Arte-Parte

Pasaiako Udal Arte Bilduma izan genuen hizpide Zabaldiya bildumaren 2. alean. Izan ere, ez dira gutxi hormetan zintzilik Pasaiako udal eraikinetan dauden margo lanak. Margo lan horiek ez dute batasun estilistikoa, ez eta formala. Ez dira eskola berekoak. Eta, noski, egile ugarirenak dira. Baina bilduma osatzen dute. Udalaren borondatez izan ziren erosiak. Tokiko artistak sustengatze aldera, arte-ekoizpena bultzatze aldera, artea estetikoa eta akaso etikoa delakoan… Alabaina, inor gutxik erreparatu izan die; eta are gutxiago arte lan hauek guztiak batasuntzat jo.

Horregatik, liburuan ez ezik, arte lan hauek kalean ere egon behar zutela pentsatzen genuen. Tira, edo erakusketa gelan. Horrela, lanak interferentziarik gabe daude ikusgai. Ez dira apaingarri hutsalak, artea baizik. Horrela, auzokoek ere arte erakusketaren parte izateko aukera izango dugu. Gainera, arte lan denak ikusteko, lau barrutiak bisitatu beharko ditugu. Hau da, ez da erakusketa ibiltari bat izango, lau zatitan banatuta baizik. Bisita osatzeko beraz, Pasaia osoa bisitatu beharko da.

Hau da Pasaiako udal arte bilduma. Behar bada, ez da munduko bildumarik ikusgarriena, aberasgarriena, garestiena. Gurea da.

Erakusketaren egutegia

Pasai Antxo, Kultur Etxea: 2015/09/18-2015/10/04
Pasai San Pedro, Udal Aretoa: 2015/09/25-2015/10/11
Pasai Donibane, Victor Hugo Etxea: 2015/10/02-2015/10/18
Trintxerpe, Ciriza Etxea: 2015/10/09-2015/10/25