Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Archivos

Meatzeak, mundu ezkutu bat?

2017-10-13
Categorías: Archivos, Oiartzun,

zArditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Milaka urteetan zehar izan duten erabileraz gain, duela hainbat denbora abian jarritako interpretazio zentruak beraien ohiartzuna areagotu egin du. Toponimia arloan ere jarduera horrek arrastoak utzi du, eta horren adierazle dira “Gazteluko meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta” edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.

Dirudienez, erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Modu honetan, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena eskuratu zuela ematen du, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoean ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Araudi hau jaso zuten lehenengoak Irun eta Oiartzungo olagizonak izan ziren 1328an, nahiz eta denbora gutxian, handik hamar urtera hain zuzen ere, Gipuzkoako lurralde osora hedatu. Egia da burdin-mea gehiena inportatu egiten zela, baina ez dugu ahaztu behar bertakoa gertuen eta eskura zegoela; hortaz, horrek ere bere eragina izango zuen araudi hori jasotzerako garaian.

1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku


Meatzeak erregalia ziren. Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat esparru eta baliabideren gainean berezko zituen edo berarenak bakarrik ziren pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Honek esan nahi du erregea zela esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau hala izanik ere, burdina lurretik ateratzearen inguruko mundua anitza zela esan daiteke. Erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, beraz, hamaika egoera eman ziren: batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten inguruetara hurbildu eta horiek ustiatzeko. Baina besteetan, denborak aurrera egin ahala, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen, eta pertsona ezberdinak ziren ondasun hori kudeatzen zutenak, lan-hitzarmenak sinatuz.

Meatzaritza munduak, harekin estuki lotutako burdinolekin gertatu bezala, legedi goiztiarra izan zuen. Nahiz eta korrejidorea mundu horri lotutako kontuak epaitu eta aztertzen zituena izan, hainbat lekutan meatzariek garrantzia handia eskuratu zuten. Arrasaten, adibidez, lanbideak berezko kofradia edo elkarte bat sortu zuen, eta meatzaritzari lotutako hainbat esparru oso goiz arautzen hasi ziren, 1434 urtea baino lehenago.

Esan bezala, monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak hori berretsi behar bazuen ere. Erdi Aro eta XVI. mendean zehar ez dirudi erregeek halako askorik eman zutenik, baina Oiartzungo udal aktek horren inguruko adibide bat ematen digute, 1706 urtekoa. Orduan Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen, Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak plangintza begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Bertan, jarduera hori bideratzeko Justizek beharrezko zituen putzu eta zundaketa lanetan inolako trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen berehala, jarduera hori Bailararen (eta Probintzia beraren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: Agidanez, azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako eragozpenik ikusi (A-1-13-1, 264 au.-264 at).

2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamen edo berriak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute, erran nahi baita Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrak emandakoak direla. Gunea herri ezberdinen arteko mugetan egonik, ohikoa zen batekoen eta bestekoen arteko eztabaidak sortzea, hala nola Irunen eta Bailarako meatze-gizonen artekoak. Halakoak 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira: 1679ko abuztuan, adibidez, udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik (A-1-3-3, 102 at.-104 au.). Hainbat urte berandugo berriz, 1694an, Joanes Makutso oiartzuarrak Aiako Harrietan ustiatzen zuen meatzean jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea hartu eta Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Kontuak ohiko salaketarako aitzakia emanik ere, uste baino garrantzia handiagoa zuen, txertatzen zen testuingurua zela eta. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziek aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.


“…diferentes cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y enbargádoseles sus bienes” (A-1-8-2, 96 au.-96 at.)

Tentsio hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe egon beharko zutelarik eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko aukera izango zutelarik. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan; ez behintzat meatzeetan lan egiten zutenen artean.

3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Kaletar, baserritar, ikazkin, olagizon, artzain, unai, behizain eta bestelakoekin batera, meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren, Modu honetan, udalbatzarentzat ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan, antolatzen ziren auzolanetan parte hartzen zuten. Honen arabera, meatzariek Ergoien aldean bizi edo denbora dezente ematen zutela dirudi. 1691an adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariei, Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu zitzaien; 1692, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren (A-1-7-1, 139 au.-140 au.; eta A-1-7-2, 169 au.-169 at.)

Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzariei dagokienez, beraien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera, auzoak aitzurrekin joango ziren; itzainak aldiz, idiekin; mandazainak, zelabereekin; eta azkenik, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin.




“acudan todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas peñas…” (1691. urtea; A-1-7-1, 140 au.)

4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua

Burdinolen lehengai moduan Bizkaiko mineralak lehentasuna izan zuen, hainbat faktore direla eta: lortzeko erraztasun handiagoa, kalitate hobea eta Gipuzkoan bertan behar adina mineralik ez zegoela, besteak beste. On Manuel Lekuona zenak bere Oiartzuni buruzko monografiaren 80 orrialdean, mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz. Baina hori guztia hala izanik ere, horrek ez du esan nahi Gipuzkoan zegoen minerala erabiltzen ez zenik.

Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa ematerako garaian eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuten 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ordea, ez zen guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Horren lekuko dugu gorago aipatu dugun Makutsoren kasua, baina Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Honen aurrean debekua saihesten ahalegindu ziren eta segituan Bailarak Probintziara kexuak adierazi zituen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela. Bailarak argudiatzen zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek goranzko bideari ekingo zioten (A-1-1-2, 5. foliazioa, 19 au.-20 at. eta 32 au.-33 au.).

Probintziaren xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina luzera mendeetako joera etetea zaila suertatu zen. Aurreko debekua eta hogeita hamar urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales” (A-1-7-2, 10 au.-10 at.). Agindua berriz ere 1696an eman zen, betetzen ez zelaren seinale, baina egia da ondorengo urteetan gaiari lotutako informaziorik ez dugula.

5.- Izen eta protagonista batzuk

Olagizon, ikazkin eta mendietan, baso eta oihanen ilunetan, lan egiten zuten beste beharginen antzera, meatzarien bizitzaren nondik norakoen berri askorik ez dago. Datuak ateratzeko udal aktez haratago doan dokumentazioa kontsultatu beharko genuke, notario-protokoloak eta bereziki, auziak. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik informazioa ez da guztiz antzua, eta datu bat izanez gero, haritik tiraka beste hainbat topatzeko aukerak egon daitezke.

Mea esportatzeko debekuei esker adibidez, meatzari horien izen batzuk plazaratzen zaizkigu. Arrazoia, logikoa da: udalbatzak hartutako erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren eta horietan pertsona jakin batzuen izenak jaso egiten ziren. Halako kasua 1664 urtekoa dugu, honako meatzariak aipatzen direlarik:

- Sebastian Arburu

- Juan Etx[…]

- Felipe Intxaurrandieta

- Juanes Isasa

- Martin Perez Pikabe

- Migel Pikabe

- Martin Perez Altamira

- Juan Olaziregi Arain, gaztea

- Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia

- Bonifazio Etxebeste

- Juanes Ibarburu Beroaltza

- Pedro Maia

- Pedro Isasti

- Juan Makutso Algorri

- Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

- Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa jakitea zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean; halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena, 1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zela. Ezin ziurtatu, ordea, datuek meatzarien artean agertzen zaizkigun bi lagunekin lotuta dauden ala ez.

Batzuetan, berriz, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez, 1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi den Juanes Inda, berriz, 1701ean dugu. Orduan udalbatzak bere aldeko ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik. Baina adibide guzttietan adierazgarriena, zalantzarik gabe, Bonifazio Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen lotura estua islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen 1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain, hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak mendi-ikuskatzaile moduan izendatua izan zuen. Lan mundutik kanpoko berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme moduan aitortu zitzaiola azpimarratu dezakegu.

Azkenik, datu azpimarragarri bat meatzarientzat morroi lanetan zihardutenen ingurukoa da. Aurreko zerrendan egoera horretan daudenak hainbat lagun dira. Ez da harritzekoa, garaiko gizartean guztiz errotutako kontua baitzen, beste hainbat ogibidek islatzen duten moduan. Baina informazio hori 1701 urtean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu dezakegu. Azken honetan datu deigarri bat aditzera ematen da: langileei, beraien ordez umerik bidali ez zezatela agintzen zitzaien (A-1-11-1, 25 au.). Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino; baita meatzarien kasuan ere.

Iago Irixoa


Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila

2017-10-13
Categorías: Archivos, Zumaia,

Zementugintzak garrantzia handia izan zuen Zumaiako industrializazioan. Ekoizpen honek eman zion hasiera hain juxtu herriko industrializazio prozesuari XIX. mendearen erdialdera, eta Urola Beheko zementu fabrikek hartu zuten garrantziari esker, Zumaiako portua “Interés General de Segundo Orden” izendatua izan zen 1883an. Zementu naturalak Zumaian izan zuen indarraz jakitun, artxiboan honen inguruko datuak topatu nahian ibili gara.

Esan beharra dago ez dugula batere erraza izan, baina honek ez gaitu ezustean harrapatu. Ekoizpen bati buruzko informazioa lortzeko lehen iturriak interesatzen zaigun produktua ekoizten zuten enpresak izaten dira. Gauza jakina da, ordea, enpresen artxiboak pribatuak direla eta hauek ez direla informazioa publikoki partekatzearen oso aldekoak, ezta enpresak ateak itxi eta desagertzen denean ere. Hala ere, enpresako informazioa interesgarri gertatu daitekeenaz jabetzen direnak eta enpresako agiri funtsa udal artxiboei eskaini izan diotenak ere badira, Gipuzkoan hauek salbuespen gutxi batzuk izan arren.

Zumaiako kasuan, tamalez, udal artxiboan oso dokumentu gutxi topatu ditugu herriko zementu naturalaren ekoizpenaren berri eskaintzen dutenak. Aurkitu ditugun gehienak Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresarekin erlazionatuta daude. Hauek “Zumaya” izenez ezaguna zen zementu naturalaren zabalkundearen berri ematen digute. Baita, fabrika horretan lan egiten zuten langileen izenak jaso eta hauen soldaten berri eman ere. Datu hauek, ur frexkagarria izan dira desertuan.

Lehenengo kasuan Gurruchaga, Lopez y Compañíak bere ekoizpena merkaturatzeko pausoak azaleratzen dituzten posta-trukea dugu. Pedro Gurruchaga Uriartek, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La Zumayana” izeneko zementu fabrika. 1903an, Pedro hil ondoren, Gurruchaga, Lopez y Compañía sozietate kolektiboa sortu zuten, bazkide berriak sartuz. Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, lehiakide beteranoenei aurre egin behar izan zien. Udaletxean Oviedoko probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak 1905eko uztailaren 21ean igorritako gutun bat aurkitu dugu. Bertan, (..) ha de ser difícil luchar con los fabricantes de esa Sres. Corta y Uriarte, ya acreditados, que desde hace tiempo proveen a contratistas y al comercio de esta región, vendiendo hoy en idénticas condiciones a las que VV. proponen”.

Agian, bertako konpetentzia handiak bultzatuta edo, enpresa honek nazioarterako pausoa ematea erabaki zuen. Horren erakusgarri da Mexikon bere ekoizpena merkaturatzeko ahalegina erakusten duen posta-trukea. Gurruchaga, Lopez y Compañía enpresako arduradunak Mexikoko Felipe Neumman y Cía. enpresarekin jarri ziren harremanetan 1905ean. Mexikoko gobernua zenbait obra egitekoa zen garai hartan eta horretarako zementu naturala behar zuen. Hasiera batean Mexikoko Parlamentua eraikitzeko zen zementu eskaera, baina hau laster handitu zen. Dirudienez lurraldean zenbait azpiegitura hidrauliko egin nahi ziren, tartean Xochimilcokora ura bideratzeko akueduktuak. Hau dela eta, Mexikoko Gobernuak, obra hauentzako beharrezkoak ziren lehen 100.000 zementu natural upelak nori erosiko zizkion erabakitzeko lehiaketa deitu zuen.  Zumaiako enpresak ez zuen Allen enpresa alemaniarraren baldintzak hobetzea lortu, Hamburgotik Veracruzerako fletea merkeago suertatzen zelako. Dirudienez hemen bukatu ziren Mexikorekin negozioak egiteko saiakerak.

Aurkitu dugun beste dokumentu interesgarria “La Zumayana” fabrikako langileen izenak eta postuak islatzen dituzten 1891, 1901, 1903, 1904 eta 1905eko zerrendak dira. Lehen zerrendan, langileak zementu ekoizpenarekin lotutako 5 sailetan banatzen zirela ikusten da: xehetze saila, erretze saila, bapore saila, paketatze saila eta portuko biltegiko arduraduna. Sail hauek gutxitzen edo langileak bateratzen joan ziren urteak pasa ahala. Horrela, 1903ko zerrendan xehetze saila eta erretze saila dira aipatzen diren bakarrak. Langile kopurua ere nabarmen jeitsiko da, ziurrenik prozesuaren atal baten nolabaiteko mekanizioak bultzatuta edo. 1891ean 18 langile zituen fabrikak, 1901ean 14, 1903an 5, 1904ean 7 eta 1905ean 2. Azken urte honetako bi langileek xehetze eta erretze sailean batera lan egiten zuten. Langile guzti hauen artean emakume izen bat topatu dugu 1901eko zerrendan: Clara Olaizola. Honek paketatze sailean egiten zuen lan zakuak sakabanatzen. Azkenik, datu baliagarri bat: 1891ean eta 1901ean langileen soldatak agertzen zaizkigu. Horren arabera, 1891ean 2,5 pezeta inguru kobratzen zituen langile batek “La Zumayana” enpresan eta 1901ean 3,5 pezeta inguru.

“La Zumayana” zementu fabrikak 1907an utzi zion ekoizteari. Hala ere, egun ikusgarri daude ekoizpen multzo honen hondarrak. Hauek gertutik ezagutzeko eta Zumaian zementugintzak izan zuen garrantziaz jabetzeko aukera paregabea duzue urriaren 7an 10:30ean. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa taldeko kideek Narrondoko industriagunea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute. Izen emateko 943 86 10 56 telefonora deitu besterik ez dago. Hemendik bertara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Izan ere, zementugintzaren inguruan aritzeko zein ZIIZeko kideak baino hobeto?

Oihana Artetxe

*Argazkia: Gurruchaga, López y Cía. enpresaren dokumentu baten buruko irudia


Oiartzun jai giroan

2017-09-07
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Uda jai garaia dugu, zalantzarik gabe. Festak hamaika lekutan ospatzen dira, izan hiri, herri edo auzuneak. Sanjoanetatik hasi eta aste luzeetan zehar, ondo pasatzeko giroa nagusi da. Denbora asko ez dela, herrietan ematen ziren ospakizun, festa eta jai gehienak egutegi kristau-katolikoak finkatuak ziren. Errealitate hau askoz adierazgarriagoa izan zen Antzin Erregimenean, Elizaren presentzia gizartearen hamaika esparrutara hedaturik baitzegoen. Edolona ere, hainbat antolakuntzan gizarte zibilaren partaidetza agerikoa zen, leku ezberdinetako auzo eta gobernuek beraien zeregina bete zutelarik. Hori dela eta, udal aktetan maiz agertzen dira mundu horrekin zerikusia duten kontuak.

1. Egutegi finko bat eta ez-ohiko hainbat gertakari

Elizari lotutako ekitaldiez gain (sermoiak, mezak, prozesioak…), Bailaran bestelako jarduerak ospatzen ziren garaiak bost ziren: Pazko garaia, Corpus eguna, uda hasierako San Joan, San Pedro eta San Martzial egunak eta, jakina, Done Eztebe, Oiartzungo zaindaria. Azkeneko biak izan ezik, beste data seinalatuak herriz herri ospatzen ziren; hau da, Mendebaldeko zibilizazioan, eta zehazki herrialde katolikoetan.

Baziren, hala ere, beste egun berezi batzuk, hala nola erregeei lotutako gertakari gogoangarriak: jaiotzak, heriotzak, koroatzeak edo igarotzeak. Orokorrean halakoak alardeekin ospatzen ziren: hor ditugu 1665ean Carlos. II.aren koroatzea zelebratzeko egindakoa edota Felipe V.a bailaratik 1701 eta 1706 urteetan pasatzean burututakoak.

Batzuetan ekitaldiak alor militarretik haratago zihoazen, 1707ko iraila aldera infantearen jaiotza ospatzeko adostutakoak, kasu. Ondorengotza Gerraren ondorioz egoera ekonomikoak okerrerantz egin bazuen ere, Probintziaren idatziak aintzat hartuz, hainbat ekitaldi burutzea pentsatu zen: gozematea, dozena erdi antzarren lasterketa, zezenketak, idi-suzkoa  (“que se haga una manta cargada de cuetes para un buey que corra el primer día de los toros”) eta musiganga bat; hau da, mozorro xelebre edo bitxiekin antolatutako herri-festa, bereziki deabru edo animaliak irudikatzen zituztenak.

1702an erregearen guda-garaipena ospatzeko hartu zirenak, berriz, bitxiagoak dira, hainbat auzok aurkeztutako ekimen baten aurrean gaudela ematen baitu eta ez, ordea, udalbatzaren erabaki baten ildotik antolatutakoa. Hasiera batean hainbat gizonezkoek udalbatzari Mikelazulo edo Galardigibel inguruan jaia egiteko asmoa agertu zioten, baina gobernuak Elizaldeko plazan egitea adostu zuen, leku hura zikina egoteaz gain, eremua (“despoblado”) zelako. Horren ordez, Elizaldeko plazan egitea erabaki zen, berri ona ospatzeko asmoa zuten Bailarako beste baserri, basetxe eta auzoekin batera. Ez zen gutxiagorako, izan ere, antzar harrapaketa, txupiñ eta itxaferuez gain, emakumeekin dantzaldia (“baile con nuestras mujeres”) ospatzekoa asmoa agertu zuten; eta badakigu elizak halakoei zer beldur zien.

Erregeari lotutako ospakizunez gain, erlijioarekin zerikusia zuten ez-ohiko festak ere izan ziren. Batetik 1662an Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko antolatutako sermoia, suak eta bolbora pizteak. Bestetik, eta Bailaran berebiziko garrantzia izan zuena, Done Eztebe martiriaren erlikiak Errenteriatik Oiartzunerako lekualdatzea ospatzeko 1692ko irailaren 12an antolatu zirenak (1). Adostutakoaren arabera, gorpuzkinei ongi etorria emateko egun horretako goizeko 8’00tan bailarako auzo eta biztanle guztiei Arragoako larrera joatea agindu zitzaien, Errenteria eta Oiartzunen arteko mugara hain zuzen ere,  beharrezko zituzten arma, bolbora, soka eta bestelakoekin batera; eliz-kabildokideak berriz, beraien arroparik onenak jantziko zituzten. Horrez gain, predikatzaile bat, zezenak, txupiñak eta itxaferuak, 8 antzarren lasterketa, alardea ospatzeko bi danborjole eta, azkenik, Donostiatik propio ekarritako organojolea eta berarekin batera jarduten zen kornetajolea ekartzea erabaki zen.

Erlikiaren etorrera ospatzeko ekitaldiak islatzen dituen udalbatzarra

2. Jaiak ospatzeko ekitaldiak

Aurreko adibideak ez-ohiko jaiak baziren ere, garaiko ospakizunetan antolatzen ziren ekitaldien nondik-norako nagusien berri ematen digute. Batzuetan Bailararen egoera ekonomikoak gauzak aldatu bazituen ere, ekitaldirik nagusienak txistulariak, dantzak eta zezenketak zirela esan daiteke. Herri-musikariak Bailarakoak zein inguruko herrietakoak izan zitezkeen: Donostia, Irun edo Iparraldekoak, 1679ko San Joan, San Pedro eta San Martzial jaietan aritu ziren Juan Zumakoitz danborjolea eta Martin Etxeberria txistularia kasu. Zernolako musika edo dantzak ziren ez da jakiten erraza. Ezpata-dantza oso ohikoa zen, baina ez bakarra: 1702an emakumeekin batera egiten zirenen adibideaz gain, 1704 urtean Donostiatik etorritako musikariek ezpata-dantza “eta beste dantza berezi batzuk” (“otras danzas particulares”) jo omen zituzten.

1704ko Done Eztebe jaietan parte hartu zuten musikariei buruzko oharrak

Zezenketei dagokienez, antolakuntza nabarmena zuten: hesiak jarri eta kendu, itzainak kontratatu, zezenak bilatu eta bertaratu, hagak lortu… Horrez gain, oholtza bat antolatzen zen Bailarako agintariak esertzeko. Halakoei gozemate edo gozemaitza izeneko askari gozo bat ematen zitzaien. 1704ko Done Eztebe egunekoan, adibidez, bizkotxo-lehorrez egindako gozokiak, azukrea, limoi edo zitroinak, Donostiatik ekarritako elurra, fruta eta ardoz osatutako askaria antolatu zen.

Elizaldek hainbat kontutan ospakizunen zentraltasuna bazuen ere, gehienak, Pazko, San Joan eta San Pedro egunetako ospakizunak besteak beste, Oiartzungo hiru plazetan egiten ziren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden. Dena den, udalbatzak hainbat kasuetarako esparru bereziak antolatzeko asmoa azaldu zuen, 1705eko otsailean Jose Arizabalo eta Antonio Aurelari Madalensoron lizarrak landatzeko emandako mandatuan ageri denez. Bertan, udalbatzak lursail horiek helburu jakin batzuetarako eskuratu zituela adierazten zen: zuhaitzak ipini eta erregeak edo bestelako printzipeen igarotzea ospatzeko burutzen ziren alardeak egiteko, baina baita auzoen aisialdirako: “para vestir de árboles y poner recreo para sus vezinos y usar d’él poniendo su jente en esquadrón en los tiempos de passar por este Valle los señores reyes y otros principes” (2).

Mozorroak, inhauterietatik haratagoko ohitura

Edonola ere, hiru auzune horiek berezko izaera zuten, oso bizia, eta hau Oiartzungo jaien inguruko beste ohitura adierazgarri batean ikus dezakegu: San Juan, San Pedro eta San Martzial egunez antolatzen ziren mozorroen usadioan, hain zuzen ere. Are gehiago, gaur egunean jaien inguruan segurtasun kontuak eta kezkak dauden bezala, orduan ere halakoak agerikoak ziren: mozorrotzearen anonimotasuna aprobetxatuz iskanbilak eta liskarrak sortzen zirelako, bereziki auzune edo plaza ezberdinetako bizilagunen artean.

Egoera hau hainbatetan agertzen zaigu udal-aktetan. Hasieran mugak esparru jakin batzuetan aplikatu ziren: 1668an bi egunen arteko denboran Bailaran zegoen inor, ez bertakorik ez kanpotarrik, armak eta mozorrorik soinean eramateko debekua plazaratu zen (3); 1679an, berriz, bezperak eta arrats-otoitz edo konpletak esan baino lehen eta jendea elizatik atera aurretik, mozorroak ezingo ziren Elizaldeko plazan eta kaleetan zehar aritu; are gehiago, mandatu nagusia Elizalde aldeetarako bazen ere, agindua Altzibar eta Iturriozko plaza eta inguruetara hedatu zen (4).

1682 urtea mugarri izan zen mozorro kontuetan, harik eta guztiz debekatu arte:

“de aquí adelante, para siempre jamás, no se hagan ni salgan ningunas personas de qualquiera calidad, sexo y condición que sea, echo mozorro y disfrazado en los días del señor San Juan y San Pedro ni San Marçial ni en otras fiesta(s) y día alguna, por las plazas y calles d’este dicho valle, de día y de noche, por los yncombenientes que se an experimentado…” (5).

Zer dela eta debeku zorrotz hori? Esan bezala, mozorroen anonimotasunak mendeku, ezinikusi eta bestelako tentsioei bidea egiten zien, batez ere auzune batekoak bestekoen aurka zihoazelako. Urte hartan, ordea, egoerak okerrerantz egin zuen nabarmen, harik eta heriotza ekarri arte; Jose Olaziregirena, hain zuzen ere: “a subcedido este presente año la muerte de Joseph de Olaçiregui, dueño, en el ruido pendencia y alboroto que se hiciera en la plaça de Elizalde (…) entre los dichos vecinos y naturales d’él y mozorros que salieron mascarados…” (6)

Jose Olaziregiren heriotza aipatzen den zatia

Debekuak hurrengo urteetan berritu ziren. Gertakaria jazo eta 4 urtera, 1686an, gainera, mozorrotzeari heriotzarekin eta ondasunen bahiturarekin zigortu zen; dantza eta txistularien jardun-ordutegia arautu zen eta jaialdi horietan plaza bateko auzoei besteetara joatea debekatu zitzaien. Izan ere, liskarren zein Olaziregiren heriotzaren atzetik plaza ezberdinetako auzo eta biztanleen arteko ezinikusiak omen zeuden. Heriotza horren ildotik hartutako debeku-erabakiak gauez eta hiru plazen artean zebiltzan dantza eta mozorroek sortutako liskarren ondorioa ziren; hala adierazten zen 1697 urtean: “para que por este medio se euiten enemistades, odios, recelos, heridas y muertes que an suzedido entre los dichos vecinos y yncomuenientes que pueden resultar encontrándose los de la parzialidad de un barrio con otro” (7). Azken urte horretan, udalbatzaren aginduak aintzat hartu gabe, San Juan eta San Pedro arteko gau batez Altzibarko gazteek dantza bat antolatu eta bertatik atera ziren. Elizaldetik igarotzean zalapartak sortu omen ziren, protagonistetako hainbat atxilotuz.

Modu honetan 1697 horretako uztailaren 13an xedapen zorrotzak eman ziren, beste behin ere. Done Joane egunetik San Martzial ospatzen zenera arteko 8 egunetan, Altzibar, Elizalde eta Iturriotzek, bakoitzak bere aldetik, ospakizunak antolatzeko baimena zuten, baina hainbat mugarekin: txistulari eta dantzariek ez zuten danborjoeen laguntzarik izango; ekitaldi guztiak kera-dei edo etxeratzeko aginduaren ondoren amaituko ziren (gaueko 21’00etan); eta 1679an bezala, bezperen aurretik ospatzen ziren eguneko kalejirak debekatu egin ziren. Hau guztia betetzen ez zuenari Bailaratik deserriratzeko zigorra ezarriko zitzaion.

Egiari zor, mozorroen aurkako zorroztasunak bere eragina izan zuela ematen du, 1697ko gertakaria salbu, 1683tik aurrera gaia ez baita aktetan jorratzen. Debeku hauek guztiak, ordea, ez ziren doakoak. Askotan, horien atzetik zegoen erakundea Eliza zen. Ortodoxia katolikoa, Trentoko Kontzilioaren eta Kontraerreformaren inguruko xedapenek ezarritako moraltasuna bultzatu nahian, aurreko garaietako hainbat ohitura eta usadio debekatu edo moldatzeko asmoz hamaika ekimen abian jarri ziren. Oiartzungo mozorroen kasuan halakorik egon zela pentsa dezakegu: debeku gehienak udalbatzaren aldetik etorri baziren ere, ezin dugu ahaztu 1682ko akordioek Bailaran misiolari moduan zeuden bi Jesuiten parte-hartze zuzena izan zutela.  

Iago Irixoa

(1) A-1-7-2, 163 au.-164 au. folioak.

(2) A-1-12-2, 53 au.-at. folioak

(3) A-1-1-3, 43 au.-45 au. folioak.

(4) A-1-3-3, 97 au.-98 au. folioak.

(5) A-1-4-2, 174 at. folioa.

(6) A-1-4-2, 175 au. folioa.

(7) (A-1-9-2, 216 au.)

Parte hartzea artxiboan

2017-09-07
Categorías: Archivos, Asteasu,

Badira bost urte Udal Artxiboko dokumentazioa oinarri hartuta herriaren inguruko berri bat idazten hasi ginela. Orain arte aukeratutako gaiak ugariak eta oso desberdinak izan dira. Baina denek izan dute helburu berdina: herritarren artean artxiboan dauden altxorrak eta bitxiak zabaltzea,  hauek ere bereak bezala ulertu eta sentitu ditzaten. Lan honetan lagun izan ditugu Asteasuko Udala eta Aiurri aldizkaria. Bieri, nola ez, gure eskerrik beroenak.

Noski, berri edo artikulu guztiek izan duten harrera ez da berdina izan. Gehienek, interesa sortu dute irakurleen artean. Batzuek hainbat ikerlari edo ikusbera ekarri ditu Artxibora bertara gehiago entzuteko jakinminez: Argentinatik arbasoen bila, Bandoa euskaraz,... Beste batzuek eskualdetik kanpo ere oihartzuna izan dute: emakume bertsolariak, Elizmendiko Guillermo Eizagirreren garbilekua,... Gutxi izan dira inongo erantzunik gabe geratu direnak.

Azken hauen artean zegoen duela lau urte Concepción Esnaolari buruz idatzi genuen artikulua. Bertan esaten genuen bezala 1937 urte amaieran emakume honek udal administrari eta telefono zaindari karguak eskatu zituen, Osoko Bilkuran bere gaitasunak zalantzan jarri zituelarik. Zalantzan jarri bai, baina kargua eman ere eta honela bilakatu zen aintzindari. Artikuluaren amaieran diogun bezala, urte askotan zehar bete zuen lana txukun eta zuzen (1953 urtean oraindik ere soldata ordaintzeko erabakiak daude akta liburuetan). Baina bertan adierazten dugu, baita ere, bere bizitzari buruz ezer ez dakigula.

Azkenean, emakume honi buruz Gillermo Etxeberriaren eskutik heldu zaizkigu hainbat argibide. Concepción Esnaola eta bere ahizpa Florencia Asteasuko Udal Idazkaria izandako Dario Esnaolaren alabak ziren. Muño Handi baserrian bizi ziren arren Ikaztegietakoak ziren sortzez. 1935 urtean zendu zen Dario. Alabak bertan bizitzen jarraitu zuten. Florentxi maistra zen Muño Handi baserri azpiko gela batean. Azken honek ere, emango du aurrerago artikulu txiki bat idazteko.

Eta hau da azken finean blog honetan argitaratzen ditugun berriekin lortu nahi duguna. Herritarren partehartzeari esker herriko kultura, jakituria, historia,... elikatu eta balioan jartzea. Irakurleen elkarlanari esker, Udal Artxiboan gorde ez den informazioa ere denon zati izan dadila.

Amagoia Piá


Jakingo al zenuke 1344ko leku-izenak gaurko Zumaiako mapan kokatzen?

2017-08-11
Categorías: Archivos, Zumaia,

Orain urte batzuk arte, egungo herriak hiri-gutuna lortzearekin batera sortzen zirenaren ustea zegoen. Hiri-gutunarekin hiribildu berri bat sortzen zen, bai. Horrek, ordea, ez du hiribildua sortu aurreko populazio eza adierazten. Bai dokumentazioak, bai arkeologiak, hiribilduak sortu aurreko populazio guneak zeudela erakutsi dute eta hiribilduen sorrera populazio horren nahiaren emaitza direla.

Beharrak edota nahiak bultzatuta, ingurune horietan bizi zirenek gune libre bat behar zutela erabaki zuten; lege, epaile eta arau propioak zituena. Hiribilduak izaki politikoak dira eta hauek ez dira ezerezetik sortzen. Gizakien borondatea dute abiapuntu eta bizimodua hobeto antolatzeko sortzen dira. Hiri-gutunaren aurreko dokumentuek ingurune populatuen berri ematen digute, baita azken urteotako lan arkeologikoek ere. Azken hauek ezinbestekoak gertatzen dira dokumentazio falta nabaria denean.

Zumaiako Udal artxiboan hiri-gutuna lortu aurreko dokumentazioa topatzeko zortea dago. Zumaiari aipamen zuzena egiten dion lehenengo dokumentua 1292koa da. Bertan “monasterio de Sancta María de Çumaya, que es en Guipúzcua” irakur daiteke. Dokumentu honek, ordea, ez du zehaztasun handiagorik ematen. Hori dela eta, oraingoan, artxiboan gordetzen den 1344ko dokumentuari erreparatu diogu. Zumaiak hiri-gutuna lortu baino 3 urte lehenagoko dokumentua da hau.

Tamalez nahiko egoera txarrean dagoen dokumentu honek1, 1344ko Zumaiako biztanle eta populazio guneen berri ematen digu. Zumaiako bizilagun nagusiek, bertako apaiz den Beltran Martinez de Ochangori prokurazio-gutuna ematen diote, Zumaiako Andra Mari monasterioak dituen zenbait lur eta ondasunen lagapenerako enfiteusi-zentsu baten kontratua formaltzeko. Idatzian agertzen diren Zumaiako bizilagun nagusiak Beltran Yuaynes de Dornutegui, Beltran de Arteaga, Iohan Martiniz de Ochango, Martin Lopiz de Liaouiaga eta Pero Yuaynes de Matauca dira.

Hau izango da, Zumaiako bizilagunek hiri-gutuna lortu aurretik, antolakuntza amankomunerako emango duten lehen pausoa. Bertan, Zumaia eta inguruak populatzen zituztenek, Andra Mari monasterioarenak ziren zenbait lurren eta ondasunen gaineko eskubideak lortzen dituzte, urtean, Done Mikel egunean, Orreagako ospitaleari 440 marai ordaintzearen truke. Helburua “que puedan en el dicho logar de Çumaya poblar et ffaçer puebla nueua e hy habitar en tal manera et conditión que ellos et aqueyllos que por todos tiempos serán enpués d’eyllos”. Hau da, dokumentu honek Zumaiako lehen lurralde antolakuntzaren berri ematen digu.

Zumaiako ingurunean bizi zirenek, Zumaia izeneko gunea hiribildu gisa antolatzeko toki aproposa zela pentsatu zuten. Beraz, hiribildu titulua jasotzeko beharrezko lehen pausoa emana zuten. Dokumentu honek komunitate baten nahia adierazten digu. Zumaiaren proiektua inguruko biztanleek bultzatua izan zela argi geratzen da hemen. Baina, zein lur eremu eta zein ondasun bildu zituen Zumaiak?

“Ardança e Yçurun e Narruondo con la meytat de la rrueda de Narruondo e con las pertenencias que sson desde el dicho [logar de Narruondo fasta Çumaya e entre el camino dende es el agoa, et otrossí vna tierra labrada que es clamada] Picote et otrossí Çabaliaga e Sarasgarate et Otabarça et el sel d’Olano en el término de Yçiar [et la presa de Yrure] et Vitarte et Barçusta et Çumayegui con ssu arenal, et Yregui con ssu parte de la rrueda, et Ozpide dos pieças e en Obilos vna pieça, et en Orebia e en la rribera de Atecherbia vna pieça, en Larrançadi vna pieça e delante la iglesia [de Sant Bartolomé de Oiquina vna pieça, et en Urteaga una pieça, et otrossí el logar que sse clama Aguirre con la casa] et con todas ssus pertenençias, et la parte de la rrueda de Yregui”

Datu hauek aurrean izanik, joku bat proposatu nahi dizuegu. Zumaiako 1344ko lurralde antolakuntzaz jabetzeko, Zumaiako mapa toponimikoa hartu eta, bertan, dokumentuan aipatzen diren izenak egungo toponimoekin identifikatzen saiatu. Batzuk identifikatzen errazak dira, besteak zailagoak eta beste batzuk galdu direla konturatuko zarete. Ariketa honekin, ordea, 1344ko biztanleek lortu zuten lur eremu eta ondasunen zabaleraz jabetuko zarete eta Zumaiako toponimo zaharrenak ezagutuko dituzue. Honek, gainera, gune horien antzinatasunaz ohartaraziko zaituzte. 1344ko lurralde antolakuntzak, hein batean, egungo mapa toponimikoan fosilizatuta jarraitzen duela ikusiko duzue.

Oihana Artetxe

Istiluak Zumaiako nasen inguruan

2017-08-01
Categorías: Archivos, Zumaia,

Apirileko idatzian arrantzarako nasak ekarri genituen txoko honetara. Nasa horiek zer eta nolakoak ziren ikusi genuen, baita hiribilduen ekonomian izan zuten garrantzia azaleratu ere. Arrantzarako egitura horien kokapenak, ordea, istilu eta auzi ugari sortu zituzten ibaien erabileraren inguruan. Gaiari jarraipen txiki bat egin nahirik, nasa hauekin Zumaian egon ziren zenbait istilu jorratuko ditugu artikulu honetan.

Nasetako arrantza jarduera handikoa izaten zen, baina gehienbat abendutik apirila bitarteko hilabeteetan. XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen leinu handien, eliz erakundeen eta kontzeju eta hiribilduen ondasunen artean arrantzarako horrelako azpiegiturak topatzea. Aurreko idatzian aipatu genuen bezala, nasa baten lehen datuak 1416koak dira Zumaian. Azpiegitura horien hedapenak, ordea, ibaien nabigazioan arazo handiak sortzen zituen. Alde batetik, ibaian gora kokatzen ziren hiribilduak kexu agertzen ziren, beren ekonomiarako ezinbestekoa zen burdinolen jarduera kaltetzen zuelako. Bestalde, ibaien ibilgua ixten zuten egitura horien erruz, hondoratze eta heriotza asko izan ziren. Hain handia izanik arazoa, 1484rako Ordiziako Batzar Nagusietan horien egitura, kokagunea eta forma arautzeko xedapenak zehaztu zituzten. Ibaietako nabigazioan sortzen zituzten arazoak eta ibaien itxiera osoa saihesteari begira, nasa guztiek ibaiaren ibilguaren heren bat libre utzi behar zuten. Arau horri esker, burdinolen industriarako beharrezkoa zen ibai nabigazioa bermatzen zen, eta arrainek (bereziki izokinek) ibaian gora egin ahal izatea ahalbidetzen zuen.

Bestalde, ibaian egiten ziren jarduera anitzak kontuan izanik, ez zen harritzekoa egurrezko egitura horiek gehienez urtebete irautea. Horregatik, beharrezkoa zen etengabe ikuskatzea eta behar zenean konpontzea. Ikuskatze horietako batean aurkitu dugu Zumaiako nasen inguruko lehen arazoa. 1610. urtean Dornutegiko nasa behar bezala zaindu gabe zegoela erreparatu zuen kontzejuak. Dirudienez, Dornutegiko errotaren errentatzaile zen Domingo Arbeztainek nasa kaltetu zuen errotaren onurarako. Hori zela eta, Domingori nasa konpontzeko gastuak bere gain hartzea agindu zitzaion eta errotaren jabeari isuna jarri.

Bigarren istilua 1680an dugu. Kasu horretan Zumaiako kontzejua eta Oikiako bikarioa topatu ditugu aurrez aurre. Oikiako bikarioak, beste hiribildu batzuetan eliz erakunde eta jauntxoek egiten zuten moduan, Urola ibaian nasa propioa eraiki zuen. Gogoratu behar dugu, ordea, Zumaiako 1584ko udal ordenantzetako 59. puntuak aditzera ematen duen bezala, ibaietako arrantzaren monopolioa kontzejuak zuela. Beraz, beste hiribilduetan ez bezala, Zumaian legez kanpokoa zen norbanako batek arrantzarako egiturak ibaian eraikitzea. Oikiako bikarioak, ordea, udal legeari muzin egin eta Eskazabal baina gorago nasa bat eraiki zuen. Horren aurrean, kontzejuak Miguel Elkano, Erramus Arrona eta Martin Beruin bidali zituen nasa hori ibaitik kentzera. Martxoaren 24ko udal agindu horretan nasa kentzeko gastuak hiribilduak bere gain hartu behar izan zituela agertzen da, Oikiako bikarioari nasa eraikitzeko baimena errejidoreak berak eman ziola eta. Baina kontua ez zen hor bukatu. Oikiako bikarioak kontzejua probintziako korrejimendura eraman zuen auzitara, berak errejidorearen baimenarekin eraikitako nasa kendu izanagatik. Gainera, hiribilduaren esanak bete zituzten Miguel, Erramus eta Martin atxilotzeko agindua ere jaso zuen aguazil nagusiak. Auziak aurrera jarraitu zuela dirudi, baina Zumaiako artxiboan ez dugu horren inguruko datu gehiago aurkitu.

Zumaian nasekin gertatutako arazo eta istilu horiek probintzia osoan gertatutakoaren isla xumea dira. Nasen jabeen eta ibaian gorako hiribilduen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren. Baita hiribilduen eta eliz erakunde edo jauntxoen artekoak ere. Hala ere, Ordiziako Batzar Nagusietako arauditik ia bi mende pasa ziren Probintziak arrantza eta nasen inguruko araudi berri bat eman arte. Badirudi arrantza jarduerak bigarren plano batean egon zirela garai hartako oligarkia ekonomikoarentzat. Izan ere, itsas inbertitzaile handiak ez zuten arrantzaren inguruan interesik izan ontzigintza eta itsas merkataritzaren beherakada gertatu zen arte. 1696ko Tolosako Batzar Nagusietan udalbatza bakoitzak ibaiko arrantzaren inguruko araudia jorratzeko agindua eman zen, baina udalbatzek muzin egin zioten. Hori ikusirik, 1709ko Azkoitiko Batzar Nagusian bertako ibai arrantzarako udal araudia probintziako araudi bihurtzea erabaki zen. Araudi horrek kainaberarekin eta nasekin egindako arrantza baimentzen jarraitu zuen, egitura horien errentagarritasuna agerian utziz. Zumaiako artxiboan topatu dugun aipamen baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak nasen erabilera 1876ko abuztuan debekatu zuela dirudi.

Oihana Artetxe 

Irudia: Desagertutako Eskazabal baserria. Argazkia: German Azumendi ; Iturria: Javier Carballo

1957ko San Pedrotako egitaraua: jai egitarau bat baino gehiago

2017-08-01
Categorías: Archivos, Zumaia,

San Pedrotan murgilduta dago Zumaia egunotan. Herriko zaindariari eskainitako jai hauek aspaldidanik ospatzen dira. Gaur egun San Telmoak nagusitasuna kendu dieten arren, gustora murgiltzen dira zumaiarrak festagiro epeleko jai udatiar hauetan.

San Pedro jaien inguruan gehiago jakin nahian gerturatu gara oraingoan udal artxibora. Jaietako programak miatzea izan da gure lehen asmoa, baina 1957ko egitarauak bereganatu du gure arreta. Orain 60 urte ospatutako San Pedro jaietako egitarauak bertan burututako ekintzen berri ematen du, ezin bestela izan. Urte horretan San Pedroak ekainaren 28tik uztailaren 7ra bitartean ospatu ziren, jai egunak ekainaren 28, 29, 30 eta uztailaren 1 eta 7 izanik. Azken egun honek "errepikapen igande" izendapena jasotzen zuela ikusi dugu.

Egitarau honetan jaiei hasiera ematen dien ohiko txupinazoa ez aurkitzeak harritu gaitu. Pentsatu baino ohitura berriagoa dela dirudi. Izan ere, urte horretan, Lizarrako dultzaineroek lagunduriko buruhandi eta erraldoien kalejirak eman zion hasiera jaiei. Ekintza desberdinez beteriko jai egunak etorri ziren jarraian. San pedroetan ohikoak diren elizkizun, pilota partidu, diana, dantzaldi eta su artifizialez gain, argazki eta Langile Eskolako ikasleen lanen erakusketak, San Pedro egunari ongi etorria emateko danborrada nagusia,  txirrindulari lasterketa, plater-tiroketa lehiaketa, batel estropada, sokamuturra, jokoak eta ahate eta antzara lasterketa besteak beste.

1957ko San Pedro jaietako egitarauaren orriek, ordea, beste zenbait informazio ere eskaintzen dituzte. Hala nola, garai hartan Zumaian zeuden enpresa, jatetxe, kafetegi eta saltokien ispilu bezala agertzen da. Izan ere, jaietako programaren orriak iragarkiak txertatzeko leku ezin hobeak ziren. Herriko etxe guztietara iristen den zerbait izanik, norberaren negozioaren promozioa egiteko aukera paregabea dira. Kasu honetan, denbora gutxian, kontuan izan 60 urte besterik ez direla pasa, Zumaia zenbat aldatu den konturatzeko balio izan digu. Batzuk oraindik gogoratuko dira egitarauan iragartzen diren zenbait enpresa eta zerbitzuetaz. Gaztetxoenak, ordea, Zumaia ezezagun bat topatuko dute egitarau honen orrietan. Izan ere, agertzen diren saltoki eta enpresa bat edo beste oraindik edo orain gutxi arte martxan egon den arren, gehienak desagertu dira.

Alde batetik Zumaiako industri iragana gogora ekartzen duten enpresen iragarkiak ditugu: Carmelo Unanue S.A., Julian Eguiguren, Cementos de Zumaya S.A., Talleres Mecanicos Beal, Autornifer S.A., Carmelo Echave, Otto Holke, Simon Olaizola, Balenciaga S.A., Francisco Aizpurua, Mendiaraiz, Yeregui Hermanos S.A., Conservas Ortiz, S.A., Artaza y Compañía, eta abar.

Bestalde, Zumaian zeuden zerbitzuei buruzko iragarkiak: Juan Cearreta alokatzeko bizikletak eta mota guztietako konponketak, Viuda de Aguinagalde jatetxea, Juan Goicoechea eta Fermin Lopez Sarasa ardo salmentak, Venancio Múgica eta Juan Olaizola ileapaindegiak, Hotel Zumaya, Foto Gar, Juan Solano Uriarte dentista, Jose I. Otaño Farmazia eta laborategia, Otaño drogeria eta opari denda, Gau-Chori Sagardotegia, Artadiko Chiquito taberna jatetxea, Gran Hotel y Cine Amaya, Valentin Manterola elektrikaria, Francisco Berasategui denetariko denda, Jose Corta okindegia, Lopez Txurro eta izozki egilea, Alberdi gozotegi eta denda, Sarra taberna, Leoncio Mugica burdindegi eta alokairuzko kotxe zerbitzua, La Zumayana txurro-denda, Uranga Hotela, Martiarena inprimategia eta abar luze bat.

Baina iraganeko Zumaia ezagutarazteko elementu bat izateaz gain, 1957ko San Pedrotako egitarau honek azken ezusteko bat gordetzen du orrien artean. Jaietako egitaraua agertzen den orriekin txertatuta, garai hartan udalak gauzatu nahi zituen hiru egitasmoen ilustrazioak topa ditzakegu. Lehenengoa egin zaigu bitxiena eta uda garairako egokiena: paolazpian itsasoko urez beteriko igerileku naturala. Ideia hau behin baino gehiagotan entzun izan da Zumaian, baina honen inguruko ilustrazio bat ikusten dugun lehen aldia da. Ziur irakurleari ere bitxi zein eder suertatuko zaiola. Bigarren ilustrazioa egungo Amaiako Plazarekin bat etorri daitekeela dirudi. Bertan “Plaza de Galvez Cañedo, calle de enlace a la carretera de Izurun” irakurri daiteke. Hirugarren ilustrazioak, hobeto esanda hirugarren elementuari dagozkion hiru ilustrazioak, eraikin erlijioso bat erakusten dute. Bertan ez da inolako aipamen argigarririk ageri eta ezin izan dugu elementua guztiz identifikatu. Arritokieta baseliza izan daitekela pentsatu dugu, baina ezin 100% ziurtatu. Ea ilustrazioak ikustean zuek identifikatzeko gai zareten!


Oihana Artetxe









Kutsu magikoz beteriko pertsonaiak: Amorratzaileak Oiartzunen

2017-08-01
Categorías: Archivos, Oiartzun,

1. Lanbide berezi baten nondik-norakoak

Historian zehar, eta gizartearen beharren arabera, lanbide mota ezberdinak sortzen joan dira, esparru ezberdinak hartuz. Prozesu orokor horren baitan, ogibide batzuk beren horretan diraute, hainbatek moldatu behar izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorian daude. Gaur egungo begietatik, antzinako gizarteetan murgiltzen garenean atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke, erakargarritasun, xarma edo berezitasun handiagoa baitute; hala nola borreroa, ehortzailea, zirujau-bizargina, albaitaria… Horien guztien artean bazen beste bat, kondaira edo aurreko mendeetako gizartearen sinismenekin estuki lotuta egon dena, eta XX. mende hasieran ordaindik bere jarduna mantentzen zuena: amorratzaile edo salutadorea, hain zuzen ere.

Amorrua oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Bere eragin handiak eta aurre egiteko tresna mugatuek, gaitzaren inguruan hamaika sinismenen sorrera ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasun horren sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan izan zituzten. Lan egiteko prozedura misteriotsua zen, benetan: beraien arnasa, hatsa edota listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere, eta hori egiten zuten bitartean otoitzak eta konjuruak burutzen zituzten. Izaera bitxia hortik haratago zihoan: gizartean barneratua zegoen sinismen arabera, halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko zazpigarren semea edo alaba ziren, beti ere tartean kontrako sexuko umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen baitan garatutako lanbidea bazen ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Horrez gain, Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohaiak garatzeko joera omen zuten. Hori guztia gutxi balitz, gorputzean, eta beraien patuaren adierazgarri, markak garatzen zituzten; ezagunenak mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean edo esku-azpian gurutze-seinaleak ziren, ezbairik gabe. Modu honetan, halako ezaugarri guztiak edo horietako hainbat izatea, pertsona horri dohai misteriotsuak ematen zizkion, amorratzaile lanak egiteko funtsezkoak zirenak.

Horiek alde batera utzita, salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako erantzuna izan zirela aitortu behar dugu; bereziki, esan dugunez, amorruari aurre egiteko garaian. Zeregin horietan oso ohikoa zen gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea. XVII. mendeko Hernanin, adibidez, Alegi eta Gabiriako auzoak aritu ziren amorratzaile lanetan, batzuetan 10 urterako kontratuak eginez; Antzuolan salutadore lanetan Ezkio, Ormaiztegiko eta Oñatiko auzoak arituko dira; Errezilen, berriz, Albizturko auzo zen Martin Aranburukoarekin 6 urterako kontratua adostu zen 1742 urtean. Ikus daitekeenez, hamaika lekutatik zetozen, baina badirudi Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horrek (eta Albizturrek) amorratzaileen gune kuttuna osatzen zuela, baita Oiartzunen ere.

2. Frantzisko Altube, Oiartzungo amorratzailea (1696-1707)

Bailarako udal aktei erreparatuta, XVII. mende amaiera arte ez dugu sendagile misteriotsu horien arrastorik, 1696. urtera arte hain zuzen ere. Ordutik eta hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko auzo bat ibili zen lan horretan: Frantzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi eskuratu ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan, Frantzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Bere bi abizenak aintzat hartuta, hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondariak ezarritako hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona baten aurrean gaudela ematen du, ez datari dagokionez, ez zazpi anai-arreben inguruko konturari dagokionez. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegira ezkondu zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak 25 zituela (2).

Oiartzunen izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen. Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren gastuak udalbatzaren gain gelditu zirelarik (A-1-9-1, 41 au.).

Altube ez zen hamar urte luze horietan era finko batean jardun; aitzitik, iduri du bere zerbitzuak aldizkakoak izan zirela. Kontsultatutako aktek behintzat, ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi garaian garaiko beharren arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnak izan eta hamarkada luze bat arte ez dugu gurean ikusiko. Urtea 1707 zen eta gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Hasiera batean, amorratzailea martxoa erdialdera iritsi eta egun gutxi batzuk egin zituen. Handik 3 astera, ordea, berriz deitzeko erabakia hartu zen. Arrazoia apirilaren 9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien (A-1-13-2, 58 au.-at.).

Amorratzailea Oiartzunen egon zelaren lehenengo datua: Maria Angela Urbietarenean apopilo egon zenekoa (1696ko otsaila)

3. Salutadorean jarduna gurean

Bailararen hedadura aintzat hartuta, amorratzailearen lanak errazte aldera eta funtsezkoak ez ziren gastuak saihesteko asmoz, barruti bakoitzean elkartze-puntu jakin bat adostu zen, bertan auzo ezberdinen azienda bildu eta hauen ikuskatze lana egiteko: “se les encarga alos vecinos que tengan promptos y recojidos a un paraje los ganados (…) de forma que (…) tengan los vecinos este alivio y se eviten los gastos supérfluos” (A-1-13-2, 61 au.-62 au.).

Esan bezala, XVIII. mendera arte ez dirudi Oiartzunen salutadorearekin inolako hitzarmen formalik egin zenik eta agian, horregatik, baldintzen artean ez zegoen soldata edo eskupeko zehatzik finkatu. Gurean, udalbatzak lismona bat antolatzen zuen baserri eta etxeen artean, eta auzo bakoitzean jardungo ziren biltzaileak izendatzen zituen. Ohikoena dirutan ordaintzea zen, baina gutxi batzuek artotan ere egin zuten. Modu berean, normalean familia bakoitzari erreal bateko lismona ezarri zitzaion, baina batzuetan guztiek ez zuten diru-kopuru bera ordaindu: 1696ko otsaileko etxeen zerrendak ikusita, gehienek erreal bat eman zuten, baina bazeuden 0’5, 2, 2’5 edo 3 eman zituztenak ere, Berueta eta Markola etxeak kasu (A-1-9-1, 20bis au.-20bis at.). Hamaika urte beranduago, aldiz, egoera bestelakoa zen. Espainiako Ondorengotza Gerra medio, Bailararen baldintza ekonomikoek okerrerantz egin zuen eta etxe bakoitzari erreal bateko limosna emateko agindua eman bazen ere, udalbatzak gastuak bere gain hartzen amaitu zuen, auzoengandik kobratzeko zailtasunak agerikoak baitziren (A-1-13-2, 166 au.-at.).

Salutadorearentzako limosna ordaindu zutenen etxeen zerrenda (1696)

Idatziek ez digute jardunaren inguruko aztarnarik ematen; ez da gaixotasunerako  zernolako botikak, sendagaiak edo prozedurak erabilerari buruzko aipamenik egiten. Dena den, akta liburuek oso datu adierazgarri bat ematen digute; 1707ko apirilaren 16ko batzarrean, Frantzisko Altube amorratzaile moduan aipatzen zen, baina ez edozein, Inkisizio Santuak onartutakoa baitzen:

 “…de Francisco de Altuue, vecino de la villa de Ormaiztegui, saludador aprouado por la Santa Ynquisición, que vino a este Valle para remedio…” (A-1-13-2, 60 au.).

Ogibideak biltzen zituen hamaika zurrumurru eta kondairaren aurrean eta amorratzaileek gizartean guztiz txertatuta zeudela ikusita, erakunde, ofizialtasun edo garaiko ortodoxiak nolabait beraien jardunari oniritzia eman zion. XVI. mendetik aurrera beraien jardunak ezagutu zuen gorakadarekin batera, amorratzailearen inguruan eztabaida sakon bat ematen hasi zen, beraien jarduna egokia zen ala ez erabakitze aldera: salutadoreak zer ezaugarri zituen eta bere lanaren natura (jankotiarra edo deabruzkoa) zalantzan zegoen, baita teologoen artean ere. Hau dela eta, Elizak nolabaiteko eskuhartzea egin zuen, amorratzaileen ezaugarri eta jarduna aztertuz (3).

Horrez gain, Probintziak berak XVIII. mende erdialdetik salutadoreak jo-puntuan izan zituen eta haien aurkako hainbat xedapen eman zituen. Orain arte hustutako aktekin Oiartzunen honek guztiak zer eragin izan zuen ezin dugu jakin, baina ziur gaude artxiboko funtsetan informazio gehiago topatzeko aukera dagoela.

Iago Irixoa

Oharrak

(1) Ikus AGUIRRE SORONDO, A.: “Los saludadores”. In: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 56 (1990),  307-319 orr.; Antzuolarako http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/12/salutadorea-antzuolan.html. Errezilgo kasurako: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (AHPG-GPAH) 2/2413, 182 au.-183 au. Salutadoreen ikuspegi negatibo baterako, GOROSABEL, P.: Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, vol. 1., Tolosa: E. López, 1899, 360-362 orr. (II. Liburua, II. Kapitulua, III. Atala; http://www.ingeba.org/klasikoa/noticia/marnotie.htm helbidean kontsultagarri).

(2) Datu hauetarako, ikus http://mendezmende.org/eu.

(3) ALAMILLOS ÁLVAREZ, R.: Hechicería y brujería en Andalucía en la Edad Moderna. Discursos y prácticas en torno a la superstición en el siglo XVII. Córdoba 2015 (http://helvia.uco.es/xmlui/handle/10396/12669) 

Gobernu onerako autoak: gizartearen ohituretan murgilduz

2017-07-17
Categorías: Archivos, Oiartzun,

Udal aktek populazio gune bateko arduradun edo gobernuaren akordioak islatzen dituzte. Askotan, hauek tokian tokiko edo unean uneko kezken ondorioz sortutako erabaki eta akordioak dira. Baina hauez gain, udal gobernuek bazituzten ohikoagoak ziren kezkak edo gaiak, maiztasun handiagoz esku artean zituztenak, hamarkada edo mendeen poderioz eguneroko bihurtu zirenak edo etengabeko kezka zekartenak.

XVII. mende erdialdetik aurrera hainbat gertakari saihesteko edo halakoei aurre egiteko neurriek formaltasuna hartu zuten: nolabaiteko bilduma antolatu bat osatu zuten, inprimatu eta argitaratu arte. Dokumentu hauek gobernu onerako auto izenez ezagunak ziren. Prozesu honetan guztian erdibideko fase bat ere egon zen, unean uneko xedapenetatik txukun bilduta egon arte. Hau udal aktetan argi dakusagu; izan ere, udalbatzaren erabakiak biltzen dituzten liburuetan, horiek jendaurrean jakinarazteko meza garaia baliatuz.

Oiartzunen halakoak urteko lehenengo egunetan egiten ziren. Jarduna ekitearekin batera, udalbatza berriak hainbat mandatu ematen zituen zenbait jokamolde, jokabide, jarduera edo begi onez ikusten ez ziren ohitura edo usadio debekatuz edo arautuz. Hori zen gobernu onerako autoen helburu nagusia. Agintarien xedea elkarbizitza ona bermatzea zen, beti ere garaiko gizarte katolikoaren baitan. Gehienetan izaera orokorra zuten. Beste batzuetan, eta gureari dagokionez, Oiartzunekin zerikusia zuten kontuak ziren, bailaran espreski gertatutakoei zegozkienak.

Artxiboan gordetzen diren lehen akta-liburuetatik aurrera ikus daitezke. Honek garaiko gizarteari buruz berebiziko informazioa ematen digu: aspaldikoenek beren horretan bazirauten, aldaketarik izan zuten, xedapen berriak sartu baziren… Errepikatzeak islatzen du debekuek oso eragin mugatua zutela. Mendeen poderioz gauza batzuk ez direla aldatu ematen du; gaur egunean pairatzen ditugun arazoen antzekoak edo aurrekari moduan ikusi ditzakegu.

Armak eta kera deiak

Armak soinean eramatearen debekuak ia lehenengo akta liburuan azaltzen zaizkigu: 1658tik aurrera. Askotan su-armak izaten ziren helburu nagusia (eskopetak, karabinak edota pistolak), baina txokolantzak, pordoi-ziriak, daga luzeak, sastagai edo labanak ere aipatzen ziren.

Agidanez, armak zorroetatik ateratzea arras arrunta zen, aitzakia edozein zelarik ere. Baziren, halakoak jazotzea laguntzen zuten giroak, taberna eta jokoari lotutakoak kasu. Horregatik, emakume-tabernari zein bentariei iluntzean kartarik ez ematea agintzen zitzaien; neguan 20:00etatik eta udan 21:30etik aurrera. Ez zen momentu bakarra: meza eta ofizio sakratu garaian ere naipe eta pilotan jokatzea debekatua zegoen.

Jokoa eta alkohola konbinazio latza ziren gertakari bortitzak emateko. Horregatik, tabernari eta bentariei kera dei edo etxeratzeko aginduaren ondoren pattarra edo ardoa eman edo saltzea debekatzen zitzaien, erosleak bere etxerako bideratua ez bazuen. Era berean, dei horren ondoren jendea apopilo hartzea debekatua zuten, eta 1688an apopilo arlote, alfer edota ogibiderik ez zuen inor ez zuten hartuko. Arlote eta eskaleei lan egitea agintzen zieten aginduak ere bazeuden (1694).

Eliza ingururako debekuak

Liskarrak sortzea eta mokoka aritzea ez zen joko edo taberna kontua bakarrik. Hala, kalean oihuka eta zalapartaka gauez aritzea debekatua zegoen, eta Abemaria (iluntze garaia) eta eliz ofizio garaeitan danborjoleei danborra jotzea debekatzen zitzaien. Are gehiago, eliza kanpoan zein barruan, garaiko herri zein gizartearen espazio sakratuena zen horretan, edota bere inguruetan ere, hilerrian kasu, zalaparta sortzea ohiko kontua omen zen. Hori saihesteko hainbat xedapen eman ziren: hilerriari dagokionez, bertatik jendea suilak edo saskiak buru gainean zituztela igarotzea debekatu zen. Harrigarria gerta dakiguke, ordea, tenpluari dagozkionak: elizan ezin zen ilea bilduta edo zarata handia ateratzen zuten eskalapoin zapatekin ibili. Gizon eta emakumeak elkarrekin esertzea ere etengabe debekatu zen: elizako koroazpian, bankuetan edo hilerrira zihoazen eskaileretan ezin ziren bi generoak nahastu. Era berean, elizako atea egunsentira arte ez zabaltzea adostu zen 1699an eta 1700an, gazteek hamaika kalte sortzen baitzituzten barrura sartzean.

Elizaren errespetagarritasuna tenplua beraien bizimoduaren ardatz nagusitzat zuten horien jokabideengatik hasten zen. Trentoko Kontzilioa ospatu eta mende luze batera gurean, horren katolikoa zen euskal gizartean elizgizonen portaera morala nahiko zalantzagarria zen. Oiartzunen emandako xedapenak argiak dira. Gutxienez 1691 eta 1694 urteetan apaiz eta gizon ezkonduen ohaideak Bailaratik atera daitezela agindu zen: “que ninguna muger corruta amenzabada o que de mal exemplo con hombre clérigo, casado o con otro de qualquiera estado, salga d’este valle dentro de nube días con apercebimiento que se sacarán publicamente de dicho balle”. Beste askotan bezala, araua ez zihoan gizonen aurka, emakumeen aurka baizik.

Ordutegiak eta garbitasun-kontuak

Gaur egun bitxikeria moduan ikus dezakegun kontuetako bat ordutegia da. Ezkilen joaldiak ziren ordutegi eta gertakariren berri ematen zutenak. Agintariek eguneroko bizitza arautzen zuen ordutegia ezarri zuten, eguzki-argia ardatz zuena. Pazko Astearen arabera arautua zegoen: ordura arte 20:00etan zen deia; ordutik aurrera, eguna luzatzen zela profitatuz, 21:30ean. Ez zen beti horrela izan: 1696 urtean neguko ordutegia 19:00ak arte zen eta udakoak 20:00etan zuen muga. Horrez gain, bazegoen ordutegi berezirik: neska gazteei kera aginduaren ondoren etxeratzeko agindua eman zitzaien behin edo behin (1699). Bereziena morroi, soldatapeko gazteei edota nerabeei zuzendutakoa zen. Besteena baino goiztiarragoa zen: 18:00etan eta 20:00etan (1686) edo 19:00etan eta 20:00etan (1694). Talde hau arauen jo-puntu zen; besteak beste, ezkondutako gizonek eta agureek gauez eta tabernetan mutilekin tratu edo jokoan aritzea debekatu zuten; 1700 urtean zera agintzen zen: “que los mozos que están a soldada y los que están debajo de la patria potestad se recogan para la hora de la queda en el invierno y en berano como se oseruaua antes (…) y que los hombres casados y ancianos de noche en tauernas ni en otras partes no tomen conuersasión de juego ni otro con los mozos ni de los que están a soldada”.

Era berean, garbitasuna, osasuna eta txukuntasuna bilatzen zituzten neurriak zeuden. Besteak beste, edateko ura hartzeko erabiltzen ziren iturrien garbitasuna bermatu nahi zen, bereziki Elizaldekoa. Horregatik arropa, liho, pitxar, galdara, suil, arrain, barazki edota haragia garbitzea, edota gauzak botatzea debekatu zen; 1662an, adibidez, arraska erabiltzea agindu zen.

Norberaren baratzeetan herriko jendeak egiten zituen lapurretak saihesteko sendi edo familia bakoitzak bere baratze propioa izatea agindu zen; antza denez, merkeago, azkarrago edo erosoagoa zen besteen kontura jatea, lurra erein eta zaintzea baino.

Iago Irixoa

Eusko Nekazarien Bazkuna

2017-07-17
Categorías: Archivos, Getaria,

Nekazarien eta euskal abertzaletasunaren arteko erlazioa asko ikertu gabeko gaia den arren, ezin uka daiteke estu lotuta egon direla azken mende eta erdian, Sabino Aranaren garaitik aurrera alegia. Dena den, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal literatura eta arteak nekazal mundua identitate nazionalaren elementu idiosinkrasiko modura sailkatuta ere (arraza, hizkuntza eta euskal bertuteen zaindari), euskal abertzaletasunak ez zuen nekazal programa bat izan XX. mendeko 30. hamarkadara arte. Horren bultzatzaile nagusi izan zen Euzko Nekazarien Bazkuna edo Asociación de Agricultores Vascos izenez ezagutzera eman zen elkarte sindikala, gipuzkoar lurraldean 1933an sortua eta 1934tik aurrera Getarian presente egon zela jasota dagoena udal artxiboan.

Euzko Nekazarien Bazkuna katoliko, euskaldun eta solidario modura autodefinitzen zen. Sortu zen unetik, helburu nagusia euskal nekazariak baserriaren defentsarako batzea zen, jabetza berrietarako erraztasunak emanaz, berrikuntza eta alokairu kontratuak babestuz eta erreforma teknologiko zein higienikorako pizgarriak eskainiz. Horretarako, kooperatiben eta kreditu zein mutua instituzioen sorkuntzak bultzatu zituen, betiere, nekazaria gehiegizko fiskalitatetik babesteko asmotan. Argi dago nekazal munduaren garapen ekonomikorako eta nekazarien bizi kalitatea hobetzeko baliabideak eskaini zituztela, baina, zergatik?

Bigarren errepublikaren hasieratik, masen politizazio eta gatazken hazkundearekin, alderdi politikoen zati handi bat nekazalgoaren botoa erakartzen saiatu zen, EAJ/PNV alderdiak E.N.B elkartearekin egin zuen moduan. Aipaturiko alderdiak, elkarte honen bidez, abertzaletasuna zabaldu eta alderdiaren gertukoak ez ziren sektoreengana gerturatzeko maniobra egin zuen. Ezin da aipatu gabe utzi, gainerako espainiar lurraldean gertatzen ez zen moduan, egungo Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan ez zela ezkerreko nekazal sindikaturik existitzen, Euzko Nekazarien Bazkunari bidea libre utzi ziona.

Udal aktetako aipamen bakarra 1934ko ekainaren 10ekoa da. Bertan, aipatutako elkartearen idatzi bat aipatzen da, non aztergai dugun elkartea udaletxeko nekazal komisioan sartzea komenigarria izango litzatekeela aipatzeaz gain, udaletxeari ondorengo eskariak egin zizkion:

  • Hiltegiko araudiaren zuzenketa.
  • Nekazal haurtzandegiaren sorkuntza.
  • Bideen konponketa.
  • Egoera txarrean aurkitzen ziren baserrien konponketa egitera behartzea zegokien jabeei.
  • Nekazal produktu onenak saritzeko lehiaketak antolatzea.

Eskari hauek jendea erakarri ahal zuten? Nekazal botoaren gorakada eman zen? Udal artxiboko lanek ekarriko dute erantzuna.


Xabier Etxeberria

*Irudia: Donostiako Lurdesko Andra Mariaren elizan (kaputxinoak) Euzko Nekazarien Bazkunak eginiko topaketa 1935ean. Iturria: Kutxa Fototeka