blog

luGORRI

Artxiboak

Itsasoko ur hartzeak

Mendi inguruko aire garbia edo itsasoko ur gatzatua osasunerako onuragarriak direla jakina da, guk dakigu gaur egun, eta gure arbasoek ere bazekiten. Zentzu horretan, Gipuzkoa zona pribilegiatu bat da eta ondorioz, gu ere bai. XIX. mendeko medikuak hortaz jabe ziren, horregatik, momentuko pertsonaia garrantzitsuak honantz bidaltzen zituzten osasun arazoak zituztenean. Pertsonaia hauetako bat Francisco de Paula infantea izan zen, Espainiako errege zen Fernando VIIaren anaia. 1830 urtean Donostiara joan zen La Concha hondartzan urak hartzera. 

Infanteak eta bere familiak egin zuten bidaiari buruz hitz egiten diguten bi testu ditugu Asteasuko artxiboan, informazio asko eskaintzen diguten bi gutun dira (sig. 270-07). Alde batetik, Asteasuko Udalari bidaltzen zaion gutunak dioenaren arabera, familiak egin behar zuen ibilbidearen zati bat behintzat, egin gabe zegoen eta auzolan bidez egin behar izan zuten diru falta zela eta. Horretarako, Asteasuk ordezkari bat bidali behar zuen Zestoako Sorabil baserrira, bertan ospatuko zen bileran, herri bakoitzak bidali behar dituen baliabideak adosteko. Hemen erabakitzen da Asteasuk familia buru bakoitzetik peoi bat edo bi bidali behar dituela Iturriozeko puntura, jarraigoa hortik Villabonara joango zelako. 

Esku artean dugun bigarren gutuna Udalak idazten du Sorabil baserrian ospatutako bilera horren ondoren. Gutun honek datu esanguratsuak ditu bere baitan, bertan, herria osatzen duten lau auzoetako familien izenak zerrendatzen baitira: “Bevallea”-tik 20 familia izendatzen dira, “Elizmendia”-tik 23, “Urpazan”-etik 19 eta “Goivallea”-tik 13. Familia gehienek pertsona bat bidali behar dute, baino batzuek bi bidali behar dituztela dio zerrendak, Lizola, Lizarraga edo Comporta familiak kasu. 

Pertsona hauek derrigorrez joan behar zuten bidean lan egitera, bestela zigortuak izango ziren “entre otras cosas a acordado que todas las cabezas de familias envien un peon a dicho punto [de Iturrioz] el día y hora arriva indicados sin pretesto alguno, y en defecto seran castigados conforme se a acostumbrado hasta ahora”. Ez dauka, beraz, zerikusi handirik, garai hartako auzolanak eta gaur egungoak. 

Arestian aipatu bezala, pribilegiatuak gara gure lurralde honetan bizitzeagatik, urrutitik etorri izan da eta dator jendea gure ingurua bisitatzera. Ondorioz, gauzak horrela mantendu nahi baditugu eta gure ondorengoak ere pribilegiatu izaten jarraitzea nahi badugu, gure mendiak eta itsasoak zaintzea gure esku dago.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Zein artxibo zaindu eta zein ez

Artxibozainoi maiz galdetzen zaigu gure ogibideak zertan datzan. Aitortzen dut, itaun hori erantzutea askotan zaila suertatzen zaigula. Erantzun motza, dokumentuak eta datuak kudeatzen ditugula esatea da. ‘Hau zertan hezurmamitzen den?’, honetaz mintzatzeko jada hitz gehiago beharko ditugu. Dokumentua funtzio bat edo batzuk betetzeko sortzen da, baina denbora igaro ahala, hasierako betekizun hauek edukitzeari uzten dio eta, era berean, beste batzuk sortzen zaizkio. Adibidez, ‘Ion, ogia erosi’ idatzia duen paper batekin igorleak hartzaileari eskaera luzatzeko sortua izan da. Baina ilunabarrean erosketa burutu ez bada, bere hasierako funtzio hori jada galdua du, baina gurasoei froga moduan balioko die hartzaileari errietan egiteko. Bada guk dokumentua, bere balio aldaketa hauetan zehar kudeatzen dugu. Sailkatu eta ordenatu egiten dugu, bere sorrera testuinguruan manten dadin eta horrela ahalik eta informazio gehien gorde dezan bermatzeko. Dokumentuak deskribatu egiten ditugu, edozein momentutan bertan dauden datuak berreskuratu beharra suertatzen bada, modu erraz batetan aurkitu ahal izateko. Idatzien edukiak hedatu eta bertara interesatuei irisgarritasuna erraztea ere gure eginbeharretako bat da. Beti ere, bertan ager daitezkeen beste norbanakoen datu pertsonalak babestuz. Laburki definitutako funtzio hauek betetzeko beharrezkoa da kontserbazioaren bidez dokumentuen integritate, autentifikazio eta fidagarritasuna mantentzea. Baina azken hau bezain garrantzitsua da dokumentazioa suntsitu edo xahutzea. 

Baieztapen honetan sakontzeko, Getariako Bake Epaitegira 1966. urtean Administrazio Zentraletik bidalitako agindu bat hartu nahiko nuke ardatz. Idatzi honetan justizia epaitegietako funtzionarioei argibideak ematen zaizkie bertan metatzen diren dokumentuak xahutzerako orduan. Hau bi fasetan egitea erabakitzen da; lehenbizi justiziako administrazioan dihardutenek, lehenengo balioa galdu duten dokumentazioa erretiratu behar dute. Bigarrenik, artxibo teknikariek, ikuspuntu patrimonial-historiko batetik, erretiratu den dokumentuetatik zer kontserbatu eta zer behin-betiko baztertu erabakiko dute. Gaur egun ere dokumentu produktoreen eta artxibozainen ikuspuntuak kontuan hartzen dira zer kontserbatu eta zer ez erabakitzeko. Biek ala biek, beti presente izanik kudeaketa eraginkor baterako ezinbestekoa dela xahutzea.

Klara Gorosabel

Artxiboak

Dokumentu historikoak eta beraien testuingurua

Dokumentu bat momentu konkretu batetan behar batek bultzatuta sortzen da. Ondorioz, testuinguru historikoari eta egileak berau sortzeko zeukan arrazoiari loturik dago bertan helarazten den informazioa. Denborarekin, ordea, kontestu hau eraldatuz joaten da, baina testuak bere horretan darrai, iraganaren testigu. Honengatik, dokumentua ikertuz, bere sorrera testuinguruaz gehiago ikas dezakegu eta iragana ezagututa, dokumentua hobeto konprenituko dugu.

Getariako Udal Artxiboan lanean genbiltzala, XVIII. mendeko idatzi batekin aurkitu gara. Ezusteko aurkikuntza honen aurrean, lehenik eta behin, irakurtzeari ekin diogu. Ia lehenengo hitza irakurri bezain pronto dokumentuaren sorreraren zioa jakin ahal izan dugu: Iruñeako autoritate eta herritarrei erregeordearen bisita jasotzen zutenean zer nolako jokabidea eduki behar zuten azaltzea. Erregearen ordezkariak iruindarrengandik jaso behar zuen protokolozko tratu horren atzean, berriz, bere maila soziala legitimatzeko nahia dago. 

Alabaina, dokumentuaren historia ezagutzea ere oso interesgarria da. Gaur egun dokumentu historiko asko digitalizatu egin dira eta interesa duen edonork kontsulta ditzake bere etxetik mugitu gabe. Honek dakartzan erraztasunei baliorik kendu gabe, idatzia bere kontserbazio testuinguruan ezagutzea ere funtsezkoa da. Nola eta zergatik kontserbatu, beste dokumentuekin eduki dezakeen lotura edota atzealdean izan dezakeen marka batek, objektua sortu zenetik gure garaira iristeraino izan duen historiaren seinale dira. 

Berriro eskuartean dugun dokumentuari erreferentzia eginez, gaur egun idatzi hau bere sorrera eta bere hasierako kontserbazio testuingurutik kanpo dagoela esan beharrean gaude tamalez. Artxibistikak, zientzia moduan planteatua izan zenetik, dokumentua, ahal den heinean, bere kontestuan kontserbatzea izan du helburu; hau baita ahalik eta informazio gehiena gure ondorengoei helarazteko modu bakarra. Honetan datza, besteak beste, gure jardunaren egiteko soziala. Memoria, ahalik eta oso eta anitzen kontserbatzea.

Idatziaren inguruan ditugun galdera batzuk, beraz, asetzeke gelditu dira. Seguraski hauetatik esanguratsuena ondorengoa: Nola liteke Getariako Udal Artxiboan kontserbatzen den dokumenturik zaharrenak Getariari erreferentziarik ez egitea?

Klara Gorosabel Zaldibia

Erakusketak

35.000 pertsonatik gora…

Azken hilabeteotan SOS Arrazakeriarekin lan egiteko aukera izan dugu. Modu apalean, haien erakusketa bat zaintzen. Ia ia aldi berean, Donostian zehar joan etorrian, elkarte honek autobus geltokiaren galerian paratu erakusketarekin egin dugu topo egunero. Hotzikarak harrapatuta. Europarako bidean Mediterraneoan itota, banan bana. 35.000tik gora lagun. Euria bezain naturaltzat jotzen dugu jada. Jendea itotzen uztea gauza naturala; laster, propio hondoratzea txalotuko dugu. Dena da naturala.


SOS Arrazakeriako lagunei erakusketaren dossierra eskatu eta hemen duzue. Tolosaren eta Pasaiaren biztanleria batuta adina pertsona. 


Argazkiaren iturria: https://gipuzkoasolidarioa.wordpress.com/2019/06/29/giza-eskubideen-agonia-sos-arrazakeriaren-erakusketa-ikustera-gera-zaitez-egiako-pasabidetik-zoazela/

Artxiboak

Villabonako argazkiak

Egia da artxibo batean gordetzen den dokumentazioaren gehiengoa idatzizko testuen dokumentuak direla, papera izanik hauen euskarri. Ez da hau ordea, gordetzen den dokumentu mota bakarra, planoak, argazkiak, e.a. ere badaude artxiboetako apaletan. Villabonaren kasuan, argazki bilduma oso urria da. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugun sutearen ondorioz, XIX. mendeko gerran suertatutakoa, dokumentazio baliagarri asko galdu zen, argazkiak tartean.

Hala ere, baditugu argazki polit eta interesgarriak. Alde batetik, argazki zahar sorta bat dugu, non herriaren aireko irudiak ikus ditzakegun. Hauen artean XIX. mende amaierako bat dugu non Subijana eta Salvadora papertegiaren zonaldea ikusten dugun, Fraisoro atzealdean dutelarik, ibaiaren beste aldean. Ez da hori ordea, argazki honen deigarriena. Berezitasun nabarmenena Villabonako eliza falta dela da, hau da, eliza eraiki aurreko argazki bat da eta garai honetakoak, oso gutxi ditugu. Datu horrek hurbiltzen gaitu argazkiaren datara. Badakigu eliza 1907 urtean eraiki zela, beraz, argazki hau XIX. mende amaierakoa edo XX. mende hasierakoa izango da.

Aireko argazki hauetaz gain, badugu fotolito bilduma txiki bat (sig. 217). Fotolito bat bai argazki eta baita testuen inpresioaren prozesuaren zati bat izango da. Fotolitoetan inprimatu nahi denaren irudia dago marraztuta euskarri transparente baten gainean, lehengoko klixe edo negatiboen antzera. Gure kasuan, euskarri transparenteak edukitzeaz gain, metalezkoak eta beste material batzuetakoak ere baditugu. Udalerriaren armarriarena esate baterako, metalezkoa da eta 4 fotolito ditu, bakoitza kolore batekoa: gorria, urdina, horia eta beltza. Bildumatxo honetan, armarriaz gain, 1965 eta 1975 urteetako festetako kartelen fotolitoak ere aurki ditzakegu, eta baita, festetan elkarte desberdinetan banderadun bezala parte hartu zuten neskenak ere.

Baditugu beraz, nahiz eta gutxi izan, argazki berezi eta interesgarriak Villabonako artxiboan. Gainera, orain jaso berri dugun argazki sorta baten doaintzari esker, bilduma hau aberastu egingo da. Hontaz, baina, beste batean hitz egingo dugu.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Zubi altxagarria

Getaria beti izan da Euskal Herrian eman diren gudetan kokaleku estrategikoa, hori dela eta, historian zehar gerra ezberdinen ondoriozko txikizioak jasan behar izan ditu. Estrategikoki izandako garrantzi hau izango da harresiz inguratuta egotearen arrazoi nagusia. Egun, herritik bueltatxo bat emanez gero, azkar batean antzeman daitezke antzina harresitutako zonaldeen arrastoak.

Arrasto hauetako baten inguruko aipamena egingo da ondorengo lerroetan. Getariar askok ongi jakingo duten moduan, Katrapona beko atea herrirako sarrera atea izan zen urte askoan zehar eta orain atea bera itxita egon arren oraindik honen aztarnak ikusgai daude. Baina ez da atea lerro hauetan aztergai dagoena, ate honen kanpoaldean kokatzen zen zubia baizik, garai batean bertan zegoen zubi altxagarria deusestatzeko erabakiaren nondik norakoak zehatzagoak izanda.

Lehen esan bezala, guden ondoriozko txikizioak ugariak izan dira Getarian. Hauetan azkena Gerra Karlistetan izan zela esan daiteke, behin setiatuta su eman baitzitzaion herriari, eraikin gutxi batzuk zutik geratu zirelarik. Ezin aipatu gabe utzi erretako eraikin guztiekin batera artxiboa ere deuseztatu zela, informazio galera izugarria suposatu zuena.

Artxiboa erre ondorengo informazioa kontserbatzen denez, badakigu Katrapona beko zubi altxagarria kentzeko erabakia 1845. urtean etorri zela. Etorri zela diogu, erabakia ez baitzuen herriak hartu. 1845eko azaroaren 15eko udal aktak dioenaren arabera, Gipuzkoako Probintziako Komandante Jeneralaren aginduz: “ Que ese rellene la pequeña zanja (…) retirandose el puente levadizo que hoy cubre dicha zanja sustituiendolo con puerta nueva adecuada que tenga su rastrillo (…) siendo de cuenta de la villa el importe de las obras”. Agindua kanpotik baina gastua barrutik. Argia da orain dela mende eta erdi, gaur egun gertatzen den moduan, askoz ere errazagoa zela agindua ematea ordaintzea baino.

Xabier Etxeberria

Irudiaren iturria: https://www.castillosnet.org/espana/album.php?ref=SS-CAS-051-KAT&seo=Puerta%20de%20Katrapona

Artxiboak

Getariako udal aktak

Hilabeteak joan hilabeteak etorri, udal akta liburuetan jasotako informazioan oinarritzen dira berriak. Edukiei buruz aritzea oso erakargarri eta aberasgarria den arren, iturriei denbora bat eskaintzea ahazten zaigu askotan, eta ezin zaigu ahaztu iturrien araberakoa izango dela beti informazioaren zilegitasuna. Hori dela eta, Udal akta liburuei buruz arituko gara ondorengo lerroetan.

Udal akta liburuak udaletxeetan ekoitzi izan diren eta ekoizten diren serie dokumentalen artean garrantzitsuena dela esan daiteke zalantza izpirik gabe. Bertan, udaleko partaideek edozein gairi buruz hartutako erabaki edo egindako akordioak islatzen dira. Behe Erdi Aroko hiri garrantzitsuenetan jatorria duen serie dokumental hau, jakina den moduan, egun ere ekoizten jarraitzen da. Hori dela eta, diplomatista, historialari, artxibozain eta administrariren aztergai izan dira urte askoan zehar, garaian garaiko errealitatearen zantzuak antzeman baitaitezke hauen edukietan.

Aktak udal idazkariak bete izan ditu mendeetan zehar eta egun ere bere betebeharren artean jarraitzen du. Dokumentu honek ondorengo datuak ezinbestean jaso beharko ditu:

– Batzarraren eguna, tokia eta data.

– Batzarreko partehartzaile diren pertsonen izen-abizenak.

– Batzarraren hasiera ordua.

– Partehartzaileek guztiek izandako esku hartze guztiak.

– Batzarreko erabaki edo/eta akordio guztiak. Argi erregistratu beharko dira, bozkaketa kasuan, honen nondik norakoak, partehartzaile bakoitzaren botoak eta, nola ez, emaitzak.

– Proposamen eta gertakari mota guztiak.

– Bilera amaiera ordua eta parte hartzaileen sinadurak.

Getariako udal artxiboan 3.900 batzarretako aktak gordetzen dira. 1838ko irailaren 10etik aurrerako aktak kontserbatzen dira. Askoz gehiago sortu izan direla jakina den arren, artxiboa erretzeak asko eta asko galtzea eragin zuen, ondasun galera ikaragarria suposatu zuena.

Ezin da aipatu gabe utzi, udal aktak eskuragarri daudela Getariako artxiboak daukan webgunean (http://www.getariakoartxiboa.net/).

Xabier Etxeberria

Irudia: kontserbatzen den akta zaharrenaren izenburua

Irudiaren iturria: http://www.getariakoartxiboa.net/.

Artxiboak

Askizuko serora

Serora. Hitz hau entzutean gehienoi mojak etortzen zaizkigu burura, harritzekoa ez dena, seroren betebeharrak aurrera eramaten zituzten beharginak serora izenez ere ezagunak baitziren Hegoaldean. Iparraldean, gai honi beste trataera bat eman izan zaio egun arte, baina Hegoaldean zentratuko gara lerro hauetan, Getariako bitxikeria bat aztertzea baitugu helburu, Askizuko baselizakoa zehatzagoak izanda. Hitz gutxitan esanda, XIX. mende aurretiko serorek erlijiotasun herrikoiaren erritu eta sinesmenen gordailu lanak egiten zizuten, eraikinen zainketa fisikoa eta espirituala barne. Autonomia ekonomiko osoa zutela ezin da aipatu gabe utzi, batzuek onura askorik atera ezin arren beste batzuek etekin izugarriak ateratzeko gai izan zirelarik.

XVII eta XVIII. mendeetan eman zen aztergai daukagun figura honen desagertze/debekatze prozesua Larrañagaren arabera (Larrañaga 2016). Ordura arte, erakunde publikoen aldetik zeukaten babes eta bultzada desagertuz joan zen, ez solik erakunde erlijosoek baizik eta instituzio zibil nagusiek ere babes instituzional trinkoa eskaini izan baitzioten XVI eta XVII. mendearen hasiera bitartean. 1769. urtean eman zen Hegoaldeko seroren debekua Errege Dekretu baten bidez. Debekuaren ondorengo hamarkadetan ezkutuan ibili omen ziren, zenbait guneetan ezinbesteko bilakatu baitziren urteen poderioz. XIX. mendetik aurrera hauen presentzia berriro ere agertzen joango da publikoki landa eremuetan, baina figura guztiz laikoa bihurtu zela esan daiteke, abitua ahaztuz. Hau argi ikusten da Askizuko San Martin baselizako seroraren 1855eko izendapenean.

1855eko ekainaren 6ko udal aktari so egiten badiogu, María Dominga Guetaría izeneko emakume baten eskaera aurkezten da. Eskaeran bertan, lehen lerroan ikus daiteke nola ordurako seroren lanbidea alor laikora mugatzen zen, “sirvienta” eta serora hitzak baliokide modura erabiltzen baitira. Bertako Erretorearen aginduetara zerbitzari modura lan egiteko eskaera da María Dominga Guetariarena, aurretik serora lanak egiten zituen María Cruz Larrañagaren heriotzaren ondorioz.

Mahastiz inguratutako eraikina denez, bere garaian, eraikina bera zaintzeaz gain mahastien zainketa eta ustiapenean nahikoa lan izango zutela pentsa daiteke.

BIBLIOGRAFIA: Larrañaga, Mikel Martín (2016): Serorak Euskal Herrian: Ikuspegiak, hastapenetatik desagerrarazterarte (Antzinate Berantiarra” XVIII. Mendea) (Doktoretza tesia), EHU.

Xabier Etxeberria

Irudia: Askizuko San Martín baseliza.

Irudiaren iturria: http://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/askizuko-san-martin-baseliza/eliza-/getaria/-askizu-auzoa/fichaconsulta/32928

Artxiboak

Medikua, noiztik?

XIX. mendean zehar, osasungintza ez da antolakuntza tekniko edo administratibo bidez kudeatutako alor modura ulertu behar, poliziaren eskumenen artean sartzen zen gobernu ekintza modura baizik. Politiko edota alkateen ardura izan ohi zen, eta momentuko beharren araberako neurrien menpeko alorra izan zen hamarkada askoan zehar. Orokorrean, arazoei era autonomo eta koordinatu gabean egiten zitzaien aurre, udal bakoitza mundu bat baitzen. Egun ezagutzen dugun osasungintzaren oso bestelakoa.

Iturriek diotenez, sortzen ziren eguneroko arazoei aurre egiteko Getariako Udalak medikua kontratatu zuen 1839tik aurrerako. 1839ko maiatzaren 26ko udal aktak dioenaren arabera, herrian mediku bat izateko beharra ikusten dute herritarrek, momentu horretan herrian medikurik ez baitzegoen: “se tomó en consideración la triste situación de este vecindario por falta de facultativo que asista en sus dolencias “. Aktan zehar herritarrei zerbitzu hau ematea beharrezkoa zela aipatzen da, horretarako “Comandante General de la Provincia”-rekin kontaktuan jarri eta mediku bat bertara izendatzeko eskaera eginaz.

Bi aste nahikoa izan ziren herriko medikua kontratatzeko, Santos Flores jauna, ondorengo baldintzetan:

• Ordainsari modura, hileko 60 erreal emango zitzaizkion.

• Erditzean lagundutako pertsona bakoitzagatik 20 erreal gehiago. Betiere, erditu eta ondorengo 8 egunetan zaintza lanak egiten baditu.

• Pertsona bakoitzaren ahoko zaintzagatik erreal bat eta hagina kentzeagatik beste erreal bat.

• Ohiko bisita bakoitzeko erreal erdi bat gehiago.

Baldintzak eta prezioak ezarri zituzten, baina nola ordaindu? Nondik atera medikuari hileko ordainsaria emateko dirua? Herritar guztien artean ordaintzea erabaki zen udal batzarrean: “Acordaron que contribuya cada persona con medio real mensual contado desde el dia 7 del corriente mes.”

Hiru hilabete beranduago, ziurrenik herritarrek aipaturiko ordainketari aurre egiteko zituzten zailtzasunak zirela medio, bai medikuaren eta baita beste zenbait profesionalen ordainsaria portuan sartzen zen ardo eta pattarraren gaineko zergaren bidez ordaintzeko proposamena aterako da irailaren 2ko udal aktan.

Zer erabaki zen eta aurrerantzean nola moldatu ziren ezin dugu jakin, 1855. urterarte ez baita medikuari buruzko aipamenik egongo udal aktetan.

Xabier Etxeberria

Iturria: http://elhoyodepinares-fondodocumental.blogspot.com/2012/09/un-medico-en-el-hoyo-de-pinares-del_25.html

Artxiboak

Indar armatuen eraikinak

Uztaileko idatzian militarren kuartelaren aipamena egin zen, betiko moduan, udal aktetako informazioa kontuan hartuta. Informazio iturri honen arabera, Getarian XIX. mendean zehar presente egon zen espainiar estatuko indar armatuen eraikina izan zen kuartela. Udal aktek diotenez, eraikin hau botatzeko baimena 1885ko ekainaren 28an eman zitzaion udalari.

XX. mendera salto egin behar da Getarian beste indar armatu baten eraikinari buruzko aipamen bat edo beste aurkitu ahal izateko, Karabineroen postuarena alegia. 1935eko irailaren 7ko udal aktaren arabera, Karabineroen kuartelean telefonoa jartzeko laguntzarik ez ematea erabakitzen baitu udalak. Karabineroen gorputza 1829an sortu eta 1940ean Guardia Zibilaren aginduetara jarri zen segurtasun publikora bideratutako polizia erakundea izan zen. Mugak zaindu eta kontrabandoa eragoztea zen gorputz militar honen misioa, horregatik, dokumentu askotan mugazain modura identifikatuak izaten dira, Getariako udal aktetan gertatu moduan.

Esan bezala, 1935ekoa da lehen aipamena, baina jakina da herrian lehenagotik zeudela. Serapio Mugicak 1918an argitaratutako “Geografia de Guipúzcoa” liburuak argitzen du: “La vigilancia municipal está a cargo de dos alguaciles; no hay guardia civil, pero sí puesto de carabineros. al mando de un sargento.” (Mugica 1918, 860 orr.).

Karabineroen gorputza Guardia Zibilean integratzeak, herrian azken honen presentzia nabarmen haztea ekarri zuen. 1940eko urriaren 27ko udal aktan Azpeitiako Guardia Zibilaren eskaera bat jasotzen da, Getarian kuartel baten beharra zutela esanaz eta udalak lokal apropos baten bilaketan ea lagunduko luken galdetuz. Bi urte geroago, 1942ko uztailaren 11an Karabineroena izandako postua Guardia Zibilaren igaro zen ofizialki, nahiz eta 1940az geroztik azken hauen eskuetan zegoela jakina izan.

Xabier Etxeberria

 

Bibliografia:

– MUGICA, Serapio (1918): “Geografía General de País Vasco. Geografía de Guipúzcoa”, Establecimiento Editorial de Alberto Martín, Barcelona.

Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/sites/default/files/GETARIA_ANVERSO.pdf (moztuta)

Artxiboak

Artxiboan egindakoak

Orain dela urte bete argitaratu genuen berrietako batean esan genuenez, blog honen helburuetako bat artxiboan egiten dugun lana plazaratzea da. Horretarako, Villabonan ekimen desberdinak jarri genituen martxan, beti ere, gordetzen dugun dokumentazioaren kontserbazioa bermatzeko helburua jarraituz. Oraingo honetan beraz, ekimen horien erantzunak adierazi nahi ditugu.

Orduan esan genuen bezala, artxibo gelak baldintza egoki batzuk izan behar ditu, beste batzuen artean, hezetasun eta tenperatura maila kontrolatuak izurriteak saihesteko. Nahiz eta gure kasuan bi faktore horien neurriak egokiak izan, kaja batzuetan onddoen arrastoak topatu genituen eta are gehiago, dokumentu batzuetan pipienak ere bai. Arazo honi aurre egiteko, enpresa aditu bati deitu zitzaion garbiketa sakon bat egiteko gela osoan. Fase hori bukatzean, lanpara intsektokutatzaile bat instalatu da eta horrela egoera konpontzea eta kontrolatzea lortu da.

Hortaz gain, beste bigarren ekimen bat ere jarri genuen martxan, dokumentuen zaharberritzearena alegia. Aurrekoan esan bezala, gordetzen ditugun bi dokumentu historikoren egoera oso txarra zen. Horietako bat XIX. mendeko planoek osatzen dute (sig. 1092-01), udaletxearen planoek esate baterako. Hauek urte askotan zehar tolestuta gordeta egoteagatik erditik puskatuta zeuden. Bigarren dokumentuari dagokionez, XVI. mendeko testuak ditu, Villabona eta Amasaren arteko liskarrei buruzkoak beste batzuen artean (sig. 117). Kasu honetan, dokumentuaren beraren ezaugarriak izan dira kaltearen jatorri. Izan ere, testu batzuk idazteko erabili zen tinta ferrogalikoak papera jan duela esan daiteke; eta bestalde, dokumentuei balioa emateko, mozketa batzuk egiten ziren orriaren erdialdean. Gauzak horrela eta denbora pasa ahala, orrietan gertatutako kalteak handiak izan dira. Egoera honen aurrean, bi dokumentu hauek zaharberritzeko erabakia hartu zuen Udalak eta profesional bati enkargatu zitzaion lan hori. Gaur, bi dokumentuak bueltatu dira artxibora eta hemen erakusten dizuegu nola gelditu diren.

Azkenik, 2018 urtean aurrera eramandako azken proiektua XVI eta XVII. mendeetako dokumentu historikoen digitalizazioa izan da. Kontserbazioa bermatzeko helburuarekin jarraituz, zaharberritu diren bi dokumentu horiekin batera, beste hiru gehiago digitalizatu dira. Honek, aipatutako helburua lortzeaz gain, dokumentuak edonork edonondik modu erosoan kontsultatzea ahalbideratuko du. Nahiz eta momentuz kontsultagarri ez dauden, etorkizunean gure artxiboaren web orrian bilatu ahal izango dira.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

“En memoria del gran bertsolari “Pello Errota” hijo de…

2019-02-03 pasa berri dugu. Asteasuar guztiek edo gehienek ezagutzen duten data da hau, izan ere, herriko pertsonai ospetsuenetako bat hil zeneko mendeurrena ospatzen baita. Udalak egun hau gogoratzeko 2018 urtean hasi zituen ospakizunak omenaldi moduan, urtean zehar hainbat jarduera aurrera eramanez. Hasi berri dugun 2019 urte honetan ere ekitaldi gehiago antolatu dira, batzuk bertsolaritzarekin lotutakoak eta beste batzuk ez. Lehenengoa Santa Ageda bezperan izango da, ospakizun horretarako bertsolari ospetsu desberdinak etorri direlarik Asteasura. Herri osoan zehar ibili dira kantari. Urtean zehar egingo diren beste jarduera eta ekitaldiak kontsultatu nahi izan ezkero, udaletxean eskuragarri dago informazio guztia egitarauan.

Ez da izango ordea, Pello Errotak jasotzen duen lehenengo omenaldia, izan ere, beste batzuk ospatu dira orain dela urte batzuk. Lehenengoa 1964 urtean izan zen, bertsolaria hil eta 45 urte beranduago (sig. 374-15). Urte honetan Udalak Euskaltzaindiari laguntza eskatuko dio bai ospakizunen antolaketarako eta baita horietan parte hartzeko ere. Antolatutako jarduerak ondorengoak izango dira: meza nagusi bat, herri bazkari bat, bertso saioa noski, eta Euskaltzaindiaren eskutik emandako hitzaldiak. Hauekin batera beste ekitaldi esanguratsu bat antolatu zen, esate baterako, Pello Errotaren busto eta oroitarri bat jarri ziren hura jaio zen etxean, hau da, Goiko-Errotan. Guzti hau antolatzeko baina, Udalak dirulaguntzak eskatu zituen, bere kabuz ezingo baitzuen guzti hori aurrera eraman. Eta egin zituen dirulaguntza eskaera guztietatik batzuk jaso zituela dirudi, kontsultatu ahal izan den korrespondentziak esaten duenaren arabera. Eskaera gutunak ere gorde dira eta ikusi ahal izan dugu udaletik ondorengo hasiera hau ematen dietela: “habiendo acordado este Ayuntamiento organizar para el día [25 de octubre] unos actos en memoria del gran bertsolari “Pello-Errota”, hijo de este pueblo”… Horrela antolatu ahal izan zen Pello Errotari egindako dokumentatutako lehenengo omenaldia.

Hurrengo omenaldiari buruz informazio gutxiago dugu. Bertsolariaren heriotzaren 75. urteurrena ospatu zen 1994 urteko herriko jaietan. Zein ekitaldi egin zen bere omenez ez dakigun arren, hauek herritarren oroimenean egongo direla ziur gaude. Hori bai, pertsonai honen argazki bat eta bertso bat izan ziren urte horretako San Pedro jaietako irudi eta doinu. Argazkia berri honen ikur bezala erabili dugu eta aukeratu zuten bertsoak horrela dio:

“San Pedroz pasatzeko

neukan umoria,

arrigarriya izan dek

tristura neria.

gure parienterik

etorri gabia;

aitari aztu zaiok

onera bidia,

onurezko biarko

nik bakardadia”

Argi dago pertsonaia honekiko Asteasuarrek duten miresmena. Merezitakoa gainera, izan ere, bere bizitzan zehar irribarrez eta alaitasunez bete zituen bai Asteasuko plaza eta baita beste herrietakoak ere, Argentinakoak ere bai.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Subijana udalaren esku

Urteko azken berri honek emango dio amaiera Subijanari buruz idatzi dugun berri sortari eta nola ez, enpresaren azken faseari buruzkoa izango da, hau da, estanpatuen fabrika izatetik, abandonatze garai bat pasa eta Mintzola ahozko lantegiak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak erabili arte.

XX. mendearen erdialdean hasi zen enpresaren beherakada, 1966 urtean ordainketen etetea adierazi zuelarik Hartzekodunen Batzordeak. Artxiboan gordetzen dugun dokumentuetako bat Batzorde horrek 1968ko martxoaren 12an ospatu zuen Batzar Orokorraren akta izango da eta bertan jasota agertzen dira enpresak urte horietan jasan zituen zailtasunak, izan ere, Batzorde hau Subijana y Cia, S.A. enpresaren jabe 1966ko urrian egin zen. Dirudienez, urte horietan Subijanaren bezero bakarra Bartzelonako Industrias Benguerel S.A. zen eta hori ere egoera zail bat jasaten ari zen, Villabonako enpresari zuzenean eraginez. Batzordearen eskuetara pasa zenean, bezero gehiagoren bilaketari ekin zitzaion. Batzuk aurkitu zituen Batzordeak, baina ez ziren nahikoak izan eta 1970eko gutun baten arabera, talde bati saltzen dio fabrika “ha procedido a efectuar la venta del negocio de Subijana y Cía., S.A., a un grupo de industriales textiles, en condiciones especiales, dada la situación por la que la Empresa viene atravesando” (sig. 701-01).

Hala ere, badakigu 1978 urtean oraindik ere martxan zegoela, bere jabetzako lurretan etxebizitzak eraikitzeko proiektua baitzuen. Etxebizitza horien salmentarekin egoera ekonomikoa arintzeko esperantza zuen. Horretarako baina, lurzoruaren erabilera aldatu behar zen lehenengo. Ez da ahaztu behar fabrika hau 1860 urtean eraiki zela eta hirigintzaren ikuspuntutik, garapen gutxi eduki zuela urte guzti hauetan zehar. Tamalez, beharrezko baimena ukatu egin zitzaion eta proiektua bertan behera gelditu zen. Hau izango da Udalak eskua sartzen duen momentua (sig. 701-01).

1985 urtean enpresa jadanik itxita egongo da eta bere eraikuntzak hutsik, erabili gabe eta geroz eta egoera okerragoan; kokapena ordea, ezin hobea zen herriaren erdi-erdian eta Oria ibaiaren ondoan dagoelako. Hortaz, kokapenaz baliatuz eta herriak behar zuen ekipamendu publikoa garatzeko helburuarekin, estanpatuen fabrikaren lurren erosketa planteatuko du Udalak. Momentu honetan enpresaren ondasunen jabe langileak dira, baina hauek eta Udala akordio batetara iristen dira eta 1988 urteko urriaren 3an, Villabonako udalbatzarrean, ondorengo ondasunen erosketa adosten da:

1. Tornatxulo izeneko etxea eta patioa, kale Nagusia 76

2. Estanpatuen fabrika, kale Nagusia 73 zenbakian, Subijana enpresa zaharra

3. Finka horietako lursail eta eraikuntza guztiak

Hemendik aurrera zonalde guztiari buelta handia emango zaio, itxura guztiz aldatuz. Eraikuntzen eraisketarekin hasiko da. Subijanaren etxebizitzak balio historiko eta arkitektonikoa edukiko du, beraz, ezin da hala nola bota, gainontzekoa ordea, bai eta 1994 urtean emango zaio hasiera proiektu horri (sig. 1708-08). Gaur egun, bertan Maiatzaren Lehena plaza, frontoia eta etxebizitzak aurkitzen ditugu. Hurrengo urtean matrizea botatzeko asmoa dago, baina lehenengo eraikuntzaren azterketa bat egin behar da. Azterketa horretan, 1997 urtean egiten dena (sig. 668-08), berri honen irudi den argazkia erantsia da eta eraikuntzak duen balio historikoa azpimarratzen da “Aún considerando las trasformaciones y adaptaciones que ha podido sufrir la distribución original, -construcción de aseos o subdivisión de algunas piezas-, no se han perdido, en general, las características propias de una buena construcción de aquella época en cuanto a amplitud y generosidad de los espacios y a la calidad de los materiales empleados”. Azkenean, ez da eraikuntza botako, horren ordez 1999 urtean egitura eta fatxadak sendotu egingo dira (sig. 1815) eta 2004 urtean hasiko zaio gaur egun ikusten dugun itxura ematen. 2007 urtera arte luzatuko dira lanak eta 2008an Udalaren eta Mintzolaren arteko hitzarmena sinatuko da (sig. 2863-15) elkarte horrek eraikina erabili ahal izateko.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi 2018 urteko Europako Ondare Industrialaren jardunaldietan Villabonako protagonista izan dena: uharka. 2009 urtean ekin zitzaion honen birgaitzeari (sig. 2711), 2012an bukatu zirelarik lanak. Balio anitzeko gela bihurtu eta gaur egun, bertan hitzaldi, jarduera eta ekitaldi desberdinak burutzen dira.

Aljibe hau aitzaki hartuta, Villabonako industrializazioan eta garapen ekonomikoan indar handia eduki zuen protagonistetako bat hobeto ezagutzeko aukera eduki dugu hilabete hauetan. Sorta honetako lehenengo berrian esan genuen bezala, Villabonan ez ditugu industria garai honetako aztarna asko, horregatik, gure betebeharra da ditugunak zaintzea, hauen artean Subijana etxea eta bere aljibea daudelarik.

Irudian: Subijana etxearen atzeko fatxada 1997 urtean (sig. 668-08)

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Kanposantu berria eraikitzen

Urteko azken berria izango da oraingo hau eta ez genuen hirigintzako espedienterik erakutsi gabe bukatu nahi. Horretarako, Adunako kanposantuaren proiektua aukeratu dugu. Hilerri hau gainera, beti joango da Micaela Josefa Ubillos izenari lotuta, berak finantzatu baitzuen obra osoa Udalak baliabide nahikoak ez zituenean.

Adunan gaur egun altxatzen den hilerria 1904 urtean eraiki zen, baino horren aurretik beste toki batean egongo zen kokatuta hiletentzako gunea, egokia ez zen toki batean gainera: herrigunean egongo zen, etxebizitzez inguratuta. XIX. mende amaierako Errege aginduak baldintza eta arau berriak ezartzen zituen mota honetako espazioetarako, baina horretaz gain, hilerri zaharra txikiegia zen eta tokirik gabe zegoen jada. Hori dela eta, berri baten beharra zegoen Adunan eta Udalak behar horri aurre egiteko erabakia hartu zuen. Garai honetan gainera, aldaketa klima bat ematen ari zen, mende aldaketak aurrerapausoak ekarri baitzituen berarekin eta Udala herria modernizatzeko prozesu batean murgilduta zegoen (herri bideak konpondu ziren, ur horniketa hobetu zen, e.a.).. 1904ko otsailaren 28an ospatutako udalbatzarraren aktetan ondorengo lerroak irakurri daitezke: “El Ayntº ha creido que es llegado el momento de ocuparnos seriamente de una mejora tan útil en todo este sentido como reclamado por los adelantos del siglo y de dar cumplimiento a las Reales ordenes para inhumar los cadáveres de los que mueren pertenecientes a la religion distinta de la catolica. Sabido es de todos que en el actual cementerio no hay ya capacidad para mas enterramientos y que su proximidad al pueblo ofrece graves inconvenientes para la salud publica”. Ez zegoen hortaz, tokirik jende gehiagorentzako, ezta ere beste erlijioak jarraitzen zituztenentzako eta gainera, osasun aldetik arriskutsua zen.

Lehenengo pausoa hortaz, baldintza guztiak betetzen zituen lursail bat bilatzea zen. Udala, herritar batek emandako lursail baten jabe zen eta herriko medikuaren eta Donostiako Osasun Saileko ordezkariaren azterketa gainditu ondoren, proiektuaren diseinuarekin eta behar ziren gainontzeko baimenen tramitaziorekin hasi zitekeen. Izan ere, lursail horrek osasun baldintza egokiak zituen: herrigunetik 500 metrotara zegoen, etxebizitza gertuenetik urruntasun nahikoa zuen, inguruan ez zegoen kutsatu zitekeen iturbururik eta ondo aireztatuta zegoen.

Proiektuaren diseinurako Tolosako Julian Eizaguirre kontratatu zen eta honek 7000 pezeta baino gehiagoko aurrekontu bat, planoak eta memoria aurkeztu zituen. Diseinu horretan eremu osoak edukiko zituen zona desberdinak deskribatzen dira: kapera, autopsiak egiteko gela, hezurtegia eta beste zona batzuk. Udalbatzarra orduan, proiektuari oniritzia eman eta finantziazio bila hasi zen. Adunako parrokiari galdetuta, honek diru nahikorik ez zuela erantzun zuen, baina hori bai, Timoteo Yraolak bere dirua emateko prest zegoela adierazi zuen Udalak beharrezkoa zela uste bazuen.

Obra aurrera eramango zuen kontratista aukeratzeko enkante edo hautaketa prozesu bat antolatu zen, gaur egungo kontratazioen antzera. Espediente honetan (sig. 77-06) enkanteko pleguak gordetzen dira gainontzeko dokumentuekin batera. 1904 urtean idatzi ziren baldintza hauek obren inguruko gora-behera guztiak zehazten dituzte, erabili behar den materiala eta guzti. Azken puntu horri buruz diote adibidez, harria Ursaltoko edo Amalcorreko harrobietatik ekarri behar zela eta nahasketa egiteko hondarra Amarren-Gaztañadieta meategitik.

Finantziazio aldetik, obra aurrera eramateko Udalak diru nahikoa ez zuenez, 8000 pezetako mailegu bat eskatzeko erabakia hartu zuela diote udalbatzarreko aktek. Azken momentuan ordea, Micaela Josefa Ubillos agertu zen berak finantzatuko zuela esanez. Dohaintza honen espedientea artxiboan gordetzen da (sig. 77-07) eta Francisco Yzaguirrek Micaelari bidaltzen zizkion gastuen likidazioak azaltzen dituzten gutunen bitartez, eta Micaelaren senarra zen Anjel Casok bidalitako gutunen bitartez dugu dohaintza honen berri. Diru horren trukean, Udalak kanposantuko lursail bat emango zion panteoi edo mausoleo bat eraiki zezan eta kaperan jarriko zen irudia berak aukeratuko zuen.

Adunak gaur egun duen hilerria Micaela Ubillosi zor dio beraz, eta bere senarra zen Anjel Casori ere. Herriarentzat pertsonai esanguratsuak dira eta horregatik, ez genuen Adunako berri sorta hau beraiei buruz hitz egin gabe bukatu nahi.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Tropa frantsesak hornitzen

Adunako artxibotik azaroan aurkeztuko dugun dokumentua, galtzeko zorian egon den testu bat da. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan esan dugu udalerri honetako dokumentazio historiko gehiena ez dela bertan gordetzen, baizik eta Donostian dagoela eta Adunak original horien fotokopiak dituela. Oraingo hau ordea, 1809 urtean idatzi zen gutun original bat dugu eta pilatuta agertu zen paper sorta baten artean.

Urte honetan Adunako Udalak esfortzu garrantzitsu bat egin du artxiboaren egoera hobetzeko. Beste gauza batzuen artean gela bat egokitu da lehen banatuta zegoen artxiboa elkartzeko toki nahikoa eskainiz eta artxibo sistema mantentzeko lanak ere egin dira. Lan horien artean artxiboa ordenatzea eta eguneratzea dago eta horri esker, txukuntze lanen bitartean aurkitu dugu independentzia gerra garaikoa den dokumentu hau (sig. 703-02).

XIX. mende hasieran Frantziako Napoleonek eta Espainiako Fernando VIIak bat egin zuten Portugal inbaditzeko Erresuma Batuaren aurka egin nahian. Espainia eta Erresuma Batuaren arteko arazoak ontzigintzaren inguruan eta Portugalekin zituen arazoak aspaldikoak ziren. Espainiak, helburu hori lortzeko Frantziari baimena eman zion lurraldea zeharkatzeko Portugal bidean. Frantziarrek ordea, egoera aprobetxatu eta herri estrategikoetan kanpamenduak ezarri zituzten, ezkutuko nahia erregea kendu eta Napoleonen anaia agintari jartzea baitzen. Garai honetan eman ziren Baionako abdikazioak eta Goya pintorearen fusilamenduen margolan famatuak ere, garai honetako gatazkak irudikatzen ditu. Horrela ba, independentzia gerra bezala ezagutzen dena hasi zen.

Gerra guztietan gertatzen den bezala, galtzaile nagusiak zibilak edo herritarrak izan ziren. Bai tropa frantsesak eta baita beranduago askatasuna ekartzera etorri ziren ingelesak ere, lurraldearen arpilatze, lapurreta eta errausketari ekin zioten. Mende aldaketa garaia gainera momentu latza izan zen goseteak eta uzta txarrak modu jarraian eman baitziren. Biztanleria beraz, oso ahulduta zegoen gerra iritsi zenerako. Hala eta guztiz ere, armada erasotzaileek presio handia egin zuten biztanleriarengan nekazal ekoizpenaren lapurretekin, lanerako erabiltzen ziren animaliak soldaduen janari edo gurdi-abere bihurtuz…

Testuinguru honetan kokatzen da Adunako testu hau, izan ere, egoera larri horrek Adunari ere eragin izanaren lekuko dugu. Donostiako Jose Maria de Soroa y Soroak eta Gipuzkoako Probintziako idazkari zen Manuel Joaquin Uzcandak sinatzen duten gutun bat da eta bertan ondorengoa irakurri daiteke: “Para pagar la paga y otros articulos que está suministrando a las tropas francesas; se servirá valerse de la primicia y demas fondos que haya en la fabrica de la iglesia”. Ez zen beraz, inor libratu gerra hau ordaintzeaz.

Gerra honi amaiera 1814 urtean eman zitzaion, baina ondorengo egoera ez zen egonkortasun garai bat izango. Espainiako gizartea guztiz bananduta gelditu zen eta urte batzuk beranduago emango ziren gerra karlistak gertatzeko hazia erein zen.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Ondare idatziaren bitartez oroitzapenak berreraikitzen

Aurreko hilabetean Aljibera antolatu zen bisitetan parte hartu zenutenek ezagutuko duzue gaurko berri honetan jarri dugun argazkia. Estanpatuen fabrika osoaren planoa da eta bertan, argi eta garbi ikusi daiteke enpresak barnean zuen sistema hidrologikoa, ura behar zen tokietara bideratzeko kanalekin eta biltzeko uharka edo andelarekin.

Plano hau beste dokumentu handiago baten zati bat da. Dokumentu hau fabrikaren inbentario bat da eta zehatz-mehatz irudikatzen digu fabrika nolakoa zen Subijanaren eskuetara pasa zenean: eraikuntzak, eraikuntzarako materialak, lantzen ziren produktuak, e.a. Dena deskribatzen da “A los señores Subijana y Cía. Tintorería y estampados. Villabona. Guipúzcoa” izenburuko lan honetan (sig. 1389-05). Tamalez, ezin dugu zehazki jakin noiz idatzi zen dokumentu hau datarik ez baita inon adierazten. Badakigu ordea, fabrika Subijanaren eskuetara 1907 urtean pasa zela, beraz, XX. mendearen lehenengo erdialdekoa izango dela pentsa daiteke.

Esan bezala beraz, testu hau inbentario bat da, fabrikaren balio ekonomikoa ezagutzeko egin zen, bertan zegoen guztia azaltzen baita deskribapen eta balio ekonomiko batekin. Gaur egun ordea, dokumentuak beste balio bat edukiko du. Egun desagertua dagoen Villabonako ikur baten itxura eskaintzen du eta horri esker oso erraza egiten da bertan gertatzen zena gure buruan irudikatzea.

Dokumentuak lau zati ditu. Lehenengoan eraikuntzak deskribatzen dira. Guztira 21 ziren (tximiniaz gain) eta bakoitza oso modu sakonean deskribatzen da. Horietako bakoitzean betetzen ziren funtzioak, azalera, erabilitako eraikuntza materialak, zenbat solairu zituen eta bakoitzaren deskribapen sakona (batzuk solairu bakarrekoak izango ziren, baino beste batzuk bi eta hiru ere edukiko zituzten), barnealdeko banaketak, leihoak edo argiteria sistema,… Eta noski, eraikin bakoitzaren balioa. Atal honen amaieran laburpen bat erantsi da eta hor ikus daiteke eraikin garestiena lehenengoa zela. Hauek dira bakoitzaren izenak (zenbakiei esker planoan erraz kokatu daitezke):

1.Koloreak prestatu eta zapiak estanpatu

2.Garbitokia, tindaketak, zuriketak, artilezko piezak

3.Galdara gela, lehortegia

4.Estanpatzeko makinen eta zilindroen makina gela, lehortegia eta estanpatzeko gela

5.Zuriketak

6.Estanpatzeko plantxen biltegia, aireko lehortegia

7.Zurgindegia, pieza zurien biltegia, lehortegia

8.Zalditegia

9.Langileentzat etxea

10.Estanpatzeko plantxen biltegia

11.Drogen eta estanpatzeko plantxen biltegia

12.Etxebizitza. Etxabea eta hiru solairu; egongela eta jangela tximiniarekin batera bigarren solairuan zeudelarik

13.Bulegoa eta biltegia

14.Idaztegia eta biltegia

15.Erabilera anitzeko gela

16.Konponketa mekanikoen lantegia

17.Turbinak

18.Sutegia edo errementeria

19.Biribilkiak grabatzeko gela, txatar biltegia

20.Tindategia

21.Komunak

Dokumentuaren bigarren zatiak eraikin bakoitzaren gela bakoitza deskribatzen du. Hauek ere modu sakonean. Eraikinez-eraikin doa eta solairu bakoitzeko gela bakoitza nolakoa den, zertarako den eta bertan dauden gauza guztiak (makinak, altzariak,…) zerrendatzen ditu, ondoren bakoitzaren balorazio ekonomikoa kalkulatzeko. Adibide batzuk jartzearren: “Edificio 1. Planta Baja. Sala A. Sala de iluminación a mano: 2 mesas de pino de 9400x1200x100 m/m con tapiz de fieltro y tela de yute” edo “Edificio 13. Planta Baja. Sala B. Despacho del director. 1 mesa ministro de 1.65×1.00 de nogal doble, cara superior de molesquin. 2 sillones nogal, asientos y respaldos tapizados”. Ez da oso zaila horrelako bulego batean ospatuko ziren bilerak irudikatzea.

Hirugarren atala ekoizpenari buruzkoa izango da. Erabiltzen ziren materialak, moldeak edo ereduak aipatzen dira bertan. Ehun mota eta kolore bakoitzerako erabiltzen ziren moldeak zehazten dira. Hauetako gehienak egurrezkoak edo berunezkoak ziren, nahiz eta kobrezko batzuk ere erabili. Eredu desberdinak erabiltzen ziren kotoiarentzako, kaxmirrarentzako, zapi gorriak egiteko, kafe kolorekoak,… Ehun frantsesak (bordatuak normalean) edo alemanak egiteko ere, molde bereziak erabiliko ziren. izan ere, fabrika honetan ekoiztutako ehunen artean aukera zabala zegoen.

Azkenik, dokumentu honen laugarren atala fabrikaren planoek osatuko dute. Berri honen irudi fabrika osoaren planoa dugu, baina eraikuntza bakoitzak ere bere planoa edukiko du, non gela bakoitza ondo islatua egongo den.

Oso dokumentu berezia dugu esku tartean beraz. Villabonako fabrika nagusienetako bat XX. mende hasieran nolakoa zen jakiteko datu eta informazio baliotsua eskaintzen digu. Eta zergatik ez, nostalgia puntu bat ere ekar diezaguke.

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Nuestra señora Santa María de Agosto

Nahiz eta hilabete pare bat pasa diren Adunako jaiak ospatu zirenetik, gai hau aitzaki hartu dugu urriko hileko berria prestatzeko. Artxiboa miatzen ibili gara eta herriko jaiei buruzko dokumentu desberdin eta interesgarriak topatu ditugu. Horietako bat 1667 urtean idatzia izan zen (sig. 699-05) eta udalbatzako sesio edo akta baten zati bat da. Ez da dokumentu osoa gorde, orri pare bat baizik, baina bertan urte horretako herriko jaiei buruzko erabakiak hartu zirela irakurri dezakegu. Oraingoan ere, apirileko berrian gertatu zitzaigun gauza bera gertatzen da, fotokopia baten aurrean gaudela, alegia. Orduan esan genuen bezala, Adunako dokumentu historiko gehienak ez dira Udal Artxiboan gordetzen, baizik eta Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan egongo dira. Hori dela eta, Adunan dokumentu horien fotokopiak ditugu, gaurko hau kasu.

Esaten genuenaren harira, dokumentu hau 1667 urteko apirilaren 11an idatzi zen eta bertan urte horretako festetako gastuei buruz hitz egiten dute, festetako elementu garrantzitsuenetariko biren inguruko akordioak hartzen dira. Lehenengo aipamena festa eta ospakizun guztietako protagonistari emango zaio, musikari esate baterako, “al musico tamborin”. Honi zilarrezko 50 erreal ordainduko zitzaizkion jaiek irauten zuten egun guztiengatik. Hara ere, badirudi berarekin bazkariak eta bestelakoak ere egiten zirela eta honen inguruan, argi eta garbi zehazten da horietatik suertatutako gastuak Udalak ez zituela bere gain hartuko, baizik eta zinpekoak eta erregidoreek euren kabuz ordaindu beharko zituztela. Gaur egungo politikariek eragiten dituzten berriak kontutan hartuta, galdera bat datorkigu burura lerro hauek irakurtzerakoan, beteko al zuten Adunako agintariek udalbatzan adostutakoa XVII. mendean?

Testuko bigarren aipamena zezenen ingurukoa izango da, izan ere, garai hartan festetako elementu garrantzitsua izango ziren zezenak. Badirudi, herriko errota enkantean zuen pertsona arduratuko zela festetarako bi zezen eramateaz “para correr por las fiestas” dio testuak. Doan eraman beharko zituen gainera, ez baitzitzaion inolaz ere ordainduko. Horietaz gain, beste bi zezen egongo ziren, zinpeko eta erregidoreen ardura izango zirenak, hau da, Udalaren ardura izango zirenak, eta hauek bai, ordaindu egingo ziren “que por cada toro se le de por quenta del dicho lugar y sus propios y rentas dos ducados de vellon y no mas”.

Mende bat beranduago, ohiturak eta jarduerak antzerakoak izaten jarraitzen dutela ikus dezakegu. Oraingoan, XVIII. mendeko urte desberdinetako kontuak ditugu aurrean, hau ere Donostian gordetzen den dokumentu original baten fotokopia (sig. 697-03). Guri interesatzen zaigun zatia 1762 urtekoa da eta bertan aipatzen dira urte horretako festetarako egin ziren hiru ordainketa: zezenak berriro agertzen dira, Hernaniko Esteban de Goicoecheak eramango zuen bat eta Juan Bautista de Zubiza errementariak hagak egingo zituen, 8 erreal ordainduko zitzaizkiolarik. Hirugarren aipamena musikarena izango da. Urte horretan ere danbor-jole bat joango zen, baino ez zen bakarrik egongo, orain berarekin batera Pedro de Sorreguieta juglarea ere joango zen eta biei 170 erreal ordainduko zitzaizkien.

Gauza asko aldatu dira beraz, herriko festetan azkeneko 3 mendeetan. Festak eta ohiturak bizirik dauden gauza bat direla esan daiteke, eta horiek, gizartearekin batera eboluzionatu eta aldatu egiten dira, batzuetan desagertu ere bai. 2018 urteko jaietan zezenik jadanik ez dago, orain beste jarduera batzuk antolatzen dira: bazkari herrikoi desberdinak, sagardo dastaketak,… noski, janaria eta edaria ezin dira falta. Aldatu ez den gauzetariko bat musika da, nahiz eta gaur mota desberdineko musika entzun daitekeen herrian, argi gelditzen da honen presentzia herriko festetan beti izan dela garrantzizkoa. Esan genezake musika herriko festetako protagonista bat dela, hori bai, bigarren mailakoa izango da, Adunako festetako protagonista nagusiak beti izango baitira bertako herritarrak.

Amaia Mendizabal

Irudia: Adunako herritarrak festetan herriko plazan dantzan, 1940 hamarkada (sig. 459-01). Adunako udal artxiboko irudia

Artxiboak

Antzinako zeloa

Asteasuko Udal Artxiboak dokumentazio historiko aberatsa gordetzen duela bere baitan, behin baino gehiagotan esan dugun gauza bat da. Ez gara ez, nekatuko errepikatzeaz, izan ere garrantzi handia duen gauza bat da eta honen zaintza, babesa eta hedapena gure esku dago. Toki desberdinetako ikerlari asko datoz Asteasura beren lanetarako informazio bila eta tarteka, kontsultatzen dituzten dokumentuen orrietan bitxikeriak aurkitu ditzakegu. Gaurkoan, 1780 urteko epaiketa bateko orrialde batean topatu duguna aurkeztu nahi dugu (sig. 139-04).

Dirudienez, epaiketaren testua idazten ari zen eskribauak erabiltzen ari zen orrietako bat puskatu zuen eta konponbide bat bilatu behar zion. Horretarako, paper zati txiki bat moztu eta puskatutako bi zatien gainean itsatsi zuen, hau da, gaur egun erabiltzen dugun zeloaren lana beteko zuen zati horrek. Kasu honetan, puskatutako zatia oso txikia da eta ez dio testuari eragiten, gainera, hausturaren areagotzea saihesten du, beraz, irtenbide egokia izan zela esan daiteke.

Antzinako zelo honen erabilera ohikoa zen, beste tokietako dokumentuetan ere ikusi izan baitira. Garai hartako idazleek kontutan hartu ez zutena, ostera, paper zatia pegatzeko erabilitako itsasgarriak denborarekin paperean eragin zezakeen kaltea zen. Nahiz eta guk aurrean dugun dokumentua egoera onean egon eta kalterik agerian ez eduki, ezagutzen dira beste kasu batzuk non inguruko papera horitu eta hondatu egin den. Kasu horietan dokumentuak errestauratu egin behar dira etorkizunerako kontserbazioa bermatzeko. Adituek, metodologia eta teknika desberdinak erabiltzen dituzte kalte hauek konpontzeko eta liburuak egoera hoberenean gelditzea lortzen dute.

Hortaz esan bezala, egunerokotasuneko lanean bitxikeriak topatzen ditugun heinean, horiei buruzko berriak gure blog honetan argitaratzen jarraituko dugu, gure helburuetako bat, Artxiboetan aurkitu dezakegunaren plazaratze edo dibulgazioa baita, horrela, mundu honen inguruko ezjakintasuna murriztuz.

Amaia Mendizabal

Artxiboak Bisita gidatuak

Subijanako uharkara bisita

Oraingoan ez dugu Artxiboan gordetzen dugun dokumenturik aurkeztuko, ostera, Europa mailan antolatzen diren Ondareari buruzko jardunaldiak aurkeztuko ditugu. Jardunaldi hauek urtero antolatzen dira bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak eskainiz. Udazkena izaten da jardunaldi hauek ospatzeko garaia eta horregatik, urriko berria hauei eskaini nahi diegu, eta zergatik ez, Villabonak eskaintzeko duenari buruz pixka bat hitz egiteko. Noski, Villabonak honen inguruan asko dauka eskaintzeko eta Gipuzkoako beste 32 udalerrirekin batera, 2018ko Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du.

Aurten jarri den gaia emakumearen emaria izan da eta hauen rola ondarean zein izan den aztertzeko eta erakusteko aukera ezin hobea da. Azkeneko hilabete hauetan Subijana enpresari buruz idatzi ditugun berrien bitartez, enpresak herriarekiko eduki duen eragina eta garrantzia islatu nahi izan dugu, denboran izan duen garapena deskribatuz eta Udalarekin edukitako harremanak eta tratuak plazaratuz. Enpresa honetan Villabonako bizilagun askok lan egiten zuten, horien artean emakumeak aurkitzen zirelarik. 1908 urtean adin desberdinetako 48 emakume eta neska zeuden bertan lan egiten, gehienak 23 urte baino gutxiagokoak. Urte batzuk beranduago, 136 izango ziren, enpresako gehiengoa osatuz (gizonezkoak 124 izango ziren) eta berriro ere, gehiengo nagusiak 23 urte baino gutxiago edukiko zituen.

Hauek betetzen zituzten lan postuak ezagutzeko bertan lan egin zutenen testigantzak ezinbestekoak dira, Artxiboan dugun dokumentazioaren artean honi buruzko datuak ezin baitira bilatu. Testigantza hauek oso baliotsuak dira hutsune handi horiek betetzeko eta garai hartako lan mundua nolakoa zen jakiteko. Izan ere, emakumeek Subijana enpresan betetzen zuten lanetako bat oihalen tindaketa eta zuritze kupeletan ematen zela horiei esker dakigu, hau da, urez betetako kupeletan egingo zuten lan.

Aurreko berrian agerian gelditu zen bezala, ura ezinbesteko baliabidea zen enpresaren funtzionamendurako, herriko ur-iturri desberdinetako ura ustiatzen zuelarik. Horretaz gain, enpresa eraiki zenean ura bideratzeko sistemak ere eraiki behar izan zituzten, horien artean kanalak eta uharka edo aljibea aurkitzen direlarik.

Artxiboan tamalez, uharka horri buruzko informaziorik ez dugu, ez dakigu zehazki nork eta nola eraikia izan zen. Horri buruz dugun informazio bakarra 2009 urtekoa da, hau da, balioanitzeko gela bihurtu zenekoa. Hori dela eta, Ondarearen Jardunaldi hauek uharka ezagutarazteko aukera paregabea eman digute eta bertara bisita gidatuak antolatu dira hilabete honetarako. Gainera, bisita hauetan, Subijana enpresako ikur hau ezagutzeaz gain, estanpazioari buruzko tailer bat egiteko aukera ere egongo da. Informazio guztia Udalaren web orrian aurkitu daiteke, baino guk txoko honetaz baliatu nahi izan dugu interesa duen edonor gonbidatzeko bisita hauetan parte hartzera. Urriaren 20an izango da lehenengoa, goizez eta euskaraz, eta urriaren 27an bigarrena, kasu honetan gaztelaniaz, ordutegi berdinean. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulatu daiteke.

Argazkiaren iturria: https://t.co/JPSiENbhix

Amaia Mendizabal

Artxiboak

Tren geltokia izan genuenekoa

Zuetako zenbatek pentsa ote duzue: gure herrian tren geltokia izango bagenu? Egun, ondoko bi herrietara begiratuz gero, hobe komunikatuta daudela esan daiteke inongo beldurrik gabe. Getaria, Zarautz eta Zumaiaren arteko alderaketa eginda, hiruek dauzkate antzeko aukerak itsas-garraioari dagokionez, baina lurreko garraioan kontua aldatu egiten da. Bai, autobusez komunikatuta daude hiruak, errepidez aukera hori baitago, baina trenbideak ematen dituen abantailetatik at geratzen da Getariako herria.

“Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián” izan zen kostako trenbidea eraikitzeko erabakia hartu zuen enpresa, XIX. mende amaieran. Elgoibarretik Donostiarako linea honetan bai Zarautzetik eta baita Zumaiatik ere igarotzen zen trenbidea, Getaria alde batera utziz. Ezin da aipatu gabe utzi linea hau gaur egun Euskotrenek erabiltzen duenaren oso antzekoa dela. Esandakoaren ondorioz ez dauka gure herriak tren geltokirik, nahiz eta linea ireki zen momentuan, itxura egiteko izan bazen ere, geltoki batean Getariaren izena sartu zuen gorago aipatu dugun enpresak, “Guetaria-Oiquina”. Udal akten arabera, enpresaren erabakia ez zen gustagarria izan Getariako Udalarentzat eta geltokiari izena aldatzeko eskaera egin zuen.

1901eko ekainaren 30eko udal aktan argitzen da nola aipaturiko enpresak “Guetaria-Oiquina” izeneko geltoki bat jarri zuen, bilkuran zeudenek diotenaren arabera, geltokitik “sin ninguna clase de camino que pueda conducir al casco de esta villa ni a ningún caserío de ella, resulta que con tal estación se lleva a engaño a la personas de Bilbao, San Sebastián, . . .”. Hau dela eta, 1901eko urriaren 26ko udal aktak dio idatzi bat bidali zitzaiola tren konpainiaren lehendakariari egoera azalduz, eta 1901eko abenduaren 15eko udal aktan Getariako Udalaren agindua zein izan zen argitzen da: ken dezatela herriaren izena geltokiko errotulutik!

Hau ikusita, pentsa daiteke Getaria inkomunikatua geratu zela, baina arazo honen aurrean, Zarautzeko geltokira bideratuta kotxe-zerbitzua ezarri zela jakinarazten digu 1902ko urtarrilaren 4ko udal aktak.

Errealitate honen aurrean, denbora gutxiz izan bazen ere, Getariak tren geltokia izan zuela harro esan genezake, nahiz eta askorako ez balio.

Irudia: 1948ko Elgoibar eta Donostiaren arteko trenbidea. Bertan, “Oiquina” izenarekin agertzen da 50 urte lehenago “Guetaria-Oiquina” geltokia zena.

Iturria: http://ferropedia.es/wiki/Compa%C3%B1%C3%ADa_del_Ferrocarril_de_Elgoibar_a_San_Sebasti%C3%A1n.

Xabier Etxeberria