Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Asteasu

“En memoria del gran bertsolari “Pello Errota” hijo de este pueblo…”

2019-02-07
Categorías: Archivos, Asteasu, | 0 Comentarios


2019-02-03 pasa berri dugu. Asteasuar guztiek edo gehienek ezagutzen duten data da hau, izan ere, herriko pertsonai ospetsuenetako bat hil zeneko mendeurrena ospatzen baita. Udalak egun hau gogoratzeko 2018 urtean hasi zituen ospakizunak omenaldi moduan, urtean zehar hainbat jarduera aurrera eramanez. Hasi berri dugun 2019 urte honetan ere ekitaldi gehiago antolatu dira, batzuk bertsolaritzarekin lotutakoak eta beste batzuk ez. Lehenengoa Santa Ageda bezperan izango da, ospakizun horretarako bertsolari ospetsu desberdinak etorri direlarik Asteasura. Herri osoan zehar ibili dira kantari. Urtean zehar egingo diren beste jarduera eta ekitaldiak kontsultatu nahi izan ezkero, udaletxean eskuragarri dago informazio guztia egitarauan.


Ez da izango ordea, Pello Errotak jasotzen duen lehenengo omenaldia, izan ere, beste batzuk ospatu dira orain dela urte batzuk.  Lehenengoa 1964 urtean izan zen, bertsolaria hil eta 45 urte beranduago (sig. 374-15). Urte honetan Udalak Euskaltzaindiari laguntza eskatuko dio bai ospakizunen antolaketarako eta baita horietan parte hartzeko ere. Antolatutako jarduerak ondorengoak izango dira: meza nagusi bat, herri bazkari bat, bertso saioa noski, eta Euskaltzaindiaren eskutik emandako hitzaldiak. Hauekin batera beste ekitaldi esanguratsu bat antolatu zen, esate baterako, Pello Errotaren busto eta oroitarri bat jarri ziren hura jaio zen etxean, hau da, Goiko-Errotan. Guzti hau antolatzeko baina, Udalak dirulaguntzak eskatu zituen, bere kabuz ezingo baitzuen guzti hori aurrera eraman. Eta egin zituen dirulaguntza eskaera guztietatik batzuk jaso zituela dirudi, kontsultatu ahal izan den korrespondentziak esaten duenaren arabera. Eskaera gutunak ere gorde dira eta ikusi ahal izan dugu udaletik ondorengo hasiera hau ematen dietela: “habiendo acordado este Ayuntamiento organizar para el día [25 de octubre] unos actos en memoria del gran bertsolari “Pello-Errota”, hijo de este pueblo”… Horrela antolatu ahal izan zen Pello Errotari egindako dokumentatutako lehenengo omenaldia.


Hurrengo omenaldiari buruz informazio gutxiago dugu. Bertsolariaren heriotzaren 75. urteurrena ospatu zen 1994 urteko herriko jaietan. Zein ekitaldi egin zen bere omenez ez dakigun arren, hauek herritarren oroimenean egongo direla ziur gaude. Hori bai, pertsonai honen argazki bat eta bertso bat izan ziren urte horretako San Pedro jaietako irudi eta doinu. Argazkia berri honen ikur bezala erabili dugu eta aukeratu zuten bertsoak horrela dio:


“San Pedroz pasatzeko

neukan umoria,

arrigarriya izan dek

tristura neria.

gure parienterik

etorri gabia;

aitari aztu zaiok

onera bidia,

onurezko biarko

nik bakardadia”


Argi dago pertsonaia honekiko Asteasuarrek duten miresmena. Merezitakoa gainera, izan ere, bere bizitzan zehar irribarrez eta alaitasunez bete zituen bai Asteasuko plaza eta baita beste herrietakoak ere, Argentinakoak ere bai.


Amaia Mendizabal

Envía un comentario kaptxa