Eu Es

En fin... ba bai!

2018-11-23 Ereiten Ereiten ere Euskaraldiarekin bat!

Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskararen erabilera sustatzeko asmoa duen ekimena gaur hasiko da martxan Euskal Herria osoan abenduaren 3ra arte. Beraz, partehartzaileok, ahobizi edo belarriprest, gure txapak soinean modu ikusgarrian janzteko, hautatutako rolak gorpuzteko eta hamaika egunez (eta beti) ahal den heinean euskaraz bizitzeko unea iritsi zaigu.


Gipuzkoan Donostiako Egia auzoa eta Lasarte-Oria izan ziren Euskaraldiak proposatzen duen ariketa soziala probatzen lehenak. Ordutik hona, Euskal Herriko hogei bat herritan egin izan dute entsaioa eta hizkuntza ohiturak aldatzeko baliagarria suertatu dela adierazi izan dute partehartzaileek. Hainbat egunez egindako euskarazko jardunak arrastoa utzi eta gerora mantendu egin izan du da egunerokotasuneko harremanetan.


Orain, lehen aldiz historian, Euskal Herria osoan egingo dugu proba eta Ereiten-ek ere bat egin nahi izan du. Langileon artean eta Ereiten-eko zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonekiko gure hizkuntza ohiturak euskararantz aldatzeko prest gaude. Euskaraldiko txapek euskaraz nork bizi nahi duen xuxurlatuko digute eta estereotipoak hautsiz, sorpresa baten bat edo beste hartuz seguraski eta ordutik aurrera mingaina euskararantz aldatuz, gerorako arrasto hori ere sortu nahi dugu. Gure eskubide linguistikoez jabetu ere bai.


Errenteria-Oreretako Euskaraldiko Batzordearen bidez egin dugu gure atxikimendua Euskaraldira. Lantalde ezberdinak Gipuzkoatik sakabanatuta egon arren, Ereiten-ek egoitza nagusia Errenteria-Oreretan baitu.


Dagoeneko 200.000 pertsonek eman dute izena Euskal Herria osoan. Oraindik ere bada izena ematerik, Euskaraldiko webguneak bizpahiru egunez jarraituko baitu horretarako erabilgarri. Beraz, oraindik egin ez duzuenok, ahobizi edo belarriprest, ez da berandu (eta inoiz ez da izango) animatu zaitezte euskarari ateak zabaltzen.


Gogoratu, ez da hizkuntza gaitasun kontua, jarrera kontua baizik!