Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Villabona

Artxiboetan zer?

2018-01-23
Categorías: Archivos, Villabona, | 0 Comentarios

Artxiboetan egiten dugun lana eta aurrera eramaten ditugun ekimen desberdinak ezagutaraztea eta gerturatzea da berri honen helburua. Artxiboak, orokorrean, toki ezezagunak direla esan dezakegu, bertan lan egiten dugunok eta ikerketaren munduan lan egiten dutenak alde batera utziz gero. Imajinario kolektiboan, Artxibo bat irudikatzean paper multzoz betetako gela ilun eta zahar bat datorkigu burura, dena antolatu gabe eta trasteleku bat balitz bezala irudikatzen dugu. Honen aurrean esan beharra dago, nahiz eta hau noiz behinka horrela izan, normalean irudi okerra dela. Gelak apalez beteta egoten dira, eta apal horiek ondo antolatuta eta ordenatuta dauden paperak edo espedienteak dituzten kutxaz beteta daude, denak hurrenkera bat jarraitzen dutelarik zenbakiekin markatuta, kontsultatu behar diren espedienteak ahalik eta azkarren eta era eraginkorrenean bilatzeko. Batzuetan gainera instalazio moderno eta erosoak dituzte apal konpaktu mugikorrekin.

Bertan mota askotako dokumentazioa aurkitu dezakegu: obra haundi eta txikien proiektuak eta planoak, errolda desberdinak, udaletxeko sail desberdinek aurrera eramaten dituzten ekimenen espedienteak,… Eta noski, garai ezberdinetakoa: pasa den urtekoak edota, Villabonaren kasuan, orain 500 urtekoak. Dokumentazio hau, edo ia dena, eskuragarri dugu artxiboan norbaitek kontsultatu nahi izan ez gero. Hori baita artxiboetan lan egiten dugunon helburu nagusietako bat, jendeari arreta ematea.

Esan beharrik ez dago, gure helburu nagusia dokumentazioa ahalik eta egoera hoberenean gordetzea eta zaintzea dela. Dokumentazio hori ez da paper hutsa, baliorik ez duen paper multzoa baizik eta gure ondarea da, idatzizko ondare kulturala da eta babestu behar dugu. Zerbaitek ondare izaera edukitzeko ez du monumentu izan behar, objektu txiki bat izan daiteke edo hitz gutxiko testutxo bat. Beraz, ondo gorde behar da, gaur egundo dokumentu berrien etorkizuna bermatuz eta dokumentazio zaharra baldintza egokietan mantenduz.

Dokumentuen kontserbaziorako, artxibo gelak baldintza berezi batzuk bete behar ditu. Alde batetik, toki asko behar da, papera pilatuta eta airerik gabe  badago, kaltetua izan daiteke eta, hortaz bere espazioa behar du estutasunik gabe. Beste alde batetik, tenperatura eta hezetasun maila zehatzak mantendu behar dira, hauek desegokiak direnean dokumentazioa arriskuan jartzen duten izurrite desberdinak gerta daitezkeelako, onddoak, pipia, xomorroak… ager daitezke.

Gerta daiteke baita ere, beste arrazoi batzuengatik dokumentuak kaltetuak izatea. Villabonako Artxiboan badauzkagu egoera txarrean dauden hainbat eredu. Hauetako bat izango da 1828 eta 1829 urteen artean Tolosako Pedro Nolasco de Telleriak idatzitako obra proiektu bat eta eskuz egindako planoak. Udaletxea Napoleondar gerren bitartean erre egin zuten eta Udalak aipatutako arkitektoari eskatu zion eraikuntza berriaren proiektua. Villabonako dokumentazio guztia udaletxean zegoen Artxiboan zegoen, eta sutearen ondorioz ia guztia galdu egin zen, horregatik dugu fondo historikoan hain sorta gutxi. Aipatutako obraren espedientea, ordea, Artxiboan dugu eta kontsultagarri dago momentuz. Planoak tolestuta gordeak izan ziren eta denbora pasa ahala tolesdurako tokitik puskatu egin dira, gainera egoera okerrera doa hezetasunak ere kalte egiten dielako. Egoera honek horrela jarraitzen badu kontsulta murriztu egin beharko da edo guztiz debekatu. Arazoak baina, badu konponbide erraz bat: planoen zaharberritzea. Dokumentuak aditu bati bidaltzen zaizkio eta honek konpondu egiten ditu murrizpenak kenduz edo saihestuz. Mota honetako lanak ohikoak izaten dira artxiboetan, izan ere, paperak arrazoi desberdin askorengatik sufritu dezake. Arrazoi batzuk, ez daude artxibozainen esku, baizik eta dokumentuen ezaugarriek eragindakoak izan daitezke. Hau gertatzen zaie Villabonako artxiboko dokumentu zaharrenetako biri. 1561 eta 1799 urteen bitarteko auziak eta epaiak jasotzen dizuten bi liburu dira. Horietan Villabonako mugak, Amasa eta Villabonaren arteko liskarrak, Piedadeko ermitaren jabetzaren inguruko auzia eta hainbat zentsuren kitapenak jasotzen dira besteak beste. Garai hartan ohikoa zen liburuetan marka batzuk egitea dokumentua benetakoa zela jakiteko, kasu honetan, sigi-saga itxurako mozketak. Mozketa horiei tinta ferrogalikoaren erabilera eransten badiogu, orrietan gertatu diren kalteak oso haundiak izan dira, horregatik zaharberritzea beharrezko bihurtu da.

Gorago hitz egin dugu gure ondareaz, XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure ondare kulturalaren parte dira eta gure esku dago horien kontserbazioa. Kasu honetan konponbide erraza dute gainera. Horregatik, 2018 urte honetan horien zaharberritzea aurrera eramaten saiatuko gara.  

Gorago hitz egin dugu gure ondareaz, eta kontutan hartu behar dugu XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure herriaren ondare kulturalaren parte direla. Gure esku dago, beraz, horien kontserbazioa bermatzea. Horregatik, 2018 urte honetan Udalak horien zaharberritzea aurrera eramateko ekimena abiatuko du. Hau aurrerapauso garrantzitsu bat da Villabonan, bertako ondare dokumentala oso eskasa bait da. Kontutan hartu behar dugu herriko udaletxeak gorago aipatutako sutean artxiboa ia osorik galdu zuela. Datu modura, erantsiko dugu artxiboan dauden 12.000 erreferentzia ingurutik 100 besterik ez direla XVIII mendea baino lehenagoko dokumentuak (hauen artean akta liburuak). Beraz, gure herriaren ondarea babesteko asmoen barruan dokumentuen zaharberritzea eransteko bideari ekitea jakinarazteko berria da!

Amaia Mendizabal

1. irudia: Tolesduratik puskatuta dauden planoen eredua (sig. 1092-01). Argazkia M. Gatell.

2. irudia: Sigi-sagan mozketak dituen liburuetako baten eredua (sig. 117). Argazkia M. Gatell.

Envía un comentario kaptxa