Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Reflexiones

Bidebietako Institutua

2017-11-25
Categorías: Pasaia, Reflexiones,

Irutxulon irakurri dugu: Bidebietako Institutua itxiko dute. Berri gehiagoren bila, "ghetto"tzat hartzen dutela irakurri dugu ere. Hara! Sikiera horrek Dangerous Mindseko Michelle Pfeiffer irakasle gisa izateko balio izan bazitzaigun!

Orduan ere ez zen Gipuzkoako ikastetxerik baloratuena; aitzitik, okerrena ez bazen, azken aurreko okerrena. Barregurea ematen zigun, gu baino pringao handiagoak zeudela irudikatze hutsak.

Ez dugu ukatuko: bai, Rob Brownek han ikasi zuela esatea sinisgarria da. Baina Institutu horretan guk ere Forrester izan genuen alboan.

PC zer zen inork ez zekienean, irakasle talde batek informatikan hasi behar ginela erabaki zuen. Sinclairrak eskutan izan genuen; Donostiko unibertsitate pribatuan, ordenagailua idazten eta bekarekin dirua PC batean gastatuta joando bakarrak izan ginen. Ghettokoak.

Goizueta eta Aranotik euskaldunak Bidebietara etortzen ziren. Ez galdetu nola ematen zen mirari hura. Eraman handi izan zuten gurekin, nork-nori-norrean trabatuak, euskaltegiko kumeekin. Errespetu handiz euskaraz egiten ziguten. Are, euskara ikasi beharrean, euskalduberri heldugabekoak euskaraz ikastera ausartu ginen,  euskarazko lehen liburuak, apunteak... bai eta baten batek zuzenean euskal filologiara egitera jo ere.

Idazten, marrazten, galdetzen... lanak bildu eta fanzinea egiten genuen; fotokopiagailua erabiltzea ez zen eskatu behar egin ere.

Ea, ea... Institutuak M-ak eta Takolo, Pirritx eta Porrotx Trintxerpeko frontoira eraman zituela zin dagizuet.

Sona handiko politikaria izango zenak literatura irakasten zigun, Garcilasorekin tematua; jakin gabe bere klaseetan, ipuinak idazten genituen eta postaz (hau da, kartazala selloa eta dena) elkarri bidaltzen genizkion. Sasi analfabetoak ginelakoan, Hesse, Tolkien, Ende (Mikel, sé donde curras y me debes un libro), Asimov, Brecht... (boh, bale, Vazquez Figueroa ere) ez ziren gure irakurgai bakarrak. Izan ere...

Oraindik egun, gure betiko herri horietako bateko institutuan liburutegirik gabe segitzen duten bitartean, institutuan liburutegia genuen. Presaka eta korrika iritsi behar, misterioa, nobela beltza eta komikiak (asterix, tintin, valerian y laureline, el víbora, cimoc-eko ale bereziak) eskuratzea ez zen batere erraza.

Institutuak bere espazioa eskaini zion auzoari: non ikasi ez (badakizue nolakoak diren etxe apostuluak?) eta liburutegia auzo osorako apaltasunez ireki. Nire CV-tik inoiz kenduko ez dudan aipamena da, Bidebietako liburutegiaren liburuzaina.

Ikasi? Jakina. Bizitzen ikasi genuen; Unibertsitatean lanak nola egin, hori jada Forresterrekin egiten genuen. Jendearekin nola portatu, elkarri irakatsi genion.

Ortzimuga gainbaloratua dagoela idatzi zuen batek lehengoan; Bidebietako institutuko ortzimuga bakarra zen mahaietara igo eta Asuncion-eko lehioetara begira eta agurtu; labiritinto igotzeak errazten zuen hori, arratsaldeko unerik zirarragarriena. Etxera hiru aldiz itzulta eta hirian txirrindaz ibiltzen ikasi bitartean.

Ez, ez zen xamurra izan. Colowall zeharkatu behar zen: eta Isasa parkea. Baina hil arteko iraungo duten laguntasunak eta etsaiak sortu ziren. Non egongo dira lagun galduak? Idatzi bitartean izen eta aurpegi! Izenak emateko lotsa gehiegi. Ondo al zaudete Fredi, Idoia, Susana, Laura, Kontxi, Eba, Jone, Mikel, Rober, Guti, Angel, Sergio? Besteak bai, ondo daude.

Irakasleek egin gintuzten on. Gu txikitu nahi gintuztenek eta gu maite gintuztenek. Ghettotik ateratzeko aukera eman ziguten, ghettoa aldatzeko bidea eman ziguten. Merezi genuelako.

Ikusten ditut erreportajearen haurren aurpegiak. Ikaskideen seme-alabak izan zitezkeen. Ez dira inongo ghettokoak. Auzo langilearen alabak dira. Onera egin duten bi auzokoenak, hain zuzen ere. 49. Matematika Olinpiadetan brontzea irabazi zuen neskatoa nongoa zen ba? Eta sutean kaltetuentzat 1420 kapoi bildu zituztenak?.

Itxieraren arrazoia Trintxerpeko Karmengo Amaren euskarazko DBH berria balitz, gaitzerdi. (Hori bere baitan itzela baita). Baina honen atzean ez ote dagoen aurre iritzia eta urtetako utzikeria.

Lagun on batek bota zidan bezperan. Zein izan zen nire heldutasunerako urratsa. Amaren iritziaren aurka Bidebietako institutura joatea. Han ikasitakoa naiz. Hori da gordetzen dudan institutua (une txarrak bera eta nire artean geratzen dira).

David Zapirain

Othoi çato etchera

2016-10-19
Categorías: Historia, Reflexiones,

Othoi çato etchera: Le Dauphin itsasontziko euskarazko gutunak (1757)

Lamikiz, Xabier; Padilla Moyano, Manuel; Videgain, Xarles

Baiona: Lapurdum, 2016


Azken bolada honetan, Historia errelatoak garai bateko Disney ipuinen itxura hartu duten honetan, Lamikizek, Moyanok eta Videgainek elkarrekin egindako ikerketa lana itsas argia bezain distiratsu agertu zaigu lehorrean.

Historia antzeztea dugu modakoa. Antzezlana ez litzateke alferrik izango, antzezten denak errealitate historikoa erabat ezabatu eta ordezkatuko ez balu.

Antzezten den horrek hartzen du egiazko kutsua eta mito bihurtzen da: betikoa horrela zen, egun errekonstruitu edo antzezten dugun bezala. Historia ulertzeko modu horretan, gainera, interes partikularrak ezkutatzen dira. Horiek dira, hain zuzen ere, antzeztutakoaren edo berriz eraikitzen den objektuaren muga zehazten dutenak.

Horregatik, XVIII. mendeko eskutitz sorta honen inguruan aipatu hirukoteak egineko ikerketa, bikaina iruditzen zaigu. Mitoak birrintzea helburu ez zuen akaso izango, baina praktika historiko zuzena gauzatzeak halakoa dakar.

Euskararen eta euskaldunen inguruko mitoa da birrintzen den lehena. Orpustan, Goienetxe, Madariaga... hauek iragarritakoari segituz.

Halere, gure ikuspuntutik, kortsuzaleen bizibaldintzak eta motibazioak azaltzearekin batera agertzen den irudia da berritzaileena. Erromantizismoa, abentura, euskaldun sena... ezta arrastorik ere.  Balentria haiek bizi irauteko saio bihurtuta, migrazio mota bihurtuta, euskaldunen historia, unibertsala bihurtzen da. Komuna esan nahi dugu. Gertakizun bitxiak burutu beharrean, antzezlan modukoak edo ohiko errekonstrukzio historiko gatz gabekoen modukoak, euskaldunek gertakizun historikoak burutu zituzten: testuinguru jakin batean, baldintza batzuren pean, orduko koordenada historikoen baitan...

Denok ditugu gure mitoak, noski. Adibidez, kortsu negozio hauei lotutako beste hirukote ospetsuarekin egin dugu topo, Pasaiako garapen ekonomikoarekin lotutako hirukotearekin, hain zuzen ere: Lalane, Laboa, Cabarrus familiekin.

Alegia, ez gaitu harritzen argitalpen honen lehen edizioa agortua izateak.


David Zapirain

Me acordaré de ti, Elena

2015-12-15
Categorías: Arte, Reflexiones,

Tras esa apariencia frágil, extremadamente frágil, había una mujer fuerte, de carácter, y extremadamente sensible. Se alimentaba de filosofía, de música, de mirar ese paisaje rocoso frente a su casa, que le inspiraba. Pensaba en grande. Nunca dejó de crear, de explorar nuevos caminos en el arte conceptual. En los últimos años, sólo vídeos. Menos es más. Blanco y negro, formas simples obtenidas de proporciones matemáticas. Ritmos, armonías del siglo XXI.

Ha muerto haciendo lo que le dio la gana hasta el último minuto. Ha sido dueña de su vida.

Me acordaré de ti, Elena.

Larraitz Arretxea

Marmar egitea ondo dago

2015-08-27
Categorías: Reflexiones,

Askotan beharrezkoa da. Laguntzen du terapia egiten. Laguntzen du eredu txarrak identifikatzen. Batzuetan, hutsune nabariak non dauden ozen esateak oihartzuna du. Hala gertatzen denean, lagun gehiagok begi bistakoa dena ikusten dutela konturatzeko balio du.

Marmar egitea ondo dago. Ez da aski. Marmar asko egiteak nolabaiteko geldo aldira ere eramaten ahal gaitu: beti da berdin, horrela ezin da, hauekin ez dago modurik… Baina ohitu gara. Eta geldotasunak marmartia marmar bihurtu dezake ere. Horregatik, marmar egitea ondo dago. Mugak ditu. Nabariak.  

Eta batzuetan, muga horien barruan ahaztu egiten dugu garrantzitsuena ez dela marmar egitea. Egitea baizik. Horregatik, marmarrak jartzen dizkigun mugak gainditzea beharrezkoa da. Eta marmarrarekin lotutako aurreiritziak atzean utzita, beste mundu bat dagoela ikusiko dugu.

Baldintzarik gabeko laguntasunarena, ausardiarena. Mugak, konplexuak, aurreiritziak, beldurra atzean uzteak abantailak baino ez ditu. Elkarlana sustatzea, proposamenak egiten ausartzea, (berandu egiteaz damutzea),… aukerak sortzea… horrek guztiak ekarriko du marmarra sortzen dituen egoera gainditzea eta alboratzea. Bide berriak jorratu behar ditugu, lagun zaharrekin zein berriekin. Konfiantza. Leialtasuna. Uste duguna baino ahaltsuagoak gara, batez ere lagunak laguntzera etortzen direnean.

Hala erakutsi digute guri azken asteotan zehar: eskatu eta jaso. Galderarik gabe. Irabazi ala ez, aukera ondo probestu dugu, gure eremua marmarrarena ez dela gogoratzeko eta bidai lagun onak ditugula, beste behin ere, berresteko.



Espetxealdiko liburuak

2014-07-03
Categorías: Reflexiones,

Hau da ene ondasun guztia

Daitort. Ez dut liburua amaitu. Hasi baino ez. Baina aurrera atzera ibili dut. Ta, nola esan? Zirraragarria. Urduritasuna.

Daitort. Lotsa ere badut, une batez poza ere sentitu dudalako. Poza espetxean idatzitako liburu batean aipatua izanagatik?

Zer egingo diogu ba.

Nire alde esan behar dut: Dut, Laboa, Gantzarain, Anestesia, Kuraia, No time for love, Ama Say, Rosencof, Sarrionandia … hauen ondoan nork bere izena ikustea egoa puzten du. Elkarrekin aipatzeak argi-urteak murrizten ez baditu ere.

Bale. Autokonplazentzia. Aitortza eta lotsa. Berehala, baina, garuna eta odola bor-bor.

Próxima estación esperanza 

Ormazabal Esperantza pilotalekutik eramandako gazteetako bat izan zen. Gure etorkizunak inoiz jasandako kolperik latzena, latzenetarikoa. 2007ko otsailean. Esajeratua? Bakoitzaren balore eskalaren arabera. Urte askotako garapena, bilakaera, eredu berri baten urratsak ziren. Eta gizartean ekintzaile politikoak izango ziren asko 6 urteko zulo batean sartu zituzten. Bakoitzak jakingo du ezintasuna eta amorrua noiz sentitu duen. Nik badakit.

Multi Viral

2007ko otsailean Ormazabalek aipatzen duen liburua, doktorego-tesia, aurkeztear nengoen. Patua edo kasualitate ergela. Batek daki. 2007ko otsailetik aurrera bakoitzari egokitu bidea ezin alderatu.

Preso egon denaren gogoa

Ordea, ez da Kasualitatea esaldi horrek liburuari hasiera ematea. Hori horrela da. Gogoa hara itzultzen zaigunoi badakigu. Egonaldia laburra izanagatik ere, hara bueltatzen da gogoa.

Ormazabalek aipatzen duen eta nik sinatzen dudan liburua horren isla da. Ormazabalek bere liburua idatzi izana horren isla da.

1993an Alvaro Reizabalek “En estas casas ya se sabe” idatzi zutenetik ez dira gutxi espetxealdiaren kontura bota ditugun irri karkailak. Urberuaga edo Orbegozoren komikiek ere barre eta negarra bultzatzen dute aldi berean. Sarriren kartzela aldikoek Urainen estolda aldrebesatuak, Agirretarren ibilaldiek, zaharrek eta berriek, Antzaren absurdoak…

Ormazabalek, ordea, absurdo horri musikatik, literaturatik, eta batez ere irrazionala dena arrazoitzeko beharretik heltzen dio.

Monstruaren hezurdura

Berak baino egonaldi laburra eta ezberdina izan arren. Edo izanagatik. Ez dakit zerk bultzatu duen Ormazabal horrelako liburu ederra idazten. Ederra eta (inplizitoki bada ere) Espetxea esaldi berean: oximoron.

Ez dakit etxekoen sostenguagatik, aitaren harrotasunagatik, agian berak ere Juancarri zor ziolako,… ez dakit. Ez dakit kaiola hartan bere burua ikustean kaiolak egitea zeini eta zergatik otu zitzaion berari ere otu zitzaion. Edo espetxeak denboran eta gizarteetan zehar unibertsalak ote ziren bere buruari galdetu zion. Ez dakit.

Baina gogoa hara itzultzen denez, eta han zer pairatu daiteken, eta egoera irrazional hori arrazional bihurtzeko beharrak nola bultzatzen zaituen…

Halere, Martutenen hartutako erabakia zerbaiterako balio du. Gazte batek liburu bat idazten laguntzeko balio izan du lehen espetxealdi hark. Zirkulu intelektualoidetik at izan du oihartzuna. Lagun bati bizi zuen bizi-pena ulertzen lagundu diola pentsatzen dut. Horrek poza ematen du. Egundokoa.

Alta kalean eta lidergoan behar zuen... Horrek mina ematen du. Itzela.

No más presos

Lasaitu naiz. Liburuarekin gozatzen segituko dut. Mila esker Markel.

David Zapirain

Apirila

2014-05-03
Categorías: Historia, Reflexiones,

Iñigo Aranbarriren nobela berria da Apirila. Interesantea izateaz gain, liburua bikaina da. Bizia, gordina. Bukatu arte ezin askatu horietakoa. Idazleak zenbat gauza kontatu dituen pentsatzen uzten duen horietakoa.

Historialariok egin ez duguna egin du Aranbarrik. Gure lana zertarako balio duen ere gogoratu digu.

Ez da txikia 1766ko matxinoek narrazioan duten tartea. Izan ere, neoliberalismoaren gordintasuna hobeto ulertzeko liberalismoaren hasierara jo du Aranbarrik. Aranbarrik erabilitako dokumentazioaren artean, aspaldian topatu eta aipatu genuen euskarazko testu bat dago. Eskutitz bat da: jauntxo batek jasotako jipoia kontatzen zuen; eta horren ildotik aleen prezioa jaisteko eskatzen zien lagunei, badaezpada.

Honetan ere, Aranbarri ohartu zen gu oharkabean pasatzen utzitako datua. Eskutitza matxinadak eztanda egin baino lehen idatzia zen!

Irakatsitako historia hiltzaileek idatzi zuten. Eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuen.

https://www.youtube.com/watch?v=rYajweIwqxI&feature=kp

Hiltzaileek. Edo izainek.


David Zapirain


Azkuene berria

2014-01-04
Categorías: Historia, Pasaia, Reflexiones,

Trintxerperi izena ematen dion etxean izan zen lehen sua.

Azkuene baserria gogoratzen zuen eraikinetako batean izan zen bigarrena.

Andonaegik Trintxer baserria eskuratu, jauregia eta lorategia sortu eta langileentzako etxe berriak eraikitzean, gure auzoaren izen modernoa ere sortu zuen. Bere jauregi ala txaleten azpiko etxe multzoari Trintxerpe deitu zion eta. Trintxerpe izenak dena hartu zuen bere baitan.

Gerora, 60. hamarkadako anabasa urbanistikoak Azkuene kalea sortu eta Azkuene auzoa goiko partean irudikatu dugu beti. Azkuene baserria eta haren ondorengoan, baina, behean zeuden hasiera batean. Eta tartean, esan bezala, suak kiskaldutako Azkuene berria eraikina.

Esan bezala, Trintxerpe izenak gure auzoko txoko honek Azkuene zuela izena estali du.

XVII. mendetik aurrera maiz agertzen zaigu Azkue baserria sagardoari lotua. Ez dakigu dolarea zegoen bertan, baina haren sailetan sagarrondoak bai.

1893. urteko plano batean Azkuene baserriak zutik zirauen.

1903. urtean, ordea, Azkuene etxe zahar eta zaharkitua da.

1913. urtean ere etxe bakarra da Azkuene, errepidearen ondoan eta ilunpetan dagoena.

1920. urtean, berriz, Pedro Cirizak eta Hermenegildo Artolak Azkuene guneko etxeetara ura eramateko baimena eskatu zuten, eta lanaren dirua aurreratzeko prest zeuden.

Artolaren etxea, bistan dena, Artolaenea da. Euskadi etorbidea eta Jaizkibel kalearen arteko izkinan dagoena.

1922. urtean Azkuene izena etxe bat baino gehiagori egokitzen zaio. Multzo bati edo gune bati, hobeto esanda. Etxe horiek egungo Euskadi Etorbideko 3-5koak dira.

Lehena, Amistad taberna dagoen eraikina, Azkuene baserriaren orubean bertan dago. 1921. urtean taberna-jatetxea jartzeko baimena jaso zuen Juan Marcosek.

1922. urtean bertan, gainera, Ciriza eta Ziganda biltegi bat eraikitzeko baimena eskatzen dute, Azkuenen bertan.

Laburbilduz, Azkuene kalearen hasieran (botika dagoen tokian) Azkueneko garbitokia zegoen. Parean, Jaizkibel kalearen hasieran, Artolaenea. Ondoan, Azkuene baserria zegoen tokian Azkuene eraikina dugu, 1921. urtetik aurrera jatetxea eta dena. Jarraian, orain erre den Azkuene berria eraikina. Beheko solairua, ohi bezala, altua da, biltegia baitzen. Horregatik ere, etxebizitzen sarrera atzetik dago.

Etxe multzo hau xumea da, baina zaindutako fatxadak erakusten ditu. 1922. urtean ez dago eraikin gehiago kalearen zati honetan, Ilunbe baserria, Augeren etxea eta Trintxerpe multzora iritsi arte.

Nolabaiteko garapen estilistikoa atzeman daiteke, Azkuene gunetik Trintxerpe multzora. Eta zer esanik ez segituan altxatuko ziren gainontzeko etxe dotore eta handiak. Mariñelen etxeak dira, ziren. Arrantzale auzo berri bat, gainontzeko Gipuzkoako kostak ez duena: arrantza industrialaren hastapenetakoa.

Gure lagunen eta auzokoen etxeak erre dituzte. Amorratuta gaude. Gure langile-historia zati bat ere erre dute.


David Zapirain


Zer egin nahi dugu dakigunarekin?

2013-07-05
Categorías: Gestión de la información, Reflexiones,

Azken 10 urteotan informazioaren antolaketa eta hedapena landu dugu. Informazioa antolatzea zegoen gure lanaren abiapuntua, baina laster konturatu ginen oso joera desbiazionista genuela! Orain lasaiago gaude, edukien marketina deitzen baitzaio gure kabuz guk ere jorratu genuen bidea. Ufa! Eskerrak Pulizziri eta Franki.

Informazioa, datuak, edukiak, espedienteak… erabilgarritasuna, horizontaltasuna, ezagutza barraietzea,… artxiboetako, liburutegietako, bildumetako informazioa ezagutza bihurtu. Aisialdian erabili, kulturan, lanean, formakuntzan…

Informazioa, esan gabe doa, garesti kotizatzen den gaia dugu. Ezin genuen imajinatu XVIII. mendeko tesi baten amaieran Echelon eta Patriot Act-i buruz hitz egingo genuenik.

Baina behin aipatzen hasita, nazioarteko zuzenbidea egunero txikitzen den garai honetan eta seguritatearen izenean zaintza lehenesten den honetan, informazioaren kontrolari lotutakoak topatzeak ez gaitu harritzen.

Galdera erraza: zeinek zaintzen ditu zaintzaileak? Quis custodiet ipsos custodes? Galdetzen zuen Juvenalek. Horri erantzun zion Alan Moorek. Zorionekoak guk, kudeatzen dugun informazioaren artean komikiak ere badaude eta.

Juvenal esan dugu, lastima Horatio ez izatea. Aitzakia perfektua baitzen CSItik NCISera salto egiteko. Laburragoa, ordea NCIS NSAra, ta abiapuntuan gaude. Zertarako nahi dugu informazioa? Zeinen esku uzten dugu gure informazioa? Zer egiten dugu guk zure erakundearen informazioarekin?

Zer egin nahi dugu dakigunarekin?


David Zapirain