Eu Es

En fin... ba bai!

Blog

Yeribar de Susso en Asteasu

2018-03-27
Categorías: Archivos, Asteasu,

Artxiboetan gordetzen den dokumentazioa mota askotakoa da eta informazio desberdin asko eskaintzen du. Dokumentazio zaharra izaten da gehien nabarmentzen dena, ezagutzen ez dugun jendea eta gizartea hobeto ezagutzera ahalbideratzen bait gaitu. Gainera, nahiz eta idazteko momentuan testu bakoitzak helburu bat eduki, bere baitan datu interesgarri ugari gordetzen dute. Pentsa dezagun adibide bezala, bi pertsonen arteko kontratu batean. Bertan, kontratuan parte hartzen duten pertsonen (eskribaua eta lekukoak barne) izen abizenak eta bizitokia aipatzeaz gain, askotan lanbideak ere adierazten dira, beraz, informazio pertsonal asko eskaintzen dute, kontratua egiteko prozesu juridikoa islatzeaz gain. Datu guzti hauei esker, ikuspegi desberdineko ikerketa lan asko egin daitezke, horien artean zuhaitz genealogikoak aurkitzen direlarik.  

Asteasuko Artxiboan fondo historiko aberatsa gordetzen da XVI, XVII eta XVIII mendeetako dokumentu asko bait dauzkagu. Horien artean, ezkontza kontratuak, pertsonaia batzuen testamentuak (beste berri batean aztertu genuen Juan de Bulanorena bezala), aiton-semetzak eta eskritura gutxi batzuk ditugu. Erregistro zibiletatik eta elizbarrutietako artxiboetatik lortu dezakegun informazio guztia batu ondoren, aiton-semetzak oso erabilgarriak dira ikerketa genealogikoak aurrera eramateko. Familia edo leinu baten odol garbitasunaren frogagiri ziren eta eskatzaileak hiru belaunaldiz frogatu behar zuenez bere arbasoen jatorria kaparetasuna lortu ahal izateko, mota honetako ikerketetarako oso erabilgarriak dira. 

Dokumentu horiek familien noblezia maila islatzen dute eta askotan, kaparetasunaren eskatzaileek euren abizenaren oinetxera atzera egin nahi izaten zuten odol garbitasuna frogatzeko. Izan ere, oinetxeak leinuen abizenen jatorri dira, hau da, familiek jatorrizko oinetxetik hartzen dute abizena, horregatik da hain garrantzitsua kaparetasun auzietan atzeraino iristea.

Asteasuko Artxiboan 1649 urtean idatzi zen zerrenda bat dugu, non Gipuzkoako oinetxe desberdinak aipatzen diren (sig.: 267-17). Ez dira familia guztien izenak agertzen noski, baina bai mordoxka bat.

Dokumentu honek, orrialde bat besterik ez bada ere, oso informazio interesgarria jasotzen du bere baitan. Esan bezala 1649 urtean idatzia izan zen, abuztuaren 17an konkretuki, Joan de Alzola eskribauaren eskutik. Bukaeran irakurleari jakinarazten dio beste dokumentu zaharrago baten kopia dela “Yo Joan de Alçola escriuano del Rey nuestro señor y del numero de la alcaldia mayor de Aiztondo asiente en este papel de un papel biejo y antiguo que se hallo en la cassa solar y palacio de Lizaur”. Zoritxarrez, ezin dugu jakin zein urtekoa izango zen aipatzen duen paper zahar hori.

Testu honetan beraz, XVII. mende erdialdean Gipuzkoan zeuden Ahaide Nagusiak eta oinetxeak aipatzen dira, izenburu bezala “Las cassas solariegas y Parientes mayores de la muy noble y mui leal Poruincia de Guipuzcoa” duelarik. Honen ondoren 52 izen adierazten dira bi zatitan bereiziz. Alde batetik, eta beste batzuen artean, Lazcano (Lazkaon), Olasso (Elgoibarren), Balda (Azkoitian), Zarauz (Zarautzen), Iraetta (Aizarnan), Amezqueta (Amezketan), San Milian (Zizurkilen), Achega (Usurbilen), Ugarte la de Oyarçun (Oiartzunen), Çumaya (Zumaian) edo “En el Valle […] de Leniz son” Galarça, Otalora, Arcarasso eta Uribe (Leniz bailaran) familiak aipatzen ditu. Bigarren zati batean, desberdinduta, aipatzen ditu Açelayn (Sorabilan), Emparan (Azpeitian), Olazaual (Altzon), Azcue (Ibarran), Lili (Zestoan) edo Legazpia (Zumarragan?).  Azken hauen artean aipatzen da guri gehien interesatzen zaigun oinetxea: “Yeribar de Susso en Asteasu”.

Leinu desberdinen arteko liskarrak oso ohikoak izaten ziren, hauetatik famatuenak Oinaztarren eta Ganboatarren artekoak izanik, XV. mendeko Bandoen Gerren protagonista nagusiak. Nahiz eta hauek zehazki testuan ez agertu, gerra edo istilu horietan parte hartu zuten Ahaide Nagusi eta oinetxeak bai irakur ditzakegu: Lazkaotarrak, Amezketatarrak, Alzegatarrak, Unzuetatarrak, Murgiatarrak edo Baldatarrak baten edo bestearen alde egon ziren garai horretan. Dena den, liskar horiek XIV eta XV. mendeetan gertatu ziren, hau da, testu hau idatzi baino bi mende lehenago. 1649 urterako ordea, giroa askoz lasaiagoa zen. 

Dokumentuaren beheko aldeko ezker aldeari so eginez gero, ohar moduan idatziriko beste testu txiki bat irakurri daiteke eta bertan, arreta erakarri digun bigarren ekarpena dugu: Asteasuko Yeribar de Susso familiaren armarria deskribatzen digu eskribauak. Armarriak familia nobleen irudi izango ziren, euren ikur bezala. Yeribar familiak Asteasun botere handia aintzinetik eduki zuela badakigu, izan ere, gure Artxiboan gordetzen dugun XVI. mendeko auzi batetan (sig.: 59-01), Juan Lopez de Yeribarrek auzi bat aurkezten du Asteasuko biztanleek euren haziak beste errota batetara eramaten dituztelako berera eraman beharrean. Auzi horrek 1399 urteko kontratu bati egiten dio erreferentzia, orduan hitzarmen bat idatzi baitzen herritarren haziak Yeribar familiako errotara eramateko. Familia honen armarriari buruz, Joan de Alzolak ondorengoa dio: “Las armas de la cassa solar de Yeriuar de susso en Asteasu son dos jabalis, un lebrel y dos coraçones en campo de plata. Un castillo con su torreon eminente y dos leones que abraçan el escudo por ambos lados”.

Gaur egun Yeribar de Susso baserria Ibargain edo Ibargaraikoa bezala ezagutzen dugu, baina tamalez, testu honetan deskribatzen den armarria dagoeneko ez dago ikusgai eraikuntzaren fatxadetan.

Amaia Mendizabal

Libro de historia

2018-03-14
Categorías: Historia, Reflexiones,

OHO ere ez genuen egin, EGB baizik. Iristear ziren fisika eta kimika ikasteko liburu berri zoragarriak, izen alemaniarra, tapa gogorrak, beltzak, irudiz eta ariketaz josita. "Cosmos" zaharra atzean utzita, frantseseko sonimagek ·écoutez et répetez- bi bobinadun grabazioa zuen; laster Sorian jaiotako irakasleak euskara irakasten hasiko zen, Jalgi Hadi lagun "ama nor da bi emakume dira"...

Eta hara! gogoan betiko iltzatua geratu zaigun liburua gomendatu nork eta zeinek!.  Nola ote posible hamar urtetako haurrak ginen horiei politikoki gogor xaxatzen gintuenak horrelako irakurketa iradokitzea? Eta, sinestu, xaxatzeak ez du esan nahi pedagogia egiteak.

Historia liburua. Komikia zirudien. Ez zen testu liburua. Historia gordina kontatzen zuen, Mendebaldeko Zibilizazioaren Historia gore xamarra baita. Kapitala, lanaren antolaketa, mundu-ekonomia, ekoizpena... gure ingurune industriala hobetzo ulertzeko tresna bikaina; egunkarian irakurtzen eta irakurriko genuena ulertzeko gida ezin hobea.

Hamar urtez ezin dena ulertu, SESBi kritika Argel, Kuba, Txina aldarrikatu behar nola ote? Amilcar Cabralen atzetik Sankara eta Lumumba topatu genituen; baina Mandela beranduago agertu zen gure munduan. (Kasrils are beranduago).

Adinean aurrera joan ahala jabetu gara: sasoi hartan haur harengan mundua ikusteko finkatu moldea lagun izan zaio egundaino. Zer esanik ez, Historia ulertzeko edo Historian gure protagonistak identifkatzeko.

Annika Elmqvist, Gittan Jönsson, Annmari Langemar, Pål Rydberg. Laukote honek gerora Laboak Brechti ahotsa jarriz kantatuko zuena aurreratzen zigun. Eta lagunei liburuetan sinatzerakoan NG-ri lapurtu eta idatzitakoarekin bat egin zuen: Irakatsitako Historia Hiltzaileek idatzi zuten eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuen.

Ogibidea ez ote genuen aukeratu César Viguerari esker (-http://www.viguera.com-)

David Zapirain

Basoaren arriskuak: otsoen aurkako ekimenak

2018-03-14
Categorías: Archivos, Oiartzun,

“Handia” filma bolo-bolo dabil azkeneko asteotan. Filmak lortutako arrakastak euskarazko euskal zinemari ekarpen itzela egin dio. Hamaika esparrutan lortu zituen Goya sariak, ondo mereziak. Pelikularen girotzea sekulakoa da, baserriko bizitza miserablea (gaur egun batek baino gehiagok irudikatzen duen bukolikotasunetik aldenduta), ohiturak, gerraren gogorra… Ildo honetatik, filma hasieran azaltzen den eszena bati erreparatu genion: Martin anaiak otsokumea hartzen duen horri, hain zuzen ere. Atentzio handia eman zigun, izan ere, garaiko giroaren adierazle bikaina iruditu zitzaigun. Bati baino gehiagori arrotza irudituko zaio, baina duela ez asko, gure basoak halako animalien bizileku ziren.

Hilabete hauetan plazaratu ditugun artikuluen artean, basoarekin zerikusia zuten hainbat aditzera eman ditugu; besteak beste, gizakiaren jardunaren ondorioz sortutako suteek eragiten zituzten kalteak hizpide izan dira. Ez ziren, ordea, arrisku bakarrak. Pentsa daitekeenez, baso eta oihanak hamaika motako piztien bizitoki ziren, eta gizakiaren presioa geroz eta gertuago pairatzen zuten heinean, abere eta aziendei kalte nabarmenak eragin zizkieten. Horregatik, “Handia”-ren otsokumea aintzat hartuz, Oiartzungo kasua ere jorratzen duten azken ikerkuntzetan oinarrituz (1) eta akten hustuketa ardatz  izanik, Bailaran, XVII. mende eta XVIII. mende hasieran bizi zen egoerari buruz galdetu diogu geure buruari.

Otsoak XV. mende amaieran

Datuak eskutan, basapiztien artean otsoek izan zuten protagonismorik nabarmenena. Azeri, azkonar, basakatu, erbiñude, hartz, katamotz, lepahori edo bestelako basa-haragijaleen inguruko berririk apenas dugun. Egia da, ordea, berri horiek denbora tarte jakin batera mugatzen direla. Etorkizunean burutuko diren akten hustuketa lanek ikuspegi zabalago bat izaten lagunduko digute, baina orain dugun informazioarekin, otsoen arriskua XVIII. mende hasieran, 1700tik aurrera, bereziki larria izan zela ematen du. Hori azalduko lukeen faktoreetako bat gerra egoera litzateke, Ondorengotza Gerrarekin, hain zuzen ere. Halako garaiek, basoetan ematen zen giza-jarduna apalduko dute eta beraz, bizitza basatiak aurretik galdutako lekua berreskuratuko zukeen. Hainbat egilek prozesu hori bera XIX. mendean eman zela aipatzen dute, baita Oiartzunen bertan ere. Dena den, ohartu beharra dago penintsulan izan ziren arazoak otsoen inguruan ditugun berriak baino beranduago hasi zirela eta beraz, otsoen gaineko kezkek beste faktore batzutan izango zuten oinarria.

Arrazoia edozein delarik ere, bizitza basatiak gure gizartean beti izan zuen lekua duela gutxi arte; gizakia, zibilizazioa eta hiri mundua landa, mendi eta basoen ondoan zeuden. Harreman horretan talkak sortzen ziren. Hasiera batean, gizakiak begiz jo  zuen animalia hartza izan zen; handiena eta indartsuena izaki, kalterik ikusgarrienak berak sortzen zituen. Haren aurkako ekimenak XVIII. mendean apaltzen joan ziren, kopurua gutxitu ahala, eta azkena XIX. mende erdialdean ehizatu zen. Hartzaren ondoren, otsoa izan zen gizakiaren jo-puntu nagusia. Oraindik XX. mende hasierako hamarkadetan gure mendietako animalia genuen, ordurako Aizkorri, Aralar eta Iparralde eta Hegoaldeko mugan zebilelarik (2).

Udal-aktez gaindi, Oiartzungo bestelako dokumentazioak ere hainbat datu eskaintzen dizkigu. XV. mende amaierako Errenteria eta Bailararen arteko mugarritzean, adibidez, Olaberriaga inguruetatik gertu zeuden mugarrien artean, bat otso-zulo baten ondoan zegoen: “’d’este dicho mojón a otro mojón qu’está entre dos caminos, junto a vna cueba de lobos…”. Askoz adierazgarriagoak dira, ordea, 1501eko ordenantzek dakarzkiguten berriak. Bertako 55. tituluak otso eta azeriei leku egiten die, haiek ehizatzeagatik sariak adostuz: otso heldu bakoitzeko, dukat erdia; harrapatzen zen otsokume bakoitzeko, dukat erdia; azeriko, aldiz, 3 txanfoi t’erdi. Ez hori bakarrik. Adierazgarriena ondoren ezarritako neurria da, animalia horiek oso ugariak zirela islatzen baitu. Ordenantzek urtean hiru egunez ehizaldi bana egingo zirela xedatu zuten, goizetik gauera arte iraungo zutenak. Ez zen nolanahiko ekimena, gainera. Ordenantzaren arabera, jarduna 80-100 lagun inguruk burutuko zuen, lau taldetan banatuak. Ordurako otsoak eta azeriak oiartzuarren helburua baziren ere, bazegoen bestelako piztien arriskurik, hartzak kasu. Egia da, hauen erasoaldiak urriagoak zirela, baina LXVI. ordenantzak horien inguruan aipamena egitea (otso, hartz eta “antzeko animaliek” egindako erasoak), noizean behin begiztatzen zirenaren isla dakar.

Gorenaldia XVIII. mende hasieran

Aipatutako datuez gain, udal aktetan azaltzen zaizkigun lehenengo berriak Lesakako udalbatzak Oiartzungoari bidalitako gutunei esker dakizkigu. 1696ko urtarrilaren 14an (A-1-9-1, 42 au.) herri nafarrak, egindako ehizatzearen berri eman zion Bailarari.

Handik ia urtebetera, 1696ko abendu eta 1697ko urtarrila bitartean, bi herriek hainbat  gutun bidali zioten elkarri (A-1-9-2, 11 au.-11at.). Agidanez, Lesakak laguntza eske idatzi zion Oiartzuni, Anizlarrea inguruetan otsoek sortutako arazoak zirela eta. Zehazki, animalia horien aurkako uxaldian laguntza eman ziezaioetla eskatzen zuen. Oiartzunek proposamena ez zuen gaizki ikusi, eta gaia jorratzeko alkateak eta hainbat auzo bidaliko zituela adierazi zion.

Egoera bertsua azaltzen zaigu urte gutxiren buruan. Esan bezala, 1700 urtetik aurrera izan zen otsoen jardunaren gorenaldia. Udalbatzak orduko urtarrilean idatzitako hitzak, behintzat, ezin argiagoak dira:

“hauiendo reconocido los muchos y continuos daños que haçen los lobos en juridiçión de este dicho Valle y su contorno a los ganado de sus vecinos que ha llegado el aumento y rabia de aquel género de animales que aun de día ban acossando a los reuaños a vista de los pastores y raro es la cría de la yegua que dejan de comer” (A-1-10-2, 22 au.)

Horretarako ordura arte erabilitako prozedurak erabili ziren, otsoak hiltzeagatik sariak ematea, horretarako, abeltzainei eta eliz-kabildoari diru-laguntza eskatuz. Ez ziren, ordea, neurri bakarrak izan; bestelakoak abian jartzeko asmoak ere agertu ziren. Eta hauetan, egoera oso samurra ez zenaren zantzuak ageri dira.

Ordurako, urte batzuk lehenago Lesaka eta Oiartzunen artean ikusten genuen laguntza hura, hedatzeko bidean zen. 1700ko urtarrilean, Bailarak ehiza lanetan aritzeko laguntza eskatzea adostu zuen, oraingoan deialdia hainbat herritara zabalduz: Lesakaz gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Irun, Errenteria eta Goizuetari asmoen berri eman zitzaien. Guztiei gutunak zuzendu zitzaizkien eta ordainetan, jakinaren berri emateagatik, horiek esker-ona azaldu zioten Bailarari, ahal zuten horretan lagunduko zutela adieraziz. Salbuespena Errenteria izan zen: otsailaren 3an bidalitako gutunean parte hartzeari uko egin zion, pairatzen zuen diru eskasia zela eta.

Goizuetak, aldiz, erantzun interesgarria eman zion. Otsoak eta bestelako piztiak ehizatu zituztenei saria emateko asmoari baiezkoa emateaz gain, eta halako lanak hobeto antolatze aldera, Lesaka, Arantza eta Aranorekin elkarte edo batasun bat sortzeko proposamena luzatu zuen:

“y porque padecen el mismo daño que V. M. y yo las villas de Lessaca, Aranaz [hau da, Arantza] y Arano, sería bien participarles esta noticia para que entre todo estos pueblos circunvecinos se otorgue vna escritura de Unión para este efecto”.

Asmoek aurrera egin zuten, eta ekimena abian jartzeko Artikutzan hainbat bilera egin ziren. Horietan adierazgarriena otsailaren 15ean ospatutakoa dugu (A-1-10-2, 36 au.), otsoak ehizatzen zituztenei eman beharreko sariaren inguruan aritzeko burututakoa. Astebete lehenago, Oiartzunek eta Lesakak batzarra ospatu zuten leku berean, baina bigarren honetan partaidetza nabarmen hazi zen: bi herri horiez gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Goizueta, Arano eta Orreagako Kolegio-etxeetako ordezkariak joan ziren. Iruni ere proposamena luzati zitzaion baina ez zuen ageriko asmorik agertu, bertako abeltzainek otsoek eragindako kalterik aspaldidanik pairatu ez zutelako (A-1-10-2, 50 au.). Helburua, otsoak ehizatzeko Elkarte bat sortzea zen.

Irunek esandakoek, dena den, salbuespena ematen dute. Bestelako datuekin alderatzen baditugu, Gipuzkoan bizi zen egoera guztia lasaia ez zela ikusiko dugu. Nafarrak ez ziren izan kezka nabarmenak plazaratu zituzten herri bakarrak; gipuzkoarrek ere, beste horrenbeste egin zuten. Otsoak ia nonahi ikus zitezkeen. 1701eko apirilaren 8an, larunbat goizean, adibidez, Lezoko auzo batzuek Jaizkibelen animalia bat ehizatu zutenaren berria ere badugu (A-1-11-1, 90 au.-at.):

“…que algunos vezinos de Lezo, ayer, día sáuado, a cossa de las nuebe horas e la manana, han muerto vn lobo en el partido que llaman Gaizquibel…”

Halaber, badakigu Gipuzkoako herrien artean ere, otsoak ehizatzeko elkarteak sortzeko asmoak zeudela. Astigarragak martxoaren 5ean Oiartzuni zuzendutako gutunean, Altza, Amasa, Andoain, Errenteria, Hernani eta Irunen artean halako ekimena bultzatzeko asmoak agerian uzten zituen (A-1-10-2, 60 au.).

Oiartzun eta Nafarroako herrien arteko Elkartea (1700)

Herri gipuzkoar horien asmoak zertan gelditu zen ez dakigu, baina Oiartzun eta herri nafarren artekoak, esan bezala, aurrera jarraitu zuen. Elkartea, 1700 urteko martxoaren 9an Artikutzan ospatu zen batzarrean sortu zen (A-1-10-2, 62 au.-64 au.). Oiartzunez gain, batasun horretan Lesaka, Goizueta, Arantza, Arano, Zubieta herriak eta Anizlarrea barrutiko abeltzainak zeuden. Helburu nagusia otso eta bestelako piztiak ehizatu eta harrapatzeko kontuak arautzea zen, egoera ez baitzen bat ere samurra: “hauer esperimentado los considerables daños que hazen los louos y otras fieras en los ganados de las juriziciones de las dichas repúblicas y partes circunvecinas (…) para matar y espeler las fieras y en particular para que los cazadores se esfuercen a hacer salidas…”.

Zazpi kapituluz osatutako hitzarmenak, ehiza-sarien inguruko kontuak biltzen zituen bereziki. Elkartea zortzi urteko epeaz egongo zen indarrean, 1708 urte amaiera arte (7. kapitulua) eta sei herriz eta eskualdeko abeltzainez osatua bazegoen ere, aurreikusitako epean kide gehiago sartzeko aukera adostu zen (6. kapitulua).

Ia kapituluen erdia, hiru, sarien ingurukoak ziren. Hauen arabera, otso edo hartzen bat ehizatu edo hiltzen zuenari 28 pisu nafar emango zitzaizkion (1. kapitulua); ehizatu edo harrapatzen zen otsoko edo hartz-kume bakoitzeko, berriz, 3’5 pisu jasoko zituen. Azken kapitulu horrek hainbat zehaztapen zituen: hiru kume baino gehiago harrapatuko zituenari bikoitza emango zitzaion, 7 pisu alegia. Kopuru hau finkoa zen; hau da, ez zen gehiago ordainduko lautik gora kume atxikitzen bazituen (2. kapitulua).

Hitzarmenaren hirugarren kapituluak, aldiz, tigreak ehizatu edo akabatzen zuenaren saria xedatzen zuen. Lan hori egiteagatik, 7 pisu jasoko zituen. Azken eskupeko horren eta otso edo hartzak harrapatzeagatik ematen zirenen arteko desberdintasun nabarmena, animaliek eragindako kalteekin zerikusia izan zuelakoan gaude; ustezko “tigre” horien erasoen ondorioak, beste bi animaliekin alderatuta, askoz txikiagoak zirela islatuko luke. Eragina horren larria ez izateko arrazoiak hainbat izan zitezkeen. Batetik, “tigreak” urriagoak zirelako; bestetik, eta gure ustetan aintzat hartu behar dena, animalia horiek besteak baino tamaina txikiagoa zutelako. Izan ere, “tigre” izenaren atzetik ez dugu Asia aldeko felido handi eta marraduna ikusi behar; aitzitik, kontzeptuaren atzetik basakatu edo katamotzei erreferentzia egiten zitzaien.

Dirua jasotzearen kontua oso arautua gelditu zen hitzarmenaren 4 eta 5. kapituluetan. Ehiztariak, egindako harrapatzearen berri eman behar zuen eta horretarako, burututako ehiza edo atxikitzea 24 orduko epean jakinarazteko betebeharra zuen, bere jarduna gauzatu zuen jurisdikzioko alkatearen aurrean. Udal-epaileak lekukotza edo frogaketa egingo zuen ehiztariak jakinarazpena egin eta zortzi eguneko epean, azken horrek azaldutakoa egia zen ala ez jakiteko asmoz. Bestalde, ehiztariei beste betebehar bat jarri zitzaien: eskupekoa jasotzen zuen azken udalerrian ehiztariak larrua eta kumeak utzi beharko zituen.

Hainbat herri biltzen zituen elkarteez haratago, herri bakoitzak berezko neurriak hartu zituen. Oiartzun eta herri nafarrek sinatutako agiri horretako zazpigarren kapituluak, adibidez, otso ehizarako ehizaldiak errepublika bakoitzaren esku uzten zuen. Horrez gain, bestelako ekimenak izan ziren eta herri batek ingurukoei horien jakinaren berri ematen zien, bereziki jarduna mugakide ziren eremuetan eman behar bazen. Lesakak, adibidez, 1704ko apirilean bere eta Oiartzunekin muga egiten zuten lurretan lau ehiztari eta bi artzakur jarriko zituela jakinarazi zion Bailarari, otsoek eragindako kalteak saiheste aldera (A-1-12-1, 156 au.).

Ehiztarientzako lan-sariak

Bailarako abeltzainek edota aziendak zituen orok ehiza-sariaren ordainketan parte hartu behar zuen, udalbatzak adosten zuen diru-kopurua emanez. Sistema hori aitzindari moduan jarri dezakegu, mende luze beranduago iraun ez ezik, zabaldu egin baitzen. Horren arabera, ehiza-saria ordainduko zutenak abeltzainak izango ziren (3). 1704ko martxoan, adibiez, (A-1-12-1, 78 au.-at.), pertsona bakoitzak jarri beharreko dirua ezkutu laurden bat izan zen, aurreko bi hilabeteetan harrapatutako lau otsoengatik ehiztariei zor zitzaiena ordaintzeko 1705ean, berriz, abeltzain bakoitzari erreal-zilar bat ordaintzea egokitu zitzaion (A-1-12-2, 156 au.).

Hori bideratzeko, Oiartzunek biltzaileak izendatu zituen. 1704ko martxoan hamazazpi izan ziren hautatutakoak, Arkotz, Ergoien, Bidasorogarrika, Torresaran, Elbarren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden jarduteko. Adostutakoaren arabera, hamabortz eguneko epean, bildutako dirua udaletxean entregatu beharko zuten. Baina sariak kobratzearen antolaketa ez zen horietara mugatzen. Urte hartako apirilean Bailarak 1700eko elkarteari lotutako bi diru-biltzaile izendatu zituen (ald. A-1-12-1, 133 at.-134 at.), hautatuak Sebastian eta Erramus Lekuna izan zirelarik. Hauen lana, ehiza-saria bilketaren ikuskatzean zetzan eta horrez gain, auzuneetako arduradunak, dirua bi biltzaile horiei entregatu behar zieten. Ondoren, Lekunatarrek bilketaren nondiknorakoa azaldu behar zuten, zordunak dirua ordaintzera behartuz (A-1-12-1, 143 au.-144 at., 208 au.-209 at.).

Agidanez, sari-bilketa egitea ez zen beti gauza erraza izan, eta kontrol zorrotza mantendu nahi izan zen. Bikarioari 1700. urteko apirilean idatzi bat zuzendu zitzaion, abeltzainek, otsoen ehiza-sariagatik zegokien ekarpena egin zezatela jakinarazi zezan (A-1-10-2, 89 au.-89 at.). Antzeko kontuak ageri zaizkigu 1705 urtean ere eta akta-liburuetan 1704-1706 arteko zerrenda edo erroldak biltzen dira, otso ehiztariei eskupekoa ordaindu zuten eta ez zutenen abeltzain edo jendeari buruzkoak (A-1-13-1, 184 au.-190 at.; A-1-12-2, 371 au.-374 au.).

  

Iago Irixoa

(1) Hauen artean, zalantzarik gabe, azpimarragarrienak Alvaro Aragonek burutu dituenak ditugu. Ikus bere La ganadería guipuzcoana durante el Antiguo Régimen. Bilbo: EHU, 2009, 259-267 orr. eta Abeltzaintza Oiartzunen XX. mendearen hasiera arte. Oiartzun: Oiartzungo Udala, 2013, 100-104 orr. Bitxia bada ere, egileak ez zituen aurkeztuko ditugun hainbat datu aipatu.

(2) Ald. MÚGICA, S.: “La caza del lobo en nuestras montañas”. In: Euskal-Erria, XXXII (1895) bereziki 233-243 orr., bereziki azken hori.

(3) ARAG�"N RUANO, A.: La ganadería…, aip. lan., 263-264 orr.; ARAG�"N RUANO, A.: Abeltzaintza Oiartzunen…, aip. lan., 101-102 orr.


Gaua argitzea ogibide zenekoa

2018-03-14
Categorías: Archivos, Zumaia,

Neguak iluntasuna dakar gure egunerokora. Eguzkiaren argi izpiek gero eta ordu gutxiago argiztatzen dute eta eguna iluntasunean murgiltzen da. Neguak barru giroa ekartzen du gurera, baina ez hotzak epelean egotera gonbidatzen gaituelako bakarrik, argitasun ezak ere gure bizi-senean eragiten duelako baizik. Izan ere, iluntasunak arriskua dakar eta argitasunak segurtasuna. Iluntasunak trabak sortzen dizkigu, ikusteko zailtasuna sortzen baitu. Bestalde, iluntasuna gaizkileen lagun ere bada, iluntasunak ezkutatzen eta beren asmoak erraztasun handiagoz gauzatzen laguntzen baitie.

Gaur egun, gaua argiz betetzeko ahalmena dugu elektrizitateari esker. Elektrizitaterik ez zegoenean, ordea, kalea argiztatzen zuten argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Gauetan segurtasuna bermatu ahal izateko argiontziak zaintzen jarduten zuten farolariek. Gaur, beraz, galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu.

1848an probintziako agintari politiko gorenak Zumaiako alkateari hiribildua argitzeko 4 argiontzi berri erosteko baimena eman zion, argiontziak erosi eta behar zen lekuan jartzeko 672 errealeko gastua izatearen baldintzarekin. Urtebete geroago, hiribildua iluntasunetik aterako zuten 7 argiontzi zeuden Zumaian. Egoera berri horrek kale argiteria arautu eta argiontziak zainduko zituen norbaiten beharra sortu zuen.

Kale argiteria udazken eta neguan piztea adostu zuen udalbatzak: urtarrilean, otsailean, martxoan, urrian, azaroan eta abenduan. Urteko sei hilabete horietan argiztapenak 5 ordu iraun behar zuen gutxienez. Zeregin horretarako Jose Txapartegi izendatu zuten aho batez. Haren soldata urtean 800 erreal kuartokoa izango zen, lau hiruhilekotan zatitua. Soldata horrek, Txapartegiren lanaz gain, hiribildua argiztatzeko beharrezkoa zuen materialaren kostua ere barne hartzen zuen. Hau da, argiztapenerako olioa eta metxa eta argiontzien mantentzerako beharrezkoak ziren kristal, hodi, ontzi, eskala eta abar bere soldatatik ordaindu behar zituen Txapartegik.

Jose Txapartegik kargua hartu eta bost urte geroago, kale argiteriaren egoera tamalgarria zela dirudi. Zumaiako sindikoak jakinarazi zuen argiontzi gehienak arratsaldeko 8tarako itzaliak zeudela eta horren aurrean udalbatzak nolabaiteko erabakia hartu behar zuela. Egoera errepikatu ez zedin, aurrerantzean gaueko 10ak baino lehen itzalita zegoen argiontzi bakoitzeko farolariari 20 errealeko isuna jartzea adostu zuten. Arazoak, ordea, ez ziren hor bukatu.

1865ean kale argiteriaren egoera tamalgarria zen berriro ere. Oraingoan, farolariari isuna jarri beharrean, petrolioaren kontsumoa eta argiontzien gainerako mantentze beharrak aztertu eta lanpostua enkantean ateratzea adostu zen. Petrolio kontsumoaren eta argiontzien egoeraren ikerketa Jose Maria Resustari eskatu zioten. Urtebete geroago farolari berri baten bila zebilen Udala. Oraingoan, ordea, soldataren baldintzak ez ziren berdinak. Argiontziak pizten ziren bakoitzean 4 erreal kobratuko zituen farolariak eta kale argiztapenerako kontsumitzen zen petrolioa hiribilduaren kontura izango zen. Hala ere, badirudi kale argiztapenaren egoera ez zela hobetu eta farolari postua betetzeko zailtasunak egon zirela.

1870ean aldaketa bat sumatzen da. Ordurako farolari postua desagertua da eta hark egiten zituen lanak aguazilen zereginen parte izatera pasatu direla dirudi. Izan ere, urte horretan, Isidoro Amas aguazilak 2,5 erreal kobratzen zituen kaleko argiontziak pizten zituen egun bakoitzeko. Gauetan, argiztapena zaintzeaz gain, pixkanaka beste behar batzuk sortu zirela kontuan izan behar dugu, gehienak segurtasunarekin lotutakoak. Hori horrela, farolariek sereno edo gaueko aguazilei zabaldu zieten bidea. Gogoratu behar dugu Zumaian 1866an agertzen zaizkigula lanpostu horren inguruko lehen berriak. Gauean kaleak zelatatu eta araudia errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu ere. Horrela, farolariak sereno postuaren aurrekariak izan zirela esan daiteke.

Oihana Artetxe

Irudiaren iturria: https://laruinahabitada.org/2014/05/05/adios-al-farolero/

Erregistro Zibilaren sorrera

2018-03-14
Categorías: Archivos, Getaria,

Egun ez dago Erregistro Zibil publikorik gabeko udaletxerik, ez luke egon beharko behintzat. Ezinbesteko estatistika tresna bilakatu den hau orain dela mende eta erdi inguru hasi zen espainiar lurraldeko udaletxeetan zehar zabaltzen, ordura arte soilik parrokietan jasotzen baitzen aztergai daukagun Erregistro Zibilak biltzen duen antzeko informazioa. Parrokia hauetan demografikoki azpimarragarriak ziren gertaerak jasotzen zituzten (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, . . .), garai hartan estatu moderno baten kontrolerako ezinbesteko zen informazioa alegia.

1841an gaur ezagutzen dugun Erregistro Zibila sortzeko lehen pausoak ematen hasi ziren liberalak. Madrildik bidalitako aginduen arabera, 500 biztanle baino gehiago zituzten herri guztiak behartuta zeuden erregistroa aurrera eramatera, horretarako, jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen kontuak jasoko zituzten hiru liburu izatea behartzen zelarik. Azken finean, parrokietan eramaten zen erregistro sistema berdina erabiltzen zen, baina oraingoan parrokian bertan egin beharrean udaletxeetan egiten zuten. Erregistroaren arduradunek egiten zuten gauza bakarra parrokoek bidaltzen zieten informazioa goitik behera udaletxeko liburuetan sartzea zen.

Akta liburuek diotenaren arabera, aipaturiko erregistroa sortzearen agindua 1843ko otsailaren 24an iritsi zen Getariara: “. . .expone el establecimiento de los registros civiles usando las reglas que se han de seguir al efecto y remitiendo los libros necesarios, y se acordo que se satisfaciere el importe de tres libros y se diese cumplimiento en el modo posible a lo que se ordenaba

1841etik 1870era arte indarrean egon zen erregistro horri behin behineko izaera eman zitzaion, egun ezagutzen dugun Erregistro Zibilaren aurrekari modura kalifika daitekeelarik. Gaur erabiltzen dugun Erregistro Zibila ez zen 1871era arte sortuko, benetan autonomoa eta Elizarekin inongo erlaziorik gabea. 1841etaik 1870era indarrean egondakoa guztiz ordezkatu zen, eta aldi horretako liburuak udaletxeetako dokumentu historiko sinple eta balio askorik gabeak izatera igaro ziren.

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: 1841eko Verako (Almeria) jaiotzen Erregistro Zibilaren liburua.
Iturria: http://blog.vera.es/cultura/2016/10/26/pedro-el-morato-pedro-maria-alonso-morata-octubre-de-1841/


Aldamar Jauregiko erregeak (II)

2018-02-20
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtarrileko berrian aurkeztu genuen Blanquitak -Aldamar jauregiko 6 urteko txikiak- Errege Magoei eginiko oparien zerrenda. Bertan antzeman zitekeen moduan eta aipatu genuen bezala, ez zen inondik inora jatorri apala zeukan neskatila.  Zerrendako eskaerak aztertuz gero, pare bat kontu aipatu beharrean aurkitzen gara.

Alde batetik, neskatilak zeukan aurpegia aipatu behar da, beretzako opariak eskatzearekin nahikoa ez eta bere aita, ama, anaia, amona eta lagunentzako ere eskatzen baitzituen, eta ez edonolako opariak gainera.  Bestalde, ume behartsuentzako egiten duen jostailu eskaera azpimarragarria da, garai hartako moralitate kristauaren karitatearen erakusgarri. Azken kontu honi dagokionez, hor geratuko zaigu zalantza ea eskaera hauekin eskubazal eta persona on modura kalifika zitekeen Blanquita edo Errege Magoei itxura ona emateko estrategia hutsa besterik ez zen berea. Argi dagoena da, egindako zerrendarekin bere gurasoak ados zeudela "gutunaren amaieran firmatu baitzuten-, jakingo ez duguna da ea Errege Magoek eskaerei benetan kasu egin zieten.

Guzti honekin, zenbait galdera datozkigu burura: Zein familiatakoa zen? Garrantzitsua edo ospe handikoa al zen familia hau? Zergatik Aldamar jauregian?

Blanca de Aragón y Carrillo de Albornoz Getarian jaio zen 1892ko uztailaren 30ean eta Madrilen hil 1981ko azaroaren 16an. Blanca Carrillo de Albornoz y Elio, Torres Etxeko VI. Marquesa eta Baiguerreko XVII. Bizkondesa, eta Cesareo de Aragón y Barroeta-Aldamarren alaba zen. Torres Etxeko markesgoaren -1709. urtean Espainiako Felipe V.ak sortutako noble titulua- bizilekua izan zen Aldamar jauregia, Blanca amaren familiarena alegia. Mundu mailako goi-mailako joskintzaren bilakaerarako, aztergai daukagun familia hau aipaturiko jauregian bizi izana oso garrantzitsua izan zela esan genezake inongo beldurrik gabe, bertan biziko ez baziren, Cristobal Balenciagaren agerpenik egongo ez zela esan baitaiteke. Diotenaren arabera, Micaela Elio y Magallón, Blanca txikiaren amona, izan zen Balenciagaren lehen mezenasa eta Blanca ama bigarrena. 12 urterekin egin zuen Balenciagak bere lehen jantzia, eta hau Torres Etxeko markesak eskatua izan zen. Hortik aurrerakoa jakina da guztiongatik.

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: Blanca txikiaren eta bere gurasoen firmak.

Komunalak Ondazilegiak zirenekoa

2018-02-20
Categorías: Reflexiones,

Joseba Garmendia irakaslearen gaurko artikuluak zer pentsa eman digu. "Publikoa / Pribatua". Gara (2018-02-18).

Komunalen gainbeherari buruz hausnartzen du Garmendiak, Ostrom-ek ireki ildoa segituz. Erabiltzen dituen kontzeptuek EH-ko Historia berirakurri, berinterpretatu eta berridazteko aukera edo beharra ez ote duten irekitzen galdetzen diogu gure buruari.

Izan ere, "publiko, pribatua, komuna" ez da izan ikerketen ardatza, nahiz eta hirukotea maiz agertu ikerketetan. Esate baterako, tokiko historia jorratzean edo udal administrazio tradizionala azaltzean, udalaren ondasun propioak eta udal-auzokoen jabetza komunak soberan ongi daude deskribatuta gurean.

Aldiro, ostera, ikerkelariak zuzen ekin dio gai honi. Hala egin zuen Mikel Mari Karrerak Ondazilegi lanean, adibidez. (Gipuzkoako Aldundia, 2002). Alabaina, ondo gogoan dugu, Altzo herriko Historia laburtzean "ondazilegiak" aipatu eta hitza zein kontzeptua herrian zeharo desagertuta zeudela ikusteak gugan sortu harridura.

Era berean, XIX. mendeko gerrak sortutako zorra ordaintzeko modua behin eta berriz errepikatu zela egiaztatuta dago: lur komunak saldu ziren zorra kitatzeko. Desamortizazioa ez ezik, gerra gastuak izan ziren herri lurrak esku pribatuetara pasatzeko biderik arruntena. Arlo honetan ere, gaiari modu gordin eta zuzen heldu diona badago, esate baterako Arantza Otaegi Gerra eta hazienda lokalaren krisia: udal ondasunen eta propioen salmentak Gipuzkoan, 1764-1814 (Gipuzkoako Aldundia, 1991) lanaren bidez.

Deigarria da, gainera, Otaegi zein Karreraren lanak Nekazaritza foru sailak argitaratu izana. Eskerrak departamendu horri! Baina gai honen eragina ez da nekazaritza hutsean amaitzen. Gizartea ulertzeko eta antolatzeko modua hartzen du bere baitan honek guztiak.

Horregatik, Patxi Juaristik Euskaldunak eta ondasunak lan bikainean (Pamiela, 2001) landutako ikuspegi propioa, hizkuntza hizpide, ezinbestekoa dugu afera borobiltzeko. Azken batean, mundu ikuskera bat dago komunalaren kudeaketaren atzean (eta gainean). Hara zer zioten Amezkoetako alkateek 1996. urtean, Urbasa-Andia Parkea kudeatzeko Nafarroako gobernuak kaleratutako planak errefusatzerakoan. Hauek herri-lurren balio ekonomiko eta oekonomikoa aldarrikatzen zuten, horrela: Sres. de Medio Ambiente, no se concibe amescoanos sin Monte Limitaciones, ni Monte Limitaciones sin amescoanos: éste es mucho más que un monte, es para nosotros como un precioso recuerdo de familia gracias al cual todavía subsiste es te pueblo, y aunque la economía de estos valles no depende hoy tanto como antes de él, la inmensa mayoría de los amescoanos lo queremos y mimamos, y como buenos hijos no consentiremos que lo lleven al asilo, aunque nos digan que allí lo van a cuidar mejor... “Monte Limitaciones y parques naturales”. Egin (1996-IX-13). Alegia, mendia ez da baliabide ekonomiko hutsala; nortasun sorrera da, Etxekoen osagai bat gehiago. Baliabidea izatekotan, Gizarteak ahalduntzeko baliabidea da, auzo edo bailara batek burujabe egiten duena.

Horren ildotik, lurraren pribatizazioa eta ondorioz pribatitazioa defendatzeko garatu legeak eta ideologiak gizarte disziplinamendu berria ekarri zuen. Halabeharrez, jabego pribatua ez baitzen gertakizun naturala, soziala baizik. Kasu honetan, gure tesiaren hipotesia berformulatu liteke: pribatizazioak gizartea kontrolatzeko molde berriak sortu zituen, Estatu garaikidea eraiki ahala.

Gatazka sozialaren adierazpen asko ere modu honetan multzokatu eta ulertu daitekeela pentsatzen dugu. Horrela, krimen odoltsu ugarik (Hiru Behien Zergaren oinarrian dagoena bezalakoa edo Gipuzkoan herri lurren erosle nagusiak pairatu zuena), sustrai komuna duten ala ez " herri lurren aprobetxamendua eta galera, hain zuzen ere- argituko genuke, esate baterako.

Era labur batean, hau ere modu orokorrean, pribatizazioak hainbat mugarri izan du gure historian. Hauek ere modu isolatuan jorratu dira. Hau da, bere baitan ikertu dira, hasi eta buka. Mugarri hauetako batzuk, gainera, artxiboetan segitzen dute, ikerlariaren zai. Pribatizazioak, ondasun komuna besteratzeak, kate luzea osatzen du. Horren begikate posible batzuk:

- XVI. mendean Gipuzkoan hainbat Jauntxo (Olazabal, Berastegi...) udal propioak bereganatzeko saioa. Herritarren erantzuna: epailearengana jo eta jauntxoa hil, adibidez.

- XVIII. mendeko matxinada.

- XIX. mendeetako gerrak: gerra gastuak ordaintzeko herri lurrak saldu.

- XX. mendean: Nafarroako "corralizas" delakoen gatazkak. Gerra osteko errepresioakin zer ikusia izango zuelakoan.

- XX. Mendean EH kontinentalean: auzokoren batek ondasunak galdu eta hauek enkantean jartzean, auzokoek enkantean parte hartu eta hura blokatzen zuten, auzokoaren mesederako.

Honengatik guztiagatik, ondazilegien desagertzea eta pribatizazioak eraikitakoa biak uztartu eta herrenkadan berriz ikertzeari eta idazteari interesgarri deritzogu. Honen interesa bikoitza da, gure ustez. Batetik, gure gizartearen, ekoizpen-sistemaren eta mundua ikusteko gure moldearen genealogia egitea; bestetik, XX. mendearen amaierako zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondoren, Europako udal frankok zerbitzuak berreskuratzeko urratsak ematen ari dira, eta ikerketa berriak mugimendu horiek zilegitzen lagunduko duelakoan gaude.

David Zapirain

Irudia: William R. Shepherd, Historical Atlas, New York, Henry Holt and Company, 1923

Euskararen zizpriztinak gaztelaniaren uretan

2018-01-30
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Aurreko artikuluan euskara eta hezkuntzari lekua egin bagenien, oraingoan gure hizkuntzarekin zerikusia duen beste gai bati helduko diogu. Lehenago ordea, akten hustuketa proiektuaren inguruko ohar batzuei leku egitea interesgarria dela deritzogu.

Jakina denez, hilabete hauetan plazaratzen joan garen (eta datozenetan argitaratuko ditugun) artikuluek Oiartzungo udalak bertako aktak hustutzeko lanetan dute oinarria. Plazaratutako estreineko idatzian hustuketa ekimen horren inguruan zer edo zer esan genuen. Ez gara berriz horretan sartuko, baina bidezkoa deritzogu Bailararen kasuan hustuketa ekimen horrek duen berritasun edo originaltasuna azpimarratzea, proiektua burutzeko aukeratutako hizkuntzarekin zerikusia duena. Aipatu genuen bezala, beste hainbat herritan ere euskara hutsean (edo euskaraz eta gaztelaniaz) burutzeko hautua egin zen. Gehienetan, ordea, gure hizkuntzan egindako lan horiek aro edo garai berrietan jarri dute begirada, erran nahi baita XX. mendean edo, asko jota, XIX. mendetik abiatutako denboretan. Eta hemen datza Oiartzungo udalak bere gain hartutako erronkaren gakoa, Antzin Erregimena izan baita lanaren abiapuntua. Mende haietan erabiltzen zen hiztegia arras ezberdina zen, hamaika kontzeptu galdu edo eraldatu egin zaizkigu, ez daude euskal hiztegietan jasoak (edo ez dirudi halakorik) eta dokumentazioa gaztelania hutsean dugunean, euskarazko baliokidea topatzea ez da batere erraza.

Beste behin ere azpimarratu behar dugu gaur egun euskarazko hiztegi historikorik gabe darraigula. Hamaika disziplina zientifikotan halako tresnak sortzen joan dira, baina Historian, aldiz, ez. Horrek herri honen gabezia eta mixeria handi bat agerian uzten du; gure iragana euskaraz eta zientifikotasunak ematen duen sakontasunez aztertzea, hagitz zaila edo ezinezkoa dela ematen baitu. Esan gabe doa guztion errua den mixeria bat dela; lerro hauen egilea ez da gutxiago, eta bere burua errudunen lehenengo eserlekuan jartzen du.

Hiztegi gabezia hori dela eta, eta proiektuak proiektu eta lanak lan, akten hustuketa lanak bideratzerako garaian gaztelaniatik euskarara itzultzeko hamaika kontzeptuk berebiziko zalantzak eta mugak planteatu dizkigute. Horrek, guztiz zuzenak ez diren erabakiak eta behin-behineko adostatunak hartzera eraman gaitu. Egoerak anitz denboran bere horretan jarraituko duelakoan gaude, denon artean fundamentuzko akordioak hartu arte; erran nahi baita historialari, hizkuntzalari, filologo, arkitekto edo injeniarien artean, baina baita baserritar, basozain, nekazari, mariñel, artzain edo unaiak aintzat hartuta, horiek guztiak baitira hamaika terminoren biziraupenean lan eskerga egin dutenak, beraien eguneroko lanbideei esker.

Zalantzarik gabe, hiztegia osatzerako garaian mugarik nabarmenena dokumentazioak berak ematen digu, garaian sortutako eta guregana iritsitako idatzien  %99-a erdara hutsean baitago. Jakina da Euskal Herrian historikoki eta administratiboki euskarak izan duen isla eskasa. Modu honetan, erakundeek sortutako dokumentuen gehiengoa populazioaren gehiengoak erabiltzen ez zuen hizkuntza batean ageri zaigu (gaztelania, frantsesa, latina, nafar-erromantzea, gaskoiera…), salbuespen batzuk badaude ere (1). Egoera hau, ordea, ez da bizi dugun hiztegi tekniko baten gabeziaren errudun bakarra, faktore gehiago daude. Tartean, profesionalek iturriak behar den moduan ez profitatzea. Horrek muga, interpretazio eta ondorio zalantzagarriak ekarri ditu. Izan ere, Historia alde batera utzita, euskararekin lan egiten edo euskara beraien ikerkuntza esparru duten beste disziplinetako profesionalek dokumentazioa irakurtzeko zailtasunak dituztela (edo esparru horretan alfabetatugabeak dira). Halaber, beste batzuetan, izan ditzakegun tresnei muzin egin diete edo ez dituzte aintzat hartu (2).

Hala ere, gure hizkuntzak egoera dokumental diglosiko nabarmena bizi izan bazuen ere, egunerokotasunean erabiltzen zen tresna izaki, ia edozein zirrikitutik igarotzeko aukera izan zuen. Hori dela eta, dokumentazioan hainbat aztarna utzi ditu;  euskaldun ia elebakarra zen gizarte baten baitan, ezin bestela izan.

Akta liburuei dagokienez, adibideak hasieran uste duguna baino gehiago dira. Gainera, kronologian aurrera egin ahala, hitz gehiago topatzeko aukerak handiagoak dira. Hein handi batean, arrazoia udal akta liburuen egitura eta eduki bereziei zor diegu, bileren erregistroaz gain memorial edo txostenak, hitzarmenak, iritzi-idatziak, azterketa edo ikuskatzeen nondik-norakoak eta abar gordetzen baitituzte.

Alde batetik, udalbatzaren hainbat erabaki eta mandatu elizan eta jendearen aurrean jakinarazterako garaian, euskaraz egiten zirela badakigu, dokumentazioak berak hori adierazten digulako. Horren zantzuak lehenengo momentutik ditugu, akta liburu bezala identifikatuta dagoen lehenengo sortan halakoak aditzera ematen baitira. 1658ko urtarrilaren 6ko bileran hartutako erabaki eta mandatuak, adibidez, elizan eta euskaraz argitara eman zitezela adostu zen eta hala egin zen: “en alta e inteligible voz, en lengua bascongada” (A-1-1-1, 4 au.). Ia 50 urteren ondoren, 1705eko urtarrilaren 1ean, gauzek beren horretan zirauten: “al tiempo del apertorio [sic] de la missa popula de oy, en lengua bulgar bascuenze publicó y dio a entender lo contenido en las ojas antezedentes al pueblo de este Valle” (A-1-12-2, 5 au-at.). Halaber, udalbatzaren batzarrak euskaraz egiten zirelaren zantzuak eta datu zehatzak daude baina zoritxarrez, halako jakinarazpenen erregistrorik ez zaigu iritsi eta ezin dugu jakin, zehatz-mehatz, zer-nolako euskara erabiltzen zen.

“En el valle de Oyarçun, seis de henero de mill y seisçientos y çinquenta y ocho años, don Sebastián de Arpide, vicario, estando la gente oyendo la missa popular, al tiempo de ofertorio, en alta e inteligible voz, en lengua bascongada, dio a entender los capítulos del decreto de suso y en fee de ello firmé. Juan de Magierena de Zubieta”.

Halakoez gain, dokumentazioan bertan hamaika euskal hitz eta kontzeptu ikusteko parada dugu; batzuk ezagunak dira, oso ohikoak, gaur egunean ere barra-barra darabilzkigunak edo nolabaiteko erabilera dutenak. Hauetako asko abeltzaintza edo nekazaritzarekin zerikusia dute: ainu (“espliego silbestre, alias añoa”), ainizkar (“yerba que llaman ‘añazcarra’”), ametz (“…robres carauallos que llaman en basquençe amezas…”), arbazta (“necessita algunos troncos de castaños y arbastas…”), arpiko, arraska, borra, enbor, fago/pago, heskai (“zerrar de nueuo de escayas”), kartola, larre-ote (“larotea”), ote-motz (“otamocha”), mazo, sega edo txerto bezalakoak. Beste batzuk, aldiz, gizartearen ohitura, usadio eta beste jardun batzuekin lotuak ageri zaizkigu. Honela, mozorro (“los mozorros o mascarados de San Juan y San Pedro”), segizio (“…se escuse el salir los hombres de cimiterio al modo de seguicio…”), edo Oiartzunen tradizio handia izan duen tobera musika tresna.

(“…nesecito [sic] asta quarenta rastadas de añoa y árguma llamada otamocha que se alla en el término llamado Ozalecu…” (A-1-12-1, 297 au. folioa; 1704 urtea)

Ezegunak eta ohikoak diren hitz horien aldetik, aurreko paragrafoan aipatu dugun “txerto” hitzak artikuluaren hasieran aipatu ditugunei heltzeko balio digu. Izan ere, hitz horrek, dokumentazioan zuzenean eta inolako bitartekaririk gabe murgiltzeak dakartzan aurkikuntzen adibide argia da. Orotariko Euskal Hiztegira hurbiltzen bagara, “txertatu” aditza Iparraldean tradizio handiko hitza dela aipatzen du, XVII. mende hasieratik dokumentatu daitekeelarik. Hegoaldean, berriz, egile gipuzkoarrek XIX. mende erdialdetik aurrera erabiltzen dutela dio. Gure aldetik, aipamenik zaharrenak 1700 urtetik datozela ematen du, alegia, uste baino mende t’erdi lehenagotik (¡?). Honela, urte hartako maiatzean Frantzisko Erretegik gaztainondoetan egin beharreko txertatzeei buruzko memoria edo txostena aurkezten du: “Memoria jurado que yo, Francisco de Retegui, tengo en chertar los castaños con diferentes sujetos” (A-1-10-2, 101 au.).

Agirien aukerak, ordea, ez dira hor gelditzen. Izan ere, hitz ezagunez gain, topa daitezkeen beste ele batzuk  ezezagunagoak dira eta gaur egunera iritsi zaizkigun idatziengatik ez balitz, zeharo galduta leudeke (3). Hauek dira interes handiena piztu dezaketenak; ez bakarrik alboratutako hitzak azaleratu daitezkeelako, beste egoera bat islatzen dutelako baizik: euskararen aberastasuna eta dinamismoa, teknologia, industria eta bestelako esparruetan garatutako hiztegia agerian utziz.

Burdinolen mundua da, zalantzarik gabe, diogunaren lekukorik bikainena: bai euskararen erabilera agerian uzten duelako, baita hamaika kontzeptu zeharo arrotz egiten zaizkigulako. Oiartzungo Olaberria burdinolarekin zerikusia duten agiriak dira hiztegi hau ageri-agerian geratzen dutenak. 1694an egin zen inbentarioa adibide ezinhobea da (A-1-8-2, 79 au.-81 au. folioak). Bertan euskarazko kontzeptuak etengabe ageri zaizkigu: agerrietako-kakoa, agoagorrika, aldabarra, boga, burniperekia, eskanbela, gorba, makoa, suar(e)a, tormentatokia, traba, zamargorrika, zigilua… Honako testua adibide azpimarragarria da:

“…hazer entrega de las herramientas de la dicha herreria a Miguel de Ynchaurrandieta… y en cunplimiento, justas sus concienzias, declararon lo seguiente:

Primeramente (…) vnas gorricas suficientes; vna palanca de aboapalanca; dos palanquetas de fundidor; otra palanqueta para limpiar la tobera; vnas gorricas para apanar agoas; otras gorricas que llaman agoacorrias; otras gorricas para partir las agoas y su talladera; vna (…) tres arpones; vn mazo mayor; otro mazo biejo que está en el fogón; dos bogas de fierro que están en el fogón; una cruz de pessar fierro con sus tablas y cadenas que no están de prouecho; vn quintal de pesar fierro; otra pessa de dos arrobas; vn perequi de fierro; vn gancho de fierro; la cadena llamada aguerrietacocacoa; tres gorricas con su talladera, mayores que de la de arriba; vn junque; vn perequi de fierro; vna suara; vnas mojorretas.

Y para las cosas que rezeuió el dicho Ygnacio de Olaizola, faltan en esta entrega y deue entregar al valle dicho Ygnacio: vna pala de fierro; vn burniperequi de fundidor para la fragoa; vnas samargorricas; dos aldabarradas de fierro; vn martillo para enderezar la planchuela; tres martillos del prestador para la mena.

Y además de ello ha entregado dos escanbelas, dos argollas y dichas escanbelas, dos macoas, todas de fierro; quatro cepos de dicha barquinera con sus cauillas de fierro; unas gorbas de apañar las piezas. // r.º Y el miembro llamado zigilua se ha de hazer nuevo a costa del dicho Ygnacio de Olaizola, quien hademás [sic] de las cossas referidas deue entregar un gancho de fierro que falta de las que rezeuió (…).

Y los dichos Miguel de Aldaco y Miguel de (Aldaco) Ysasti como tales carpinteros, so cargo del dicho juramento, declararon hauer reconozido (…) las anteparas de dicha herrería (…)

Yten, por quanto en la parte llamada tormentatoquia, digo barquinera, vn fierro llamado traua, le condenan al dicho Ignacio por su balor (…)

Yten declaran que las estoldas están limpias y en buen estado con sus ballados.

Yten la galdurra de la pressa falta y conbiene que se aga con toda breuedad a costa del Valle porque está en gran peligro la pressa”.

Urte ezberdinetan han egindako konponketa lanetan ere (besteak beste A-1-10-2, 41 au.-46 at.; A-1-11-1, 131 au.; A-1-11-2, 144 au.-145 au. folioetan), hainbat hitz daude: bioholadura (“violadura”), gezurraska, gailur (“galdur”), uztarri, uzkurriko (“uzguerrico”), alasea, errezuma, burukotegi, zinguna, azpizungile edo azpizunbilkoak ditugu. Goizueta eta Oiartzunek Urraideko zubian konponketak egiteko 1701an adostutako hitzarmenean, aldiz, zumizamarrak, zapatak, karelak, uztarriak eta, berriz ere, “zinguñak” (A-1-11-1, 162 au.-164 au.). Azken hitz hau, adibidez, “zinkuna” aldaera jasota, berriki burdinolen inguruko hiztegitxoa plazaratu duen Iñaki Azkuneri esanahi ezezagunekoa zaio (4).

Bestalde, euskara eta toponimia uztartzen dituen datuak ere topatu ditugu; erdarazko dokumentazioan agertzen diren herri edo herrialdeen euskal formak, hain zuzen ere. Honela, Donostiako udal-diruzain Sebastian Larreandiak Oiartzungo udalbatzari 1696ko maiatzaren 27an idatzi zionean, Mutrikuko Batzar Nagusietako banaketa-sutenaren inguruko kontuak zirela eta, “de lo repartido en la de Mutricu” adierazten zuen (A-1-9-1, 123 au.-at. folk.). Bestalde, 1697ko urtarrilean egin ziren Migel Agirrekoa agotearen aurkako kanporatze-autoetan, Agirrek honela deskribatzen zuen bere burua: “dijo que es vezino y natural del lugar de Arbona, en la Prouinçia de Lapurdi, Reyno de Francia, de edad de veinte y dos años (...) y su oficio es de jular [sic]” (A-1-9-2, 48 at) (5).

Argi dago, beraz, orain arte egindako lanez gaindi, euskararen ezagutzan sakontzeko udal aktak (eta bestelako dokumentazio historikoa) etorkizunean jorratzeko zain dugun sail edo alorra direla, sastraka eta sasi artean ezkutaturik ditugun fruituak noiz bilduko zain dagoena.

Iago Irixoa

(1) Errealitate arras desberdinak zirela ikusteko, berriki Peio Monteanok argitaratutako liburuan agertutakoak irakurri besterik ez dugu. Bere kasuan, Nafarroa Behereko XVI. mendeko eta XVII. mende erdialdera arteko dokumentazio administratiboa, pribatu eta notariala gaztelaniaz zegoela jakitea. Ikus MONTEANO SORBET, P. J.: El iceberg navarro. Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI. Iruñea: Pamiela, 2017, 142 orr. eta hh.

(2) Horren inguruko hainbat ausnakerta, honako artikuluan: IRIXOA CORTÉS, I.; eta PRIETO GIL DE SAN VICENTE, M.; “Abelbidetik Zaborrera: Erdi Aro eta Aro Berriko euskararen ikerkuntzari buruzko hainbat ohar eta hitz zerrenda bat”. In: Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Boletina, LXVII (2015), 129-172 orr.

(3) Ikus ibidem eta laster plazaratzea espero dugun IRIXOA CORTÉS, I.; eta PRIETO GIL DE SAN VICENTE, M.; “Agarriatik Zuzijakira: Iragan mendeetako euskal hitzen bilaketarako hainbat ardatz eta adibide”. Azken honetan Oiartzungo adibide batzuk jaso ditugu.

(4) AZKUNE, I.: “Zestoako burdinoletako euskal terminologia (1519-1544)”. In: Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Boletina, LXVII (2015), 217-231 orr.

(5) “Lapurdi” aldaera, XV. mende amaierako Gaztelako administrazioak sortutako dokumentazioan ere topatu dezakegu. Ikus AGS. RGS, 1488-III, 198 folioa.


Aldamar jauregiko erregeak (I)

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Errege Magoen inguruko lehen aipamena orain dela mende askotakoa den arren, opariek alaitzen duten ume eta ez-hain umeei bideratutako ospakizun honi XIX. mendearen erdialdera eman zitzaion hasiera.    

Ospakizunaren zergatia? Batek daki. Kuriosoa dena da, orain dela mende eta erditik, gizarte osoko zoko ezberdin eta ugarietako haurrak engainatzen ditugula. Iruzur honi itxura emateko, ahalmen ekonomikoa ezinbestekoa izango da, eta ahalmen hau familia batetik bestera edo etxe batetik bestera oso ezberdina izan da beti. Egun nabaria bada, pentsa nola izango zen 1898an.

Argi dago, ospakizunari hasiera eman zitzaion unetik ume askori izugarrizko ilusioa piztu zitzaiela. Eskatu, ezin jakin hauetako bakoitzak zer eskatu izan duen, baina ez dago zalantzarik ume batetik bestera izaki magiko hauek sortutako ilusioaren prezioa oso ezberdina dela. Bestela, galde diezaiotela Espainiako Erregearen alabari edo edozein kaletar xumeren seme-alabei.    

1898ko biztanle xume baten seme-alabek zer eskatzen zuten ez digu esaten Udal Artxiboak, baina bai Aldamar jauregiko alaba gazteak zer eskatzen zuen. Getariako soto partikular batean aurkitutako gutun baten hasierak honela dio: “Yo Blanquita Aragón y Carrillo de Albornoz Barroeta Aldamar y Elio expongo . . .”

Momentu horretan 6 urte zituen aztergai dugun gutunaren egilea den honek. Blanca Carrillo de Albornozen alaba zen, Torres Etxeko markesarena alegia. Estatus altuko familia hau Aldamar jauregian bizi izan zela jakina da, Torres Etxeko markesgoaren bizilekua izan baitzen urte askoan. Aurreko lerroetan aipatu bezala, ahalmen ekonomiko handia zeukatela ukaezina da, eta “Blanquitak” osatu zuen oparien zerrenda da horren isla garbiena:

- Kolore askotako arropak dituen panpina, eraztun urdin turkesa eta gozokiz betetako zakua, besokoa eta belarritakoak beretzat.

- Velazquezen eta Holbeinen artelanak eta eraztuna bere aitarentzat.

- Belusezko gorbata berde iluna, jantzia, txapela, Ama Birjinaren irudi urdina eta Jesusen irudi arrosa amarentzat.

- Astotxo bat eta kolore askotako arropak dituen panpina eta eserita ibiltzeko orgatxo bat Pepito anaiarentzat.

- Txakurtxo bat Cesarin anaiarentzat.

- Zetazko gorbata eta Ama Birjinaren irudi bat amonarentzat.

- Perlita zuriz betetako urrezko jostorratz bat, aingerutxoen irudi txuria, jantzi beltza eta txapela Constancerentzat.

- Jostailuak ume behartsuentzat.

Xabier Etxeberria Lasa

XX. mende hasierako nekazal mundua

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Euzko Nekazarien Bazkunak Getarian izandako presentziaren inguruko zenbait datu eman ziren aurreko idatzian. Baina, hau izan ahal zen herrian egon zen lehen nekazal elkartea? Artxiboko dokumentazioak argitzen digunaren arabera, galdera honen erantzuna ezezkoa izango litzateke. Beste sindikatu baten aipamena, zeharka bada ere,  aurki daiteke, argi eta garbi bere existentzia frogatzen duena, nahiz eta elkarte honen izaera ez dagoen batere argi.

1910eko urriaren 2ko udal akten arabera, Gipuzkoako Aldundiak zabaldutako zirkular baten aipamena egiten da, non nekazal sindikatuek zituzten abantailak herrian zehar zabaltzeko ardura Getariako udalari ematen dion. Badirudi honek bere eragina izan zuela, 1918an sortu baitzen Getariako nekazal sindikatua.

XIX. mendean zehar nekazal munduan zailtasun ugari egon ziren arren, XX. mendearen hasieran aurrerapen nabarmena eman zen produktibitate indizeek adierazten dutenaren arabera, bai espainiar lurralde osoan eta baita euskal lurraldean ere. Kontuan izan behar da euskal lurraren lanketaren ehuneko handiena esplotazio minifundistek egiten zutela, laborantza lurrez inguratutako etxe isolatuek. Aski ezagunak diren baserriak alegia. Nekazaritzaren suspertzeak ez Estatuak eta ezta norbanako edo baserritarrak aurre egiteko prest ez zeuden inbertsioaren hazkundea exijitzeen zuen. Nola egin zitzaion aurre egoera honi? Nekazal asoziazionismoa izan zen baliabide urriak zituzten baserritarren aukera bat.

Egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten  probintzietan sindikalismo katoliko modura ezagutzen denak pisu garrantzitsua izan zuela esan daiteke, batez eta Arabaren kasuan. Gipuzkoan aldiz, oso presentzia mugatua izan zuen. Sindikalismo katolikoak sindikatu modura ezagutzen ziren nekazal kooperatibak zituen herri ezberdinetan. Probintzia bakoitzean federazio bat edukitzen zuten, guztiak Confederación Nacional Católico Agraria izeneko Espainia mailako erakundeak gidatzen zituelarik.

Getariako artxiboko dokumentazioak eta Espainiako Sustapen Ministerioak eskaintzen diguten informazioaren arabera, Getariako sindikatua ez zen aipaturiko konfederazioaren zati. Egia esan, harritzekoa ez dena, 1934ko datuen arabera, Gipuzkoan zeuden 28 sindikatuetatik 8 bakarrik baitziren katolikoak. Dagoen informazioarekin, bi ondorio atera daitezke:

Getariako nekazal sindikatua 1918ak sortu zen, iturri ofizialen arabera.

Ez zegoen C.N.C.A. izeneko erakundearen barnean.

Zein izaera edo joera zuen Getariako nekazal sindikatuak?

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: San Blas baselizako pintura, aztergai daukagun garaian itsasoak eta baserriek zuten garrantziaren isla. Iturria: http://www.guregipuzkoa.eus