Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Zumaia

Elektrizitatearen iritsiera

2018-04-23
Categorías: Archivos, Zumaia,

Urtarrileko idatzian desagertua dagoen ogibide bat izan genuen hizpide. Farolari eta gauzainek, gurera elektrizitatea iritsi baino lehen, kale argiztapena bermatzeko betebeharra izan zutela ezagutu genuen. Argindarraren iritsierak, ordea, lanbide hauek desagerrarazi zituen pixkanaka. Aurreko idatziaren ildoari jarraituta, Zumaiara elektrizitatea noiz iritsi zen jakitea izan da oraingo helburua.

Zumaiako artxibategian gorderik dauden dokumentuetan, kale argiteria ezartzeko lehen interesa 1892koa dela irakur daiteke. Urte horretako abenduan, Zumaian kaleetan argiteria elektrikoa jartzearen onurak aztertzea egokitu zitzaion Lan Batzordeari. Honek Jorge Anlemeyer elektrizitate ingeniariari eskatu zizkion herrian kale argiteria elektrikoa jartzeko ikerketa eta aurrekontua. Bitartean, kale argiztapena hobetu nahian, Udalak petrolioz funtzionatzen zuten argiontziak jartzen jarraitu zuen herrigunean eta portuan.

Ia bi urte geroago, Anlemeyer ingeniariak bere ikerketarekin jarraitzen zuen. Zumaia elektrifikatzeak kostu bat zekarren herriarentzat, ez zen nolanahikoa izango, gainera. Hori pentsarazten du Anlemeyerrek herriko kapitalistek elektrifikazioan interesa duten galdetzen duen eskutitzak. Aurrekontuarekin izan zitezkeen arazoak medio, ikerketak aurrera jarraitu zuen eta 1894an Zumaia eta Zarautz elektrizitatez hornitzeko ur saltoen bila aritu ziren.

Hasieran Oikian Urola ibaiaren erriberan kokatzen zen Mantzisidor errotako ur saltoa egokia izan zitekeela pentsatu zen. Hala ere, azterketak erakutsi zuenez, neguan bi herriak argiztatzeko nahikoa indar izan arren, udan ez zuen nahikoa. Bi herrien elektrifikazioa ezin zen, beraz, ur salto bakar horren indarretik lortu. Honen aurrean, ingeniariek Narrondoko ur saltoaren indarrean jarri zuten arreta. Urolan eta Narrondon kokatutako bi ur salto horiek bertako errota zaharrei lotuak zeuden. Elektrizitatearen iritsierarekin errota zaharren azpiegiturak baliatu ziren zentral elektriko bihurtzeko. Euskal Herriko ibai eta errekatan egun erabilerarik ez duten zentral elektriko ugari topa daitezke.

Narrondoko eta Mantzisidorko ur saltoen indarra batuz Zarautz eta Zumaia elektrizitatez hornitzeko nahikoa zela ondorioztatu zuen azterketa egiten ari zen ingeniari taldea. Hori horrela, Udalak Narrondoko errota eta haren ur saltoa erosteko kudeaketa abian jarri zuen 1894ko maiatzean. Ia aldi berean, herria argiteria elektrikoz hornitzeko lanak enkantera atera zituen. 1895eko azaroan, ordea, Udalaren eta Narrondoko errotaren jabearen artean desadostasunak sortu ziren. Dirudienez, errota eta ur saltoa ez zitzaizkion Udalari saldu, errentan eman baizik. Errotaren jabeak, ordea, atzera egin eta kontratua bertan behera uzteko nahia erakutsi zuen. Zenbait balorazioren ondoren, Zumaia elektrifikatzeko ur salto horren beharrik ez zegoela ikusi zuten eta Narrondoko errota eta haren ur saltoa alboratu egin zituzten. Hortik aurrera, egitasmoak Urola ibaian kokatzen zen Mantzisidor errotarekin eta bertako ur saltoarekin bakarrik jarraitu zuen aurrera. Ur salto horren indarraz Zumaia bakarrik baliatu zela ondoriozta daiteke eta ez, hasieran pentsatu bezala, Zumaia eta Zarautz.

1896 bitartean Zumaia argindarrez hornitzeko lanak egin zituzten. Mantzisidorko errota zentral elektriko bihurtu, elektrizitatea Zumaiaraino garraiatzeko kable eta posteak jarri, argiteria berrirako beharrezkoak ziren bujia eta bonbilak jarri eta abar. Urte horretan iritsi zen argindarra Zumaiara eta gauetan kaleak argiteria elektrikoaren argitasunez bete ziren. Ondoren iritsiko ziren bertako lantegien elektrifikazioa lehenik, eta etxeena ondoren. Baina guretzat etxeetan hain arrunta eta beharrezkoa zaigun elektrizitatea lortzeko zenbait urte pasa behar izan ziren.

Oihana Artetxe

Argazkiaren egilea: Imanol Azkue

Gaua argitzea ogibide zenekoa

2018-03-14
Categorías: Archivos, Zumaia,

Neguak iluntasuna dakar gure egunerokora. Eguzkiaren argi izpiek gero eta ordu gutxiago argiztatzen dute eta eguna iluntasunean murgiltzen da. Neguak barru giroa ekartzen du gurera, baina ez hotzak epelean egotera gonbidatzen gaituelako bakarrik, argitasun ezak ere gure bizi-senean eragiten duelako baizik. Izan ere, iluntasunak arriskua dakar eta argitasunak segurtasuna. Iluntasunak trabak sortzen dizkigu, ikusteko zailtasuna sortzen baitu. Bestalde, iluntasuna gaizkileen lagun ere bada, iluntasunak ezkutatzen eta beren asmoak erraztasun handiagoz gauzatzen laguntzen baitie.

Gaur egun, gaua argiz betetzeko ahalmena dugu elektrizitateari esker. Elektrizitaterik ez zegoenean, ordea, kalea argiztatzen zuten argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Gauetan segurtasuna bermatu ahal izateko argiontziak zaintzen jarduten zuten farolariek. Gaur, beraz, galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu.

1848an probintziako agintari politiko gorenak Zumaiako alkateari hiribildua argitzeko 4 argiontzi berri erosteko baimena eman zion, argiontziak erosi eta behar zen lekuan jartzeko 672 errealeko gastua izatearen baldintzarekin. Urtebete geroago, hiribildua iluntasunetik aterako zuten 7 argiontzi zeuden Zumaian. Egoera berri horrek kale argiteria arautu eta argiontziak zainduko zituen norbaiten beharra sortu zuen.

Kale argiteria udazken eta neguan piztea adostu zuen udalbatzak: urtarrilean, otsailean, martxoan, urrian, azaroan eta abenduan. Urteko sei hilabete horietan argiztapenak 5 ordu iraun behar zuen gutxienez. Zeregin horretarako Jose Txapartegi izendatu zuten aho batez. Haren soldata urtean 800 erreal kuartokoa izango zen, lau hiruhilekotan zatitua. Soldata horrek, Txapartegiren lanaz gain, hiribildua argiztatzeko beharrezkoa zuen materialaren kostua ere barne hartzen zuen. Hau da, argiztapenerako olioa eta metxa eta argiontzien mantentzerako beharrezkoak ziren kristal, hodi, ontzi, eskala eta abar bere soldatatik ordaindu behar zituen Txapartegik.

Jose Txapartegik kargua hartu eta bost urte geroago, kale argiteriaren egoera tamalgarria zela dirudi. Zumaiako sindikoak jakinarazi zuen argiontzi gehienak arratsaldeko 8tarako itzaliak zeudela eta horren aurrean udalbatzak nolabaiteko erabakia hartu behar zuela. Egoera errepikatu ez zedin, aurrerantzean gaueko 10ak baino lehen itzalita zegoen argiontzi bakoitzeko farolariari 20 errealeko isuna jartzea adostu zuten. Arazoak, ordea, ez ziren hor bukatu.

1865ean kale argiteriaren egoera tamalgarria zen berriro ere. Oraingoan, farolariari isuna jarri beharrean, petrolioaren kontsumoa eta argiontzien gainerako mantentze beharrak aztertu eta lanpostua enkantean ateratzea adostu zen. Petrolio kontsumoaren eta argiontzien egoeraren ikerketa Jose Maria Resustari eskatu zioten. Urtebete geroago farolari berri baten bila zebilen Udala. Oraingoan, ordea, soldataren baldintzak ez ziren berdinak. Argiontziak pizten ziren bakoitzean 4 erreal kobratuko zituen farolariak eta kale argiztapenerako kontsumitzen zen petrolioa hiribilduaren kontura izango zen. Hala ere, badirudi kale argiztapenaren egoera ez zela hobetu eta farolari postua betetzeko zailtasunak egon zirela.

1870ean aldaketa bat sumatzen da. Ordurako farolari postua desagertua da eta hark egiten zituen lanak aguazilen zereginen parte izatera pasatu direla dirudi. Izan ere, urte horretan, Isidoro Amas aguazilak 2,5 erreal kobratzen zituen kaleko argiontziak pizten zituen egun bakoitzeko. Gauetan, argiztapena zaintzeaz gain, pixkanaka beste behar batzuk sortu zirela kontuan izan behar dugu, gehienak segurtasunarekin lotutakoak. Hori horrela, farolariek sereno edo gaueko aguazilei zabaldu zieten bidea. Gogoratu behar dugu Zumaian 1866an agertzen zaizkigula lanpostu horren inguruko lehen berriak. Gauean kaleak zelatatu eta araudia errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu ere. Horrela, farolariak sereno postuaren aurrekariak izan zirela esan daiteke.

Oihana Artetxe

Irudiaren iturria: https://laruinahabitada.org/2014/05/05/adios-al-farolero/

Urte amaierako ezkila-hotsa

2018-01-03
Categorías: Archivos, Zumaia,

Gainean dugu Abenduaren 31, gainean urtearen amaiera. Egun horretako azken minutu eta segundoak noiz iritsiko zain egoten gara urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emateko. Gauerdian, elizako ezkilek 12 aldiz dilin-dalan jotzen dituztenean da unea.

Ezkila-hotsa, ordea, urte osoan entzuten dugu. Denbora zehaztu eta aditzera ematen du. Bizi erritmoa markatzen du gailu hauen soinuak. Horri jarraiki ekin diogu Zumaiako Udal Artxiboan guretzat aurtengo azken idatzia izango dena osatzeari.

Lehen dilin-dalan hotsak 1770. urtera garamatza. Zumaiako kanpandorrearen egoera nahikoa tamalgarria zen une hartan. Hori zela eta, mugakide zuen Debari, kanpandorrea eta teilatua osatzeko beharrezko materialak prestazio komunetik bidaltzeko eskaera luzatu zion. Lanek aurrera jarraitu zuten eta lau urte geroago, 1774ko urtarrilean, parrokian zegoen eta “Santiago” izenez ezagutzen zen ezkila saltzeko batzorde bat sortu zen. Dirudienez, nahikoa kanpai bazen herrian eta hau sobra zegoen. Modu horretara salmenta bidez diru apur bat ateratzea erabaki zuten. Hauxe da Zumaiako parrokiko ezkilei buruzko lehen berri zuzena. Izan ere, aitortu beharrean gara, parrokiko ezkila-hotsei dokumentazioan jarraitzea ez da batere erraza izan. Gezurra dirudien arren, mendetako isiluneak topatu ditugu. 1844koa dugu hurrengo aipamena. Urte horretako uztailaren 21ean, San Telmo baselizako kanpaia parrokiara lekualdatzeko adostasuna jaso zen.

Bi aipamenak laburrak baina adierazgarriak dira. Alde batetik, ezkila bakoitza izendatu egiten zutela ematen zaigu aditzera. Beste aldetik, ezkila hauek berrerabili edota birziklatu egiten zirela. Nahiko ohikoa izaten zen ezkila zaharra edo matxuratua kanpaigile-maisuari bidali eta hura urtuaz berri bat egiteko eskaera egitea. Aintzat hartu beharra dago garai haietan metalak izan zezakeen balioa eta kanpai berri bat egitearen kostua ez zirela  nolanahikoak izango.

XX. mendearen hasierara egin behar dugu salto ezkila-hots ozenak berriz entzuteko. 1914an jasota dago Zumaiako parrokoak eskerrak ematen dizkiola Udalbatzari ezkila berri bat edo bi erosteko diru-bilketari 100 pezetarekin hasiera emateagatik. Hori horrela, agerikoa da Zumaiako parrokia ezkila berrien beharrean aurkitzen zela. Hala ere, ez da harritzekoa, dokumentazioak gezurrik esaten ez badu behintzat, eta bertako isiluneak aintzat hartzen baditugu, parrokiko ezkilek mendeetan makina bat dilin-dalan emanak izango ziren eta!

Ezkila-hotsak atzean eta ezkila-hotsak aurrean. Urte amaiera eta urte hasiera. Mitologia erromatarreko Jano jainkoaren gisan. Urte amaierak etorkizuna baikortasunez begiratzeko uneak biltzen dituela esan dezakegu. Guk ere horrela bukatu nahi dugu 2017a, urte berrian tarte hau zuekin partekatzen jarraituko dugula eta bertan topo egingo dugula pentsatuz. Zumaiako Udal Artxiboan muturra sartuta, gai berrien ezkila-hotsen atzetik topatuko gaituzue datorren urtean ere.

Goza ditzazuela Urtezahar gaueko dilin-dalan soinuak eta 2018 oparoa izan dezazuela!

Oihana Artetxe


Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak II: San Pedro Parrokiako San Anton kapera

2018-01-03
Categorías: Archivos, Zumaia,

Aurreko idatzian Elorriaga leinuaz eta San Bernabe kaperaz aritu ginen. Familia horrek 1503an San Pedro elizan kapera egiteko baimena lortu zuela ikusi genuen. Dokumentu hartan, ordea, zeharka bada ere, San Pedro elizaren kudeaketaren inguruko informazioa jasotzen zela nabarmena izan zen. Bestalde, agerian geratu zen, baita ere, elizan familia edo leinu baten sepulturaren kokapenaren garrantzia. Hau ederki adierazten da urtebete geroagoko, 1504ko irailaren 1eko, antzeko beste dokumentu batean.

Oraingo honetan Bachiller Jofre Ibáñez de Sasiolari Zumaiako San Pedro Elizako Santa Katalinaren omenezko aldarearen azpiko lurra saldu zitzaioneko dokumentua dugu. Ondoren transkribatzen dugun zati honetan lur hori lortzeko prozesua azaltzen da:

“… otorgamos e conosçemos que por cabsa e rrazón que la dicha yglesia de sennor Sant Pedro e la fábrica d’ella está al presente en mucha nesçesydad para fazer e çerrar la capilla mayor de sobre el altar mayor, e vos el Bachiller Jufre de Sasyola, vasallo del Rey e de la Reyna nuestros sennores e de su Concejo, para suplir la nesçesydad presente de la dicha yglesia e fábrica d’ella ofreçistes e prometistes çinquenta ducados de oro para los luego pagar por el suelo de la capilla qu’es debaxo del altar de Santa Catalina en la dicha yglesia, para lo que teníades vos el dicho Bachiller, liçençia e premisyón del Vicario General del obispado de Panplona, la qual dicha postura e preçio de los çinquenta ducados vos fue pujada por Martín Ybannes de Arteaga e por Juan de Arteaga, su nieto, fasta que llegaron las dichas pujas de entre vos, el dicho Bachiller, e las otras partes a çiento e sesenta ducados de oro. E después vos, el dicho Bachiller, pujastes el dicho suelo de capilla de quarenta ducados más e los pusystes en preçio de dosientos ducados de oro, e las otras partes non fisieron más puja sobre vos, el dicho Bachiller, rrematado commo en mayor pujador por los dichos manobreros. E por ende, nos el dicho conçejo, alcalde, preboste, jurados, oficiales, omes fijosdalgo suso dichos, commo patrones que somos de la dicha yglesia, en vna conformidad e concordia, desimos que loamos, rratyfycamos e aprobamos el dicho rremate del dicho suelo de capilla en vos el dicho Bachiller.”

1504an San Pedro elizako obrek jarraitzen zutela nabaria da, baita horiek gauzatzeko zuten diru falta ere. Finantzaketa modu bat elizan lurperatzeko lurraren salmenta izan zen argi eta garbi. Kasu honetan, Elorriagatarrekin gertatu bezala, elizako gune nabarmenetako bat eskuratu zen, baina prozesua guztiz desberdina izan zela ikus daiteke. Oraingoan, lur zati hori, enkante moduan atera zuten salmentara eta horri esker jakin dezakegu hura lortzeko egon zen borrokaren eta botere talkaren berri.

Zumaiako bi leinu garrantzitsuk nahi zuten eremu hori: Sasiola eta Arteaga leinuek. Biek komunitatean zuten boterearen erakusgarri izango zen sepultura nahi zuten elizaren barruan. Azkenean, Sasiola leinuak lortu zuen urrezko 200 dukaten truke. Gogoan izan, urtebete lehenago, Elorriagatarrei urrezko 40 dukateko eskaera egin zitzaiela kapera egiteko. Hala ere, kontuan izan behar dugu, elizako tokirik nabarmenean kapera egiteko azken aukera zela enkantean jarri zena. Hau da, Elorriagatarrek aldare nagusiaren eskuinaldeko eremua eskuratua zuten jadanik kapera egiteko. Beraz, 1504an Sasiola eta Arteagatarrek borrokatu zutena aldare nagusiaren ezkerraldean kapera egiteko aukera izan zen. Sasiolatarrek egingo duten kapera gaur egun Zumaiako Parrokian dagoen San Anton kapera da.

Bi dokumentu horiek XVI. mendearen hasierako gizartean familia edo leinuaren sepulturaren kokaguneak zuen garrantziaren berri ematen digute. Hori horrela, garai hartako elizako sepulturen kokaguneak orduko Zumaiako komunitatearen berri emango ligukete. Sepultura horien planoa XVI. mende hasierako Zumaiako gizartearen isla litzateke.

Oihana Artetxe


Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak I: San Pedro Parrokiako San Bernabe kapera

2017-11-15
Categorías: Archivos, Zumaia,

Gure lurraldean, erlijio kristauaren barruan, hilotzak elizen inguruan ehorzten ziren garai batean. Burualdeko gertutasunean santu, elizgizon eta komunitateko pertsonaia nagusiak eta haien ondoren gainerako komunitateko kideak. Denborarekin tenpluak handitzen joan ziren eta kanpoko sepultura horietako asko eliza berrien barrualdean geratu ziren. Horrek, komunitatearen ehorzketak elizaren barrualdean egitera eraman zuen. Euskal Herriko zenbait herritan oraindik ikusgai daude elizako lurzoruan kokatutako hilobiak. Hilobi horietariko bakoitza familia edo leinu bati egokitzen zitzaion. Hala ere, lehen kanpoan egin bezala, burualdetik gertuen santu, elizgizon edo komunitateko pertsona nagusiak hilobiratzen jarraitu zuten, askotan haien omenez eraikitako kapera berezietan. Zumaian badugu azken horren berri ematen diguten dokumentu interesgarriak.

1503ko maiatzaren 13an San Pedro elizako eremu bat, pareta eta guzti, eman zion Udalbatzak Cristobal Perez de Elorriagari, bertan kapera bat egin zezan. Ordurako, ordea, Cristobal hilik zegoen. Kontua da, bizirik zegoela, Alejandro VI.a aita santuaren bulda bat lortu zuela San Pedro elizan kapera bat eraikitzeko. Bulda horrek, ohikoa zen bezala, bertan mezak egiteko eta bera eta oinordekoak lurperatzeko baimena zeraman bere baitan. Iruñeko bikario nagusiak berretsi zuen eta Zumaiako hiribilduak kapera hori eraikitzeko gunea eman zien Cristobalen emazte zen Catalina de Osangori eta haien seme Juan Perez de Elorriagari:

“… desimos e otorgamos que fazemos dotaçión e donaçión e fazemos el dicho asyento con vos, Juan Peres de Elorriaga, fijo legítimo heredero universal de el dicho Cristóval Peres de Ellorriaga, vuestro sennor padre, e a vos Catalina de Osango, muger del dicho Cristóval Peres, defunto, para que en el lugar por el dicho Vicario General limitado e sennalado e declarado e en el dicho suelo podádes fazer e fagádes la dicha capilla a vuestra costa e misyón, e ende podades fazer desir misas e otros ofiçios dybynos e enterrar a vuestros cuerpos e de vuestros subçesores a la ladera, debaxo del altar de San Martín, segund y en conpás que fue esaminado e destajado por vista e esamen de maestre Martín de Gorryaran, maestre cantero para ello traydo e por maestre Pedro de Yrunaga, maestre cantero, et dexando por camino e pasaje a la parte del ospytal, tanto en ancho quanto la medida que está sennalada en el pilar de piedra del altar de San Juan, con condiçion que la dicha capilla syenpre aya de estar e esté abierta por parte de dentro de la dicha yglesia e syn çerradura alguna, y que la dicha capilla sea común para todo el pueblo para estar e entrar y andar y rrezar en ella e oyr los ofiçios divinos e para todos los otros ofiçios eclesyásticos e seglares que sean nesçesarios al dicho concçejo, eçeto que ninguno se pueda sepelir nin enterrar en la dicha capilla salvo los que quesyeren o premitieren la dicha muger e herederos de dicho Cristóval Peres, que poseen e poseyeren su casa, e non otro ninguno. E que para ello la dicha muger e herederos del dicho Cristóval Peres, que poseen su casa, ayan de dar e den e paguen luego para la fábrica de la dicha yglesia de sennor Sant Pedro, que está an mucha nesçesydad, quarenta ducados de oro. E más dé una sepultura que tiene en la dicha yglesia para que el dicho vicario e manobreros la puedan vender e vendan para la dicha yglesia e fábryca e vtelidad d’ella.”

Lehenik, aipatu beharra dago, dokumentuan argi geratzen dela Zumaiako San Pedro elizan elizkizunak baino gauza gehiago egiten zirela. Kapera egiteko eskubidea aita santuak eman zion Cristobali; Iruñeko bikario nagusiak hori berretsi eta Zumaiako udalbatzak San Pedro elizaren barruan kapera egiteko gunea eman zion. Bestalde, une horretan San Pedro elizan lanak egiten dabiltzala ere aipatzen da; eliza handitzeko lanak izango dira, ziurrenik. Udalak jakinarazten duenez, lan horiek egiteko dirua falta zuen eta Catalina de Osangori eta Juan Perez Elorriagari urrezko 40 dukat emateko eskatu zitzaien. Horrek elizaren kudeaketa nolakoa zen azaleratzen du.

Kontuan izan behar dugu elizak komunitate baten elkargune izan direla eta historikoki komunitate horrekin lotutako gaiak jorratzeko gune ere izan direla. Udaletxeak egon baino lehen, adibidez, ohikoa zen batzarrak elizetan edo eliza ataritan egitea. Elizak komunitateek sortu izan dituzte gehienetan eta eraikin horiek komunitate horien botere eta aberastasunaren ikur izan dira. Egun elizaren funtzioak betetzeko erabiltzen diren eraikin horiek, historikoki komunitateko hainbat zereginetarako erabili izan dira. Hori horrela, Cristobal Perez de Elorriagaren izenean eraikiko den kaperak ezin duela itxiturarik izan ikusi dugu. Elizaren barrualdeak irekia behar zuela guztien igarobidea bermatzeko eta kapera horren erabilerak ere publikoa izan behar zuela. Elorriagatarrek zuten eskubide pertsonal bakarra bertan hilobiratzekoa zen, beraz.

Elorriagatarrek egin zuten kapera gaur egun Zumaiako Parrokian dagoen San Bernabe kapera da. Garai eta gizarte hartan elizaren barrualdean gune nabarmen batean kapera bat izatearen sinbolismoa ikaragarria zen. Azken finean, elizaren barruan familiaren izenean eraikitako kapera izateak komunitatean indar handia zuen eta bertan ehorzteko eskubideak familia horrek komunitatearen barruan zuen botere eta aberastasuna adierazten zituen. Elizak eta ondoren Udaletxeak komunitatearen botere eta aberastasun sinbolo izan badira, etxea eta sepultura familia edo leinu baten boterearen erakusle izan dira. Horregatik, sepultura familia edo leinuaren ondasun preziatuenen artean zegoen eta maiorazkoaren ondasun zatiezinen parte izaten zen. Hori ematen du aditzera transkripzioan irakur daitekeen “que poseen e poseyeren su casa” formulak. Horren guztiaren atzean, beraz, familiaren nahitasun garbi bat zegoen eta interes berezia zuten kapera dotorea egiteko eta artelan ederrekin apaintzeko.

Elorriagatarrek kapera egin eta bertan lurperatzeko eskubidea lortu zutenez, ordura arte elizan izan duten sepultura emateko eskatzen zaie dokumentuan. Horrela, sepultura hori beste familia bati salduko zaio. Pentsa dezakegu, Elorriagatarrek lehenago erabili zuten sepulturak ere elizan gune esanguratsua izango zuela. Hori salmentara ateratzeak, komunitateko beste familia batek sepultura hori eskuratu eta elizan bere leinuaren edo familiaren tokia hobetzea eta maila gorenago batean jartzea ekarriko zuen.

Familia edo leinuaren sepultura elizako gune nabarmenean izatearen garrantzia ederki adierazten da urtebete geroagoko, 1504ko irailaren 1eko, antzeko beste dokumentu batean. Baina hori hurrengorako utziko dugu.

Oihana Artetxe

Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila

2017-10-13
Categorías: Archivos, Zumaia,

Zementugintzak garrantzia handia izan zuen Zumaiako industrializazioan. Ekoizpen honek eman zion hasiera hain juxtu herriko industrializazio prozesuari XIX. mendearen erdialdera, eta Urola Beheko zementu fabrikek hartu zuten garrantziari esker, Zumaiako portua “Interés General de Segundo Orden” izendatua izan zen 1883an. Zementu naturalak Zumaian izan zuen indarraz jakitun, artxiboan honen inguruko datuak topatu nahian ibili gara.

Esan beharra dago ez dugula batere erraza izan, baina honek ez gaitu ezustean harrapatu. Ekoizpen bati buruzko informazioa lortzeko lehen iturriak interesatzen zaigun produktua ekoizten zuten enpresak izaten dira. Gauza jakina da, ordea, enpresen artxiboak pribatuak direla eta hauek ez direla informazioa publikoki partekatzearen oso aldekoak, ezta enpresak ateak itxi eta desagertzen denean ere. Hala ere, enpresako informazioa interesgarri gertatu daitekeenaz jabetzen direnak eta enpresako agiri funtsa udal artxiboei eskaini izan diotenak ere badira, Gipuzkoan hauek salbuespen gutxi batzuk izan arren.

Zumaiako kasuan, tamalez, udal artxiboan oso dokumentu gutxi topatu ditugu herriko zementu naturalaren ekoizpenaren berri eskaintzen dutenak. Aurkitu ditugun gehienak Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresarekin erlazionatuta daude. Hauek “Zumaya” izenez ezaguna zen zementu naturalaren zabalkundearen berri ematen digute. Baita, fabrika horretan lan egiten zuten langileen izenak jaso eta hauen soldaten berri eman ere. Datu hauek, ur frexkagarria izan dira desertuan.

Lehenengo kasuan Gurruchaga, Lopez y Compañíak bere ekoizpena merkaturatzeko pausoak azaleratzen dituzten posta-trukea dugu. Pedro Gurruchaga Uriartek, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La Zumayana” izeneko zementu fabrika. 1903an, Pedro hil ondoren, Gurruchaga, Lopez y Compañía sozietate kolektiboa sortu zuten, bazkide berriak sartuz. Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, lehiakide beteranoenei aurre egin behar izan zien. Udaletxean Oviedoko probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak 1905eko uztailaren 21ean igorritako gutun bat aurkitu dugu. Bertan, (..) ha de ser difícil luchar con los fabricantes de esa Sres. Corta y Uriarte, ya acreditados, que desde hace tiempo proveen a contratistas y al comercio de esta región, vendiendo hoy en idénticas condiciones a las que VV. proponen”.

Agian, bertako konpetentzia handiak bultzatuta edo, enpresa honek nazioarterako pausoa ematea erabaki zuen. Horren erakusgarri da Mexikon bere ekoizpena merkaturatzeko ahalegina erakusten duen posta-trukea. Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresako arduradunak Mexikoko Felipe Neumman y Cía. enpresarekin jarri ziren harremanetan 1905ean. Mexikoko gobernua zenbait obra egitekoa zen garai hartan eta horretarako zementu naturala behar zuen. Hasiera batean Mexikoko Parlamentua eraikitzeko zen zementu eskaera, baina hau laster handitu zen. Dirudienez lurraldean zenbait azpiegitura hidrauliko egin nahi ziren, tartean Xochimilcokora ura bideratzeko akueduktuak. Hau dela eta, Mexikoko Gobernuak, obra hauentzako beharrezkoak ziren lehen 100.000 zementu natural upelak nori erosiko zizkion erabakitzeko lehiaketa deitu zuen.  Zumaiako enpresak ez zuen Allen enpresa alemaniarraren baldintzak hobetzea lortu, Hamburgotik Veracruzerako fletea merkeago suertatzen zelako. Dirudienez hemen bukatu ziren Mexikorekin negozioak egiteko saiakerak.

Aurkitu dugun beste dokumentu interesgarria “La Zumayana” fabrikako langileen izenak eta postuak islatzen dituzten 1891, 1901, 1903, 1904 eta 1905eko zerrendak dira. Lehen zerrendan, langileak zementu ekoizpenarekin lotutako 5 sailetan banatzen zirela ikusten da: xehetze saila, erretze saila, bapore saila, paketatze saila eta portuko biltegiko arduraduna. Sail hauek gutxitzen edo langileak bateratzen joan ziren urteak pasa ahala. Horrela, 1903ko zerrendan xehetze saila eta erretze saila dira aipatzen diren bakarrak. Langile kopurua ere nabarmen jeitsiko da, ziurrenik prozesuaren atal baten nolabaiteko mekanizioak bultzatuta edo. 1891ean 18 langile zituen fabrikak, 1901ean 14, 1903an 5, 1904ean 7 eta 1905ean 2. Azken urte honetako bi langileek xehetze eta erretze sailean batera lan egiten zuten. Langile guzti hauen artean emakume izen bat topatu dugu 1901eko zerrendan: Clara Olaizola. Honek paketatze sailean egiten zuen lan zakuak sakabanatzen. Azkenik, datu baliagarri bat: 1891ean eta 1901ean langileen soldatak agertzen zaizkigu. Horren arabera, 1891ean 2,5 pezeta inguru kobratzen zituen langile batek “La Zumayana” enpresan eta 1901ean 3,5 pezeta inguru.

“La Zumayana” zementu fabrikak 1907an utzi zion ekoizteari. Hala ere, egun ikusgarri daude ekoizpen multzo honen hondarrak. Hauek gertutik ezagutzeko eta Zumaian zementugintzak izan zuen garrantziaz jabetzeko aukera paregabea duzue urriaren 7an 10:30ean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa taldeko kideek Narrondoko industriagunea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute. Izen emateko 943 86 10 56 telefonora deitu besterik ez dago. Hemendik bertara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Izan ere, zementugintzaren inguruan aritzeko zein ZIIZeko kideak baino hobeto?

Oihana Artetxe

*Argazkia: Gurruchaga, López y Cía. enpresaren dokumentu baten buruko irudia


Jakingo al zenuke 1344ko leku-izenak gaurko Zumaiako mapan kokatzen?

2017-08-11
Categorías: Archivos, Zumaia,

Orain urte batzuk arte, egungo herriak hiri-gutuna lortzearekin batera sortzen zirenaren ustea zegoen. Hiri-gutunarekin hiribildu berri bat sortzen zen, bai. Horrek, ordea, ez du hiribildua sortu aurreko populazio eza adierazten. Bai dokumentazioak, bai arkeologiak, hiribilduak sortu aurreko populazio guneak zeudela erakutsi dute eta hiribilduen sorrera populazio horren nahiaren emaitza direla.

Beharrak edota nahiak bultzatuta, ingurune horietan bizi zirenek gune libre bat behar zutela erabaki zuten; lege, epaile eta arau propioak zituena. Hiribilduak izaki politikoak dira eta hauek ez dira ezerezetik sortzen. Gizakien borondatea dute abiapuntu eta bizimodua hobeto antolatzeko sortzen dira. Hiri-gutunaren aurreko dokumentuek ingurune populatuen berri ematen digute, baita azken urteotako lan arkeologikoek ere. Azken hauek ezinbestekoak gertatzen dira dokumentazio falta nabaria denean.

Zumaiako Udal artxiboan hiri-gutuna lortu aurreko dokumentazioa topatzeko zortea dago. Zumaiari aipamen zuzena egiten dion lehenengo dokumentua 1292koa da. Bertan “monasterio de Sancta María de Çumaya, que es en Guipúzcua” irakur daiteke. Dokumentu honek, ordea, ez du zehaztasun handiagorik ematen. Hori dela eta, oraingoan, artxiboan gordetzen den 1344ko dokumentuari erreparatu diogu. Zumaiak hiri-gutuna lortu baino 3 urte lehenagoko dokumentua da hau.

Tamalez nahiko egoera txarrean dagoen dokumentu honek1, 1344ko Zumaiako biztanle eta populazio guneen berri ematen digu. Zumaiako bizilagun nagusiek, bertako apaiz den Beltran Martinez de Ochangori prokurazio-gutuna ematen diote, Zumaiako Andra Mari monasterioak dituen zenbait lur eta ondasunen lagapenerako enfiteusi-zentsu baten kontratua formaltzeko. Idatzian agertzen diren Zumaiako bizilagun nagusiak Beltran Yuaynes de Dornutegui, Beltran de Arteaga, Iohan Martiniz de Ochango, Martin Lopiz de Liaouiaga eta Pero Yuaynes de Matauca dira.

Hau izango da, Zumaiako bizilagunek hiri-gutuna lortu aurretik, antolakuntza amankomunerako emango duten lehen pausoa. Bertan, Zumaia eta inguruak populatzen zituztenek, Andra Mari monasterioarenak ziren zenbait lurren eta ondasunen gaineko eskubideak lortzen dituzte, urtean, Done Mikel egunean, Orreagako ospitaleari 440 marai ordaintzearen truke. Helburua “que puedan en el dicho logar de Çumaya poblar et ffaçer puebla nueua e hy habitar en tal manera et conditión que ellos et aqueyllos que por todos tiempos serán enpués d’eyllos”. Hau da, dokumentu honek Zumaiako lehen lurralde antolakuntzaren berri ematen digu.

Zumaiako ingurunean bizi zirenek, Zumaia izeneko gunea hiribildu gisa antolatzeko toki aproposa zela pentsatu zuten. Beraz, hiribildu titulua jasotzeko beharrezko lehen pausoa emana zuten. Dokumentu honek komunitate baten nahia adierazten digu. Zumaiaren proiektua inguruko biztanleek bultzatua izan zela argi geratzen da hemen. Baina, zein lur eremu eta zein ondasun bildu zituen Zumaiak?

“Ardança e Yçurun e Narruondo con la meytat de la rrueda de Narruondo e con las pertenencias que sson desde el dicho [logar de Narruondo fasta Çumaya e entre el camino dende es el agoa, et otrossí vna tierra labrada que es clamada] Picote et otrossí Çabaliaga e Sarasgarate et Otabarça et el sel d’Olano en el término de Yçiar [et la presa de Yrure] et Vitarte et Barçusta et Çumayegui con ssu arenal, et Yregui con ssu parte de la rrueda, et Ozpide dos pieças e en Obilos vna pieça, et en Orebia e en la rribera de Atecherbia vna pieça, en Larrançadi vna pieça e delante la iglesia [de Sant Bartolomé de Oiquina vna pieça, et en Urteaga una pieça, et otrossí el logar que sse clama Aguirre con la casa] et con todas ssus pertenençias, et la parte de la rrueda de Yregui”

Datu hauek aurrean izanik, joku bat proposatu nahi dizuegu. Zumaiako 1344ko lurralde antolakuntzaz jabetzeko, Zumaiako mapa toponimikoa hartu eta, bertan, dokumentuan aipatzen diren izenak egungo toponimoekin identifikatzen saiatu. Batzuk identifikatzen errazak dira, besteak zailagoak eta beste batzuk galdu direla konturatuko zarete. Ariketa honekin, ordea, 1344ko biztanleek lortu zuten lur eremu eta ondasunen zabaleraz jabetuko zarete eta Zumaiako toponimo zaharrenak ezagutuko dituzue. Honek, gainera, gune horien antzinatasunaz ohartaraziko zaituzte. 1344ko lurralde antolakuntzak, hein batean, egungo mapa toponimikoan fosilizatuta jarraitzen duela ikusiko duzue.

Oihana Artetxe

Istiluak Zumaiako nasen inguruan

2017-08-01
Categorías: Archivos, Zumaia,

Apirileko idatzian arrantzarako nasak ekarri genituen txoko honetara. Nasa horiek zer eta nolakoak ziren ikusi genuen, baita hiribilduen ekonomian izan zuten garrantzia azaleratu ere. Arrantzarako egitura horien kokapenak, ordea, istilu eta auzi ugari sortu zituzten ibaien erabileraren inguruan. Gaiari jarraipen txiki bat egin nahirik, nasa hauekin Zumaian egon ziren zenbait istilu jorratuko ditugu artikulu honetan.

Nasetako arrantza jarduera handikoa izaten zen, baina gehienbat abendutik apirila bitarteko hilabeteetan. XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen leinu handien, eliz erakundeen eta kontzeju eta hiribilduen ondasunen artean arrantzarako horrelako azpiegiturak topatzea. Aurreko idatzian aipatu genuen bezala, nasa baten lehen datuak 1416koak dira Zumaian. Azpiegitura horien hedapenak, ordea, ibaien nabigazioan arazo handiak sortzen zituen. Alde batetik, ibaian gora kokatzen ziren hiribilduak kexu agertzen ziren, beren ekonomiarako ezinbestekoa zen burdinolen jarduera kaltetzen zuelako. Bestalde, ibaien ibilgua ixten zuten egitura horien erruz, hondoratze eta heriotza asko izan ziren. Hain handia izanik arazoa, 1484rako Ordiziako Batzar Nagusietan horien egitura, kokagunea eta forma arautzeko xedapenak zehaztu zituzten. Ibaietako nabigazioan sortzen zituzten arazoak eta ibaien itxiera osoa saihesteari begira, nasa guztiek ibaiaren ibilguaren heren bat libre utzi behar zuten. Arau horri esker, burdinolen industriarako beharrezkoa zen ibai nabigazioa bermatzen zen, eta arrainek (bereziki izokinek) ibaian gora egin ahal izatea ahalbidetzen zuen.

Bestalde, ibaian egiten ziren jarduera anitzak kontuan izanik, ez zen harritzekoa egurrezko egitura horiek gehienez urtebete irautea. Horregatik, beharrezkoa zen etengabe ikuskatzea eta behar zenean konpontzea. Ikuskatze horietako batean aurkitu dugu Zumaiako nasen inguruko lehen arazoa. 1610. urtean Dornutegiko nasa behar bezala zaindu gabe zegoela erreparatu zuen kontzejuak. Dirudienez, Dornutegiko errotaren errentatzaile zen Domingo Arbeztainek nasa kaltetu zuen errotaren onurarako. Hori zela eta, Domingori nasa konpontzeko gastuak bere gain hartzea agindu zitzaion eta errotaren jabeari isuna jarri.

Bigarren istilua 1680an dugu. Kasu horretan Zumaiako kontzejua eta Oikiako bikarioa topatu ditugu aurrez aurre. Oikiako bikarioak, beste hiribildu batzuetan eliz erakunde eta jauntxoek egiten zuten moduan, Urola ibaian nasa propioa eraiki zuen. Gogoratu behar dugu, ordea, Zumaiako 1584ko udal ordenantzetako 59. puntuak aditzera ematen duen bezala, ibaietako arrantzaren monopolioa kontzejuak zuela. Beraz, beste hiribilduetan ez bezala, Zumaian legez kanpokoa zen norbanako batek arrantzarako egiturak ibaian eraikitzea. Oikiako bikarioak, ordea, udal legeari muzin egin eta Eskazabal baina gorago nasa bat eraiki zuen. Horren aurrean, kontzejuak Miguel Elkano, Erramus Arrona eta Martin Beruin bidali zituen nasa hori ibaitik kentzera. Martxoaren 24ko udal agindu horretan nasa kentzeko gastuak hiribilduak bere gain hartu behar izan zituela agertzen da, Oikiako bikarioari nasa eraikitzeko baimena errejidoreak berak eman ziola eta. Baina kontua ez zen hor bukatu. Oikiako bikarioak kontzejua probintziako korrejimendura eraman zuen auzitara, berak errejidorearen baimenarekin eraikitako nasa kendu izanagatik. Gainera, hiribilduaren esanak bete zituzten Miguel, Erramus eta Martin atxilotzeko agindua ere jaso zuen aguazil nagusiak. Auziak aurrera jarraitu zuela dirudi, baina Zumaiako artxiboan ez dugu horren inguruko datu gehiago aurkitu.

Zumaian nasekin gertatutako arazo eta istilu horiek probintzia osoan gertatutakoaren isla xumea dira. Nasen jabeen eta ibaian gorako hiribilduen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren. Baita hiribilduen eta eliz erakunde edo jauntxoen artekoak ere. Hala ere, Ordiziako Batzar Nagusietako arauditik ia bi mende pasa ziren Probintziak arrantza eta nasen inguruko araudi berri bat eman arte. Badirudi arrantza jarduerak bigarren plano batean egon zirela garai hartako oligarkia ekonomikoarentzat. Izan ere, itsas inbertitzaile handiak ez zuten arrantzaren inguruan interesik izan ontzigintza eta itsas merkataritzaren beherakada gertatu zen arte. 1696ko Tolosako Batzar Nagusietan udalbatza bakoitzak ibaiko arrantzaren inguruko araudia jorratzeko agindua eman zen, baina udalbatzek muzin egin zioten. Hori ikusirik, 1709ko Azkoitiko Batzar Nagusian bertako ibai arrantzarako udal araudia probintziako araudi bihurtzea erabaki zen. Araudi horrek kainaberarekin eta nasekin egindako arrantza baimentzen jarraitu zuen, egitura horien errentagarritasuna agerian utziz. Zumaiako artxiboan topatu dugun aipamen baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak nasen erabilera 1876ko abuztuan debekatu zuela dirudi.

Oihana Artetxe 

Irudia: Desagertutako Eskazabal baserria. Argazkia: German Azumendi ; Iturria: Javier Carballo

1957ko San Pedrotako egitaraua: jai egitarau bat baino gehiago

2017-08-01
Categorías: Archivos, Zumaia,

San Pedrotan murgilduta dago Zumaia egunotan. Herriko zaindariari eskainitako jai hauek aspaldidanik ospatzen dira. Gaur egun San Telmoak nagusitasuna kendu dieten arren, gustora murgiltzen dira zumaiarrak festagiro epeleko jai udatiar hauetan.

San Pedro jaien inguruan gehiago jakin nahian gerturatu gara oraingoan udal artxibora. Jaietako programak miatzea izan da gure lehen asmoa, baina 1957ko egitarauak bereganatu du gure arreta. Orain 60 urte ospatutako San Pedro jaietako egitarauak bertan burututako ekintzen berri ematen du, ezin bestela izan. Urte horretan San Pedroak ekainaren 28tik uztailaren 7ra bitartean ospatu ziren, jai egunak ekainaren 28, 29, 30 eta uztailaren 1 eta 7 izanik. Azken egun honek "errepikapen igande" izendapena jasotzen zuela ikusi dugu.

Egitarau honetan jaiei hasiera ematen dien ohiko txupinazoa ez aurkitzeak harritu gaitu. Pentsatu baino ohitura berriagoa dela dirudi. Izan ere, urte horretan, Lizarrako dultzaineroek lagunduriko buruhandi eta erraldoien kalejirak eman zion hasiera jaiei. Ekintza desberdinez beteriko jai egunak etorri ziren jarraian. San pedroetan ohikoak diren elizkizun, pilota partidu, diana, dantzaldi eta su artifizialez gain, argazki eta Langile Eskolako ikasleen lanen erakusketak, San Pedro egunari ongi etorria emateko danborrada nagusia,  txirrindulari lasterketa, plater-tiroketa lehiaketa, batel estropada, sokamuturra, jokoak eta ahate eta antzara lasterketa besteak beste.

1957ko San Pedro jaietako egitarauaren orriek, ordea, beste zenbait informazio ere eskaintzen dituzte. Hala nola, garai hartan Zumaian zeuden enpresa, jatetxe, kafetegi eta saltokien ispilu bezala agertzen da. Izan ere, jaietako programaren orriak iragarkiak txertatzeko leku ezin hobeak ziren. Herriko etxe guztietara iristen den zerbait izanik, norberaren negozioaren promozioa egiteko aukera paregabea dira. Kasu honetan, denbora gutxian, kontuan izan 60 urte besterik ez direla pasa, Zumaia zenbat aldatu den konturatzeko balio izan digu. Batzuk oraindik gogoratuko dira egitarauan iragartzen diren zenbait enpresa eta zerbitzuetaz. Gaztetxoenak, ordea, Zumaia ezezagun bat topatuko dute egitarau honen orrietan. Izan ere, agertzen diren saltoki eta enpresa bat edo beste oraindik edo orain gutxi arte martxan egon den arren, gehienak desagertu dira.

Alde batetik Zumaiako industri iragana gogora ekartzen duten enpresen iragarkiak ditugu: Carmelo Unanue S.A., Julian Eguiguren, Cementos de Zumaya S.A., Talleres Mecanicos Beal, Autornifer S.A., Carmelo Echave, Otto Holke, Simon Olaizola, Balenciaga S.A., Francisco Aizpurua, Mendiaraiz, Yeregui Hermanos S.A., Conservas Ortiz, S.A., Artaza y Compañía, eta abar.

Bestalde, Zumaian zeuden zerbitzuei buruzko iragarkiak: Juan Cearreta alokatzeko bizikletak eta mota guztietako konponketak, Viuda de Aguinagalde jatetxea, Juan Goicoechea eta Fermin Lopez Sarasa ardo salmentak, Venancio Múgica eta Juan Olaizola ileapaindegiak, Hotel Zumaya, Foto Gar, Juan Solano Uriarte dentista, Jose I. Otaño Farmazia eta laborategia, Otaño drogeria eta opari denda, Gau-Chori Sagardotegia, Artadiko Chiquito taberna jatetxea, Gran Hotel y Cine Amaya, Valentin Manterola elektrikaria, Francisco Berasategui denetariko denda, Jose Corta okindegia, Lopez Txurro eta izozki egilea, Alberdi gozotegi eta denda, Sarra taberna, Leoncio Mugica burdindegi eta alokairuzko kotxe zerbitzua, La Zumayana txurro-denda, Uranga Hotela, Martiarena inprimategia eta abar luze bat.

Baina iraganeko Zumaia ezagutarazteko elementu bat izateaz gain, 1957ko San Pedrotako egitarau honek azken ezusteko bat gordetzen du orrien artean. Jaietako egitaraua agertzen den orriekin txertatuta, garai hartan udalak gauzatu nahi zituen hiru egitasmoen ilustrazioak topa ditzakegu. Lehenengoa egin zaigu bitxiena eta uda garairako egokiena: paolazpian itsasoko urez beteriko igerileku naturala. Ideia hau behin baino gehiagotan entzun izan da Zumaian, baina honen inguruko ilustrazio bat ikusten dugun lehen aldia da. Ziur irakurleari ere bitxi zein eder suertatuko zaiola. Bigarren ilustrazioa egungo Amaiako Plazarekin bat etorri daitekeela dirudi. Bertan “Plaza de Galvez Cañedo, calle de enlace a la carretera de Izurun” irakurri daiteke. Hirugarren ilustrazioak, hobeto esanda hirugarren elementuari dagozkion hiru ilustrazioak, eraikin erlijioso bat erakusten dute. Bertan ez da inolako aipamen argigarririk ageri eta ezin izan dugu elementua guztiz identifikatu. Arritokieta baseliza izan daitekela pentsatu dugu, baina ezin 100% ziurtatu. Ea ilustrazioak ikustean zuek identifikatzeko gai zareten!


Oihana Artetxe









Zumaiako arrantzarako nasak

2017-05-04
Categorías: Archivos, Zumaia,

San Telmo jaiak direla eta, apirileko artxiboari buruzko idatzia itsasoarekin edo arrantzarekin lotutako gai baten ingurukoa egiten saiatzen gara. Oraingo honetan ibai eta itsasadarretan burutu ohi zen arrantza mota bati buruz idaztea erabaki dugu, nasen inguruan hain zuzen. Zenbaitentzat agian ezezaguna izango da arrantza mota hau, baina kostako eta ibai inguruetako hiribilduentzat benetan garrantzitsua izan zen. Baina zer dira nasak?

Nasa hitza aipatzen dugunean egungo otar-arrantza etortzen zaigu burura, abakandoak eta otarrainak harrapatzeko erabiltzen den metodoa. Gaur jorratuko ditugun nasak, ordea, bestelakoak dira. Ibaietan eta itsasadarretan egur txikiz, zutabez edo hesolez eta sarez osatutako egitura finkoak izaten ziren hauek. Hondoan tinkatutako egurrezko hesolak ziren egitura honen hezurdura. Hesolen arteko tartea egur txikiekin egindako sare-hesi moduko batekin ixten zen, inbutu formako eremu itxi bat osatuz. Inbutu honen lepoan arrainak harrapatzeko poltsa formako sare bat zabaltzen zen. Gehien bat izokiak harrapatzeko erabiltzen ziren, baina baita beste arrain mota asko ere. Ibai eta itsasadarretan eraikitzen ziren egurrezko egitura hauek diru-sarrera garrantzitsuak eskaini zituzten.

Nasa baten inguruko lehen datuak 1416an aurkitu ditugu Zumaian, hiribilduaren eta Getariaren artean Urolako kanalaren erabileraren inguruan adosten den hitzarmenean hain zuzen. Dokumentu honetan, Urolako kanalean partikularren batek “cierta naza esttacada” eraiki zuela aipatzen da. Hau dela eta, Getaria eta Zumaiak “ttrattaron e firmaron que estta la dicha esttacada e naza faga derrivar el dicho concejo de Zumaia a su propia costa e manera que la ottra esttacada no pueda para perjuicio al uso de navegar”. Hitzarmen honetan gainera, ibaian aurrerantzean nasak eraikitzea galarazi zen.

Ibai eta itsasadarraren eta bertako baliabideen zaintza eta kontrol honek, Zumaiako kontzejuari bertako ustiapena monopolizatzeko aukera zabaldu zion. 1584an idatzitako udal-ordenantzetako 59. puntuak horrela dio: “Que ningún vecino ni estraño, sea osado de hechar treinas, ni red barredera, ni hacer cerradas en los ríos, ni costa de esta villa, sin licencia del Alcalde y Regidor de ella”. Aipatutako monopolio honen adibide, 1584rako hiribilduaren ondasunen artean nasak topatu ditugu. Urte horretan, Zumaiak zituen ondasunak ikuskatu zituztenean, Dornutegiko eta Mantzisidorko nasak aipatzen dira, biak Oikia inguruan.

Nasen ustiapena errentan ematen zen enkante publiko bidez eta, askotan, diru-sarrera nabarmena izaten zen. Hori zen, adibidez, Orio eta Usurbilgo hiribilduen kasua XV. mendetik gutxienez. Arrantza mota honen garrantziaren adibide garbia, XVI. mendeko lehen hamarkadetan, nasetan burutzen zen arrantza Orioko kontzejuaren diru sarrera nagusia izan zela dugu. Hau kontutan izanda eta Zumaiarentzat onuragarria izan zitekeela jakinda, 1585ean Alkateak hiribilduko kanalean nasa berri bat eraikitzeko proposamena luzatu zuen udalbatzarrean. Gainera, Zumaiak zituen herriko mendietan bazen nasa berria eraikitzeko beharrezko hesolak lortzeko nahikoa egur. Udalbatza alkatearekin bat etorri zen eta Zumaiako nasa berria non eraiki erabakitzeko Orioko edo Usurbilgo maisu nasagile baten laguntza bilatzea adostu zen.

Ia hilabete beranduago, Mari Joan Arriola Orioko maisu nasagilearen laguntzaz, nasa berria eraikitzeko gunerik egokiena Olazabal etxea baino goragoko ingurua zela zehaztu zen. Momentuz ezin izan dugu ingurune hori identifikatu, eta kontuan izan behar dugu ez dela XVII. mendekoa den Olazabal idazkariaren jauregiarekin nahastu behar, baina ziurrenik herri gunetik gertu egongo zen. Arriolak nasa uda baino lehen eraikitzeko gomendioa luzatu zion udalbatzari eta hala erabaki zuten. Nasaren eraikitzearen ikuskaritza Orioko maisu nasagileari eman zitzaion eta beharrezko egurra herriaren ondasun zen artaditik ateratzeko baimena, ahalik eta kalte gutxien egin zezan zehaztuz. Nasa berri honekin Zumaiak beste nasa bat gehitu zuen bere ondasunetara.

Oihana Artetxe

*Irudia: "Ibai eta itsasadarretako arrantzarako nasa". Iturria: Dideroten Entziklopedia (http://encyclopédie.eu/).