Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

Argi galdeketa

2017-11-15
Categorías: Archivos, Getaria,

Herri galdeketak eta argiteria elektrikoa. Arrazoi batengatik edo besteagatik, argi dago Euskal Herrian oso presente dauden bi gai direla, bestela, saia dadila edozein egungo errealitatea bi hauek gabe imajinatzen. Baina, gure helburua ez da baten edo bestearen pisua neurtu edo baloratzea, baizik eta Getariako bien arteko lotura historikoa zuenganatzea.

Alde batetik, gai eta eskala ezberdinetako herri galdeketek azken urteetan izan duten pisua ezin da zalantzan jarri, hauen artean entzutetsuenak, Gure Esku Dago dinamikaren bitartez eginiko eskualde mailakoak izan direla esan daitekeelarik. Bestetik, argindarrari dagokionez, pertsona ororen egunerokotasuna baldintzatzen duen fenomenoa dela ukaezina da, uneoro erabiltzen ditugun gailu guztiek korronte elektrikoaren bitartez funtzionatzen baitute. Argindarrik gabe geldituko bagina munduaren amaieraren pareko zerbait izango litzateke, esaterako, etxetresnak erabili ahal izateko oinarrizko baliabiderik gabe geldituko ginateke eta.

Getarian 1896. urtera arte ez zen argindarra herrian aplikatu eta zabaltzeko imintziorik egin, baina aipatutako urtetik aurrera, inguruko herriak adibide modura hartuz, Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.  1896. urtean Udalak eginiko herri galdeketa batek markatu zuen ezagutzen ditugun argindar elektrikoz betetako etxeak egituratzen joateko lehen pausoa.

Udal artxiboko dokumentazioak erakusten digunaren arabera, 1896 irailaren 27an, Udal Batzordearen aginduz aguazila bidali zen argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko herri galdeketa egitera: “para que en nombre  de la Corporación explorase la voluntad del vecindario acerca de las luces que se proponen tomar de luz eléctrica”. Dirudienez, aguazilaren galdeketak ez zuen arrakasta handiegirik izan, 60 inguru iritzi besterik ez baitzituen jaso garai honetan 1351 biztanle zituen herri batean. Honen aurrean, Udalak hartu zuen gaiaren inguruan erabaki bat hartzeko ardura. Horretarako, komisio bat eratzeko erabakia hartu zuten urriaren 10ean, komisio honen ardura bihurtuz argindar elektrikoa etxe partikularretan sartzeko nondik norakoak. Udal aktetan aipatzen da Udalarentzat oso garrantzitsua zela argindar elektrikoaren afera, betiere, herriaren garapenean oinarrituta. Mende bat igarota, komisioaren parte izan zirenak hemen egongo balira, Getaria goitik behera aldatzearen eragileak izan zirela konturatuko lirateke.

Xabier Etxeberria Lasa

XIX. mende amaierako eskolak Getarian

2017-10-30
Categorías: Archivos, Getaria,

Irailarekin batera hasi dira eskoletarako joan etorriak, honek herri guztietan dakartzan aldaketa guztiekin, udako ohiturekin alderatuz betiere. Inork ez du zalantzan jartzen gaur egun haur edo gazte guztien eskolaratzearen, eta honek dakarren alfabetizazioaren, garrantzia. Baina ziurtatu daiteke hori ez dela horrela izan historian zehar. Udal artxiboak eskeintzen digun dokumentazioarekin, Getariako eskolen inguruko  XIX. mende amaierako zenbait argitzapen egin daitezke.

Ezer zehaztu baino lehen, XIX. mende amaierako euskal eskolen azalpen batzuk ezinbestekoak dira garaiko errealitatea ulertzeko. Alde batetik, kontuan izan behar da espainiar estatuak gidatutako uniformizazio politikaren garaiaz ari garela, hezkuntza sistema zentralizatuaren ezarpenaren garaiaz alegia. Berrezarkuntzaren ezarpenetik aurrera eta foruak galdu ziren momentutik, euskal lurraldeek hezkuntzaren gainean zituzten eskumenak galduz joan ziren. Bestalde, eta aipaturiko foruen galerarekin, euskararen presentzia hezkuntzan ia guztiz galduko da, nahiz eta euskararen aldeko eskola planteamenduak  agertzen joango diren, ekimen pribatuaren bidez noski.

Hezkuntzaren erregularizazioa Moyanoren legearen (1857) bitartez hasi zen garatzen espainiar estatuan, eta honen arabera, lehen mailako irakaskuntza udalerrien esku geratzen zen. Gauzak honela, udal artxibotik lehen mailako irakaskuntzaren informazioa atera daiteke. Udalbatzarretako aktek hiru eskola publiko zeudela islatzen dute:

  • Escuela pública de niñas de Guetaria: lehen aipamena 1874ko irailaren 20koa da.

  • Escuela pública de niños de Guetaria: lehen aipamena 1882ko martxoaren 19koa.

  • Escuela de niños de Askizu: lehen aipamena 1886ko urriaren 17koa.

Aipaturiko hauetaz gain, beste eskola pribatu bat ere existitzen omen zen:

  • Escuela habitación de Fermina Arizpe: lehen aipamena 1895eko urriaren 20koa.

1897. urtean 1300 biztanle zituen herri batentzako eskola kopuru hau ikusita, eskolaratze maila altua zeukala pentsa daiteke. Baina dokumentazioak hori gezurtatzen digu, 1883ko apirilaren 15eko udalbatzarreko aktan adierazten baita haurrak eskolaratzen zituzten gurasoak sarituak izango zirela. Ukaezina da sariak emateko beharra bazegoen, eskolaratzearen maila oso altua ez zela. Familia guztietan haurrak lan-esku garrantzitsua ziren garai honetan, sariak pizgarri modura erabili zitezkeela pentsa daiteke, gutxienez, haurrak eskoletan izena ematen hasteko.


Xabier Etxeberria Lasa


*Irudia: 1882 urteko Escuela pública de niños de Guetaria­-ko lokalaren planoa. Iturria: Getariako udal artxiboa

Eusko Nekazarien Bazkuna

2017-07-17
Categorías: Archivos, Getaria,

Nekazarien eta euskal abertzaletasunaren arteko erlazioa asko ikertu gabeko gaia den arren, ezin uka daiteke estu lotuta egon direla azken mende eta erdian, Sabino Aranaren garaitik aurrera alegia. Dena den, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal literatura eta arteak nekazal mundua identitate nazionalaren elementu idiosinkrasiko modura sailkatuta ere (arraza, hizkuntza eta euskal bertuteen zaindari), euskal abertzaletasunak ez zuen nekazal programa bat izan XX. mendeko 30. hamarkadara arte. Horren bultzatzaile nagusi izan zen Euzko Nekazarien Bazkuna edo Asociación de Agricultores Vascos izenez ezagutzera eman zen elkarte sindikala, gipuzkoar lurraldean 1933an sortua eta 1934tik aurrera Getarian presente egon zela jasota dagoena udal artxiboan.

Euzko Nekazarien Bazkuna katoliko, euskaldun eta solidario modura autodefinitzen zen. Sortu zen unetik, helburu nagusia euskal nekazariak baserriaren defentsarako batzea zen, jabetza berrietarako erraztasunak emanaz, berrikuntza eta alokairu kontratuak babestuz eta erreforma teknologiko zein higienikorako pizgarriak eskainiz. Horretarako, kooperatiben eta kreditu zein mutua instituzioen sorkuntzak bultzatu zituen, betiere, nekazaria gehiegizko fiskalitatetik babesteko asmotan. Argi dago nekazal munduaren garapen ekonomikorako eta nekazarien bizi kalitatea hobetzeko baliabideak eskaini zituztela, baina, zergatik?

Bigarren errepublikaren hasieratik, masen politizazio eta gatazken hazkundearekin, alderdi politikoen zati handi bat nekazalgoaren botoa erakartzen saiatu zen, EAJ/PNV alderdiak E.N.B elkartearekin egin zuen moduan. Aipaturiko alderdiak, elkarte honen bidez, abertzaletasuna zabaldu eta alderdiaren gertukoak ez ziren sektoreengana gerturatzeko maniobra egin zuen. Ezin da aipatu gabe utzi, gainerako espainiar lurraldean gertatzen ez zen moduan, egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan ez zela ezkerreko nekazal sindikaturik existitzen, Euzko Nekazarien Bazkunari bidea libre utzi ziona.

Udal aktetako aipamen bakarra 1934ko ekainaren 10ekoa da. Bertan, aipatutako elkartearen idatzi bat aipatzen da, non aztergai dugun elkartea udaletxeko nekazal komisioan sartzea komenigarria izango litzatekeela aipatzeaz gain, udaletxeari ondorengo eskariak egin zizkion:

  • Hiltegiko araudiaren zuzenketa.
  • Nekazal haurtzandegiaren sorkuntza.
  • Bideen konponketa.
  • Egoera txarrean aurkitzen ziren baserrien konponketa egitera behartzea zegokien jabeei.
  • Nekazal produktu onenak saritzeko lehiaketak antolatzea.

Eskari hauek jendea erakarri ahal zuten? Nekazal botoaren gorakada eman zen? Udal artxiboko lanek ekarriko dute erantzuna.


Xabier Etxeberria

*Irudia: Donostiako Lurdesko Andra Mariaren elizan (kaputxinoak) Euzko Nekazarien Bazkunak eginiko topaketa 1935ean. Iturria: Kutxa Fototeka


Aseguru sozialak Getarian

2017-06-08
Categorías: Archivos, Getaria,

Industria Iraultza eta mekanizazioaren pixkanakako aplikazioarekin lan-harremanen kontzeptu berri bat sortuz joan zen. Instituzio eta erakunde ezberdinen gai sozialekiko kezka edo ardura geroz eta handiagoa bihurtu zen, langile mugimenduaren bultzadaren ondorioz hein handi batean.   

XIX. mende amaieratik aurrera gai sozialei loturiko legeak ugarituz joan ziren europar lurralde osoan zehar, baita Euskal Herrian ere. Hala ere, euskal lurraldeetan hauen ezarpena oso geldoa izan zen, batez ere 1919 urtera arte. 1908an eratutako “Instituto Nacional de Previsión” izenekoaren eskutik aurrerapauso nabarmenagoak ematen hasi ziren eta 1919tik aurrera Derrigorrezko Aseguru Sozialen sistema aplikatzeko lehen pausoak ematen hasi ziren, gastu sozialaren hazkundea eraginez. 1919 eta 1935 urteen artean lau derrigorrezko aseguru garrantzitsuenak aplikatzeko legeak atera ziren argitara, ezarpen erritmo oso ezberdinekin: Derrigorrezko Langile Erretiroa (1919), Derrigorrezko Amatasun Asegurua (1922), Derrigorrezko Lanuzte Asegurua (1931) eta Derrigorrezko Istripu Asegurua (1932).

Getariaren kasuan lehenengo eta azkeneko aseguruen aipamen zehatzak ditugu udalbatzarretako aktetan. Lehenengo asegurua diogunean, Derrigorrezko Langile Erretiroaz ari gara. Aseguru honen hartzaileak 16 eta 65 urte artean eta urtean 4000 pezeta baina gutxiago jasotzen zituzten soldatapeko langileak ziren. Legea, ofizialki, 1919an argitara atera arren, Getariako udalbatzarretako aktetan ez da 1921eko urriaren 20 arte inongo aipamenik egongo. Bertan Probintziako Aurrezki Kutxako ikuskatzailearen komunikazio bat irakurtzen da, non udala, urtean 4000 pezeta baina gutxiago jasotzen duten bere langile guztiak Derrigorrezko Langile Erretiro aseguruan izen ematera behartzen duen. 1921eko azaroaren 5eko udalbatzarreko aktan aldiz, hartzaileak zeintzuk ziren zehazten zuen Probintziako Aurrezki Kutxaren zirkular bat irakurri zela aipatzen da.

Derrigorrezko Istripu Aseguruen legea, ofizialki, 1932an argitara atera zen, eta Getariako udalbatzarrean 1933ko apirilaren 6an aipatzen da lehen aldiz. Bertan Derrigorrezko Aseguru Sozialen ikuskatzailearen komunikazio bat irakurri ondoren, aipaturiko aseguruaren aplikazioa beste udaletan nola egin zuten informatzea adostu zuten. 1933ko ekainaren 1eko udalbatzarrean udal langileak aseguratzea adosten da “en las condiciones más ventajosas, incluso personal de obras como obreros eventuales”.

Xabier Etxeberria

Irudia: Derrigorrezko Langile Erretiroaren hartzaileak zehazten dituen pasartea (1921-11-5). Iturria: Getariako artxiboa


Desamortizazioa

2017-05-05
Categorías: Archivos, Getaria,

Zorra. Jakina da egungo gizartean zor publikoak edozein politika gidatzeko duen pisua erabakigarria dela. Atzera begiratuz gero, bat azkar konturatu daiteke historiako pasarte asko ere baldintzatu dituela.

Herri-zorra denboran zehar oso presente egon den moduan, hau gutxitzeko era ezberdin eta ugariak erabili izan ditu estatuak. Horren adibide argia izan zen desamortizazioa. Prozesu horren pasarte bat jasota dago udaleko artxiboan, azken zatiarena, Madozen desamortizazioarena alegia.

1855an atera zen argitara Desamortizazioaren Lege Nagusia, Pascual Madoz Ogasun Ministroaren eskutik. Honen arabera, eliz ondasunak eta udal lurrak salgai jarri behar ziren. Hala eta guztiz ere, salbuespenez betetako lege bat izan zen Gipuzkoaren kasuan (baita gainerako euskal probintzien kasuan ere), foru aldundien eta udalen lege honekiko aurkakotasuna zela eta. Getariako kasuan, udalbatzarretako aktek argi erakusten dute aipaturiko aurkakotasun hau.

1856ko maiatzaren 7ko batzarreko aktan, udalari atentzioa deitzen zaiola aipatzen da, desamortizazio legeari lotutako ondasun zerrenda aurkeztu ezaren ondorioz. Ez da ahaztu behar, 1836an Getariako udal artxiboa erretzearen ondorioz mota honetako erroldak desagertu egin zirela. Hau dela eta, Probintziako Gobernadore Zibilak, ofizio baten bidez, hiru eguneko epean ondasunen zerrenda egin eta aurkeztea agindu zion udalari.

Hiru egunak ondo luzatu ziren. Aipaturiko zerrenda hiru urte beranduago egin zela islatzen digu 1859ko abuztuaren 1eko udalbatzarreko aktak. Ondorengo ondasunek osatzen zuten zerrenda:

- Udaletxea. Hasieratik argi uzten zen besterenezina zela, herriak eraikin honen beharra baitzeukan.

- Portuko etxola. Hau ere besterenezina zen, 1875. urterarte baitzegoen alokatuta. 8.000 errealeko balioa zeukan, urteko 160 errealeko errenta emanaz. Saltzekotan arrantzaleen gremioari akzioak eta etekinak bermatu behar zitzaizkion.

- San Anton mendia. Urteko  400 errealeko etekinak ematen zituen.

- San Anton mendiko bost etxola, arrantzarako materialen deposito modura erabiltzen zirenak. Udal lurretan eraikita egon arren, jabetza pribatukoak zirenez, hauek ere besterenezinak ziren.

- San Anton gaztelua. Guda garaietan soldadu-taldeez okupatuta egon ohi zena. Funtzioa ikusita, hau ere besterenezina izango litzateke.

Zerrendaren arabera, San Anton mendia zen salgai jarri zitekeen udal ondasun bakarra.

Xabier Etxeberria

*Irudia: Getariako Udala. http://www.getaria.eus/eu/content/arrantza-eta-arrantzaleak

Udal Langileen Garbiketa

2017-04-21
Categorías: Archivos, Getaria,

Garbitu hitzak toki edo gauza batetik zikinkeria kentzea esan nahi du. Zikinkeriak berriz, toki edo gauza horretan berezkoa ez den eta kutsu negatiboa duen zerbait ematen du aditzera. Beraz, zerbait garbitzea toki edo gauza horrek berezkoa ez duen eta negatiboa den hori desagerraraztea litzateke. Baina zer gertatzen da pertsonak garbitu edo baztertzen direnean? Pertsonak zikinkeria izan daitezke? Eta nork erabakitzen du nor den zikinkeria eta nor ez?

Gerra Zibilaren eta Frankismoaren garaian pertsona ugari izan ziren zikinkeria bezala tratatuak. Boterean zeudenen ideiak ziren balio zuten bakarrak eta desberdin pentsatzen zuen oro jendartearentzat arrikutsu bihurtu zen. Pertsona horiek defendatzen zituzten ideia politikoak gaitz kutsakor kontsideratu ziren. Hori izan zen marxista de euskal abertzaleen kasua. Memoria historiko hori berreskuratu nahian udal-langileen garbiketa-espedienteen bila ibili gara artxiboan.

1937ko urtarrilaren 14ko udal-aktak jasotzen du lehenengo aldiz garbiketa-espedienteen berri Getarian. Izan ere, hilabete horretan, Gobernadore Zibil Orokorrak udal langileen garbiketa aurrerantzean udalari egokitzen zitzaizkiola jakinarazi zuen. Momentu horretatik aurrera Getariako udalbatzaren ardura izan zen bertako langileen gaineko azterketa politikoa burutzea eta, hala iritziz gero, langile hori bere lanpostutik kentzekoa.

Lehen garbiketa-espedienteak udal gordailuzain zen Juan Iriondo Mugerzaren eta udal danbolin-jole zen Emeterio Isasti Urangaren kontrakoak izan ziren, euskal abertzale izatea egotzita. Hauek ia modu zuzenean kaleratu zituzten, baina ondorengo agindu batek udal langile guztiei espediente bat ireki eta beraien inguruko informazioa biltzera behartu zuen udalbatza. Espediente hori langilearen inguruan bildutako informazioek eta langile beraren testigantzek osatu behar zuten, diotenez, arazo pertsonalak medio gezurra izan zitezkeen testigantzak eta kaleratzeak ekiditeko. Udal langile oro zegoen susmopean garai haietan.

Urte berdineko urrian, Emeterio Isasti danbolin-joleari bere lanpostua itzultzeko agindua jaso zuen udalbatzak, Komandante Militarraren eskutik. Euskal abertzaletasunaren aldekoa izan arren, danbolin-jole kargurako aproposa zela iritzi izan zuen eta Emeterio bere lanpostura bueltatu zen. Emeteriok zortea izan zuen eta azkenean pertsona garbitzat hartu zutela esan daiteke. Askok, ordea, ezin izan zuten zikintasun orbana gainetik kendu. Idatzi honek, ideia desberdinak defendatzeagatik garbiketa-espedienteen ondorioak jasan zituzten guztiak omendu nahi ditu.

Oihana Artetxe

Irudia: Propaganda Frankistaren parte den kartel bat da. Servicio Nacional de Propaganda delakoak egin zuen.

Guztiz suntsituta

2017-04-21
Categorías: Archivos, Getaria,

Tarte honetan, orain pare bat urte, Getariako artxiboaren galerari buruz aritu ginen. Hau Lehen Karlistaldiaren ondorioetako bat izan zen, baina ez bakarra. XIX. mende hasierako gatazka horrek herria guztiz suntsitu zuela esan dezakegu.

Getaria gotorleku garrantzitsua izan da historian zehar. Bere orografiaren berezitasunek eta kostan duen kokaguneak gune estrategiko bihurtzen dute. Hori dela eta, gune militar izan da historian behin baino gehiagotan. XIX. mendearen hasieran bi aldiz militarizatutako plaza izan zen. Lehena Napoleondar Gerretan eta bigarrena Lehen Karlistaldian. Bi kasuetan portuak berebiziko garrantzia izan zuen.

Napoleondar Gerretan frantsesek okupatu zuten Getaria 1808ko martxoaren 5etik 1813ko uztailaren 1era. Egun horretan bertan portuko minak eztanda egin zuten, Getariako defentsetan kalte handiak eraginez. Gainera, 1814an tropa ingelesek San Anton mendiko gotorlekua suntsitu zuten.

Getariako defentsak egoera horretan geratu arren, 1834ko azaroaren 1ean, Lehen Karlistaldiaren testuinguruan, Getariako soldadu-taldea berrezarria izan zen. Kasu honetan, Getaria liberalen gune izan zen eta gatazkaren lehen lerroan egon zen. Egoeraz ideia bat izan dezazuen, 1835eko abenduaren 15ean Herrerieta errebalari su ematea agindu zuen Getariako Alkateak, karlistak bertan indartu ez zitezen. 1836ko urtarrilean ordea, karlistak Getarian sartu ziren herria guztiz suntsituz. Soldadu-talde liberalak 1838 arte irautea lortu zuen, tropa isabeldarrek Garate mendia hartu eta Getariak jasaten zuen blokeoarekin bukatu zuten arte. Guzti honen ondoren herria nola geratu zen imagina dezakegu...

1938ko irailaren 11ean Udalbatzak batzorde bat sortu zuen Lehen Karlistaldiak herrian utzitako kalteak zenbatzeko. Hilabete berdineko 20. eguneko udalbatzarrean herriaren egoeraren berri eman zuen batzordeak. Karlisten erasoak udal artxiboa, eskribautza, harresiaren barruko 104 etxe eta landa eremuko 51 baserri suntsitu zituen. Hiribilduan 15 eraikin bakarrik salbatu ziren eta horiek ez zuten bertan bizi ahal izateko adina erosotasun eskaintzen.

Egoera latz honen aurrean, Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundira laguntza eske jotzea adostu zuen. Getariarrak herrira bueltatu zitezen eta herria berreraikitzeko aukera izan zezaten, Getaria zerga eta arieletatik kanpo uztea eskatu zioten. Hilabete beranduago Udalbatzak erantzuna jaso zuen. Bertan, zergak eta arielak kentzeaz gain, egoera latzari benetan aurre egin ahal izateko eta hiribildua guztiz berregin ahal izateko, urteko 2000 erreal emango zitzaizkiela jakinarazten zen. Horri eta herritar guztien lanari esker, Getaria errautsetatik  birsortzen hasi zen. Tamalez, ordea, Bigarren Karlistaldia iritsi zen XIX. mendearen bigarren erdian.

Oihana Artetxe

Irudia: Euskomedia

Getaria eta Baleak

2017-03-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Gabon egunetan balea agertu zen Getariako portuan. Gaur egun gutxitan izaten da aukera itsasertzetik bale bat ikusteko eta asko izan ziren gabonetako oporrak bertara gerturatzeko baliatu zituztenak. Baleak euskal kostaldetik urrundu dira, animalia hauen populazioaren beherakadak bultzatuta. Baina baleek ere memoria historikoa balute, borondatez urrunduko lirateke euskal arrantzaleen bale ehiztari ospea gogoan.

Euskal kostaldeko herrietan ohikoa izan da bale ehiza eta Getarian ezin bestela izan. Herriko armarria begiratzea nahikoa da Getaria eta bale ehizaren arteko harreman estuaz ohartzeko. Besteak beste, Zarautz Jauregian 2006an egin zen indusketa arkeologikoak ere harreman honen aztarnak atera zituen argitara. Bertan XI. mendeari dagokion bale hezur multzoa topatu zuten arkeologoek. Aztarna hauek Europako bale ehizaren aztarnarik zaharrenak izan daitezkela uste da.

Getarian bale ehizak izan duen garrantziaz jakitun, udal artxiboan gai honen inguruko bilaketa egin dugu oraingoan. Agiri bakarra topatu dugu, baina nahiko esanguratsua. 1879ko irailaren 24an sinatutako udal-aktak Getaria, Zarautz eta Orioko arrantzaleen arteko auzia aipatzen du. Dokumentu honetan, auzian izandako gastuak ordaintzen laguntzeko, Getariako arrantzaleei 2.800 erreal kuartoko diru-laguntza ematea adosten da. Baina ze auzi izan zen hau?

Ziur gaude 1878ko otsailaren 11ak Getariako ahozko memoria historikoan txoko bat duela. Egun horretan Zarautz, Orio eta Getariako arrantzaleek balea begiztatu zuten Zarautz parean eta beren txalupetan hura ehizatzera atera ziren. Roke Etxabe zarauztarrak sartu zion lehen arpoia animaliari eta hark Moilarri pareraino eraman zituen arrantzaleak. Inguru hartan lortu zuten arrantzaleek balea menderatu eta hiltzea. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, Getariarrek balea herriko portura eraman zuten, Zarautz eta Orioko arrantzaleen gaitzespenarekin. Egoera honen aurrean, Zarautz eta Orioko arrantzaleek auzitara eraman zuten gaia. Hiru herrietako arrantzaleak 1879ko uztailaren 29 arte egon ziren auzitan. Azkenean, Azpeitiko Epaitegiak Getariarrei eman zien arrazoia. Aipatutako Getariako udal-aktak auzi honi egiten dio aipu.

Ehizatutako balea 6.250 pezetetan balioztatu zuten perituek, baina portuan bertan usteldu zen epaiaren zain. Balea Donostiara eraman eta bertan erakutsia izan balitz, 30.000 pezeta baino gehiago lortzeko aukera izan zutela estimatzen da 1928ko otsailaren 15ean La Constancia: diario integro fueristan “Konta Katilluk” sinatzen duen artikuluan. Baina Ernest Hemingway idazlearen “Agurea eta Itsasoa” eleberri famatuan gertatzen denaren antzera, balearen hezurdura bakarrik aprobetxatu ahal izan zuten arrantzaleek. Donostiako Udalak erosi zuen bale honen hezurdura eta gaur egun Donostiako Aquariumean ikusgarri dago. Bale hau izan zen teknika tradizionalekin euskal kostaldean ehizatu zen azkena.

Oihana Artetxe

Irudia: 1878ko otsailaren 11ean ehizatutako balearen hezurdura. Iturria: www.aquariumss.com

Irlandarrak Getarian

2017-01-16
Categorías: Archivos, Getaria,

Gabonak gerturatzen ari diren garai honetan, Olentzeroren antzera, Getariako historia aberastuko duen opari txiki batekin gatozkizue. Dakizuenez, bertako artxiboa Lehen Karlistaldian erre zen eta, ondorioz, ia ez da 1838. urtea baino lehenagoko dokumenturik gorde. Hau horrela, zenbaitetan beste lekuetan zaindu den dokumentazioaren bitartez jakinarazten ditugu bertako gertakizunak. Gaurkoan dakarkigun gaia Iago Irixoa lankideari esker ezagutu dugu. Ikerketa batean murgildurik zegoela, Adunan eta Sorabillan (Andoain) zeuden 70 irlandar Getaria eta Zarautzera lekualdatzeko Diputazioaren 1653ko abenduko agindua topatu baitu. Baina nondik nora irlandarrak gurean?

Irlandaren eta euskal kostadearen arteko merkatal harremana Erdi Arotik dator. Euskaldunak Irlandara sardina eta legatza arrantzatzera joaten ziren eta, horrek, Irlandako merkatal sareetan sartzea ahalbidetu zien. Hala ere, XVII. mende erdialdekoa ez zen merkatal harremana izan. Irlandarrek arrazoi politiko-militarrak izan zituzten orduan Euskal Herrira etortzeko. Garai horretan, Irlandarrak Erresuma Batuko gobernuaren errepresio eta jazarpena jasaten ari ziren, Ingalaterrak burututako konkistaren ondorioz. Horretaz gain, Espainiako Koroa barne eta kanpo testuinguru belikoan murgildua zegoen. Horren barnean 1655-1660 bitarteko guda anglo-hispaniarra deritzona dugu. Azken gatazka hau bi koroen arteko merkataritza politiken ildotik sortu zen eta Oliver Cromwell-ek (Ingalaterrako buru politiko eta militarra izan eta Irlanda eta Eskoziaren konkista burutu zuen kristau protestantea) bultzatu zuen. Testuinguru liskartsu honetan, katolikotasunaren bermatzaile ziren Irlanda eta Monarkia Hispanikoaren arteko harremanak estutu ziren. Horrek Gaztelako Koroa buru zuen armadan irlandarren papera areagotzea bultzatu zuen XVII. mendearen erdialdean. 1641-1654 artean 22.500 irlandarrek penintsularako bidea egin zutela uste da.

Gipuzkoara iritsi ziren gehienak Pasaiako portura egin zuten. 1653ko urtarrilaren 6an 3000 infante irlandar iritsi ziren bertara. Etorkin hauen gehiengoa soldaduak ziren eta beraien etorrerak, oinarrizko beharrei erantzuteko prestaketez gain, behin baino gehiagotan gehiegikeriak eta liskarrak sortu izan zituen; ez horiek bakarrik. Muga lurraldea izaki, Gipuzkoan egoteak soldadu bati baino gehiagori  desertatu, ihes egin eta Frantziara alde egiteko aukera eman zion. Hau saihesteko asmoz, Probintziak kontingentea sakabanatzeko erabakia hartu zuen 1653ko maiatzean. Irlandarrak Gipuzkoa barnealdean sakabanatu zituzten, baina Pasaiatik ez oso urrun, edozein momentutan armada antolatu eta itsasoratzeko prestakuntzak ahalik eta azkarren egiteko aukera mantentzeko asmoz. Lehen sakabanaketa honek ez zituen liskarrak eten eta 1653ko abenduan bigarren dispertsioa agindu zen: 70 irlandar Amezketa eta Abaltzisketara; Asteasu eta Larraulen zeuden 100 irlandarrak Goiatz, Errezil eta Bidanira; Aduna eta Sorabillako 70ak Zarautz eta Getariara; eta Zizurkilgo 50ak Oriora lekualdatzeko asmoa agertu zen.

Baina asmo hori gauzatu zen? Iritsi ote zen irlandarrik Getariara? XVII. mendeko erdialdeko eliz agiriek zenbait bikote irlandarrek haurrak Pasaiako badiako elizetan bataiatu zituztela adierazten dute. Agiri hauek baliatuz, 1650-1660 bitarteko Getariako bataio liburuak miatu ditugu datu bila. Horrela topatu ditugu irlandar bikote baten bi alabak izan daitezkeenen bataio-agiriak. 1658ko urtarrilaren 17an Antonia Buler Moran batailatu zuten, Diego Buler eta Maria Enoranen alaba eta 1660ko uztailaren 17an bikote beraren bigarren alaba bat, Teressa Buler Moran. Buler abizena Irlandar jatorriko Butler abizena izan daitekeela pentsatzen dugu. Moran abizena berriz, fonetikotasun irlandarra duen amaren Enoran abizenaren moldaera.

Gainera, ikusi dugu, 1650-1660 bitartean Getarian bataiatutako haurretatik bederatzik ez dutela amaren edo aitaren daturik jasotzen, bigarren kasua gailentzen delarik. Hau argigarria suertatzen da 1630-1650 bitartean horrelako kasu bakarra dagoela aintzat hartzen badugu. Hau Getariara gizonezko irlandarrak iritsi eta bertako emakumeekin harremanak izan zituztenaren adierazgarria izan daiteke.

Beraz, 100% ziurtatu ezin badugu ere, bataio liburuetan lortutako datuek Aduna eta Sorabillan zeuden 70 irlandarrak Getaria eta Zarautz bitartean sakabanatu zituztenaren hipotesia baieztatzeko pauso bat dela pentsatzen dugu.

Oihana Artetxe

Irudia: http://www.libraryireland.com




Getariako Abere Hiltegia (II)

2017-01-16
Categorías: Archivos, Getaria,

Aurreko hilabetean 1903an zabaldu zen hiltegi berriaren inguruan aritu ginen. Hilabete honetako idatzia, aurrekoaren jarraipena duzue. Izan ere,  Getariako abere hiltegiaren inguruko gorabeherak ez ziren hiltegi berria martxan jartzearekin amaitu.

XX. mendeko lehen erdian, batez ere hogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, ohikoak bihurtu ziren hiltegiaren garbitasunaren inguruko kexa eta aipamenak. Dirudienez, hiltegia erabiltzen zuten harakinek ez zuten  behar bezala zaintzen eta garbitzen. Arazorik handiena hustubideak ziren, behar zuten mantenua egiten ez zitzaienez buxatu egiten baitziren. Horrelako azpiegitura bat egoera egokian ez mantentzeak osasun arazoak ekar ditzazkeela jakinik, behar duen higiene maila mantentzea ezinbestekoa da. Are eta gehiago, Getarian 1903an eraiki zen hiltegia herrigunean kokatzen zela kontutan badugu.

Azpiegituraren garbitasun ezari, harakinek bertan abereak hitzartutako orduetatik kanpo hiltzen zituztela gehitu behar zaio. Beraz, osasun arazoa areagotu egiten zen, orduz kanpo hildako abereak albaitariaren osasun azterketa egin gabe hiltzen baitziren.

Egoera honen aurrean, Udalak zenbait neurri hartu zituen. Hiltegia erabiltzen zuten harakinei azpiegiturak behar bezala mantentzen eta abereak hitzartutako orduetan hiltzen ez bazituzten zigorrak ezartzen zizkien. 1942an, higiene arazoa konpontzeko asmoz, hiltegian zenbait eraberritze lan egin ziren: lurzoruan zementu geruza bat bota zen eta hustubiderako sifoi bat jarri zen. Baina hau ez zen nahikoa izan egoera hobetzeko.

1954an hiltegia ixteko eta beste berri bat eraikitzeko agindua jaso zuen Udalak. Mende hasieran eraikitakoa oso egoera txarrean zegoen eta bertan egiten ziren lanetarako txikia zen jadanik. Gainera, ez zituen Hiltegien Arautegi Orokor Berriko zenbait baldintza betetzen eta bere kokagunea ez zen aproposena. Egoera honen aurrean, Udalak hiltegi berriaren kokagunea zehazteko beharra izan zuen. Honek, herrigunetik urrun eta ur emari batetik eta itsasotik gertu (hondakinak errazago hustutzeko) behar zuen.

Azkenean, Igarategi errotaren alboan kokatzea erabaki zen, izen bereko errekastoaren alboan. Kokagune honek bete beharreko baldintzak asetzen zituen. Behin kokagunea zehaztuta, hiltegi berriaren planoak eta proiektua egitea falta zen. Oraingoan Manuel Urkola Ansola arkitektoa izan zen eraikuntza berriaren diseinuaren arduraduna. Hiltegi berria egiteko 371.277 pezetako aurrekontua izan zuen Udalak, horietatik 125.000 pezeta Foru Aldundiaren diru-laguntza bitartez lortu zituen. Hau izan zen Getariako azken abere hiltegia.

Oihana Artetxe