Category: <span>Artxiboak</span>

Artxiboak

Subijana udalaren esku

Urteko azken berri honek emango dio amaiera Subijanari buruz idatzi dugun berri sortari eta nola ez, enpresaren azken faseari buruzkoa izango da, hau da, estanpatuen fabrika izatetik, abandonatze garai bat pasa eta Mintzola ahozko lantegiak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak erabili arte.

XX. mendearen erdialdean hasi zen enpresaren beherakada, 1966 urtean ordainketen etetea adierazi zuelarik Hartzekodunen Batzordeak. Artxiboan gordetzen dugun dokumentuetako bat Batzorde horrek 1968ko martxoaren 12an ospatu zuen Batzar Orokorraren akta izango da eta bertan jasota agertzen dira enpresak urte horietan jasan zituen zailtasunak, izan ere, Batzorde hau Subijana y Cia, S.A. enpresaren jabe 1966ko urrian egin zen. Dirudienez, urte horietan Subijanaren bezero bakarra Bartzelonako Industrias Benguerel S.A. zen eta hori ere egoera zail bat jasaten ari zen, Villabonako enpresari zuzenean eraginez. Batzordearen eskuetara pasa zenean, bezero gehiagoren bilaketari ekin zitzaion. Batzuk aurkitu zituen Batzordeak, baina ez ziren nahikoak izan eta 1970eko gutun baten arabera, talde bati saltzen dio fabrika “ha procedido a efectuar la venta del negocio de Subijana y Cía., S.A., a un grupo de industriales textiles, en condiciones especiales, dada la situación por la que la Empresa viene atravesando” (sig. 701-01).

Hala ere, badakigu 1978 urtean oraindik ere martxan zegoela, bere jabetzako lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua baitzuen. Etxebizitza horien salmentarekin egoera ekonomikoa arintzeko esperantza zuen. Horretarako baina, lurzoruaren erabilera aldatu behar zen lehenengo. Ez da ahaztu behar fabrika hau 1860 urtean eraiki zela eta hirigintzaren ikuspuntutik, garapen gutxi eduki zuela urte guzti hauetan zehar. Tamalez, beharrezko baimena ukatu egin zitzaion eta proiektua bertan behera gelditu zen. Hau izango da Udalak eskua sartzen duen momentua (sig. 701-01).

1985 urtean enpresa jadanik itxita egongo da eta bere eraikuntzak hutsik, erabili gabe eta geroz eta egoera okerragoan; kokapena ordea, ezin hobea zen herriaren erdi-erdian eta Oria ibaiaren ondoan dagoelako. Hortaz, kokapenaz baliatuz eta herriak behar zuen ekipamendu publikoa garatzeko helburuarekin, estanpatuen fabrikaren lurren erosketa planteatuko du Udalak. Momentu honetan enpresaren ondasunen jabe langileak dira, baina hauek eta Udala akordio batetara iristen dira eta 1988 urteko urriaren 3an, Villabonako udalbatzarrean, ondorengo ondasunen erosketa adosten da:

1. Tornatxulo izeneko etxea eta patioa, kale Nagusia 76

2. Estanpatuen fabrika, kale Nagusia 73 zenbakian, Subijana enpresa zaharra

3. Finka horietako lursail eta eraikuntza guztiak

Hemendik aurrera zonalde guztiari buelta handia emango zaio, itxura guztiz aldatuz. Eraikuntzen eraisketarekin hasiko da. Subijanaren etxebizitzak balio historiko eta arkitektonikoa edukiko du, beraz, ezin da hala nola bota, gainontzekoa ordea, bai eta 1994 urtean emango zaio hasiera proiektu horri (sig. 1708-08). Gaur egun, bertan Maiatzaren Lehena plaza, frontoia eta etxebizitzak aurkitzen ditugu. Hurrengo urtean matrizea botatzeko asmoa dago, baina lehenengo eraikuntzaren azterketa bat egin behar da. Azterketa horretan, 1997 urtean egiten dena (sig. 668-08), berri honen irudi den argazkia erantsia da eta eraikuntzak duen balio historikoa azpimarratzen da “Aún considerando las trasformaciones y adaptaciones que ha podido sufrir la distribución original, -construcción de aseos o subdivisión de algunas piezas-, no se han perdido, en general, las características propias de una buena construcción de aquella época en cuanto a amplitud y generosidad de los espacios y a la calidad de los materiales empleados”. Azkenean, ez da eraikuntza botako, horren ordez 1999 urtean egitura eta fatxadak sendotu egingo dira (sig. 1815) eta 2004 urtean hasiko zaio gaur egun ikusten dugun itxura ematen. 2007 urtera arte luzatuko dira lanak eta 2008an Udalaren eta Mintzolaren arteko hitzarmena sinatuko da (sig. 2863-15) elkarte horrek eraikina erabili ahal izateko.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi 2018 urteko Europako Ondare Industrialaren jardunaldietan Villabonako protagonista izan dena: uharka. 2009 urtean ekin zitzaion honen birgaitzeari (sig. 2711), 2012an bukatu zirelarik lanak. Balio anitzeko gela bihurtu eta gaur egun, bertan hitzaldi, jarduera eta ekitaldi desberdinak burutzen dira.

Aljibe hau aitzaki hartuta, Villabonako industrializazioan eta garapen ekonomikoan indar handia eduki zuen protagonistetako bat hobeto ezagutzeko aukera eduki dugu hilabete hauetan. Sorta honetako lehenengo berrian esan genuen bezala, Villabonan ez ditugu industria garai honetako aztarna asko, horregatik, gure betebeharra da ditugunak zaintzea, hauen artean Subijana etxea eta bere aljibea daudelarik.

Irudian: Subijana etxearen atzeko fatxada 1997 urtean (sig. 668-08)

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Kanposantu berria eraikitzen

Urteko azken berria izango da oraingo hau eta ez genuen hirigintzako espedienterik erakutsi gabe bukatu nahi. Horretarako, Adunako kanposantuaren proiektua aukeratu dugu. Hilerri hau gainera, beti joango da Micaela Josefa Ubillos izenari lotuta, berak finantzatu baitzuen obra osoa Udalak baliabide nahikoak ez zituenean.

Adunan gaur egun altxatzen den hilerria 1904 urtean eraiki zen, baino horren aurretik beste toki batean egongo zen kokatuta hiletentzako gunea, egokia ez zen toki batean gainera: herrigunean egongo zen, etxebizitzez inguratuta. XIX. mende amaierako Errege aginduak baldintza eta arau berriak ezartzen zituen mota honetako espazioetarako, baina horretaz gain, hilerri zaharra txikiegia zen eta tokirik gabe zegoen jada. Hori dela eta, berri baten beharra zegoen Adunan eta Udalak behar horri aurre egiteko erabakia hartu zuen. Garai honetan gainera, aldaketa klima bat ematen ari zen, mende aldaketak aurrerapausoak ekarri baitzituen berarekin eta Udala herria modernizatzeko prozesu batean murgilduta zegoen (herri bideak konpondu ziren, ur horniketa hobetu zen, e.a.).. 1904ko otsailaren 28an ospatutako udalbatzarraren aktetan ondorengo lerroak irakurri daitezke: “El Ayntº ha creido que es llegado el momento de ocuparnos seriamente de una mejora tan útil en todo este sentido como reclamado por los adelantos del siglo y de dar cumplimiento a las Reales ordenes para inhumar los cadáveres de los que mueren pertenecientes a la religion distinta de la catolica. Sabido es de todos que en el actual cementerio no hay ya capacidad para mas enterramientos y que su proximidad al pueblo ofrece graves inconvenientes para la salud publica”. Ez zegoen hortaz, tokirik jende gehiagorentzako, ezta ere beste erlijioak jarraitzen zituztenentzako eta gainera, osasun aldetik arriskutsua zen.

Lehenengo pausoa hortaz, baldintza guztiak betetzen zituen lursail bat bilatzea zen. Udala, herritar batek emandako lursail baten jabe zen eta herriko medikuaren eta Donostiako Osasun Saileko ordezkariaren azterketa gainditu ondoren, proiektuaren diseinuarekin eta behar ziren gainontzeko baimenen tramitaziorekin hasi zitekeen. Izan ere, lursail horrek osasun baldintza egokiak zituen: herrigunetik 500 metrotara zegoen, etxebizitza gertuenetik urruntasun nahikoa zuen, inguruan ez zegoen kutsatu zitekeen iturbururik eta ondo aireztatuta zegoen.

Proiektuaren diseinurako Tolosako Julian Eizaguirre kontratatu zen eta honek 7000 pezeta baino gehiagoko aurrekontu bat, planoak eta memoria aurkeztu zituen. Diseinu horretan eremu osoak edukiko zituen zona desberdinak deskribatzen dira: kapera, autopsiak egiteko gela, hezurtegia eta beste zona batzuk. Udalbatzarra orduan, proiektuari oniritzia eman eta finantziazio bila hasi zen. Adunako parrokiari galdetuta, honek diru nahikorik ez zuela erantzun zuen, baina hori bai, Timoteo Yraolak bere dirua emateko prest zegoela adierazi zuen Udalak beharrezkoa zela uste bazuen.

Obra aurrera eramango zuen kontratista aukeratzeko enkante edo hautaketa prozesu bat antolatu zen, gaur egungo kontratazioen antzera. Espediente honetan (sig. 77-06) enkanteko pleguak gordetzen dira gainontzeko dokumentuekin batera. 1904 urtean idatzi ziren baldintza hauek obren inguruko gora-behera guztiak zehazten dituzte, erabili behar den materiala eta guzti. Azken puntu horri buruz diote adibidez, harria Ursaltoko edo Amalcorreko harrobietatik ekarri behar zela eta nahasketa egiteko hondarra Amarren-Gaztañadieta meategitik.

Finantziazio aldetik, obra aurrera eramateko Udalak diru nahikoa ez zuenez, 8000 pezetako mailegu bat eskatzeko erabakia hartu zuela diote udalbatzarreko aktek. Azken momentuan ordea, Micaela Josefa Ubillos agertu zen berak finantzatuko zuela esanez. Dohaintza honen espedientea artxiboan gordetzen da (sig. 77-07) eta Francisco Yzaguirrek Micaelari bidaltzen zizkion gastuen likidazioak azaltzen dituzten gutunen bitartez, eta Micaelaren senarra zen Anjel Casok bidalitako gutunen bitartez dugu dohaintza honen berri. Diru horren trukean, Udalak kanposantuko lursail bat emango zion panteoi edo mausoleo bat eraiki zezan eta kaperan jarriko zen irudia berak aukeratuko zuen.

Adunak gaur egun duen hilerria Micaela Ubillosi zor dio beraz, eta bere senarra zen Anjel Casori ere. Herriarentzat pertsonai esanguratsuak dira eta horregatik, ez genuen Adunako berri sorta hau beraiei buruz hitz egin gabe bukatu nahi.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Tropa frantsesak hornitzen

Adunako artxibotik azaroan aurkeztuko dugun dokumentua, galtzeko zorian egon den testu bat da. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan esan dugu udalerri honetako dokumentazio historiko gehiena ez dela bertan gordetzen, baizik eta Donostian dagoela eta Adunak original horien fotokopiak dituela. Oraingo hau ordea, 1809 urtean idatzi zen gutun original bat dugu eta pilatuta agertu zen paper sorta baten artean.

Urte honetan Adunako Udalak esfortzu garrantzitsu bat egin du artxiboaren egoera hobetzeko. Beste gauza batzuen artean gela bat egokitu da lehen banatuta zegoen artxiboa elkartzeko toki nahikoa eskainiz eta artxibo sistema mantentzeko lanak ere egin dira. Lan horien artean artxiboa ordenatzea eta eguneratzea dago eta horri esker, txukuntze lanen bitartean aurkitu dugu independentzia gerra garaikoa den dokumentu hau (sig. 703-02).

XIX. mende hasieran Frantziako Napoleonek eta Espainiako Fernando VIIak bat egin zuten Portugal inbaditzeko Erresuma Batuaren aurka egin nahian. Espainia eta Erresuma Batuaren arteko arazoak ontzigintzaren inguruan eta Portugalekin zituen arazoak aspaldikoak ziren. Espainiak, helburu hori lortzeko Frantziari baimena eman zion lurraldea zeharkatzeko Portugal bidean. Frantziarrek ordea, egoera aprobetxatu eta herri estrategikoetan kanpamenduak ezarri zituzten, ezkutuko nahia erregea kendu eta Napoleonen anaia agintari jartzea baitzen. Garai honetan eman ziren Baionako abdikazioak eta Goya pintorearen fusilamenduen margolan famatuak ere, garai honetako gatazkak irudikatzen ditu. Horrela ba, independentzia gerra bezala ezagutzen dena hasi zen.

Gerra guztietan gertatzen den bezala, galtzaile nagusiak zibilak edo herritarrak izan ziren. Bai tropa frantsesak eta baita beranduago askatasuna ekartzera etorri ziren ingelesak ere, lurraldearen arpilatze, lapurreta eta errausketari ekin zioten. Mende aldaketa garaia gainera momentu latza izan zen goseteak eta uzta txarrak modu jarraian eman baitziren. Biztanleria beraz, oso ahulduta zegoen gerra iritsi zenerako. Hala eta guztiz ere, armada erasotzaileek presio handia egin zuten biztanleriarengan nekazal ekoizpenaren lapurretekin, lanerako erabiltzen ziren animaliak soldaduen janari edo gurdi-abere bihurtuz…

Testuinguru honetan kokatzen da Adunako testu hau, izan ere, egoera larri horrek Adunari ere eragin izanaren lekuko dugu. Donostiako Jose Maria de Soroa y Soroak eta Gipuzkoako Probintziako idazkari zen Manuel Joaquin Uzcandak sinatzen duten gutun bat da eta bertan ondorengoa irakurri daiteke: “Para pagar la paga y otros articulos que está suministrando a las tropas francesas; se servirá valerse de la primicia y demas fondos que haya en la fabrica de la iglesia”. Ez zen beraz, inor libratu gerra hau ordaintzeaz.

Gerra honi amaiera 1814 urtean eman zitzaion, baina ondorengo egoera ez zen egonkortasun garai bat izango. Espainiako gizartea guztiz bananduta gelditu zen eta urte batzuk beranduago emango ziren gerra karlistak gertatzeko hazia erein zen.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Ondare idatziaren bitartez oroitzapenak berreraikitzen

Aurreko hilabetean Aljibera antolatu zen bisitetan parte hartu zenutenek ezagutuko duzue gaurko berri honetan jarri dugun argazkia. Estanpatuen fabrika osoaren planoa da eta bertan, argi eta garbi ikusi daiteke enpresak barnean zuen sistema hidrologikoa, ura behar zen tokietara bideratzeko kanalekin eta biltzeko uharka edo andelarekin.

Plano hau beste dokumentu handiago baten zati bat da. Dokumentu hau fabrikaren inbentario bat da eta zehatz-mehatz irudikatzen digu fabrika nolakoa zen Subijanaren eskuetara pasa zenean: eraikuntzak, eraikuntzarako materialak, lantzen ziren produktuak, e.a. Dena deskribatzen da “A los señores Subijana y Cía. Tintorería y estampados. Villabona. Guipúzcoa” izenburuko lan honetan (sig. 1389-05). Tamalez, ezin dugu zehazki jakin noiz idatzi zen dokumentu hau datarik ez baita inon adierazten. Badakigu ordea, fabrika Subijanaren eskuetara 1907 urtean pasa zela, beraz, XX. mendearen lehenengo erdialdekoa izango dela pentsa daiteke.

Esan bezala beraz, testu hau inbentario bat da, fabrikaren balio ekonomikoa ezagutzeko egin zen, bertan zegoen guztia azaltzen baita deskribapen eta balio ekonomiko batekin. Gaur egun ordea, dokumentuak beste balio bat edukiko du. Egun desagertua dagoen Villabonako ikur baten itxura eskaintzen du eta horri esker oso erraza egiten da bertan gertatzen zena gure buruan irudikatzea.

Dokumentuak lau zati ditu. Lehenengoan eraikuntzak deskribatzen dira. Guztira 21 ziren (tximiniaz gain) eta bakoitza oso modu sakonean deskribatzen da. Horietako bakoitzean betetzen ziren funtzioak, azalera, erabilitako eraikuntza materialak, zenbat solairu zituen eta bakoitzaren deskribapen sakona (batzuk solairu bakarrekoak izango ziren, baino beste batzuk bi eta hiru ere edukiko zituzten), barnealdeko banaketak, leihoak edo argiteria sistema,… Eta noski, eraikin bakoitzaren balioa. Atal honen amaieran laburpen bat erantsi da eta hor ikus daiteke eraikin garestiena lehenengoa zela. Hauek dira bakoitzaren izenak (zenbakiei esker planoan erraz kokatu daitezke):

1.Koloreak prestatu eta zapiak estanpatu

2.Garbitokia, tindaketak, zuriketak, artilezko piezak

3.Galdara gela, lehortegia

4.Estanpatzeko makinen eta zilindroen makina gela, lehortegia eta estanpatzeko gela

5.Zuriketak

6.Estanpatzeko plantxen biltegia, aireko lehortegia

7.Zurgindegia, pieza zurien biltegia, lehortegia

8.Zalditegia

9.Langileentzat etxea

10.Estanpatzeko plantxen biltegia

11.Drogen eta estanpatzeko plantxen biltegia

12.Etxebizitza. Etxabea eta hiru solairu; egongela eta jangela tximiniarekin batera bigarren solairuan zeudelarik

13.Bulegoa eta biltegia

14.Idaztegia eta biltegia

15.Erabilera anitzeko gela

16.Konponketa mekanikoen lantegia

17.Turbinak

18.Sutegia edo errementeria

19.Biribilkiak grabatzeko gela, txatar biltegia

20.Tindategia

21.Komunak

Dokumentuaren bigarren zatiak eraikin bakoitzaren gela bakoitza deskribatzen du. Hauek ere modu sakonean. Eraikinez-eraikin doa eta solairu bakoitzeko gela bakoitza nolakoa den, zertarako den eta bertan dauden gauza guztiak (makinak, altzariak,…) zerrendatzen ditu, ondoren bakoitzaren balorazio ekonomikoa kalkulatzeko. Adibide batzuk jartzearren: “Edificio 1. Planta Baja. Sala A. Sala de iluminación a mano: 2 mesas de pino de 9400x1200x100 m/m con tapiz de fieltro y tela de yute” edo “Edificio 13. Planta Baja. Sala B. Despacho del director. 1 mesa ministro de 1.65×1.00 de nogal doble, cara superior de molesquin. 2 sillones nogal, asientos y respaldos tapizados”. Ez da oso zaila horrelako bulego batean ospatuko ziren bilerak irudikatzea.

Hirugarren atala ekoizpenari buruzkoa izango da. Erabiltzen ziren materialak, moldeak edo ereduak aipatzen dira bertan. Ehun mota eta kolore bakoitzerako erabiltzen ziren moldeak zehazten dira. Hauetako gehienak egurrezkoak edo berunezkoak ziren, nahiz eta kobrezko batzuk ere erabili. Eredu desberdinak erabiltzen ziren kotoiarentzako, kaxmirrarentzako, zapi gorriak egiteko, kafe kolorekoak,… Ehun frantsesak (bordatuak normalean) edo alemanak egiteko ere, molde bereziak erabiliko ziren. izan ere, fabrika honetan ekoiztutako ehunen artean aukera zabala zegoen.

Azkenik, dokumentu honen laugarren atala fabrikaren planoek osatuko dute. Berri honen irudi fabrika osoaren planoa dugu, baina eraikuntza bakoitzak ere bere planoa edukiko du, non gela bakoitza ondo islatua egongo den.

Oso dokumentu berezia dugu esku tartean beraz. Villabonako fabrika nagusienetako bat XX. mende hasieran nolakoa zen jakiteko datu eta informazio baliotsua eskaintzen digu. Eta zergatik ez, nostalgia puntu bat ere ekar diezaguke.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Nuestra señora Santa María de Agosto

Nahiz eta hilabete pare bat pasa diren Adunako jaiak ospatu zirenetik, gai hau aitzaki hartu dugu urriko hileko berria prestatzeko. Artxiboa miatzen ibili gara eta herriko jaiei buruzko dokumentu desberdin eta interesgarriak topatu ditugu. Horietako bat 1667 urtean idatzia izan zen (sig. 699-05) eta udalbatzako sesio edo akta baten zati bat da. Ez da dokumentu osoa gorde, orri pare bat baizik, baina bertan urte horretako herriko jaiei buruzko erabakiak hartu zirela irakurri dezakegu. Oraingoan ere, apirileko berrian gertatu zitzaigun gauza bera gertatzen da, fotokopia baten aurrean gaudela, alegia. Orduan esan genuen bezala, Adunako dokumentu historiko gehienak ez dira Udal Artxiboan gordetzen, baizik eta Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan egongo dira. Hori dela eta, Adunan dokumentu horien fotokopiak ditugu, gaurko hau kasu.

Esaten genuenaren harira, dokumentu hau 1667 urteko apirilaren 11an idatzi zen eta bertan urte horretako festetako gastuei buruz hitz egiten dute, festetako elementu garrantzitsuenetariko biren inguruko akordioak hartzen dira. Lehenengo aipamena festa eta ospakizun guztietako protagonistari emango zaio, musikari esate baterako, “al musico tamborin”. Honi zilarrezko 50 erreal ordainduko zitzaizkion jaiek irauten zuten egun guztiengatik. Hara ere, badirudi berarekin bazkariak eta bestelakoak ere egiten zirela eta honen inguruan, argi eta garbi zehazten da horietatik suertatutako gastuak Udalak ez zituela bere gain hartuko, baizik eta zinpekoak eta erregidoreek euren kabuz ordaindu beharko zituztela. Gaur egungo politikariek eragiten dituzten berriak kontutan hartuta, galdera bat datorkigu burura lerro hauek irakurtzerakoan, beteko al zuten Adunako agintariek udalbatzan adostutakoa XVII. mendean?

Testuko bigarren aipamena zezenen ingurukoa izango da, izan ere, garai hartan festetako elementu garrantzitsua izango ziren zezenak. Badirudi, herriko errota enkantean zuen pertsona arduratuko zela festetarako bi zezen eramateaz “para correr por las fiestas” dio testuak. Doan eraman beharko zituen gainera, ez baitzitzaion inolaz ere ordainduko. Horietaz gain, beste bi zezen egongo ziren, zinpeko eta erregidoreen ardura izango zirenak, hau da, Udalaren ardura izango zirenak, eta hauek bai, ordaindu egingo ziren “que por cada toro se le de por quenta del dicho lugar y sus propios y rentas dos ducados de vellon y no mas”.

Mende bat beranduago, ohiturak eta jarduerak antzerakoak izaten jarraitzen dutela ikus dezakegu. Oraingoan, XVIII. mendeko urte desberdinetako kontuak ditugu aurrean, hau ere Donostian gordetzen den dokumentu original baten fotokopia (sig. 697-03). Guri interesatzen zaigun zatia 1762 urtekoa da eta bertan aipatzen dira urte horretako festetarako egin ziren hiru ordainketa: zezenak berriro agertzen dira, Hernaniko Esteban de Goicoecheak eramango zuen bat eta Juan Bautista de Zubiza errementariak hagak egingo zituen, 8 erreal ordainduko zitzaizkiolarik. Hirugarren aipamena musikarena izango da. Urte horretan ere danbor-jole bat joango zen, baino ez zen bakarrik egongo, orain berarekin batera Pedro de Sorreguieta juglarea ere joango zen eta biei 170 erreal ordainduko zitzaizkien.

Gauza asko aldatu dira beraz, herriko festetan azkeneko 3 mendeetan. Festak eta ohiturak bizirik dauden gauza bat direla esan daiteke, eta horiek, gizartearekin batera eboluzionatu eta aldatu egiten dira, batzuetan desagertu ere bai. 2018 urteko jaietan zezenik jadanik ez dago, orain beste jarduera batzuk antolatzen dira: bazkari herrikoi desberdinak, sagardo dastaketak,… noski, janaria eta edaria ezin dira falta. Aldatu ez den gauzetariko bat musika da, nahiz eta gaur mota desberdineko musika entzun daitekeen herrian, argi gelditzen da honen presentzia herriko festetan beti izan dela garrantzizkoa. Esan genezake musika herriko festetako protagonista bat dela, hori bai, bigarren mailakoa izango da, Adunako festetako protagonista nagusiak beti izango baitira bertako herritarrak.

Amaia Mendizabal

Irudia: Adunako herritarrak festetan herriko plazan dantzan, 1940 hamarkada (sig. 459-01). Adunako udal artxiboko irudia

Artxiboak

Antzinako zeloa

Asteasuko Udal Artxiboak dokumentazio historiko aberatsa gordetzen duela bere baitan, behin baino gehiagotan esan dugun gauza bat da. Ez gara ez, nekatuko errepikatzeaz, izan ere garrantzi handia duen gauza bat da eta honen zaintza, babesa eta hedapena gure esku dago. Toki desberdinetako ikerlari asko datoz Asteasura beren lanetarako informazio bila eta tarteka, kontsultatzen dituzten dokumentuen orrietan bitxikeriak aurkitu ditzakegu. Gaurkoan, 1780 urteko epaiketa bateko orrialde batean topatu duguna aurkeztu nahi dugu (sig. 139-04).

Dirudienez, epaiketaren testua idazten ari zen eskribauak erabiltzen ari zen orrietako bat puskatu zuen eta konponbide bat bilatu behar zion. Horretarako, paper zati txiki bat moztu eta puskatutako bi zatien gainean itsatsi zuen, hau da, gaur egun erabiltzen dugun zeloaren lana beteko zuen zati horrek. Kasu honetan, puskatutako zatia oso txikia da eta ez dio testuari eragiten, gainera, hausturaren areagotzea saihesten du, beraz, irtenbide egokia izan zela esan daiteke.

Antzinako zelo honen erabilera ohikoa zen, beste tokietako dokumentuetan ere ikusi izan baitira. Garai hartako idazleek kontutan hartu ez zutena, ostera, paper zatia pegatzeko erabilitako itsasgarriak denborarekin paperean eragin zezakeen kaltea zen. Nahiz eta guk aurrean dugun dokumentua egoera onean egon eta kalterik agerian ez eduki, ezagutzen dira beste kasu batzuk non inguruko papera horitu eta hondatu egin den. Kasu horietan dokumentuak errestauratu egin behar dira etorkizunerako kontserbazioa bermatzeko. Adituek, metodologia eta teknika desberdinak erabiltzen dituzte kalte hauek konpontzeko eta liburuak egoera hoberenean gelditzea lortzen dute.

Hortaz esan bezala, egunerokotasuneko lanean bitxikeriak topatzen ditugun heinean, horiei buruzko berriak gure blog honetan argitaratzen jarraituko dugu, gure helburuetako bat, Artxiboetan aurkitu dezakegunaren plazaratze edo dibulgazioa baita, horrela, mundu honen inguruko ezjakintasuna murriztuz.

Amaia Mendizabal

Artxiboak Bisita gidatuak

Subijanako uharkara bisita

Oraingoan ez dugu Artxiboan gordetzen dugun dokumenturik aurkeztuko, ostera, Europa mailan antolatzen diren Ondareari buruzko jardunaldiak aurkeztuko ditugu. Jardunaldi hauek urtero antolatzen dira bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak eskainiz. Udazkena izaten da jardunaldi hauek ospatzeko garaia eta horregatik, urriko berria hauei eskaini nahi diegu, eta zergatik ez, Villabonak eskaintzeko duenari buruz pixka bat hitz egiteko. Noski, Villabonak honen inguruan asko dauka eskaintzeko eta Gipuzkoako beste 32 udalerrirekin batera, 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du.

Aurten jarri den gaia emakumearen emaria izan da eta hauen rola ondarean zein izan den aztertzeko eta erakusteko aukera ezin hobea da. Azkeneko hilabete hauetan Subijana enpresari buruz idatzi ditugun berrien bitartez, enpresak herriarekiko eduki duen eragina eta garrantzia islatu nahi izan dugu, denboran izan duen garapena deskribatuz eta Udalarekin edukitako harremanak eta tratuak plazaratuz. Enpresa honetan Villabonako bizilagun askok lan egiten zuten, horien artean emakumeak aurkitzen zirelarik. 1908 urtean adin desberdinetako 48 emakume eta neska zeuden bertan lan egiten, gehienak 23 urte baino gutxiagokoak. Urte batzuk beranduago, 136 izango ziren, enpresako gehiengoa osatuz (gizonezkoak 124 izango ziren) eta berriro ere, gehiengo nagusiak 23 urte baino gutxiago edukiko zituen.

Hauek betetzen zituzten lan postuak ezagutzeko bertan lan egin zutenen testigantzak ezinbestekoak dira, Artxiboan dugun dokumentazioaren artean honi buruzko datuak ezin baitira bilatu. Testigantza hauek oso baliotsuak dira hutsune handi horiek betetzeko eta garai hartako lan mundua nolakoa zen jakiteko. Izan ere, emakumeek Subijana enpresan betetzen zuten lanetako bat oihalen tindaketa eta zuritze kupeletan ematen zela horiei esker dakigu, hau da, urez betetako kupeletan egingo zuten lan.

Aurreko berrian agerian gelditu zen bezala, ura ezinbesteko baliabidea zen enpresaren funtzionamendurako, herriko ur-iturri desberdinetako ura ustiatzen zuelarik. Horretaz gain, enpresa eraiki zenean ura bideratzeko sistemak ere eraiki behar izan zituzten, horien artean kanalak eta uharka edo aljibea aurkitzen direlarik.

Artxiboan tamalez, uharka horri buruzko informaziorik ez dugu, ez dakigu zehazki nork eta nola eraikia izan zen. Horri buruz dugun informazio bakarra 2009 urtekoa da, hau da, balioanitzeko gela bihurtu zenekoa. Hori dela eta, Ondarearen Jardunaldi hauek uharka ezagutarazteko aukera paregabea eman digute eta bertara bisita gidatuak antolatu dira hilabete honetarako. Gainera, bisita hauetan, Subijana enpresako ikur hau ezagutzeaz gain, estanpazioari buruzko tailer bat egiteko aukera ere egongo da. Informazio guztia Udalaren web orrian aurkitu daiteke, baino guk txoko honetaz baliatu nahi izan dugu interesa duen edonor gonbidatzeko bisita hauetan parte hartzera. Urriaren 20an izango da lehenengoa, goizez eta euskaraz, eta urriaren 27an bigarrena, kasu honetan gaztelaniaz, ordutegi berdinean. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulatu daiteke.

Argazkiaren iturria: https://t.co/JPSiENbhix

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Tren geltokia izan genuenekoa

Zuetako zenbatek pentsa ote duzue: gure herrian tren geltokia izango bagenu? Egun, ondoko bi herrietara begiratuz gero, hobe komunikatuta daudela esan daiteke inongo beldurrik gabe. Getaria, Zarautz eta Zumaiaren arteko alderaketa eginda, hiruek dauzkate antzeko aukerak itsas-garraioari dagokionez, baina lurreko garraioan kontua aldatu egiten da. Bai, autobusez komunikatuta daude hiruak, errepidez aukera hori baitago, baina trenbideak ematen dituen abantailetatik at geratzen da Getariako herria.

“Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián” izan zen kostako trenbidea eraikitzeko erabakia hartu zuen enpresa, XIX. mende amaieran. Elgoibarretik Donostiarako linea honetan bai Zarautzetik eta baita Zumaiatik ere igarotzen zen trenbidea, Getaria alde batera utziz. Ezin da aipatu gabe utzi linea hau gaur egun Euskotrenek erabiltzen duenaren oso antzekoa dela. Esandakoaren ondorioz ez dauka gure herriak tren geltokirik, nahiz eta linea ireki zen momentuan, itxura egiteko izan bazen ere, geltoki batean Getariaren izena sartu zuen gorago aipatu dugun enpresak, “Guetaria-Oiquina”. Udal akten arabera, enpresaren erabakia ez zen gustagarria izan Getariako Udalarentzat eta geltokiari izena aldatzeko eskaera egin zuen.

1901eko ekainaren 30eko udal aktan argitzen da nola aipaturiko enpresak “Guetaria-Oiquina” izeneko geltoki bat jarri zuen, bilkuran zeudenek diotenaren arabera, geltokitik “sin ninguna clase de camino que pueda conducir al casco de esta villa ni a ningún caserío de ella, resulta que con tal estación se lleva a engaño a la personas de Bilbao, San Sebastián, . . .”. Hau dela eta, 1901eko urriaren 26ko udal aktak dio idatzi bat bidali zitzaiola tren konpainiaren lehendakariari egoera azalduz, eta 1901eko abenduaren 15eko udal aktan Getariako Udalaren agindua zein izan zen argitzen da: ken dezatela herriaren izena geltokiko errotulutik!

Hau ikusita, pentsa daiteke Getaria inkomunikatua geratu zela, baina arazo honen aurrean, Zarautzeko geltokira bideratuta kotxe-zerbitzua ezarri zela jakinarazten digu 1902ko urtarrilaren 4ko udal aktak.

Errealitate honen aurrean, denbora gutxiz izan bazen ere, Getariak tren geltokia izan zuela harro esan genezake, nahiz eta askorako ez balio.

Irudia: 1948ko Elgoibar eta Donostiaren arteko trenbidea. Bertan, “Oiquina” izenarekin agertzen da 50 urte lehenago “Guetaria-Oiquina” geltokia zena.

Iturria: http://ferropedia.es/wiki/Compa%C3%B1%C3%ADa_del_Ferrocarril_de_Elgoibar_a_San_Sebasti%C3%A1n.

Xabier Etxeberria

Artxiboak

Arrainak trenbidean

Maiatzeko idatzian aipatu zen Getariak eta Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián enpresak izandako lehen kontaktua. Bertan esandakoaren arabera, Getaria-Oiquina izeneko geltokia egon omen zen duela mende bat, baina dirudienez, Getariako Udalari ez zion poztasun berezik eragin honek, kontrakoa baizik, herriaren izendun geltokiari erreferentzia egiten zioten errotulu guztiak kentzeko agindua eman baitzuen.

Udalaren eta enpresaren arteko erlazioak ez ziren kontu horrekin itxi. Lehenengo kontaktuan eskaera kentzekoa izan bazen, bigarrenean jasotzeko eskaera izan zen. Bigarren eskaera ulertzeko, garai hartan Getariaren diru-iturri nagusia zen sektorera joan beharko da. Arrantza eta Getaria estu lotuta joan diren bi hitz izan dira historikoki, eta nahiz eta maila apalago batean izan, baita gaur egun ere. Arrantza eta jarduera honek sorturiko industria jarduerek ahalbidetu izan dute Getariaren bilakaera. Zentzu horretan, sektore honek historian zehar izandako hazkunde nabarmenena azpimarratu behar izanez gero, XX. mende hasieratik aurrera izandakoa aipatzea ezinbestekoa da. Sektorearen faktore endogenoen garrantziaz gain, zenbait kanpo faktoreek ere garrantzia izugarria izan zuten, eta nola ez, horien artean egon zen trenbidearen sorrera, honek zekartzan abantaila eta erraztasun guztiekin. Getariako Udala honen jakitun izan zen lehen momentutik.

Argi dago Getariako Udala kontziente zela geltoki bat izatearen ezintasunaz. Era berean, oso kontziente izan zen trenbidea gertu izateak zekartzan abantailez. Trenbide linea berria ireki zen momentuan arrantzatutakoa saltzeko merkatua merketu eta zabaldu egin zen. 1902. urterako eraikita zegoen linearekin, gauean Getariako uretan arrantzatutakoa goizean goiz Bilbo hirian saltzeko aukera zegoen. Aukera hori galdu ezin zela oso argi zeukan Getariako Udalak. Esandakoaren erakusgarri dugu 1902ko maiatzaren 17ko udal akta. Bertan goizeko lehen orduan Zarautzeko geltokitik Bilbo aldera trena antolatzeko eskaera bideratzeko beharra aipatzen da, betiere, Zarautz eta Zumaiako herriekin batera presioa eginaz. 1902eko uztailaren 17rako inguruko herriekin elkartu eta denek batera eskaera bideratzeko erabakia hartzen dela aipatzen da.

Geltokia izateko pribilegioa ez izan arren, trenbidearen gertutasunak onura ekonomiko handia ekarri zion Getariari.

Xabier Etxeberria


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/pesca-y-pescadores

Artxiboak

Benefizentzia etxea

Orain dela zenbait hilabete aseguru sozialen gaiaren inguruko zenbait zehaztapen eman genituen atal honetan. Bertan aipatu moduan, XIX. mende amaieratik gai sozialei buruzko legeak ugaritzen joan arren, benetako aurrerapausoak ez ziren XX. mendean sartu arte emango. Baina aseguru sozial hauen ezarpena orokortu baino lehen, zein zen gizarteak babes soziala eskaintzeko zeukan bidea? Nola laguntzen zitzaien sozialki marjinatutako pertsonei?

Sozialki baztertutako taldeei eskainitako babes forma ezberdinak eman izan dira historian zehar. Orokorrean, babes sozialak hartutako forma nagusiak bost direla esan daiteke:

1.Karitatea

2.Benefizentzia

3.Aseguru Soziala

4.Asistentzia Sozial Publikoa

5.Ongizate Soziala

Lerro hauen bidez, Aseguru Sozialen aurreko formaren inguruko zenbait datu emateko asmotan gatoz. Benefizentzia modura ezagutzen duguna Aro Berrian zehar hasi zen gorpuzten. Baztertutakoei bideratutako babes forma hau, karitatearekin alderatuta, ez da elizaren edota partikularren aldetiko baliabide ekonomikoen bidez hornituko, oraingo honetan, udalak pasako dira protagonista nagusi izatera Junta de Beneficencia izenekoen bidez. Benefizentziak, ekintza modura ulertuta, bi alde edo helburu zituela esan daiteke: alde batetik, txiro eta eskalen kopurua txikitzea, eta bestetik, laguntza sozial publikoaren bidez baztertutako jendearen beharrak asetzea, laguntza pribatuak murriztuz. Espainia mailan, benefizentzia nahiko berandu barneratu zen, gainerako europar herrialdeekin alderatuta betiere, ez baitzen 1849. urterarte Ley General de Beneficencia delakoa plazaratu. Hemendik aurrera, herri bakoitzeko Junta de Beneficencia delakoa bere herriko bizilagun baztertuek beste edozein herritan sortutako gastuak ordaintzera behartuta zegoen.

Getariaren kasuan, eta normalean informazio iturri nagusi ditugun Udal Akten arabera, 1851ko urriaren 5eko aktan agertzen da aipaturiko gastuen ordainketaren lehen arazoa. Dirudienez, Donostiako juntak benefizentziara bideratutako eraikinetan getariar bat edo beste omen zegoen, eta legean oinarrituta, hauen kostuak Getariako udala ordaintzera behartuta zegoen. Donostiatik Getariara iritsitako komunikazio horrekin ez zeuden ados getariar agintariak, euren arabera inongo gasturik ordaindu beharrik ez zeukaten bertakoak ziren txiroak ez baitziren exititzen Donostian: “considerando que no hay ningún pobre de esta jurisdicción en el establecimiento de San Sebastián”.

Hau ikusita, galdera bat etor dakiguke burura: benetan ez zegoen getariarra zen txiro edo eskalerik Donostian edo Getariako udala ez zen hauen kargu egin nahi?

Xabier Mendizabal


Irudia: Donostiako Erruki Etxea, 1878.

Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Artxiboak

Nork zor du zer?

Udal Artxiboetan gordetzen ditugun dokumentuen artean kontu liburuak aurkitzen dira. Gaur egun osatzen diren liburuak, handiak, pisutsuak eta zehaztasun handikoak dira, normalean kutxa asko betetzen dituztelarik artxiboetan. Mota honetako liburuek ordea, ez dute beti formatu berdina eduki, XX. mende hasieran adibidez, orri batzuek osatzen zituzten txostenak ziren eta gaur, hauetako liburuxka bati buruz hitz egingo dugu.

Espediente honetan 1902 urteko kontuak ikus daitezke (sig. 704-30), kontribuzio probintziala ordaindu zutenak, zordunen zerrenda, herri lurren gaineko balioa, Udalak egindako ordainketak,… Informazio guzti hori dokumentu honetan egongo da jasota, baino honetaz gain, bazeuden ogasuneko beste liburu batzuk ere. Urte honi buruzko ohiko udal aurrekontua (sig. 0011-08), ordainketa eta sarreren liburua (sig. 0011-09), aurrekontuaren kitapena edo likidazioa (sig. 0011-10) eta ezohiko udal aurrekontua (sig. 0011-11) ere Artxiboan aurkitu daitezke. Antza denez, urte horretan sukar tifoideen izurrite bat eman zen Adunan eta ustekabeko izurrite honek eragindako gastuei aurre egiteko, aparteko aurrekontu bat prestatu behar izan zen.

Aurrean dugun dokumentuari dagokionean, bi zati dituela esan daiteke, lehenengo orrialdeetan 1901 eta 1902 urteetan jasotako ordainagirien ordainketak ikusi ahal izango ditugu eta bigarren zatian, nekazal kontribuzio probintzialaren inguruko zerrendak ikusiko ditugu.

Lehenengo zati horretan ikus daitekeen lehenengo kargua edo ordainketa, 1901 urteko maiatzaren 18an egin zen eta herriko irakasleari zegokion. Honek 112 pezeta eta 50 zentimo jasoko zituen hiruhileko bakoitzean. Kopuru berdina jasoko zuen baita ere, udaleko idazkariak, aurrekoak bezala, hiruhileko bakoitzean. Beste pertsonai batzuek jasotzen zuten kopurua ere adierazten da, horrela, alondegiko langileari 40 pezeta dagozkio eta apaizari 30. Azken honi meza desberdinak emateagatik ordainduko zitzaion, 1901eko abuztuaren 15ean adibidez, 25 pezeta jasoko zituen “al párroco por el sermón del dia de la Asuncion de Nuestra Señora” eta 1902ko maiatzaren 18an “Descargo a Dn. Jose Ignacio Oyarzabal la cantidad de treinta pesetas por los sermones de Lazaro y Jueves Santo”. Herriko medikuari ordaindutakoa ere islatzen du testuak, honi 125 pezeta emango zitzaizkion, ez dakigu ordea, ze eperi dagokion kantitate hori.

Dokumentuaren bigarren zatian, herri lurrak erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa jakinarazten da. Bertan, zehatz-mehatz esaten da bizilagun bakoitzak erabiltzen duen herri lur kopurua, bakoitzak zenbait ordaindu behar duen, eta zordunak baleude, nortzuk diren eta zenbait zor duten. Hauekin batera, beste zerrenda bat ikus daiteke, zeinetan gariaren inguruko datuak agertzen diren.

Dokumentu honek zergadunen izenak edo etxeen izenak eskaintzen dizkigu, baina tamalez, ez du aipatzen zeintzuk diren bakoitzak ustiatzen dituen lurrak. Informazio hau edukitzea baliotsua izango litzateke lur horien banaketa nola egin zen jakin ahal izateko. Hamarkada batzuk beranduago arte itxaron beharko dugu datu hori ezagutzeko, orduko kontabilitate liburuetan pertsona, familia eta etxe bakoitzeko informazio asko jasotzen baita. Liburu horiek, hemen aurkeztutakoak ez bezala, ehunka orriz osatuta egongo dira eta beste batzuekin batera, toki asko beteko dute artxiboetako apaletan.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Uraren erabilera

Villabonako estanpatuen fabrikari buruzko berri sortarekin jarraituz, enpresa honek bere funtzionamendurako behar zuen baliabide natural garrantzitsuenetako baten kudeaketari buruz hitz egingo dugu oraingoan.

Industria aroan edo industrializazio garaian, fabrika haundi nagusienen ekoizpenerako ura ezinbestekoa zen. Villabonan, hala nola Gipuzkoako beste toki batzuetan ere, ikatza ez zen baliabide nagusi bat, izan ere, hemen zaila zen lortzea eta horregatik uraren indarraz baliatuko ziren industriak martxan jartzeko. Egoera hau ez da XIX. edo XX. mendeko berezitasun bat, baizik eta atzeragotik dator. Erdi Aroan dagoeneko, burdinolak eta errotak ibai ertzetan kokatzen ziren arrazoi horrexegatik. Villabonaren kasuan kokapen estrategikoa zuen ez bakarrik Oria ibaiaren ertzean egotegatik, baizik eta trenbide sarean barneratua egoteagatik ere, eta horrek erakargarri bihurtzen zuen herria industriaren garapenerako.

Estanpatuen enpresa hau, aurreko batean esan bezala, 1860 urtean eraiki zuten Silva anaiek eta Frois-ek, baina horren aurretik pertsonai hauek Villabonako beste industria batzuetan ere parte hartu zuten. Horrela adierazten dute Udaleko batzarretako akta desberdinek (sig. 0007-01 CF). 1858 urtean Rodolfo Silva Arroa errotaren jabeetako bat izango da. Errota hau gaur egun izen hori duen auzoan egongo zen eta akziodun desberdinak izango ziren jabe garai horretan. Urte horren hasieran baimena eskatuko diote Udalari errotatik irteten den ura bideratzeko kanal bat eraikitzeko Butron izeneko parajean. Bestalde, 1860 urteko akta baten arabera, Silva burdinola baten jabe dela aipatzen da, Olaederra burdinola izango ote da?

1860 urte horretan beraz, estanpatuen fabrika eraikitzen da barnean bi ur kanal edukiko dituelarik, eta bertan zeuden turbinak, oihalak lehortzeko berogailuak, tindaketarako eta zuriketarako behar ziren galdara eta kupelak uraren bitartez funtzionatuko zuten. Bistakoa da beraz, enpresa honek urarekiko zuen menpekotasuna.

Herrirako zerbitzuak ere eskaini zituen, nolabait esateko. Udalarekin harreman onak zituela nabarmen geratzen da Artxiboan ditugun agiri desberdinetan zehar. Enpresa eraiki zenean, bertako ura Oria ibaira ateratzeko ubidearen tamaina dela eta, zubi berri eta handiago bat eraiki behar izan zuten Silva anaiek eta Frois-ek Olalde inguruan. Zubi hori edonork erabili ahal izango zuen baina hori bai, naiz eta enpresak eraiki, ez dute mantentze lanez arduratu nahi eta udalbatzan esaten dute “que aunque por su conveniencia haya egecutado este puente, no por eso se le debia considerar obligado a que en lo sucesivo quedase a su cargo su composicion y mucho menos su renovacion por causas imprevistas y que pudiesen ocasionar las grandes avenidas de aguas”. Gauzak horrela, Udalak bere adostasuna adieraziko du eta momentu horretatik aurrera bere ardurapean geldituko da zubia.

Beranduago “Subijana y Cia.” izango den enpresa honek ez du Oria ibaiko ura bakarrik erabiliko, Villabonako beste errekasto eta errekak ere ustiatuko ditu eta. Baliabide hau ordea, ezin da nolanahi erabili, erregulatu eta kontrolatu beharreko gauza bat da eta horretarako baimena lortu behar da, bai Udalarena eta baita Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoarena ere. Artxiboan mota honetako baimen espediente desberdinak ditugu. 1962 urtean adibidez, Akulubi errekastotik segundoko 9 litro hartu nahi zituzten. Errekasto hori ordea, nekazal helburuetarako beste pertsona batzuek ere ustiatzen zuten eta ur emaria murriztu egingo zela alegatu zuten enpresa horrek baimena eskatu zuela jakin zutenean. Konferentzia eta Udala ordea, ez zeuden beraiekin ados eta baimena eman zioten. 3 urte beranduago, beste errekasto bateko ura erabiltzeko beharra zutela jakinarazi zion Subijanak Udalari. Oraingoan Sorredoreko ura behar zuten eta berriz ere, kexak egon ziren herritarren eskutik. Partikular batek Sorredore eta Etxeondo erreka gauza bera zirela esanez, Subijanak hortik ura hartzen bazuen bere lurretan eragina edukiko zuela salatu zuen. Hala ere, oraingoan ere fabrikak behar zuen baimena lortu zuen (sig. 625-32).

Beste erreka bat ere ustiatuko zuen, baina oraingoan tratu bat edukiko zuen Udalarekin. Otsabi erreka, errepidea azpitik zeharkatuz enpresa ondotik pasatzen zen Oriara isurtzeko bere urak, eta horregatik Subijana enpresak edukiko du ur horien gaineko eskubidea. 1897-09-05eko Udalbatzarrean (sig. 0008-02 CF), Udalak bertako ura herritarren erabilerarako eraiki duen harraska batera eramatearen trukean, fabrikari baimena emango dio sare orokorretik edateko ura doan hartzeko. Akordio hau oso baliotsua zen “Subijana y Cía.”-rentzat eta momentu horretatik aurrera Otsabi errekaren inguruko erabakiak hartzen dituzten bakoitzean Udalak akordioa berretsi beharko du. Horrela egin zuen 1897 urtean eta baita 1909 urtean ere. 1944 urteak emango dio amaiera akordio honi. Udalak hartzen du erabakia eta enpresak adostasuna ematen duenean, honek edateko urari dagokion zerga ordainduko du eta Otsabitik herriko estolda sarera ura eramaten zuen hodia itxi egingo da.

Artxiboak

Xahuketa dokumentala Asteasun

Berri honen bidez, artxibozainen beste lanetako bat plazaratu nahi dugu, beti ere dokumentuen kontserbazioa helburu delarik. Behin baino gehiagotan esan bezala, Udal Artxiboetan teknikariek euren egunerokotasunean sortzen eta ixten dituzten espediente administratiboak gordetzen dira. Hauek milaka zenbatu ditzakegu eta logikoa den bezala, udaletxeetan ez dago toki fisikorik Udal batek bere bizitza osoan zehar sortu dituen espediente guztiak gordetzeko. Asteasuko artxiboaren kasuan, fondo historiko aberats eta garrantzitsua gordetzen dugu gainera, eta nahiz eta idatzizko ondare kultural hau gordetzea oso positiboa den, ordainetan artxibo gelan tokia behar du. Horrela gauzak, Asteasuko Artxiboko gela ia guztiz beteta dago dagoeneko eta leku falta arazo larri bihurtzeko zorian dago. Hala eta guztiz ere, honek badu irtenbiderik, izan ere, artxibo sistema bat ezartzearekin bat dator toki berria egitea. Helburu hau xahuketaren bidez lortzen da, eta horrelako prozesu bat eraman nahi dugu aurrera Asteasun datozen hilabeteetan.

Xahuketa bat zer den azaltzeko, dokumentuen kontserbaziorako eta deuseztapenerako hautaketa prozesu bat dela esan dezakegu. Xahuketa baten helburua dokumentuak suntsitzea izango da. Prozesua amaitzen denean suntsitutako dokumentuak betirako desagertuko dira, horregatik metodologia bat jarraituz arreta handiz egin beharreko lana dugu hau. Ezin dira espedienteak nolanahi deuseztatu, baina era berean, egin beharreko lan bat da. Horretarako eragile desberdinek parte hartzen duten batzorde bereziak osatzen dira eta hauen esku egongo da serie desberdinen balorazioak egitea. Dokumentuek maila desberdinetako balioak dituzte, hau da, sortuak izan zirenean balio zehatz bat edukiko zuten baina espedientea ixtean balio hori galdu eta bigarren mailako bat duten hala ez baloratu behar da. Beste hitz batzuk erabiliz, espedienteek etorkizunean balio informatibo edo historikoa badute, betirako gordeko dira, bestela, xahuketa bidez aterako dira artxibotik. Balorazio hauek dira batzorde berezi horiek aztertu eta ezartzen dituztenak, eta horiekin batera, espedienteak zenbait denboraz gorde behar diren ere xedatzen dute. Beraz, balorazioekin batera hautaketa eta xahuketa taula osatuko dute eta kontserbazio epeak ere ezarriko dituzte. Horrela, artxiboetako langileek xahuketa bat aurrera eraman nahi dutenean, balorazio horietan ezarritako irizpideak jarraituz egin ahal izango dute. Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzaren organo bezala DOBAUBA dugu, Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea, alegia. DOBAUBAren sorrera azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuan, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen dekretuan zehazten da, bertan bere betebeharrak eta funtzioak arautzen direlarik.

Xahutzeko den dokumentazioa Artxibotik ateratzen denean, paper suntsiketa bermatzen duen enpresa batera eramango da, eta honek, prozesua egokia izan dela ziurtatzen duen agiri bat sortuko du. Modu horretan, beste gauza batzuen artean, datu pertsonalen babesa bermatuko da.

Asteasuko Udal Artxiboan 2018 urte honetan aurrera eraman nahi dugun xahuketa prozesu hau beraz, DOBAUBAk ezarritako irizpideak jarraituz egingo dugu, beti ere prozesu guztiaren erregistro eta kontrol zehatza bermatuz, gardentasunez. Azken finean, Administrazio publikoak sortutako informazioaren zentzuzko kudeaketa da xahuketa.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

XIX. mendeko galdeketei etekina ateraz

Ikerketa lan bat abian jarri nahi dugunean informazio iturri desberdinak erabil daitezke datuak jasotzeko, beste batzuen artean, idatzizko dokumentuak aurkitzen direlarik. Era berean, hauen artean ere mota desberdinetako datuak ematen dizkiguten testuak daude eta gure ikerketaren helburuaren arabera batzuk edo besteak hartuko ditugu aintzat. Gure lanaren xedea familiaren historia edo zuhaitz genealogikoa denean, aiton-sementza testuak edo erroldak erabiliko ditugu; baserri edo etxe baten historia jakin nahi dugunean obra proiektuetara, eraikuntza erroldetara edo protokoloetara, hau da, eskrituretara joko dugu; lurralde bati buruzko ikerketa egiten ari garenean, gaur aztertuko dugun dokumentua bezalakoak oso erabilgarriak izan daitezke herriari buruzko datu objektiboak agertzen baitira.

1879 urteko urriaren 14an, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak zirkular bat bidali zien probintziako herrietako alkateei galdeketa bat eginez, gai desberdinei buruzko datuak jaso nahian (sig. 704-11). 23 galdera dira guztira eta Udal zerbitzuei buruz, erlijioari buruz eta herriko ekonomiari buruzko gaiak jorratzeko eskatzen dute. Zerbitzuen inguruan, hilerriaren egoera zein den jakin nahi dute alde batetik, eta ea hilerri zibila dagoen galdetzen dute, horretaz gain, mediku zerbitzuari buruz, ostalaritzaren kudeaketari buruz, suteen aurkako zerbitzurik dagoen ala ez, eskola erlijiosoak edo-eta partikularrak dauden, aurrera eramandako obra publikoei buruz eta hauteskundeei buruz galdetzen dute. Azken honen inguruan, azkenekoz ospatu ziren hauteskundeetan parte hartu zuten hautesleen zerrenda eskatzen dute eta baita ere, udal zinegotzien zerrenda, zehazki, horien artean nork dakien idazten edo-eta irakurtzen eta nork ez da jakin nahi dutena. Erlijioari dagozkien galderen artean, aipatutako hilerriaren eta eskolen galderarekin batera, zenbat eliza dauden eta horien egoerari buruzko informazioa bidaltzeko eskatzen dute. Azkenik, herriko ekonomiari dagokionean, ea Udalak diru mailegurik kontratatuta duen eta baiezkoa bada, zenbatekoa eta zertarako den jakin nahi dute; bestalde, feria edo merkatua ospatzen den galdetzen dute, noiz, non eta ekonomikoki zenbateko garrantzia duen azaldu beharko du alkateak; herri ustiapenerako bideratuta dauden ondasunen zabalera eta garrantzia ere bai; abeltzaintzako animalia kopurua eta zertarako erabiltzen den bakoitza; eta urteko zenbat sagar jasotzen diren ere galdetzen dute inkesta honetan. Ez dira ez, edonolako gaiak hemen jasotzen direnak. Gobernadoreak hilabeteko epea ematen die alkateei erantzuteko eta Adunak 1879ko azaroaren 11an bidaltzen ditu bere erantzunak, sakonki erantzun duela dio gainera, agindu zaiona egoki betez.

Udalak emandako erantzunei esker XIX. mende amaierako Aduna irudikatu dezakegu. Alkatearen arabera Udalak ez du diru mailegurik eskatu, bertan ez da feria edo merkaturik ospatzen eta dirudienez, urte horretan ez zen sagar ekoizpenik egon. Abereak eta herri ustiapenerako lurrak ordea, bazeuden. Abereei buruz datu zehatzak eskaintzen ditu: ez zegoen zaldi edo mandorik, baina 20 asto, 150 behi, 180 ardi, 10 ahuntz eta 80 txerri zeuzkaten erregistratuta, batzuk gizentzeko zirelarik (mota honetako animali bakoitzaren balioa 150 pezetakoa izango zen) eta beste batzuk ugalketa eta lanerako erabiliko ziren (160 pezetako balio zuen helburu hauetara bideratutako animalia bakoitzak). Herri lurren inguruan zera dio alkateak “aunque de mucha importancia para el pueblo y su vecindario son de poco valor”, 155 hektarea ziren, 22.538 pezetako balioarekin eta otadiz, larreez eta hariztiez egongo ziren osatuta gehienbat. Erlijioari buruzko galderei erantzuna ematean, hilerri bakarra dagoela esaten du, pertsona katolikoentzat bakarrik, gainontzeko pertsonentzat ez da egongo eta ez da egongo ere elkarte katolikorik. Hori bai, Nuestra Señora de la Asunción parrokiarekin batera, San Andres ermita aipatzen da. Ermita honen inguruan ez dugu aipamen gehiago aurkitu eta harritzen digu Santa Kruz ermitaren aipamenik ez egotea galdeketako puntu honetan. Azkenik, Udal zerbitzuekin erlazionatuta, hezkuntzari dagokionean eskola publiko bat bakarrik dagoela dio alkateak, hau da, ez da egongo eskola katolikorik ez eta pribaturik. Horretaz gain, suteen aurkako zerbitzurik ere ez du Udalak eta mediku zerbitzua Villabonako herriarekin lotuta egongo da (gai honi buruz sakonago hitz egingo dugu beste berri batean). Ostalaritza zerbitzua bazegoen, herrigunean bertan egongo zen kokatua, izan ere, baserriak herriko plazatik urruti zeuden. Azkenik, 1879ko maiatzean ospatu ziren hauteskundeetako hautesle erroldan 60 pertsona zeuden zerrendatuta baina antza denez, 7k bakarrik hartu zuten parte: “El número de electores que aparece en la lista para las elecciones municipales es de sesenta habiendo tomado parte en las celebradas el mes de Mayo siete electores”, parte hartze eskasa beraz; beste aldetik, zinegotziei buruz, pertsona batek izan ezik beste guztiek zekiten bai idazten bai irakurtzen.

Balio informatibo handikoak izango dira beraz, mota honetako galdeketak. Jatorrizko garaian kontrol moduan eta estatistikak egiteko erabiliak izango ziren arren, gaur egun balio hori galdu eta garai hartako Aduna marrazteko puntadak eskaintzen dizkigute.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Irtenbiderik gabeko gertaera

Gaurkoan XX. mende hasierako egun batean, iluntzean, gertaturiko gertaera baten berri eman nahi dugu. Adunako Udal Artxiboan egun horretako gertaerari buruz hiru herritarrek egindako aitorpena eta alkateak horren inguruan egindako ikerketaren erantzuna dago gordeta (sig. 703-35).

Egun hartan, arratsaldea Arretegi baserrian lanean pasa ondoren Isidro Zabala, Miguel Anton Eizmendi eta bere semea zen Bautista Eizmendi etxerantz zihoazela, egun horietako zurrumurrua bihurtuko zenaren lekuko izan ziren. Gaueko zortziak eta erdi zirenean, baserria utzi eta Santa Cruz ingurura iritsi zirenean eztanda bat entzun zuten. Sagardiaren beste puntatik zetorrela eztanda zioten hirurek, oso ziur zeuden gainera. Eztanda hori arma batekin egindako tiro bat izan zela dirudi, ez dakite ordea, zer motakoa zen erabilitako arma hori. Eskopeta batena ez dela badakite, hori bai. Eskopetarekin ohituta zeudela dirudi, hirurek esaten baitute euren aitorpenetan entzun zuten soinua ez zela eskopeta batena. Leherketaren ostean hiru lagunak irudikatu ditzakegu ilunpetan zer egin eztabaidatzen. Orduan, Isidro eta Bautista Arretegi baserrira joan ziren berriro zein ordu zen jakiteko, ondoren jarriko zuten salaketarako informazio gehiena eduki ahal izateko. Bitartean, Miguel Anton bakarrik gelditu zen Santa Cruz Aldean besteen zain ordu erdiz. Bueltatu zirenean zuzen-zuzen joan ziren alkatearen etxera gertatutakoa kontatzera. Orain arte azaldutakoa gertaerak dira, baina hemendik aurrera pertsona hauek euren susmoak adierazten dituzte. Hirurek kontatzen dute istorio berdina eta tiroaren arduradun bezala pertsona berdina salatzen dute. Deklaratzaileen arabera, tiroa Etxeberri baserritik zetorren, are gehiago, arduradunari izena eta abizena jarri zioten. Egun horretako arratsaldean baserri horretan bizi zen Silverio Larrañagak hitz batzuk eduki omen zituen Miguel Antonen alaba nagusia eta Bautistaren arreba zen Bernarda Ignacia Eizmendirekin eta hori aitzaki, hirurek esaten dute bera izan zela tiro egin zuena.

Ez dago argi ordea gertatu zena eta ikerketan parte hartzen dutenek ere, horrela ulertzen dute, izan ere, 12 egun beranduago, Adunako alkate zen Ramon Zabalak Andoaingo Mikeleteen Komandantearekin batera gertakizuna ezin dela argitu izapidetzen du eta espedientea ixteko agindua ematen du.

Ez dugu inoiz jakingo zehazki zer gertatu zen gau hartan, baina antzeman daiteke Eizmenditarrek arazoak zituztela Larrañagarekin. Aita-semeen aitorpenek zuzenean eta gogorki salatzen dute Larrañaga jauna, gainera, Bautistak esaten duenaren arabera, salaketa horretarako bazeuden beste arrazoi batzuk ere, guretzako ezezagunak direnak, ondorengoa dio deklaratzaileak: “que sospecha fueran los autores del mismo [tiroaren egileak] los del Caserio Echeverri, puesto que por la tarde uno de ellos llamado Silverio Larrañaga, tuvo unas palabras con una hermana del declarante llamada Bernarda Ignacia Eizmendi y tambien por resentimientos anteriores”. Zer esan nahi duen arazo zahar horiekin ez dakigu, agian Bernarda eta Silverioren artean zerbait zegoen? Edo Bautistak berak eduki zuen liskarren bat berarekin? Auskalo. Esaldi horrek adierazten digu hauen deklarazioak subjektiboak izan direla. Isidrorena ordea, zalantzakorragoa da. Honek ere Larrañaga salatzen duen arren, eztanda deskribatzerakoan “oyó la detonación sin divisar el fogonazo” esaten du (zalantzan jartzen du tiro bat izan zela?), gainera, Etxeberrin bizi zirenen laguna da “sospecha de los habitantes del Caserio Echeverri que estos tirarían a sus compañeros Miguel Anton y Bautista, no al declarante que dice ser amigo de los de Echeverri”. Eta bukatzeko, Bernarda eta Silveriok elkarbanatutako hitzei buruz “no puede manifestar lo que entre ellos medió”. Beraz, bai, pertsona berdina salatzen du baino ez hain zorrozki.

Gaur erakusten dugun aitorpen espediente hau bezalakoak ere aurki ditzakegu Adunako Udal Artxiboan. Blog honetan argitaratzen ditugun berrien bitartez Artxiboak gordetzen dituen dokumentu desberdinak plazaratu nahi ditugu. Artxibo batean mota eta gai desberdin eta ugari jorratzen dituzten espedienteak aurki daitezke, herriari buruzko datu ekonomikoak, mugaketak, pertsonen arteko liskarrak edota hemen aurkezten dugun bitxikeria bezalakoak ere kontsulta daitezke.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Fabrikaren barne araudia, atzoko kezkak ala gaurkoak?

Gune hau bai Villabonako herriko gai desberdinak jorratzeko edo efemerideetaz hitz egiteko aprobetxatzen dugu, baina baita ere, leku aproposa da Artxiboan aurkitu daitezkeen dokumentu bitxiak erakusteko eta herritarrengana iritsarazteko. Aurreko berrian Subijana y Cia. enpresaren hastapenei buruz hitz egin bagenuen (enpresa Silva anaien eta Frois jaunaren eskuetan zegoen garaiari buruz), oraingoan garai horretakoa den dokumentu berezi bat aurkeztu nahi dugu. 1867-05-01ean idatzi zen estanpatuen enpresaren barne araudia, bai garaiko alkatea zen Juan Miguel de Lizurunek eta baita enpresako jabeek sinatutako dokumentua dugu hau (sig. 68-05). Badirudi araudi hau indarrean sartzeko, Villabonako alkatearen oniritzia behar zuela, sinaduran alkateak onartu duela zehazten baita.

Arreta deitzen duen lehenengo gauza dokumentuaren data da. Hau bitxikeri moduan aipatu nahi dugu, izan ere, langileen mugimendua ez da urte batzuk beranduago arte hasiko. Baina maiatzaren lehenengoan langileei araudi hau ezagutarazteak gure atentzioa deitu du.

Guztira 7 arau dira dokumentu honetan zehazten direnak eta esan daiteke gaur egungo arau edo legeek garatzen dituzten hainbat gai 1867 urtean ere punta-puntako gaiak zirela. Izan ere, nabarmen da garai batean garrantzia zuten gaiek gaur egun ere oraindik arduratzen gaituztela, adibidez, lan orduak, lanetik irteteko baimenak, lan ordutik kanpo lan egindako orduak, e.a. Dokumentu honetan islatzen diren artikulu desberdinek lan orduei zuzenean eragingo die, hauen inguruko artikulu desberdinak argitaratuz. Banan-banan aztertuko ditugu datozen lerroetan dokumentu honek islatzen ditun arauak. Gogoan eduki behar dugu enpresaren hasierako urteetan idatzi zela, 1860 urtean eraiki baitzen fabrika hau.

Lehenengo artikuluari dagokionean, urtaro bakoitzean zehazten diren lan ordu kopurua lan egin behar dela dio. Ez da ordu kopurua zehazten ordea. Enpresan zehar hiru gune zeuden mota honetako oharrak jartzeko, informazio txokoak balira bezala. Gune horietan jarri zuten araudi hau langileriari ezagutarazteko eta bertan jarriko dute baita ere, urtaro bakoitzari dagokion lanaldia. Bigarren artikuluak ere lan orduei eragingo die, ordutegia errespetatzeari hain zuzen ere. Kanpai batek adierazten zuen lanean hasteko eta bukatzeko ordua. Gaur egun ere lantegi batzuk oraindik mantentzen dute adarra jotzeko ohitura, eta ez bakarrik lantegiek, hainbat eskoletan ere adarra edo txirrina erabiltzen da eskola amaiera jakinarazteko. Artikulu honek agintzen duenaren arabera, kanpaiak jo eta 10 minutu beranduago sartzen zenari, kanpaiak jo baino lehenago irteten zenari edo kontramaisuak agindu baino lehenago irteten zenari lan-egunaren laurden bat galdaraziko zitzaion. Gaur egun horrelako neurriak indarrean dituzten tokiak ere badaude, izan ere, kasu batzuetan lanaldiaren erdia kentzera ere iritsi izan dira beste fabrika batzuetan.

Hirugarren artikuluak aparteko lan orduak nola ordainduko diren zehazten du. Aparteko lan orduak egiteko langileak aukeratu egiten ziren eta 12 ordu gehigarri egiten zituztenean lan-egun oso bat ematen zitzaiela dirudi “Al obrero que se le designe para que trabaje en horas extraordinarias, se le anotarán a parte, abonándoselas al respecto de doce horas por un día de trabajo”.

Hurrengo arauaren arabera, langileek egun bat edo gehiago lanetik irten nahi bazuten kontramaisuari baimena eskatu behar zioten lehenengo, honek ondoren nagusiengana bidaliko zuen eskaera eta hauek erabakiko zuten baimena eman ala ez.

Bosgarren artikuluak esaten digu fabrika barruan garbitasun eta txukuntasun arauak errespetatzea derrigorrezkoa zela langile guztientzat. Mota honetako arauren bat beteko ez balitz, zegokion isuna ordaindu beharko zen.

Seigarren arauak enpresa uzteari buruz dihardu. Bertan esaten du langile batek nahi duenean lana utzi dezakeela, hori bai, nagusiek ere jendea enpresatik botatzeko eskubidea badutela argi geratzen da. Momentuko gauza izan daiteke gainera, hau da, nagusi batek langile bat enpresatik botatzeko erabakia hartzen badu, momentu horretan bertan kaleratzeko aukera edukiko du.

Azkenik, zazpigarren arauak langile zehatz batzuei eragiten die: inprimatzaileei. Hauek ezingo zuten enpresa utzi hasitako lana amaitu arte. Bestalde, artikulu honek aipatzen du langile hauek hamabostaldietan jasotzen zutela soldata eta fabrika utzitakoan, hamabost egun ondoren jasoko zutela euren azken hamabostaldiari zegokiona. Honekin langileek lana ondo egiten zutela ziurtatu nahi dute, lana ondo egina ez badago, soldatatik kenduko baitiete isunengatik kobratu beharrekoa.

Zazpi hauek izango dira 1867an Hermanos Silva y Frois estanpatu fabrikako lan mundua arautuko zuten arauak. Ikusten da beraz, orain dela 150 urte estanpatuen enpresako lan mundua kontrolatzeko ezarri ziren neurriak egungo lan munduko kezka nagusienetakoak direla oraindik, nahiz eta gaurko baldintzetara egokituak izan, ardurak ez dira gehiegi aldatu urte guzti hauetan zehar.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Justiziarako baimena

XVIII. mende hasieran bazeuden herri txiki batzuk beste haundiago batzuen jurisdikziopean zeudenak, hau da, beste herri handiago batzuen menpean zeudenak. Behe Erdi Aro amaierako egoera ezegonkorraren ondorioz (gogoratu behar dugu garai honetakoak direla bandoen gerrak), herri txikiek handiagoen babesa bilatu zuten eta hitzarmenen bidez hainbat alorretan, horien menpe geratu ziren. 1700 urte inguruan ordea, egoera asko aldatu zen eta txikiek ez zuten babes horren beharrik, autonomoagoak izateko gai ziren eta autonomia hori bilatzeko saiakerak egiten hasi ziren. XVIII. mendeko herri nagusi horietako batzuen artean Donostia, Hondarribia eta Tolosa aurkitzen ziren, Aduna azken honen eskumenean egon zelarik XV. mendearen bigarren erdialdera arte. Momentu horretan, Tolosatik irten eta urte batzuen ondoren Donostiako jurisdikzioan sartu zen.

Beste herri baten eskumenean egotearen ondorioetako bat, udalerriaren administrazioko eremu desberdinen kontrola herri nagusiaren menpe egotea izango da, hau da, Adunaren kasuan Donostiaren esku geratuko dira fiskalizazioa eta justizia adibidez. Gaurko berrian, bigarren arlo hori da interesatzen zaiguna, justiziarena. Izan ere, badirudi Adunan justizia banatzeko arazoak edukitzen ari zirela eta hortarako ahalmen gehiago edukitzeko baimena eskatzen diote Donostiari. Garai honetan epaile lanak erregearen ordezkari batek betetzen zituen, Gipuzkoan normalean, korregidorearekin batera, alkateak. Herri desberdinek eskatu zioten justizia banatzeko baimena euren buru zen herriari, eta askok lortu egin zuten. Honen adibide dira Tolosaren menpe zeuden 9 herri: Gaztelu, Leaburu, Ernialde, Irura, Berrobi, Belautza, Orexa, Ibarra eta Lizartza. Hauek 1669 urtean lortu zuten baimena, preso zituzten kriminalekin arazoak zituztela argudiatu ondoren. Adunak ere herri horien pausoak jarraitu nahiko ditu eta 1739-01-15ean bere eskaera plazaratzen du.

Udal Artxiboan honen inguruko bi dokumentu gordetzen ditugu. Lehenengoa baimen eskaera eta baimena bera beste kontu batzuekin batera biltzen dituen liburu original bat izango da (sig. 75-05). Sorta honetan baimenaren dokumentua originalaren kopia bat dela aipatzen da, baino erregearen eskribaua den Juan Bautista de Larburuk idatzitako eta sinatutako dokumentu hau balekoa izango da. Bigarren dokumentua ordea (sig. 700-02) fotokopia bat izango da, hau ere (aurreko beste berri batean aipatu bezala) Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan gordetzen den dokumentu baten kopia. Esan daiteke kopia baten fotokopia dela, aurreko sortaren kopia bat baita, hori bai, ez da osatua egongo hau 1780 urtean amaietzen baita. Kopia honen arduraduna Joseph Joaquin de Martirena izango da, baina zoritxarrez, noizkoa den ezin dugu jakin.

Adunak beraz, justizia emateko baimena eskatzen dio Donostiari 1739-01-15ean. Helburua ez da izango alkate edo epaileak botere edo ahalmen gehiago edukitzea, baizik eta herritarrengandik errespetu gehiago edukitzea. Justiziaren ikur bezala, bai garai honetan eta baita egun ere, erret-makila erabiltzen zen, hortaz, Adunak eskatuko duena erret-makila erakusteko baimena izango da, horrela jakinaraziko die herritarrei erregearen ordezkari bat dagoela bertan. Bere eskaeran aipatuko du Tolosako eskumeneko diren 9 herriek baimen hori badutela eta Adunak beraien antzera egin nahi duela, baldintza berdinekin. Gai honi buruz eztabaidatzeko, Donostian kontzejua bilduko da, ohitura den bezala kanpaiak jo bitartean, eta Tolosara ordezkari bat bidaltzea adosten dute, hango esperientzia nolakoa den ezagutzeko. Handik bueltan berriro bilduko dira eta baimena ematea erabakiko dute, baldintza nagusi batekin “hallandose qualquiera de sus señores alcaldes de V.I. [Donostiako alkateak] en dicho lugar no puedan ni deuan levantar durante su asistenzia la dicha vara”. Hori bai, irizpen hau behin betiko onartu aurretik, herritar berezi eta zehatz batzuekin bilera bat egingo da gaia azaltzeko, beste batzuen artean, San Millango markesa edo Joseph de Lazcao aurkitzen direlarik. Azkenean erabakia onesten da “conceder al dicho lugar de Aduna la grazia y lizenzia que pide”.


Aipatutako lehenengo sortak informazio asko eskaintzen digu. Lehenengo orriek irizpenari eta baimenari buruz hitz egiten dute. Ondorengo bi orrietan izapide bat idazten da zeinetan dokumentua Udalaren artxiboan gorde behar dela adierazten den “para el gouierno deuido se archive en el archivo de este dicho lugar”. Badakigu agindu hori bete zutela, Artxiboan mantendu baita gaur egun arte eta hor egoten jarraituko du etorkizunean ere. Sortaren hirugarren zatian, Tolosako esperientziari buruzko testu bat dago, bertan jasotzen da 9 herrien eskaera eta Tolosak emandako baimena. Azkenik, liburuaren azken orrietan, Adunak 1847 urtera arte eduki dituen epaile guztien zinak datoz. Alkatea urtero aukeratzen zen pertsona bat zen eta epaile ere bazenez, kargua hartzerakoan zin egin behar zuen. Zin-hartze guzti horiek sorta honetan jasoak daude, azkena 1847-01-15ekoa delarik. Jasotako azken alkatea Juan Miguel de Soroa izan zen “prestó sobre la cruz de la Real vara en manos del Sr. Alcalde [Donostiakoa] el juramento de desempeñar su cargo bien y lealmente”.

Artxiboak

Herrien iragana berreskuratzen

Artxibozainik gabeko herriek ez dutela iraganik ikasi dut urteen poderioz. Salbuespenak salbuespen eta berezitasunak berezitasun artxibozainik gabeko Udal batek ezin du aurrera egin abiadura egokian. Udal langileak ezin du berehala batean erabakiak hartzeko behar duen informazioa bildu. Denbora galtzen du, batzuetan egunak, eta askotan kanpoan eskatu behar du garai batean sinatutako hau edo bestea.

Ikerlariak ere ezin du aurkitu bilatu nahi duen datua. Inork ez dio bilaketa hori bideratuko eta sarreran geratuko da, eskaera dokumentuen espedientean, betirako. Ikerketak aurrera jarraituko du, baina artxibozainik gabeko herria ez da sartuko, kanpoan geratuko da. Gehienez, ohar bat besterik ez: “artxibo honetan ez dugu dokumentaziorik bilatzerik izan”. Beraz, herri horrek ez du iraganik izango.

Udal langileek gogoan dute bere kutxak non utzi dituzten eta gutxi gora-behera non bilatu behar duten duela urte batzuek artxiboan gordetako espediente hura. Baina ez dakite beraiek ukitu eta ikusi ez duten dokumentazioa bilatzen. Zortez, hauen erantzuna izango da: “ate horretan duzu artxiboa, sartu zu”.

Gaur egun, teknologia berriekin ezta hori ere. E-mailez ematen zaizkio “kalabazak” kontsultari lasai asko. Dezepzio aurpegia susmatuz, baina elkar ikusten ez dugunaren babesetik. Kontsulta mota berri hauei egingo diegu tartea beste egun batean.

Horrelaxe heldu zen gugana Emeterio, artxibozaina duen herrira. Pui herrian apezpiku izandako Tolosako seme baten jatorri eta benetako abizenen bila. Artxibozainik gabeko herrian ezezko bi jaso ondoren, “gertutasunagatik, Asteasu Aitzondoko alkatetzako buru izanagatik, norbaitekin hitz egin ahal izanagatik…”. Bere ikerketan noraezean geratu zen, ezagunak zituen bide guztiak agortuta. Bide berriak ireki zitzaizkion Emeteriori eta erantzunak aurkitu zituen. Zeren artxibozainak, herriko artxiboko paper zaharren inguruan jakiteaz gain, beste hainbat artxibo eta tresna ere ezagutzen ditu. Hauetaz baliatuz, herrien iragana ikasten laguntzen du artxibozainak.

Tokiko ikerketa historikoek nabarmen behera egin duten garai hauetan, Udalen lana beharko luke herriaren iragana zaintzea, ahazten ez ustea. Eta baita, laster iragana izango den egunerokotasuna ere egoki kudeatzen saiatzea, etorkizuneko ikerlariek non bilatu izan dezaten.

Artxiboak

“Silva hermanos y Frois”

Azkeneko berrian Villabonan industriak eduki zuen eraginari buruz Artxiboan dauzkagun baliabideek eskaintzen dizkiguten datuez hitz egin bagenuen, urte honetan zehar gure blog honetan Villabonari buruz argitaratuko ditugun hurrengo berriak, herri honetako industria enpresa garrantzitsuenetako baten inguruan idatziko ditugu. Subijana enpresan herritar askok lan egin zuten, baita ere kanpotar askok, ibilbide luzeko enpresa bat izan zen gainera, izan ere, 100 urte baino gehiagoko ibilbidea izan zuen, horrek dakarzkien gora behera guztiekin. Udal Artxiboan badauzkagu horri buruzko hainbat dokumentu, beraz, horiek erabilita enpresaren ibilbideari buruzko berri sorta bat prestatu dugu datozen hilabeteetan argitara emango ditugunak.

XIX. mendean eman zen industrializazio prozesuan, Gipuzkoan garrantzi handia eduki zuten atzerritik etorritako inbertsioek, frantsesen eskutik zetozenak nagusiki. Horiek izango dira Subijana enpresaren sorreraren errudun. Gaur egun, Subijana izenarekin ezagutzen dugu estanpatuen enpresa hau, baino ez zen izen horrekin jaio. Baionako Teofilo eta Rodolfo Silva eta Eliseo Frois izan ziren sortzaileak eta “Silva hermanos y Frois” izena eman zioten, hortaz, sorta honetako lehenengo berrian frantses hauek jabe izan zireneko garaiari buruz hitz egingo dugu. Hauek, beste inbertitzaile batzuekin batera, 1846an “Fabrica de Hilados, Tejidos y Estampados de Vergara” sortu zuten izen berdineko herrian, hortaz, Villabonakoa sortu zutenean eskarmentua bazuten eta bazekiten zertan zebiltzan.

Ehungintzako enpresa lehen aldiz 1960 urteko otsailaren 02an ospatu zen osoko bilkuraren aktetan aipatzen da (sig. 0007-01 CF) eta bertan idatzi ziren gai honi buruzko bi parrafotxoak oso mamitsuak dira. Datu garrantzitsuak eskaintzen dituzte enpresaren hasierari buruz. Rodolfo Silvak egindako eskaera bat da zeinetan eskatzen duen “que se le provea de una nota de los materiales que se le han franqueado para la construcción de su fabrica de tegidos, rebajando el 25% segun se le prometio en Diciembre del año 1858 al tiempo en que se apropio de la ferreria con el indicado objeto”. Esaldi honekin alde batetik, Udalak fabrika eraikitzeko materialak baldintza berezietan saldu zizkiola esaten digu, gainera aurrerago, prezioaren beherapenaren oneritzia adierazten da, fabrika hori onuragarria izango delako herritarrentzat. Material horien zerrenda Artxiboan gordetzen da (sig. 276-10) eta bertan zehazten da egur kopurua eta balioa errealetan 1860ko martxoaren 8ko datarekin. Bestalde, Silva jaunak lantegia eraikitzeko burdinola bat erosi zuela dio eskaeran, burdinola hori Olaederrakoa izanik. Gaur egun ez da honen arrastorik gelditzen, baina biztanleen oroimenean egongo da, polikiroldegiak hortik hartzen baitu izena.

Hasierako urteak onak izan zirela dirudi baina lehenengo hamarkada bukatu aurretik arazo larriak izaten hasi ziren eta 1870 urtean izena aldatuko zaio, orain “Fábrica de Villabona” bezala ezagutuko da. Arazo ekonomikoek urte batzuk iraungo dute. Gipuzkoako Diputatu Nagusiak alkateari bidalitako gutun desberdinak gordetzen ditugu Artxiboan, zeintzuetan fabrikaren zorrez ari den. Hauetan, industria-kontribuzioa ez duela ordaintzen jakinaraziko dio eta etxebizitzako altzariak enbargatzeko esaten dio, 1874 urteko gutun batek ondorengoa dio esate baterako: “Si no se pueden vender en esa los estampados que tiene embargados para realizar la contribucion de la fabrica, me parece que hara V. bien en ponerlos a la venta en la villa de Tolosa. Sin embargo, el Ayuntamiento puede embargar los efectos y muebles que quiera, con tal que sean del contribuyente moroso” (sig. 68-07). Honen ondorioz, Udalak ideia hori aurrera eramateko erabakia hartzen du eta horren aurka Telesforo Subijanak bidalitako gutun bat daukagu. Badirudi lantegiaren etxebizitzan bizi zirenak beregana jo zutela laguntza eske. Gutun honetan erabakiaren aurkako ardura adierazten du Subijana jaunak: “no puedo menos de protestar en nombre de dichos propietarios, de dicho embargo que no puede llevarse a efecto sin menoscabo de las leyes vigentes, que no dudo querra V. respetar”, honela zuzentzen zaio T. Subijana alkateari.

Barneko krisi ekonomiko hau dela eta, produkzioaren espezializaziorako apustua egiten da kotoizko ehungintza bertan behera utziz eta estanpatuetara bideratuz enpresaren ekoizpena. Honekin batera beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuten jabe hauek eta hori, paper fabrika bat eratzea izan zen. Modu horretan, ehungintzarako erabiltzen ziren instalazioak fabrika berriak erabiliko zituen maiztertzan eta diru horri esker, Fabrica de Villabonak zorrak kitatzea lortuko zuen urte batzuen ondoren. Paper fabrika horri “La Salvadora” izena eman zitzaion. Hasierako urteak gorrak izan ziren honentzat, izan ere, papera enbargatzeaz gain, jabetzaren gaineko zerga ordaintzea exijitzen zioten nahiz eta bera instalazioen jabe ez izan. Honen inguruan gutun desberdinak daude Artxiboan, horietako bat ordainketa horren aurkako gutun luze bat izanik: “debo manifestar que la sociedad “La Salvadora”, como sabe muy bien V.I. es mera arrendataria de la sociedad “Fábrica de Villabona”; por consiguiente a esta corresponde atender a las contribuciones de la propiedad” (sig. 68-02). Arrazoia eman ziotela ere badakigu.

Aipatu ez dugun arren, kontutan hartzeko da krisi guzti honetako eragileetako bat hirugarren Karlistada izan zela. Bestalde, egoera kaxkar hau gainditu zenean estanpatuen fabrika jabez aldatu eta gaur egun ezagutzen dugun izena jaso zuen “Subijana y Cía.”, 1907an kokatzen da titulartasun aldaketaren lekukoa (0009-02 CF). Hemendik aurrera enpresaren beste garai bat hasten da, beraz, hurrengo berri batean jarraituko dugu.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Militarren pilotak

Militarrei pilotak nola ikutu asmatu zuten getariarrek. Hobe esanda, militarrei piloten bidez etxea nola txikitu asmatu zutela esan daiteke, oso era burutsuan gainera. Nola egin zuten azaltzeko pare bat argitzapen beharrezkoak dira, militarrengana pilotak nola iristen ziren ulertze aldera.

Ezer esan aurretik, 1852. urteko abendura egingo dugu salto, Isabel II.aren erregealdira alegia. Udal aktek diotenaren arabera, Getarian militarren kuartela herriko plazaren ondoan kokatzen zen, eta non jolasten zuten getariar pilotari trebeek Euskal Herrian horren maitatu eta jarraitua den kirolera? Herriko plazan, noski. 1852ko abenduaren 19ko udal aktak honela dio: “Los oficios relativos del señor Comandante Militar de esta villa (…) relativos a los daños que experimenta el tejado del cuartel cuando se caen las pelotas (…) desde tiempo inmemorial se juega a la pelota en la plaza, y hace quince años que el cuartel para la tropa se halla situado pegado al muro de la misma plaza”.

Hiru udal aktetan jorratzen da kuartelean pilotek eragiten dituzten kalteen inguruko gaia: 1852ko abenduaren  5ekoan, 1852ko abenduaren 19koan eta 1853ko urtarrilaren 1ekoan. Gertakari hauen inguruan egin daitezkeen irakurketak oso ezberdinak izan daitezkeen arren, badago ulertzen zaila egiten den kontu bat, getariar pilotarien trebeziarena alegia. Zaila egiten da ulertzen nola ia begiak itxita jolastu zezaketen gazteek, nahi gabe, pilotak kuartelera bidaltzen zituzten, eraikuntzan izugarrizko kalteak eraginez.

Azken hilabete hauetan puri-purian dagoen Altsasuko gazteen auziak euskal gazteen eta estatuko indar polizialen arteko tentsio erlazioak jarri ditu berriro ere mahai gainean. Tentsio hauen existentzia ukaezina da, baina noiztik bizi izan diren jakitea ezinezkoa. Hau kontuan izanda, ez litzateke zentzugabekeria izango, agian, pilota hauek kuartelera bideratzea kasualitatea ez izatea. Egoera eta kontestuari erreparatuz gero, pilota jokoa kuartelean kalteak eragiteko asmoak estaltzeko era ezinhobea izan zitekeen.

Lerro hauetan argi utzi nahi da hemen egiten dena gertakarien irakurketa sinple bat besterik ez dela, momentuko errealitateaz informazio gehiagorik ez baitago.

Xabier Etxeberria Lasa

Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/%C3%A1lbum-de-fotos-de-getaria