekin bukatzean materiala Koldo Mitxelena liburutegiko katalogoan egongo da ikusgarri. Bertan, funtsetan Gordailua aukeratu eta katalogoan koltsultarako prest egongo da.
Oraingoz lanean jarraituko dugu pixkanaka material guztia katalogatu eta laister prest eta erabilgarri izateko.
Edurne Arocena
**Gordailuko irudia bertako webgunekoa da