Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

Getariako abere hiltegia (I)

2016-12-01
Categorías: Archivos, Getaria,

Garai batean animaliak etxeetan hazi eta hiltzen ziren, baina denborarekin guzti hori aldatzen joan da apurka. Nekazal guneetan txerribodekin mantendu da gehien, baina gaur egun oso toki gutxitan egiten dira. Izan ere, gaur egun haragia non-nahi erosi dezakegu, gure beharretara egokituz.

Herri eta hirietako haragi eskaria bideratzeko, XIX. mendean hiltegiak eraikitzen hasi ziren. Herriguneko etxeetan abereak hiltzea, jadanik, ez zen egokitzat hartzen, higiene kontuak zirela medio, osasunarentzat arriskutsua izan zitekeelako. Getarian 1889koa da hiltegiaren buruzko lehen aipamena. Urte horretan, herria haragiz hornitzeko ardura zuen Jose Elosuk herriko hiltegi publikoaren egoera txarraz kexu da, bertan egin beharreko garbiketa lanak egiteko, ur hornidura eskasa dela ohartaraziz. Hau dela eta, behin-behinean, abelburuak Francisco Enbilen etxean hiltzeko baimen eskaera onartzen dio udalak.

Udal hiltegiaren egoera tamalgarriaren aurrean, 1901ean udal batzorde bat eratu zen hiltegi berria eraikitzeko kokaleku egokia aztertzeko. Batzorde horrek Gaztetape izendatu zuen hiltegi berria eraikitzeko herriko toki egokiena bezala, itsasoko aireak abelburuak freskoago mantentzen lagunduko zuela argudiatuz. Hau horrela, herriko albaitariak eta haragi ikuskatzaileak, batzordekideekin batera, “Marcobe” (egungo Malkorbe) izendatu zuten Gaztetapeko gunerik egokiena, baina toki honek ez zuen perituen oniritzia lortu. Azkenik, herrigunean zegoen Katrapona enparantza aukeratu zen hiltegi berria egiteko gune.

Tokirik egokiena Katrapona-andia izenekoa zen, baina bertan ontziola bat omen zegoen kokatuta. Ontziola hori udal lurretan zegoen eta, bertan kokatzeko baimena lortu zuenean, udalak lurzorua herritarren ongizaterako beharko balu eraisteko aginduko zuela hitzartu zen. Egoera honek ez zuen herriko bizilagun guztien onarpena lortu. Alde batetik hiltegia herrigunean kokatzea osasunarentzat arriskutsua izan zitekeela eta herri arrantzale batean ontziolaren beharra aldarrikatzen zuten ontziolako jabe eta lagunak zeuden. Hauek tokirik egokiena Malkorbe zela defendatzen zuten. Bestalde, udalaren erabakia babesten zuten herritarrak zeuden.

Azkenean, udalaren erabakiak aurrera egin zuen eta, Donostiako Domingo Ezeiza maisuak eginiko planoa jarraituz, hiltegi berria eraikitzeko obren esleipena Juan Eizagirre Orioko bizilagunaren aldekoa izan zen. Eraikuntzak 5401,63 pezetako kostua izan zuen udalarentzat eta 1903ko otsailerako amaitua zegoen. Hiltegi berriko araudia urte bereko martxoan ezarri zen.

Oihana Artetxe

Kantauriko Arrantzale Aterpetxea

2016-11-14
Categorías: Archivos, Getaria,

Getaria Kantauri kostaldeko itsasontzi askoren babesleku nagusia izan da denborale eta enbatetan. XX. mendearen hasieran ordea, eskaintzen zituen azpiegiturak oso eskas geratzen ziren horrelakoetan jasotzen zuten itsasgizon kopuruarentzat. 1902an portua handitzeko egitasmoa idatzi zuen Jose Maria Aranbarri getariarrak, Elkano Arrantzaleen Kofradiak bultzatuta. Portu berriaren helburua kabotaje-ontzientzat eta arrantza-ontzientzat babesleku egokia izatea zen.

Helburu horrek ordea, Getarian lehorreratzen ziren arrantzale eta itsasgizonak artatzeko gune baten beharra sortzen zuen. Ordurako, euskal itsasgizonak Kantauriko itsasgizonentzat aterpetxe baten beharra aldarrikatzen hasiak ziren. Honi erantzuna eman nahirik, Kantauriko Arrantzale Aterpetxea Getarian eraikitzeko erabakia hartu zen. Itsasgizonen babes beharraz jakitun, Elkano Arrantzaleen Kofradiak proiektua gauzatzeko batzorde bat osatu zuen eta 1918ko uztailaren 16an aurkeztu zuen. Aterpetxea portuan kokatzea eta Kofradiaren egoitza, arrain salmentarako gela eta itsasgizonentzako aterpetxea barne hartzea proposatzen zen bertan.

Eraikina 1919an, Elkanoren mundu biraren IV. mendeurrena ospatzeko ekintzen baitan, inauguratu zuten. Beheko solairuan salmenta gela, arrain biltegia, ikatz eta gatz biltegiak eta itsasgizonentzat atseden gela ezarri ziren. Azken hau beheko solairuaren erdigunean kokatu zen eta itsasgizonak atseden hartzeko bankuak eta arropak lehortu ahal izateko esekigailuak zituen, erdian kokatzen zen tximinia handiaren inguruan antolatuta. Lehenengo pisuan, berriz, aterpetxearen arduradunaren gela, Kofradiakoa bilera aretoa eta 200 pertsona baino gehiago jasotzeko lekua zuen logela handia egokitu ziren. Bertan egur eta olanezko oheak eta higiene zerbitzuak ezarri ziren. Azkenik, bigarren pisuan, beharrezko guztia zuen erizaindegia prestatu zen: esku-ohea, ebakuntzetarako mahaia, itsasoan zauritu eta gaixotuak artatzeko oheak...

Gaur egun Getariako portuan egoera tamalgarrian ikus daitekeen eraikinak, berebiziko garrantzia izan zuen Kantauri itsasoan arrantzan eta merkataritzan ibili ziren itsasgizonentzat. Getarian babesleku ezin hobea zutela jakiteak, ingurune arrotz batean lan egiteak zituen arriskuak gozatzen lagunduko zien ziurrenik.


Oihana Artetxe

* Argazkia: Indalecio Ojanguren bilduma

Txistularien lana 1956ko Salbatore jaietan

2016-08-18
Categorías: Archivos, Getaria,

Uztaila aurrera doa eta gero eta gertuago ditugu Salbatore jaiak. Ez da lehen aldia lerro hauetara gai hau ekartzen duguna. Artxiboan topatutako dokumentu batek jarri digu amua oraingoan ere eta, jaien gertutasunari erreparatuta, irenstea erabaki dugu.

Jaietan eta festa giroan musika beti dago presente gurean. Egun berezi hauek alaitzeko erantzukizuna izateaz gain, burutzen diren ekitaldiak handitasunez janztekoak ere badituzte musikariek. Horien artean, jaietan, danbolin-jole edo txistulariak protagonismo berezia izaten dute. Izan ere, danbolina eta txistua ezin aproposagoak suertatzen dira soinean hartu eta, kalez kale alde batetik bestera, herria girotzen ibiltzeko.

1956ko Salbatoretan eta Elkanoren jaian txistulariek egin beharreko lanak jasotzen dituen dokumentua topatu dugu gure bilaketan. Hona hemen txistularien egitarau hura.

Abuztuak 4, larunbata:

20:00tan Buruhandi eta Erraldoiak lagundu.

Abuztuak 5, igandea:

7:00tan Alborada

9:00tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Gauean, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 6, astelehena (Salbatore eguna):

7:30tan Diana eta Alborada

9:30tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

9:45etan udaletxe aurrean Alkate soinua (jantzi tradizionalekin)

Meza Nagusiaren ondoren, herriko agintariei elizatik udaletxerako bidean lagunduz Alkate soinua.

Ondoren, udaletxearen aurrean, Agur Jaunak agintariak desfilatzen duten bitartean.

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 7, asteartea:

8:00tan Diana eta herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Oihana Artetxe

Plater bakarraren eguna

2016-07-21
Categorías: Archivos, Getaria,

“Plater bakarraren eguna”, horrela deitu zitzaion 1936ko Urriaren 30ean Espainian dekretuz hartu zen neurria. Erabakia Gobernadore Zibilek jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta Azaroaren 15ean jarri zen martxan. Getarian Azaroaren 14ko udalbatzarrean jakinarazi zen. Baina, zer zen “Plater bakarraren eguna”?

Gerra Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen. “Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platerra eta postrea jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein eltzekari izan zitekeen. Bezeroak horietariko bat hautatu behar zuen eta postrearekin laguntzen zen.

Otordu horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Diru-bilketa hurrengo hilabeteko bigarren egunean egiten zen, legea betetzeko agindua zuten establezimenduetan eta etxe partikularretan. Ordaindu beharrekoak, gutxienez, egun horretako irabazien %25a izan behar zuen eta, gainera, otorduak ematen zituztenek egun bakoitzeko bezeroen zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.

Getariako lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 180,75 pezetakoa izan zen. Egun hori ordea, ez zen hilabetero bete. 1937ko urtarrilean diru-bilketa hori egiteari utzi zitzaion, besteak beste, Udalak Laredotik ihesean etorritako errefuxiatuak eta, portua itxirik mantendu zen bitartean, herriko arrantzale pobreak laguntzeko diru-bilketa berezia egin behar izanagatik. Otsailean eguna berriro martxan jarri eta 350 pezeta bildu zituzten. 1939ko ekainetik abendura bitartean berriro etenda egon zen. Orduan, diru-bilketa egiteko ardura zuen herriko Sección Femeninak ez zuelako eginbeharra bete. Udalbatzarrak, egoeraren jabe, sei hilbeteengatik badaezpadako 460 pezetako ordainketa egitea erabaki zuen. Izan ere, “Plater bakarraren eguna” ospatzeari muzin eginez gero “Mugimenduaren” kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen.

Oihana Artetxe

*Irudia: "Plater bakarraren egunaren publizitate kartela (Iturria: http://www.elespanol.com)"

XIX. mendean Getaria eta Donostiaren arteko komunikazioa hobetzeko saiakera

2016-07-20
Categorías: Archivos, Getaria,

Bideak: lurrean edo uretan puntu bat beste batekin lotzeko irudikatutako lerroak. Pertsonak ez ezik, produktuak eta ideiak eremu batetik bestera bidaiatzea ahalbidetzen duten elementu estrategikoak dira. Historikoki interes desberdinak asetzeko sortuak. Zainduak eta zelatatuak; beharren arabera itxi edo zabalduak.

Bideak eta komunikabideak herrien eta herrialdeen bilakaera eta garapena baldintzatu duten faktore garrantzitsuak izan dira, baita izaten jarraitu ere. Beharrezkoak dira merkataritza eta giza harremanetarako. Pentsa daitekeen bezala, merkantzia desberdinak garraiatzeaz gain, bideak pertsonak alde batetik bestera mugitzeko balio izan dute eta, haiekin batera, ideiak eta kultur eraginak zabaltzeko. Interes politiko eta militarretan ere funtzeskoak dira komunikabideak.

Ondo komunikatuta egoteak, herri edo eskualde baten aurrerapena ekar dezake. Komunikazio ezak, berriz, isolamendu gordina. Getariarrek ondo dakizue zer den erdi isolatuta geratzea. Kostaldeko errepidea ixten duten bakoitzean nahiko egoera desatsegina pairatzea egokitzen zaizue. Batek baino gehiagok, halakoetan, Getariatik Donostiarako edo Zumaiarako bidea errepidez egin baino, itsasontziz egitea azkarragoa dela pentsatu izan du ziurrenik. Horixe bera pentsatu zuten Getariarrek 1839an.

Herriak dituen berezitasun orografikoek itsas komunikaziorako egoki bihurtzen dute; lurreko komunikazioak ordea, beste kontu bat dira. Kostako errepidea eraiki baino lehen, Garate mendiko bidea erabili behar izaten zuten inguruko herriekin eta hiriburuarekin lurrez komunikatzeko. Hau horrela, Getariarrek ez zuten lurreko komunikazio erraza... itsasoz alde batetik bestera ibiltzea azkarragoa eta egokiagoa gertatuko zen ziurrenik.

1839ko uztailaren 22ko aktak aditzera ematen duenez, Getaria Donostiarekin komunikatzeko itsasontzi zerbitzu bat ezartzeko proposamena egin zuen Udalbatzak. Gobernadoreari Getaria hiriburuarekin lotzeko txalupa bat eskatu zitzaion, komunikazioa erraztu eta maiztasuna erregulatzeko helburuarekin. Eskaera bideratu zen eta Donostiako portu agintaritzarekin harremak hasi ziren, baina artxiboko dokumentuek ez dute datu gehiago eskaintzen. Beraz, artxiboa bakarrik kontsultatuz, ezin jakin azkenean zerbitzu hori martxan jartzea lortu zen edo ez. Agian, zuetariko norbaitek arbasoengandik izango zuen honen berri...


Oihana Artetxe


II. Errepublikaren Aldarria Getarian

2016-05-12
Categorías: Archivos, Getaria,

1931ko apirilaren 14ean II. Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Apirilaren 12an egindako hauteskundetan eskatutako aldaketa politikoa izan zen hura; Alfontso XIII. boteretik kendu eta monarkiarik gabeko gobernu baten hasiera ekarri zuena. Baina nola bizi izan zen aldaketa hau Getarian? Zer gertatu zen herrian hauteskunde horietan?

Gobernu aldaketa ekarri zuten hauteskundeak apirilaren 12an izan ziren arren, hilabete horretako 18. egunean aurreko udalbatzak jarraitzen zuen Getarian. Udal-akta liburutan irakur daitekeenez, udalbatza berria osatzeko arazoak izan zituzten. Udal gobernu berria osatu behar zuten zinegotziak hautatzeko garaian, bi hautetsien arteko boto berdinketa gertatu zen; Isidoro Txueka eta Primitivo Urbietaren artean hain zuzen ere.

Apirilaren 18an, Gobernadore Zibilaren agindua jaso ondoren, aurreko udalbatzako kideak eta hauteskundetan hautatutako zinegotzi berriak, udalbatza berria osatzeko bildu ziren. Lehenengo zeregina, ordea, Isidoro eta Primitivoren arteko boto berdinketa konpontzea izan zen. Tartean inolako interes pertsonalik egon ez zedin, zozketa bidez apurtu zuten berdinketa. Danbor batean 1 eta 2 zenbakia zuten bolatxo bana sartu zituzten eta beste danbor batean bi hautagaien izena zeramaten beste bolatxo bana. 1 zenbakia zuen bolatxoarekin batera ateratzen zen izena behin betiko zinegotzi bilakatuko zen. Egun hartan, 1 zenbakia Primitivori egokitu zitzaion.

Boto berdinketa atzean utzita, aurreko udalbatza osatzen zuten zinegotziek aretoa utzi eta zinegotzi berrien kargu-hartzea egin zen. Alkatea, lehen eta bigarren alkateordeak eta sindikoa hautatzeko bozketa egin ondoren, horrela geratu zen Getariako udalbatza errepublikanoa:

  • Alkatea: Antonio Alegria Lasa

  • Lehen alkateordea: Fructuoso Arregi Leizaola

  • Bigarren alkateordea: Cecilio Idiakez Indo

  • Sindikoa: Sebastian Iribar Ulazia

  • 1. Zinegotzia: Genaro Basterretxea Santa Maria

  • 2. Zinegotzia: Jose Isasti Azpeitia

  • 3. Zinegotzia: Julian Ulazia Unanue

  • 4. Zinegotzia: Julian Larrañaga Aranburu

  • 5. Zinegotzia: Primitivo Urbieta Embil

Errepublikaren aldarriarekin batera, Autonomia Estatutuaren aldeko mugimenduak hasiak ziren Euskal Herrian. Mugimendu horiekin bat egin nahian, Getariako alkate berriak, II. Errepublikako behin behineko gobernuari Euskal Errepublika konfederatua onartzeko eskaera egitea proposatu zuen. Gainontzeko batzarkideen oniritzia bilatzen zuen proposamena izan zen, baina Espainiako Errepublika babesteko unea zela iritzi zuen udalbatza berriaren gehiengoak momentu hartan.

Oihana Artetxe


Arrainentzako Saskien Enkantea

2016-04-06
Categorías: Archivos, Getaria,

Lehenengo Karlistaldiak Getariako egunerokotasuna eten zuen. Herriko ohiko dinamika geldiarazi zuen, dinamika berri batzuei bidea zabalduz. Gerrak aldaketak ekarri zituen; batzuetan aurreko bizimoduarekin eta ohiturekin erlazionatuak zeudenak. Gerra osteko urteetan egindako zenbait aldaketek, ordea, ez zuten harrera ona izan biztanleen artean. Aldaketa txiki batek izan dezakeen eragin handiaren adibide bat izango dugu gaurkoan hizpide.

Getarian portuak eta arrantzak garrantzia handia izan dute. Itsasontziek arrantzatutako arraina portuan deskargatzen zuten, salmentarako saskietan antolatuz. Getarian, Gipuzkoako gainontzeko portuetan bezala, ohikoa zen Udalak saski hauen ekoizpena urtero enkantean ateratzea. Hau horrela, eskaintza honena egiten zuen saskigilearen ardura zen portuko saski eskariari erantzuna ematea.

Itsasontziek ekartzen zuten arraina merkaturatzeko eta garraiatzeko ezinbestekoak ziren saskiak. Berebiziko garrantzia zuen itsasontzia lehorreratzen zenean portuan behar adina saski prest egotea. 1848ko Azaroaren 10eko Udalbatzarreko aktak jakinarazten duenez ordea, saski enkantearen ohitura gerraren ondorengo urteetan eten zela dirudi. 1846, 1847 eta 1848 urteetan Udalak ez zuen zerbitzu hau enkantean atera, salmenta librea sustatzen zuten lege berrien eraginez.

Saskigileen arteko konpetentzia medio, hasiera batean, salmenta libreak saski ekoizpenean onurak ekar zitzazkeela pentsatu zen: saskien kalitatea hobetzea, prezioen merketzea, beharrezko saski produkzioa bermatzea... Gauzak, baina, ez ziren horrela izan. Salmenta libreak ekarri behar zituen onurak ez ziren Getariako saski produkziora iritsi. Etziren pozik ez arrantzale eta ez mandazain. Salmenta libreak ez zituen prezioak merketu, ez zuen saskien kalitatea hobetu eta, okerrena zena, ez zuen portuko saski eskaera asetzea bermatzen.

Portuan eta arrantzan oinarritutako ekonomia zuen herri batentzat egoera hori jasangaitza zen. Horretaz jakitun, Getariako Alkateak ohiko saski enkantera bueltatzeko baimen eskaera luzatu zion Gipuzkoako Agintari Nagusiari. Erantzuna baikorra izan zen, beti ere, Getariako Udalbatzarrak erabakiari babes osoa ematen bazion. Inolako zalantzarik gabe eman zioten baietzkoa Getariarrek eta 1849an portuko beharrak asetuko zituen saski produkzioa enkantera ateratzen hasi ziren berriro. Ohitura zaharrera bueltatu ziren eta horrela jarraitu zuten 1856 urtera arte.


Oihana Artetxe


Irudia: Imanol Urkizu (Artzape aldizkarian argitaratua)

Merkatu Plaza eta Eskola berriak

2016-03-04
Categorías: Archivos, Getaria,

Negua iritsi dela ematen du. Aurtengoan kostatu zaio, baina azkenean iritsi dira euria, haizea eta hotza. Barru giro egiten du. Liburu bat dugula sofan edo butakan eseritzeko plana egokia izaten da horrelakoetan.

Getariak badu liburu interesgarriz beteriko liburutegia. Etxean gustuko ezer topatzen ez duenak, bertara gerturatu eta izenburuen artean kuxkuxean ibiltzeko aukera paregabea du. Guk ordea, gaurkoan, liburutegian sakondu beharrean, liburutegia bere baitan hartzen duen eraikinari erreparatu diogu.

Getariako sarreran aurkitzen den eraikin honek, Udaletxearekin eta Elkanoren monumentuarekin batera, alde zaharrera gerturatzen den orori ongi etorria ematen dio. Itxura bitxia aurkezten du, herriak duen orografiara eta kale diseinura egokituz. Hasiera batean, orube horretan kokatu zena herriko merkatu plaza izan zen. Denborarekin ordea, herriko umeei eskolak emateko gune egokiago baten bila, merkatu plazaren gainean bi ikasgela jasoko zituen eraikin bat egitea erabaki zen.

Marcelo Guibert arkitektoari eskatu zitzaion eraikin berriaren proposamena eta planoak garatzea. Arkitekto hau garaiko arkitekturaren adar klasikoenean kokatzen da. Bere eraikinak erregionalismoak bustita daudela esan daiteke, Euskal Herriko arkitektura klasikoaren elementuz josiak. Getariako Udaletxe berria bere beste lanetako bat da. Zarautzen Guadalupe etxea eta Villa Maddalen diseinatu zituen. Baina bere lanak ez dira Gipuzkoara mugatzen, izan ere, Iruñean Redón abizena zuen beste arkitekto batekin “Guibert-Redón” estudioa muntatu zuen. Hori horrela, Nafarroako hiriburuan zenbait proiektu gauzatu zituen.

Getariako eskola berrietarako aurkeztu zuen egitasmoa 1920ko otsailaren 1eko udalbatzarrean aztertu eta onartu zen. Hala ere, dokumentazioak aditzera ematen duenez, eraikitze lanak denboran luzatu ziren. Getariako artxiboan egitasmo honen inguruko espedientea jasotzen da. Bertan gordetzen dira, baita ere, Guibert arkitektoak eginiko planoak. Hauek aztertzen baditugu, eskolek bertan izan zuten tokia ikus dezakegu.

Oihana Artetxe

1866ko Urtarrilaren 9ko ezbeharra

2016-01-29
Categorías: Archivos, Getaria,

Itsasoak behin baino gehiagotan eraman izan ditu bere altzora itsasotik bizi diren familietako kideak. Ez du inolako gupidarik agertzen haserretzen denean. Onenean pertsona bakarra eramaten du eta okerrenean tripulazio osoak. Azken hau izan zen 1866ko urtarrilaren 9an Getariako herriak jasan zuen ezbeharra.

150 urte bete dira aurten, Donostiako badiatik gertu bisigu arrantzan ari ziren Getariako San Jose eta Dolores ontziak (1) hondoratu zirenetik.  Gertakari honek herrian izango zuen eraginaz konturaturik, hilabete honetako idatziak gai hori izan behar zuela hizpide erabaki genuen. Gertakari tamalgarri honen aipamenak udal artxiboan topatuko genituelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Garai horretako agiririk ez da jasotzen bertan eta honek gure bilaketa beste artxibo eta informazio iturrietara zabaltzera behartu gaitu.

Egun hartan itsasoa lasai esnatu zen egunsentian eta Bizkaia eta Gipuzkoako portuetako arrantzaleak bisigu arrantzara atera ziren. Beren lanetan ari zirela, eguraldiak okerrera egingo zuela ikusi eta gertuen zuten portura iristeko saiakeran hasi ziren; Pasaiako, Donostiako eta Mutrikuko portuetara. Mutriku helburu zutenak enbatak harrapatu baino lehen iristea lortu zuten, besteak ez ordea. Pasaiako eta Donostiako portua helburu zuten Getariarrek olatu bortitzen eta haizearen kontra borroka sutsua izan zuten, baina tripulazioaren trebezia ez zen nahikoa izan. Ontzietako bat Pasaiako badian sartzeko saiakeran hondoratu zela aipatzen da. Bigarren ontziak berriz Donostiako portua zuen jomuga, baina bertara iritsi baino lehen arrantzaleek uretan ikusi zuten beren burua. Portuan badiara begira zegoen Jose Maria Zubia “Aita Mari” zumaiarrak ezbeharra bere begiekin ikusi zuen. Laguntzeko prest bere itsasontzia eta tripulazioa hartu eta bizia salbatu nahirik zebiltzan arrantzaleak erreskatatzera atera zen. Sorospen lanetara ateratako ontziak ere ezbeharra izan zuen ordea… Gipuzkoako kostaldea bortizki eraso zuen enbata honek, San Jose eta Dolores ontzietako tripulazio osoa eta “Aita Mari” patroi zumaiarra eraman zituen itsasoaren hondora.

Getariako 38 arrantzale hil ziren eta ezbeharrak 133 pertsonengan izan zuen eragina; denak hildako arrantzaleen familiako kideak. Gainera, horietariko 59 umezurtz geratu omen ziren (2). Gipuzkoako zenbait artxiboetan gordetako agiriek gertakari tamalgarri honen ondorengo elkartasuna erakusten dute. Horrelako ezbeharrak suertatzen zirenean diru-bilketarako deialdia egiten zen Probintzian. Ohitura hau itsas ezbeharren ondorioz egoera penagarrian geratzen ziren familiei laguntzeko sorospen neurria zela esan daiteke. Ekarpen bolondresak izanik, batez ere itsasora begira bizi ziren herrien arteko elkartasuna pizten zela adierazten dute artxiboetan gordetako agiriek. Izan ere, familia horien egoera lazgarriaren benetako jakitunak ziren hauek.


Oihana Artetxe

(1) Aita Mariren zenbait biografiek 1866ko urtarrilaren 9an hondoratu ziren Getariako bi ontziak Manuel Aranberrik zuzentzen zuen Elkano 1 eta Jose Maria Sorreluzek zuzentzen zuen Elkano 2 izan zirela jasotzen dute. Pasaiako udal-aktetan topaturiko datuek San Jose eta Dolores izeneko itsasontziak izan zirela zehazten dute argi eta garbi.
(2) Pasaiako Udal Artxiboa. 1866ko Urtarrilak 28ko udal-aktan jasotako datuak.

Irudia: Euskomedia

Kanpandorreko erlojua eta Yereguitarrak

2016-01-07
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtea bukatzen ari da... 2015a agurtu eta 2016ari ongietorria emateko momentua hurbiltzen doa... Getariarrek Salbatore Deuna elizako erlojuari so egongo dira hilabeteko azken eguneko gaueko hamabiak noiz iritsiko zain, urteko azken hamabi kanpai-hotsak aditzeko irrikitan.

Erlojuak denbora neurtzeko tramankuluak dira. Historian zehar gizakia elementu desberdinez baliatu izan da denbora neurtzeko edota momentuko ordua jakiteko. Lehen denbora neurgailuak egipziarrek sortu zituztela esaten da. Beraiek asmatu zituzten erabilera luzea izango zuen eguzki erlojua eta urarekin funtzionatzen “clepsidra” izeneko denbora neurgailua. Eguzki erlojua egunez eta ur erlojua gauez erabiltzen omen zituzten. Erdi Aroan berriz, printzipio mekanikoekin sortutako erlojuak agertu ziren eta honekin batera kanpandorretako lehen erlojuak.

Herriko erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehien bat kanpaiak bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela ordua adierazteko esferarik, kanpaihotsek ematen zuten horren berri. Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra. Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, Udalarena izan zen erlojua egiteko erabakia; Udalak erosi zuen erlojua eta bere gain hartu egoki mantentzearen ardura.

Getariako artxiboko dokumentazioa kontsultatu ondoren, ezezaguna zaigu Salbatore Deuna elizako kanpandorreko erloju aitzindaria noizkoa den jakitea. Ezezaguna zaigu, baita ere, erloju horren egilea. Herriko erlojuari buruzko aipamen zaharrena 1844ko udal-akta batean jasotzen da. Erloju publikoa matxuratuta dagoela eta konpontzeko eskaera Arrasateko Sugasti erlojugileari luzatzea adosten da bertan. Erlojua berriro matxuratu zen 1903an eta oraingoan Agiñako (Usurbil) erlojugile zen Benito Yereguiri eskatu zitzaion erlojuaren baloraketa eta konponketa. Honek, erlojua konpontzeaz gain, momentuan erlojugintzan ematen ari ziren hobekuntzak kontuan hartuta, kanpandorrean esfera berriak jarri eta erlojua hauei egokitzeko moldatze-lanak egin zituen. 1907an erlojuaren makina babesten zuen kaxa jarri eta zenbait konponketa egin zitzaizkion berriz, baina oraingo honetan Benitoren semeak izan zuen lan honen ardura 240,50 pezeten truke. 1916an ere Yereguitarrak izan ziren matxuratutako erlojua konpontzeaz arduratu zirenak Yeregui y Compañía izenpean. Baina nor ziren Yereguitarrak?

Yereguitarrak Betelutik (Nafarroa) etorritako erlojugile familia garrantzitsua izan ziren. Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834) izan zen erlojugintzan hasi zena eta erlojugintzari lotutako ondorengo belaunaldien aitzindaria. Nafarroan zenbait dorreko erloju egin zituzten eta ondoren familiako adar bat Agiñara (Usurbil) etorri zen bizitzera: Getariako erlojua konpondu zuten Benito Yereguik (1843-1912) eta bere anaia Serapiok. Erlojugile emankorra izan zen Benito. Gutxienez 80 erloju egin zituela esan digu bere birbiloba eta Yeregui Elkarteko kide den Xabier Alvarezek. Hau horrela, Gipuzkoako eliza ugarik dute beren kanpandorrean Yereguitarrek egindako erlojuren bat. XX. mendearen hasieran Benito Zumaiara lekualdatu zen bere familiarekin batera eta Benito Yeregui e hijos izenpean erlojugintzan jarraitu zuen. Ondoren, Calixtok (Benitoren seme zaharrenak) eta honen koinatu Angel Galardik Getariako erlojua konpondu zuten 1916an, eta Espainian motorgintzan aitzindari izan zen Yeregui y Compañía sortu zuten.

Oihana Artetxe