Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Entrevistas

Aiurrik Amagoia Piári egindako elkarrizketa Villabonako artxiboari buruz

2016-01-25
Categorías: Archivos, Entrevistas, Villabona,

1511 urtekoa da artxiboko dokumenturik zaharrena

Suteen eraginez bereziki, historian zehar hainbat datu galdu arren, dokumentu ugari biltzen du Villabonako artxiboak. Amagoia Piá artxibozainak azaldu du haren berri.

Iragan gogorra izan zuen Villabonako artxiboak. Kontaiguzu…

Villabonako artxiboa bi aldiz erre zen eta uholdeek ere izan zuten eragin kaltegarririk beregan. Baina suteek nagusiki, haien ondorioz asko kaltetu baitzen artxibo historikoa. Aktak badauden arren, arlo historikoan informazio gutxi gordetzen da. Suteen aurrean, normalean aktak eta kontuak salbatzen ziren lehenik. Gainontzeko espedienteak errazago galtzen ziren.

Azken urte hauetan, uholdeen arriskuagatik bereziki, egokitu egin da Amasa-Villabonako artxiboa. Orain altuago dago, ura bertaraino iristeko arriskurik gabe. Gero eta dokumentazio gehiago sortzen denez, leku falta ere bazegoen eta artxiboa handitu egin zen. Orain xahuketa proiektuaren baitan, apal berriak jarriko ditugu, berriz ere lekua zabaltzeko.

Zer aipatuko zenuke Villabonako artxiboaz?

Bereziki, obra proiektu asko jasotzen duela bere baitan; etxe partikularrenak, esaterako. Horietako gehienak kokatuta daude, baina XIX. mende bukaerako batzuk kokatu gabe ere badaude oraindik. 1620 hamarkada hasieratik gordetzen dira aktak eta hori ere aberatsa da, bilatzen jarriz gero, informazio asko ematen baitu herriari buruz. Dokumentazio idatzia dago gehienbat, oso argazki historiko gutxi gordetzen da.

Hala ere, irudi aipagarririk bada tartean…

Bai, besteak beste, 1671 urtean eginiko Villabonako Udalaren ezkutuaren oso irudi dotorea gordetzen da; larruaren gainean, guztia eskuz margotua. On Juan Mendozak idatzita, bere jatorriari buruzko deskribapena ere badu. Ezkutua oso antzinakoa dela dio idatzian, baina noizkoa den zehaztu gabe. Ederra da irudia, baina bitxia ere bai: ezkutuko marrazki guztiak gerrako tresnekin osatuta baitaude: geziak, kaskoak, kanoi mutur nahiz bolak, armadurak, ezpatak, ezkutuak…

Antzinako plano zaharrik ere bada…

XIX. mende hasieran Villabonako udaletxea erre zenean, Pedro Nolasco arkitektoak egin zuen Villabonako udaletxearen planoa. Udaletxe guztia berritu behar zenez, dirutza behar zen hura altxatzeko eta urte asko behar izan zuten. Proiektu hori, esaterako, artxibategian dago eta oso polita da, eskuz egina, noski. Aipatu planoak 1828 urtekoak dira eta bertan azaltzen da nola frantsesak sartu eta udaletxea erre ondoren, udaletxe berria egin beharra zegoela erabaki zutela. Dokumentu horretan, udaletxe berria non eta nola eraiki erabakitzeko pausoak ageri dira eta, besteak beste, plaza nolakoa izango zen ere bai. Hasiera batean, plazari U itxura ematea pentsatu zuten, arkupez inguratuta. Baina arkupeak udaletxe azpian soilik jartzea adostu zuten ondoren. Oso espediente polita da, nahiz eta planoak ia 200 urtez tolestuta egon ondoren, erditik puskatuta egon.

Zein urtetakoa da artxibategiko dokumenturik zaharrena?

1511 urtearen bueltakoa; Amasa, Villabona eta Tolosaren arteko auziaren ingurukoa.

Dokumentuen artean aurkitutako zen aipamen nabarmenduko zenuke?

Esaterako, akta liburu batean Villabonan urkatze bat izan zela irakurri genuen eta horren berri zabaldu genuen Ereiten kultur elkarteak dugun blogean, Villabonako artxiboetan aurkitutako beste hainbat gertaerarekin batera. Urkatzearen berri 1622ko abenduaren 12ko dokumentuan aurkitu genuen. Iturriak islatutakoaren arabera, urkatua Alontso Perez Liedenakoa izeneko pertsona izan zen. Delitua: Bizente Egizarkoa hiltzea.

Bestalde, 1936ko Gerraren inguruan informazio asko eta asko gordetzen da artxiboan, hasieran uste genuena baino askoz ere gehiago.

Era berean, erreboteari eta frontoiari buruzko informazio dezente ere badago, bitxia gainera. Agirietan azaltzen denez, herritarrek beraien eguneroko bizitzarako frontoia beharrezkoa zutela adierazten dute.

Kirol eta kultur ekintzen arloan informazio ugari biltzen da. Esaterako, idi eta ahari frogen edota herri kirol nahiz apostuen inguruan funts interesgarri eta baliotsua dago, kasu horretan argazkiak ere badaude gainera.

Villabonan zezenketak noiztik egiten ziren galdetu ziguten behin eta, begira hasita, 1622 urtean aurkitu genuen lehen aipamena. Baina aktak urte horrez geroztik jasotzen direnez, agian lehenagotik ere egingo ziren zezenketak Villabonako festetan. Santiotan ez ezik, San Martinetan ere izaten ziren XVII. mendean zezenak Amasan.

Inudeekin lotutako pasarte bitxirik ere aurkitu duzue…

Ez da bereziki Villabonari estuki lotutako kontua. Normala zen ia herri gehienetan, baina Villabonan gaiarekin lotutako dokumentuak aurkitu genituenez, tartea eskaini genion gure blogean: Bikiak izaten zituzten emakumeen umeetako bati ematen zioten titia inudeek, amak ezin zituelako biak elikatu. Dirurik ez zuten etxeetako umeei, ama hil egin zitzaien haurrei edota esnerik ez zeukaten emakumeen haurrei ere ematen zieten esnea. Inudeen gaia goi mailako pertsonekin lotu izan da beti, baina artxibategian biltzen diren dokumentuetan irakur daitekeenez, antzina behintzat, ez zen hain goi mailako pertsonen jarduna. Orduan behar bat zen eta, behar bezala, Udalak kudeatzen zuen.

Toponimiarekin lotuta, datu eta leku-izen ugari aurkitu izan da bertan…

Oro har, artxiboa oso baliotsua izaten da antzeko informazioa eskuratzeko, bai aktetan, bai obretan edota baita mugarritzeak egin direlako ere. Orain urte batzuk, Amasa-Villabonako toponimiaren inguruko ikerketa egin eta erakusketa jarri zuten herrian. Lan hura osatzeko, datu ugari jaso zuten hemendik. Liburuak banaka-banaka hartu eta irakurri behar dira horretarako; lan handia da, baina oso interesgarria.

Egunerokoan zein lan burutzen duzu Villabonako artxiboan? Zein asmo duzue etorkizunera begira?

Mantentze lana egiten dugu. Planoak dijitalizatzen ari gara azken hiru urteotan eta lan horretan jarraitzeko asmoa dugu. Baita aplikazioa elikatzen ere, jendeak kontsultak egin ditzan. Gure lana, batik bat, artxiboa egunerokotasunean mantentzea da, Udal teknikariek lan egin dezaten. Beraiek ekartzen dizkiguten espediente eta txostenak txukundu eta gorde egiten ditugu, kontsultarako behar dituztenean berriz ere errekuperatuz. Ikerlarien kontsultei ere erantzuten diegu, baina ez gara bereziki arlo historikoa aztertzeaz arduratzen, proiektu zehatzen bat egokitzen ez bada behintzat.

Deiren bat egingo al zenieke herritarrei?

Udal teknikari edota ikerlariez gain, oro har, herritarrak ez daki artxiboari buruz ezertxo ere. Liburu zaharrak gordetzeko lekua dela pentsatzen jarraitzen du askok. Jendea artxiboa bizirik mantentzea kultura sustatzeko era bat dela kontura zedin hasi ginen blogean artikulu eta informazioa zabaltzen. Ereiten kultur elkartetik Asteasuko artxiboa ere kudeatzen dugu eta bertara, esaterako, eskolako kideak etorri izan zaizkigu haurrekin. Tailerrak egin ditugu haiekin. Artxiboari beste ikuspegi bat ematea da gure nahia, hau ez da biltegia bakarrik; bueltan asko jaso baitaiteke. Pixkanaka jendea gerturatzen hasi dela konturatu gara eta oso pozgarria da hori guretzat. Herritarrak gerturatzeak berritu egiten du artxiboaren irudia, zaharkituta geratzen ari baitzen. Gure ateak herritar guztientzat zabalik daudela esan nahiko nieke, beraz.

Informazioa, kontsultagarri

1915 urtera arte Villabonako artxiboan biltzen den dokumentazio historiko guztia kontsulta daiteke www.villabonakoartxiboa.net helbidean. Ereiten kultur elkarteak Amasa-Villabonako dokumentuetan oinarrituta idatzitako hainbat artikulu, berriz, www.ereiten.eus gunean irakur daitezke, Villabonako atalean.

Eta esan bezala, dokumentuak zuzen-zuzenean ikusi eta ukitzeko aukera ere bada. Astearte goizetan zabalik izaten da artxibategia, bertara gerturatu nahi duen guztiarentzat. Amagoia artxibozainak, kontsultak egin nahi dituztenei, aurrez udaletxera deitu eta ordua hartzeko gomendioa luzatu die. Orain artean liburu zaharren gordeleku gisa ulertzen ziren guneak egunera ekarriz, informazioa eskuratzeko gune ireki eta aktibo bihurtu nahi dituzte artxiboak. “Herritarrek, pertsonalki nahiz herri mailan, onuraren bat atera dezakete bertatik eta nahi duen guztiari luzatzen diogu gerturatzeko gonbidapena”, adierazi du.


Iturria: http://www.aiurri.com/berriak.php?id_edukia=33997