Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Baztan

Karta-jokoan liskarrak

2016-05-12
Categorías: Archivos, Baztan,

Udal artxiboetan auziak iturri ikaragarri onak eta baliotsuak dira. Garai bateko kultura, ohitura, jakinduriak, pentsamenduak, eguneroko eginkizunak, liskarrak, jokoak, lanak,... inon baino hobeto irudikatzen dira auzi hauetan.

Partikularren artean, edo partikular eta erakunde publikoen artean sortzen ziren gatazka edo tirabiren inguruan erabakitzeko auzietara jotzen zen. Honengatik, auzien gaiak oso anitzak dira. Edozein momentutan sortu zitezkeen liskarrak. Baina ez zuten zertan erasoak edo borrokak izan behar. Izan zitezkeen, lursail baten jabetzaren ingurukoa, azienda lapurretak, ezkon-hitzarmen bat bete-arazteko, hilburukoaren aurkakoa,...

Ziur behin baino gehiagotan aterako dugula Baztango Udal Artxiboko auziren bat gure artikuluetan. Gaurkoan lehenengo aldia izango da eta liskar bati buruz arituko gara. Liskarra ohikoa den arren baditu auzi honek hainbat datu eta ezaugarri bitxi bihurtzen dutena. Ikusi ditzagun.

Elizondoko Juan Bautista Iriartek Elbeteko Juan Bautista Zelaietaren aurka salaketa bat jartzen du. Borroka baten ondorioz laban batekin eragindako zauriengatik. Borroka 1827 urteko urtarrilaren 8an gertatu da. Elizondoko Ostatu Zaharrean karta jokoan aritu ondoren. "Truque y flor" jokoan aritu ziren arratsalde osoz. Joko hau karta joko arrunta zen orduan, 1443 urtean lehenengoz aipatua, gaur egun ere oraindik jolasten den jokoa da. 22 karta eta 4 lagun behar dira. Binakako taldeak egin behar dira. Guk aztertzen dugun kasuan Iriarte Jose Matias Etxandirekin aritu zen, eta Zelaieta Francisco Dendarietarekin. Jokoa dibertigarriagoa egiteko edo beraiek zioten bezala "...interesando en la diversión botellas de vino..." apostu txikiak egiten ziren.

Iriartek eta Etxandik partida guztiak galduta (eta ondorioz 6 pinta ardo ordainduta) gabeko bederatziak aldera jokoa amaiutzat eman zuten. Zelaietak Argiñenea etxerako bidea hartu zuen. Bi aurkariek susmo txarra hartu zioten eta zelatan jarri ziren. Etxeko atarian gelditu arazi eta boltsikoak miatu zizkioten. "...registradole el bolsillo le hallaron una carta, que es el as de oros...". Ostatuan zegoen testigu batek dio bi karta gorde zituela "...que las dos cartas que le faltaban del naipe eran el as de oros que se incluye en este auto y siete de espadas, que con todo disimulo había metido en el bolsillo...". Bai, karta hori, argazkian ikusten duguna.  Fiskalak gordetzea erabaki zuen froga modura.

Zelaietak orduan, gezurretan ari zirela, berak tranparik ez zuela egin eta mehatsuka hasi zen. Karta jokoan aurkari izandakoak bizitzan ere aurkari bihurtuta. "...falsos, perros y matahombres..." iraintzen zituen. Labana eskuan hartu eta Iriarte sabelean larri zauritu zuen.

Zirujauak bere gastuen aitorpenean zehazten duenez, 2 hilabetetan 120 bisita egin zizkion Iriarteri zauria egoki sendatzeko. Bi odol-ateratze (garai batean hain erabiliak ziren "sangria" izeneko odol-ateratzeak) ere egin zizkion. Azkenean, sendatu zen. Zelaietak berriz 200 librako isuna eta "... y en la pena de medio homicidio aplicadas en la forma ordinaria..." kartzela zigorra jasan zuen.

Auzi guzti horren jarraipena gure artxiboan dugu eta bertan ikusi daiteke, hari zuriz josita,  "Cataluña año de 1824" idatzia duen urreko bata.


Amagoia Piá


Aurra bataiatua da, azteco bidea emayozue. Por la madre (sic)

2016-02-25
Categorías: Archivos, Baztan,

Jaio berria atarian abandonatuta. Horra hor 2016. urtean azaldatzen gaituen gertakizuna. Nahiz eta orain dela 250 urte gertatu. Nahiz eta Europako bideetan gerratik ihesean 10.000 haur galdu direla entzun eta ahaztu dugun.

Jaio berria atarian. Euskal Herrian ez ezik, gertakizun arrunta aitzinako gizartean. XVIII. mendearen erdialdean umezurtzak ugaritu ziren gure kaleetan. Une delikatua zen hura. Familia osatzeko zailtasunak oso ziren nabari. Batetik, ezin etxea sortu; bestetik, ogibidea eskuratzeko aukera gutxi. Krisi garaia. Ezin ezkondu, ezin hazi jaio berriak. Haurdunaldiak, espero gabekoak, emakumezkoen ardura eta errua bilakatzen ziren horrela.

Etxekoen laguntzarik gabe edo etxerik gabe, garai batean normaltzat jotzen ziren haurdunaldiak arazo bihurtuta, euskal agintariek umezurtzak nola jaso eta hezi ezin bideratu.

Umeak kalean uztea aukeretako bat zen. Horrek gizon baina batez ere emazte haien sendimenduak uzten ditu agerian behin baino gehiagotan. Hala da, bederen, Baztango umezurtz honen bueltakoak. Haurra bataiatua dela adieraztea hala ematen du aditzera. Haurrarekin batera utzitako oharrak argitzen du hori, euskaraz emana.

Agiri honek jasotzen duenak orain dela 250 urtetan gure aurrekoek pairatutako gordintasuna islatzen du.

250 urte beranduago zer ikasi dugu elkartasunaz, gizarte zerbitzuaz, krisi egoerak sortzen dituen arazoaz?

David Zapirain