Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

San Anton egunera atzera eginez

2015-02-10
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtarrilean San Anton eguna  ospatu  izan da  Getarian. Tradizio handiko eguna da hau bertakoen artean eta baita inguruko herrietako bizilagunen artean ere. Gaur egun, Urtarrilaren 17a, Txakolin uzta aurkezteko eguna bilakatu da, baina udal-akta liburuak hartu eta denboran atzera egin nahi izan dugu jai hau nola ospatu izan den jakiteko.

Aipamen zaharrena 1897. urtekoa da, baina idatzian garbi adierazten da aspaldidanik ospatzen zen ohitura eta tradizio handiko jaia zela. San Anton egunean eta aste horri zegokion igandean antolatzen ziren ekintzak, baita egun handiaren bezperan ere. Hain zuzen, udaletxeko karguek afari eder baten aurrean jai egunari ongi etorria ematen zioten bezperan. Hala ere, ez zen urtero horrela izan, badirudi ia hogei urte jarraian egon zirela Getariako Udal karguak San Anton bezperan afari eder hori   ospatu   gabe, 1887tik 1906ra bitartean. Azken urte horretan, udalbatzak Pedro Enbil izendatu zuen afaria antolatzeko arduradun eta horrela tradizio horri berriro eutsi zitzaion.

Urtarrileko jai egun hauetan zerbait antolatzen bazen, ordea, herri-kirol eta bertsolari saioak ziren. Udaletxeak bi edo hiru bertsolari kontrolatzen zituen eta hauek goizean eta arratsaldean ibiltzen ziren festa girotzen. 1947an Basarri eta Uztapide bertsolariak kontratu zituen Udalak; aurrerantzean ere horrela izango zen gehie- netan. Getariarren artean ber- tsolari bikote kutunena zela dirudi. Herri kirolen artean ia denetarik antolatu izan da, harri-jasotze eta aizkolari apostuak, idi-probak, herrikoen arteko eskupilota partiduak, lasterketak eta 1953an baita lokotx-bilketa ere.

Urteak joan eta urteak etorri, ez da San Anton egun bat bertsolari, pilota partidu eta idi probarik gabe. Beno, bai badira. Hutsune argigarri bat dago dokumentazioan gerra zibilaren urteekin bat datorrena. Adierazgarria da gainera, gerra ondorengo urteetako San Anton egunaren ospakizunak inoizko ospakizun soilenak izan  zirela.  Batzuetan,  jaiak gizartearen eguneroko loture- tatik askatzeko edota egoera gogorrak  alboratzeko katarsi moduko  bat  bezala  ikusten dira, baina gerra zibilaren ondorengo urtetako egoera gogorrak hori ere ez zuen baimentzen. Gerra bukatu eta 10 urte pasa behar izan ziren, San Anton jaietan antolatzen ziren ohiko ekintzak berreskuratzeko. Baita berrikuntzaren bat edo beste gehitzeko ere.

Hemendik aurrera ez dira bertsolarien hitz, ahots eta tonuak festa girotuko duten doinu bakarrak; bertsolariez gain, dantza solteko txapelketak eta jazban edo musika bandekin dantzaldiak antolatuko dira. Izan ere, zer da festa musikarik gabe?


Oihana Artetxe

Taberna giroan…

2015-01-11
Categorías: Archivos, Getaria,

Gabonak etxean, familia giroan, igarotzeko egunak izan ohi dira, baina azkenaldian gero eta gehiago dira etxetik kanpo edo festagiroan lagunartean gozatzeko aukeratzen dituztenak. Izan ere, badago gure herrian ospakizunak gertukoekin gozatzeko nolabaiteko tradizioa. Sarritan elkarte gastronomikoak eta tabernak aukeratzen ditugu topaleku. Gustura egon eta erraza izaten da festagiro hori kalean luzatzea eta horrek zenbait arazo sortu izan ditu kaleko ordena mantentzen. Zarata izan ohi da horrelakoetan kexarik arruntena. Hau dela eta, tabernak zabalik izateko ordutegiak zehaztu eta mugatu izan dituzte Udalek. Baina hau ez da kontu berria.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran taberna ugari zabaltzeko eskaerak jaso ziren Getarian. Hazkunde honekin batera, taberna hauen ordutegia arautzeko beharra sortu zela dirudi. 1902koa da establezimendu mota hauen itxiera ordutegia zehazten duen lehen agindua. Hala ere, badirudi neurri hau ez zela betetzen eta Udalak lehen neurri zorrotzak hartzeko beharra ikusi zuen orain ehun urte. 1914ko dokumentu batean garbi agertzen da bizilagunen arten zegoen ondoeza ordu txikitako kale zaratak zirela eta. Etengabeko kaleko algara horien errua tabernen itxiera berantiarrari leporatzen zioten Getariako bizilagunek eta horren aurrean, Udalak, zenbait neurri hartzea erabaki zuen.

Alde batetik, udaberri eta uda garaian tabernak gaueko hamaiketan eta neguan gaueko hamarretan ixteko agindua eman zuen, beti ere, herriko jai egunen salbuespenarekin. Kasu horietan, itxiera ordutegia aurretik adostearen egokitasuna ikusi zen. Bestalde, behin tabernen itxiera ordua jota, debekatuta geratzen zen kalean kantuan eta algara sortzen ibiltzea. Bi neurri hauek ez betetzeak bost eta hogeita bost peseta bitarteko isuna jasotzea supatu zuen aurrerantzean.


Oihana Artetxe

Musika notak airean

2014-11-28
Categorías: Archivos, Getaria,

Edozein herriko jaietan bada ezinbesteko suertatzen den elementu bat. Bera gabe festa ulertezina izango litzateke gehienentzat. Izaera oso desberdineko ekintzetan ere protagonista nabaria dela esan daiteke. Festak girotu, ospakizunak benetan ospakizun bihurtu, ekitaldiak handitasunez jantzi... hori da herriko musika banda baten eginkizuna.

Getariako Udal Musika Banda osatzeko lehen urratsa 1911ean eman zen, Salbatore jaiak ospatu eta gutxira. Ordura arte, herriko jaiak ziren bakoitzean, ospakizun desberdinetan, harrera ofizial bat aurreikusten zenean edo antzerako ekintzak girotzeko, Getariako Udalak kanpora jo behar izaten zuen musika banda baten bila. Zenbaitetan Galiziako musika banda ibiltari bat kontratatzen zuen herriko jaiak doinuz janzteko, beste batzuetan inguruko herrietako musika banda arduratzen zen horretaz.

Aipaturiko urtean ordea, herria hazten ari zela ikusirik, musika banda osatzeko momentu aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. Getariarren ustetan gainera, baziren elementu honen beharra aguerian uzten zuten bi ospakizun nagusi. Bata, herrian urtero ospatzen zen gurutzaldi-estropada; Erregea etortzen zen eta zegokion harrera egiteko musika banda baten beharra suertatzen zen. Bigarrena, abuztuan ospatzen diren Salbatore jaiak. Horrela, Udal Musika Banda sortzearen egokitasuna jarri zen udaletxeko mahai gainean eta, 1911ko abuztuaren 13an eginiko bileran, musika banda sortzeko beharrezko pausoak emateko erabakia hartu zen.

Getariako artxiboko dokumentuetan irakurri daiteke, nola hilabete bat nahikoa izan zen musika banda sortzeko beharrezkoak ziren gazteak biltzeko. Hauek, ordea, jendaurrean piezak jotzen hasi baino lehen, formakuntza baten beharrean aurkitzen ziren. Hau ikusirik, udalak Ignacio Echesortu izendatu zuen taldearen irakasle eta etorkizuneko herriko musika bandaren zuzendari. Udal Musika Banda osatzeko ezinbestekoak ziren instrumentuak erosteko dirua ere udaletxeak jarri zuen eta Donostiako Casa-Erviti izeneko denda ezagunean erosi ziren.

Urte amaierarako, gazteen eguneroko musika eskolek bere fruituak eman zituela dirudi, baina, antza denez, ez musika bandako zuzendariari soldata bat ordaintzeko hainakoak. Udalak herriko musika bandaren egoera egokia zela iritzi izan zion arte, hau da, 1912ko otsaila arte, Ignacio Echesortuk ez zuen musika bandako zuzendari gisa soldata bat izendatzerik lortu. Bera izan zen Getariako Musika Bandako lehen zuzendaria eta bere karguari eutsi zion 1920ko maiatzan udaletxeko idazkari izendatu zuten arte.

Oihana Artetxe

...eta bonbillak piztu ziren!

2014-10-22
Categorías: Archivos, Getaria,

Uda joan da eta argi orduak gero eta urriagoak dira egunetik egunera. Lehenago iluntzen du eta inguruak beltzez margotzen dira. Eguzki izpiek gure egunerokotasuna baldintzatuko balute, goiz erretiratuko ginateko urteko sasoi honetan. Orduan estimatzen da gehien kaleko argiteriaren laguntasuna; iluntasunean kalean ibiltzea baimentzen duena eta gaueko orduetan lasai ibiltzeko segurtasuna ematen duena. Kaleak argiteria elektrikoz hornitzea pauso garrantzitsua izan zen, baina noiz iritsi zen argiteria hori Getariara?

Getariako kaleak argiteria elektrikoz hornitzeko nahiaren lehenerakustaldia 1896. urtean gertatzen da. Urte horretan oraindik, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen ziren, inguruko herriak argi elektriko bidez argiztatzen hasiak ziren bitartean. Arrantzale herria izanik, gauetan kalea ondo argiztatua izateak zer nolako garrantzi zuen jakinik eta inguruko herriak adibidetzat harturik, Getariako Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.

Herriko txokoak arretaz aztertu eta argiak hiribilduko eta inguruetako zein puntutan jarri behar ziren zehazteko batzorde berezi bat sortu zen. Behin lan hori eginda, 1896ko martxoaren 5ean herriko argiteria elektrikoa jartzeko lanen enkantea egiteko balditza plegua onartu zen. Enkante publiko honek, ordea, ez zuen arrakasta handirik izan. Dirudienez, Udalak ezarri zituen baldintzek ez zuten eskatzailerik erakarri. Horrela, 1898 eta 1900 urteetan baldintza hobeak eskatzen zituzten bi eskatzaileren proposamenak iritsi ziren Udalera, baina hauek ere bertan behera geratu ziren. Egitasmoa aurrera atera ezin horretan, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen jarraitzen ziren.

Ez zen 1900 urteko azaroa arte izan, baldintza berri batzuekin, argiteria elektrikoaren horniketaz arduratuko zen eskatzaile baten oniritzia lortu zutela: Jose Vicente Echeverria jaunarena.Horretarako berriz, 1896. urtean ezarritako baldintzak berrikusi behar izan zituzten. Horrela, argiteriaren ustiaketa 10 urtetik 12 urtera igotzea eta emakidadunak urte horietan telefono publikoaren erabilera pribatua egiteko aukera izatea adostu zen, besteak beste. Udalak, benetan behar zen argitasuna lortzeko, 55 argi inguru kokatzea eskatzen zuen, baina azken esleipen honetan ez da zehazten zenbat goritasun-lanpara jartzeko konpromesua hartzen zuen emakidadunak. Bai ordea, argiztapen publiko eta partikularrean eta baita linea telefonikoan gerta zitezkeen arazoei aurre egin beharko ziela.

Azkenik, 1901ean ezarri zen Getariako argiteria elektrikoa. Hala ere, Udal artxiboko agiriek erakusten dutenez, hurrengo urteetan zenbait arazo emango zituen argiteri berri honek.

Oihana Artetxe

Itsasora begira

2014-09-30
Categorías: Archivos, Getaria,

Nork ez ditu orduak eman itsasora begira? Kostaldean bizi direnek sarritan egiten duten zerbait dela esan daiteke. Ziur behin baino gehiagotan beren begiak itsasaldera bideratu dituztela konturatu gabe eta zerumuga denbora batez aztertu eta gero harrapatu dutela beren burua itsasora begira. Naturaltasun osoz egiten den eta egunerokotasunaren parte den zerbait bezela.

Kostaldean zehar itsasoa miresteko toki ugari aurki ditzakegu, baina talaiak horretarako gune bereziak dira. Euskal kostaldea zipriztintzen duten talaia eta seinero postuek itsasoan gertatzen zenaren komunikaziorako azpiegitura paregabea osatzen zuten. Itsasoan, kostaldean, portuetan eta itsasadarretan gertatzen zen guztiaren informazioa lortzeko kokagune estrategikoak ziren. Bertako talaiariak igortzen zuen informazioari esker zen posible portuetako eta itsas bokaletako nabigazioa, baita eguraldi aldaketen aurreikuspena, itsasoko trafikoaren ezagutza eta arrain multzoak antzematea ere.

Getaria ere komunikazio sare horren barruan zegoen, baina ez hori bakarrik, komunikazio sare horretan kokagune pribilegiatua zuen. Getariako talaia sistema bi gune desberdinek osatzen zuten: San Anton mendiko eta Malkorbe badiako talaiek, azken hau Lasuntalaia izenez ezaguna. Bietan garrantzitsuena San Anton mendiaren muturrean kokatzen den talaia zen. Bertatik Matxitxako eta Higer lurmuturren arteko portu guztien bokaleak dira ikusgai. Ikuspen pribilegiatu honi esker getariarrek informazio baliotsu ugari izan dute beti esku artean; kostaldearen zati horretan gertatzen zen guztiaren jakitun bihurtzen zituen. Horrek, beste portuekiko, abantaila handia suposatzen zuen.

Bestalde, Lasuntalaiak ikuspen txikiagoa eskaintzen zuen. Hori kontutan izanik, Malkorbe badian burutzen zen arrantzarekin lotura zuzena izan duela pentsa daiteke. Are eta gehiago, Behe Erdi Aroaz geroztik Getariako Udalbatzak badian arrantzan egiteko eskubidea enkante publikoan ateratzen zuela kontutan izanik. Beraz, talaia honek badian sartzen ziren arrainen berri emateko balioko zuen ziurrenik.

Tradizio handiko elementuak izaki, XX. mendean ere garrantzia izaten jarraitzen zutela ikus daiteke artxiboko dokumentuetan. Besteak beste, 1916. urtean San Anton mendiko talaia berria eraikitzeko egitasmoaren berri ematen duten agiriak topa daitezke. Baita 1966. urtean Lasuntalaiarako bidea hobetzeko lanak burutu zirela ere. Dirudienez, urte horretan talaiarako bidea oso egoera txarrean aurkitzen zen luizien ondorioz.

Getariarrek hori ikusita, bidea konpontzeko erabakia hartu zuten eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingeniaria zen Jose Maria Gabarain jauna izendatu zuten lan horien arduradun. Agirian jartzen duenez gainera, lan hauek Lasuntalaiarako ibilbide berri bat sortu zuten.

Talaia hauek ezinbestekoak izan dira Getariaren historian. Nabarmena da, bai San Antongo talaia, bai Lasuntalaia informazio iturri garrantzitsu izan direla. Eta, gaur bezala, orduan ere informazioa botere zen. Horretaz jakitun, talaiak eta horietara iristeko bideak zaintzeko ardura erakutsi dute beti getariarrek.


Oihana Artetxe

Elkanoren izenean hiribildua biziberritzen

2014-07-29
Categorías: Getaria, Historia, Patrimonio,

Aski ezaguna da Getaria munduari bira ematen lehena izan zen itsasgizonaren sorterria dela. Juan Sebastian Elkano zenaren presentzia etengabea da Gipuzkoako kostaldeko herri honetan. Elkano izeneko kale, jatetxe eta arrantzale-kofradia; pertsonaiaren bi estatua eta monumentua; bere jaiotetxea non zegoen adierazten duen plaka… Baina bada lau urtetik behin errepikatzen den eta munduaren lehen zirkumnabigazioarekin lotura duen ekintza bat ere. Itsasgizonaren memoria harriaren zurruntasunetik aldendu eta bizirik mantentzeko ahaleginean edo, 1522an Victoria naoa San Lucar de Barrameda-ko portura iritsi zeneko momentua antzezten dute Getariako herritarrek. Noiztik egiten da ordea Elkanoren Lehorreratzea?

1922ko Irailaren 6an, Magallaesek hasi eta Elkanok bukatu zuen espedizioaren IV. mendeurrena betetzen zen. Data esanguratsu hori gogora ekartzeko eta herriko seme den itsasgizon handia goresteko nahiak, egun horretan ospakizun berezi bat antolatzera bultzatu zituen Getariarrak. Elkanoren izena nazioartean goraipatzeko asmoz ekintza sorta bat antolatu zen eta bertako eta atzerriko erakunde eta pentsonaia entzutetsuei bertaratzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Programaturiko ekintzen artean Elkanoren desfilea zegoen, hori izan zen Elkanoren Lehorreratzea antzeztu zen lehen aldia.

Egun berean, Elkanoren Monumentua bezala ezagutzen den eraikinaren lehen harria jarri zen eta Ramón de Cortazar, Casa Torres-eko Markesa, Ignacio Zuloaga eta Elias Salaberria herriko semetzako izendatu zituzten, besteak beste. Ospakizun hauetan, Alfonso de Churruca jauna izan zen, Getariako udaletxearen eta mendeurrenaren batzordearen izenean, gonbidatuen aurrean hitz egiteaz arduratu zena.

Lehen Elkanoren festa hau ezin hobeto joan zela dirudi. Izan ere, festaren biharamunean eginiko udal batzarrean baloraketa oso positiboa egin zen. Pozik azaldu ziren Getariara mendeurrena ospatzera etorri ziren pertsona eta ordezkaritzak ikusita, tartean Espainiako Erregeak eta munduko potentzia garrantzitsuenen itsas ordezkaritzak.

Festaren prestakuntza, ordea, 1919. urte inguruan hasi zen. Donostian ohorezko batzorde bat eta zuzendaritza batzorde bat osatu ziren eta Elkanoren urteurrena ospatzeko batzordetarako ordezkariak aukeratu ziren Getarian. Hauek festaren egitaraua zehazteaz eta hori gauzatzeko beharrezkoa zen dirua lortzeaz arduratu ziren, besteak beste. Baina Elkanoren festa egituratzeaz gain, Getariarrek herrian zenbait hobekuntza egiteko aukera paregabea ikusi zuten IV. mendeurrenaren antolakuntza aitzaki. Aipatzekoa da ospakizunak antolatzeko lortu zuten diru laguntzaren zati bat herrian zenbait obra eta berrikuntza egiteko aprobetxatu zela. Hau horrela, 1922ko uztailean, batzordeko idazkari nagusia zen Ramon Luis de Camio jaunak, mendeurrena ospatzeko Getariako udaletxea egokitzeko beharra azaldu zuen. Udaletxeari beste eraikin bat gehitzea zen asmoa, eta horretarako Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Estatutik jasotako dirulaguntzak baliatzea adostu zuten. 50 urte beranduago ere, 1972ko Elkanoren festa antolatu zenean, Getariarrek antzeko zerbait egin zuten. Oraingo honetan, aukera udaletxe zahar eta berrian zenbait berrikuntza egiteko eta Elkanoren Monumentuan zenbait aldaketa burutzeko baliatu zuten. Hau ikusirik eta V. mendeurrena begien bistan dagoen honetan, zer izango dute esku artean Getariarrek?

Oihana Artetxe


Esperantza

2014-07-01
Categorías: Archivos, Getaria,

Uda hastear dago. Argitsu dago Udaleko udalbatzarren gela. Gainera, estropadetan irabazitako banderek antzerki itxura ematen diote.

Han egongo al dira bandera zaharrak? 1896koak, esate baterako?

Arregiren agindupean arraun egin zuten Basurto, Azkue, Alberdi, Urreta, Oliden, Aizpurua, Ezenarro, Silveti, Irigoien eta Manterolak irabazitakoak?

“Esperantza” ontziak ez al zuen arrastorik utzi gure artxiboan? Posible al da 1896ko irailean Kontxa eta Bilbo (eta Portugalete) jarraian irabazitako banderek ez al dute aipurik merezi gure udal aktetan?

Ez zen ba jai txikia antolatu herrian 1896ko iraila hartan. Bi aldiz ere ospatu egin zituzten garaipenak: irabazi ondoko musika, sua… Jai nagusia hilaren 20an: herriko bazkaria, diana, musika banda (Zumaia ala Zarautzen lortu beharrekoa), suziriak, su artifizialak,… Donostian irabazitako 1000 pezeta non xahutuko zituzten arrantzale haiek? Arregi beraren tabernan agian?

Bandera Udalari oparitu zioten, irailean 9an hala egin zuten. Bilatuko dugu banderen artean, banan bana. Aurkituko al dugu?

Beharbada, ustekabean, artxiboko txoko batean, Bilbon irabazitakoa topatuko dugu; zain, arrantzale haiek lortutako balentria neskek irabazitako bandera berrien ondoan paratzeko zain.

Arrantzaleek. Neskak. Denbora ez da alferrik pasa. Artxiboa geratzen zaigu.


David Zapirain


*Irudia: getaria.net

Elkarrizketan: Nikanor Lertxundi

2014-04-14
Categorías: Archivos, Getaria,

Udalaren ekimenez hilero artxiboari buruzko berri bat argitaratzen da Artzape aldizkarian. Egindako lana errepasatzeko une aproposa dela pentsatzen dugu. Horretarako, Getariako alkate Nikanor Lertxundi elkarrizketatu dugu.

Zergatik hileko artxiboaren berri bat?

Gipuzkoako historian toki esanguratsua da Getaria. Hainbat pasarte garrantzitsu eman ziren gurean. Artxiboan baino, oso berri historiko dugu, hainbatetan erre egin zuten eta. Hutsune hori konpontze nahian eta, era berean, artxiboak ere funtzio sozial bat duela aldarrikatzeko, gure artxibo historikoa zaintzen laguntzen digun Ereiten enpresaren ideia ontzat eman genuen: artxiboko berria argitaratzea hilean behin, hain zuzen ere.

Artxiboak ba al du funtzio soziala?

Bai noski. Artxiboa Udaletxearen memoria da. Udaletxearena ez ezik, Udalarena esango nuke nik. Artxiboak gure jarduna gordetzen du. Urteak joan urteak etorri, alkateak joan alkateak etorri, funtzionarioak jubilatu ahala… artxiboan geratzen da dena jasota. Eskubideak eta bete beharrak bermatzen ditu. Ezinbestekoa da egunerako kudeaketa. Horregatik, egindakoaren berri ematen duelako, nolakoak izan garen islatzen du. Egungo egoera ulertzeko ezinbestekoa da. Ondorioz, talaia ona da aurrera begiratzeko. Datu asko ematen digu gure izaera komunikatzeko, kultura lantzeko, aisialdian erabiltzeko…

Historiarekin lotzen gaitu beraz?

Bai, baina horrek ez du esan nahi egindakoagatik kondenatuta gaudenik. Getariako Udalak egin duena hor dago jasoa. Getariako Udalak edo Getariako auzotarrek egin nahi dutena, baina, ez dago inon jasoa. Hori guk erabakiko dugu gure beharren arabera, gure aurrekoek egin zuten bezala: unean uneko erabakiak hartzea.

Hileko berri hau da artxiboan egindako lan bakarra?

Ez, ez. Gure artxiboa informatizatuta dago (ikusten? Historian zehar inoiz ez da horrelakorik izan, noski!), eguneratuta eta ondo gordeta. Udal aktak, adibidez, interneten bidez daude eskuragarri, www.getariakoartxiboa.net helbidean. Digitalizatzea ez ezik, edukiak ere deskribatu egin ditugu, bilaketak egin ahal izateko. Aurten, gainera, Getariari buruzko Angel Gorostidi Gelbentzuren eskuizkribua ere digitalizatu dugu. Jaurlaritzaren eta Aldundiaren diru laguntzak probestu ditugu horretarako.

Krisia gaur?

2013-01-21
Categorías: Archivos, Getaria,

Artxiboak erakunde baten gogoa gordetzen du. Erakunde horrek egin duena biltzen da artxiboan. Eta eginbeharrak zehazteko zein eskubideak aldarrikatzeko ezinbestekoa da. Erakundea “udala” denean, herri baten bizitza artxiboan geratzen da jasota, hala edo nola.

Horrek, egoera gorrietan gure arbasoek nola jokatu zuten erakusten du; gure izaera, gure nortasuna, gure kezkak, gure erabakiak… gu izan baino lehen hor daude. Beste batzuetan, baina, gogoak ez gaitu horren urrun eramaten. Izan ere, 20 urte zer da? Asko ala gutxi? Orain dela 20 urteko jendartea gu al gara?

“Euskal Herriko egoera ekonomikoa oso egoera larrian aurkitzen da. Azken hamarkadetan zenbait industri arloek izan duten gorakada, krisi sakon batean bilakatu da gaur egun, gehienetan. Lan postuen galtzea, batez ere industrian, azken urte hauetako eguneroko ogia izan da. Honela, zenbait industrial berrikuntza prozesu eman ziren euskal industrigintzako arlo tradizionaletan, industri alternatiba berririk sortu gabe…”

Krisia. 2013ko urtarrilerako testu bikaina, ezta? Bada, 1991n erregistratu zen Getariko artxiboan. Europa, adierazle ekonomikoak, doitze prozesuak, ERE direlakoak… gauza berria al dira?

“…bereziki 1.979 eta 1985 urteetan, honek 200.000 lan postuen galera ekarri zuelarik. 1.989 urte arte itxurazko “berrezkurapen ekonomiko”aren ondoren, azken bi urte hauek erakutsi dute bukatuak ziruditen berrestrukturaketa eta egokitzeak ez zirela, geroz eta bizkorrago areagotzen ari denaren lehen etapa baizik. Enpresa ezberdinetako iste eta espedienteak igotzen doaz aurreagoko krisietako mugak gaindituaz eta Baskongadetan bakarrik, lehen sei hilabetetan 12.000 lanpostu deuseztatu dira industrial arloan. Adierazgarri ekonomikoak, adituen adierazpenak, komunitateko Administrazio desberdinetan, estatu eta autonomikoetatik, baita agente sozial ezberdinen (bereziki sindikatuak), guztien esanetan, udazken honetarako perspektibak, eta batez ere Europako Akta Bakarra indarrean jartzeari begira batez ere, askoz ere larriagoak dira oraindik.”

Mozioa erregistratu zuen alderdi politikoa ez da esistitzen jada. “Europako Akta Bakarra”ren efektua, nonbait bai. Labe garaiak, arrantza ontziak eta ia mitologikoak diruditen beste ekoizpen uneak aipatzen dira  ere. 20 urte aski al dira Historia bihurtzeko?


David Zapirain