Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Archivos

Euskararen zizpriztinak gaztelaniaren uretan

2018-01-30
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Aurreko artikuluan euskara eta hezkuntzari lekua egin bagenien, oraingoan gure hizkuntzarekin zerikusia duen beste gai bati helduko diogu. Lehenago ordea, akten hustuketa proiektuaren inguruko ohar batzuei leku egitea interesgarria dela deritzogu.

Jakina denez, hilabete hauetan plazaratzen joan garen (eta datozenetan argitaratuko ditugun) artikuluek Oiartzungo udalak bertako aktak hustutzeko lanetan dute oinarria. Plazaratutako estreineko idatzian hustuketa ekimen horren inguruan zer edo zer esan genuen. Ez gara berriz horretan sartuko, baina bidezkoa deritzogu Bailararen kasuan hustuketa ekimen horrek duen berritasun edo originaltasuna azpimarratzea, proiektua burutzeko aukeratutako hizkuntzarekin zerikusia duena. Aipatu genuen bezala, beste hainbat herritan ere euskara hutsean (edo euskaraz eta gaztelaniaz) burutzeko hautua egin zen. Gehienetan, ordea, gure hizkuntzan egindako lan horiek aro edo garai berrietan jarri dute begirada, erran nahi baita XX. mendean edo, asko jota, XIX. mendetik abiatutako denboretan. Eta hemen datza Oiartzungo udalak bere gain hartutako erronkaren gakoa, Antzin Erregimena izan baita lanaren abiapuntua. Mende haietan erabiltzen zen hiztegia arras ezberdina zen, hamaika kontzeptu galdu edo eraldatu egin zaizkigu, ez daude euskal hiztegietan jasoak (edo ez dirudi halakorik) eta dokumentazioa gaztelania hutsean dugunean, euskarazko baliokidea topatzea ez da batere erraza.

Beste behin ere azpimarratu behar dugu gaur egun euskarazko hiztegi historikorik gabe darraigula. Hamaika disziplina zientifikotan halako tresnak sortzen joan dira, baina Historian, aldiz, ez. Horrek herri honen gabezia eta mixeria handi bat agerian uzten du; gure iragana euskaraz eta zientifikotasunak ematen duen sakontasunez aztertzea, hagitz zaila edo ezinezkoa dela ematen baitu. Esan gabe doa guztion errua den mixeria bat dela; lerro hauen egilea ez da gutxiago, eta bere burua errudunen lehenengo eserlekuan jartzen du.

Hiztegi gabezia hori dela eta, eta proiektuak proiektu eta lanak lan, akten hustuketa lanak bideratzerako garaian gaztelaniatik euskarara itzultzeko hamaika kontzeptuk berebiziko zalantzak eta mugak planteatu dizkigute. Horrek, guztiz zuzenak ez diren erabakiak eta behin-behineko adostatunak hartzera eraman gaitu. Egoerak anitz denboran bere horretan jarraituko duelakoan gaude, denon artean fundamentuzko akordioak hartu arte; erran nahi baita historialari, hizkuntzalari, filologo, arkitekto edo injeniarien artean, baina baita baserritar, basozain, nekazari, mariñel, artzain edo unaiak aintzat hartuta, horiek guztiak baitira hamaika terminoren biziraupenean lan eskerga egin dutenak, beraien eguneroko lanbideei esker.

Zalantzarik gabe, hiztegia osatzerako garaian mugarik nabarmenena dokumentazioak berak ematen digu, garaian sortutako eta guregana iritsitako idatzien  %99-a erdara hutsean baitago. Jakina da Euskal Herrian historikoki eta administratiboki euskarak izan duen isla eskasa. Modu honetan, erakundeek sortutako dokumentuen gehiengoa populazioaren gehiengoak erabiltzen ez zuen hizkuntza batean ageri zaigu (gaztelania, frantsesa, latina, nafar-erromantzea, gaskoiera…), salbuespen batzuk badaude ere (1). Egoera hau, ordea, ez da bizi dugun hiztegi tekniko baten gabeziaren errudun bakarra, faktore gehiago daude. Tartean, profesionalek iturriak behar den moduan ez profitatzea. Horrek muga, interpretazio eta ondorio zalantzagarriak ekarri ditu. Izan ere, Historia alde batera utzita, euskararekin lan egiten edo euskara beraien ikerkuntza esparru duten beste disziplinetako profesionalek dokumentazioa irakurtzeko zailtasunak dituztela (edo esparru horretan alfabetatugabeak dira). Halaber, beste batzuetan, izan ditzakegun tresnei muzin egin diete edo ez dituzte aintzat hartu (2).

Hala ere, gure hizkuntzak egoera dokumental diglosiko nabarmena bizi izan bazuen ere, egunerokotasunean erabiltzen zen tresna izaki, ia edozein zirrikitutik igarotzeko aukera izan zuen. Hori dela eta, dokumentazioan hainbat aztarna utzi ditu;  euskaldun ia elebakarra zen gizarte baten baitan, ezin bestela izan.

Akta liburuei dagokienez, adibideak hasieran uste duguna baino gehiago dira. Gainera, kronologian aurrera egin ahala, hitz gehiago topatzeko aukerak handiagoak dira. Hein handi batean, arrazoia udal akta liburuen egitura eta eduki bereziei zor diegu, bileren erregistroaz gain memorial edo txostenak, hitzarmenak, iritzi-idatziak, azterketa edo ikuskatzeen nondik-norakoak eta abar gordetzen baitituzte.

Alde batetik, udalbatzaren hainbat erabaki eta mandatu elizan eta jendearen aurrean jakinarazterako garaian, euskaraz egiten zirela badakigu, dokumentazioak berak hori adierazten digulako. Horren zantzuak lehenengo momentutik ditugu, akta liburu bezala identifikatuta dagoen lehenengo sortan halakoak aditzera ematen baitira. 1658ko urtarrilaren 6ko bileran hartutako erabaki eta mandatuak, adibidez, elizan eta euskaraz argitara eman zitezela adostu zen eta hala egin zen: “en alta e inteligible voz, en lengua bascongada” (A-1-1-1, 4 au.). Ia 50 urteren ondoren, 1705eko urtarrilaren 1ean, gauzek beren horretan zirauten: “al tiempo del apertorio [sic] de la missa popula de oy, en lengua bulgar bascuenze publicó y dio a entender lo contenido en las ojas antezedentes al pueblo de este Valle” (A-1-12-2, 5 au-at.). Halaber, udalbatzaren batzarrak euskaraz egiten zirelaren zantzuak eta datu zehatzak daude baina zoritxarrez, halako jakinarazpenen erregistrorik ez zaigu iritsi eta ezin dugu jakin, zehatz-mehatz, zer-nolako euskara erabiltzen zen.

“En el valle de Oyarçun, seis de henero de mill y seisçientos y çinquenta y ocho años, don Sebastián de Arpide, vicario, estando la gente oyendo la missa popular, al tiempo de ofertorio, en alta e inteligible voz, en lengua bascongada, dio a entender los capítulos del decreto de suso y en fee de ello firmé. Juan de Magierena de Zubieta”.

Halakoez gain, dokumentazioan bertan hamaika euskal hitz eta kontzeptu ikusteko parada dugu; batzuk ezagunak dira, oso ohikoak, gaur egunean ere barra-barra darabilzkigunak edo nolabaiteko erabilera dutenak. Hauetako asko abeltzaintza edo nekazaritzarekin zerikusia dute: ainu (“espliego silbestre, alias añoa”), ainizkar (“yerba que llaman ‘añazcarra’”), ametz (“…robres carauallos que llaman en basquençe amezas…”), arbazta (“necessita algunos troncos de castaños y arbastas…”), arpiko, arraska, borra, enbor, fago/pago, heskai (“zerrar de nueuo de escayas”), kartola, larre-ote (“larotea”), ote-motz (“otamocha”), mazo, sega edo txerto bezalakoak. Beste batzuk, aldiz, gizartearen ohitura, usadio eta beste jardun batzuekin lotuak ageri zaizkigu. Honela, mozorro (“los mozorros o mascarados de San Juan y San Pedro”), segizio (“…se escuse el salir los hombres de cimiterio al modo de seguicio…”), edo Oiartzunen tradizio handia izan duen tobera musika tresna.

(“…nesecito [sic] asta quarenta rastadas de añoa y árguma llamada otamocha que se alla en el término llamado Ozalecu…” (A-1-12-1, 297 au. folioa; 1704 urtea)

Ezegunak eta ohikoak diren hitz horien aldetik, aurreko paragrafoan aipatu dugun “txerto” hitzak artikuluaren hasieran aipatu ditugunei heltzeko balio digu. Izan ere, hitz horrek, dokumentazioan zuzenean eta inolako bitartekaririk gabe murgiltzeak dakartzan aurkikuntzen adibide argia da. Orotariko Euskal Hiztegira hurbiltzen bagara, “txertatu” aditza Iparraldean tradizio handiko hitza dela aipatzen du, XVII. mende hasieratik dokumentatu daitekeelarik. Hegoaldean, berriz, egile gipuzkoarrek XIX. mende erdialdetik aurrera erabiltzen dutela dio. Gure aldetik, aipamenik zaharrenak 1700 urtetik datozela ematen du, alegia, uste baino mende t’erdi lehenagotik (¡?). Honela, urte hartako maiatzean Frantzisko Erretegik gaztainondoetan egin beharreko txertatzeei buruzko memoria edo txostena aurkezten du: “Memoria jurado que yo, Francisco de Retegui, tengo en chertar los castaños con diferentes sujetos” (A-1-10-2, 101 au.).

Agirien aukerak, ordea, ez dira hor gelditzen. Izan ere, hitz ezagunez gain, topa daitezkeen beste ele batzuk  ezezagunagoak dira eta gaur egunera iritsi zaizkigun idatziengatik ez balitz, zeharo galduta leudeke (3). Hauek dira interes handiena piztu dezaketenak; ez bakarrik alboratutako hitzak azaleratu daitezkeelako, beste egoera bat islatzen dutelako baizik: euskararen aberastasuna eta dinamismoa, teknologia, industria eta bestelako esparruetan garatutako hiztegia agerian utziz.

Burdinolen mundua da, zalantzarik gabe, diogunaren lekukorik bikainena: bai euskararen erabilera agerian uzten duelako, baita hamaika kontzeptu zeharo arrotz egiten zaizkigulako. Oiartzungo Olaberria burdinolarekin zerikusia duten agiriak dira hiztegi hau ageri-agerian geratzen dutenak. 1694an egin zen inbentarioa adibide ezinhobea da (A-1-8-2, 79 au.-81 au. folioak). Bertan euskarazko kontzeptuak etengabe ageri zaizkigu: agerrietako-kakoa, agoagorrika, aldabarra, boga, burniperekia, eskanbela, gorba, makoa, suar(e)a, tormentatokia, traba, zamargorrika, zigilua… Honako testua adibide azpimarragarria da:

“…hazer entrega de las herramientas de la dicha herreria a Miguel de Ynchaurrandieta… y en cunplimiento, justas sus concienzias, declararon lo seguiente:

Primeramente (…) vnas gorricas suficientes; vna palanca de aboapalanca; dos palanquetas de fundidor; otra palanqueta para limpiar la tobera; vnas gorricas para apanar agoas; otras gorricas que llaman agoacorrias; otras gorricas para partir las agoas y su talladera; vna (…) tres arpones; vn mazo mayor; otro mazo biejo que está en el fogón; dos bogas de fierro que están en el fogón; una cruz de pessar fierro con sus tablas y cadenas que no están de prouecho; vn quintal de pesar fierro; otra pessa de dos arrobas; vn perequi de fierro; vn gancho de fierro; la cadena llamada aguerrietacocacoa; tres gorricas con su talladera, mayores que de la de arriba; vn junque; vn perequi de fierro; vna suara; vnas mojorretas.

Y para las cosas que rezeuió el dicho Ygnacio de Olaizola, faltan en esta entrega y deue entregar al valle dicho Ygnacio: vna pala de fierro; vn burniperequi de fundidor para la fragoa; vnas samargorricas; dos aldabarradas de fierro; vn martillo para enderezar la planchuela; tres martillos del prestador para la mena.

Y además de ello ha entregado dos escanbelas, dos argollas y dichas escanbelas, dos macoas, todas de fierro; quatro cepos de dicha barquinera con sus cauillas de fierro; unas gorbas de apañar las piezas. // r.º Y el miembro llamado zigilua se ha de hazer nuevo a costa del dicho Ygnacio de Olaizola, quien hademás [sic] de las cossas referidas deue entregar un gancho de fierro que falta de las que rezeuió (…).

Y los dichos Miguel de Aldaco y Miguel de (Aldaco) Ysasti como tales carpinteros, so cargo del dicho juramento, declararon hauer reconozido (…) las anteparas de dicha herrería (…)

Yten, por quanto en la parte llamada tormentatoquia, digo barquinera, vn fierro llamado traua, le condenan al dicho Ignacio por su balor (…)

Yten declaran que las estoldas están limpias y en buen estado con sus ballados.

Yten la galdurra de la pressa falta y conbiene que se aga con toda breuedad a costa del Valle porque está en gran peligro la pressa”.

Urte ezberdinetan han egindako konponketa lanetan ere (besteak beste A-1-10-2, 41 au.-46 at.; A-1-11-1, 131 au.; A-1-11-2, 144 au.-145 au. folioetan), hainbat hitz daude: bioholadura (“violadura”), gezurraska, gailur (“galdur”), uztarri, uzkurriko (“uzguerrico”), alasea, errezuma, burukotegi, zinguna, azpizungile edo azpizunbilkoak ditugu. Goizueta eta Oiartzunek Urraideko zubian konponketak egiteko 1701an adostutako hitzarmenean, aldiz, zumizamarrak, zapatak, karelak, uztarriak eta, berriz ere, “zinguñak” (A-1-11-1, 162 au.-164 au.). Azken hitz hau, adibidez, “zinkuna” aldaera jasota, berriki burdinolen inguruko hiztegitxoa plazaratu duen Iñaki Azkuneri esanahi ezezagunekoa zaio (4).

Bestalde, euskara eta toponimia uztartzen dituen datuak ere topatu ditugu; erdarazko dokumentazioan agertzen diren herri edo herrialdeen euskal formak, hain zuzen ere. Honela, Donostiako udal-diruzain Sebastian Larreandiak Oiartzungo udalbatzari 1696ko maiatzaren 27an idatzi zionean, Mutrikuko Batzar Nagusietako banaketa-sutenaren inguruko kontuak zirela eta, “de lo repartido en la de Mutricu” adierazten zuen (A-1-9-1, 123 au.-at. folk.). Bestalde, 1697ko urtarrilean egin ziren Migel Agirrekoa agotearen aurkako kanporatze-autoetan, Agirrek honela deskribatzen zuen bere burua: “dijo que es vezino y natural del lugar de Arbona, en la Prouinçia de Lapurdi, Reyno de Francia, de edad de veinte y dos años (...) y su oficio es de jular [sic]” (A-1-9-2, 48 at) (5).

Argi dago, beraz, orain arte egindako lanez gaindi, euskararen ezagutzan sakontzeko udal aktak (eta bestelako dokumentazio historikoa) etorkizunean jorratzeko zain dugun sail edo alorra direla, sastraka eta sasi artean ezkutaturik ditugun fruituak noiz bilduko zain dagoena.

Iago Irixoa

(1) Errealitate arras desberdinak zirela ikusteko, berriki Peio Monteanok argitaratutako liburuan agertutakoak irakurri besterik ez dugu. Bere kasuan, Nafarroa Behereko XVI. mendeko eta XVII. mende erdialdera arteko dokumentazio administratiboa, pribatu eta notariala gaztelaniaz zegoela jakitea. Ikus MONTEANO SORBET, P. J.: El iceberg navarro. Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI. Iruñea: Pamiela, 2017, 142 orr. eta hh.

(2) Horren inguruko hainbat ausnakerta, honako artikuluan: IRIXOA CORTÉS, I.; eta PRIETO GIL DE SAN VICENTE, M.; “Abelbidetik Zaborrera: Erdi Aro eta Aro Berriko euskararen ikerkuntzari buruzko hainbat ohar eta hitz zerrenda bat”. In: Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Boletina, LXVII (2015), 129-172 orr.

(3) Ikus ibidem eta laster plazaratzea espero dugun IRIXOA CORTÉS, I.; eta PRIETO GIL DE SAN VICENTE, M.; “Agarriatik Zuzijakira: Iragan mendeetako euskal hitzen bilaketarako hainbat ardatz eta adibide”. Azken honetan Oiartzungo adibide batzuk jaso ditugu.

(4) AZKUNE, I.: “Zestoako burdinoletako euskal terminologia (1519-1544)”. In: Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Boletina, LXVII (2015), 217-231 orr.

(5) “Lapurdi” aldaera, XV. mende amaierako Gaztelako administrazioak sortutako dokumentazioan ere topatu dezakegu. Ikus AGS. RGS, 1488-III, 198 folioa.


Aldamar jauregiko erregeak (I)

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Errege Magoen inguruko lehen aipamena orain dela mende askotakoa den arren, opariek alaitzen duten ume eta ez-hain umeei bideratutako ospakizun honi XIX. mendearen erdialdera eman zitzaion hasiera.    

Ospakizunaren zergatia? Batek daki. Kuriosoa dena da, orain dela mende eta erditik, gizarte osoko zoko ezberdin eta ugarietako haurrak engainatzen ditugula. Iruzur honi itxura emateko, ahalmen ekonomikoa ezinbestekoa izango da, eta ahalmen hau familia batetik bestera edo etxe batetik bestera oso ezberdina izan da beti. Egun nabaria bada, pentsa nola izango zen 1898an.

Argi dago, ospakizunari hasiera eman zitzaion unetik ume askori izugarrizko ilusioa piztu zitzaiela. Eskatu, ezin jakin hauetako bakoitzak zer eskatu izan duen, baina ez dago zalantzarik ume batetik bestera izaki magiko hauek sortutako ilusioaren prezioa oso ezberdina dela. Bestela, galde diezaiotela Espainiako Erregearen alabari edo edozein kaletar xumeren seme-alabei.    

1898ko biztanle xume baten seme-alabek zer eskatzen zuten ez digu esaten Udal Artxiboak, baina bai Aldamar jauregiko alaba gazteak zer eskatzen zuen. Getariako soto partikular batean aurkitutako gutun baten hasierak honela dio: “Yo Blanquita Aragón y Carrillo de Albornoz Barroeta Aldamar y Elio expongo . . .”

Momentu horretan 6 urte zituen aztergai dugun gutunaren egilea den honek. Blanca Carrillo de Albornozen alaba zen, Torres Etxeko markesarena alegia. Estatus altuko familia hau Aldamar jauregian bizi izan zela jakina da, Torres Etxeko markesgoaren bizilekua izan baitzen urte askoan. Aurreko lerroetan aipatu bezala, ahalmen ekonomiko handia zeukatela ukaezina da, eta “Blanquitak” osatu zuen oparien zerrenda da horren isla garbiena:

- Kolore askotako arropak dituen panpina, eraztun urdin turkesa eta gozokiz betetako zakua, besokoa eta belarritakoak beretzat.

- Velazquezen eta Holbeinen artelanak eta eraztuna bere aitarentzat.

- Belusezko gorbata berde iluna, jantzia, txapela, Ama Birjinaren irudi urdina eta Jesusen irudi arrosa amarentzat.

- Astotxo bat eta kolore askotako arropak dituen panpina eta eserita ibiltzeko orgatxo bat Pepito anaiarentzat.

- Txakurtxo bat Cesarin anaiarentzat.

- Zetazko gorbata eta Ama Birjinaren irudi bat amonarentzat.

- Perlita zuriz betetako urrezko jostorratz bat, aingerutxoen irudi txuria, jantzi beltza eta txapela Constancerentzat.

- Jostailuak ume behartsuentzat.

Xabier Etxeberria Lasa

XX. mende hasierako nekazal mundua

2018-01-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Euzko Nekazarien Bazkunak Getarian izandako presentziaren inguruko zenbait datu eman ziren aurreko idatzian. Baina, hau izan ahal zen herrian egon zen lehen nekazal elkartea? Artxiboko dokumentazioak argitzen digunaren arabera, galdera honen erantzuna ezezkoa izango litzateke. Beste sindikatu baten aipamena, zeharka bada ere,  aurki daiteke, argi eta garbi bere existentzia frogatzen duena, nahiz eta elkarte honen izaera ez dagoen batere argi.

1910eko urriaren 2ko udal akten arabera, Gipuzkoako Aldundiak zabaldutako zirkular baten aipamena egiten da, non nekazal sindikatuek zituzten abantailak herrian zehar zabaltzeko ardura Getariako udalari ematen dion. Badirudi honek bere eragina izan zuela, 1918an sortu baitzen Getariako nekazal sindikatua.

XIX. mendean zehar nekazal munduan zailtasun ugari egon ziren arren, XX. mendearen hasieran aurrerapen nabarmena eman zen produktibitate indizeek adierazten dutenaren arabera, bai espainiar lurralde osoan eta baita euskal lurraldean ere. Kontuan izan behar da euskal lurraren lanketaren ehuneko handiena esplotazio minifundistek egiten zutela, laborantza lurrez inguratutako etxe isolatuek. Aski ezagunak diren baserriak alegia. Nekazaritzaren suspertzeak ez Estatuak eta ezta norbanako edo baserritarrak aurre egiteko prest ez zeuden inbertsioaren hazkundea exijitzeen zuen. Nola egin zitzaion aurre egoera honi? Nekazal asoziazionismoa izan zen baliabide urriak zituzten baserritarren aukera bat.

Egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten  probintzietan sindikalismo katoliko modura ezagutzen denak pisu garrantzitsua izan zuela esan daiteke, batez eta Arabaren kasuan. Gipuzkoan aldiz, oso presentzia mugatua izan zuen. Sindikalismo katolikoak sindikatu modura ezagutzen ziren nekazal kooperatibak zituen herri ezberdinetan. Probintzia bakoitzean federazio bat edukitzen zuten, guztiak Confederación Nacional Católico Agraria izeneko Espainia mailako erakundeak gidatzen zituelarik.

Getariako artxiboko dokumentazioak eta Espainiako Sustapen Ministerioak eskaintzen diguten informazioaren arabera, Getariako sindikatua ez zen aipaturiko konfederazioaren zati. Egia esan, harritzekoa ez dena, 1934ko datuen arabera, Gipuzkoan zeuden 28 sindikatuetatik 8 bakarrik baitziren katolikoak. Dagoen informazioarekin, bi ondorio atera daitezke:

Getariako nekazal sindikatua 1918ak sortu zen, iturri ofizialen arabera.

Ez zegoen C.N.C.A. izeneko erakundearen barnean.

Zein izaera edo joera zuen Getariako nekazal sindikatuak?

Xabier Etxeberria Lasa

Irudia: San Blas baselizako pintura, aztergai daukagun garaian itsasoak eta baserriek zuten garrantziaren isla. Iturria: http://www.guregipuzkoa.eus

Artxiboetan zer?

2018-01-23
Categorías: Archivos, Villabona,

Artxiboetan egiten dugun lana eta aurrera eramaten ditugun ekimen desberdinak ezagutaraztea eta gerturatzea da berri honen helburua. Artxiboak, orokorrean, toki ezezagunak direla esan dezakegu, bertan lan egiten dugunok eta ikerketaren munduan lan egiten dutenak alde batera utziz gero. Imajinario kolektiboan, Artxibo bat irudikatzean paper multzoz betetako gela ilun eta zahar bat datorkigu burura, dena antolatu gabe eta trasteleku bat balitz bezala irudikatzen dugu. Honen aurrean esan beharra dago, nahiz eta hau noiz behinka horrela izan, normalean irudi okerra dela. Gelak apalez beteta egoten dira, eta apal horiek ondo antolatuta eta ordenatuta dauden paperak edo espedienteak dituzten kutxaz beteta daude, denak hurrenkera bat jarraitzen dutelarik zenbakiekin markatuta, kontsultatu behar diren espedienteak ahalik eta azkarren eta era eraginkorrenean bilatzeko. Batzuetan gainera instalazio moderno eta erosoak dituzte apal konpaktu mugikorrekin.

Bertan mota askotako dokumentazioa aurkitu dezakegu: obra haundi eta txikien proiektuak eta planoak, errolda desberdinak, udaletxeko sail desberdinek aurrera eramaten dituzten ekimenen espedienteak,… Eta noski, garai ezberdinetakoa: pasa den urtekoak edota, Villabonaren kasuan, orain 500 urtekoak. Dokumentazio hau, edo ia dena, eskuragarri dugu artxiboan norbaitek kontsultatu nahi izan ez gero. Hori baita artxiboetan lan egiten dugunon helburu nagusietako bat, jendeari arreta ematea.

Esan beharrik ez dago, gure helburu nagusia dokumentazioa ahalik eta egoera hoberenean gordetzea eta zaintzea dela. Dokumentazio hori ez da paper hutsa, baliorik ez duen paper multzoa baizik eta gure ondarea da, idatzizko ondare kulturala da eta babestu behar dugu. Zerbaitek ondare izaera edukitzeko ez du monumentu izan behar, objektu txiki bat izan daiteke edo hitz gutxiko testutxo bat. Beraz, ondo gorde behar da, gaur egundo dokumentu berrien etorkizuna bermatuz eta dokumentazio zaharra baldintza egokietan mantenduz.

Dokumentuen kontserbaziorako, artxibo gelak baldintza berezi batzuk bete behar ditu. Alde batetik, toki asko behar da, papera pilatuta eta airerik gabe  badago, kaltetua izan daiteke eta, hortaz bere espazioa behar du estutasunik gabe. Beste alde batetik, tenperatura eta hezetasun maila zehatzak mantendu behar dira, hauek desegokiak direnean dokumentazioa arriskuan jartzen duten izurrite desberdinak gerta daitezkeelako, onddoak, pipia, xomorroak… ager daitezke.

Gerta daiteke baita ere, beste arrazoi batzuengatik dokumentuak kaltetuak izatea. Villabonako Artxiboan badauzkagu egoera txarrean dauden hainbat eredu. Hauetako bat izango da 1828 eta 1829 urteen artean Tolosako Pedro Nolasco de Telleriak idatzitako obra proiektu bat eta eskuz egindako planoak. Udaletxea Napoleondar gerren bitartean erre egin zuten eta Udalak aipatutako arkitektoari eskatu zion eraikuntza berriaren proiektua. Villabonako dokumentazio guztia udaletxean zegoen Artxiboan zegoen, eta sutearen ondorioz ia guztia galdu egin zen, horregatik dugu fondo historikoan hain sorta gutxi. Aipatutako obraren espedientea, ordea, Artxiboan dugu eta kontsultagarri dago momentuz. Planoak tolestuta gordeak izan ziren eta denbora pasa ahala tolesdurako tokitik puskatu egin dira, gainera egoera okerrera doa hezetasunak ere kalte egiten dielako. Egoera honek horrela jarraitzen badu kontsulta murriztu egin beharko da edo guztiz debekatu. Arazoak baina, badu konponbide erraz bat: planoen zaharberritzea. Dokumentuak aditu bati bidaltzen zaizkio eta honek konpondu egiten ditu murrizpenak kenduz edo saihestuz. Mota honetako lanak ohikoak izaten dira artxiboetan, izan ere, paperak arrazoi desberdin askorengatik sufritu dezake. Arrazoi batzuk, ez daude artxibozainen esku, baizik eta dokumentuen ezaugarriek eragindakoak izan daitezke. Hau gertatzen zaie Villabonako artxiboko dokumentu zaharrenetako biri. 1561 eta 1799 urteen bitarteko auziak eta epaiak jasotzen dizuten bi liburu dira. Horietan Villabonako mugak, Amasa eta Villabonaren arteko liskarrak, Piedadeko ermitaren jabetzaren inguruko auzia eta hainbat zentsuren kitapenak jasotzen dira besteak beste. Garai hartan ohikoa zen liburuetan marka batzuk egitea dokumentua benetakoa zela jakiteko, kasu honetan, sigi-saga itxurako mozketak. Mozketa horiei tinta ferrogalikoaren erabilera eransten badiogu, orrietan gertatu diren kalteak oso haundiak izan dira, horregatik zaharberritzea beharrezko bihurtu da.

Gorago hitz egin dugu gure ondareaz, XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure ondare kulturalaren parte dira eta gure esku dago horien kontserbazioa. Kasu honetan konponbide erraza dute gainera. Horregatik, 2018 urte honetan horien zaharberritzea aurrera eramaten saiatuko gara.  

Gorago hitz egin dugu gure ondareaz, eta kontutan hartu behar dugu XIX. mendeko eta XVI. mendeko bi dokumentu horiek gure herriaren ondare kulturalaren parte direla. Gure esku dago, beraz, horien kontserbazioa bermatzea. Horregatik, 2018 urte honetan Udalak horien zaharberritzea aurrera eramateko ekimena abiatuko du. Hau aurrerapauso garrantzitsu bat da Villabonan, bertako ondare dokumentala oso eskasa bait da. Kontutan hartu behar dugu herriko udaletxeak gorago aipatutako sutean artxiboa ia osorik galdu zuela. Datu modura, erantsiko dugu artxiboan dauden 12.000 erreferentzia ingurutik 100 besterik ez direla XVIII mendea baino lehenagoko dokumentuak (hauen artean akta liburuak). Beraz, gure herriaren ondarea babesteko asmoen barruan dokumentuen zaharberritzea eransteko bideari ekitea jakinarazteko berria da!

Amaia Mendizabal

1. irudia: Tolesduratik puskatuta dauden planoen eredua (sig. 1092-01). Argazkia M. Gatell.

2. irudia: Sigi-sagan mozketak dituen liburuetako baten eredua (sig. 117). Argazkia M. Gatell.

Urte amaierako ezkila-hotsa

2018-01-03
Categorías: Archivos, Zumaia,

Gainean dugu Abenduaren 31, gainean urtearen amaiera. Egun horretako azken minutu eta segundoak noiz iritsiko zain egoten gara urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emateko. Gauerdian, elizako ezkilek 12 aldiz dilin-dalan jotzen dituztenean da unea.

Ezkila-hotsa, ordea, urte osoan entzuten dugu. Denbora zehaztu eta aditzera ematen du. Bizi erritmoa markatzen du gailu hauen soinuak. Horri jarraiki ekin diogu Zumaiako Udal Artxiboan guretzat aurtengo azken idatzia izango dena osatzeari.

Lehen dilin-dalan hotsak 1770. urtera garamatza. Zumaiako kanpandorrearen egoera nahikoa tamalgarria zen une hartan. Hori zela eta, mugakide zuen Debari, kanpandorrea eta teilatua osatzeko beharrezko materialak prestazio komunetik bidaltzeko eskaera luzatu zion. Lanek aurrera jarraitu zuten eta lau urte geroago, 1774ko urtarrilean, parrokian zegoen eta “Santiago” izenez ezagutzen zen ezkila saltzeko batzorde bat sortu zen. Dirudienez, nahikoa kanpai bazen herrian eta hau sobra zegoen. Modu horretara salmenta bidez diru apur bat ateratzea erabaki zuten. Hauxe da Zumaiako parrokiko ezkilei buruzko lehen berri zuzena. Izan ere, aitortu beharrean gara, parrokiko ezkila-hotsei dokumentazioan jarraitzea ez da batere erraza izan. Gezurra dirudien arren, mendetako isiluneak topatu ditugu. 1844koa dugu hurrengo aipamena. Urte horretako uztailaren 21ean, San Telmo baselizako kanpaia parrokiara lekualdatzeko adostasuna jaso zen.

Bi aipamenak laburrak baina adierazgarriak dira. Alde batetik, ezkila bakoitza izendatu egiten zutela ematen zaigu aditzera. Beste aldetik, ezkila hauek berrerabili edota birziklatu egiten zirela. Nahiko ohikoa izaten zen ezkila zaharra edo matxuratua kanpaigile-maisuari bidali eta hura urtuaz berri bat egiteko eskaera egitea. Aintzat hartu beharra dago garai haietan metalak izan zezakeen balioa eta kanpai berri bat egitearen kostua ez zirela  nolanahikoak izango.

XX. mendearen hasierara egin behar dugu salto ezkila-hots ozenak berriz entzuteko. 1914an jasota dago Zumaiako parrokoak eskerrak ematen dizkiola Udalbatzari ezkila berri bat edo bi erosteko diru-bilketari 100 pezetarekin hasiera emateagatik. Hori horrela, agerikoa da Zumaiako parrokia ezkila berrien beharrean aurkitzen zela. Hala ere, ez da harritzekoa, dokumentazioak gezurrik esaten ez badu behintzat, eta bertako isiluneak aintzat hartzen baditugu, parrokiko ezkilek mendeetan makina bat dilin-dalan emanak izango ziren eta!

Ezkila-hotsak atzean eta ezkila-hotsak aurrean. Urte amaiera eta urte hasiera. Mitologia erromatarreko Jano jainkoaren gisan. Urte amaierak etorkizuna baikortasunez begiratzeko uneak biltzen dituela esan dezakegu. Guk ere horrela bukatu nahi dugu 2017a, urte berrian tarte hau zuekin partekatzen jarraituko dugula eta bertan topo egingo dugula pentsatuz. Zumaiako Udal Artxiboan muturra sartuta, gai berrien ezkila-hotsen atzetik topatuko gaituzue datorren urtean ere.

Goza ditzazuela Urtezahar gaueko dilin-dalan soinuak eta 2018 oparoa izan dezazuela!

Oihana Artetxe


Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak II: San Pedro Parrokiako San Anton kapera

2018-01-03
Categorías: Archivos, Zumaia,

Aurreko idatzian Elorriaga leinuaz eta San Bernabe kaperaz aritu ginen. Familia horrek 1503an San Pedro elizan kapera egiteko baimena lortu zuela ikusi genuen. Dokumentu hartan, ordea, zeharka bada ere, San Pedro elizaren kudeaketaren inguruko informazioa jasotzen zela nabarmena izan zen. Bestalde, agerian geratu zen, baita ere, elizan familia edo leinu baten sepulturaren kokapenaren garrantzia. Hau ederki adierazten da urtebete geroagoko, 1504ko irailaren 1eko, antzeko beste dokumentu batean.

Oraingo honetan Bachiller Jofre Ibáñez de Sasiolari Zumaiako San Pedro Elizako Santa Katalinaren omenezko aldarearen azpiko lurra saldu zitzaioneko dokumentua dugu. Ondoren transkribatzen dugun zati honetan lur hori lortzeko prozesua azaltzen da:

“… otorgamos e conosçemos que por cabsa e rrazón que la dicha yglesia de sennor Sant Pedro e la fábrica d’ella está al presente en mucha nesçesydad para fazer e çerrar la capilla mayor de sobre el altar mayor, e vos el Bachiller Jufre de Sasyola, vasallo del Rey e de la Reyna nuestros sennores e de su Concejo, para suplir la nesçesydad presente de la dicha yglesia e fábrica d’ella ofreçistes e prometistes çinquenta ducados de oro para los luego pagar por el suelo de la capilla qu’es debaxo del altar de Santa Catalina en la dicha yglesia, para lo que teníades vos el dicho Bachiller, liçençia e premisyón del Vicario General del obispado de Panplona, la qual dicha postura e preçio de los çinquenta ducados vos fue pujada por Martín Ybannes de Arteaga e por Juan de Arteaga, su nieto, fasta que llegaron las dichas pujas de entre vos, el dicho Bachiller, e las otras partes a çiento e sesenta ducados de oro. E después vos, el dicho Bachiller, pujastes el dicho suelo de capilla de quarenta ducados más e los pusystes en preçio de dosientos ducados de oro, e las otras partes non fisieron más puja sobre vos, el dicho Bachiller, rrematado commo en mayor pujador por los dichos manobreros. E por ende, nos el dicho conçejo, alcalde, preboste, jurados, oficiales, omes fijosdalgo suso dichos, commo patrones que somos de la dicha yglesia, en vna conformidad e concordia, desimos que loamos, rratyfycamos e aprobamos el dicho rremate del dicho suelo de capilla en vos el dicho Bachiller.”

1504an San Pedro elizako obrek jarraitzen zutela nabaria da, baita horiek gauzatzeko zuten diru falta ere. Finantzaketa modu bat elizan lurperatzeko lurraren salmenta izan zen argi eta garbi. Kasu honetan, Elorriagatarrekin gertatu bezala, elizako gune nabarmenetako bat eskuratu zen, baina prozesua guztiz desberdina izan zela ikus daiteke. Oraingoan, lur zati hori, enkante moduan atera zuten salmentara eta horri esker jakin dezakegu hura lortzeko egon zen borrokaren eta botere talkaren berri.

Zumaiako bi leinu garrantzitsuk nahi zuten eremu hori: Sasiola eta Arteaga leinuek. Biek komunitatean zuten boterearen erakusgarri izango zen sepultura nahi zuten elizaren barruan. Azkenean, Sasiola leinuak lortu zuen urrezko 200 dukaten truke. Gogoan izan, urtebete lehenago, Elorriagatarrei urrezko 40 dukateko eskaera egin zitzaiela kapera egiteko. Hala ere, kontuan izan behar dugu, elizako tokirik nabarmenean kapera egiteko azken aukera zela enkantean jarri zena. Hau da, Elorriagatarrek aldare nagusiaren eskuinaldeko eremua eskuratua zuten jadanik kapera egiteko. Beraz, 1504an Sasiola eta Arteagatarrek borrokatu zutena aldare nagusiaren ezkerraldean kapera egiteko aukera izan zen. Sasiolatarrek egingo duten kapera gaur egun Zumaiako Parrokian dagoen San Anton kapera da.

Bi dokumentu horiek XVI. mendearen hasierako gizartean familia edo leinuaren sepulturaren kokaguneak zuen garrantziaren berri ematen digute. Hori horrela, garai hartako elizako sepulturen kokaguneak orduko Zumaiako komunitatearen berri emango ligukete. Sepultura horien planoa XVI. mende hasierako Zumaiako gizartearen isla litzateke.

Oihana Artetxe


Euskararen alfabetizazioa Getarian

2017-12-13
Categorías: Archivos, Getaria,

Gaurkoan, urrian  aipatutako alfabetizazioaren gaia, denboran salto bat emanda, eta euskara erlazionatuko ditugu 1970eko hamarkadan. Abenduan euskararen gaia jorratzearen zergatia argia dela esan daiteke, hil honetako 3. egunean ospatzen baitugu Euskararen Nazioarteko Eguna.

Jakina den moduan, XX. mendean gure hizkuntzaren osasuna oso aldakorra izan da arrazoi ezberdinak direla medio. Urrian esan bezala, XIX. mendearen amaieran euskara ia hezkuntzatik at zegoen, ekimen pribatuaren bidezko eskola planteamenduak agertzen joan arren. 1857etik 1970era bitartean indarrean egon zen Moyanoren legeak gaztelaniazko gramatikaren derrigorrezko irakaskuntza ezarri zuen espainiar lurralde osoan.

1917an, Hego Euskal Herriko hiru probintziek Euskal Herriko Mankomunitatea sortzeko bideari ekin zioten, eta horren isla dira Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioetako administrazioan euskararen erabilera dokumentatu izana. 1918an Eusko Ikaskuntza, 1919an Euskaltzaindia eta 1927an Euskaltzaleak elkartea sortu ziren. Bigarren errepublika izango da erabilerari dagokionez ordura arteko aro garrantzitsuena.

Gerra Zibilaren ondoriozko Francoren agintaldiaren garaiak atzerapauso nabarmena suposatu zuen. Guda Zibilean eroritako azken euskal lurraldearekin batera, euskarak hilabete gutxi batzuetan gozatutako ofizialtasuna ere galdu zuen. Ofizialtasuna galtzeaz gain, hizkuntza bera erabiltzeko mugak handituz joan ziren. Gerra ondoreneko urteetan, euskara irakasten jarraitu zuten gutxi batzuk, oso baldintza zail eta arriskutsuetan.

Euskaltzaindiak bultzatuta, 1966an euskaraz alfabetatzeko lehen kanpaina jarri zen martxan, eta urte honetan jarri ziren AEK-ren (Alfabetatze eta Euskalduntze Kordinakundea) eraikuntzaren lehen harriak.

Francoren heriotzak eta diktaduraren erorketak euskarari bideak ireki zizkiola esan daiteke, pixkanaka, erakunde publikoen aldetik euskararen alfabetatze prozesuan erraztasunak eskaini baitziren. 1976ko otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekrektuaren bidez gobernuaren onarpena lortu zuen Euskaltzaindiak. Hortik aurrera, aipatutako erakundeak bere eragina handitu egin zuen nabarmen.  Horren erakusgarri dugu Getarian jazotakoa. Udal akten arabera, 1976ko azaroaren 30ean Ignacio Zulaicak , “profesor titulado por la Academia de la Lengua Vasca”, baimena jaso zuen Eskola Nazionalen lehendakariaren eskutik, Hezkuntza eta Zientzien Delegazioaren bidez, euskarazko alfabetizazio klaseak eman ahal izateko zehazki aipatzen ez den Elkano kaleko lokal batean. Baldintza bakarra jarri zitzaion, erabili beharreko materialaren gastuak berak ordaintzea.

Xabier Etxeberria Lasa

Oreretako harresiak 1613an: Gruyere gazta bat?

2017-12-11
Categorías: Archivos, Errenteria,

1.- Harresiak, babesa ematetik haratagoko elementua

Jakina da hiribildu titulu eta maila juridikoa eskuratu zuten populazio guneek, inguruarekiko ezberdin edo aipagarri egiten zituzten elementuen artean harresiak zituztela. Askotan, eta Gipuzkoako kasua horren lekuko da, harresi hauek ez ziren Artaxoa, Avila edo Lugon ikus daitezkeenak bezalakoak, askoz elementu soil eta xumeagoak baizik. Hori dela eta, gure lurraldeko hiribilduetan izan zezaketen funtzionaltasuna behin baino gehiagotan ezbaian jarri da, bereziki Erdi Aroan zehar bizi zen barne-giro ezegonkorra baretu zenetik. Horren lekuko dugu hirigintza kontuetan emandako prozesuak eta hauen baitan harresi horiek izan zituzten erabilerak. Hamaika lekutan babeserako ziren azpiegitura horiek eraikuntza elementu soil izaten amaitu zuten. Ondoan zituzten etxeak handitu eta zabaltzeko asmoz, euskarri gisa erabilitako ormatzar bihurtu ziren.

Hasiera batean, harresiaren eta parean zuten etxeen artean tarte bat zegoen, erronda egiteko erabiltzen zena, besteak beste. Denborak aurrera egin ahala, bereziki XV. mende hasieratik aurrera, espazio hura okupatzen joan zen, normalean modu alegal edo ilegal batean. Udalbatzek nahi eta ezinezko politika bat eramaten saitu ziren, baina azkenean amore eman beharrean izan ziren, joera nagusiari ezin eutsiz (1).

2.- Errenteriako harresiaren aprobetxamendua

Orereta, Oiartzungo Huriberri edo Errenteria hiribildua aipatzen dugun prozesu horren lekuko izan da. Bere harresiek gainera, nolabaiteko erakargarritasuna izan dute eta hainbat lanek beraien inguruan jardun dute (2). Zoritxarrez, plazaratu diren emaitzak halamoduzkoak izan dira, bereziki garaian zegoen hutsune dokumentalagatik. Zorionez, aurreko mendeetako idatzietan barneratzeak oraindik uzta oparoa eman dezake. Datozen lerroak horren lekuko dira, harresiaren inguruan oso datu interesgarriak ematen dituen dokumentu bitxi baten inguruan jardungo baikara.

Udal aktetara joaz, harresiaren defentsa-erabilera zalantzan jartzeko lehen susmoak topa daitezke. Dokumentazio horretatik eskuratutako datuen artean, harresietan zuloak egiteko udalbatzak emandako baimenak ditugu, bereziki 1606 eta 1704 urte bitartean. Horrek, hirigintza-elementu esanguratsu hark izan zezakeen babes-funtzioa nahiko mugatua zela islatzen du, baita 1638ko erasoa jazo baino lehen ere. Jakina, halako baieztapenak tentuz, behin-behinean hartu behar ditugu, eta oinarri sendoagoa izate aldera, baimen horiek harresiaren zein tokitan eta zertarako ematen ziren ikertzea funtsezkoa litzateke. Izan ere, badirudi hainbat kasutan babes kontuak oso aintzat hartu zirela eta horren arabera zulaketak egiteko baimenak eman zirela; beste modu batera esateko, lizentzia lortzeko baldintzen artean, arriskuen aurrean zuloa berriz ixtea zegoen; hori izan zen, adibidez, Urdangarin etxearen kasua: harresiaren zatian egin zuen atea ixteko agindua eman zitzaion 1637an, frantsesen etorreraren zurrumurruen aurrean.

Hala ere, Errenterian, hainbat kasutan harresi eta etxeen arteko tarteak mantendu zirela ematen du, gutxienez XVIII. mendera arte. Dena den, horrek ez du esan nahi harresiak hirigintza aldetik erabili ez zirenik; aitzitik, tarte hori errespetatuz beste konponbide bat topatu zen: tarte horretan korridore edo pasilloak eraikitzearena, hain zuzen ere. Hor daude, besteak beste, aktetan dokumentatu daitezkeen Frantziska del Bruel (1585), Blas Jerezkoa (1609), Lubeltza etxea (1612koa) Migel Felix Etxezarretakoa (1684) edo Juan Galardikoaren (1700) kasuak.

3.- 1613ko ikuskatzea: lau “espaloi”, hainbat etxe

Harresia zulatzeko lizentzia horietako batek auzia sortu zuen baimendutakoaren eta udalbatzaren artean. Afera epaitzeko ardura korrejidoreak hartu zuen eta honi esker, auzia Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorraren funtsen artean gordeta dugu, zehazki AGG-GAO CO LCI 417 espedientean.

Baimenaren inguruko eztabaidetatik haratago, prozesuak bere baitan altxor preziatua gordeta du: 1613ko harresien ikuskatzea, hain zuzen ere. Azterketa hau benetako pagotsa da gune horrek frantsesek eragindako sutearen aurretik zuen egoera jakiteko, baina ez hori bakarrik. Harresiaren azterketak berak toponimia lanetan egin diren ekarpenak osatzeko balio du, hainbat etxeren kokapen zehatza jakingo genukeelakoan baikaude. Era berean, eta datuak uztartuz, 1638. urtearen ondoren eman zen berreraikuntza prozesua aztertu daiteke eta halaber, kronologikoki atzeranzko bidea eginez, ikuskatzea 1512-1613 urteen arteko garapena zein izan zen jakiteko funtsezko euskarri dugu. Hau guztia, jakina, beti ere dokumentazio eskasiak edo testuek gaiari buruz eman ditzaketen informazioek hamaika muga jarri ditzakeela aintzat hartuz.

Auzia Juan Amasakoari emandako baimenaren inguruan diharduenez, 1613ko azaroaren 11ko ikuskatzea bere etxeetatik abiatu zen, ondoren hiribilduari itzulia emanez. Higiezin horiek errebaleko atearen ondoan zeuden eta datu ezberdinak lotuz,  badirudi XV. mende amaieratik gutxienez, etxe horien jabetza abizen beraren baitan egon zela. Izan ere, Errege Katolikoek lonja ezartzeko baimena eman zutenean, 1497an, hori eraiki artean errebalaren ondoan zeuden Pero Amasakoaren etxeetan egongo zela agintzen zuten: “que está junto con la puerta que salen de la dicha villa para la villa de San Sabastián, a man ezquierda” (3).

Ikuskatzeak Amasaren etxetik beheranzko bidea hartu zuen: Errebaleko edo Donostiako atea, Zubieta lizentziatuaren etxeak (orduan lonja moduan erabiliak), Lubeltza “etxe zaharrak” eta beste hainbat aipatuz. Horiek guztiek lehenengo zati, eremu edo, dokumentuan aipatzen den bezala, “espaloia” osatzen zuten. Ikuskatzea halako lautan banatu zen eta azterketa guztian ate bakarra aipatzen bazen ere, gaur egungo alde zaharraren forma aintzat hartuz, lehenengo begiratuan zati horiek primeran identifikatu daitezke.

Hiribilduari bira emanez, ikuskatzeak 53 etxe aipatzen ditu: lehenengo espaloian, hogei; bigarrenean, hemeretzi; hirugarrenak sei lituzke, tartean “dorre zaharrak”: “las torres biejas de los herederos de Marina de Ysasti, que las posee Juan de Aruelaiz, edificados sobre las dichas murrallas”. Hemen zailtasun bat dugu, “La Torre” izeneko etxeak eta “dorre zaharrak” aipatzen baitira, hurrenkera horretan eta azkena espaloiaren amaiera delarik; horregatik, azken horiek eta ez “La Torre”, Torrekuari dagozkiola uste dugu.

Laugarren espaloia, “Morrontxo”-rekin hasiko litzatekeena, ez du inolako dorrerik aipatzen, Frantzisko Arramendikoaren etxeak baizik. Ziurrenik Arramendiren atzean Arranomendi irakurri beharko genuke eta modu honetan, Frantzisko hori 1496 inguruan hil zen Morrontxeren semea genuke.

Azken espaloi honek hau zati nagusitan bereizten da, baina ez dagozkie beste horrenbeste etxeri. Arramendiren higiezinaren ondoren bi etxe multzo aipatzen dira: “beste lau etxe” (“otras quatro casas seguientes”) eta hauen ondoren “beste bi etxe” (“yten, dos casas seguientes en la propia açera”); espaloiaren amaieran Tomas Zelaiakoa eta andre Milia Zubietakoa senar-emazteen etxeak leudeke. Funtsean, beraz, harresiaren zati honek 8 etxe bilduko lituzke. Hemendik eta Amasaren etxera higiezinik gabeko tarte bat legoke, ondoan harresia eta eliza ludekeelarik, gaur egun argi eta garbi ikus daitekeen moduan.

4.- Etxeei buruzko datu batzuk

Orokorrean, ikuskatzeak agerian uzten du harresian hamaika zulo egin zirela, leiho eta ateetarako. Azken elementu hauek erabilera ezberdinak zituzten; orokorrean sotoetara joateko sarrerak dira, bertatik merkatalgaiak eta bestelako gauzen sartu-irtena bideratzeko. Batzuetan, ordea, ate hauek etxearen eta harresiaren arteko gune irekietarako sarbidea ziren, baratzak edo lorategiak zituzten tarteetarako, hain zuzen ere. Migel Alduntzingoa lizentziatuaren etxeak, adibidez, harresiaren zatian lau leiho, atea eta “harrizko lorategia” zuen: “Yten, las casas prinçipales del dicho liçençiado Miguel de Aldunçin, que están fabricadas por la parte de atrás sobre la dicha murralla. Tienen en ellas quatro ventanas y una puerta baxa y jardín de piedra”. Handik gertu zegoen Grazia Galartzakoaren jaraunsleen etxeak ere halako lorategia zuen, baita Domingo Zubietakoaren oinordekoena ere. Baratzeei dagokienez, Esteban Alduntzinen kasuan aipatzen dira.

Itxura aldetik dorretxeak dira eraikinik azpimarragarrienak, baina ez bakarrak. Juan Ortiz Agirrekoaren jaraunsleen etxeak, gorago aipatu dugun beste egitura berezi bat du: harresi gainean etxea eraikita izateaz gain, sotorako ateaz aparte, egurrezko korridorea duela aipatzen baita.

Datu bitxiagorik topa daiteke. Errebaleko atetik beheranzko bidea eginez, Jakue Beraungoaren etxea dugu, harresian bertan armarria duena. Bere kasua hagitz interesgarria da. Batetik, harresiaren funtzioen galera adierazten du, euskarri soil moduan zuen erabilerari lehentasuna ematen zitzaiolarik; hau da, harresia bera eta etxeen paretak ezberdintzeko zailtasunak zeuden, osotasun bat osatzen zutelaren seinale. Izan ere; azterketa egin zenean, Beraunek berak zioenez, armarria eta leihoa ez zeuden harresiaren paretetan: “dixo que son distintas la pared de la dicha muralla y la parte donde están las dichas armas y bentana”. Baina hori ez da adibide horrek ahalbidetzen duen hausnarketa bakarra. Beraunen etxea non dagoen ikusita eta armarriaren aipamena aintzat hartuta, duela aste gutxi hiribilduko ondareak izan duen eraso eta galera baten inguruan aipamena egitera garamaratza. Datu gehiago bildu behar direla ohartu beharrean gaude, baina kokapena eta elementuaren aipuak aintzat hartuta, ez litzateke harritzekoa izango 1613ko armarria eta berriki inguru horretan suntsitu dena, gauza bera izatea (4); are gehigo armarriaren elementuek, XVII. mendekoak ziruditenean.

  

Espazioaren aldetik, interesgarria litzateke gaur egungo etxeek eta 1613koek zabaleran orube bera betetzen zuten ala ez jakitea. Honela, etxe-jabe batzuek ondoko sailak eskuratu zituzten ala ez eta hori noiz egin zuten jakiteko oinarri batzuk jarriko genituzke. Ildo honetatik, urte hartan egindako azterketan, harresi ondoko guneek okupazio nabarmena zuten. Hala ere, bazeuden eraitsita edo orubea erdi hutsik zituzten zatiak. Lehenengo espaloian aipatzen den Labaienen etxeek horren adibidea ematen digute. Eraikina ordurako eraitsita zegoen, baina ez hori bakarrik, alde horretan harresia ere hautsita zegoela ematen du: “Yten, los suelos de las casas que fueron de Labayen y están desechas y tiene rota la murralla [sic] sin puerta para seruiçio”.

Iago Irixoa

(*) 1857ko Morrontxo eta Torrekua arteko atearen argazkiarako, ikus RUIZ DE AZÚA, J.: “Las primeras fotografías”. In: Oarso, 2014, 13-23 orr., bereziki 21. Udal Artxiboan ere, horiek kopiak gordetzen dira. Eskerrak eman nahi dizkiogu Luis Elberdini datua helarazteagatik.

(1) Honen inguruan, ARÍZABA BOLUMBURU, B.: Urbanística medieval (Guipúzcoa). Donostia: Kriseilu, 1991, bereziki 123 orr. eta hh. Donostiako kasurako, ikus baita AGUINAGALDE OLAIZOLA, F. B. de: “La reconstrucción de un espacio urbano. Vicisitudes de las torres del Preboste, en la calle de las Carnicerías (Embeltrán). Siglo XV-1813”. In: BEHSS, 23 (1989), 79-131 orr.

(2) LECUONA, M. de: “Rentería, villa amurallada”. In: Oarso, 4 (1961), 5-7 orr.; OBESO, X.: “Las murallas del este de la villa de Rentería”. In: Oiarso (1989), 117-118 orr.; SARASOLA, N.: “La muralla de la Villa de Errenteria: Intervención arqueológica en el solar Kapitanenea 16”. In: Oarso (2006), pp. 44-47. Ald. IBÁÑEZ ETXEBERRIA, A.; AGUIRRE-MAULEÓN, J.: “Consideraciones arqueológicas en torno al urbanismo en Rentería en el siglo XVI”. In: Bilduma, 10 (1996), 29-43 orr.

(3) CRESPO RICO, M. A.; CRUZ MUNDET, J. R.; eta GÓMEZ LAGO, J. M.: Colección documental del Archivo Municipal de Rentería. Tomo II (1470-1500). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 95. dok.

(4) http://herribizia.errenteria.eus/2017/10/27/errenteriako-udalak-herritar-guztiak-deitu-ditu-historia-ondarea-babestera/; http://oarsoaldea.hitza.eus/2017/10/27/ondare-historikoa-babestera-deitu-du-udalak/; http://oarsobidasoa.hitza.eus/2017/11/06/lotsaren-murrua/).


Euskararen debekua XVIII. mende hasieran

2017-12-11
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dugu; euskaldunontzat data berezia dugu, beraz. Hori dela eta, oraingoan Oiartzungo udal aktek euskararen inguruan aditzera ematen diguten datu bat plazaratu nahi dugu.

Jakina da aurreko mendeetako dokumentazio historikoaren portzentaia nagusia erdaraz idatzita dagoela; hagitz gutxi dira testu elebidunak edo euskara hutsean sortutakoak. Egon badaude, baina erdararen ozeanoetan uhartetxoak bailiran agertzen zaizkigu; edo hobe esanda, eta duela hilabete gutxi batzuk plazaratutako oso ikerkuntza interesgarri baten hitzak geure eginaz, “iceberg” bat bezala. Izan ere, eta errealitate dokumental erdaldun horri azterketa kritiko bat eginez gero, euskarari lotutako hainbat arrasto, ideia eta lorratz eskuratu daitezke. Dagoeneko hamaika dira hori agerian utzi duten lanak, baina ez genuke aukera galdu nahi azkeneko boladan argitaratu diren bi azpimarratzeko: alde batetik, orain aipatu dugun eta XVI. mendeko Nafarroa hizpide hartuta, aurten Peio J. Monteanok burutu duena; bestetik, eta XVII-XVIII. mendeetako Euskal Herriko egoera aintzat hartuta, Juan Madariagak egindakoa (1).

Testu historikoen aprobetxamendua anitza da eta gure hizkuntzari lotutako datu hauek zuzenean nahiz zeharka ikus ditzakegu, baita Oiartzunen ere. Batetik, ageriko informazioa dugu, erran nahi baita euskal hitz, esaldi edo testuak biltzen dituzten dokumentuak. Lehenengoetarako udal aktek hamaika adibide eskaintzen dizkigute, eta beste artikulu batean jorratzeko asmoa dugu. Aurrerapen bezala, euskararen presentzia esparru ugaritan agertzen dela esan dezakegu: burdinola, errota edo zubiak bezalako azpiegituren inguruko eraikuntza- edo konponketa-hitzarmenetan, abeltzaintza edo nekazaritzari lotutako idatzietan, gizarte ohitura eta usadioei dagokienetan eta abar. Halaber zeharkako datuak daude, eta oraingoan hauei helduko diegu.

Udal akordioetan agertzen zaizkigun informazioen artean, hainbat profesional kontratatzeko asmoz egindako hitzarmenak ikus daitezke, eskola-maisuak horien artean. Halako eskrituretan bi aldeek hainbat betebehar edo baldintza ezartzen dizkiote elkarri, eta biek ala biek horiek errespetatzeko hitza ematen dute. Oso informazio aberasgarriak dira eta gainera, esparru horretan euskarak izan zuen, izan ez zuen edo izan zezakeen presentziarekin lotutako datuak eskuratu ahal izan ditugu. Horrek garrantzia du, gaia oso gutxitan aipatzen baita eta bere inguruan daturik jasotzen bada, zeharkakoa da, edo ez oso sakona. Behin edo behin, ordea, begira ematen duen informazioa azaleratzen da, eta esan bezala, horri lotutako informazio bat hizpide hartuko dugu; sakontasun handiagoa merezi beharko lukeen datua eta gaia jorratu duten ikertzaileei baliogarria izango zaiena.

Aktetan topatu ditugun eskola-maisuei buruzko lehenengo aipamenak 1672koak dira. Orduan Matias Fagoaga besamotza eta Karlos Irisarri jardun horretan aritzeko adostu zen. Beraien egitekoak honakoak ziren: “ambos los otorgantes de maestre escuela de niños y niñas del dicho Balle, enseñándoles a leer, escriuir, contar, ajudar a missa y la dotrina cristiana”. Urte gutxiren buruan Irisarri zendu zen eta Fagoagak lan hori burutzen jarraitu zuen, eragozpen fisikoak eragozpen; ez hori bakarrik, lana ondo antzean egiten zuela ematen du, 1677ko abenduan bere kontratua beste 6 urtez luzatu baitzen. Orduan jasotzen zen moduan, bere jardunean bete beharreko helburuak honakoak izango zituen:

“enseñándoles y documentándoles a leer, escriuir, contar, ayudar a misa y la dotrina christiana y otras oraziones y virtuosas en nombre y gloria de Dios, nuestro Señor, y vien d’ellos y enseñándoles ansí vien la urbanidad, cortesía y modo con que se an de portar sin que por y negligencia [sic] del dicho Mathías de Fagoaga pierdan los niños el natural que trajeren”.

Ikus daitekeenez, hizkuntzaren inguruan ez da inolako aipamenik egiten. Horretarako XVIII. mende hasiera arte itxaron beharko dugu, 1702ko ekainera arte hain zuzen ere. Andres Albirenarekin garai hartan hitzarutako kontratuan, maisuak, zetozen bi urteetan honakoa egin beharko zuen: “los tendrá en la escuela a los muchachos, hixos de vezinos y moradores del dicho valle enseñándoles la Doctrina Cristiana, leer, escriuir, contar y castellano”. Esan bezala, hau da hizkuntzaren irakaskuntzari buruz Bailarako udal-aktetan topatu dugun lehen datua. Ziurrenik aipamenak azkeneko urteetan umeei gaztelaniaz irakasteko helburuak oso zorrotz betetzen ez zirela aditzera eman nahi du. Lanean ardura gehiegi ez jartzearen inguruko salaketak ez dira ezohikoak. Errenterian, adibidez, halako egoera mende t’erdi luze bat lehenago dugu, 1547an hain zuzen ere. Beraz, gurean gaztelania aipatzearen zergatia, hizkuntza hau fundamentuz ez irakastearen ondorioa izatea.

Gure lerro hauen helburuari begira, ordea, 1704ko abenduaren 6an Oiartzungo udalbatzak Frantzisko Juanaberria Urnietako eskola-maisuarekin adostutako hitzarmena da benetan interesatzen zaiguna.

Ikusi dugunez, maisuaren betebeharrak hainbat esparrutara hedatzen ziren, ez soilik idazten, irakutzen eta zenbatzen jakitera; hezibide eta portaera onak sustatzeko kontuak ere bazeuden. Besteak beste, pertsona nagusiak pasatzerakoan kapela kentzea, birao egiten zutenei zigorrak jartzea eta, hezkuntza zorrotz eta gogor baten isla moduan, eskolan ondo edo ondo baino hobeto zihoazenei laudoriorik ez egitea; aitzitik, noizean behin zigortzea ondo letorkioke, nahiz eta errurik ez izan (A-1-12-1, 324 au. folioa).

Oraingoan baina, beste neurri bat da atentzioa ematen duena, euskararen ingurukoa. Hartutako xedapen gogorrak ikusita, bi urte lehenago Albirenarekin sinatutako baldintzek islatzen zutenaren ildotik ulertu behar direla ematen du; alegia, gaztelania ondo irakasteko asmoekin.

Hasiera batean, Juanaberriaren baldintzetan euskararen aldeko ekimenen arrastoa dugu, dotrina euskaraz ematea adosten baita: “y podrá mandar a un muchacho que sepa bien, diga las oraciones, a la mañana en bascuenze y a la tarde en romance”. Pixkat beherago ordea, aldeko jarrera hau jazarpen gordin bihurtzen da. Maisuaren egitekoen artean, umeei, eskolan ez ezik, kalean euskaraz hitz egitearen debekua gogoraraztea eta hori bideratzea dago:

“El berano, desde marzo asta los húltimos de septiembre, yrá el maestro a la escuela a las siete de la mañana y podrá salir como arriua está dicho. Y a la hora de salir les dará orden para que ninguno able bascuenze, y que los acusadores tengan también particular cuydado para auisar al maestro quiénes hablan”.

Bai azken puntu hau zein dotrina euskaraz ematearena Juanaberriak sinatutako irizpide edo araudian agertzen dira; hau da, profesionalak udalbatzari aurkezten zion plangintzaren baitan zegoen kontua zen. Ondorioz, herriko gobernuaren esku zegoen horiek onartu ala ez. Agidanez, Oiartzungo agintariek begi onez ikusi zituen, behin-betiko adostutako neurrietan honakoa jarri baitzuten:

“2. Yten, que les aya de enseñar a los muchachachos [sic] que asistieren a él a leer, escriuir, contar y dotrina christiana, yntroitos y romanze, dándoles para ello los acusadores y palillos que combengan para mayor cuydado y vijilancia, de manera que los dichos muchachos dentro de la escuela y fuera de ella, en las plazas y calles, no ayan de hablar vascuenze sino castellano vnos con otros, poniéndoles para ello penas, acusadores y palillo”.

Ikusten denez, ordurako salatari eta zigorren dinamika martxan zegoen. Bailararen kasuan ez zen denok buruan dugun eraztuna, zotz edo “makiltxoa” baizik. Baina tresna edozein delarik ere, Oiartzungo kasuak beste gauza bat agerian uzten du: zigortu eta debekatu beharreko esparruen artean euskararen erabilera zegoela, eta jazarpen honen inguruko ekimenek izaera goiztiarra izan zutelarena.

Jakina da euskararen inguruko neurriak XVI. mende erdialdetik eman zirela. Batzar Nagusietan prokuradore izateko gaztelania, irakurtzen eta idazten jakin behar zen. Izatez, ez dugu euskararen aurkako jarrera bat bezala ikusi behar, elitizazioa eta gobernuaren partaidetza ixteko asmoz egindako saiakera moduan baizik. Izan ere, ia bere osotasunean euskaldun elebakar eta alfabetatugabea zen lurralde batean gobernu itxi bat lortzeko eta gobernu-erakundeetan jarduteko zer hobe eta halako baldintzak ezartzea: irakurtzen eta idazten jakitea, eta gainera hori gaztelaniaz egitea.

Neurri hauek maila probintzialetik hiri eta herri mailetan pixkanaka ezarri zen, baina halako xedapenak teorikoak ziren, leku askotan ez baitziren bete. Denbora igaro ahala, ordea, gaztelaniari geroz eta garrantzia handiagoa ematen hasi zitzaion, maisuei eskolak hizkunta horietan ematera agindu zitzaielarik. Modu honetan, XVIII. mende erdialdean ez ziren gutxi euskararen galeran maisuak eta eskolak faktore nagussi moduan jartzen zituztenak.

Halako erabakien atzetik Borbondarren politika zentralistek lotura estua izan dute, eta gaur egun indarrean dauden tesiek horietan oinarritu dira. Bailararen adibideak, berriz, agerian uzten du ideia horrek ausnarketa sakonago bat merezi beharko lukeela; halakoak zein testuingurutan eta zein helbururekin egiten ziren ulertzea ezinbestekoa da. Ez dugu ahaztu behar 1704rako Felipe V.-ak Espainiako koroa eskuratua bazuen ere, gerra garaia zela, Ondorengotza Gerraren garaia, hain zuzen ere. Eta testuinguru horretan hezkuntza eta jazarpen politikak abiaraztea zaila zen, edo ez zuten lehentasunik.

Ondorioz, Oiartzunen ikusten duguna, XVII. mende amaieran indarrean zer nolako ideia, proposamen eta ekimen zeuden azterttzera eraman behar gaaituelakoan gaude, eta bereziki, zer helbururekin egiten ziren. Eta jakina, halakoek denboran zehar jarraipen bat izan zuten ala ez; debeku soil batetik jazarpenerako bidea egin zuten. Izan ere, gaur egun minez ikusten ditugun neurriak euskaldunek beraiek (edo, hobe esanda, udalek) sustatu zituzten, hein batean bada ere. Zaila gerta dakiguke halakorik onartzea edo ulertzea, baina duela denbora asko ez dela hamaika herritako agintariek bertako umeei gaztelaniaz egoki edo ahalik eta ondoen irakasetaren beharra oso buruan zuten. Ez ziren gutxi maisu eta maistrei kezka hori helarazten zizkietenak, bereziki gazteak soldaduskara joan eta gaztelaniaz ongi (edo bat ere ez) ez jakitearen ondorioz pairatzen zituzten iseka eta krudelkeriak direla eta.

Azken finean gure iragana ez da beti loriatsua, bukolikoa eta bikaina izan; argilunez betetako unibertsoa dugu. Eta hori da Historiaren lana: halakoak ezagutaraztea eta jendeari ulertaraztea; ulertzeak ez baitakar ikusten dugunarekiko adostasun bat. Gauzak dagozkien testuinguruan jartzea ezinbestekoa da, iragan mendeetan ez baitzen guk horren perfektutzat dugun eskema mentala jarraitzen. Hori bai, horretarako fundamentuzko lan bat burutu behar da; ustez desmitifikazio objetibo bat bilatzen duten baina benetan partzialtasunez beteriko mamia duten sasiekimenetan erori gabe.

Iago Irixoa

(1) MONTEANO SORBET, P. J.: El iceberg navarro. Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI. Iruñea: Pamiela, 2017 eta MADARIAGA ORBEA, J.: Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII. Bilbo: Euskaltzaindia, 2014. Eskola kontuetarako, lehenengoaren 105 orr. eta hh., eta bigarrenaren 239 orr. eta hh.


Luxuaren balioa

2017-12-11
Categorías: Archivos, Villabona,

Udal guztietan badaude udalerri bakoitzari eragiten dien arau juridiko batzuk ordenantza bezala ezagutzen direnak. Udalerrian ordena mantentzeko egiten diren arauak dira eta Udalak osoko bilkuran onartu behar ditu balekoak izan daitezen. Mota desberdinetako ordenantzak egiten dira: fiskalitate kontuak erregulatzen dituztenak, hirigintzako gai desberdinak antolatzen dituztenak (txabolak, estetika, terrazak e.a.) edo poliziari eragiten dietenak. Villabonako Artxiboan mota eta garai desberdinetakoak dauzkagu, zaharrenak XVI. mendekoak izanik. Oraingo honetan ordea, kronologikoki gertuago dugun bati buruz hitz egin nahi dugu, pasa den mendeko 70. hamarkadako ordenantza fiskal bati buruz hain zuzen ere. Gainean ditugun egunak direla eta, aproposa dirudi dokumentu hau jorratzea. Izan ere denok erosiko ditugu bene-benetan behar ez ditugun luxuak, jan behar ez ditugun kapritxoak edo tankerakoak.

Aurrean dugun ordenantzaren izenburua “Luxuzko Gastuen gaineko Udal zergaren Ordenantza” da (sig. 920-04), hau da, gastu berezien edo bizioen gaineko zerga bat izango litzateke. Gastu mota desberdinak datoz azalduta dokumentuan, konkretuki 6 gai dira ordenantza honek arautzen dituenak. Lehenengoa hoteletan, apartamentuetan edo erresidentzietan ostatu hartzeari dagokiona izango da, hori bai, beti ere lau izar edo gehiago dituzten hoteletan egindako egonaldiengatik. Atal honi dagokionean, zehazki aipatzen da zerga hau zein hotel motetan ezarriko den, nola kobratuko den, zenbatekoa izango den balioa e.a. Hoteletako egonaldiekin batera, beste zerga bat ezarriko zaio toki horietan jan eta edaten denari, baita ere 3 sardexka baino gehiago dituzten jatetxeei, A eta B kategoria bereziko tabernei eta 3 sardexka dituzten jatetxeak baino prezio altuagoa duten taberna edo jatetxeei. Hauekin batera, festa aretoetan sartzeko sarrerak eta edariak ere zerga honen eragina nabarituko dute. Festa aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta ikuskizunak antolatzen dituzten edonolako kasino edo elkarteetan ere aplikatuko da zerga hau. Aipatutako kasu hauetan, bezero guztiek ordaindu beharko dute, baina ez dute banatuta ordainduko, baizik eta edariaren, hoteleko gelaren edo dantzalekuko sarreraren prezioarekin batera ordainduko dute, hau da, gaur egun ordaintzen ditugun zerga guztien modura, ordainketa bakar batean bi gauzak. Ondoren, taberna, hotel edo dantzaleku bakoitzeko arduradunak lagun pasibo edo ordezkari izango dira, eta hilero lehenengo hamabostaldian Udalari ordaindu beharko diote zerga honengatik dagokiona.

Zerga honek apustuei ere eragingo die. Ikuskizun publikoetan aurrera eramaten diren apustuetan parte hartzen dutenen artean, irabazleek egin beharko dute ordainketa. Kasu honetan ordezkaria, enkantea antolatu duen pertsona izango da. Elkarte pribatuak ere ez dira libratuko zerga hau ordaintzez, hauen barne sartzen da edozein elkarte mota, bai kasinoak, bai kirol elkarteak edo klubak. Hori bai, luxuzko gastuak 10.000 pezeta baino gehiago direnean aplikatuko zaie zerga hau. Etxebizitzen inguruan, luxuzkoak izango dira 7.000.000 pezeta baino gehiago balio dutenak eta horiek dira zerga hau jasan beharko dutenak eta urtero ordaindu beharko dutenak. Hauen kasuan, jabeak dira urtero urtarrilean Udaletxetik pasako direnak zergaren kitapenerako. Azkenik, arrantza eta ehiza-barruti pribatuen erabilera ere zerga honekin kargatuko da. Hemen ordezkaria jabetzaren jabea izango da eta honek egin beharko dio ordainketa Udalari urtero.

Ordenantza honek arautzen duen luxuaren gaineko zerga hau ez da berdina izango aipatzen diren 6 kasu horietarako, baizik eta gastuaren arabera ehuneko bat edo beste ezarriko da. Horrela gauzak, luxuzko etxebizitza bat erosten zuenak etxearen balioari %0,60ko karga gehitu behar zion eta festa areto batera sartzeko sarrera erosi nahi zuenak, balioaren %50eko karga. Hortaz, gastuaren balioaren arabera ezartzen zen karga edo zerga hau oso desberdina izango zen egiten zen erosketaren arabera. Hoteletako egonaldiak ere desberdin kargatuko ziren lau izarreko hotel bat bazen edo lau izar baino gehiago bazituen.

Aurkeztu dugun dokumentu hau Udalak onartu zuen 1977 urteko maiatzaren 2ko udalbatzan. Urte dezente pasa dira ordutik eta dagoeneko aldatu egin dira gauzak, gaur egun beste zerga batzuk baititugu ordaintzeko.

Amaia Mendizabal