Eu Es

En fin... ba bai!

2018-11-23 Ereiten Abenduan ere Harria Hitz bisita Usurbilen

Urtea amaitzera doa eta... HARRIA HITZ bisita egiteko azken aukera bat emateko baliatuko ditugu lerro hauek.

Abenduaren 1ean –Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean–, ibilbidea egiteko beste aukera bat izango duzue. Urteko azken bisita berezia izango da, gainera. Izan ere, behin baino gehiagotan aipatu izan dugu HARRIA HITZ ibilbidea ibilbide bizia dela, beste hainbat osagairekin konbinatzeko aukera ematen duena, eta oraingo honetan, Eli Pagola bertsolaria eta Unai Gaztelumendi marrazkilaria izango ditugu bidelagun. Ohiko azalpenez gain, bat-bateko bertsoak eta ilustrazioak izango ditugu, hortaz. Goiz-pasa ederra egiteko aukera bikaina, 10:00etatik aurrera, Usurbilera gerturatzen direnentzat.  


Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil; euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria. Usurbilek ondo baino hobeto islatzen du 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.


Horrez gain, TxTxTx Txokoaldeko Txalaparta Txokoan –Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunean– murgilduko gara.


Eta Zumeta Arte Estudioa –Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoak partekatutako espazioa– ezagutzeko aukera ere izango dugu.


Gehiago jakin nahi izatera, ibilbide honetan parte hartzera animatzen zaitugu.


EGUNA ETA ORDUA: Abenduak 1, larunbata, 10:00


EGITARAUA:


10:00 Usurbilgo frontoian elkartu


10:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean (Dema Plaza, Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua)


11:15 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita*


12:35 Zumeta Arte Estudiora bisita*


13:45 Amaiera


*Joan-etorriak egiteko furgoneta zerbitzua egongo da.


HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira.


INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK: 688 818 017 / info@kultour.pro


Bisita DOAKOA izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (23 lagun, gehienez).