Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

Tren geltokia izan genuenekoa

2018-10-03
Categorías: Archivos, Getaria,

Zuetako zenbatek pentsa ote duzue: gure herrian tren geltokia izango bagenu? Egun, ondoko bi herrietara begiratuz gero, hobe komunikatuta daudela esan daiteke inongo beldurrik gabe. Getaria, Zarautz eta Zumaiaren arteko alderaketa eginda, hiruek dauzkate antzeko aukerak itsas-garraioari dagokionez, baina lurreko garraioan kontua aldatu egiten da. Bai, autobusez komunikatuta daude hiruak, errepidez aukera hori baitago, baina trenbideak ematen dituen abantailetatik at geratzen da Getariako herria.


“Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián” izan zen kostako trenbidea eraikitzeko erabakia hartu zuen enpresa, XIX. mende amaieran. Elgoibarretik Donostiarako linea honetan bai Zarautzetik eta baita Zumaiatik ere igarotzen zen trenbidea, Getaria alde batera utziz. Ezin da aipatu gabe utzi linea hau gaur egun Euskotrenek erabiltzen duenaren oso antzekoa dela. Esandakoaren ondorioz ez dauka gure herriak tren geltokirik, nahiz eta linea ireki zen momentuan, itxura egiteko izan bazen ere, geltoki batean Getariaren izena sartu zuen gorago aipatu dugun enpresak, “Guetaria-Oiquina”. Udal akten arabera, enpresaren erabakia ez zen gustagarria izan Getariako Udalarentzat eta geltokiari izena aldatzeko eskaera egin zuen.


1901eko ekainaren 30eko udal aktan argitzen da nola aipaturiko enpresak “Guetaria-Oiquina” izeneko geltoki bat jarri zuen, bilkuran zeudenek diotenaren arabera, geltokitik “sin ninguna clase de camino que pueda conducir al casco de esta villa ni a ningún caserío de ella, resulta que con tal estación se lleva a engaño a la personas de Bilbao, San Sebastián, . . .”. Hau dela eta, 1901eko urriaren 26ko udal aktak dio idatzi bat bidali zitzaiola tren konpainiaren lehendakariari egoera azalduz, eta 1901eko abenduaren 15eko udal aktan Getariako Udalaren agindua zein izan zen argitzen da: ken dezatela herriaren izena geltokiko errotulutik!


Hau ikusita, pentsa daiteke Getaria inkomunikatua geratu zela, baina arazo honen aurrean, Zarautzeko geltokira bideratuta kotxe-zerbitzua ezarri zela jakinarazten digu 1902ko urtarrilaren 4ko udal aktak.


Errealitate honen aurrean, denbora gutxiz izan bazen ere, Getariak tren geltokia izan zuela harro esan genezake, nahiz eta askorako ez balio.

Irudia: 1948ko Elgoibar eta Donostiaren arteko trenbidea.  Bertan, “Oiquina” izenarekin agertzen da 50 urte lehenago “Guetaria-Oiquina” geltokia zena.

Iturria: http://ferropedia.es/wiki/Compa%C3%B1%C3%ADa_del_Ferrocarril_de_Elgoibar_a_San_Sebasti%C3%A1n.


Xabier Etxeberria

Benefizentzia etxea

2018-10-03
Categorías: Archivos, Getaria,

Orain dela zenbait hilabete aseguru sozialen gaiaren inguruko zenbait zehaztapen eman genituen atal honetan. Bertan aipatu moduan, XIX. mende amaieratik  gai sozialei buruzko legeak ugaritzen joan arren, benetako aurrerapausoak ez ziren XX. mendean sartu arte emango. Baina aseguru sozial hauen ezarpena orokortu baino lehen, zein zen gizarteak babes soziala eskaintzeko zeukan bidea? Nola laguntzen zitzaien sozialki marjinatutako pertsonei?


Sozialki baztertutako taldeei eskainitako babes forma ezberdinak eman izan dira historian zehar. Orokorrean, babes sozialak hartutako forma nagusiak bost direla esan daiteke:

1.Karitatea

2.Benefizentzia

3.Aseguru Soziala

4.Asistentzia Sozial Publikoa

5.Ongizate Soziala


Lerro hauen bidez, Aseguru Sozialen aurreko formaren inguruko zenbait datu emateko asmotan gatoz. Benefizentzia modura ezagutzen duguna Aro Berrian zehar hasi zen gorpuzten. Baztertutakoei bideratutako babes forma hau, karitatearekin alderatuta, ez da elizaren edota partikularren aldetiko baliabide ekonomikoen bidez hornituko, oraingo honetan, udalak pasako dira protagonista nagusi izatera Junta de Beneficencia izenekoen bidez. Benefizentziak, ekintza modura ulertuta, bi alde edo helburu zituela esan daiteke: alde batetik, txiro eta eskalen kopurua txikitzea, eta bestetik, laguntza sozial publikoaren bidez baztertutako jendearen beharrak asetzea, laguntza pribatuak murriztuz.  Espainia mailan, benefizentzia nahiko berandu barneratu zen, gainerako europar herrialdeekin alderatuta betiere, ez baitzen 1849. urterarte Ley General de Beneficencia delakoa plazaratu. Hemendik aurrera, herri bakoitzeko Junta de Beneficencia delakoa bere herriko bizilagun baztertuek beste edozein herritan sortutako gastuak ordaintzera behartuta zegoen.


Getariaren kasuan, eta normalean informazio iturri nagusi ditugun Udal Akten arabera, 1851ko urriaren 5eko aktan agertzen da aipaturiko gastuen ordainketaren lehen arazoa. Dirudienez, Donostiako juntak benefizentziara bideratutako eraikinetan getariar bat edo beste omen zegoen, eta legean oinarrituta, hauen kostuak Getariako udala ordaintzera behartuta zegoen. Donostiatik Getariara iritsitako komunikazio horrekin ez zeuden ados getariar agintariak, euren arabera inongo gasturik ordaindu beharrik ez zeukaten bertakoak ziren txiroak ez baitziren exititzen Donostian: “considerando que no hay ningún pobre de esta jurisdicción en el establecimiento de San Sebastián”.


Hau ikusita, galdera bat etor dakiguke burura: benetan ez zegoen getariarra zen txiro edo eskalerik Donostian edo Getariako udala ez zen hauen kargu egin nahi?


Xabier Mendizabal


Irudia: Donostiako Erruki Etxea, 1878.

Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Arrainak trenbidean

2018-10-03
Categorías: Archivos, Getaria,

Maiatzeko idatzian aipatu zen Getariak  eta Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián enpresak izandako lehen kontaktua. Bertan esandakoaren arabera, Getaria-Oiquina izeneko geltokia egon omen zen duela mende bat, baina dirudienez, Getariako Udalari ez zion poztasun berezik eragin honek, kontrakoa baizik, herriaren izendun geltokiari erreferentzia egiten zioten errotulu guztiak kentzeko agindua eman baitzuen.


Udalaren eta enpresaren arteko erlazioak ez ziren kontu horrekin itxi. Lehenengo kontaktuan eskaera kentzekoa izan bazen, bigarrenean jasotzeko eskaera izan zen. Bigarren eskaera ulertzeko, garai hartan Getariaren diru-iturri nagusia zen sektorera joan beharko da. Arrantza eta Getaria estu lotuta joan diren bi hitz izan dira historikoki, eta nahiz eta maila apalago batean izan, baita gaur egun ere. Arrantza eta jarduera honek sorturiko industria jarduerek ahalbidetu izan dute Getariaren bilakaera. Zentzu horretan, sektore honek historian zehar izandako hazkunde nabarmenena azpimarratu behar izanez gero, XX. mende hasieratik aurrera izandakoa aipatzea ezinbestekoa da. Sektorearen faktore endogenoen garrantziaz gain, zenbait kanpo faktoreek ere garrantzia izugarria izan zuten, eta nola ez, horien artean egon zen trenbidearen sorrera, honek zekartzan abantaila eta erraztasun guztiekin. Getariako Udala honen jakitun izan zen lehen momentutik.


Argi dago Getariako Udala kontziente zela geltoki bat izatearen ezintasunaz. Era berean, oso kontziente izan zen trenbidea gertu izateak zekartzan abantailez. Trenbide linea berria ireki zen momentuan arrantzatutakoa saltzeko merkatua merketu eta zabaldu egin zen. 1902. urterako eraikita zegoen linearekin, gauean Getariako uretan arrantzatutakoa goizean goiz Bilbo hirian saltzeko aukera zegoen. Aukera hori galdu ezin zela oso argi zeukan Getariako Udalak. Esandakoaren erakusgarri dugu 1902ko maiatzaren 17ko udal akta. Bertan goizeko lehen orduan Zarautzeko geltokitik Bilbo aldera trena antolatzeko eskaera bideratzeko beharra aipatzen da, betiere, Zarautz eta Zumaiako herriekin batera presioa eginaz. 1902eko uztailaren 17rako inguruko herriekin elkartu eta denek batera eskaera bideratzeko erabakia hartzen dela aipatzen da.


Geltokia izateko pribilegioa ez izan arren, trenbidearen gertutasunak onura ekonomiko handia ekarri zion Getariari.


Xabier Etxeberria


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/pesca-y-pescadores


Militarren pilotak

2018-05-25
Categorías: Archivos, Getaria,

Militarrei pilotak nola ikutu asmatu zuten getariarrek. Hobe esanda, militarrei piloten bidez etxea nola txikitu asmatu zutela esan daiteke, oso era burutsuan gainera. Nola egin zuten azaltzeko pare bat argitzapen beharrezkoak dira, militarrengana pilotak nola iristen ziren ulertze aldera.

    

Ezer esan aurretik, 1852. urteko abendura egingo dugu salto, Isabel II.aren erregealdira alegia. Udal aktek diotenaren arabera, Getarian militarren kuartela herriko plazaren ondoan kokatzen zen, eta non jolasten zuten getariar pilotari trebeek Euskal Herrian horren maitatu eta jarraitua den kirolera? Herriko plazan, noski. 1852ko abenduaren 19ko udal aktak honela dio: “Los oficios relativos del señor Comandante Militar de esta villa (...) relativos a los daños que experimenta el tejado del cuartel cuando se caen las pelotas (...) desde tiempo inmemorial se juega a la pelota en la plaza, y hace quince años que el cuartel para la tropa se halla situado pegado al muro de la misma plaza”.


Hiru udal aktetan jorratzen da kuartelean pilotek eragiten dituzten kalteen inguruko gaia: 1852ko abenduaren  5ekoan, 1852ko abenduaren 19koan eta 1853ko urtarrilaren 1ekoan. Gertakari hauen inguruan egin daitezkeen irakurketak oso ezberdinak izan daitezkeen arren, badago ulertzen zaila egiten den kontu bat, getariar pilotarien trebeziarena alegia. Zaila egiten da ulertzen nola ia begiak itxita jolastu zezaketen gazteek, nahi gabe, pilotak kuartelera bidaltzen zituzten, eraikuntzan izugarrizko kalteak eraginez.

 

Azken hilabete hauetan puri-purian dagoen Altsasuko gazteen auziak euskal gazteen eta estatuko indar polizialen arteko tentsio erlazioak jarri ditu berriro ere mahai gainean. Tentsio hauen existentzia ukaezina da, baina noiztik bizi izan diren jakitea ezinezkoa. Hau kontuan izanda, ez litzateke zentzugabekeria izango, agian, pilota hauek kuartelera bideratzea kasualitatea ez izatea. Egoera eta kontestuari erreparatuz gero, pilota jokoa kuartelean kalteak eragiteko asmoak estaltzeko era ezinhobea izan zitekeen.


Lerro hauetan argi utzi nahi da hemen egiten dena gertakarien irakurketa sinple bat besterik ez dela, momentuko errealitateaz informazio gehiagorik ez baitago.


Xabier Etxeberria Lasa


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/%C3%A1lbum-de-fotos-de-getaria

Getariako emakume abertzale batza

2018-04-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Orain dela zenbait hilabete euskal abertzaletasunarekin loturiko nekazal elkarteen inguruko zenbait datu plazaratu modura, oraingo honetan, euskal abertzaletasunarekin loturiko emakume elkarteen inguruko informazio zantzu batzuk zuenganatzeko asmotan gatoz. Aipaturiko idatzian bezala, XIX. mendeko lehen herenera egingo dugu salto, zehatzagoak izanda, Bigarren Errepublikaren garaira. Aztergai daukagun elkartearen zimenduak 1922. urteko apirilean  finkatzeari ekin zitzaion arren, 1923ko Primo de Riveraren diktaduraren hasierak hegoak moztu zizkion jaio berri zen elkartearen lehen hegaldiari.

Lehen hegaldiko dinamikari Bigarren Errepublikaren garaian eman zitzaion jarraipena, oraingoan bai, EAJ/PNV alderdiaren zati zen elkarte modura. Esan daiteke, jarraipena baina gehiago, garai honetan joan zela Emakume Abertzaleen Batza euskal gizartean garrantzia irabazi eta barneratzen. Besteak beste, elkarteak euskara, takigrafia, mekanografia, katekesi, geografia, historia, kontabilitate eta solfeo klaseak eskaintzen zituen, antolaketa sindikalean erabat murgilduta zebilen, arazo sozialei aurre egiteko lanean eragina geroz eta handiagoa zuen, etab.

Elkartearen sorkuntzaren araudian argitzen zen moduan, helburu nagusia jaungoikoa eta lege-zaharraren emakumeen elkargunea izan eta euren doktrina hedatzea zen, betiere, euskal alderdi sozial, kultural eta ongintzara bideratuta. Honez gain, guztiaren oinarrian euskara ezartzen zuten. Era berean, emakumeen elkartea izan arren, gizonezkoen menpeko zirela berresten zuten uneoro.

Hego Euskal Herriko herri eta hirietan oso arin zabaldu ziren elkarte hauek -guztiak goi organismo batean federatuak-, eta nola ez, Getariara ere iritsi zen elkarte hau. Eusko Ikaskuntzaren arabera, 1932. urterako Getariako Emakume Abertzaleen Batza indarrean zegoen arren1, Getariako Udalbatzarreko aktek informazio hau ezeztatzera eramaten gaituzte. 1936ko maiatzaren 31ko udalbatzarreko aktaren arabera: “. . . el diputado sr. Urquijo vendrá a esta (villa) el próximo domingo dia siete de junio con motivo de la inauguración de Emakume Abertzale Batza . . .”.

Gauzak honela, argi dagoena da Getarian sortutako elkarteak ez zuela ezer askorik egiteko denborarik izan. 1936ko uztailean hasi zen gudan zaurituak zaindu eta bestelako laguntza lanetan aritu ahal izan zela pentsa daiteke, baina gerra ondoreneko zapalkuntzarekin segurua da elkartea deuseztatua izan zela.

Xabier Etxeberria Lasa

(1)  http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/emakume-abertzale-batza/ar-47346-26562/

Irudia: Emakume Abertzaleen Batzako lehen banderaduna, 1922ko ekainaren 25a.  Iturria: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/argazkia/mu-15064/


Erregistro Zibilaren sorrera

2018-03-14
Categorías: Archivos, Getaria,

Egun ez dago Erregistro Zibil publikorik gabeko udaletxerik, ez luke egon beharko behintzat. Ezinbesteko estatistika tresna bilakatu den hau orain dela mende eta erdi inguru hasi zen espainiar lurraldeko udaletxeetan zehar zabaltzen, ordura arte soilik parrokietan jasotzen baitzen aztergai daukagun Erregistro Zibilak biltzen duen antzeko informazioa. Parrokia hauetan demografikoki azpimarragarriak ziren gertaerak jasotzen zituzten (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, . . .), garai hartan estatu moderno baten kontrolerako ezinbesteko zen informazioa alegia.

1841an gaur ezagutzen dugun Erregistro Zibila sortzeko lehen pausoak ematen hasi ziren liberalak. Madrildik bidalitako aginduen arabera, 500 biztanle baino gehiago zituzten herri guztiak behartuta zeuden erregistroa aurrera eramatera, horretarako, jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen kontuak jasoko zituzten hiru liburu izatea behartzen zelarik. Azken finean, parrokietan eramaten zen erregistro sistema berdina erabiltzen zen, baina oraingoan parrokian bertan egin beharrean udaletxeetan egiten zuten. Erregistroaren arduradunek egiten zuten gauza bakarra parrokoek bidaltzen zieten informazioa goitik behera udaletxeko liburuetan sartzea zen.

Akta liburuek diotenaren arabera, aipaturiko erregistroa sortzearen agindua 1843ko otsailaren 24an iritsi zen Getariara: “. . .expone el establecimiento de los registros civiles usando las reglas que se han de seguir al efecto y remitiendo los libros necesarios, y se acordo que se satisfaciere el importe de tres libros y se diese cumplimiento en el modo posible a lo que se ordenaba

1841etik 1870era arte indarrean egon zen erregistro horri behin behineko izaera eman zitzaion, egun ezagutzen dugun Erregistro Zibilaren aurrekari modura kalifika daitekeelarik. Gaur erabiltzen dugun Erregistro Zibila ez zen 1871era arte sortuko, benetan autonomoa eta Elizarekin inongo erlaziorik gabea. 1841etaik 1870era indarrean egondakoa guztiz ordezkatu zen, eta aldi horretako liburuak udaletxeetako dokumentu historiko sinple eta balio askorik gabeak izatera igaro ziren.

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: 1841eko Verako (Almeria) jaiotzen Erregistro Zibilaren liburua.
Iturria: http://blog.vera.es/cultura/2016/10/26/pedro-el-morato-pedro-maria-alonso-morata-octubre-de-1841/


Aldamar Jauregiko erregeak (II)

2018-02-20
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtarrileko berrian aurkeztu genuen Blanquitak -Aldamar jauregiko 6 urteko txikiak- Errege Magoei eginiko oparien zerrenda. Bertan antzeman zitekeen moduan eta aipatu genuen bezala, ez zen inondik inora jatorri apala zeukan neskatila.  Zerrendako eskaerak aztertuz gero, pare bat kontu aipatu beharrean aurkitzen gara.

Alde batetik, neskatilak zeukan aurpegia aipatu behar da, beretzako opariak eskatzearekin nahikoa ez eta bere aita, ama, anaia, amona eta lagunentzako ere eskatzen baitzituen, eta ez edonolako opariak gainera.  Bestalde, ume behartsuentzako egiten duen jostailu eskaera azpimarragarria da, garai hartako moralitate kristauaren karitatearen erakusgarri. Azken kontu honi dagokionez, hor geratuko zaigu zalantza ea eskaera hauekin eskubazal eta persona on modura kalifika zitekeen Blanquita edo Errege Magoei itxura ona emateko estrategia hutsa besterik ez zen berea. Argi dagoena da, egindako zerrendarekin bere gurasoak ados zeudela "gutunaren amaieran firmatu baitzuten-, jakingo ez duguna da ea Errege Magoek eskaerei benetan kasu egin zieten.

Guzti honekin, zenbait galdera datozkigu burura: Zein familiatakoa zen? Garrantzitsua edo ospe handikoa al zen familia hau? Zergatik Aldamar jauregian?

Blanca de Aragón y Carrillo de Albornoz Getarian jaio zen 1892ko uztailaren 30ean eta Madrilen hil 1981ko azaroaren 16an. Blanca Carrillo de Albornoz y Elio, Torres Etxeko VI. Marquesa eta Baiguerreko XVII. Bizkondesa, eta Cesareo de Aragón y Barroeta-Aldamarren alaba zen. Torres Etxeko markesgoaren -1709. urtean Espainiako Felipe V.ak sortutako noble titulua- bizilekua izan zen Aldamar jauregia, Blanca amaren familiarena alegia. Mundu mailako goi-mailako joskintzaren bilakaerarako, aztergai daukagun familia hau aipaturiko jauregian bizi izana oso garrantzitsua izan zela esan genezake inongo beldurrik gabe, bertan biziko ez baziren, Cristobal Balenciagaren agerpenik egongo ez zela esan baitaiteke. Diotenaren arabera, Micaela Elio y Magallón, Blanca txikiaren amona, izan zen Balenciagaren lehen mezenasa eta Blanca ama bigarrena. 12 urterekin egin zuen Balenciagak bere lehen jantzia, eta hau Torres Etxeko markesak eskatua izan zen. Hortik aurrerakoa jakina da guztiongatik.

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: Blanca txikiaren eta bere gurasoen firmak.

Aldamar jauregiko erregeak (I)

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Errege Magoen inguruko lehen aipamena orain dela mende askotakoa den arren, opariek alaitzen duten ume eta ez-hain umeei bideratutako ospakizun honi XIX. mendearen erdialdera eman zitzaion hasiera.    

Ospakizunaren zergatia? Batek daki. Kuriosoa dena da, orain dela mende eta erditik, gizarte osoko zoko ezberdin eta ugarietako haurrak engainatzen ditugula. Iruzur honi itxura emateko, ahalmen ekonomikoa ezinbestekoa izango da, eta ahalmen hau familia batetik bestera edo etxe batetik bestera oso ezberdina izan da beti. Egun nabaria bada, pentsa nola izango zen 1898an.

Argi dago, ospakizunari hasiera eman zitzaion unetik ume askori izugarrizko ilusioa piztu zitzaiela. Eskatu, ezin jakin hauetako bakoitzak zer eskatu izan duen, baina ez dago zalantzarik ume batetik bestera izaki magiko hauek sortutako ilusioaren prezioa oso ezberdina dela. Bestela, galde diezaiotela Espainiako Erregearen alabari edo edozein kaletar xumeren seme-alabei.    

1898ko biztanle xume baten seme-alabek zer eskatzen zuten ez digu esaten Udal Artxiboak, baina bai Aldamar jauregiko alaba gazteak zer eskatzen zuen. Getariako soto partikular batean aurkitutako gutun baten hasierak honela dio: “Yo Blanquita Aragón y Carrillo de Albornoz Barroeta Aldamar y Elio expongo . . .”

Momentu horretan 6 urte zituen aztergai dugun gutunaren egilea den honek. Blanca Carrillo de Albornozen alaba zen, Torres Etxeko markesarena alegia. Estatus altuko familia hau Aldamar jauregian bizi izan zela jakina da, Torres Etxeko markesgoaren bizilekua izan baitzen urte askoan. Aurreko lerroetan aipatu bezala, ahalmen ekonomiko handia zeukatela ukaezina da, eta “Blanquitak” osatu zuen oparien zerrenda da horren isla garbiena:

- Kolore askotako arropak dituen panpina, eraztun urdin turkesa eta gozokiz betetako zakua, besokoa eta belarritakoak beretzat.

- Velazquezen eta Holbeinen artelanak eta eraztuna bere aitarentzat.

- Belusezko gorbata berde iluna, jantzia, txapela, Ama Birjinaren irudi urdina eta Jesusen irudi arrosa amarentzat.

- Astotxo bat eta kolore askotako arropak dituen panpina eta eserita ibiltzeko orgatxo bat Pepito anaiarentzat.

- Txakurtxo bat Cesarin anaiarentzat.

- Zetazko gorbata eta Ama Birjinaren irudi bat amonarentzat.

- Perlita zuriz betetako urrezko jostorratz bat, aingerutxoen irudi txuria, jantzi beltza eta txapela Constancerentzat.

- Jostailuak ume behartsuentzat.

Xabier Etxeberria Lasa

XX. mende hasierako nekazal mundua

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Euzko Nekazarien Bazkunak Getarian izandako presentziaren inguruko zenbait datu eman ziren aurreko idatzian. Baina, hau izan ahal zen herrian egon zen lehen nekazal elkartea? Artxiboko dokumentazioak argitzen digunaren arabera, galdera honen erantzuna ezezkoa izango litzateke. Beste sindikatu baten aipamena, zeharka bada ere,  aurki daiteke, argi eta garbi bere existentzia frogatzen duena, nahiz eta elkarte honen izaera ez dagoen batere argi.

1910eko urriaren 2ko udal akten arabera, Gipuzkoako Aldundiak zabaldutako zirkular baten aipamena egiten da, non nekazal sindikatuek zituzten abantailak herrian zehar zabaltzeko ardura Getariako udalari ematen dion. Badirudi honek bere eragina izan zuela, 1918an sortu baitzen Getariako nekazal sindikatua.

XIX. mendean zehar nekazal munduan zailtasun ugari egon ziren arren, XX. mendearen hasieran aurrerapen nabarmena eman zen produktibitate indizeek adierazten dutenaren arabera, bai espainiar lurralde osoan eta baita euskal lurraldean ere. Kontuan izan behar da euskal lurraren lanketaren ehuneko handiena esplotazio minifundistek egiten zutela, laborantza lurrez inguratutako etxe isolatuek. Aski ezagunak diren baserriak alegia. Nekazaritzaren suspertzeak ez Estatuak eta ezta norbanako edo baserritarrak aurre egiteko prest ez zeuden inbertsioaren hazkundea exijitzeen zuen. Nola egin zitzaion aurre egoera honi? Nekazal asoziazionismoa izan zen baliabide urriak zituzten baserritarren aukera bat.

Egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten  probintzietan sindikalismo katoliko modura ezagutzen denak pisu garrantzitsua izan zuela esan daiteke, batez eta Arabaren kasuan. Gipuzkoan aldiz, oso presentzia mugatua izan zuen. Sindikalismo katolikoak sindikatu modura ezagutzen ziren nekazal kooperatibak zituen herri ezberdinetan. Probintzia bakoitzean federazio bat edukitzen zuten, guztiak Confederación Nacional Católico Agraria izeneko Espainia mailako erakundeak gidatzen zituelarik.

Getariako artxiboko dokumentazioak eta Espainiako Sustapen Ministerioak eskaintzen diguten informazioaren arabera, Getariako sindikatua ez zen aipaturiko konfederazioaren zati. Egia esan, harritzekoa ez dena, 1934ko datuen arabera, Gipuzkoan zeuden 28 sindikatuetatik 8 bakarrik baitziren katolikoak. Dagoen informazioarekin, bi ondorio atera daitezke:

Getariako nekazal sindikatua 1918ak sortu zen, iturri ofizialen arabera.

Ez zegoen C.N.C.A. izeneko erakundearen barnean.

Zein izaera edo joera zuen Getariako nekazal sindikatuak?

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: San Blas baselizako pintura, aztergai daukagun garaian itsasoak eta baserriek zuten garrantziaren isla. Iturria: http://www.guregipuzkoa.eus

Euskararen alfabetizazioa Getarian

2017-12-13
Categorías: Archivos, Getaria,

Gaurkoan, urrian  aipatutako alfabetizazioaren gaia, denboran salto bat emanda, eta euskara erlazionatuko ditugu 1970eko hamarkadan. Abenduan euskararen gaia jorratzearen zergatia argia dela esan daiteke, hil honetako 3. egunean ospatzen baitugu Euskararen Nazioarteko Eguna.

Jakina den moduan, XX. mendean gure hizkuntzaren osasuna oso aldakorra izan da arrazoi ezberdinak direla medio. Urrian esan bezala, XIX. mendearen amaieran euskara ia hezkuntzatik at zegoen, ekimen pribatuaren bidezko eskola planteamenduak agertzen joan arren. 1857etik 1970era bitartean indarrean egon zen Moyanoren legeak gaztelaniazko gramatikaren derrigorrezko irakaskuntza ezarri zuen espainiar lurralde osoan.

1917an, Hego Euskal Herriko hiru probintziek Euskal Herriko Mankomunitatea sortzeko bideari ekin zioten, eta horren isla dira Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioetako administrazioan euskararen erabilera dokumentatu izana. 1918an Eusko Ikaskuntza, 1919an Euskaltzaindia eta 1927an Euskaltzaleak elkartea sortu ziren. Bigarren errepublika izango da erabilerari dagokionez ordura arteko aro garrantzitsuena.

Gerra Zibilaren ondoriozko Francoren agintaldiaren garaiak atzerapauso nabarmena suposatu zuen. Guda Zibilean eroritako azken euskal lurraldearekin batera, euskarak hilabete gutxi batzuetan gozatutako ofizialtasuna ere galdu zuen. Ofizialtasuna galtzeaz gain, hizkuntza bera erabiltzeko mugak handituz joan ziren. Gerra ondoreneko urteetan, euskara irakasten jarraitu zuten gutxi batzuk, oso baldintza zail eta arriskutsuetan.

Euskaltzaindiak bultzatuta, 1966an euskaraz alfabetatzeko lehen kanpaina jarri zen martxan, eta urte honetan jarri ziren AEK-ren (Alfabetatze eta Euskalduntze Kordinakundea) eraikuntzaren lehen harriak.

Francoren heriotzak eta diktaduraren erorketak euskarari bideak ireki zizkiola esan daiteke, pixkanaka, erakunde publikoen aldetik euskararen alfabetatze prozesuan erraztasunak eskaini baitziren. 1976ko otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekrektuaren bidez gobernuaren onarpena lortu zuen Euskaltzaindiak. Hortik aurrera, aipatutako erakundeak bere eragina handitu egin zuen nabarmen.  Horren erakusgarri dugu Getarian jazotakoa. Udal akten arabera, 1976ko azaroaren 30ean Ignacio Zulaicak , “profesor titulado por la Academia de la Lengua Vasca”, baimena jaso zuen Eskola Nazionalen lehendakariaren eskutik, Hezkuntza eta Zientzien Delegazioaren bidez, euskarazko alfabetizazio klaseak eman ahal izateko zehazki aipatzen ez den Elkano kaleko lokal batean. Baldintza bakarra jarri zitzaion, erabili beharreko materialaren gastuak berak ordaintzea.

Xabier Etxeberria Lasa