Eu Es

En fin... ba bai!

Blog

Suteak, gaurkotasunez betetako gaia

2017-11-15
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Aurreko batean meatzeen inguruan jardun gara, Oiartzun inguruetako ezaugarririk nabarmenetako bat, baina aldi berean dokumentazio historikoaren aldetik ezezagunenetako bat, jorratuz. Ez dira, ordea, Bailarak aurreko garaietan zituen gauza azpimarragarri bakarrak; oihanak ere, hor zeuden.

Basoa aspalditik izan da aberastasun iturri: jatekoa lortzeko, behar ezberdinetarako materialak eskuratzeko, lanbide ezberdinen jardunleku… Lurralde zabal nahiz txikiko herrietan, ohiko baliabide-meatze bihurtu zen. Toki guztietan, baina, ez zuen garrantzia bera izan. Lekuan lekuko eta unean uneko gizartearen behar eta garapenaren arabera, oihanaren erabilerak eta ustiaketak maila ezberdinak ezagutu zituen. Oiartzun bezalako tokietan, burdinola kopuru handi batekin, basoak eskaintzen zituen produktuekiko eskaera agerikoa zen, bereziki ikatza egiteko edo arragoetarako egurra lortze aldera. Baziren, halaber, oihanean beraien premiei erantzuteko gaiak topatu zituzten beste jarduera batzuk; ontzigintza, eraikuntza eta abeltzaintzak ere basoa oinarrizko helduleku izan zuten. Modu honetan, eta baliabide-iturri preziatu bihurtuta, aurreko hamarkada eta mendeetako gizartea, inguru horretara estuki lotuta ageri zaigu.

Anitz jende eta ogibideren lan-esparru zen heinean, halako eremu batek presio nabarmena jasan zuen, arautua zein arautu gabekoa. Esku hartze horiek hamaika ekintzatan gorpuztu ziren, legez kanpoko zuhaitz mozketak edota gehiegizko lepatzeak, besteak beste. Egoera hau dela eta, ez zen bat ere ezohikoa suteak sortzea, naturalak zein gizakiak sortutakoak, nahigabe edo propio eragindakoak. Horregatik, eta bereziki azken asteotan Galizan zein Portugalen jazotako egoera lazkarrien ondotik eskuratu duen gaurkotasunaren ildotik, aurreko mendeetan gaiaren inguruan iritsi zaigun informazioari buruz galdetu diogu geure buruari.

1.- Etengabeko ardura

Gizakiari dagokionez, suteak suaren beraren erabilera hasi zenetik sortutako gertakariak dira. Modu honetan, aktetan topatzen ditugun lehen datuak ez ditugu beraien hastapen moduan hartu behar. Are gehiago, beste leku batzuetako dokumentazioak ere Oiartzunen edo oiartzuarren eta suteen arteko loturak islatzen ditu. Errenteriako udal aktek, adibidez, bere mendietan Bailarako hainbat auzok sortutako erreketen berri ematen digute, hala nola 1611n Migel Bidarte ikazkinak sortutakoa, Frantzisko Arpidek 1647an burututakoa edo beranduago, 1691 eta 1705ean, eragindakoak.

Oiartzungo udalbatzaren erregistroei dagokienez, erreketen berriak ugariak dira. Alde batetik etxeek, elizak edo bestelako eraikinek pairatutakoak ditugu: Añarbe etxea 1658an, Igartza, Azkue eta Maritxonea etxeak 1697an edo elizako koruan 1707an gertatutakoak kasu (A-1-1-1, 47 au.-48 au.; A-1-13-2, 188 au.-192 au.).

Ondorengo lerroetan begirada mendietan jarriko dugu, baina sute-arriskuaren egunerokotasuna ikusteko, hiri-munduko adibide bat eman nahi genuke, 1707ko abenduan udalbatzak emandako mandatu bat, hain zuzen ere. Orduz geroztik udaletxeko geletan lasto, ale, gari, egur eta bestelako trasteak sartzea debekatzeaz gain, une hartan zeudenak kentzeko agindua eman zen (A-1-13-2, 194 au.-194at.). Honek, etxeetan suak hartzeko arriskua zuten hamaika gauza pilatzen zirela adierazten du. Ez da harritzekoa, beraz, udal-agintarien ardurak etengabeak izatea eta halakoak gertatzen zirenean hainbat pauso finkatuta egotea; izan ere, edozein unetan garrek beraienak eta bi egin zitzaketen.

Beste hainbat gertakarirekin lez, ezkilak edo kanpaiak ziren suaren berri emateko tresnak, 1678, 1683 eta 1691n dakusagun moduan (A-1-3-2, 56 au-at.; A-1-5-1, 62 au.; A-1-7-1, 38 au.-39 at.). Horiek aditu orduko jendea elkartzen zen, sutea zegoen lekura joanez. Komunitateko partaideek betebehar hori barneratuta zuten eta era berean, udalbatzak, ardura horretan zebiltzanei askaria eta freskagarria emateko obligazioa zuen.

Suteen kontua aintzat hartzeko gaia zen heinean, hamaika lekutako udal-ordenantzek haien aurka egiteko neurriak bildu zituzten; hedatuena, ezbairik gabe, garrak amatatzeko gai moduan sagardoa eta ardoa erabiltzean zetzan, gure begietara harridura sortu badezake ere. Horrez gain, Oiartzungo kasuan Elizaldeko iturria funtzio horretara bideratu zen; are gehiago, 1695an beste inolako erabilerarik ez izatea adostu zen (A-1-8-3, 101 au.-at.). Dena den, bere erabilera erabilera auzunean gertatutako suteen aurka bideratuta egongo zen, hau da, gertu ematen ziren horietara.

Aktek mendietan jazotako suteei buruz dakarten lehenengo datua 1665ekoa da. Orduko apirileko idatzi batek Borrokazelaieta edo Borroagazelaieta eremuan izandakoaren berri ematen digu, bertako herri-larreetan jazotakoa. Agidanez sutea ezin izan zen segituan itzali; aitzitik, azkar asko hedatu zen. Eremu zabal bati kalte egin zion, eta besteak beste, ametz ugari erre zituen (A-1-1-2, 21 au.-22 at., 6. foliazioa).

“con gran trabajo se apagó (…) se a quemado partida de amezes”

1686an Iturrola eta Zumalikarreta artean eta Fagolako sarobean gertatu ziren bi suteek informazio zehatzagoa dakarte. Lehenengoan hirurogeita hamar zuhaitz-lepatu eta hamasei ipinabartu erre ziren; bigarrenean, berriz, hamazazpi lepatu (A-1-5-2, 41 au.-at.). Urte batzuk berandugo Beotegin gertatutako sutean, aldiz, lepatu eta enborrei dagokienez, hogei ez beste guztiak kiskalita gelditu ziren, kalteak 180 errealetan baloratuz. Erretako lursailak aldiz, bi golde edo uztaldiko tamaina zuen, 0’62 bat hektaera gutxi gorabehera (A-1-9-2, 213 au.-at.) (1).

2.- Errudunak eta zigorrak

Suteen aurrean, eta kalteak balioztatu eta erantzuleak topatzeko asmoz, udal-gobernuek beraien taktikak abian jarri zituzten. Horretarako, justiziak frogaketak egin eta lekukotzak hartzeko ardura zuen. Aipatu dugun 1686ko bi suteei buruzko informazioa hartzeko, inguruetako auzoak atxilotzea adostu zen (“se haga cautura de todos los circunbecinos de los parajes arriua dichos”); 1693an, berriz, susmagarri zirenak deitu eta atxilotzea erabaki zen (“llamar y prender a los indiçiados”).

Ikazkinak ziren horrelako jazoerak sortzen zituztenetako batzuk: txondorra egin eta hau zaintzen zuten bitartean, txinparta batek inguruan jo zezakeen, suari bidea irekiz. Baina beraiek ez ziren erantzule bakarrak; abeltzainen jardunak ere ondorio horiek ekarri zituen. Horren lekuko dugu Hamabiaritzetan eta Beobieta artean Sebastian Oiartzabal eta Martin Bengoetxeari 1697 urte erdialdean gertatu zitzaiena. Agidanez, biek, beraien 12-13 urteko morroi Joanes Bengoetxea lagun zutela, otadi zati txiki bati su eman zioten, azienda xehearentzako bazka sortzeko asmoz: “con prestesto de que huuiese un poco de pasto para el ganado menudo (…) dieron fuego a un poco de argomal”. Egindakoak, ordea, esku artetik ihes egin zien, suak ustekabean indar gehiago hartu eta beheranzko bidea hartu baitzuen. Itzaltzeko saiakerak antzuak suertatu zirenez, hainbat kalte eragin zituzten (A-1-9-2, 187 au.-at.).

Beharginek izan zezaketen arduraz gain, suteen kontua gaur egun hainbat eta hainbatetan susmoa hartzen diegun kontzientzia txarreko jendearen ekimenak ziruditen, giroa lagun zutela sortutakoak gainera. Arbide eta Oiartzabal inguruetan nahita piztutako suteak hori islatzen du, hegoaizea zebilela piztu baitzen: “alguna persona de mala conciencia auía dado fuego y yncendió a la juridizión d’este valle junto Arbide y Oyarzabal, que con la violençia y rigor de los vientos solanos peligrauan los montes y casas…”.

1705eko otsailean egin zen galdeketan berriz, egilearen nondik-norakoak ez daude oso argi, baina Pedro Altamira 29 urteko ikazkin oiartzuarraren esanek nahita eragindako gertakari baten aurrean gaudela aditzera ematen dute. Hark zioenez, lanean zebilen lekutik “hiruzpalau moskete tirora”, kapusaia soinean zeraman gizon ezezagun bat inguruari su ematen ikusi zuen. Altamiraren erreakzioa tipo horri garrasi egitea izan zen, kargu hartuz eta haren aurkako biraoak botaz: “vio a vn onbre con ropa de capussay y que estaua encendiendo fuego y le gritó al tal ombre maldiciéndole, pero no conoció al sugeto” (A-1-12-2, 44 au.-46 at.).

Sutea sortzeko zergatiak zergati eta interesak interes, erantzulea topatzea ez zen beti samurra izaten; hainbat adibide dira horren lekuko. 1691ko otsailean Arbide eta Oiartzabal arteko sutean edo 1693 uztailean Barkardaztegi errotatik gora sortutakoan, hori lortzeko zailtasunak agerian geratzen dira  (A-1-7-1, 38 au.-39 at.; A-1-8-1, 140 au.-141 au.). Adibiderik azpimarragarriena, ordea, Iturrola ondoko mendietan gertatutakoari eta bertan kiskali ziren haritzei buruz 1705eko galdeketa dugu. Hori ikertzeko hartu ziren 25 lekukoetatik seik bakarrik eman zuten nolabaiteko informazioa, laurdenak baino gutxiagok alegia, baina hobendunari dagokionez, datuak askoz urriagoak izan ziren.

Errudunei hainbat zigor mota ezarri zitzaizkien: axolagabekeria hutsez jokatzen zutenei, Jose eta Juan Perez Isasa ikazkinei Txaradin gertatu bezala, isun batez gain haritz-mintegi bat egiteko ardura ezarri zitzaien 1687an (A-1-5-3, 56 au.-57 au.). Bederatzi urte beranduago, 1696an, egoerak okerrerantz egin zuela ematen du. Orduko maiatzaren 19an hartutako erabakien artean, adierazgarri baino adierazgarriago bat hartu zen: uda-mendiei su emango zion pertsona orori heriotz-zigorra ezarriko zitzaion, erreinuko legeetan adostutakoa jarraituz  (A-1-9-1, 112 au.-114 at.).


“…ninguna persona sea osado de dar fuego a los montes y jurisdiciones de este Valle, pena de que el que se probare, se le dará la pena capital de muerte…”

Azkenik, garrantzitsua deritzogu beste kontu bat aipatzea: erretako egurra edo sutearen ondoren kalterik gabe geratzen zen zura aprobetxatzen zen. 1687an Txaradin erre ziren ikatz-egur zamak, adibidez, enkantean atera ziren (A-1-6-1, 106 au.-107 au.; eta A-1-6-2, 111 au.-at.). Honek, ezbehar baten ondotik sortutakoek ere nolabaiteko erabilera zutela erakusten du. Eta hori da, basoaren kasuan, aurreko gizartearekiko desberdintzen gaituena. Salbuespenak salbuespen, beraien bizitzan gertu eta eskura zituzten oihan, zuhaitz eta bertako fruitu eta animaliek gurean baino protagonismo zuzenagoa zuten.

Iago Irixoa

(1) Garaiko neurriei dagokienez, ikus CARRIÓN ARREGUI, I. M.ª: “Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos”. In: Vasconia, 24 (1996), 59-79 orr., bereziki 64 orr. eta 24 oin-oharra.

Argi galdeketa

2017-11-15
Categorías: Archivos, Getaria,

Herri galdeketak eta argiteria elektrikoa. Arrazoi batengatik edo besteagatik, argi dago Euskal Herrian oso presente dauden bi gai direla, bestela, saia dadila edozein egungo errealitatea bi hauek gabe imajinatzen. Baina, gure helburua ez da baten edo bestearen pisua neurtu edo baloratzea, baizik eta Getariako bien arteko lotura historikoa zuenganatzea.

Alde batetik, gai eta eskala ezberdinetako herri galdeketek azken urteetan izan duten pisua ezin da zalantzan jarri, hauen artean entzutetsuenak, Gure Esku Dago dinamikaren bitartez eginiko eskualde mailakoak izan direla esan daitekeelarik. Bestetik, argindarrari dagokionez, pertsona ororen egunerokotasuna baldintzatzen duen fenomenoa dela ukaezina da, uneoro erabiltzen ditugun gailu guztiek korronte elektrikoaren bitartez funtzionatzen baitute. Argindarrik gabe geldituko bagina munduaren amaieraren pareko zerbait izango litzateke, esaterako, etxetresnak erabili ahal izateko oinarrizko baliabiderik gabe geldituko ginateke eta.

Getarian 1896. urtera arte ez zen argindarra herrian aplikatu eta zabaltzeko imintziorik egin, baina aipatutako urtetik aurrera, inguruko herriak adibide modura hartuz, Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.  1896. urtean Udalak eginiko herri galdeketa batek markatu zuen ezagutzen ditugun argindar elektrikoz betetako etxeak egituratzen joateko lehen pausoa.

Udal artxiboko dokumentazioak erakusten digunaren arabera, 1896 irailaren 27an, Udal Batzordearen aginduz aguazila bidali zen argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko herri galdeketa egitera: “para que en nombre  de la Corporación explorase la voluntad del vecindario acerca de las luces que se proponen tomar de luz eléctrica”. Dirudienez, aguazilaren galdeketak ez zuen arrakasta handiegirik izan, 60 inguru iritzi besterik ez baitzituen jaso garai honetan 1351 biztanle zituen herri batean. Honen aurrean, Udalak hartu zuen gaiaren inguruan erabaki bat hartzeko ardura. Horretarako, komisio bat eratzeko erabakia hartu zuten urriaren 10ean, komisio honen ardura bihurtuz argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko nondik norakoak. Udal aktetan aipatzen da Udalarentzat oso garrantzitsua zela argindar elektrikoaren afera, betiere, herriaren garapenean oinarrituta. Mende bat igarota, komisioaren parte izan zirenak hemen egongo balira, Getaria goitik behera aldatzearen eragileak izan zirela konturatuko lirateke.

Xabier Etxeberria Lasa

Testamentuek diotena

2017-10-30
Categorías: Archivos, Asteasu,

Asteasuko artxibo honetan, beste dokumentu mota desberdinen artean, baditugu gordeta hainbat testamentu XIX. mende aurrekoak, horien artean zaharrena XVI. mendekoa izanik. Hortaz hitz egingo dugu oraingoan.


Testamentuek informazio asko gordetzen dute bere baitan eta oso baliagarriak dira mota desberdinetako ikerketak egiteko. Beste gauza batzuen artean, informazio ekonomikoa, erlijiosoa edo juridikoa eskaintzen digute. Baita ere ahaidetasun erlazioak ezagutzeko edota heriotzaren inguruko ohiturak ezagutzeko dira erabilgarriak, izan ere, dokumentu mota honen bitartez heriotzaren momenturako gai pertsonal guztiak argi uztea lortu nahi zen, horregatik islatzen ziren hainbeste datu testuetan.

Kasu honetan esku artean dugun testamentua Asteasuko Juan de Bulanori dagokio. Juanek bere gauzak prest utzi nahi izan zituen hil ondoren arazoak suertatu ez zitezen bere seme-alaben, ondorengoen eta zordunen artean. Baina badu beste helburu bat ere testamentua hau egiteko. Zehatz mehatz adierazten du non nahi duen hilobiratua izatea eta ospatu beharreko hileta-elizkizunak. Dokumentu hau egin zuenean Etxarri Aranazen bizi zen, baina jaiotzez Asteasukoa zenez, hil ondoren bere jaioterrira bueltatu nahi du eta bertako eliza parrokialean hilobiratua izan nahi du “Joan de Bullano mi hijo a sus propias costas mi cuerpo aya de llevar y lleve al dicho lugar de Asteasu y sea enterrado en la iglesia del dicho lugar dentro de la dicha iglesia en la sepultura donde [a mi Joan mi hijo] y mis herederos les pareciera”. Baita ere idatziz agintzen du bere omenez bederatziurrena, urteurrena eta beste hiletak ospatzea nahi duela, guztiak bere semearen kontura.   

Behin bere hiletak argituta, zorren gaira pasatzen da, hil baino lehen ezin izango zituen denak kitatu eta. Hori dela eta, zerrenda bat egiten du eta bertan zehazki aipatzen du zeinbait diru (dukat) zor dion nori edo nork zor dion zenbat berari eta zergatik. Bera hargina zen, beraz hornitzaile askorekin negozioak egiten zituen, adibidez, Catalina Lordenarekin (?). Emakume honek kare bizia saldu zion eta ondoren Juan de Bulanok harriaren inguruko lan batzuk egin zizkionez “son seys ducados o lo que ella en su conciencia diciere mando le sean pagados”. Honetaz gain, errementariei, zapatariei eta bestelakoei ere zor zien. Bestalde, kontrakoak ere badaude, adibidez, Hondarribiako Tomas batek berari zor zion harategian egindako lan batzuengatik. Modu honetan zordunen zerrenda 6 orriren bitartean luzatzen da.

Ikusten da nahiz eta urteak eta mendeak pasa, badaudela hainbat gauza eta ohitura ez direla aldatu. Aurrean dugun dokumentua 1558 urtean sinatutakoa da, hau da, orain dela 459 urte, eta urte guzti hauetan zehar badaude zenbait gauza ez direnak aldatu, alde batetik, eliza ospakizunak, bederatziurrena eta urteurrena adibidez, oraindik ere egiten dira. Bestalde, heriotzak harrapatzen gaituen momenturako gure gai guztiak eta ondorengotza ondo lotuta uztea esate baterako. Izan ere, testamentuak erromatar garaian ere egiten ziren, beraz, esaten den bezala, guk ez dugu ezer asmatu.

Amaia Mendizabal

XIX. mende amaierako eskolak Getarian

2017-10-30
Categorías: Archivos, Getaria,

Irailarekin batera hasi dira eskoletarako joan etorriak, honek herri guztietan dakartzan aldaketa guztiekin, udako ohiturekin alderatuz betiere. Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun haur edo gazte guztien eskolaratzearen, eta honek dakarren alfabetizazioaren, garrantzia. Baina ziurtatu daiteke hori ez dela horrela izan historian zehar. Udal artxiboak eskeintzen digun dokumentazioarekin, Getariako eskolen inguruko  XIX. mende amaierako zenbait argitzapen egin daitezke.

Ezer zehaztu baino lehen, XIX. mende amaierako euskal eskolen azalpen batzuk ezinbestekoak dira garaiko errealitatea ulertzeko. Alde batetik, kontuan izan behar da espainiar estatuak gidatutako uniformizazio politikaren garaiaz ari garela, hezkuntza sistema zentralizatuaren ezarpenaren garaiaz alegia. Berrezarkuntzaren ezarpenetik aurrera eta foruak galdu ziren momentutik, euskal lurraldeek hezkuntzaren gainean zituzten eskumenak galduz joan ziren. Bestalde, eta aipaturiko foruen galerarekin, euskararen presentzia hezkuntzan ia guztiz galduko da, nahiz eta euskararen aldeko eskola planteamenduak  agertzen joango diren, ekimen pribatuaren bidez noski.

Hezkuntzaren erregularizazioa Moyanoren legearen (1857) bitartez hasi zen garatzen espainiar estatuan, eta honen arabera, lehen mailako irakaskuntza udalerrien esku geratzen zen. Gauzak honela, udal artxibotik lehen mailako irakaskuntzaren informazioa atera daiteke. Udalbatzarretako aktek hiru eskola publiko zeudela islatzen dute:

  • Escuela pública de niñas de Guetaria: lehen aipamena 1874ko irailaren 20koa da.

  • Escuela pública de niños de Guetaria: lehen aipamena 1882ko martxoaren 19koa.

  • Escuela de niños de Askizu: lehen aipamena 1886ko urriaren 17koa.

Aipaturiko hauetaz gain, beste eskola pribatu bat ere existitzen omen zen:

  • Escuela habitación de Fermina Arizpe: lehen aipamena 1895eko urriaren 20koa.

1897. urtean 1300 biztanle zituen herri batentzako eskola kopuru hau ikusita, eskolaratze maila altua zeukala pentsa daiteke. Baina dokumentazioak hori gezurtatzen digu, 1883ko apirilaren 15eko udalbatzarreko aktan adierazten baita haurrak eskolaratzen zituzten gurasoak sarituak izango zirela. Ukaezina da sariak emateko beharra bazegoen, eskolaratzearen maila oso altua ez zela. Familia guztietan haurrak lan-esku garrantzitsua ziren garai honetan, sariak pizgarri modura erabili zitezkeela pentsa daiteke, gutxienez, haurrak eskoletan izena ematen hasteko.


Xabier Etxeberria Lasa


*Irudia: 1882 urteko Escuela pública de niños de Guetaria­-ko lokalaren planoa. Iturria: Getariako udal artxiboa

Meatzeak, mundu ezkutu bat?

2017-10-13
Categorías: Archivos, Oiartzun,

zArditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Milaka urteetan zehar izan duten erabileraz gain, duela hainbat denbora abian jarritako interpretazio zentruak beraien ohiartzuna areagotu egin du. Toponimia arloan ere jarduera horrek arrastoak utzi du, eta horren adierazle dira “Gazteluko meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta” edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.

Dirudienez, erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Modu honetan, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena eskuratu zuela ematen du, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoean ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Araudi hau jaso zuten lehenengoak Irun eta Oiartzungo olagizonak izan ziren 1328an, nahiz eta denbora gutxian, handik hamar urtera hain zuzen ere, Gipuzkoako lurralde osora hedatu. Egia da burdin-mea gehiena inportatu egiten zela, baina ez dugu ahaztu behar bertakoa gertuen eta eskura zegoela; hortaz, horrek ere bere eragina izango zuen araudi hori jasotzerako garaian.

1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku


Meatzeak erregalia ziren. Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat esparru eta baliabideren gainean berezko zituen edo berarenak bakarrik ziren pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Honek esan nahi du erregea zela esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau hala izanik ere, burdina lurretik ateratzearen inguruko mundua anitza zela esan daiteke. Erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, beraz, hamaika egoera eman ziren: batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten inguruetara hurbildu eta horiek ustiatzeko. Baina besteetan, denborak aurrera egin ahala, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen, eta pertsona ezberdinak ziren ondasun hori kudeatzen zutenak, lan-hitzarmenak sinatuz.

Meatzaritza munduak, harekin estuki lotutako burdinolekin gertatu bezala, legedi goiztiarra izan zuen. Nahiz eta korrejidorea mundu horri lotutako kontuak epaitu eta aztertzen zituena izan, hainbat lekutan meatzariek garrantzia handia eskuratu zuten. Arrasaten, adibidez, lanbideak berezko kofradia edo elkarte bat sortu zuen, eta meatzaritzari lotutako hainbat esparru oso goiz arautzen hasi ziren, 1434 urtea baino lehenago.

Esan bezala, monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak hori berretsi behar bazuen ere. Erdi Aro eta XVI. mendean zehar ez dirudi erregeek halako askorik eman zutenik, baina Oiartzungo udal aktek horren inguruko adibide bat ematen digute, 1706 urtekoa. Orduan Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen, Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak plangintza begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Bertan, jarduera hori bideratzeko Justizek beharrezko zituen putzu eta zundaketa lanetan inolako trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen berehala, jarduera hori Bailararen (eta Probintzia beraren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: Agidanez, azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako eragozpenik ikusi (A-1-13-1, 264 au.-264 at).

2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamen edo berriak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute, erran nahi baita Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrak emandakoak direla. Gunea herri ezberdinen arteko mugetan egonik, ohikoa zen batekoen eta bestekoen arteko eztabaidak sortzea, hala nola Irunen eta Bailarako meatze-gizonen artekoak. Halakoak 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira: 1679ko abuztuan, adibidez, udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik (A-1-3-3, 102 at.-104 au.). Hainbat urte berandugo berriz, 1694an, Joanes Makutso oiartzuarrak Aiako Harrietan ustiatzen zuen meatzean jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea hartu eta Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Kontuak ohiko salaketarako aitzakia emanik ere, uste baino garrantzia handiagoa zuen, txertatzen zen testuingurua zela eta. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziek aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.


“…diferentes cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y enbargádoseles sus bienes” (A-1-8-2, 96 au.-96 at.)

Tentsio hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe egon beharko zutelarik eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko aukera izango zutelarik. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan; ez behintzat meatzeetan lan egiten zutenen artean.

3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Kaletar, baserritar, ikazkin, olagizon, artzain, unai, behizain eta bestelakoekin batera, meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren, Modu honetan, udalbatzarentzat ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan, antolatzen ziren auzolanetan parte hartzen zuten. Honen arabera, meatzariek Ergoien aldean bizi edo denbora dezente ematen zutela dirudi. 1691an adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariei, Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu zitzaien; 1692, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren (A-1-7-1, 139 au.-140 au.; eta A-1-7-2, 169 au.-169 at.)

Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzariei dagokienez, beraien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera, auzoak aitzurrekin joango ziren; itzainak aldiz, idiekin; mandazainak, zelabereekin; eta azkenik, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin.




“acudan todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas peñas…” (1691. urtea; A-1-7-1, 140 au.)

4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua

Burdinolen lehengai moduan Bizkaiko mineralak lehentasuna izan zuen, hainbat faktore direla eta: lortzeko erraztasun handiagoa, kalitate hobea eta Gipuzkoan bertan behar adina mineralik ez zegoela, besteak beste. On Manuel Lekuona zenak bere Oiartzuni buruzko monografiaren 80 orrialdean, mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz. Baina hori guztia hala izanik ere, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan zegoen minerala erabiltzen ez zenik.

Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa ematerako garaian eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuten 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ordea, ez zen guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Horren lekuko dugu gorago aipatu dugun Makutsoren kasua, baina Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Honen aurrean debekua saihesten ahalegindu ziren eta segituan Bailarak Probintziara kexuak adierazi zituen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela. Bailarak argudiatzen zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek goranzko bideari ekingo zioten (A-1-1-2, 5. foliazioa, 19 au.-20 at. eta 32 au.-33 au.).

Probintziaren xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina luzera mendeetako joera etetea zaila suertatu zen. Aurreko debekua eta hogeita hamar urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales” (A-1-7-2, 10 au.-10 at.). Agindua berriz ere 1696an eman zen, betetzen ez zelaren seinale, baina egia da ondorengo urteetan gaiari lotutako informaziorik ez dugula.

5.- Izen eta protagonista batzuk

Olagizon, ikazkin eta mendietan, baso eta oihanen ilunetan, lan egiten zuten beste beharginen antzera, meatzarien bizitzaren nondik norakoen berri askorik ez dago. Datuak ateratzeko udal aktez haratago doan dokumentazioa kontsultatu beharko genuke, notario-protokoloak eta bereziki, auziak. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik informazioa ez da guztiz antzua, eta datu bat izanez gero, haritik tiraka beste hainbat topatzeko aukerak egon daitezke.

Mea esportatzeko debekuei esker adibidez, meatzari horien izen batzuk plazaratzen zaizkigu. Arrazoia, logikoa da: udalbatzak hartutako erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren eta horietan pertsona jakin batzuen izenak jaso egiten ziren. Halako kasua 1664 urtekoa dugu, honako meatzariak aipatzen direlarik:

- Sebastian Arburu

- Juan Etx[…]

- Felipe Intxaurrandieta

- Juanes Isasa

- Martin Perez Pikabe

- Migel Pikabe

- Martin Perez Altamira

- Juan Olaziregi Arain, gaztea

- Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia

- Bonifazio Etxebeste

- Juanes Ibarburu Beroaltza

- Pedro Maia

- Pedro Isasti

- Juan Makutso Algorri

- Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

- Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa jakitea zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean; halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena, 1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zela. Ezin ziurtatu, ordea, datuek meatzarien artean agertzen zaizkigun bi lagunekin lotuta dauden ala ez.

Batzuetan, berriz, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez, 1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi den Juanes Inda, berriz, 1701ean dugu. Orduan udalbatzak bere aldeko ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik. Baina adibide guzttietan adierazgarriena, zalantzarik gabe, Bonifazio Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen lotura estua islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen 1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain, hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak mendi-ikuskatzaile moduan izendatua izan zuen. Lan mundutik kanpoko berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme moduan aitortu zitzaiola azpimarratu dezakegu.

Azkenik, datu azpimarragarri bat meatzarientzat morroi lanetan zihardutenen ingurukoa da. Aurreko zerrendan egoera horretan daudenak hainbat lagun dira. Ez da harritzekoa, garaiko gizartean guztiz errotutako kontua baitzen, beste hainbat ogibidek islatzen duten moduan. Baina informazio hori 1701 urtean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu dezakegu. Azken honetan datu deigarri bat aditzera ematen da: langileei, beraien ordez umerik bidali ez zezatela agintzen zitzaien (A-1-11-1, 25 au.). Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino; baita meatzarien kasuan ere.

Iago Irixoa


Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila

2017-10-13
Categorías: Archivos, Zumaia,

Zementugintzak garrantzia handia izan zuen Zumaiako industrializazioan. Ekoizpen honek eman zion hasiera hain juxtu herriko industrializazio prozesuari XIX. mendearen erdialdera, eta Urola Beheko zementu fabrikek hartu zuten garrantziari esker, Zumaiako portua “Interés General de Segundo Orden” izendatua izan zen 1883an. Zementu naturalak Zumaian izan zuen indarraz jakitun, artxiboan honen inguruko datuak topatu nahian ibili gara.

Esan beharra dago ez dugula batere erraza izan, baina honek ez gaitu ezustean harrapatu. Ekoizpen bati buruzko informazioa lortzeko lehen iturriak interesatzen zaigun produktua ekoizten zuten enpresak izaten dira. Gauza jakina da, ordea, enpresen artxiboak pribatuak direla eta hauek ez direla informazioa publikoki partekatzearen oso aldekoak, ezta enpresak ateak itxi eta desagertzen denean ere. Hala ere, enpresako informazioa interesgarri gertatu daitekeenaz jabetzen direnak eta enpresako agiri funtsa udal artxiboei eskaini izan diotenak ere badira, Gipuzkoan hauek salbuespen gutxi batzuk izan arren.

Zumaiako kasuan, tamalez, udal artxiboan oso dokumentu gutxi topatu ditugu herriko zementu naturalaren ekoizpenaren berri eskaintzen dutenak. Aurkitu ditugun gehienak Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresarekin erlazionatuta daude. Hauek “Zumaya” izenez ezaguna zen zementu naturalaren zabalkundearen berri ematen digute. Baita, fabrika horretan lan egiten zuten langileen izenak jaso eta hauen soldaten berri eman ere. Datu hauek, ur frexkagarria izan dira desertuan.

Lehenengo kasuan Gurruchaga, Lopez y Compañíak bere ekoizpena merkaturatzeko pausoak azaleratzen dituzten posta-trukea dugu. Pedro Gurruchaga Uriartek, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La Zumayana” izeneko zementu fabrika. 1903an, Pedro hil ondoren, Gurruchaga, Lopez y Compañía sozietate kolektiboa sortu zuten, bazkide berriak sartuz. Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, lehiakide beteranoenei aurre egin behar izan zien. Udaletxean Oviedoko probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak 1905eko uztailaren 21ean igorritako gutun bat aurkitu dugu. Bertan, (..) ha de ser difícil luchar con los fabricantes de esa Sres. Corta y Uriarte, ya acreditados, que desde hace tiempo proveen a contratistas y al comercio de esta región, vendiendo hoy en idénticas condiciones a las que VV. proponen”.

Agian, bertako konpetentzia handiak bultzatuta edo, enpresa honek nazioarterako pausoa ematea erabaki zuen. Horren erakusgarri da Mexikon bere ekoizpena merkaturatzeko ahalegina erakusten duen posta-trukea. Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresako arduradunak Mexikoko Felipe Neumman y Cía. enpresarekin jarri ziren harremanetan 1905ean. Mexikoko gobernua zenbait obra egitekoa zen garai hartan eta horretarako zementu naturala behar zuen. Hasiera batean Mexikoko Parlamentua eraikitzeko zen zementu eskaera, baina hau laster handitu zen. Dirudienez lurraldean zenbait azpiegitura hidrauliko egin nahi ziren, tartean Xochimilcokora ura bideratzeko akueduktuak. Hau dela eta, Mexikoko Gobernuak, obra hauentzako beharrezkoak ziren lehen 100.000 zementu natural upelak nori erosiko zizkion erabakitzeko lehiaketa deitu zuen.  Zumaiako enpresak ez zuen Allen enpresa alemaniarraren baldintzak hobetzea lortu, Hamburgotik Veracruzerako fletea merkeago suertatzen zelako. Dirudienez hemen bukatu ziren Mexikorekin negozioak egiteko saiakerak.

Aurkitu dugun beste dokumentu interesgarria “La Zumayana” fabrikako langileen izenak eta postuak islatzen dituzten 1891, 1901, 1903, 1904 eta 1905eko zerrendak dira. Lehen zerrendan, langileak zementu ekoizpenarekin lotutako 5 sailetan banatzen zirela ikusten da: xehetze saila, erretze saila, bapore saila, paketatze saila eta portuko biltegiko arduraduna. Sail hauek gutxitzen edo langileak bateratzen joan ziren urteak pasa ahala. Horrela, 1903ko zerrendan xehetze saila eta erretze saila dira aipatzen diren bakarrak. Langile kopurua ere nabarmen jeitsiko da, ziurrenik prozesuaren atal baten nolabaiteko mekanizioak bultzatuta edo. 1891ean 18 langile zituen fabrikak, 1901ean 14, 1903an 5, 1904ean 7 eta 1905ean 2. Azken urte honetako bi langileek xehetze eta erretze sailean batera lan egiten zuten. Langile guzti hauen artean emakume izen bat topatu dugu 1901eko zerrendan: Clara Olaizola. Honek paketatze sailean egiten zuen lan zakuak sakabanatzen. Azkenik, datu baliagarri bat: 1891ean eta 1901ean langileen soldatak agertzen zaizkigu. Horren arabera, 1891ean 2,5 pezeta inguru kobratzen zituen langile batek “La Zumayana” enpresan eta 1901ean 3,5 pezeta inguru.

“La Zumayana” zementu fabrikak 1907an utzi zion ekoizteari. Hala ere, egun ikusgarri daude ekoizpen multzo honen hondarrak. Hauek gertutik ezagutzeko eta Zumaian zementugintzak izan zuen garrantziaz jabetzeko aukera paregabea duzue urriaren 7an 10:30ean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa taldeko kideek Narrondoko industriagunea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute. Izen emateko 943 86 10 56 telefonora deitu besterik ez dago. Hemendik bertara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Izan ere, zementugintzaren inguruan aritzeko zein ZIIZeko kideak baino hobeto?

Oihana Artetxe

*Argazkia: Gurruchaga, López y Cía. enpresaren dokumentu baten buruko irudia


Zaharrak berri

2017-09-26
Categorías:

Euskal sorgortasunaren adiera nagusiena ematen duen esaera zaharrak bizitasuna eta etengabeko mugimendua estaltzen du. Ez soilik iraupena. Mugimendua.

Gure amets (profesional) zaharrenetarikoa berri egin zaigu: Gipuzkoako artxibategi orokorrean gordeta dagoen auzietako agiriak indexatzea. Kontu zaharrak modu berrian prestatu; ikerketan lagungarria. Jada COUCI osoa dago kontsultagai http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/funtsak.php gunearen bitartez. Urtea amaitu baino lehen, baita besteak ere! Hobe dugu bai, bestela ametsak betetzea komenigarria ez dela iragartzen duen bestelako esaera zaharra aipatu beharko dugu.

Aintzinako lekuko material ez dira soilik agiriak. Bestelakoak gordetzen dira Aldundiko Gordailuan; eta han ere kolaboratzeko aukera izango dugu hurrengo asteotan.

Zaharra dugu ere Komikigunearekiko gure harremana; berria, ordea, urteotako interes zientifikoa horren agerikoa izatea. Batetik, Kike Infame eta Mikel Begoñak sortu erakusketa; bestetik, Jose Carlos Torresen tesia, komikiguneko bilduma oin hartuta Egilleorri buruzkoa. Bidean, batetik Castañeda eta Pinedaren eta bestetik Tapizen artikuluak errekuperatu ditugu.

Honek guztiak udazken beroa aurreratzen du Komikigunean, ohi bihurtu den bezala. Adi egon, berriak zahar bihurtuko zaizkizue bestela.

Liburutegien zein artxiboen gaineko formakuntzarekin segitzen dugu, erronkan berrien aurrean zehar ez geratzeko, hala administrazio elektronikoaren arloan nola hedapenari dagokienez.

Eta, amaitzeko, HormekDiote zaharberritu da; berriz ere. Horrela, inteneteko berkokatu dugu; honatx: http://hormekdiote.ereiten.eus/home  Eta, gainera, Pasaiako udalaren ekipamendu kultural berria inauguratzeko zer aukeratu eta... Haatik Dantza Konpainiaren HormekDiote lana.

Bai, zaharrak berri. Baina ez ahantzi: Dabilen harriari goroldiorik ez.

Zinematografoa Villabonan

2017-09-22
Categorías: Archivos, Villabona,

Datozen egunetan Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioa ospatzen dela eta, Villabonan zinemak eduki duen garapenari buruzko berri batekin gatoz oraingoan. Gure erara zineari omenaldi xume bat egiteko modua da.

Villabonako artxiboan zineari buruz hitz egiten diguten testu desberdinak dauzkagu, zaharrenak akta liburuetan jasotakoak izanik. Lehenengo erreferentzia mende hasierakoa da, 1909 urtekoa, Lumière anaiek lehen aldiz mugimenduan irudiak kaleratu eta 14 urte beranduagokoa hain zuzen ere. Urte horretako aktei esker, badakigu garai hartan filme proiekzioak aukeratzeko gaur egun egiten diren kontratazioen antzeko sistema erabiltzen zutela. Hau da, pertsona desberdinek euren eskaintzak edo proposamenak egiten zituzten eta ondoren Udalak udalbatzan aukera egokiena, edo beste era batera esanda, merkeena aukeratzen zuen. Kasu honetan bi sesio zinematografiko daude jokoan 1909 urteko uztailaren 20ko udalbatzan. Hau dio testuak:

“Luego se dio cuenta de las proposiciones presentadas para dos sesiones cinematograficas los días veinte y cinco y veinte y seis del actual, por los Sres. D. Hilario Lopez, D. Pedro Lopez Gallego y D. Antonio Martin, mediante las sumas de ciento diez, cien y noventa pesetas respectivamente; y el Aynto. acordó aceptar la última de D. Antonio Martin, por resultar la más económica” (Sig.: 0010.01 CF).

Horrela, XX. mende hasieran bi egunetan eskaintzen ziren zine emanaldiak. Soinu gabeko pelikulak izango ziren hauek, hau da, mutuak izango ziren, soinudunak agertu arte oraindik urte batzuk pasa behar baitziren, eta noski, txuri beltzekoak. Ez dakigu ordea, emanaldi horien maiztasuna eta lekua. Honen inguruan, kronologikoki daukagun hurrengo dokumentuak argitzen digu zerbait. Izan ere, pertsona partikular bat zen zinematografoaren jabe. Francisco Locamorak 1910eko urtarrilaren 18an udaletxeko kapitulu-gelaren erabilera eskatzen du, baina Osoko bilkuran bere eskaera atzera botatzen dute udal ordenantzen aurka joateagatik. Hilabete batzuk beranduago, maiatzean, herriko festak hurbiltzen direnez zinematografoa eskaintzen dio Udalari festetan erabili dezan herritar guztien gozamenerako. Artxiboan dugun dokumentazioari so eginez, ikus daiteke urtero Santioko festetan zine proiekzioak eskaintzen zirela. Zerbait berezia zela garai hartan nabarmen da. Charles Chaplinen pelikularen bat eman ote zuten Villabonako zinean?

Mendearen erdialdekoa izango da Gurea zinemaren inguruko lehenengo aipamena. 1946 urtean eraiki zen kale Berrian Parrokia etxearekin batera, izan ere, hasiera horretan “Acción Católica” izan zen zinemaren sustatzaile. Ez dakigu zehazki zenbait denbora iraun zuen aretoaren eraikuntzak baina badakigu 1955erako martxan zegoela, urte horretako dokumentu batek ikuskizunen gaineko zergaren ezarpenari buruz hitz egiten digu eta.

Beraz, XX. mende erdialderako Gurea zinema eraikita eta bere ibilbidea hasita dago. Garai honetarako oso hedatuta egongo da zinema eta Villabonan badakigu hileroko programazioa zegoela. Kontutan edukita garai hau frankismoaren garaia dela, ez digu harrituko zinema propaganda bezala erabili izana eta bizitzako adar hau ere kontrolatua egotea. Biztanleriari iristen zitzaion informazioa ondo kontrolatu behar zen eta horretarako, hilero Informazio eta Turismoko Ordezkaritza Probintzialetik gutun bat jasotzen zen udaletxean hilabete bakoitzean proiektatuko ziren pelikulen zerrenda jakinarazteko. Modu honetan, sistemaren aurka zihoan pelikularik ez zela argitaratuko ziurtatzen zuten. Garai honetako zineari buruz hitz egitean ezin dugu aipatu gabe utzi frankismoaren propaganda tresna garrantzitsu bat: NO-Doa, “Noticiarios y Documentales”. Pelikulen proiekzioaren aurretik ematen zen NO-DOa eta bertan erregimenaren aldeko berriak eta erreportajek argitaratzen ziren.

1965 urtean Jesusen Bihotza Ikastolaren eraikuntzarekin batera, Gurea zinemaren handitze proiektua ere proposatuko da. Obra proiektu honen sustatzaile Villabonako parrokia izango da eta bere ardurapean egongo da zinea 1991 urtera arte. Momentu honetan Udalari eraikuntzaren lagapena egingo dio eta hemendik aurrera Udalaren esku geldituko da gaur egun arte.

Eraikina eta instalakuntzak eguneratuz joan dira etengabe. Orain dela urte batzuk 3D pelikulak proiektatzeko pantaila bat jarri zen eta instalazioak jarduera anitzetarako erabiltzen dira. Azken 20 urteetan ez da pelikulen proiekzioetarako soilik erabiliko Gurearen eraikuntza, baizik eta ekitaldi kultural desberdineratako. Bertan erakusketak, antzezlanak, musika emanaldiak, hitzaldiak, e.a. ospatuko dira. Hori bai, nahiz eta kulturgintzako arlo desberdineratarako erabilia izan eta izena ere aldatu izan, beti ezagutuko dugu Gurea Zinea bezala eta bere ibilbidearen hasieran bertan proiektatuko zituzten seguruenik Metropolis, Lo que el Viento se Llevó, edo Charloten pelikula desberdinak.

Amaia Mendizabal

Oiartzun jai giroan

2017-09-07
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Uda jai garaia dugu, zalantzarik gabe. Festak hamaika lekutan ospatzen dira, izan hiri, herri edo auzuneak. Sanjoanetatik hasi eta aste luzeetan zehar, ondo pasatzeko giroa nagusi da. Denbora asko ez dela, herrietan ematen ziren ospakizun, festa eta jai gehienak egutegi kristau-katolikoak finkatuak ziren. Errealitate hau askoz adierazgarriagoa izan zen Antzin Erregimenean, Elizaren presentzia gizartearen hamaika esparrutara hedaturik baitzegoen. Edolona ere, hainbat antolakuntzan gizarte zibilaren partaidetza agerikoa zen, leku ezberdinetako auzo eta gobernuek beraien zeregina bete zutelarik. Hori dela eta, udal aktetan maiz agertzen dira mundu horrekin zerikusia duten kontuak.

1. Egutegi finko bat eta ez-ohiko hainbat gertakari

Elizari lotutako ekitaldiez gain (sermoiak, mezak, prozesioak…), Bailaran bestelako jarduerak ospatzen ziren garaiak bost ziren: Pazko garaia, Corpus eguna, uda hasierako San Joan, San Pedro eta San Martzial egunak eta, jakina, Done Eztebe, Oiartzungo zaindaria. Azkeneko biak izan ezik, beste data seinalatuak herriz herri ospatzen ziren; hau da, Mendebaldeko zibilizazioan, eta zehazki herrialde katolikoetan.

Baziren, hala ere, beste egun berezi batzuk, hala nola erregeei lotutako gertakari gogoangarriak: jaiotzak, heriotzak, koroatzeak edo igarotzeak. Orokorrean halakoak alardeekin ospatzen ziren: hor ditugu 1665ean Carlos. II.aren koroatzea zelebratzeko egindakoa edota Felipe V.a bailaratik 1701 eta 1706 urteetan pasatzean burututakoak.

Batzuetan ekitaldiak alor militarretik haratago zihoazen, 1707ko iraila aldera infantearen jaiotza ospatzeko adostutakoak, kasu. Ondorengotza Gerraren ondorioz egoera ekonomikoak okerrerantz egin bazuen ere, Probintziaren idatziak aintzat hartuz, hainbat ekitaldi burutzea pentsatu zen: gozematea, dozena erdi antzarren lasterketa, zezenketak, idi-suzkoa  (“que se haga una manta cargada de cuetes para un buey que corra el primer día de los toros”) eta musiganga bat; hau da, mozorro xelebre edo bitxiekin antolatutako herri-festa, bereziki deabru edo animaliak irudikatzen zituztenak.

1702an erregearen guda-garaipena ospatzeko hartu zirenak, berriz, bitxiagoak dira, hainbat auzok aurkeztutako ekimen baten aurrean gaudela ematen baitu eta ez, ordea, udalbatzaren erabaki baten ildotik antolatutakoa. Hasiera batean hainbat gizonezkoek udalbatzari Mikelazulo edo Galardigibel inguruan jaia egiteko asmoa agertu zioten, baina gobernuak Elizaldeko plazan egitea adostu zuen, leku hura zikina egoteaz gain, eremua (“despoblado”) zelako. Horren ordez, Elizaldeko plazan egitea erabaki zen, berri ona ospatzeko asmoa zuten Bailarako beste baserri, basetxe eta auzoekin batera. Ez zen gutxiagorako, izan ere, antzar harrapaketa, txupiñ eta itxaferuez gain, emakumeekin dantzaldia (“baile con nuestras mujeres”) ospatzekoa asmoa agertu zuten; eta badakigu elizak halakoei zer beldur zien.

Erregeari lotutako ospakizunez gain, erlijioarekin zerikusia zuten ez-ohiko festak ere izan ziren. Batetik 1662an Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko antolatutako sermoia, suak eta bolbora pizteak. Bestetik, eta Bailaran berebiziko garrantzia izan zuena, Done Eztebe martiriaren erlikiak Errenteriatik Oiartzunerako lekualdatzea ospatzeko 1692ko irailaren 12an antolatu zirenak (1). Adostutakoaren arabera, gorpuzkinei ongi etorria emateko egun horretako goizeko 8’00tan bailarako auzo eta biztanle guztiei Arragoako larrera joatea agindu zitzaien, Errenteria eta Oiartzunen arteko mugara hain zuzen ere,  beharrezko zituzten arma, bolbora, soka eta bestelakoekin batera; eliz-kabildokideak berriz, beraien arroparik onenak jantziko zituzten. Horrez gain, predikatzaile bat, zezenak, txupiñak eta itxaferuak, 8 antzarren lasterketa, alardea ospatzeko bi danborjole eta, azkenik, Donostiatik propio ekarritako organojolea eta berarekin batera jarduten zen kornetajolea ekartzea erabaki zen.

Erlikiaren etorrera ospatzeko ekitaldiak islatzen dituen udalbatzarra

2. Jaiak ospatzeko ekitaldiak

Aurreko adibideak ez-ohiko jaiak baziren ere, garaiko ospakizunetan antolatzen ziren ekitaldien nondik-norako nagusien berri ematen digute. Batzuetan Bailararen egoera ekonomikoak gauzak aldatu bazituen ere, ekitaldirik nagusienak txistulariak, dantzak eta zezenketak zirela esan daiteke. Herri-musikariak Bailarakoak zein inguruko herrietakoak izan zitezkeen: Donostia, Irun edo Iparraldekoak, 1679ko San Joan, San Pedro eta San Martzial jaietan aritu ziren Juan Zumakoitz danborjolea eta Martin Etxeberria txistularia kasu. Zernolako musika edo dantzak ziren ez da jakiten erraza. Ezpata-dantza oso ohikoa zen, baina ez bakarra: 1702an emakumeekin batera egiten zirenen adibideaz gain, 1704 urtean Donostiatik etorritako musikariek ezpata-dantza “eta beste dantza berezi batzuk” (“otras danzas particulares”) jo omen zituzten.

1704ko Done Eztebe jaietan parte hartu zuten musikariei buruzko oharrak

Zezenketei dagokienez, antolakuntza nabarmena zuten: hesiak jarri eta kendu, itzainak kontratatu, zezenak bilatu eta bertaratu, hagak lortu… Horrez gain, oholtza bat antolatzen zen Bailarako agintariak esertzeko. Halakoei gozemate edo gozemaitza izeneko askari gozo bat ematen zitzaien. 1704ko Done Eztebe egunekoan, adibidez, bizkotxo-lehorrez egindako gozokiak, azukrea, limoi edo zitroinak, Donostiatik ekarritako elurra, fruta eta ardoz osatutako askaria antolatu zen.

Elizaldek hainbat kontutan ospakizunen zentraltasuna bazuen ere, gehienak, Pazko, San Joan eta San Pedro egunetako ospakizunak besteak beste, Oiartzungo hiru plazetan egiten ziren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden. Dena den, udalbatzak hainbat kasuetarako esparru bereziak antolatzeko asmoa azaldu zuen, 1705eko otsailean Jose Arizabalo eta Antonio Aurelari Madalensoron lizarrak landatzeko emandako mandatuan ageri denez. Bertan, udalbatzak lursail horiek helburu jakin batzuetarako eskuratu zituela adierazten zen: zuhaitzak ipini eta erregeak edo bestelako printzipeen igarotzea ospatzeko burutzen ziren alardeak egiteko, baina baita auzoen aisialdirako: “para vestir de árboles y poner recreo para sus vezinos y usar d’él poniendo su jente en esquadrón en los tiempos de passar por este Valle los señores reyes y otros principes” (2).

Mozorroak, inhauterietatik haratagoko ohitura

Edonola ere, hiru auzune horiek berezko izaera zuten, oso bizia, eta hau Oiartzungo jaien inguruko beste ohitura adierazgarri batean ikus dezakegu: San Juan, San Pedro eta San Martzial egunez antolatzen ziren mozorroen usadioan, hain zuzen ere. Are gehiago, gaur egunean jaien inguruan segurtasun kontuak eta kezkak dauden bezala, orduan ere halakoak agerikoak ziren: mozorrotzearen anonimotasuna aprobetxatuz iskanbilak eta liskarrak sortzen zirelako, bereziki auzune edo plaza ezberdinetako bizilagunen artean.

Egoera hau hainbatetan agertzen zaigu udal-aktetan. Hasieran mugak esparru jakin batzuetan aplikatu ziren: 1668an bi egunen arteko denboran Bailaran zegoen inor, ez bertakorik ez kanpotarrik, armak eta mozorrorik soinean eramateko debekua plazaratu zen (3); 1679an, berriz, bezperak eta arrats-otoitz edo konpletak esan baino lehen eta jendea elizatik atera aurretik, mozorroak ezingo ziren Elizaldeko plazan eta kaleetan zehar aritu; are gehiago, mandatu nagusia Elizalde aldeetarako bazen ere, agindua Altzibar eta Iturriozko plaza eta inguruetara hedatu zen (4).

1682 urtea mugarri izan zen mozorro kontuetan, harik eta guztiz debekatu arte:

“de aquí adelante, para siempre jamás, no se hagan ni salgan ningunas personas de qualquiera calidad, sexo y condición que sea, echo mozorro y disfrazado en los días del señor San Juan y San Pedro ni San Marçial ni en otras fiesta(s) y día alguna, por las plazas y calles d’este dicho valle, de día y de noche, por los yncombenientes que se an experimentado…” (5).

Zer dela eta debeku zorrotz hori? Esan bezala, mozorroen anonimotasunak mendeku, ezinikusi eta bestelako tentsioei bidea egiten zien, batez ere auzune batekoak bestekoen aurka zihoazelako. Urte hartan, ordea, egoerak okerrerantz egin zuen nabarmen, harik eta heriotza ekarri arte; Jose Olaziregirena, hain zuzen ere: “a subcedido este presente año la muerte de Joseph de Olaçiregui, dueño, en el ruido pendencia y alboroto que se hiciera en la plaça de Elizalde (…) entre los dichos vecinos y naturales d’él y mozorros que salieron mascarados…” (6)

Jose Olaziregiren heriotza aipatzen den zatia

Debekuak hurrengo urteetan berritu ziren. Gertakaria jazo eta 4 urtera, 1686an, gainera, mozorrotzeari heriotzarekin eta ondasunen bahiturarekin zigortu zen; dantza eta txistularien jardun-ordutegia arautu zen eta jaialdi horietan plaza bateko auzoei besteetara joatea debekatu zitzaien. Izan ere, liskarren zein Olaziregiren heriotzaren atzetik plaza ezberdinetako auzo eta biztanleen arteko ezinikusiak omen zeuden. Heriotza horren ildotik hartutako debeku-erabakiak gauez eta hiru plazen artean zebiltzan dantza eta mozorroek sortutako liskarren ondorioa ziren; hala adierazten zen 1697 urtean: “para que por este medio se euiten enemistades, odios, recelos, heridas y muertes que an suzedido entre los dichos vecinos y yncomuenientes que pueden resultar encontrándose los de la parzialidad de un barrio con otro” (7). Azken urte horretan, udalbatzaren aginduak aintzat hartu gabe, San Juan eta San Pedro arteko gau batez Altzibarko gazteek dantza bat antolatu eta bertatik atera ziren. Elizaldetik igarotzean zalapartak sortu omen ziren, protagonistetako hainbat atxilotuz.

Modu honetan 1697 horretako uztailaren 13an xedapen zorrotzak eman ziren, beste behin ere. Done Joane egunetik San Martzial ospatzen zenera arteko 8 egunetan, Altzibar, Elizalde eta Iturriotzek, bakoitzak bere aldetik, ospakizunak antolatzeko baimena zuten, baina hainbat mugarekin: txistulari eta dantzariek ez zuten danborjoeen laguntzarik izango; ekitaldi guztiak kera-dei edo etxeratzeko aginduaren ondoren amaituko ziren (gaueko 21’00etan); eta 1679an bezala, bezperen aurretik ospatzen ziren eguneko kalejirak debekatu egin ziren. Hau guztia betetzen ez zuenari Bailaratik deserriratzeko zigorra ezarriko zitzaion.

Egiari zor, mozorroen aurkako zorroztasunak bere eragina izan zuela ematen du, 1697ko gertakaria salbu, 1683tik aurrera gaia ez baita aktetan jorratzen. Debeku hauek guztiak, ordea, ez ziren doakoak. Askotan, horien atzetik zegoen erakundea Eliza zen. Ortodoxia katolikoa, Trentoko Kontzilioaren eta Kontraerreformaren inguruko xedapenek ezarritako moraltasuna bultzatu nahian, aurreko garaietako hainbat ohitura eta usadio debekatu edo moldatzeko asmoz hamaika ekimen abian jarri ziren. Oiartzungo mozorroen kasuan halakorik egon zela pentsa dezakegu: debeku gehienak udalbatzaren aldetik etorri baziren ere, ezin dugu ahaztu 1682ko akordioek Bailaran misiolari moduan zeuden bi Jesuiten parte-hartze zuzena izan zutela.  

Iago Irixoa

(1) A-1-7-2, 163 au.-164 au. folioak.

(2) A-1-12-2, 53 au.-at. folioak

(3) A-1-1-3, 43 au.-45 au. folioak.

(4) A-1-3-3, 97 au.-98 au. folioak.

(5) A-1-4-2, 174 at. folioa.

(6) A-1-4-2, 175 au. folioa.

(7) (A-1-9-2, 216 au.)

Parte hartzea artxiboan

2017-09-07
Categorías: Archivos, Asteasu,

Badira bost urte Udal Artxiboko dokumentazioa oinarri hartuta herriaren inguruko berri bat idazten hasi ginela. Orain arte aukeratutako gaiak ugariak eta oso desberdinak izan dira. Baina denek izan dute helburu berdina: herritarren artean artxiboan dauden altxorrak eta bitxiak zabaltzea,  hauek ere bereak bezala ulertu eta sentitu ditzaten. Lan honetan lagun izan ditugu Asteasuko Udala eta Aiurri aldizkaria. Bieri, nola ez, gure eskerrik beroenak.

Noski, berri edo artikulu guztiek izan duten harrera ez da berdina izan. Gehienek, interesa sortu dute irakurleen artean. Batzuek hainbat ikerlari edo ikusbera ekarri ditu Artxibora bertara gehiago entzuteko jakinminez: Argentinatik arbasoen bila, Bandoa euskaraz,... Beste batzuek eskualdetik kanpo ere oihartzuna izan dute: emakume bertsolariak, Elizmendiko Guillermo Eizagirreren garbilekua,... Gutxi izan dira inongo erantzunik gabe geratu direnak.

Azken hauen artean zegoen duela lau urte Concepción Esnaolari buruz idatzi genuen artikulua. Bertan esaten genuen bezala 1937 urte amaieran emakume honek udal administrari eta telefono zaindari karguak eskatu zituen, Osoko Bilkuran bere gaitasunak zalantzan jarri zituelarik. Zalantzan jarri bai, baina kargua eman ere eta honela bilakatu zen aintzindari. Artikuluaren amaieran diogun bezala, urte askotan zehar bete zuen lana txukun eta zuzen (1953 urtean oraindik ere soldata ordaintzeko erabakiak daude akta liburuetan). Baina bertan adierazten dugu, baita ere, bere bizitzari buruz ezer ez dakigula.

Azkenean, emakume honi buruz Gillermo Etxeberriaren eskutik heldu zaizkigu hainbat argibide. Concepción Esnaola eta bere ahizpa Florencia Asteasuko Udal Idazkaria izandako Dario Esnaolaren alabak ziren. Muño Handi baserrian bizi ziren arren Ikaztegietakoak ziren sortzez. 1935 urtean zendu zen Dario. Alabak bertan bizitzen jarraitu zuten. Florentxi maistra zen Muño Handi baserri azpiko gela batean. Azken honek ere, emango du aurrerago artikulu txiki bat idazteko.

Eta hau da azken finean blog honetan argitaratzen ditugun berriekin lortu nahi duguna. Herritarren partehartzeari esker herriko kultura, jakituria, historia,... elikatu eta balioan jartzea. Irakurleen elkarlanari esker, Udal Artxiboan gorde ez den informazioa ere denon zati izan dadila.

Amagoia Piá