Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

Elkanoren izenean hiribildua biziberritzen

2014-07-29
Categorías: Getaria, Historia, Patrimonio,

Aski ezaguna da Getaria munduari bira ematen lehena izan zen itsasgizonaren sorterria dela. Juan Sebastian Elkano zenaren presentzia etengabea da Gipuzkoako kostaldeko herri honetan. Elkano izeneko kale, jatetxe eta arrantzale-kofradia; pertsonaiaren bi estatua eta monumentua; bere jaiotetxea non zegoen adierazten duen plaka… Baina bada lau urtetik behin errepikatzen den eta munduaren lehen zirkumnabigazioarekin lotura duen ekintza bat ere. Itsasgizonaren memoria harriaren zurruntasunetik aldendu eta bizirik mantentzeko ahaleginean edo, 1522an Victoria naoa San Lucar de Barrameda-ko portura iritsi zeneko momentua antzezten dute Getariako herritarrek. Noiztik egiten da ordea Elkanoren Lehorreratzea?

1922ko Irailaren 6an, Magallaesek hasi eta Elkanok bukatu zuen espedizioaren IV. mendeurrena betetzen zen. Data esanguratsu hori gogora ekartzeko eta herriko seme den itsasgizon handia goresteko nahiak, egun horretan ospakizun berezi bat antolatzera bultzatu zituen Getariarrak. Elkanoren izena nazioartean goraipatzeko asmoz ekintza sorta bat antolatu zen eta bertako eta atzerriko erakunde eta pentsonaia entzutetsuei bertaratzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Programaturiko ekintzen artean Elkanoren desfilea zegoen, hori izan zen Elkanoren Lehorreratzea antzeztu zen lehen aldia.

Egun berean, Elkanoren Monumentua bezala ezagutzen den eraikinaren lehen harria jarri zen eta Ramón de Cortazar, Casa Torres-eko Markesa, Ignacio Zuloaga eta Elias Salaberria herriko semetzako izendatu zituzten, besteak beste. Ospakizun hauetan, Alfonso de Churruca jauna izan zen, Getariako udaletxearen eta mendeurrenaren batzordearen izenean, gonbidatuen aurrean hitz egiteaz arduratu zena.

Lehen Elkanoren festa hau ezin hobeto joan zela dirudi. Izan ere, festaren biharamunean eginiko udal batzarrean baloraketa oso positiboa egin zen. Pozik azaldu ziren Getariara mendeurrena ospatzera etorri ziren pertsona eta ordezkaritzak ikusita, tartean Espainiako Erregeak eta munduko potentzia garrantzitsuenen itsas ordezkaritzak.

Festaren prestakuntza, ordea, 1919. urte inguruan hasi zen. Donostian ohorezko batzorde bat eta zuzendaritza batzorde bat osatu ziren eta Elkanoren urteurrena ospatzeko batzordetarako ordezkariak aukeratu ziren Getarian. Hauek festaren egitaraua zehazteaz eta hori gauzatzeko beharrezkoa zen dirua lortzeaz arduratu ziren, besteak beste. Baina Elkanoren festa egituratzeaz gain, Getariarrek herrian zenbait hobekuntza egiteko aukera paregabea ikusi zuten IV. mendeurrenaren antolakuntza aitzaki. Aipatzekoa da ospakizunak antolatzeko lortu zuten diru laguntzaren zati bat herrian zenbait obra eta berrikuntza egiteko aprobetxatu zela. Hau horrela, 1922ko uztailean, batzordeko idazkari nagusia zen Ramon Luis de Camio jaunak, mendeurrena ospatzeko Getariako udaletxea egokitzeko beharra azaldu zuen. Udaletxeari beste eraikin bat gehitzea zen asmoa, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Estatutik jasotako dirulaguntzak baliatzea adostu zuten. 50 urte beranduago ere, 1972ko Elkanoren festa antolatu zenean, Getariarrek antzeko zerbait egin zuten. Oraingo honetan, aukera udaletxe zahar eta berrian zenbait berrikuntza egiteko eta Elkanoren Monumentuan zenbait aldaketa burutzeko baliatu zuten. Hau ikusirik eta V. mendeurrena begien bistan dagoen honetan, zer izango dute esku artean Getariarrek?

Oihana Artetxe


Esperantza

2014-07-01
Categorías: Archivos, Getaria,

Uda hastear dago. Argitsu dago Udaleko udalbatzarren gela. Gainera, estropadetan irabazitako banderek antzerki itxura ematen diote.

Han egongo al dira bandera zaharrak? 1896koak, esate baterako?

Arregiren agindupean arraun egin zuten Basurto, Azkue, Alberdi, Urreta, Oliden, Aizpurua, Ezenarro, Silveti, Irigoien eta Manterolak irabazitakoak?

“Esperantza” ontziak ez al zuen arrastorik utzi gure artxiboan? Posible al da 1896ko irailean Kontxa eta Bilbo (eta Portugalete) jarraian irabazitako banderek ez al dute aipurik merezi gure udal aktetan?

Ez zen ba jai txikia antolatu herrian 1896ko iraila hartan. Bi aldiz ere ospatu egin zituzten garaipenak: irabazi ondoko musika, sua… Jai nagusia hilaren 20an: herriko bazkaria, diana, musika banda (Zumaia ala Zarautzen lortu beharrekoa), suziriak, su artifizialak,… Donostian irabazitako 1000 pezeta non xahutuko zituzten arrantzale haiek? Arregi beraren tabernan agian?

Bandera Udalari oparitu zioten, irailean 9an hala egin zuten. Bilatuko dugu banderen artean, banan bana. Aurkituko al dugu?

Beharbada, ustekabean, artxiboko txoko batean, Bilbon irabazitakoa topatuko dugu; zain, arrantzale haiek lortutako balentria neskek irabazitako bandera berrien ondoan paratzeko zain.

Arrantzaleek. Neskak. Denbora ez da alferrik pasa. Artxiboa geratzen zaigu.


David Zapirain


*Irudia: getaria.net

Elkarrizketan: Nikanor Lertxundi

2014-04-14
Categorías: Archivos, Getaria,

Udalaren ekimenez hilero artxiboari buruzko berri bat argitaratzen da Artzape aldizkarian. Egindako lana errepasatzeko une aproposa dela pentsatzen dugu. Horretarako, Getariako alkate Nikanor Lertxundi elkarrizketatu dugu.

Zergatik hileko artxiboaren berri bat?

Gipuzkoako historian toki esanguratsua da Getaria. Hainbat pasarte garrantzitsu eman ziren gurean. Artxiboan baino, oso berri historiko dugu, hainbatetan erre egin zuten eta. Hutsune hori konpontze nahian eta, era berean, artxiboak ere funtzio sozial bat duela aldarrikatzeko, gure artxibo historikoa zaintzen laguntzen digun Ereiten enpresaren ideia ontzat eman genuen: artxiboko berria argitaratzea hilean behin, hain zuzen ere.

Artxiboak ba al du funtzio soziala?

Bai noski. Artxiboa Udaletxearen memoria da. Udaletxearena ez ezik, Udalarena esango nuke nik. Artxiboak gure jarduna gordetzen du. Urteak joan urteak etorri, alkateak joan alkateak etorri, funtzionarioak jubilatu ahala… artxiboan geratzen da dena jasota. Eskubideak eta bete beharrak bermatzen ditu. Ezinbestekoa da egunerako kudeaketa. Horregatik, egindakoaren berri ematen duelako, nolakoak izan garen islatzen du. Egungo egoera ulertzeko ezinbestekoa da. Ondorioz, talaia ona da aurrera begiratzeko. Datu asko ematen digu gure izaera komunikatzeko, kultura lantzeko, aisialdian erabiltzeko…

Historiarekin lotzen gaitu beraz?

Bai, baina horrek ez du esan nahi egindakoagatik kondenatuta gaudenik. Getariako Udalak egin duena hor dago jasoa. Getariako Udalak edo Getariako auzotarrek egin nahi dutena, baina, ez dago inon jasoa. Hori guk erabakiko dugu gure beharren arabera, gure aurrekoek egin zuten bezala: unean uneko erabakiak hartzea.

Hileko berri hau da artxiboan egindako lan bakarra?

Ez, ez. Gure artxiboa informatizatuta dago (ikusten? Historian zehar inoiz ez da horrelakorik izan, noski!), eguneratuta eta ondo gordeta. Udal aktak, adibidez, interneten bidez daude eskuragarri, www.getariakoartxiboa.net helbidean. Digitalizatzea ez ezik, edukiak ere deskribatu egin ditugu, bilaketak egin ahal izateko. Aurten, gainera, Getariari buruzko Angel Gorostidi Gelbentzuren eskuizkribua ere digitalizatu dugu. Jaurlaritzaren eta Aldundiaren diru laguntzak probestu ditugu horretarako.

Krisia gaur?

2013-01-21
Categorías: Archivos, Getaria,

Artxiboak erakunde baten gogoa gordetzen du. Erakunde horrek egin duena biltzen da artxiboan. Eta eginbeharrak zehazteko zein eskubideak aldarrikatzeko ezinbestekoa da. Erakundea “udala” denean, herri baten bizitza artxiboan geratzen da jasota, hala edo nola.

Horrek, egoera gorrietan gure arbasoek nola jokatu zuten erakusten du; gure izaera, gure nortasuna, gure kezkak, gure erabakiak… gu izan baino lehen hor daude. Beste batzuetan, baina, gogoak ez gaitu horren urrun eramaten. Izan ere, 20 urte zer da? Asko ala gutxi? Orain dela 20 urteko jendartea gu al gara?

“Euskal Herriko egoera ekonomikoa oso egoera larrian aurkitzen da. Azken hamarkadetan zenbait industri arloek izan duten gorakada, krisi sakon batean bilakatu da gaur egun, gehienetan. Lan postuen galtzea, batez ere industrian, azken urte hauetako eguneroko ogia izan da. Honela, zenbait industrial berrikuntza prozesu eman ziren euskal industrigintzako arlo tradizionaletan, industri alternatiba berririk sortu gabe…”

Krisia. 2013ko urtarrilerako testu bikaina, ezta? Bada, 1991n erregistratu zen Getariko artxiboan. Europa, adierazle ekonomikoak, doitze prozesuak, ERE direlakoak… gauza berria al dira?

“…bereziki 1.979 eta 1985 urteetan, honek 200.000 lan postuen galera ekarri zuelarik. 1.989 urte arte itxurazko “berrezkurapen ekonomiko”aren ondoren, azken bi urte hauek erakutsi dute bukatuak ziruditen berrestrukturaketa eta egokitzeak ez zirela, geroz eta bizkorrago areagotzen ari denaren lehen etapa baizik. Enpresa ezberdinetako iste eta espedienteak igotzen doaz aurreagoko krisietako mugak gaindituaz eta Baskongadetan bakarrik, lehen sei hilabetetan 12.000 lanpostu deuseztatu dira industrial arloan. Adierazgarri ekonomikoak, adituen adierazpenak, komunitateko Administrazio desberdinetan, estatu eta autonomikoetatik, baita agente sozial ezberdinen (bereziki sindikatuak), guztien esanetan, udazken honetarako perspektibak, eta batez ere Europako Akta Bakarra indarrean jartzeari begira batez ere, askoz ere larriagoak dira oraindik.”

Mozioa erregistratu zuen alderdi politikoa ez da esistitzen jada. “Europako Akta Bakarra”ren efektua, nonbait bai. Labe garaiak, arrantza ontziak eta ia mitologikoak diruditen beste ekoizpen uneak aipatzen dira  ere. 20 urte aski al dira Historia bihurtzeko?


David Zapirain