Eu Es

En fin... ba bai!

Blog

Irtenbiderik gabeko gertaera

2018-07-26
Categorías: Aduna, Archivos, | 0 Comentarios

Gaurkoan XX. mende hasierako egun batean, iluntzean, gertaturiko gertaera baten berri eman nahi dugu. Adunako Udal Artxiboan egun horretako gertaerari buruz hiru herritarrek egindako aitorpena eta alkateak horren inguruan egindako ikerketaren erantzuna dago gordeta (sig. 703-35).


Egun hartan, arratsaldea Arretegi baserrian lanean pasa ondoren Isidro Zabala, Miguel Anton Eizmendi eta bere semea zen Bautista Eizmendi etxerantz zihoazela, egun horietako zurrumurrua bihurtuko zenaren lekuko izan ziren. Gaueko zortziak eta erdi zirenean, baserria utzi eta Santa Cruz ingurura iritsi zirenean eztanda bat entzun zuten. Sagardiaren beste puntatik zetorrela eztanda zioten hirurek, oso ziur zeuden gainera. Eztanda hori arma batekin egindako tiro bat izan zela dirudi, ez dakite ordea, zer motakoa zen erabilitako arma hori. Eskopeta batena ez dela badakite, hori bai. Eskopetarekin ohituta zeudela dirudi, hirurek esaten baitute euren aitorpenetan entzun zuten soinua ez zela eskopeta batena. Leherketaren ostean hiru lagunak irudikatu ditzakegu ilunpetan zer egin eztabaidatzen. Orduan, Isidro eta Bautista Arretegi baserrira joan ziren berriro zein ordu zen jakiteko, ondoren jarriko zuten salaketarako informazio gehiena eduki ahal izateko. Bitartean, Miguel Anton bakarrik gelditu zen Santa Cruz Aldean besteen zain ordu erdiz. Bueltatu zirenean zuzen-zuzen joan ziren alkatearen etxera gertatutakoa kontatzera. Orain arte azaldutakoa gertaerak dira, baina hemendik aurrera pertsona hauek euren susmoak adierazten dituzte. Hirurek kontatzen dute istorio berdina eta tiroaren arduradun bezala pertsona berdina salatzen dute. Deklaratzaileen arabera, tiroa Etxeberri baserritik zetorren, are gehiago, arduradunari izena eta abizena jarri zioten. Egun horretako arratsaldean baserri horretan bizi zen Silverio Larrañagak hitz batzuk eduki omen zituen Miguel Antonen alaba nagusia eta Bautistaren arreba zen Bernarda Ignacia Eizmendirekin eta hori aitzaki, hirurek esaten dute bera izan zela tiro egin zuena.


Ez dago argi ordea gertatu zena eta ikerketan parte hartzen dutenek ere, horrela ulertzen dute, izan ere, 12 egun beranduago, Adunako alkate zen Ramon Zabalak Andoaingo Mikeleteen Komandantearekin batera gertakizuna ezin dela argitu izapidetzen du eta espedientea ixteko agindua ematen du.


Ez dugu inoiz jakingo zehazki zer gertatu zen gau hartan, baina antzeman daiteke Eizmenditarrek arazoak zituztela Larrañagarekin. Aita-semeen aitorpenek zuzenean eta gogorki salatzen dute Larrañaga jauna, gainera, Bautistak esaten duenaren arabera, salaketa horretarako bazeuden beste arrazoi batzuk ere, guretzako ezezagunak direnak, ondorengoa dio deklaratzaileak: “que sospecha fueran los autores del mismo [tiroaren egileak] los del Caserio Echeverri, puesto que por la tarde uno de ellos llamado Silverio Larrañaga, tuvo unas palabras con una hermana del declarante llamada Bernarda Ignacia Eizmendi y tambien por resentimientos anteriores”. Zer esan nahi duen arazo zahar horiekin ez dakigu, agian Bernarda eta Silverioren artean zerbait zegoen? Edo Bautistak berak eduki zuen liskarren bat berarekin? Auskalo. Esaldi horrek adierazten digu hauen deklarazioak subjektiboak izan direla. Isidrorena ordea, zalantzakorragoa da. Honek ere Larrañaga salatzen duen arren, eztanda deskribatzerakoan "oyó la detonación sin divisar el fogonazo” esaten du (zalantzan jartzen du tiro bat izan zela?), gainera, Etxeberrin bizi zirenen laguna da “sospecha de los habitantes del Caserio Echeverri que estos tirarían a sus compañeros Miguel Anton y Bautista, no al declarante que dice ser amigo de los de Echeverri”. Eta bukatzeko, Bernarda eta Silveriok elkarbanatutako hitzei buruz “no puede manifestar lo que entre ellos medió”. Beraz, bai, pertsona berdina salatzen du baino ez hain zorrozki.


Gaur erakusten dugun aitorpen espediente hau bezalakoak ere aurki ditzakegu Adunako Udal Artxiboan. Blog honetan argitaratzen ditugun berrien bitartez Artxiboak gordetzen dituen dokumentu desberdinak plazaratu nahi ditugu. Artxibo batean mota eta gai desberdin eta ugari jorratzen dituzten espedienteak aurki daitezke, herriari buruzko datu ekonomikoak, mugaketak, pertsonen arteko liskarrak edota hemen aurkezten dugun bitxikeria bezalakoak ere kontsulta daitezke.  


Amaia Mendizabal

Envía un comentario kaptxa