Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Archivos

Postaren banaketa, oinezkoek

2018-05-23
Categorías: Aduna, Archivos,

Oraingo berrian erromatar garaia baino lehenagotik existitzen den lanbide bati buruz hitz egin nahi dugu. Nahiz eta lanbide honek urteak eta mendeak pasa ahala, asko aldatu duen funtzionatzeko era, bere misioak berdina izaten jarraitzen du, hau da, pertsona batetik beste batengana mezuak eramatea. Postariei buruz hitz egin nahi dugu.


Lanbide honen jatorria merkataritzarekin eta gudarekin lotzen da, bataila desberdinei buruzko albisteak eta mezuak toki batetik bestera eramateko. Mezularitza garrantzi handikoa izan da eta izaten dihardu gerrate desberdinetan, baina sortu zenetik eta gaur egun, gure bizitzako “behar” bat bihurtu da. Gaur egun internet bidez segundo batzuk besterik ez ditugu behar mezuak bidali eta jasotzeko, baina garai hartan askoz ere denbora gehiago behar zen. XIX. mende erdialdean adibidez, Madrildik Donostiara gutun bat bidaltzeak 3 egun behar zituen. Guk baina, XX. mendeko lehen erdialdeko dokumentuak ditugu eskuartean eta hauek Adunako oinezko postariei buruz hitz egiten digute.


Oinezko postariek egunero euren herriari zegokion posta-bulegora joan behar zuten banatzeko gutunen bila. Adunaren kasuan, Villabonako postetxera joan behar ziren, han korrespondentzia jaso eta berriro Adunara. Pentsa dezakegu, egunero egin behar zuten ibilbide hori ez zela oso erosoa izango, are gehiago eguraldi txarrarekin, euripean Villabonaraino jaitsiko ziren korrespondentziaren zama soinean eramango zutelarik. Toki  batzuetan bizikletak edo mandoak erabiltzen zituztela badakigu, baina tamalez, Adunako postariek horrelakorik erabiltzen zuten ala ez ezin dugu jakin.


Gaur egun posta etxez-etxe banatzen da, baino hori ere denborarekin aldatu da, lehen ez baitzen horrela egiten. Aztertzen ari garen lehenengo dokumentua (sig. 119-06) 1912an idatzitakoa da eta bertan aipatzen denez, gutunak Villabonatik Adunako plazara eramango ziren, hau da, ez dirudi etxez etxeko banaketa egiten zenik, baizik eta herriko plazatik egingo zen banaketa. Baserrien kasuan, ezagutzen dira beste herri batzuk non gutunak baserri guztietaraino eraman beharrean, gutun-hartzaileak maiz bisitatzen zituen tokietan uzten zitzaion posta, familia-kide baten etxean, denda batean,… modu horretan, baserritarra herrira joaten zenean (elizara, merkatura,…) bere gutunak jasoko zituen. Ez dakigu ziur Adunan ere horrela egiten zen, baino pentsa dezakegu baietz. Garai horretan posta zen urruti zeuden senide edo lagunekin harremanetan jartzeko modu bakarra, baita ere negozioetarako, beraz, postaria herritarrengatik errespetatu egiten zen eta garrantzi handiko postua izango zen. Gerra Zibilaren garaian Daniel Mugica Berregui zen Adunako oinezko postari (sig. 119-20, 119-21 eta 119-22) eta bere ardura izango zen gerran borrokatzen ari zirenen berriak beren familiengana iritsaraztea.

 

Gure arreta lehenengo testura eramaten badugu berriro (sig. 119-06), ikusiko dugu nola emakume bat den lan eskaera egiten duena, gizon batekin batera. Dokumentu hau Francisco Alcain eta Mª Ignacia Aguirrezabalagaren izenean doa eta oinezko postariaren postua betetzeko gai direla diote. Udalari eskatzen diote “se digne nombrar a los mismos indistintamente el empleo ya citado, en la seguridad de cumplir fielmente el cargo”. Beraz, badirudi biek egiten dutela eskaera. Berez, posta zerbitzua Correosen esku zegoen garai hartan eta enpresa horretan emakumeak 1882 urtean hasi ziren lan egiten, baino hala ere, lanpostu hau Udalaren ardura zen eta berak egiten ditu izendapenak. Ez dakigu azkenean bietakoren bat izendatu zuen, izan ere, dokumentuaren bukaeran arkatzez idatzita, ondorengoa irakur daiteke: “Fue nombrado el día 10 empezando a ejercer el 11, se pagó a Manuel Zabala 11,20 ptas.”.

 

Esan beharra dago bukatu baino lehen, garai honetan lanpostu hau beste lanbide batzuekin osatu behar zutela, soldata ez baitzen oso altua. Daniel Mugicaren kasuan, 1930eko testu batean (sig. 119-21) zenbatekoa den bere soldata adierazten digu, hori bai, 6 hilabetez lanean egon dela dio, Udalaren enkarguz, eta denboraldi horretan ez duela soldatarik jaso jakinarazten dio Udalari. Berak dioenez, Udalak alde batetik, egunean 1,5 pezeta inguru ordainduko ziola adostu zuten, eta bestalde, lanaldia osatzeko aguazilaren postua beteko zuela eta horri 0,4 pezeta legozkioke. Beraz, aguazilaren postuarekin osatuko zuen oinezko postariaren lanaldia. Horrela iraun zuen 1939 urtera arte. Urte horretako ekainean lana utziko duela jakinarazten dio Udalari, baldintzekin ez dagoelako ados. Ordea, hilabete beranduago, uztailean, beste dokumentu bat sinatzen du, oraingoan soldata igoera bat eskatuz “hoy en día debido a las actuales circunstancias, supone mucho trabajo dicho cargo y además con el encarecimiento de la vida, es imposible continuar ejerciendo dichos cargos con el sueldo que actualmente disfruta, por lo que solicita de esa Ilustre Corporación se le asigne un sueldo diario de dos pesetas”.

 

Langile hauek gainera, urte osoan zehar egiten zuten lan, 365 egun, jaiegunetan ere eta hauen soldatak zenbaki horren gainean kalkulatzen ziren. Kalkulu horien eragiketak ikus ditzakegu lehenengo dokumentuan. Artxiboetan horrelako bitxikeriak topatzen ditugu batzuetan. Testuaren inguruan eskuz egindako eragiketa desberdinak daude, biderketak eta zatiketak gehienak, hori bai, kalkuluen emaitza ez dago beti ondo…

Amaia Mendizabal

Irudia: http://www.organiconcrete.com/2012/10/16/lhumour-fotografico-di-life-magazine/

Asteasuko ogibide zaharrak

2018-05-11
Categorías: Archivos, Asteasu,

Lehenagoko berri batean Asteasuko  kaleak duela 150 urte aztertu genituen. Artxiboan bertan honen inguruan topatu genuen dokumentazio berezi baten arira. Gaurkoan berriz, dokumentazioa ez da oso bitxia, oraindik gaur egun sortzen den biztanleen errolda hartu bait dugu oinarri gisa. Askotan ikusi ditugu herritarren datuak jasotzen dituzten zerrenda luze horiek. Eta batek baino gehiagok gogoratzen dugu etxera etortzen zirenean orri berde handi batzuetan bertan bizi zirenen datuak betetzera. Baina errolda hau ez da berria, 1872 urtean egindakoa baizik.


Errolda hau (signatura: AUA, 23-05) aztertuta datu eta ondorio asko atera ditzakegu Asteasuko herritarren, bizimoduaren, populazioaren, ogibideen,... inguruan.  Gehiegi ez luzatzearren oraingoan azken honi buruz hitz egingo dugu. Ogibideak.  Argi dago, horretarako erroldak begiratu beharrik ez dago, duela 146 urte Asteasuk nekazaritza zuela ekonomiaren ardatz nagusi modura. Ehuneko gehiengo handienak nekazal eta abeltzain lanak egiten zituen.


Garbi dago ere ogibide hauetan egin behar den lehenengo bereizketa, noski, gizon eta emakumezkoen artekoa dela. Badaude ogibide batzuek emakumezkoek bakarrik egiten dituztenak (hilandera, costurera, cocinera, tendera,...).  Beste batzuek berriz, gizonezkoenak esklusiboak dirudite (herrero, cantero, carpintero, alpargatero, serrador,...).


Azkenik, zalantzarik ez dugu ezta ere lehengaia lantzeko (artisautza deritzoguna) ogibideak (panadero, confitero, alpargatero, albañil, trencero, ojalatero...) eta beste motako zerbitzuak eskaintzen zituztenak (maestro, maestra, cartero, organista, tamborilero, posadero...) gutxienekoak zirela.


Baina gure ikerketan pausu bat haratago sakondu nahi dugu gure ausnarketa. Honela, familiak ogibidean bertan duen eragina eta indarra ikusi dugu. Bai artisautzan edo zerbitzuetan aritzen direnen artean eta baita nekazal lanetan aritzen direnen artean ere. Gurasoek egiten duten lan berdina egiten jarraituko dute seme-alabek ein handi batean (salbuespenak dauden arren gutxienekoak dirudite).


Beste bereizitasun bat ere topatu dugu. Badaude ogibide batzuek, sendi kontzeptu horretan oinarritzeagatik edo,  naiz emakume edo gizon izan berdin betetzen direla. Beti familiaren barruan: nekazaria (senarra nekazari bada, baita emaztea eta seme-alaba guztiak ere hala azaltzen dira erroldan), jabea (errentetatik bizi diren gizon eta beren emazteek kontzeptu bera dute ere), errota zaindaria, posadero (hauek ere familia osoaren ardurapean hartzen dira),...


Ez da berdina gertatzen gainontzeko ogibideekin. Hau da, aurreko paragrafoan zehaztu ez ditugun ogibideen inguruan emakume (bai ama eta alabak) eta gizonezkoen (bai aita eta semeak) arteko proportzioa oso desberdina da. Gizonezkoak orduan gizonentzako bakarrik onartutako ogibidea badu (herrero, carpintero, confitero, alpargatero, panadero, tamborilero, carretero,...), bere emazte eta alabak jostunak (costurera e hilandera) izango dira eta semeak aitaren lana izango du.


Ikusten da beraz, Asteasuko lanen banaketak ez duela garai hartako ereduarekin desberdintasun berezirik. Baina benetan esanguratsua iruditzen zaigu erroldak ikerketa hau egiteko aukera eman izana. Beste artxibo batzuetan ikusi ditugn urte horietako erroldek, gizonezkoen ogibideak jasotzeko ohitura bakarrik bait zuten eta emakumezkoen zereginak "quehaceres de su sexo" bait ziren, hauen nondik norakoak zehaztu gabe. 1872 urtean Asteasuko errolda bete zuenak ziur etzekien zenbateraino zen baliogarria berak egindako lana eta horregatik gaur artxibotik hau kaleratzea erabaki dugu.

Amagoia Pia

XVI. mende bukaeran Adunan...

2018-05-04
Categorías: Aduna, Archivos,

Adunako Udal Artxiboak 4683 espediente baino gehiago gorde eta zaintzen ditu bere baitan, 715 kutxa inguru osatzen dituztelarik, eta hazten jarraitzen du egunetik egunera. Hori dela eta, Artxiboa bizirik dagoela esan dezakegu, aldaketa asko jasan baititzake denbora pasa ahala. Batzuetan dokumentu berri gehiago sartzeko tokia egin beharrean aurkitzen gara eta arazo horri aurre egiteko irizpide jakin batzuk jarraituaz, zaharragoak direnak atera behar dira Artxibotik; beste alde batetik, egoera kaxkarrean dauden dokumentuak zaharberrituak izan daitezke profesionalen eskuz, eta horrek gure ardura den Artxiboaren egoera hobetu egiten du; gainera, udal teknikariek euren eguneroko lanean sortzen dituzten espediente berriak landu egin behar dira etorkizuna bermatuko duten baldintzak emateko, apaletara pasa aurretik. Beraz, Artxibo bat ez da hermetikoa, etengabe aldatzen doa. Modu honetan, esan bezala, milaka espediente dauzkagu Adunan, berriena 2018 urtekoa izanik eta zaharrena XVI. mende bukaerakoa.

Hemen gordetzen ditugun dokumentuen gehiengoa XX. eta XXI. mendeetakoak izango dira, XX. mendearen bigarren erdialdekoak batez ere. Garai horretatik atzera testigantza gutxi dugu, 345 espediente dauzkagu. Berri honetan, Adunan gordetzen ditugun dokumentu zaharrenak aurkeztu nahi ditugu. Zehazki esateko, bi dira eta biak 1591 urtean idatziak izan ziren. Hori bai, esan beharra dago bi dokumentu hauek ez direla testu originalak, baizik eta kopiak dira. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan Gipuzkoako herri desberdinetako dokumentu historikoak gordetzen ziren (batzuetakoak oraindik ere bai) eta dirudienez, Adunakoa horietako bat da. Hori dela eta, gure Artxiboko espediente historiko asko originalen fotokopiak dira, oraingoan dakarzkigun biak kasu.

Lehenengo dokumentua (sig. 699-03) 1591 urteko apirilaren 3an idatzi zen Donostian, Adunako kontzeju eta unibertsitatearen ordezkari zen Francisco de Yarzabal eta Pedro de Garagarza epailea aurrean zeudelarik. Ez dago bere osotasunean, hortaz, originala ezezaguna dugunez, bukaerako zatian ezin dugu jakin zer jartzen zuen. Sinadurak ere falta zaizkigu noski. Badakigu ordea, ordainketa gutun bat dela, eta Juan Lopez de Tapia izan zela eskribaua. Badirudi Amasako Pedro de Lasquibarren alargunari (izenik ez dakigu) 40 erreal dohaintzan emateko ordainketa gutun bat dela. Pedro de Lasquibarrek urtero diru hori ordaindu behar zuen eskritura baten bitartez finkatuta geratu zen bezala, eta ordainketa guztiak garaiz egin zituela dirudi. Francisco de Yarzabalek egiten duela dohaintza dirudi, eta gutun honen bidez dena ondo lotuta utzi nahi du, norbaitek etorkizunean zer esanik badu, frogagiri bezala erabili ahal izateko.

Bigarren dokumentuari dagokionez (sig. 699-02), oraingo hau 70 orriko sorta bat da. Kasu honetan, betidanik eta edonon egon den arazo bati buruz hitz egiten digu: udalerriko larreen ustiapenari buruz, esate baterako. Adunako eta Zubietako herritarrek arazoak zituzten beren abereak larretara eramateko eta liskarrekin hasi ziren herrialdeko kontzejuekin. Auzia Valladolideko Errege Kantzilerira iritsi zen eta tartean pertsonaia ospetsuak egon zirela jakin dezakegu “capitan Miguel de Oquendo cauallero del auito de sanctiago y dona Maria de Çandategui su muger” aipatzen dira beste batzuekin batera, Antonio de Oquendo famatuaren gurasoak izango dira hauek.

Sorta hau 1591 urtekoa da, orduan eman baitzen auziaren behin betiko sententzia, baina prozesua oso luzea izan zen eta barneko testuek beste dokumentu zaharrago batzuei egiten diete erreferentzia. Aipamen zaharrena 1584-08-30ekoa izango da eta bertan Francisco de Yarzabal Gipuzkoako prokuradorea aipatzen da, Adunako dokumentu zaharrenen protagonistetako bat bihurtuz.

Amaia Mendizabal

Generoaren historiaz: emakumeari buruzko hainbat datu, XVII. mende amaiera eta XVIII. mende hasierak

2018-04-23
Categorías: Archivos, Historia, Oiartzun,

Iraganeko gizartea ikertzerako garaian hamaika dira jorratzeko aukeratu daitezkeen gaiak; iturrien arabera gehiago ala gutxiago garatu ahal izatea, beste kontu bat da. Gaur egunean eta gizartearen behar, oihartzun eta kezken isla moduan, emakumeen edo generoaren historiak bultzada nabarmena ezagutu du. Hori dela eta, eta aurtengo martxoaren 8an izan zen mundu mailako greba, lanuzte edo plantoaren ildotik, aste batzuetako atzerapenarekin bada ere, aurreko mendeetan udal-aktetan emakumeei buruzko informazioa bilatzeari ekin diogu.

Dokumentazioa aztertzerakoan, gizonezkoek gobernatutako gizarte baten aurrean gaudela ematen du; emakumea bigarren mailako protagonista da eta bere papera, gizonezkoenarekin alderatuta, benetan txikia izan zela iduri dezake. Beste modu batera esateko, gaiari heltzeko informazioak, askotan zeharkakoak, sakabanatuak dira, iturri batzuek besteek baino datu gehiago eman baditzakete ere. Udal-aktei dagokienez, emakumeari edo horrek gizarte hartan zuen paperari buruzko informazioa ez da topatzen erreza, oso barreiatua baitago. Dena den, eta aurreko hilabeteetan burutu ditugun beste artikuluek erakutsi diguten bezala, aktak ez dira basamortu bat. Informazioa biltzea eta datuak lotzea lan sakona dakarte, bai, baina fruituak lortzen dira; ez da saiakera guztiz antzua.

Emaitzak datozen lerroetan ikusiko ditugu, hiru ardatz nagusiren inguruan: gizartearen baitan, gizon-emakumeen arteko harremanen arautzean; emakumearen gibide eta jardunetan eta, azkenik, alfabetizazio kontuetan.


1.- Gizartea


Emakumearen papera filosofia, erlijio edo zuzenbidearen ildotik oso baldintzatua zegoen. Asko ziren bere izaera maltzurra salatzen zuten idatziak eta gizonezkoenganako zuen menpekotasunaz. Hori dela eta, lege edo arau aldetik haien portaera kontrolatzeko ekimenak azalduko dira, bai elizari lotutako esparruan, baita alor zibilean. Aktak anitz adibidez josita daude.

Ildo nagusietako bat, jende ugari biltzen ziren leku eta uneetan bi generoen arteko banaketa bermatzean zetzan, gizonak batetik eta emakumeak bestetik; guztia, moraltasunaren eta Elizaren arauen izenean. Jende andana biltzen zen plaza inguruetan, baita benta, taberna eta sagardotegietan ere. Hori dela eta, esparru horietan bi sexuen arteko harremanak arautzeko hamaika ekimen eman ziren. 1699an, adibidez, danbolinjole edo txistulariei Bailarako hiru plaza nagusitan bakarrik jo zezatela agindu zitzaien, eta ez edozein auzune edota baserritan. Agidanez, sagardo salmenta egiten zenean, musikariak leku horietara joaten ziren, bertan neska-mutilak elkartuz eta “mucha desorden y cometer muchas ofenssas de Dios” (A-1-10-1, 48 au.-49 au.). Hemen, ordea, emakumea ez zen horren errudun ikusten; musikariak ziren beraien soinuekin jendea aztoratzen zituenak.

Jai giroaz gain, bestelako momentu handiek portaera zalantzagarri edo lizunetarako aukera ematen zuten. 1691n, Egunsentiko meza ohikoa zen orduan ospatzea adostu zen, udan goizeko 5’30tan eta neguan 7’30tan. Azkeneko garaietan goizago egitea erabaki omen zen, baina honek eragozpen ugari ekarri zituen. Besteak beste, mezetara joateko aitzakiapean, neska-mutil gazteak elkarrekin zebiltzan, ordutik kanpo eta jenderik gabeko lekuetan. Gobernuak hori debakatu zuen, baina horrez gain, gurasoen eta nagusien ardura eskatzen zuen, beraien seme-alaba eta mirabeekiko zuten erantzukizunari erreparatuz(A-1-7-1, 9 au.-10 at.).

Sexuen banaketa bermatzeko asmoak ez ziren espazio zibiletan bakarrik eman. Sinbolismo berezia zuten lekuak ere horren lekuko izan ziren, eliza eta bere inguruak, hain zuzen ere. Honela, tenpluko koru azpian, bataiarriaren inguruan eta banku edo ahulkietan gizonak eta emakumeak elkarrekin egotea eta esertzea behin baino gehiagotan galarazi zen. Badirudi neurri horiek XVII. mende amaieran areagotu zirela, 1690 urtetik aurrera, aurreko hamarkadetan ez baitugu horien inguruko informaziorik. Antzeko xedapenak hilerrirako bidean zeuden eskailerei edo hileta-segizioi ere eragin zieten, 1688an bezala (A-1-6-1, 31 au.-32 at.).

Halako arauak orokorrak ziren, ia urttik urtera errepikatutakoak, baina horiez gain, izan ziren zehatzagoak: 1695ean, adibidez, Ostegun eta Ostiral Santuz, Kristoren Heriotza ospatzean, emakumeei aldare nagusiko eskaileretan egotea debekatu zitzaien, gizonezkoak bakarrik egon baitzitezkeen (A-1-8-3, 72 au.-at.). Horren katolikoa irudikatu zaigun gizarte hartan, elizkizunak isilean baino, iskanbila ederrean ospatzen zirela dirudi. Hiletetako erostarien negar eta garrasiez gain, 1691ko urtarrileko mandatuaren arabera, emakume eta inudeak mezatara umeekin batera joaten ziren eta jendea, aldiz, zakur eta kukuekin (A-1-7-1, 9 au.-10 at.).

Genero zatiketa hori bestelako leku edo eraikinetan ere gertatu zen, ospitalean  kasu. 1697ko abuztuan argitaratutako aginduek emakume zein gizonentzat berezko lekua egokitzeko asmoa zuten. Ospitaleko maiordomo zen Juan Arrondoren eskaera aintzat hartuta egin zen hori, eta helburua zalaparta edo iskanbilarik gabeko egoera bilatzea zen, bare eta baketsua, jendea behar zen moduan lo egin eta egon zedin, lotsa eta begirunearekin. Helburua ez zen berehalakoan lortu, bi urteren buruan ospitaleak oraindik inolako banaketarik gabe jarraitzen baitzuen (A-1-10-1, 95 au.-96 at.; 117 au.-119 at.).

Handik gutxira udal-kartzela izan zen neurri bertsuen helburu. Ekimen orokor baten baitan txertatzen zen erabakia izan zen. Ziegetara bideratzen ziren udaletxeko gelak oso egoera kaskarrean zeuden, osasunerako kaltegarri izateraino. Agirietan aipatzen denaren arabera, ziegatan pilatutako zikinkeria eta gorotza hain zen handia, eta komun edo karkabak horren gaizki zeuden, ezen presoak 8 eguneko epean gaixotzen ziren: “…de quán mala calidad se hallan las cárceles y calabozo d’este Valle por estar en ellas las secretas que causan fastidio y emfermedades a los presos en tanto grado que apenas pueden los hombres aguantar con salud solo ocho días…”. Gureari helduz, emakumezkoentzako kartzelarik ez zegoenez, 1700. urteko otsailean bat egitea erabaki zen, horretarako udaletxeko gela bat ziega moduan atonduz. Agidanez, ordura arte presoak udaletxeko hainbat gelatan sartzen zituzten, hauek ez zuten komunik eta gorotza pilatzen zen. Egoera oso larria zirudien eta, ospitalearekin gertatu ez bezala, hilabete gutxitan (uztailerako) lan guztiak amaituak zeuden (ikus A-1-10-2, 51 au.-at.; 88 at. eta 125 au.-at. folioak).

Azkenik, egunerokotasunean ematen ziren portaeren adibide bikaina gizon eta emakumeen arteko elkarbizitzak ematen digu; hau da, teilatu berean bizi ziren edo espazio hori partekatzen zutenen arteko bizikidetzak. Ezkongabeak ziren baina bikote-bizimodua zeramaten gizon-emakumeak Bailaran ugariak ziren Erdi Aro amaieratik gutxienez. 1499ko ondasunen estimazio-liburua edo errolda lekuko argia dugu. Orduan burutu zen errolda berriak halako bikoteen edo neska “amorante” horien egoera eguneratu zuen, maila fiskal berria ezarriz, ohiko egoera zenaren seinale (1). Berrehun urte beranduago errealitate horrek indarrean jarraitzen zuen. 1692ko uztailean, gizonekin bizi diren emakume ezkongabeak 20 eguneko epean ezkondu zitezela agindu zen eta horrez gain, gizon ezkonduekin harremanak zituztenak 8 eguneko epeaz Bailaratik ateratzeko asmoa agertu zen: “que todas las mugeres corrutas que están en este valle se casen dentro de veinte días corrientes desde oy, y las mujeres que tratan con onbres casados salgan dentro de ocho días de este valle, pena para todas de que se pondrán a la bergüenza pública” (A-1-7-2, 113 au.). Asmo horiek ez ziren zorroztasunez bete eta bi urte beranduago, 1694ko urtarrilean, antzeko xedapenak plazaratu ziren. Oraingoan, ordea, ohaideei bakarrik egiten zitzaien aipamena, apaiz eta gizon ezkonduen ohaideei, hain zuzen ere: “que ninguna muger corruta, amanzeuada o que dé mal exemplo con clérigo, hombre casado o con otro de qualquiera estado no admita ninguna persona en su casa y que salga de este valle dentro de nuebe días, con aperzeuimiento que se sacará públicamente del dicho Valle” (A-1-8-2, 2 at.).

Badirudi, Landucciok XVI. mende erdialdeko Gasteizen (edo inguruetan), gaztelaniazko “manceba” adieraren sinonimotzat jasotako “apezandrea” adiera mende luze beranduagoko Oiartzunen puri-purian zegoela. Eta, badirudi, halaber, horren katolikoa zen Monarkiaren baitan, hainbat eta hainbat portaerek ortodoxia ilun, zelatari eta beldurgarriari iskin egiten ziotela.


2.- Ogibideak eta jardunak


Udal aktek aditzera ematen duten beste esparru bat emakumeen jardunarekin zerikusia du, hau da, lan munduari.

Euskal Herrian horren tradizio handia den serorez gain, eta erlijio munduari lotuta ere, Oiartzunen XVII. mende amaiera arte oso ohiko zen limosna-biltzaileak izendatzea. Maiatz-neska edo maiatz-andere izena zuten, beraien jarduna hilabete horretan eta 20 egunetan zehar burutzen zutelako. Bederatzi dontzeila ziren izendatutakoak, auzune edo plaza bakoitzean hiru; 1691n adibidez, Mariana Seinen alaba naturala izendatu zen, nahiz eta horrek onartu nahi ez (A-1-7-1, 125 au.). Bildutakoarekin Corpus ospakizunetarako argizaria erosten zen eta, aukera bazegoen, elizaren bestelako gastuei aurre egiten zitzaien (A-1-8-1, 96 au.-97 at.).   

Maiatz-andereen usadioak ez zuen ortodoxia katolikoan oso iritzi onik eta Iruñeko gotzainak, 1692ko apirilean egindako bisitaren ondotik, halako biltzaileen izendapena debekatu zuen (A-1-8-1, 147 au.-at., 149 au.-150 at.) halakoek zekartzaten “yndezenzias, liuiandades y graues ynconuenientes y ofensas de Dios, nuestro Señor” zirela eta. Apezpikuak orduko irailaren 23an epaia eman zuen, eskumikatze nagusi zigorpean; hau da, agindua bete ezean, eliztarrek ohiko sakramentu eta otoitzak hartu eta egiteko eskubidea galduko zuten. Badirudi Bailara ez zela erabaki horrekin ados egon eta epaiari muzin eginez, izendapenekin aurrera jarraitu zuen. Apirilean hori egiteko asmoa agertu zuen, baina irailean gotzainaren debekua berretsi zen eta badirudi ortodoxia usadioei gailendu egin zitzaiela, maiatz-nesken azken berriak 1694koak baitira (A-1-8-2, 65 au.) (2).

Udalbatzaren araudiei gagozkiola, emakumearen jardunaren inguruan egungo ikerkuntzen ildo nagusiak topa daitezke. Modu honetan, produktuen salmenta eta elikagaien ekoizpenari lotuta agertuko zaizkigu, saltzaile, okin, bentari edo tabernari moduan. 1681eko urtarrilean adibidez, udalbatzaren aurrean “diferentes mugeres que benden por menor en sus casas y tiendas bacallao, sardinas, grasa de ballena, tauaco, aguardiente, papel y otras menudenzias” azaldu ziren (A-1-4-1, 24 au.); 1693an, berriz, Bailarara iristen ziren fruta, barazki, arrain eta bestelako elikagaien emakume-saltzaileei aipamena egiten zitzaien (“bendedoras que binieren a este valle con fruta, ortaliça, pescado y otros qualesquier género de bíueres”; A-1-8-1, 2 at,). Askotan aipamen orokorrak dira, baina beste hainbatetan beraien izen-abizenak iritsi zaizkigu; 1704ko abenduaren 17 eta 25 arten ardoa saldu zutenak, adibidez, honakoak ziren: Maria Josefa Zugasti, Maria Josefa Olano, Mariana Zuloaga, Maria Ignazia Larrea eta Maria Akerreta (A-1-12-2, 16 at.)

Okin eta tabernarien kasua interesgarria da, dokumentazioak emakumearen munduari estuki lotuta aurkezten baitizkigu. Ogibide horien gaztelaniazko aldaera beti emakume-generoari lotuta ageri da: “panaderas” eta “taberneras” aipatzen baitira beti, inoiz ez “panaderos” edo “taberneros”. Azken bi sektore hauen aipamena ia etengabekoa izango da udal-aktetan, urtero udalbatzak adostutako prezioak baino garestiago ez saltzeko agindua ematen baitzitzaien, edota ogia ongi oratu eta egitekoa.

Halaber, eliza, baseliza edo bestelako lekutan abandonatzen ziren haurren inude moduan ikusten ditugu, Susara Olaizola 1709an bezala (A-1-14-2,  187 au., 286 eta 289 folioak).

Emakumeek udal-bizitzari lotutako esparru politikoan jardutea debekatua zuten eta, aktei erreparatuta, udal-errenten partaidetzan ere oso paper xumea izan zutela dirudi. Dena den, azken alor horrek emakumeen jardunerako aukera ematen zuen. Dakigula, Oiartzunen ez dugu errentamenduan partaidetza zuzenaren zantzurik; bai, ordea, berme edo fidatzaile bezala: Martin Oiartzabalek udaletxeko arotzeria-lanak burutzeko aurkeztutako fidantza eskrituran (1674ko azaroaren 15ekoa), bere emazte Maria Albiztur eta Matias Fagoaga eta Frantziska Azkue senar-emazteak agertu ziren bermedun gisa (A-1-2-2, 154 au.-155 at.). Azken bikote hori jardun berean aritu zen urte batzuk beranduago, 1690eko apirilean, Sebastian Azkue zaharrari dohainezko zerbitzuen gaineko sariaz gain, alkabala eta pisua eman zitzaizkionean (A-1-2-2, f.g.).

Mugak muga, emakumeek gizartearen ezinbesteko zati ziren eta komunitatearen partaide izaki, horren beharretara joateko obligazioa zuten. Modu honetan, auzolanetan arituko dira. Beraien partaidetza guztiz errotua zegoen, bideak garbitzen, lurra kentzen edota herri-lanetan. 1675eko apirilean adibidez, auzo bakoitzak beren etxetik neskame bat bidali zezala adostu zen, sakristiako lurra ateratze-lanak aurreratzeko asmoz (A-1-2-2, 2. foliazioa, 15 at.). Halakoetan kontuetan, bakoitzaren zeregina adostua zegoen. Ugarte oinetxetik Aldako teileria zaharrerako errege- eta gurdi-bidea hobetzeko asmoz, 1702ko irailean deialdia egin zen. Alde batetik, Altzibar plazako eta bere inguruetako neska eta emakumeei deitu zitzain; bestetik, Arkotza barrutiko jende guztiari. Idi zein zelabererik zutenek, horiekin joan beharko zuten; gizonezkoak aitzurrarekin batera gerturatuko ziren; emakumeak, aldiz, saskiekin. Antzeko mandatua egin zitzaien Elizaldeko ospitale atzean zegoen lurra kendu eta hau hilerrira eramateko: Elizalde eta inguruetako etxe bakoitzetik pertsona bat joango zen, ohikoa zen bezala, eta hemen ere, gizonezkoek beraien aitzur eta palekin egiten zituzten bitartean, emakumeek material-garraiolari moduan arituko ziren, saskiak erabiliz (A-1-11-2, 148 au.-at.).


3. Alfabetizazioa?


Azkenik, beste gai interesgarri bati lekua egin nahi diogu, alfabetizazioari alegia. Ohiko udal-akta liburuek ez dute prozesu horrek emakumeengan izan zuen eraginerako hurbilketa egitea posible egiten, baina Oiartzunen kasuan iturri horiek duten antolaketa eta eduki bereziari esker, hitzen bat esan dezakegu.

Artikulu-bilduma honetako lehenengo zenbakian adierazi genuen moduan, bileren erregistroak biltzen dituzten sortek, beraien barnean bestelako dokumentuak ere gordetzen dituzte; erakunde zein pertsona ezberdinek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera edo gutunak, hain zuzen ere, eta horietan, emakumeak ere protagonista dira. Hor ditugu baimen eskaera desberdinak: otea mozteko, enborrak hartzeko, harria idokitzeko… Baimen horiek eskatzaileek edo eskribau batek idatzi egiten zuen, baita izenpetu ere, benetan pertsona horrek eskaera egiten zuela frogatzeko.

Laster ikusiko dugunez, idatzi horiek oso galdera interesgarriak sortzen dituzte, baina oraingoz, gera gaitezen funtsezko ideia batekin: baimen horiek eskatzaileen (ustezko) sinadurak dituztenez, alfabetizazioaren azterketari ekiteko euskarri bat osa dezakete. Ikerkuntza historikoa askatzen joaten den mataza bat da, eta eskaera horiek izaera hori dute. Tira egiteko beharrezkoa den ari-muturra eskaintzen digute: idazten zekitenen izen-abizenak. Gaian sakontzeko hurrengo pausoa, haiek jarraitzea litzateke, bai aktetan sakonduz baina, bereziki, beste iturri batzuetara joz (notario-protokoloak, auziak, eliza-erregistroak…). Baina hau lerro hauetatik at dago.

Gureari dagokionez, akta liburuetan gordetzen diren gutxi gorabeherako 490 eskaera edo baimen idatzietatik, gehien-gehienak gizonezkoak dituzte protagonista. Emakumeen ekimenez sortutakoak oso gutxi dira, 16 inguru (%3,2). Horien partaidetza maila desberdina da, bakarrik ala gizonezkoekin batera ikus baititzakegu. Modu honetan, emakume oiartzuarrak protagonista bakarrak diren adibideak hamar dira, eskritura guztien %2.

Gizon-emakumeak bost eskaeratan ditugu, dela senar-emazte moduan, dela negozio berean sartuak zeuden pertsona bezala. Eskritura hauetan gizonezkoa da sinatzaile eta, lerro nagusienetan, zuzeneko eskatzaile; hau da, bera da emakumearen izenean diharduena. Adibide moduan, hor ditugu Martin Intxaurrandieta eta Maria Martin Sein senar-emazteei, bikote ziren Juan Arrondo eta Maria Juan Indarti eta egoera zibil berean zeuden Jose Aldako eta Maria Teresa Etxeberriari emandako baimenak, hurrenez hurren 1669, 1697 eta 1709 urteetakoak (A-1-1-3, 78 au.-at.; A-1-3-2, 175 au.-at.; A-1-14-2, 139 au.-at.). Lotura zibilik gabeko protagonistak dituzten idatziei dagokienez, Olaberria burdinolako errentari Martin Ariztizabal eta Maria Josefa Bengoetxeak 1708an lortutako baimena aipa dezakegu (A-1-14-1, 208 au.-at.) edo lau urte lehenago, 1704ko martxoan, Frantzisko Zaletak eta Isabela Eizagirrek udalbatzari zuzendu zioten otea mozteko eskaera (A-1-12-1, 79 au.) (3).

Batzuetan errealitate alfabetatu heterogeneoa ikustea ez da zaila; hau da, sinadura egokiak, erdipurdizkakoak edo txarrak ikus daitezke. Hauetan, agerikoagoa da eskaeraren testua eta sinatzaileak esku desberdinek osatzen dituztela. Hor dugu, adibidez, Teresa Maria Agirre Gamarrak Isasola burdinolaren gabi nagusiarentzat bi kirten edo ardatz egiteko egurra eskatu zuenekoa, 1686ko abenduan (A-1-5-2, 186 au.-at.). Dokumentua egoera kaskarrean badago ere, argi dago Teresak sinatzen zuen bitartean, testua beste pertsona batek idatzi zuela. Baina egoera hau antzematea ez da uste bezain erraza; eta hau da, hain zuzen ere, Oiartzunek aditzera ematen duen gauzarik interesgarrienetako bat,

Emakumeen eskaeretan agertzen diren sinadurei so egiten badiegu, lehen begiratuan sinatzen dakiten emakumeetatik gehienak primeran egiten dutela ematen du; eginkizun horretan ondo heziak daudela dirudi. Hor ditugu 1658ko Margarita Oloskoagaren sinadura, Añarbe etxea berreraikitzeko baimen-eskaeran; 1686ko irailean Maria Belez Iriberrik aurkeztutako idatzian ageri zaiguna; 1706 urriaren 23an su-egurrerako beharrezkoa duen materiala mozteko baimena lortzen duen Maria Josefa Laskanbururen kasua; 1708ko apirilean teileria eta laberako otea eskatzen duen Maria Josefa Ibarbururen idatzia; hilabete batzuk beranduago, urte bereko abenduan, Klara Arburu alargunaren su-egur eskaria; edota 1709ko otsailean Maria Martin Intxaurrandietak otea mozteko asmoa agertzen duen agiria (hurrenez hurren, A-1-1-1, 47 au.; A-1-5-2, 119 au.-at.; A-1-13-1, 244 au.-at.; A-1-14-1, 80 au. eta 284 au.-at-, eta A-1-14-2, 32 au.). Baina idatzi hauek guztiek beste prozesu bat uzten dute agerian, izan ere, kasu horietan guztietan, sinaduren kalitateaz gain, emakumeek beraiek eskaeraren mamia ere idazten dutela ematen du, testua eta sinaduraren hizki motak bat baitatoz. Hau da, sinadurak egiteaz gain, badirudi emakume horiek beraiek direla idatziaren egile.

Guztia, ordea, ez da horren argia eta halako erantzunak behi-behinekotik gehiago du, baieztapen irmotik baino. 1676ko apirilean otea mozteko baimena lortzen duen Margarita Zuaznabarren kasuak tentuz ibiltzera garamatzan lehenengo lorratza ematen digu (A-1-2-3, 37 au.). Bere adibidean eskaerak, sinadurak eta, harrigarriagoa gerta daitekeena, udalbatzaren erantzunak esku berdinak idatzitakoak dirudite. Are gehiago, udalbatzaren erabakia Juan Magierena Zubieta udal-eskribauak berresten badu ere, testuaren mamia ez da berak idatzitakoa, ez baitator bere hizki moldearekin bat; ageri diren beste sinadurak ikusita, idatzi osoaren letra Ignazio Makutsoren izenpekoaren antza du, baina ezin dugu bestelako baieztapenik egin.

Margaritarena ez da egoera berezi horren aurrean jartzen gaituen adibide bakarra. Urte batzuk beranduago, 1690eko azaroan haritzak mozteko baimena eskatzen zuen Maria Josefa izeneko andrearen kasua ere, ildo horretatik ulertu behar dugulakoan gaude (A-1-6-3, 133 au.-at.). Testuaren mamiak eta sinadurak bereak baino, liburu horretan zehar hainbat alditan ageri zaigun beste letra mota bati dagozkiola ematen du, Frantzisko Arpide eskribauarenari, hain zuzen ere.

Aurreko bien egoera bertsuan dugu 1704ko abenduaren 24an ageri zaigun Olaberria burdinolako errentari zen Maria Josefa Bengoetxea (A-1-13-2, 228 au.-at.). Eskaeraren, sinadura eta udalbatzaren erabakia idazkera berdinaz osatua dagoela ematen du, eta horrek, itxuraz, ez du azalpen logikorik.

Halaber, eta emakume oiartzuar hauen ustezko alfabetizazio maila goren honi lotutako beste zalantza bat, haien sinaduren arteko alderaketa bat eginez sortzen da. Maria Josefa Bengoetxeak eta Maria Josefa Laskanburuk egindakoek oso-oso antz handia dute, esku berak egindakoak dirudite; eta Maria Josefa Ibarburu eta Maria Martin Intxaurrandietaren atzetik ere, gauza bera zegoenaren susmoa dugu.

Horri guztiari 1691ko maiatzeko Bordaberri basetxearen eta ondoan dituen udal-lursailen mugarritze autoak irakurtzen baditugu (A-1-7-1, 108 au.-110 at.), zalantzak eta galderak areagotu egiten dira. Zedarritzea burutzeko eskaera Maria Belez Iriberriren eskutik dator. Dagoeneko bere sinadura 1686an ageri zaigu eta bost urte beranduago beste horrenbeste egiten duela ematen du. Ez hori bakarrik, bere sinaduraren, aurkeztutako eskaeraren eta burutzen diren autoen letra-mota berdina da. Autoak, teorian, urte hartan udal-eskribau zen Frantzisko Arpidek izkiriatu zituen. Badakigu, baina, hori ez zela benetan gertatu, Arpideren sinadura eta autoen idazkerak ez baitatoz bat, nahiz eta Arpidek, berak (edo hobe esanda, bere aurrean) idatziak izan zirela adierazi. Bera izan ez bazen, logikoena bere ikasleren batek idaztea zatekeen, edo Bailarako beste eskribau batek. Halakoak uste baino ohikoagoak dira eta ez lukete inolako harridurarik sortu behar; notario-protokoloak ikusi besterik ez dugu idazketa errealitate anitz horretaz jabetzeko. Baina 1691 urteko dokumentu honetan, autoak eta Maria Belezen eskaera (eta sinadura) esku berak egindakoak dira, eta hemen datza gakoa. Teorian, eskaerek balio juridikoa izateko, eskatzaileen beraien sinadura ekarri beharko lukete; idazteko gai ez izatekotan, beste pertsona batek sinatuko zukeen, horren inguruan nolabaiteko oharren bat adieraziz, eskatzaileak idazten ez zekiela edo une hartan horretarako ezgai zela esanaz.

Gure aburuz, eta gaur egun ditugun ezagutza edo aurreiritziekin, normalena emakumeen ordez, eskaera horiek beste pertsona batzuek egitea litzateke. Gerta zitekeen liburuetan ageri zaizkigun eskaerak originalak ez izatea, eskribau edo beste pertsona batek egindako kopiak baizik. Edota usadio edo ohituraren bat egotea, non eskatzailearen benetako sinadura jartzea beharrezkoa ez zen. Azken horrek beste puntu garrantzitsu bat azalduko luke: aurreko lerroetan aipatu ditugun protagonistetako biri dagozkien eskritura batzuetan, beraien sinadurek bestelako itxura bat izatea, hain zuzen ere.


BENETAKO SINADURAK

MARIA JOSEFA BENGOETXEA ETA MARGARITA ZUAZNABAR

Bi emakume horiek Maria Josefa Bengoetxeaz eta Margarita Zuaznabar dira. Lehenengoari dagokionez, 1704ko maiatzean, Bailarako beste auzo batzuekin batera udalbatzari eskaera-idatzi bat aurkezten zuen, bera ere sinatzaileen artean zegoelarik (A-1-12-1, 215 au.-at.). Modu berean, 1707ko uztailaren 30ean Bengoetxeak berak ziurtagiri bat luzatzen zuen Oiartzungo udalbatzaren alde (A-1-13-2, 139 at.), azken honek Mariaren aita San Juan Bengoetxea zenari alkabalagatik zor zion dirua ordaindu diola adieraziz. Kontua korapilatzera datorren datua sinadura bera da: bi dokumentu horietan dakusaguna ez baita taulan ikus dezakeguna. Oraintxe aipatu berri ditugun bi agirietan bere benetako sinaduraren aurrean gaude; batetik, bietan berdina delako; bestetik, aurretik bildutakoaren idazkera oso susmagarria delako, Laskanbururen oso antzekoa baita.

Antzeko egoeran dago Iurrita Erdikoa etxeko jabe Margarita Zuaznabar. Berarentzako datu bakarra dugu, baina beste horrenbeste gertatzen delakoan gaude. Horren lekuko dugu 1677ko uztailean, Maria Migel Etxebesterekin batera egiten zuen eskaeran ageri den sinadura dugu; bi emakumeak dira, gainera, agiri hori sinatzen dutenak (A-1-3-1, 123 au.-124 au.) (4).

Eskaera idatziak aurkeztu eta sinatzen zuten guztiek (berdin gizon zein emakumeek) egiaz idazten al zekiten? Are gehiago, eskaera horiek sinatzen al zituzten? Zergatik batzuetan bai eta besteetan ez? Emakumezkoen egoera zibilak (alargun, ezkongabe,…) zerikusirik ba al zuen horretan guztian? Beste herrietan halakorik gertatzen al zen? Lehen begiratuan, eskaera hauen sinaduretan ageriko “faltsutze” bat zegoela ondoriozta daiteke. Hori dela eta, alfabetizazio prozesuak ikertzeko tentuz ibili beharreko iturria dirudite, hasieran uste genuen garrantzia gutxituz. Edonola ere, eskaera-idatzi hauen bitxitasun horrek ez die inolako baliorik kentzen, galdera gehiago sortzen baititu, eta ikerkuntza sakon baterako gai interesgarria direla deritzogu, baita alfabetizazioaren ondotik ere.


Iago Irijoa


(1) IRIJOA CORTÉS, I.; eta LEMA PUEYO, J. A.: Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libro de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2011.

(2) Dena den, ohiturari eutsi zitzaiola ematen du, aldaketa batzuekin bada ere. Larramendik bere Hiztegi Hirueledunean terminoa jasotzen zuen, bai maiatzean emaztegai moduan janzten zen neskatoa bezala, edo berarentzako dirua biltzen zuten neskatoei erreferentzia egiteko.

(3) Ekimen gehienak esparru zibiletik ageri zaizkigu, baina badago alfabetizazio maila altuagoa zuena; moja edo lekaimeak, alegia. Oiartzunen ez zegoen komenturik, baina Bailararekin lotutako dokumentazioan Errenteriako Agustindarrak ageri zaizkigu eta bertako komunitatearen zati Bailarako emakumeren bat ere izango zela uste dugu. Edonola ere, 1691ko abuztuan, komentura eramateko asmoz Ezkonsari edo Eskonsegi ondoan harria idokitzeko eskaeran, Mariana Arangibel “presidenta”-k izenpetutako eskaera baten aurrean aurkitzen gara (A-1-17-1, 151 au.).

(4)Sinaduren “faltsutze” hau Klara Arbururen adibideak ere agerian uzten du, bere testamentuan, 1726an, idazten ez zekiela adierazten baita. Eskerrak eman nahi dizkiogu Ramon Martín Suquíari datua helarazteagatik. Testamenturako, ikus AHPG-GPAH 3/2202, 1 au.-2 at. folioak.

Industriaren aztarnak jarraituz

2018-04-23
Categorías: Archivos, Villabona,

Villabonako herritik paseatzen dugunean eta inguruan arreta jartzen dugunean, segituan datorkigu burura bertan industriak eduki duen garrantzia, izan ere, herri honen ondare industriala handia da.

Honaino industria nola iritsi zen jakiteko, urte batzuk atzera egin behar dugu, XVIII. mendera arte. Garai horretan eman zen Industria Iraultza Europan, Ingalaterran hasi zelarik eta aldaketa sakonak eragin zituelarik gizartearen eta biztanleen bizitzako arlo guztietan. Irletatik, industriak kontinentera salto egin eta Frantziatik pasa ostean Espainiara iritsi zen, Madrilera, Kataluniara, Asturiasera eta Euskal Herrira. Hemen, Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren prozesu honetan murgildu ziren lehenengoak.

Enpresa industrialak agertu aurretik, nekazaritza zen Villabonako ekonomiaren oinarri eta horren adierazle diren dokumentuak badauzkagu artxiboan, gai honen inguruko datu oso zehatzez bete beharreko galdeketak gordetzen baitira bertan, XIX. mende hasierakoak gehienak. Baina geografikoki, leku estrategikoan dago kokatuta Villabona, Oria ibaiaren ertzean, eta horrek erakargarri bihurtu zuen industriarako. Horrela, Euskal Herriko beste zonalde batzuetan metalurgia garatu zen bitartean, Villabonan eta Oria ibaiaren ertzetan kokatuta dauden beste herri batzuetan, paper fabrikak eta ehungintza fabrikak agertu ziren, hau da, ibaietako ura behar zutenak indar eragile. Gauzak horrela, XIX. mendearen bigarren erdialdean eraikita zeuden herriko lantegi garrantzitsuenetako bi: La Salvadora papertegia eta Subijana enpresa, Silva anaien estanpatuen lantegi bezala sortu zena. Hauekin batera ordea, beste industria txikiago batzuk ere bazeuden, arropa zuria egiten zuen Achaga tailerra adibide.

Aipatu bezala, industria hauen zabaltzeak eragin handia eduki zuen gizartean eta Europako eta Espainiako beste toki batzuetan gertatu zen bezala, hemen ere gizarte gatazkak agertu ziren lantegietako langileen eta nagusien arten. Horien inguruko informazioa Artxiboko dokumentu desberdinetatik jaso dezakegu. Esanguratsuenetako bat La Salvadoran gertaturikoa izango da XX. mende hasieran. 1904 urteko martxoan asteko derrigorrezko atsedenaldia igandetan ezartzen zuen Errege Agindua argitaratu zen. Agindu horrek langile guztiek (bai lantegietan lan egiten zutenek eta baita norberaren kontura lan egiten zutenek) igandetan jai egin behar zutela zioen, baino salbuespen batzuekin. Hauen artean, ur-indarrez mugitutako makinak erabiltzen zituzten lantegiak zeuden, hau da, La Salvadora. Bertako langileak salbuespen horren aurka jarri eta mugitzen hasi ziren, 1913 urtean nagusiekin hitzarmen bat sinatzea lortu zuten arte (sig. 68-11). Hitzarmen horren arabera, igandetan lan egitearen trukean, asteko beste egun bat jai hartuko zutela adostu zuten. Gatazka honi buruz sakonago hitz egin genuen orain dela urte batzuk argitaratu genuen beste berri honetan.  

1900 urtea baino lehen ez zegoen langile eta nagusien arten harreman asko, horregatik, Estatuak eskua sartzeko erabakia hartu zuen langileen lan baldintzak erregulatzeko asmoz. Hori dela eta, Errege Agindu ugari agertu ziren garai honetan, lan munduaren inguruko gai desberdinak arautuz: goran aipatutako asteko derrigorrezko atsedenaldia, emakume eta umeen lan baldintzak, lan istripuak, e.a. izango zirelarik horietako batzuk. Testuinguru honetan Gizarte Erreformen Tokiko Batzordeak sortu ziren, lantegietako langileen ordezkariak, nagusien ordezkariak (bi talde hauek ordezkari kopuru berdina edukiko zuten), herriko alkatea batzorde-buru bezala, parrokoak eta medikuak osatuko zituzten batzorde hauek. Villabonakoa 1900-06-05ean eratu zen (sig. 43-01) eta idazkari Carlos Darras langilea izendatu zuten. Ordezkari hauek 4 urtera aldatzen ziren hauteskundeen bidez eta artxiboan dauzkagu hautaketa horien emaitzen dokumentuak (sig. 43-03 eta 43-08). Batzordeetan beraz, lan munduko gai desberdinak jorratzen ziren, Estatuak emandako agindu eta legeen azterketa helburu nagusienetakoa zelarik. Eztabaida guzti hauek, artxiboan gordetzen ditugun akta batzuetan jasota gelditzen ziren (sig. 43-06).

Jakina da garai honetan, lantegietako langileria profil demografiko desberdinek osatzen zutela, beste era batera esanda, gizonekin batera emakumezkoek eta umeek (neska eta mutilak) ere lan egiten zutela. Zaila izaten da ordea, langile horiei buruzko informazioa lortzea. Gai honi buruzko ikerketa lan bat jorratzerakoan, kontutan eduki behar da garai hartan gai hauek ez zutela gaur duten garrantzia eta datuak ez zirela sistemikoki jasotzen. Edonola ere, badaude hainbat testu eta taula informazio hau jasotzen dutenak, esate baterako, 1908 urtean Gobernazio Zibileko ikuskaritzatik egindako taula bat dugu (sig. 68-10). Informazio mamitsua eskaintzen digu gainera. Bertan aipatzen da herriko 4 lantegi garrantzitsuenetan, hau da, Subijanan, La Salvadora papertegian, Achagaren bordatzeko makinen lantegian eta igeltso edo harlauza harrobian lan egiten duten gizon eta emakume heldu, 14 eta 16 urteen bitarteko mutil, 14 eta 23 urte bitarteko neska eta 14 urte arteko neska-mutil kopurua. Gainera, talde bakoitzak lantegi bakoitzean kobratzen duen soldata eta egiten duen lan-ordu kopurua ere adierazten da.

Villabonako industrializazio horren aztarna batzuk gaur egun ikus daitezke oraindik, Sacem lantegia eta Zizurkilgo Oria papertegia adibide nabarmenenak izanik. Subijanaren ordez gaur Mintzola aurkitzen dugu “Subijana etxean” eta La Salvadoraren ordez, Pilotaria kalea, urbanistikoki “La Salvadora gunea” bezala ezagutzen dena. Aztarnarik egon ez arren, Villabonako biztanleen oroimenean egoten jarraituko du iragan horrek eta baita gure artxiboan ere, bertan aurkituko baititugu garai hori ezagutzeko lehen eskuko informazio iturriak.

Amaia Mendizabal


Elektrizitatearen iritsiera

2018-04-23
Categorías: Archivos, Zumaia,

Urtarrileko idatzian desagertua dagoen ogibide bat izan genuen hizpide. Farolari eta gauzainek, gurera elektrizitatea iritsi baino lehen, kale argiztapena bermatzeko betebeharra izan zutela ezagutu genuen. Argindarraren iritsierak, ordea, lanbide hauek desagerrarazi zituen pixkanaka. Aurreko idatziaren ildoari jarraituta, Zumaiara elektrizitatea noiz iritsi zen jakitea izan da oraingo helburua.

Zumaiako artxibategian gorderik dauden dokumentuetan, kale argiteria ezartzeko lehen interesa 1892koa dela irakur daiteke. Urte horretako abenduan, Zumaian kaleetan argiteria elektrikoa jartzearen onurak aztertzea egokitu zitzaion Lan Batzordeari. Honek Jorge Anlemeyer elektrizitate ingeniariari eskatu zizkion herrian kale argiteria elektrikoa jartzeko ikerketa eta aurrekontua. Bitartean, kale argiztapena hobetu nahian, Udalak petrolioz funtzionatzen zuten argiontziak jartzen jarraitu zuen herrigunean eta portuan.

Ia bi urte geroago, Anlemeyer ingeniariak bere ikerketarekin jarraitzen zuen. Zumaia elektrifikatzeak kostu bat zekarren herriarentzat, ez zen nolanahikoa izango, gainera. Hori pentsarazten du Anlemeyerrek herriko kapitalistek elektrifikazioan interesa duten galdetzen duen eskutitzak. Aurrekontuarekin izan zitezkeen arazoak medio, ikerketak aurrera jarraitu zuen eta 1894an Zumaia eta Zarautz elektrizitatez hornitzeko ur saltoen bila aritu ziren.

Hasieran Oikian Urola ibaiaren erriberan kokatzen zen Mantzisidor errotako ur saltoa egokia izan zitekeela pentsatu zen. Hala ere, azterketak erakutsi zuenez, neguan bi herriak argiztatzeko nahikoa indar izan arren, udan ez zuen nahikoa. Bi herrien elektrifikazioa ezin zen, beraz, ur salto bakar horren indarretik lortu. Honen aurrean, ingeniariek Narrondoko ur saltoaren indarrean jarri zuten arreta. Urolan eta Narrondon kokatutako bi ur salto horiek bertako errota zaharrei lotuak zeuden. Elektrizitatearen iritsierarekin errota zaharren azpiegiturak baliatu ziren zentral elektriko bihurtzeko. Euskal Herriko ibai eta errekatan egun erabilerarik ez duten zentral elektriko ugari topa daitezke.

Narrondoko eta Mantzisidorko ur saltoen indarra batuz Zarautz eta Zumaia elektrizitatez hornitzeko nahikoa zela ondorioztatu zuen azterketa egiten ari zen ingeniari taldea. Hori horrela, Udalak Narrondoko errota eta haren ur saltoa erosteko kudeaketa abian jarri zuen 1894ko maiatzean. Ia aldi berean, herria argiteria elektrikoz hornitzeko lanak enkantera atera zituen. 1895eko azaroan, ordea, Udalaren eta Narrondoko errotaren jabearen artean desadostasunak sortu ziren. Dirudienez, errota eta ur saltoa ez zitzaizkion Udalari saldu, errentan eman baizik. Errotaren jabeak, ordea, atzera egin eta kontratua bertan behera uzteko nahia erakutsi zuen. Zenbait balorazioren ondoren, Zumaia elektrifikatzeko ur salto horren beharrik ez zegoela ikusi zuten eta Narrondoko errota eta haren ur saltoa alboratu egin zituzten. Hortik aurrera, egitasmoak Urola ibaian kokatzen zen Mantzisidor errotarekin eta bertako ur saltoarekin bakarrik jarraitu zuen aurrera. Ur salto horren indarraz Zumaia bakarrik baliatu zela ondoriozta daiteke eta ez, hasieran pentsatu bezala, Zumaia eta Zarautz.

1896 bitartean Zumaia argindarrez hornitzeko lanak egin zituzten. Mantzisidorko errota zentral elektriko bihurtu, elektrizitatea Zumaiaraino garraiatzeko kable eta posteak jarri, argiteria berrirako beharrezkoak ziren bujia eta bonbilak jarri eta abar. Urte horretan iritsi zen argindarra Zumaiara eta gauetan kaleak argiteria elektrikoaren argitasunez bete ziren. Ondoren iritsiko ziren bertako lantegien elektrifikazioa lehenik, eta etxeena ondoren. Baina guretzat etxeetan hain arrunta eta beharrezkoa zaigun elektrizitatea lortzeko zenbait urte pasa behar izan ziren.

Oihana Artetxe

Argazkiaren egilea: Imanol Azkue

Getariako emakume abertzale batza

2018-04-23
Categorías: Archivos, Getaria,

Orain dela zenbait hilabete euskal abertzaletasunarekin loturiko nekazal elkarteen inguruko zenbait datu plazaratu modura, oraingo honetan, euskal abertzaletasunarekin loturiko emakume elkarteen inguruko informazio zantzu batzuk zuenganatzeko asmotan gatoz. Aipaturiko idatzian bezala, XIX. mendeko lehen herenera egingo dugu salto, zehatzagoak izanda, Bigarren Errepublikaren garaira. Aztergai daukagun elkartearen zimenduak 1922. urteko apirilean  finkatzeari ekin zitzaion arren, 1923ko Primo de Riveraren diktaduraren hasierak hegoak moztu zizkion jaio berri zen elkartearen lehen hegaldiari.

Lehen hegaldiko dinamikari Bigarren Errepublikaren garaian eman zitzaion jarraipena, oraingoan bai, EAJ/PNV alderdiaren zati zen elkarte modura. Esan daiteke, jarraipena baina gehiago, garai honetan joan zela Emakume Abertzaleen Batza euskal gizartean garrantzia irabazi eta barneratzen. Besteak beste, elkarteak euskara, takigrafia, mekanografia, katekesi, geografia, historia, kontabilitate eta solfeo klaseak eskaintzen zituen, antolaketa sindikalean erabat murgilduta zebilen, arazo sozialei aurre egiteko lanean eragina geroz eta handiagoa zuen, etab.

Elkartearen sorkuntzaren araudian argitzen zen moduan, helburu nagusia jaungoikoa eta lege-zaharraren emakumeen elkargunea izan eta euren doktrina hedatzea zen, betiere, euskal alderdi sozial, kultural eta ongintzara bideratuta. Honez gain, guztiaren oinarrian euskara ezartzen zuten. Era berean, emakumeen elkartea izan arren, gizonezkoen menpeko zirela berresten zuten uneoro.

Hego Euskal Herriko herri eta hirietan oso arin zabaldu ziren elkarte hauek -guztiak goi organismo batean federatuak-, eta nola ez, Getariara ere iritsi zen elkarte hau. Eusko Ikaskuntzaren arabera, 1932. urterako Getariako Emakume Abertzaleen Batza indarrean zegoen arren1, Getariako Udalbatzarreko aktek informazio hau ezeztatzera eramaten gaituzte. 1936ko maiatzaren 31ko udalbatzarreko aktaren arabera: “. . . el diputado sr. Urquijo vendrá a esta (villa) el próximo domingo dia siete de junio con motivo de la inauguración de Emakume Abertzale Batza . . .”.

Gauzak honela, argi dagoena da Getarian sortutako elkarteak ez zuela ezer askorik egiteko denborarik izan. 1936ko uztailean hasi zen gudan zaurituak zaindu eta bestelako laguntza lanetan aritu ahal izan zela pentsa daiteke, baina gerra ondoreneko zapalkuntzarekin segurua da elkartea deuseztatua izan zela.

Xabier Etxeberria Lasa

(1)  http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/emakume-abertzale-batza/ar-47346-26562/

Irudia: Emakume Abertzaleen Batzako lehen banderaduna, 1922ko ekainaren 25a.  Iturria: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/argazkia/mu-15064/


Udaletxea maiztertzan

2018-03-27
Categorías: Aduna, Archivos,

Udaletxeari buruz hitz egin nahi dugu Adunako udalerriari buruzko lehenengo testu honetan. Izan ere, gela eta areto ugari dituen eraikuntza hau urteetan zehar balioanitzeko eraikina izan dela esan daiteke, hori bai, beti ere Udal administrazioarekin zerikusia duten jarduera desberdinak garatzeko: espetxe, alondegi, liburutegi eta bizileku moduan ere erabilia izan da gelaren bat edo beste. Baina has gaitezen hasieratik, edo hobe esanda, saia gaitezen hasieratik hasten.

Bistakoa da gaur egun ikusten dugun eraikina nahiko berria dela eta obra berriak jasan dituela duela gutxi. Honen adibide ikusgarriena kanpoaldetik fatxadaren kontra duen igogailua izango da, herritarrentzako irisgarritasun baldintzak hobetzeko asmoz eraikia izan dena. Barrualdeak ere aldaketak eduki ditu eta gaur egun ere badaude hainbat proiektu martxan. Azken finean, urteak pasa ahala, herri baten baldintzak eta beharrak aldatuz doaz eta eraikinek ere erritmo hori jarraitu behar dute ahal den neurrian, egoera berrietara egokituz. Egun ikusten dugun Udaletxea 1958 urtean eraiki zen, baina aurretik beste bi eraikuntza zeudela badakigu, gutxienez. Udaletxeari buruzko lehenengo erreferentzia dokumentala 1662 urtekoa da eta horri esker jakin dezakeguna ordurako eraikia zegoela da, ezin dugu jakin noiz izan zen eraikia. Horretaz gain, eduki zituen funtzio desberdinak ezagutzea ere ahalbideratzen gaitu testuak, izan ere, Udalaren ohiko funtzioak betetzeaz gain, bertan zeuden botika, errematean ipintzen zen ostatu bat eta herriko espetxea edo ziega. Normalena zen azken hau Udaletxean egotea. Tamalez, eraikin honek XVIII. mendearen lehenengo erdialdean sute desberdinak sufritu zituen eta berria eraiki behar izan zen 1748 urte inguruan. Bigarren eraikuntza honek 1958 urtera arte iraun zuen zutik, hau da, gaur egun ikus dezakeguna eraiki zen arte.

Dirudienez, bigarren eraikuntza honetan, beheko solairuan biltegi bat egoteaz gain, ukuilu bat ere bazegoen. Bestalde, ziega eta ostatua mantendu egin ziren, azken hau errematean jartzen zelarik.

Gauzak horrela jarraitu zuten eta 1911 urtean esku artean dugun dokumentua idatzi zen. Urte horretako abenduaren 30ean Adunako alkatea zen Donato Gorostidiren eta Jose Amenabarro y Arrizubietaren arteko maiztertza hitzarmen hau sinatu zen. Bertan maiztertzaren betebeharrak eta baldintzak zehazten dira. Maizterra oraingoan, Ikaztegietako 26 urteko bizilagun bat da, eta bukaeran aipatzen denaren arabera, ez du idazten jakingo, beste pertsona bati eman behar baitio baimena kontratua bere ordez sinatzeko. Udaletxearen maiztertza errematean jartzen dela aipatu dugu, kasu honetan, azaroaren 26an ospatu zen enkantea eta Josek urtero 200 pezeta ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.

Esan beharrik ez dago ez zela udaletxe osoa alokairuaren helburu, baizik eta zati bat bakarrik, Udalak erabiliko ez zituen gelak esate baterako. Hauek kontratuko baldintzetan zehazten dira. 7 dira Josek bete beharko dituen baldintzak, lehenengoa 4 urteko maiztertza betetzea izango delarik. 4 urtero errematean jartzen da alokairua, nahiz eta pertsona berdinak irabaz dezakeen behin eta berriro. Badaude Artxiboan 1855 eta 1869 urteen artean Lucas Iturrik sinatutako kontratu desberdinak. Aztertzen ari garen kasua, 1912ko urtarrilaren 1ean hasi eta 1916ko urtarrilaren 1ean amaituko da. Bigarren baldintzak ondorengoa dio:“El rematante deberá mantener a su cuenta los musicos juglares y tambor que asistan a las funciones que celebra el Ayuntamiento por la Asuncion de Nuestra Señora en los dias desde el 14 por la tarde hasta la noche del 16 de Agosto, con inclusion de cama, por cada uno de los cuatro años”, hau da, Adunako herriko jaietan, Jasokundearen jaietan, maizterra musikariez arduratu beharko da, horiei ostatu emanez herriko jaiak irauten duten bitartean.

Hirugarren baldintza, baldintza baino, zehaztasun bat dela esan daiteke. Horren arabera, Udalaren lurretan frutarbolak landatu ditzake nahi izanez gero, baino zuhaitzetatik lortzen duenak ez du errematean eraginik edukiko. Laugarren puntuan udaletxeko gelak aipatzen dira, zeintzuk erabili ditzakeen eta zeintzuk ez. Honi esker badakigu Joseren aurretik beste pertsona bat egon zela maizter bezala gela horiek okupatzen eta libre utzi behar dituela aretoa, bigarren solairua (lehen, herriko irakaslearen gela zegoen bertan) eta etxabeko denda ere, alondegiaren funtzioa betetzen baitu. Bosgarren baldintzak, maizterrak Udalbatzarraren bilkuretarako aretoa prest eduki behar duela dio. Udalbatza gauez biltzen bada, argi bat piztu beharko du eta astero erratza pasa beharko du garbi mantentzeko. Seigarren puntuak errematea noiz ordaindu behar duen zehazten du eta azkenak, kontratuaren gastuak maizterrak ordaindu behar dituela eta kontratua amaitzean itzuliko zaion berme bat jarri behar duela agintzen du, 250 pezetako bermea konkretuki. Bukatzeko, kontratuan parte hartzen duten guztien sinadurak aurkitzen ditugu: alkatearena, idazkariarena eta Joseren partez, Jose Mª Mugicarena.

Ikusten dugu beraz, Udaletxeko solairu eta gela desberdinetatik mota guztietako pertsonak pasa direla helburu anitzekin: irakasleentzako, ostatu emateko, alondegirako, ziegarako,… erabili izan dira. Gaur egun ordea, gela guzti horiek Udal teknikari desberdinek betetzen dituzte, baita ere Adunako Udal Artxiboak, bi zatitan banatuta dagoelarik, bigarren solairuaren eta ganbararen artean.

Amaia Mendizabal


Yeribar de Susso en Asteasu

2018-03-27
Categorías: Archivos, Asteasu,

Artxiboetan gordetzen den dokumentazioa mota askotakoa da eta informazio desberdin asko eskaintzen du. Dokumentazio zaharra izaten da gehien nabarmentzen dena, ezagutzen ez dugun jendea eta gizartea hobeto ezagutzera ahalbideratzen bait gaitu. Gainera, nahiz eta idazteko momentuan testu bakoitzak helburu bat eduki, bere baitan datu interesgarri ugari gordetzen dute. Pentsa dezagun adibide bezala, bi pertsonen arteko kontratu batean. Bertan, kontratuan parte hartzen duten pertsonen (eskribaua eta lekukoak barne) izen abizenak eta bizitokia aipatzeaz gain, askotan lanbideak ere adierazten dira, beraz, informazio pertsonal asko eskaintzen dute, kontratua egiteko prozesu juridikoa islatzeaz gain. Datu guzti hauei esker, ikuspegi desberdineko ikerketa lan asko egin daitezke, horien artean zuhaitz genealogikoak aurkitzen direlarik.  

Asteasuko Artxiboan fondo historiko aberatsa gordetzen da XVI, XVII eta XVIII mendeetako dokumentu asko bait dauzkagu. Horien artean, ezkontza kontratuak, pertsonaia batzuen testamentuak (beste berri batean aztertu genuen Juan de Bulanorena bezala), aiton-semetzak eta eskritura gutxi batzuk ditugu. Erregistro zibiletatik eta elizbarrutietako artxiboetatik lortu dezakegun informazio guztia batu ondoren, aiton-semetzak oso erabilgarriak dira ikerketa genealogikoak aurrera eramateko. Familia edo leinu baten odol garbitasunaren frogagiri ziren eta eskatzaileak hiru belaunaldiz frogatu behar zuenez bere arbasoen jatorria kaparetasuna lortu ahal izateko, mota honetako ikerketetarako oso erabilgarriak dira. 

Dokumentu horiek familien noblezia maila islatzen dute eta askotan, kaparetasunaren eskatzaileek euren abizenaren oinetxera atzera egin nahi izaten zuten odol garbitasuna frogatzeko. Izan ere, oinetxeak leinuen abizenen jatorri dira, hau da, familiek jatorrizko oinetxetik hartzen dute abizena, horregatik da hain garrantzitsua kaparetasun auzietan atzeraino iristea.

Asteasuko Artxiboan 1649 urtean idatzi zen zerrenda bat dugu, non Gipuzkoako oinetxe desberdinak aipatzen diren (sig.: 267-17). Ez dira familia guztien izenak agertzen noski, baina bai mordoxka bat.

Dokumentu honek, orrialde bat besterik ez bada ere, oso informazio interesgarria jasotzen du bere baitan. Esan bezala 1649 urtean idatzia izan zen, abuztuaren 17an konkretuki, Joan de Alzola eskribauaren eskutik. Bukaeran irakurleari jakinarazten dio beste dokumentu zaharrago baten kopia dela “Yo Joan de Alçola escriuano del Rey nuestro señor y del numero de la alcaldia mayor de Aiztondo asiente en este papel de un papel biejo y antiguo que se hallo en la cassa solar y palacio de Lizaur”. Zoritxarrez, ezin dugu jakin zein urtekoa izango zen aipatzen duen paper zahar hori.

Testu honetan beraz, XVII. mende erdialdean Gipuzkoan zeuden Ahaide Nagusiak eta oinetxeak aipatzen dira, izenburu bezala “Las cassas solariegas y Parientes mayores de la muy noble y mui leal Poruincia de Guipuzcoa” duelarik. Honen ondoren 52 izen adierazten dira bi zatitan bereiziz. Alde batetik, eta beste batzuen artean, Lazcano (Lazkaon), Olasso (Elgoibarren), Balda (Azkoitian), Zarauz (Zarautzen), Iraetta (Aizarnan), Amezqueta (Amezketan), San Milian (Zizurkilen), Achega (Usurbilen), Ugarte la de Oyarçun (Oiartzunen), Çumaya (Zumaian) edo “En el Valle […] de Leniz son” Galarça, Otalora, Arcarasso eta Uribe (Leniz bailaran) familiak aipatzen ditu. Bigarren zati batean, desberdinduta, aipatzen ditu Açelayn (Sorabilan), Emparan (Azpeitian), Olazaual (Altzon), Azcue (Ibarran), Lili (Zestoan) edo Legazpia (Zumarragan?).  Azken hauen artean aipatzen da guri gehien interesatzen zaigun oinetxea: “Yeribar de Susso en Asteasu”.

Leinu desberdinen arteko liskarrak oso ohikoak izaten ziren, hauetatik famatuenak Oinaztarren eta Ganboatarren artekoak izanik, XV. mendeko Bandoen Gerren protagonista nagusiak. Nahiz eta hauek zehazki testuan ez agertu, gerra edo istilu horietan parte hartu zuten Ahaide Nagusi eta oinetxeak bai irakur ditzakegu: Lazkaotarrak, Amezketatarrak, Alzegatarrak, Unzuetatarrak, Murgiatarrak edo Baldatarrak baten edo bestearen alde egon ziren garai horretan. Dena den, liskar horiek XIV eta XV. mendeetan gertatu ziren, hau da, testu hau idatzi baino bi mende lehenago. 1649 urterako ordea, giroa askoz lasaiagoa zen. 

Dokumentuaren beheko aldeko ezker aldeari so eginez gero, ohar moduan idatziriko beste testu txiki bat irakurri daiteke eta bertan, arreta erakarri digun bigarren ekarpena dugu: Asteasuko Yeribar de Susso familiaren armarria deskribatzen digu eskribauak. Armarriak familia nobleen irudi izango ziren, euren ikur bezala. Yeribar familiak Asteasun botere handia aintzinetik eduki zuela badakigu, izan ere, gure Artxiboan gordetzen dugun XVI. mendeko auzi batetan (sig.: 59-01), Juan Lopez de Yeribarrek auzi bat aurkezten du Asteasuko biztanleek euren haziak beste errota batetara eramaten dituztelako berera eraman beharrean. Auzi horrek 1399 urteko kontratu bati egiten dio erreferentzia, orduan hitzarmen bat idatzi baitzen herritarren haziak Yeribar familiako errotara eramateko. Familia honen armarriari buruz, Joan de Alzolak ondorengoa dio: “Las armas de la cassa solar de Yeriuar de susso en Asteasu son dos jabalis, un lebrel y dos coraçones en campo de plata. Un castillo con su torreon eminente y dos leones que abraçan el escudo por ambos lados”.

Gaur egun Yeribar de Susso baserria Ibargain edo Ibargaraikoa bezala ezagutzen dugu, baina tamalez, testu honetan deskribatzen den armarria dagoeneko ez dago ikusgai eraikuntzaren fatxadetan.

Amaia Mendizabal

Basoaren arriskuak: otsoen aurkako ekimenak

2018-03-14
Categorías: Archivos, Oiartzun,

“Handia” filma bolo-bolo dabil azkeneko asteotan. Filmak lortutako arrakastak euskarazko euskal zinemari ekarpen itzela egin dio. Hamaika esparrutan lortu zituen Goya sariak, ondo mereziak. Pelikularen girotzea sekulakoa da, baserriko bizitza miserablea (gaur egun batek baino gehiagok irudikatzen duen bukolikotasunetik aldenduta), ohiturak, gerraren gogorra… Ildo honetatik, filma hasieran azaltzen den eszena bati erreparatu genion: Martin anaiak otsokumea hartzen duen horri, hain zuzen ere. Atentzio handia eman zigun, izan ere, garaiko giroaren adierazle bikaina iruditu zitzaigun. Bati baino gehiagori arrotza irudituko zaio, baina duela ez asko, gure basoak halako animalien bizileku ziren.

Hilabete hauetan plazaratu ditugun artikuluen artean, basoarekin zerikusia zuten hainbat aditzera eman ditugu; besteak beste, gizakiaren jardunaren ondorioz sortutako suteek eragiten zituzten kalteak hizpide izan dira. Ez ziren, ordea, arrisku bakarrak. Pentsa daitekeenez, baso eta oihanak hamaika motako piztien bizitoki ziren, eta gizakiaren presioa geroz eta gertuago pairatzen zuten heinean, abere eta aziendei kalte nabarmenak eragin zizkieten. Horregatik, “Handia”-ren otsokumea aintzat hartuz, Oiartzungo kasua ere jorratzen duten azken ikerkuntzetan oinarrituz (1) eta akten hustuketa ardatz  izanik, Bailaran, XVII. mende eta XVIII. mende hasieran bizi zen egoerari buruz galdetu diogu geure buruari.

Otsoak XV. mende amaieran

Datuak eskutan, basapiztien artean otsoek izan zuten protagonismorik nabarmenena. Azeri, azkonar, basakatu, erbiñude, hartz, katamotz, lepahori edo bestelako basa-haragijaleen inguruko berririk apenas dugun. Egia da, ordea, berri horiek denbora tarte jakin batera mugatzen direla. Etorkizunean burutuko diren akten hustuketa lanek ikuspegi zabalago bat izaten lagunduko digute, baina orain dugun informazioarekin, otsoen arriskua XVIII. mende hasieran, 1700tik aurrera, bereziki larria izan zela ematen du. Hori azalduko lukeen faktoreetako bat gerra egoera litzateke, Ondorengotza Gerrarekin, hain zuzen ere. Halako garaiek, basoetan ematen zen giza-jarduna apalduko dute eta beraz, bizitza basatiak aurretik galdutako lekua berreskuratuko zukeen. Hainbat egilek prozesu hori bera XIX. mendean eman zela aipatzen dute, baita Oiartzunen bertan ere. Dena den, ohartu beharra dago penintsulan izan ziren arazoak otsoen inguruan ditugun berriak baino beranduago hasi zirela eta beraz, otsoen gaineko kezkek beste faktore batzutan izango zuten oinarria.

Arrazoia edozein delarik ere, bizitza basatiak gure gizartean beti izan zuen lekua duela gutxi arte; gizakia, zibilizazioa eta hiri mundua landa, mendi eta basoen ondoan zeuden. Harreman horretan talkak sortzen ziren. Hasiera batean, gizakiak begiz jo  zuen animalia hartza izan zen; handiena eta indartsuena izaki, kalterik ikusgarrienak berak sortzen zituen. Haren aurkako ekimenak XVIII. mendean apaltzen joan ziren, kopurua gutxitu ahala, eta azkena XIX. mende erdialdean ehizatu zen. Hartzaren ondoren, otsoa izan zen gizakiaren jo-puntu nagusia. Oraindik XX. mende hasierako hamarkadetan gure mendietako animalia genuen, ordurako Aizkorri, Aralar eta Iparralde eta Hegoaldeko mugan zebilelarik (2).

Udal-aktez gaindi, Oiartzungo bestelako dokumentazioak ere hainbat datu eskaintzen dizkigu. XV. mende amaierako Errenteria eta Bailararen arteko mugarritzean, adibidez, Olaberriaga inguruetatik gertu zeuden mugarrien artean, bat otso-zulo baten ondoan zegoen: “’d’este dicho mojón a otro mojón qu’está entre dos caminos, junto a vna cueba de lobos…”. Askoz adierazgarriagoak dira, ordea, 1501eko ordenantzek dakarzkiguten berriak. Bertako 55. tituluak otso eta azeriei leku egiten die, haiek ehizatzeagatik sariak adostuz: otso heldu bakoitzeko, dukat erdia; harrapatzen zen otsokume bakoitzeko, dukat erdia; azeriko, aldiz, 3 txanfoi t’erdi. Ez hori bakarrik. Adierazgarriena ondoren ezarritako neurria da, animalia horiek oso ugariak zirela islatzen baitu. Ordenantzek urtean hiru egunez ehizaldi bana egingo zirela xedatu zuten, goizetik gauera arte iraungo zutenak. Ez zen nolanahiko ekimena, gainera. Ordenantzaren arabera, jarduna 80-100 lagun inguruk burutuko zuen, lau taldetan banatuak. Ordurako otsoak eta azeriak oiartzuarren helburua baziren ere, bazegoen bestelako piztien arriskurik, hartzak kasu. Egia da, hauen erasoaldiak urriagoak zirela, baina LXVI. ordenantzak horien inguruan aipamena egitea (otso, hartz eta “antzeko animaliek” egindako erasoak), noizean behin begiztatzen zirenaren isla dakar.

Gorenaldia XVIII. mende hasieran

Aipatutako datuez gain, udal aktetan azaltzen zaizkigun lehenengo berriak Lesakako udalbatzak Oiartzungoari bidalitako gutunei esker dakizkigu. 1696ko urtarrilaren 14an (A-1-9-1, 42 au.) herri nafarrak, egindako ehizatzearen berri eman zion Bailarari.

Handik ia urtebetera, 1696ko abendu eta 1697ko urtarrila bitartean, bi herriek hainbat  gutun bidali zioten elkarri (A-1-9-2, 11 au.-11at.). Agidanez, Lesakak laguntza eske idatzi zion Oiartzuni, Anizlarrea inguruetan otsoek sortutako arazoak zirela eta. Zehazki, animalia horien aurkako uxaldian laguntza eman ziezaioetla eskatzen zuen. Oiartzunek proposamena ez zuen gaizki ikusi, eta gaia jorratzeko alkateak eta hainbat auzo bidaliko zituela adierazi zion.

Egoera bertsua azaltzen zaigu urte gutxiren buruan. Esan bezala, 1700 urtetik aurrera izan zen otsoen jardunaren gorenaldia. Udalbatzak orduko urtarrilean idatzitako hitzak, behintzat, ezin argiagoak dira:

“hauiendo reconocido los muchos y continuos daños que haçen los lobos en juridiçión de este dicho Valle y su contorno a los ganado de sus vecinos que ha llegado el aumento y rabia de aquel género de animales que aun de día ban acossando a los reuaños a vista de los pastores y raro es la cría de la yegua que dejan de comer” (A-1-10-2, 22 au.)

Horretarako ordura arte erabilitako prozedurak erabili ziren, otsoak hiltzeagatik sariak ematea, horretarako, abeltzainei eta eliz-kabildoari diru-laguntza eskatuz. Ez ziren, ordea, neurri bakarrak izan; bestelakoak abian jartzeko asmoak ere agertu ziren. Eta hauetan, egoera oso samurra ez zenaren zantzuak ageri dira.

Ordurako, urte batzuk lehenago Lesaka eta Oiartzunen artean ikusten genuen laguntza hura, hedatzeko bidean zen. 1700ko urtarrilean, Bailarak ehiza lanetan aritzeko laguntza eskatzea adostu zuen, oraingoan deialdia hainbat herritara zabalduz: Lesakaz gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Irun, Errenteria eta Goizuetari asmoen berri eman zitzaien. Guztiei gutunak zuzendu zitzaizkien eta ordainetan, jakinaren berri emateagatik, horiek esker-ona azaldu zioten Bailarari, ahal zuten horretan lagunduko zutela adieraziz. Salbuespena Errenteria izan zen: otsailaren 3an bidalitako gutunean parte hartzeari uko egin zion, pairatzen zuen diru eskasia zela eta.

Goizuetak, aldiz, erantzun interesgarria eman zion. Otsoak eta bestelako piztiak ehizatu zituztenei saria emateko asmoari baiezkoa emateaz gain, eta halako lanak hobeto antolatze aldera, Lesaka, Arantza eta Aranorekin elkarte edo batasun bat sortzeko proposamena luzatu zuen:

“y porque padecen el mismo daño que V. M. y yo las villas de Lessaca, Aranaz [hau da, Arantza] y Arano, sería bien participarles esta noticia para que entre todo estos pueblos circunvecinos se otorgue vna escritura de Unión para este efecto”.

Asmoek aurrera egin zuten, eta ekimena abian jartzeko Artikutzan hainbat bilera egin ziren. Horietan adierazgarriena otsailaren 15ean ospatutakoa dugu (A-1-10-2, 36 au.), otsoak ehizatzen zituztenei eman beharreko sariaren inguruan aritzeko burututakoa. Astebete lehenago, Oiartzunek eta Lesakak batzarra ospatu zuten leku berean, baina bigarren honetan partaidetza nabarmen hazi zen: bi herri horiez gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Goizueta, Arano eta Orreagako Kolegio-etxeetako ordezkariak joan ziren. Iruni ere proposamena luzati zitzaion baina ez zuen ageriko asmorik agertu, bertako abeltzainek otsoek eragindako kalterik aspaldidanik pairatu ez zutelako (A-1-10-2, 50 au.). Helburua, otsoak ehizatzeko Elkarte bat sortzea zen.

Irunek esandakoek, dena den, salbuespena ematen dute. Bestelako datuekin alderatzen baditugu, Gipuzkoan bizi zen egoera guztia lasaia ez zela ikusiko dugu. Nafarrak ez ziren izan kezka nabarmenak plazaratu zituzten herri bakarrak; gipuzkoarrek ere, beste horrenbeste egin zuten. Otsoak ia nonahi ikus zitezkeen. 1701eko apirilaren 8an, larunbat goizean, adibidez, Lezoko auzo batzuek Jaizkibelen animalia bat ehizatu zutenaren berria ere badugu (A-1-11-1, 90 au.-at.):

“…que algunos vezinos de Lezo, ayer, día sáuado, a cossa de las nuebe horas e la manana, han muerto vn lobo en el partido que llaman Gaizquibel…”

Halaber, badakigu Gipuzkoako herrien artean ere, otsoak ehizatzeko elkarteak sortzeko asmoak zeudela. Astigarragak martxoaren 5ean Oiartzuni zuzendutako gutunean, Altza, Amasa, Andoain, Errenteria, Hernani eta Irunen artean halako ekimena bultzatzeko asmoak agerian uzten zituen (A-1-10-2, 60 au.).

Oiartzun eta Nafarroako herrien arteko Elkartea (1700)

Herri gipuzkoar horien asmoak zertan gelditu zen ez dakigu, baina Oiartzun eta herri nafarren artekoak, esan bezala, aurrera jarraitu zuen. Elkartea, 1700 urteko martxoaren 9an Artikutzan ospatu zen batzarrean sortu zen (A-1-10-2, 62 au.-64 au.). Oiartzunez gain, batasun horretan Lesaka, Goizueta, Arantza, Arano, Zubieta herriak eta Anizlarrea barrutiko abeltzainak zeuden. Helburu nagusia otso eta bestelako piztiak ehizatu eta harrapatzeko kontuak arautzea zen, egoera ez baitzen bat ere samurra: “hauer esperimentado los considerables daños que hazen los louos y otras fieras en los ganados de las juriziciones de las dichas repúblicas y partes circunvecinas (…) para matar y espeler las fieras y en particular para que los cazadores se esfuercen a hacer salidas…”.

Zazpi kapituluz osatutako hitzarmenak, ehiza-sarien inguruko kontuak biltzen zituen bereziki. Elkartea zortzi urteko epeaz egongo zen indarrean, 1708 urte amaiera arte (7. kapitulua) eta sei herriz eta eskualdeko abeltzainez osatua bazegoen ere, aurreikusitako epean kide gehiago sartzeko aukera adostu zen (6. kapitulua).

Ia kapituluen erdia, hiru, sarien ingurukoak ziren. Hauen arabera, otso edo hartzen bat ehizatu edo hiltzen zuenari 28 pisu nafar emango zitzaizkion (1. kapitulua); ehizatu edo harrapatzen zen otsoko edo hartz-kume bakoitzeko, berriz, 3’5 pisu jasoko zituen. Azken kapitulu horrek hainbat zehaztapen zituen: hiru kume baino gehiago harrapatuko zituenari bikoitza emango zitzaion, 7 pisu alegia. Kopuru hau finkoa zen; hau da, ez zen gehiago ordainduko lautik gora kume atxikitzen bazituen (2. kapitulua).

Hitzarmenaren hirugarren kapituluak, aldiz, tigreak ehizatu edo akabatzen zuenaren saria xedatzen zuen. Lan hori egiteagatik, 7 pisu jasoko zituen. Azken eskupeko horren eta otso edo hartzak harrapatzeagatik ematen zirenen arteko desberdintasun nabarmena, animaliek eragindako kalteekin zerikusia izan zuelakoan gaude; ustezko “tigre” horien erasoen ondorioak, beste bi animaliekin alderatuta, askoz txikiagoak zirela islatuko luke. Eragina horren larria ez izateko arrazoiak hainbat izan zitezkeen. Batetik, “tigreak” urriagoak zirelako; bestetik, eta gure ustetan aintzat hartu behar dena, animalia horiek besteak baino tamaina txikiagoa zutelako. Izan ere, “tigre” izenaren atzetik ez dugu Asia aldeko felido handi eta marraduna ikusi behar; aitzitik, kontzeptuaren atzetik basakatu edo katamotzei erreferentzia egiten zitzaien.

Dirua jasotzearen kontua oso arautua gelditu zen hitzarmenaren 4 eta 5. kapituluetan. Ehiztariak, egindako harrapatzearen berri eman behar zuen eta horretarako, burututako ehiza edo atxikitzea 24 orduko epean jakinarazteko betebeharra zuen, bere jarduna gauzatu zuen jurisdikzioko alkatearen aurrean. Udal-epaileak lekukotza edo frogaketa egingo zuen ehiztariak jakinarazpena egin eta zortzi eguneko epean, azken horrek azaldutakoa egia zen ala ez jakiteko asmoz. Bestalde, ehiztariei beste betebehar bat jarri zitzaien: eskupekoa jasotzen zuen azken udalerrian ehiztariak larrua eta kumeak utzi beharko zituen.

Hainbat herri biltzen zituen elkarteez haratago, herri bakoitzak berezko neurriak hartu zituen. Oiartzun eta herri nafarrek sinatutako agiri horretako zazpigarren kapituluak, adibidez, otso ehizarako ehizaldiak errepublika bakoitzaren esku uzten zuen. Horrez gain, bestelako ekimenak izan ziren eta herri batek ingurukoei horien jakinaren berri ematen zien, bereziki jarduna mugakide ziren eremuetan eman behar bazen. Lesakak, adibidez, 1704ko apirilean bere eta Oiartzunekin muga egiten zuten lurretan lau ehiztari eta bi artzakur jarriko zituela jakinarazi zion Bailarari, otsoek eragindako kalteak saiheste aldera (A-1-12-1, 156 au.).

Ehiztarientzako lan-sariak

Bailarako abeltzainek edota aziendak zituen orok ehiza-sariaren ordainketan parte hartu behar zuen, udalbatzak adosten zuen diru-kopurua emanez. Sistema hori aitzindari moduan jarri dezakegu, mende luze beranduago iraun ez ezik, zabaldu egin baitzen. Horren arabera, ehiza-saria ordainduko zutenak abeltzainak izango ziren (3). 1704ko martxoan, adibiez, (A-1-12-1, 78 au.-at.), pertsona bakoitzak jarri beharreko dirua ezkutu laurden bat izan zen, aurreko bi hilabeteetan harrapatutako lau otsoengatik ehiztariei zor zitzaiena ordaintzeko 1705ean, berriz, abeltzain bakoitzari erreal-zilar bat ordaintzea egokitu zitzaion (A-1-12-2, 156 au.).

Hori bideratzeko, Oiartzunek biltzaileak izendatu zituen. 1704ko martxoan hamazazpi izan ziren hautatutakoak, Arkotz, Ergoien, Bidasorogarrika, Torresaran, Elbarren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden jarduteko. Adostutakoaren arabera, hamabortz eguneko epean, bildutako dirua udaletxean entregatu beharko zuten. Baina sariak kobratzearen antolaketa ez zen horietara mugatzen. Urte hartako apirilean Bailarak 1700eko elkarteari lotutako bi diru-biltzaile izendatu zituen (ald. A-1-12-1, 133 at.-134 at.), hautatuak Sebastian eta Erramus Lekuna izan zirelarik. Hauen lana, ehiza-saria bilketaren ikuskatzean zetzan eta horrez gain, auzuneetako arduradunak, dirua bi biltzaile horiei entregatu behar zieten. Ondoren, Lekunatarrek bilketaren nondiknorakoa azaldu behar zuten, zordunak dirua ordaintzera behartuz (A-1-12-1, 143 au.-144 at., 208 au.-209 at.).

Agidanez, sari-bilketa egitea ez zen beti gauza erraza izan, eta kontrol zorrotza mantendu nahi izan zen. Bikarioari 1700. urteko apirilean idatzi bat zuzendu zitzaion, abeltzainek, otsoen ehiza-sariagatik zegokien ekarpena egin zezatela jakinarazi zezan (A-1-10-2, 89 au.-89 at.). Antzeko kontuak ageri zaizkigu 1705 urtean ere eta akta-liburuetan 1704-1706 arteko zerrenda edo erroldak biltzen dira, otso ehiztariei eskupekoa ordaindu zuten eta ez zutenen abeltzain edo jendeari buruzkoak (A-1-13-1, 184 au.-190 at.; A-1-12-2, 371 au.-374 au.).

  

Iago Irixoa

(1) Hauen artean, zalantzarik gabe, azpimarragarrienak Alvaro Aragonek burutu dituenak ditugu. Ikus bere La ganadería guipuzcoana durante el Antiguo Régimen. Bilbo: EHU, 2009, 259-267 orr. eta Abeltzaintza Oiartzunen XX. mendearen hasiera arte. Oiartzun: Oiartzungo Udala, 2013, 100-104 orr. Bitxia bada ere, egileak ez zituen aurkeztuko ditugun hainbat datu aipatu.

(2) Ald. MÚGICA, S.: “La caza del lobo en nuestras montañas”. In: Euskal-Erria, XXXII (1895) bereziki 233-243 orr., bereziki azken hori.

(3) ARAG�"N RUANO, A.: La ganadería…, aip. lan., 263-264 orr.; ARAG�"N RUANO, A.: Abeltzaintza Oiartzunen…, aip. lan., 101-102 orr.