Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Asteasu

Kontu bitxiak artxiboetan: idazkera frogak eta zirriborroak

2016-12-07
Categorías: Archivos, Asteasu,

Dagoeneko blog honetan plazaratu diren artikuluek artxiboetako funtsetan hamaika gauza daudela frogatu dute; bai espero daitezkeenak, baita aurreikusten ez direnak ere. Egoera berezi honek modu askotan aurkezten den informazioa topatzea dakar, logika duena edo logikarik gabekoa; azken finean, ohikoagoak direnez gain, antzinako paperen artean gauza bitxiak eta atentzioa ematen duten batzuk topatzen dira. Xelebretasunaren munduan mamitsuenetarikoak, zalantzarik gabe, idazkera frogak dira; hau da, notario edo eskribauen ikasleek edo apopiloek beren etorkizuneko lanean trebatzeko idazten zituzten zirriborroak.

Halakoek anitz gauza islatzen dituzte; deigarriena, adibidez, non idazten ziren ikustea da. Izan ere, idazkera froga hauek edozein lekutan egin zitezkeen, baita balio juridiko-administratiboa zuten dokumentuetan ere. Notario-eskriturak horren lekuko bikaina dira, adibideak ugariak direlarik; halako idatziak gordetzen dituzten sortetan, orduko zein beranduagoko idazkera frogak topa daitezke. Baina ez dira hor bakarrik ageri: Asteasuko 1558-1559 urte bitarteko kontu liburuek ere, adibide asko aurkezten dituzte.

Deigarria gerta dakiguke dokumentazio originala zirriborroak egiteko aprobetxatzea. Hori egiteko arrazoiak ugariak izan daitezke. Batzuk ematearren, bi aipatu ditzakegu. Batetik, irakurketa gaitasun eza; hau da, mutiko horietako askok, eta beraien maisuek, ez zekiten aurreko mendeetako edo hamarkada luze batzuk lehenago sortutako dokumentaziorik irakurtzen; gaur egungo “orri zikinen” funtzioa betetzen zutela esan genezake.

Bestetik, dokumentuari berari garrantzia gutxi ematea. Aurreko urte, hamarkada edo mendetan idatziak izaki, iraganari lotuak hartzen ziren eta modu honetan, sortu eta urte gutxiren buruan beraien balizko balioa pasata zegoela uste zen. Udal-kontuei dagokienez, behin kontuen ikuskatzea egin eta azaltzen ziren zenbatekoei adostasuna emanda, “benetako” balioa galtzen zutela ematen du. Gorde, gorde egiten ziren, baina iraganeko kontutzat hartzen ziren eta honela, kontserbatzeko edo (ber)erabiltzeko irizpideak gaur egun izan ditzakegunen oso bestelakoak ziren.

Aipatzen ditugun zirriborro horietan modu askotakoak aurkitu daitezke. Badaude ariketa matematikoak islatzen dituzten frogak; hauetan bitxienetako bat beste batean jaso genuen euskarazko zenbakiekin harremana du. Izan ere, halako idazkera froga moduan euskarazko testuak edo esaldi gutxi batzuk topatu izan dira, Asteasu beraren kasuak edo Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoarenak ondo adierazten duten bezala(1).

Asteasuko udal kontuetan ikus ditzakegun zirriborro horiek beste hainbaten ezaugarriak dituzte. Froga horietan ohikoenak hizki solteak dira, bokaleak edo kontsonanteak, silabak, baina hitz osoak ere egon daitezke, edo pertsonen izenak. Honela, aipatutako kontu-liburuetan “Domingo de Camio”, “Don Antonio de Çauala. Don Miguel de Aguirre”, edota “Don Pedro de Ayalde, beneficiado de la tierra” bezalakoak ikus ditzakegu.

Beste batzuetan notario-dokumentu baten hasierako esaldi edo hitzak jaso ditzakete, hala nola: “Joanes de Lizarraga, vezino de la tierra de Asteassu, a diez días del mes de setiembre de mill e quinientos y cinquenta”, “La merced que V. Merced hizo a mi hermano”, “memoria de los maravedís (?)”,“De la memoria de mí, Marticho”, eta abar. (Ikusi 1.go irudia)

Askotan, gehienetan, froga hauek ez dute zentzurik edo esanahi argirik; azken finean, zirriborroak edo trebatzeko ariketak baitira, besterik gabe. Baina hainbatetan, eguneroko bizitzaren printzak eskeintzen dizkigute, gerora gutun edo beste dokumentuen zati izango ziren zatiak hain zuzen ere:

“La merced que V. Merced hizo a mi hermano la hestimo en ssumo grado por (… ) Vesso a V. M.  las manos ynfinitas vezes. Escríueme que pague a V. M. (…)  treynta mill reales. Escríueme que pague a V. M. treynta e nueue mill reales. Escríueme que pague a V. M. treynta”. (Ikusi 2.garren irudia).

Edota:

“Sepan quantos esta carta de testamento y postrímera voluntad. Ayer a la mañana escriuí a V. M. largo con el hordinario. Después acá, lo que se ofresce es que Antonio de Armora, Ascenio [sic] de Armora, a uenido a ssu casa con entera salud y larga vida”. (Ikusi 3.garren irudia).

Are interesgarriakoak dira filosofia erlijiosoaz bustitako testu luze zein motzak, garaiko pentsamolde, heziketa eta hezkuntzaren lekuko direnak. Batzuetan otoitz liturgiaren esaldi motz batzuen amaigabeko zatiak dira, irakurriz gero mantra baten modukoak liratekeenak:

“María Santíssima, conceuida sin pecado oreginal, amén. María Santíssima, conceuid [sic] sin pecado oreginal, amén. María Santíssima, conceuida sin pecado oreginal, amén. María Santissi”. (Ikusi 4.garren irudia).

Baina bertzeetan idatziek mami gehiago dute:

“Todo fiel christiano es muy obligado a tener deuoción de todo coraçón de la Santa Cruz de Christo, nuestra luz, pues en ello quisso María por nos, redemir de la cautiuidad de nuestro pecado y del enemigo malo. Y por tanto, te as de acostumbrar a signar y santigoar aciendo tres cruzes: la primera en la frente, la segunda en la boca, la tercera en los pechos. Ablando con Dios, nuestro Señor, mostrad cómo en el nombre del Padre y del Hijo y del Espíritu Sancto, amén, por qué os signastes en la frente porque nos libre Dios de los malos pensamientos. La segunda en la boca, porque nos…

Todo fiel cristiano es muy obligado a tener debozión de todo…”. (Ikusi 5.garren irudia).

Funtsean, balio juridikorik gabeko idatziak dira, esanahi argirik gabeko testuak, besterik ez; baina batzuetan, zirriborro horietatik tanta batzuk izatetik, zuku eder bat ateratzera iritsi gaitezke; garaiko gizartera hurbiltzen uzten diguna.

Iago Irixoa

(1) Asteasurako, http://www.ereiten.eus/blog_view.php?uuid=24&cat=Asteasu; AZPIAZU ELORZA, J. A.: “Palabras y textos vascos antiguos”. In: Cuadernos de Sección. Hizkuntza eta Literatura, 7 (1988), 7-14, bereziki 12. orr.  (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/literatura/07/07007014.pdf); eta batez ere, IRIGOYEN, A.: “Dos textos arcaicos del siglo XVI”. In: IRIGOYEN, A.: De re philologica linguae vasconicae II. Bilbo: Deustuko Unibertitsatea, 1987, 231-235 orr. Azken testu hauen irudiak artikuluan bertan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen web-ean ere ikus daiteke:  http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKAVisorArchivoJSWEB/estatico/index.html?consulta=GPAH&fich=GPAH70097_A_000100v.jpg&numImages=2&sec=null.

Pello Errota bertsolariaren sinadura

2016-06-06
Categorías: Archivos, Asteasu,

Gaur egun denek dakigu nor de Pello Errota. Asteasuko bertsolari handia. Denek dakigu izena nondik datorkion ere. Errota batean bait zuen bere ogibidea. Hainbat libururi esker dakigu 1840 urtean jaio eta 1919an zendu zela. Bertsolari bikaina zela eta, bigarren diru sarrera bat lortzen zuen plazatan arituaz. Askok dakigu ere bere benetako izena Pedro Jose Elizegi Maiz zela.

Baina, zer dugu Asteasuko artxiboan bere inguruan? Erroldatan azaltzen da noski. 1885 urtean bere emazte eta seme-alabekin Ekialdeko 18.garren etxean erroldatua zegoen orduan. Irakurtzen eta idazten bazekien. Errolda horren arabera, familia osoan bakarra zen ordea, emazteak eta seme-alabek ez bait zekiten. Hori bai, denak errotako langile bezala seinalatuak ziren.

Baditugu artxiboan Pello Errotaren beste sei agiri. Denak auziak. Bat izan ezik, denak diru kontuak tartean. Bi bereziki bitxiak. Pedro Jose Elizegik Agustin Elola deitu zuen ahozko auzi batera diru zor batengatik, bi egun beranduago ordea, Agustin Elolak Pedro Jose Elizegik berdina eskatu zuen Pedro Joseren aurka, honek ere diru kontuengatik. Agustinek dio bere aita dela etxea gobernatzen duena eta berari dirurik ez eskatzeko, gainera Pedro Josek duela zorra berarekin. Pello Errotak dio Agustini diru asko utzi diola eta berarekin zorrik ez duela. Bietako inork benetako frogarik aurkeztu ez eta epaileak bertan behera utzi ditu auziak.

Bigarren auzi "bitxi" bat ere badugu. Lursail baten alokairuaren ingurukoa. Pello Errotak bere jabeari ordaintzen zion urteroko alokairuaren dirua. Baina bigarren alokatzaile bat ere azaldu zen, etxea eta lursail guztiak berak alokatu zituela esanaz, eta Pello Errota lursail hartatik botatzeko eskatuaz. Pellok argudiatu zuen alokairua jaberari ordaintzen ziola eta jabearen aginduak bakarrik beteko zituela.

Gainontzeko auziak diru kontuengatik sortutakoak dira. Denak 1880 eta 1885 urteen bitartean gertatutakoak. Ez lehenago, ezta ondoren ere ez da beste arazorik jasotzen. Agian artxiboan ez direlako gorde, agian urte horiek izan zirelako beretzako txarrak. Batek daki...

Bukatu dezagun beste bitxikeria batekin. Bere sinadura. Pedro Jose Elizegi Maizek normalean Pedro Elizegi bezala sinatzen zuen, nahiz eta behin Pedro Jose Elizegi ikusi dugun. Hortxe bere eskuz sinatutako ohar bat.

Amagoia Piá

Atzerrian onartu zuten Bixente

2016-03-10
Categorías: Archivos, Asteasu,

Gaurkoan ariketa txiki bat egingo dugu. Pentsatu dezagun argazki batean. Izan dadila atzerritik datorren  dozenaka pertsona azaltzen den argazkia. Oraingoan, guzti horien artean mutiko bat irudikatuko dugu. 20 urte ditu, ile beltzarana, begi argiak, biboterik ez eta bizar gutxikoa, altuera eta gorputz arrunta, ez altua ezta baxua ere,...

Dagoeneko ziur naiz zuen buruetan Siriatik datozen hainbat gazteren aurpegiak topatu dituzuela. Bestela bilatu interneten, zientoka daude. Denak bizitza hobe baten bila beren etxetik joanda. Edo, bizitza baten bila, besterik gabe.

Horrelakoxea zen Asteasuko Bixente Lizaso Irazusta gaztea 1924 urtean Montevideora joatea erabaki zuenean. Artxiboan topatu dugun dokumentazioaren artean badaude hainbat datu kurioso. Batetik, ikusi dugun bezala, bere deskrinapen zehatza (estatura regular, corpulencia regular,  pelo castaño, cejas castañas, bigote no tiene, barba poca, frente regular, ojos claros,...). Agirietan argazkia erantsi ohi zen, aurpegiarena soilik; beraz, deskribapen osoa eranstea hobe.

Ezkongabea eta nekazaria zen. Udaleko idazkariak ziurtatzen zuenez inon auzirik irekita ez zuen. Bidaiatu ahal izateko eskatzen zitzaizkion dokumentuen artean: medikuaren ziurtagiria gaisotasun kutsakorrik ez zuela eta txertoak jarriak zituela adieraziaz, ama alargunaren baimena eta aitaren heriotza ziurtagiria, zedula pertsonala eta emigrazio kartila behar bezala beteta.

Behin guzti hauek lortuta, Bixentek Montevideorako bapore bat hartzeko baimena zuen. Hona hemen Asteasuko artxiboan gordeta dugun beste dokumentu bitxi bat. Bixentek hartu zuen baporearen inguruko informazio liburuxka. "Compañía Hamburguesa, Hamburg-Südamerikanische Dampfschfffahrts-Gesellschaft" delakoarekin hitzartu zuen bidaia. Honek agentzia bat zuen Bilbon "Edmundo Couto" hain zuzen. Baporearen izena Monte Sarmiento zen. 1924 urteko azaroaren 18an joan zen 482 pezeta eta erdi pagatuta. Bizitza hobe baten bila.

Amaituko dugu Monte Sarmiento ontziari buruz ohar txiki bat erantsiaz. 1942 urteko otsailaren 26an hegazkin ingeles batek suntsitu zuen aire-eraso batean. Ontziaren jabe zen konpainia berriz, gaur egun merkantziak garraiatzeaz arduratzen da.


Amagoia Piá

Asteasun bolatokia jarri zuteneko dokumentazioa artxiboan

2016-02-03
Categorías: Archivos, Asteasu,

1962 urteko martxoan Sabino Jauregi Legarrak jarduera baimen bat eskatu zuen Asteasuko Udalean. Kale Berria 7 zenbakian eraikitzen ari zen etxearen beheko solairuan taberna edo ardandegi (bodegón) bat irekitzeko asmoa aurkeztu zuen "...para el despacho al público de bebidas al denominado chiquiteo...".

Idatzi hau aurkeztu eta 5 egunera bere jarduera eskaera aldatu zuen. Tabernaz gain, eraikuntza berriaren ezkerraldean bolatoki bat ere jartzeko baimena eskatu zuen. Honela zioen bere idatziak: "...como complemento al mismo (tabernari) la instalación de un juego de bolos, bolatoki como se les denomina en esta provincia, que cuanto se echa de menos en un pueblo como este eminentemente rural, donde la afición es muy grande y desapareció hace tiempo el que existía."

Hala da bai, garai hartan ikaragarria zen bolo jokoaren inguruan biltzen zen jendetza eta herri askotan zegoen bolatoki bat. Haietako asko desagertu diren arren, oraindik zutik geratzen diren bakan batzuei esker badakigu bolatoki gehienak oso sinpleak zirela: kalean bertan egiten ziren aterpe batekin estaliak.  Asteasun eraiki zenari buruz deskribapenik ezin dugu eman, artxiboan obra proiekturik ez bait dago, ezta argazkirik ere.

Garai hartan, Udalbatzak zerbitzu mota honen beharra garbia ikusten zuen agian, baiezkoa bi hilabeteren bueltan jakin arazi bait zioten. "... en razón a que en la localidad no existe ninguno y a la gran afición de los vecinos que lo echan de menos y se ven obligados a trasladarse a otros pueblos..." esaten du Udalbatzaren erabakiak.

Jarduera hau irekitzeagatik Sabinok pagatu behar izan zuen tasa 150 pezetako izan zen. Taberna irekitzeagatik ere beste 150 pezetakoa izan zen tasa. Eta bi kasuetan, noski, Gobernadore Zibilaren baimena lortu behar izan zuen irekiera baimena lortu ahal izateko.

Gure irakurleen artean zeinek ezagutu du bolatokia?

Amagoia Piá

Nolako kaleak Asteasun orain dela 150 urte?

2015-09-17
Categorías: Archivos, Asteasu,

Gipuzkoako Estatistika sailak galdeketa bat bidali zuen 1863. urtean: Kaleetan izenak, etxeetan zenbakiak,... jarrita al daude? Zenbaki hauek korrelatiboak al dira? Herri sarreran izena jarri al da? nekazal auzoak zatitu al dira? Udal bulegoak prest daude aldaketa berriak jasotzeko?  

Kuriosoa galdeketa. Kuriosoa eta esanguratsua. Izan ere, gure herrien "betikotasuna" horren zaharra denik ez du ematen. Alegia, administrazioa, ohiturak, espazioen antolaketa... prozesu historikoak dira, aldakorrak. Eguneraketen menpekoak.

Erantzun gehienak "queda cumplimentado lo dispuesto en la Real Orden de 24 de febrero de 1860...". modukoak diren arren, galdera bezain kuriosoak ere badira batzuk.

Herri sarreran izena ez jartzearen aitzakia: "En las entradas y salidas de esta población no se colocaron las lápidas de que habla la regla 15 por evitar la deformidad que naturalmente resultaría con no estar numeradas las casas con iguales o parecidas lápidas, pero esto no obstante se ha practicado lo que en otros pueblos respecto a este punto, esto es, que para la designación del pueblo partido judicial y Provincia a que corresponde se ha hecho uso de la tinta en los pasages correspondientes".

Herriko etxeen zenbakien inguruan berriz: "Esta población tiene numeradas las casas  y rotuladas las calles pero sin azulejos, por cuanto algunos dueños de las fincas se resisten a costearlos, fundados en que la mayor parte de los pueblos situados en la carretera están numeradas con tinta al simil que esta retirada villa, sin ocasionar gastos en la compra de chapas. Se advierte para lo que conduzca que en el centro del pueblo existen un juego de pelota y especie de una plazuela para la prueba de ganados, sin que lleven ninguna rotulación"...

Honen ondorio izan zen herriko kaleetan izena duten burdin esmaltatuzko plakak jartzeko erabakia. Hauek Eibarreko Paulino Elejalde enpresari eskatu zitzaizkion. "...estas placas son de hierro esmaltado, de fabricación muy esmerada y las únicas recomendadas para el objeto por su hermoso aspecto, limpieza y duración...". Bi hizkuntzetan egitea proposatu zen noski, Foru Aldundiak gutun bidez hala eskatu bait zien Gipuzkoako herri guztiei "...en cumplimiento de un acuerdo que la Excma. Diputación ha dirigido a los Ayuntamientos de los pueblos, para que (...) se pongan  rotulaciones dobles en las lenguas vascongada y castellana".

Baina Asteasuko Udalak ez zituen edonolako izenak nahi bere kaleetan: Kale Nagusia, Chillar kalea, Miretsien kalestua, Konsejuecheco plazachoa, Fueroen plaza, Peajelekurako bidea, Elizmendiko echadi-bidea, Errekondoko Pedro Jaunaren plazachoa, Onkeriol Donekar Aita Julian Lizardikoaren kalea, Gure Gordatari Done Pedro Apostoluaren plaza, eta Aguirreko Juan Bautista Jaunaren karrika.

Luze xamarrak. Elejalde jaunak beste aurrekontu bat prestatu behar izan zuen. Bertan aitortzen zuen kale izen gehienak euskeraz bakarrik idatzi behar baziren ere plaka batzuek haundiagoak egin behar zirela.

Azkenean, hainbat gorabehera gainditu ondoren, 1897ko uztailean herria euskarazko plakaz eta zenbakiz bete zuten 110 pezetaren truke.

Artxiboa berreiz ere memoria da. Izan ere, "kuriosoak eta bitxiak" deitzen ditugun izenak eta egoerak, herria ulertzeko eta, ondorioz, antolatzeko eta izendatzeko modua da, garaikoa. Horregatik ere, administrazioa garaikidea denetik, izenak euskaraz jartzeko ardura agertu du.

Amagoia Piá

Las bicicletas son para los ricos

2015-07-20
Categorías: Archivos, Asteasu,

Ocurre que, aún en tiempos en los que las tasas y los impuestos son protagonistas a diario, la historia es capaz de sorprendernos y superarnos sin el más mínimo esfuerzo. Tanto es así, que el Archivo de Asteasu nos muestra lo que hoy nos parecería una insólita ordenanza. Debemos reconocer que por aquel entonces, año 1942, no era una ordenanza tan rara ya que son muchos los municipios que la aprobaron.

Se trata de un impuesto que se cobraba a los que poseían una bicicleta. Todas las bicicletas del pueblo debían inscribirse en el ayuntamiento en un registro y se les asignaba una placa con una matrícula. Se reclamaba una tasa de 8 pesetas anuales. En caso de circular sin la matrícula la multa era de 10 pesetas.

A pesar de que la ordenanza se aprobó en 1942, el primer censo que se conserva en el archivo data de 1944 y en esa fecha se dieron de alta 98 patentes.


Amagoia Piá

Imagen: Bicicletas Clásicas Leo

Ordenantza zaharrak

2015-04-15
Categorías: Archivos, Asteasu,

Asteasun gordetzen den Udal Ordenantzarik zaharrena 1534 urtekoa da, apirilaren 14ean Udalak eta Carlos I erregeak onartutakoak hain zuzen. Badira ba 481 urte ordenantza hau onartu zenetik. Ordenantzak herriaren barne funtzionamendurako eragina zuten gaiei buruzko udal legeak ziren, horregatik herri bakoitzak bere ordenantza propioak egiten zituen.

Ordenantza honek badu berezitasun bat, denbora luzez galdua egon zela. Bere kopia bat bakarrik gordetzen zen. Baina 1896 urtean, Tomas Egibar Asteasuko apaizak, bere paperen artean topatu eta Udalari itzuli zion gutun batekin batera.

Pergaminozko tapak dituen 35 bat foliotako liburuxka bat da. Bertan 81 lege edo puntu desberdin lantzen dira. Denak 3 gai orokorren barruan sartuko ditugunak:

1- Politika: Udal karguen izendapena eta betebeharrak. "Hauteskundeak" ekainaren 24.ean egiten ziren "...de tiempo inmemorial aca...", meza nagusiaren ondoren herri guztia bildu eta kargu bat nahi zutenek (herrian zergak ordaindu eta etxea zutenek bakarrik, noski) beren izena txartelean idatzi eta txapel batean sartzen zituzten. Handik ateratako izenak izango ziren urte hartan herriko alkate, diruzain, zinegotzi,... Hauek egindako kudeaketaren kontu zehatzak nola aurkeztu agintzen da, besteak beste, udal diruarekin bazkari bat bakarra egingo dutela aginduaz edo ta bere karguak irauten duen bitartean ezingo dutela harategi, taberna edo okindegirik izan.

2- Ekonomia: (3 gai nagusi) alde batetik, lur komunalen eta fruituen hustiaketa. Ordenantzen %80 gai honen ingurukoak dira. Lur komunalen enkateak nola egin, bertan eragindako kalteen zigorrak, hainbat fruituren salmenten nondik norakoak (gaztaina, intxaur, sagar, ezkurra...), enkanteak ez egiteagatik zigorrak, zuhaitzak mozteko baimenak eta gabe mozteagatik zigorrak, ikatzik ez egitea,... Beste alde batetik, kanpotik sartutako produktuen kudeaketa: ardoa, arraia, argizaria, txingarra,... eta beste hainbat gauza enkantean nola eta noiz atera, Udalak eta garraiolariek bete beharrekoak,... Azkenik, zergak jasotzeko eskubideak ere enkantean ateratzen ziren eta ordenantzan enkante honen baldintzak deskribatzen dira.

3- Beste herriekin mugak.  Mugak noiz eta ze baldintzapean aztertu behar diren.

Bistan da beraz, XVI mendeko Udal Ordenantzen helburua guztiz praktikoa zela, udal karguen eta ondasunen kudeaketaz arduratzen bait zen bereziki. Aurrerago erakutsiko dizuegu ordenantza hauek nola joan ziren aldatzen, XIX mendeko kutsu moralista hartu arte.


Amagoia Piá

Asteasuko emakumeen antzezlana

2015-03-11
Categorías: Archivos, Asteasu,

Asteasun ederki uztartu dituzte emakumeen eguna, historia, Udal Artxiboko lanak eta berdintasun aldarrikapenak. Umore onez egin dute gainera. Herriko Emakumeen Elkarteak antzezlan bat eskaini zuen atzo Asteasuko hainbat emakumeren gertakizunak kontatuaz indarkeriaren eta desberdintasunen aurkako borrokan beren zatitxoa jartzeko. Horretarako Udal Artxibora jo zuten benetako gertakizunak ikusi nahian eta topatutakoen artean hautatuetako bat, nola ez, gure emakume bertsolarien istorioa. Hona hemen guzti honen emaitzaren zati bat.

Sus labores

2015-03-04
Categorías: Archivos, Asteasu,

Iritsi da aurtengo martxoaren 8a, emakumeok gure baldintza eta eskubideak aldarrikatzeko eguna. Iritsiko da ere aldarrikapenerako beharrean, egun hori ospakizunerako erabiliko dugun tenorea. Noizbait. Baina bitartean, egun honetan, emakumeen aurka egiten diren gutxiespen, kalte, eraso eta bestelako asko salatzeko erabiltzen jarraitu beharko dugu. Eta Asteasuko Udal artxiboan, oraingo honetan, hezkuntzaren arlotik jotzea erabaki dugu.

Garai batean, Udal Eskolako irakasleek haurrei erakatsi beharrekoen materien nondik norakoak Udalari jakinarazten zien. Garai haietan eskolak bitan zatituak zeuden: neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Posible bazen, eskola bitan zatitzen zen eta bi sarrera desberdin zeuden bakoitzarentzat. Bestela bi eraikin erabiltzen ziren. Irakasleak ere horrela banatzen zituzten: emakume bat nesken eskolan eta gizonezko bat mutikoen eskolan.

Hau berez larria dela iruditzen zaigu, haurrek txikitatik ikusten baitute beste sexukoa desberdin eta "ukiezin" bezala. Baina are larriagoa da kontutan hartzen badugu eskola bietan ematen zen materia oso bestelakoa. Askotan entzun diegu gure amonei josten, brodatzen, barrenak hartzen,... eskolan ikasi zutela. Gure aitonei ez.

Gure artxiboan ikusi ditzakegu 1896-1898 urteetan eskolan ikasten ziren materien nondik norakoak. Neskek erlijioa, geografia, matematika, irakurketa, eta gramatika materia orokorrak ikasten zituzten, beti ere mutikoek baino maila baxuagoan. Gainera, mutikoek nekazaritza eta ekonomia orokorreko materiak ikasten zituzten bitartean, neskek "Economia" izeneko ikasgaia ere bazuten. Baina bertan ikasi beharreko ikasgaiak oso bestelakoak ziren. Besteak beste: "qué importancia tiene en la familia el ama de casa", "qué debe hacerse en cada uno de los días de la semana", "hay necesidad de madrugar?", "¿qué debe hacer el ama así que se levante"... Galdera hauei erantzun emateko honako liburu hau erabiltzen zuten.

Hezkuntza mota honen ondorioa da, gaur, egun hori aldarrikatu behar dugula. Beraz, oraingo haurrek jasotzen duten hezkuntza egokitzea eta zuzentzea beharrezkoa dira etorkizunean ospakizun bihurtu dezagun.

Amagoia Piá

Irudia: http://historiadelafamiliaarrando.blogspot.com.es

Azpiegiturak

2015-01-28
Categorías: Archivos, Asteasu,

Modan dugun hitza: Azpiegiturak. Beharrezkoak ditugu gizarte modernoan: Zerbitzuak.

Gure nagusiek hitz horiek ez zituzten erabiliko, baina herri bakoitzean oinarrizko zerbitzuak ematen zituzten azpiegiturak egon, bazeuden. Auzokoen sozializaziorako ere ezinbesteko bilguneak ziren haiek. Gainera, teknikak hobetu eta herritarren beharrak ugaritu ahala, garaiko azpiegiturak berritzen zituzten gure aurrekoek. Hori zen, hain zuzen ere, udalaren lanetariko bat.

Azpiegitura edo bilgune horietako batzuk ezagunak ditugu Asteasun, erabilera asko aldatu arren. Adibidez, Mataderoa. Hiltegia ere esango diogu, baina Asteasun mataderoa da hiltegi bezala erabili izan duguna, ezta?

Gure artxiboan ikusi dugunez, 1880 urtean oso zaharkitua zegoela eta bertan behera bota zuten berria eraikitzeko Garai hartako espedientean aurrekontuak eta planoak gorde dira. Plano ederrak benetan eta esan beharrik ez dago artxiboan dauden zaharrenetakoak izango direla.

100 urte beranduago, 1993 urtean, Mataderoa erabilerarik gabe eta erortzear zegoen. Udalak eraikuntza berriro bota eta bertan zaharren egoitza bat egiteko berreraiki zuten. Julian Lizardi izena jarri zioten, Asteasuko martiriarena (honi buruz ere beste egunen batean hitz egingo degu). Bigarren funtzio honek ordea ez du denbora luzean iraun. Bertako biztanleak Betanira eraman dituzte eta Mataderoa hutsik geratu da.

Honela, Udalak eraikuntzari beste erabilera bat eman nahi dio eta horretarako herria bildu nahi du, han bertan, Mataderoan, eta entzun nahi ditu bertan ikusitako gertakizun, ohitura eta kontu guztiak. Ondoren, horien arabera, berriak zein ildotik joango diren irudikatzen saiatzeko.

Amagoia Piá eta David Zapirain