Eu Es

En fin... ba bai!

Blog

Bidebietako Institutua

2017-11-25
Categorías: Pasaia, Reflexiones, | 0 Comentarios

Irutxulon irakurri dugu: Bidebietako Institutua itxiko dute. Berri gehiagoren bila, "ghetto"tzat hartzen dutela irakurri dugu ere. Hara! Sikiera horrek Dangerous Mindseko Michelle Pfeiffer irakasle gisa izateko balio izan bazitzaigun!

Orduan ere ez zen Gipuzkoako ikastetxerik baloratuena; aitzitik, okerrena ez bazen, azken aurreko okerrena. Barregurea ematen zigun, gu baino pringao handiagoak zeudela irudikatze hutsak.

Ez dugu ukatuko: bai, Rob Brownek han ikasi zuela esatea sinisgarria da. Baina Institutu horretan guk ere Forrester izan genuen alboan.

PC zer zen inork ez zekienean, irakasle talde batek informatikan hasi behar ginela erabaki zuen. Sinclairrak eskutan izan genuen; Donostiko unibertsitate pribatuan, ordenagailua idazten eta bekarekin dirua PC batean gastatuta joando bakarrak izan ginen. Ghettokoak.

Goizueta eta Aranotik euskaldunak Bidebietara etortzen ziren. Ez galdetu nola ematen zen mirari hura. Eraman handi izan zuten gurekin, nork-nori-norrean trabatuak, euskaltegiko kumeekin. Errespetu handiz euskaraz egiten ziguten. Are, euskara ikasi beharrean, euskalduberri heldugabekoak euskaraz ikastera ausartu ginen,  euskarazko lehen liburuak, apunteak... bai eta baten batek zuzenean euskal filologiara egitera jo ere.

Idazten, marrazten, galdetzen... lanak bildu eta fanzinea egiten genuen; fotokopiagailua erabiltzea ez zen eskatu behar egin ere.

Ea, ea... Institutuak M-ak eta Takolo, Pirritx eta Porrotx Trintxerpeko frontoira eraman zituela zin dagizuet.

Sona handiko politikaria izango zenak literatura irakasten zigun, Garcilasorekin tematua; jakin gabe bere klaseetan, ipuinak idazten genituen eta postaz (hau da, kartazala selloa eta dena) elkarri bidaltzen genizkion. Sasi analfabetoak ginelakoan, Hesse, Tolkien, Ende (Mikel, sé donde curras y me debes un libro), Asimov, Brecht... (boh, bale, Vazquez Figueroa ere) ez ziren gure irakurgai bakarrak. Izan ere...

Oraindik egun, gure betiko herri horietako bateko institutuan liburutegirik gabe segitzen duten bitartean, institutuan liburutegia genuen. Presaka eta korrika iritsi behar, misterioa, nobela beltza eta komikiak (asterix, tintin, valerian y laureline, el víbora, cimoc-eko ale bereziak) eskuratzea ez zen batere erraza.

Institutuak bere espazioa eskaini zion auzoari: non ikasi ez (badakizue nolakoak diren etxe apostuluak?) eta liburutegia auzo osorako apaltasunez ireki. Nire CV-tik inoiz kenduko ez dudan aipamena da, Bidebietako liburutegiaren liburuzaina.

Ikasi? Jakina. Bizitzen ikasi genuen; Unibertsitatean lanak nola egin, hori jada Forresterrekin egiten genuen. Jendearekin nola portatu, elkarri irakatsi genion.

Ortzimuga gainbaloratua dagoela idatzi zuen batek lehengoan; Bidebietako institutuko ortzimuga bakarra zen mahaietara igo eta Asuncion-eko lehioetara begira eta agurtu; labiritinto igotzeak errazten zuen hori, arratsaldeko unerik zirarragarriena. Etxera hiru aldiz itzulta eta hirian txirrindaz ibiltzen ikasi bitartean.

Ez, ez zen xamurra izan. Colowall zeharkatu behar zen: eta Isasa parkea. Baina hil arteko iraungo duten laguntasunak eta etsaiak sortu ziren. Non egongo dira lagun galduak? Idatzi bitartean izen eta aurpegi! Izenak emateko lotsa gehiegi. Ondo al zaudete Fredi, Idoia, Susana, Laura, Kontxi, Eba, Jone, Mikel, Rober, Guti, Angel, Sergio? Besteak bai, ondo daude.

Irakasleek egin gintuzten on. Gu txikitu nahi gintuztenek eta gu maite gintuztenek. Ghettotik ateratzeko aukera eman ziguten, ghettoa aldatzeko bidea eman ziguten. Merezi genuelako.

Ikusten ditut erreportajearen haurren aurpegiak. Ikaskideen seme-alabak izan zitezkeen. Ez dira inongo ghettokoak. Auzo langilearen alabak dira. Onera egin duten bi auzokoenak, hain zuzen ere. 49. Matematika Olinpiadetan brontzea irabazi zuen neskatoa nongoa zen ba? Eta sutean kaltetuentzat 1420 kapoi bildu zituztenak?.

Itxieraren arrazoia Trintxerpeko Karmengo Amaren euskarazko DBH berria balitz, gaitzerdi. (Hori bere baitan itzela baita). Baina honen atzean ez ote dagoen aurre iritzia eta urtetako utzikeria.

Lagun on batek bota zidan bezperan. Zein izan zen nire heldutasunerako urratsa. Amaren iritziaren aurka Bidebietako institutura joatea. Han ikasitakoa naiz. Hori da gordetzen dudan institutua (une txarrak bera eta nire artean geratzen dira).

David Zapirain

Envía un comentario kaptxa